R arrazarena
R arrazarena
Mark Twain
itzulpena: Mitxel Sarasketa
1988, narratiba
144 orrialde
84-86766-17-6
azala: Garbiñe Ubeda
Mark Twain
1835-1910
 
 

 

ANGLOSAXONIAR ARRAZA[5]

 

      Onerako edo txarrerako segitzen dugu Europa hezitzen. Dagoeneko mendea eta laurdena baino gehiago iraun dugu instruktore karguan. Ez ginen horretarako aukeratuak izan; hartu egin genuen soilki. Gu anglosaxoniar arrazakoak gara. Bere buruari The Ends of the Earth Club[6] deritzon erakunde horren azken neguko oturuntzan, presidenteak, armadako goren mailako ofizial ohiak gartsu eta ozen aldarrikatu zuen, “Gu anglosaxoniar arrazakoak gara, eta anglosaxoniarrak gauza bat gura duenean hartu egiten du besterik gabe”.

      Durunda arteraino txalotu ziren hitz horiek. Baziren, beharbada, hirurogeitamabost zibil eta hogeitabost armada eta flotako gizon. Ia bi minutu hartu zuen jende horrek eritzi goratsu harekiko euren mirespen zapartatsuaren erakuspenerako. Eta, aldiberean, hitzok —gibeletik, hesteetatik, zintzurretik edo ernatu zituen nonahitik— libratu egin zituen profeta inspiratuak zutunik zirauen, pozaren pozez, dohatsu, irriz, eta poro guztietatik zorion izpiak zerizkiola —hain izpi biziak, non ikusgarriak gertatzen bait ziren, eta ohizko egutegian zodiakoaren zeinuak alde guztietara banatzen ageri den agurearen antza ematen bait zioten—, eta hain lor zegoen zorialdian, hain gor bere zorialdian, non irrika eta irrika ari bait zen itsasuntziaren erdian era lazgarri eta arriskutsuan urratuta agertu eta oihalak haizerako josi eta altxa beharrez zeharo ahaztuta bailegoen.

      Soldaduaren delako esakuntza miretsiak, jatorriz adierazi nahi zuenaren gisan hartuta, hitz lauetan zera dio:. “Ingelesak eta amerikarrak ebasleak, lapurrak eta piratak gara, eta konbinazio horretakoak izateaz harro gara”.

      Presente ziren ingeles eta amerikar guztietarik batek ere ez zuen dotorezia nahikoa izan altxatu eta anglosaxoniarra izateaz lotsa zela esateko, bai eta lotsa giza arrazakoa izateaz ere, bera bait da orbain anglosaxoniarraren presentzia bere gainean eraman behar duen arraza. Nik ezin nezake eginkizun hori bete. Ezin onetsi nezake nire onetik irten eta zintzoki nire buruaren eta nire moral gorenaren agerpena egin kultu horren hastapenak moeta honetako infanteei zinez irakasteagatik, ez ziratekeen eta gogoan ezer hartzeko kapazak izango; ez ziratekeen ezer ulertzeko kapazak izango.

      Ikusgarri zen oso profeta-soldaduaren iruzkin kirats haren ondoko oldar zoragarria, umearen sanotasun, zintzotasun eta liluraz betea. Errebelazio moduko zerbait zirudien, nazioaren bihotzeko sentimendu sekretu bat iragarriezinezko ezustean adierazi eta erakustean hatzemana, bilera hura errepresentagarri asko zelako. Bertan ziren zibilizazio nazionala gidatzen eta izkortzen duen makinaren osagarri nagusi guztiak —abokatuak, bankariak, merkatariak, soldadu eta marinoak—, denak ziren han. Irudiz Estatu Batuak ziren, oturuntza-mahai inguruan, nazio osoaren izenean hitzegin eta bere moral pribatua publikoki aitortzeko autoritateaz jantzirik.

      Sentimendu bitxi harekiko lehen harrera ez zen ondoko hausnarketak damuaraziko zukeen traizio zoro bat izan. Eta hori argi geratu zen, zeren eta arrats ondarretan, hizlariak, inoiz arreta galtzen edo asperdura nabaritu orduko, nahikoa bait zuen bere topikoen artean anglosaxoniar moral goratsua ziztatzearekin durunda harro hura berriz leher zedin. Giza arrazaren agerraldia soila zen, alegia. Eta giza arrazaren ezaugarria beti izan da bi moral klase gordetzea: pribatua eta erreala bata, eta publikoa eta artifiziala bestea.

      Gure lelo publikoa “Jainkoarengan dugu ustea” da, eta merkatal dolar batean (hirurogei zentabotan) loriazko hitzok grabaturik ikusten ditugunean beti ematen du emozio piadosoan direla dardar eta negarretan. Gure lelo publikoa horixe da. Eta bertatik dario gure pribatuarena: “Anglosaxoniarrak gauza bat gura duenean, hartu egiten du besterik gabe”. Gure moral publikoa hunkigarri agertzen da beste lelo goren eta, aldiberean, samur eta gozoan denok bateginiko nazioan anai mazal, prestu eta anitz garela erakutsiz: “e pluribus unum”. Gure moral pribatuak esaldi sakratuan finkatzen du norabidea: “Goazen, abia gaitezen alai”.

      Europa monarkikotik inportatu genuen gure inperialismoa, gure abertzaletasuneko nozio bereziak bezala —hau da, baldin inork zehazki eta adigarriro defini dezakeen abertzaletasuneko printzipiorik badugu behintzat—. Beraz, iturri horretatik jaso ditugun holako eta bestelako ikaskizunen ordainez, zuzena da, dudarik gabe, Europa geuk hezi dezagun.

      Duela mendea baino apur bat gehiago geuk eman genizkion Europari inoiz ezagutu ez zituen askatasunari buruzko lehen nozioak, eta hori dela bide neurri handi eta zorion batez Frantziako Iraultzan lagundu genuenez bere onuretarik etekin bat eskatzen dugu. Harez gero makina bat lekzio irakatsi diogu Europari. Gugatik ez balitz, Europak ez zukeen sekula kazetal elkarrizketari sentsazionalista ezagutuko. Gugatik ez balitz, Europako zenbait estatuk beharbada sekula ez zukeen zentzugabeko zergen benedikapena gozatuko. Gugatik ez balitz, Europako itsas haraindiko konpainiek sekula ez zuketen diruagatik mundua pozointzearen artea jasoko. Gugatik ez balitz, aseguro konpainiek beharbada sekula ez zuketen umezurtz eta alargunak hurrupa ditzateneko era hoberenak somatuko. Gugatik ez balitz, gibel urrunean zuten kazetaritza horiaren loraldia beharbada Europan zenbait belaunalditan atzeratuko zatekeen. Europa amerikanizatzen ari gara, eten gabe, irmo eta sendo, eta zeregina garai egokian biribilduko dugu.[7]

 

 

 

5. Bernard DeVoto, editore, Mark Twain in Eruption, 1940 (1906an idatzia).

6. “Lurraren Azken Mugak Club”. (I.)

7. Eta konparatu azalpen zartagarri hau garai bereko Henry James-en nozio bereziarekin, zeinak Mundu Zaharra Mundu Berria zibilizazioaren lorietan hezitzen ari zela bait zioen.