R arrazarena
R arrazarena
Mark Twain
itzulpena: Mitxel Sarasketa
1988, narratiba
144 orrialde
84-86766-17-6
azala: Garbiñe Ubeda
Mark Twain
1835-1910
 
 

 

ESKLABUTZA INDIAN
ETA ESTATU BATUETAN
[32]

 

      Scandal Point —zorioneko izena— eskualdean, non eseritzeko harriak nonahi dituzun alde batera itsasoko eta bestera gurdi alaien joan-etorrien zalaparta eta zirimoletako bista ederrekin, badira parsee emakume oparoen talde miresgarriak —kolore biziko lore-ohantze perfektoak, ikuskari liluragarri. Tapa-tapa, tapa-tapa, bidean zehar doazela, bakarrik, binaka, multzoka eta bandatan dituzu gizon eta emakume langileak —baina ez gu bezala jantzirik. Gizona, normalean, gorpuzkera handiko atleta prestua da, soinean arroparik gabe gerriko eskuzapi luzea baino; beltzaran ilun sakona du kolorea, leuna larrua, giharre biribilduek azala puztutzen dutela azpitik arraultzak baileramatzan. Emakumea, jeneralean, izaki hauskor eta ongi taiutua, zut tximistorratzaren gisa, eta pieza bakarra daramalarik gainean —kolore biziko oihal zati bat, buru inguruan eta gerrian behera belaunaren bide erdi hurreraino bildua eta soinean bere larrua baileukan atxekita. Zangoak eta oinak bilutsik daramatza, besoak bezala, eskutur eta orkatiletan zilarrezko zirtzilo laxoen sorta bitxiez. Sudurraldean ere bitxiak daramatza, eta eraztun argiak behatzetan. Oherako erazten denean bitxiak kenduko dituelakoan nago. Ezer gehiagorik erantziko balu hoztuko litzateke. Jeneralean, irudi politeko letoi argizko ur pitxar handi bat darama buru gainean, beso biluzia gorantz bihurtu eta eskuaz hantxe eusten diolarik. Hain doa zuzen, zut, hain dabil dotore eta xarma eta duintasun errazaz, hain dute beso bihurtuak eta letoizko pitxarrak bere irudia goresten, non... egia esan, gure emakume langileek ez dute bide edergailu gisa harekin alderatzerik.

      Hura kolore hutsa da, kolore zoragarria, kolore liluragarria —alde guztietan, inguru oro—, badiaren bihurgune opalino miresgarriaren inguruko bide osoan, honantzagoko gobernariaren etxean, non chuprassy natibo erraldoiak ponpa handiaz taldeka dauden ate ondoan, beren turbanteez, beren gorri mineko jantziez, zoragarri eta egoki asko ikuskari miragarria biribilduz eta teatral oso bilakatuz. Ai banintz chuprassy bat...

      Oraindik ere, urtebeteko aldiaren ondoren, Bombay-ko egun haietako zoramenak ez nau abandonatu, eta sekula ez nauela utziko espero dut. Hura guztiz berria zen, ez zuen higatutako zirtzileriarik. Eta Indiak ez zion bihar-goizekoari itxoiten, hotelean hasten zen... hantxe bertan. Turbantez, fezez, brodatuez, kapelaz, ortotsik eta kotoizko atorraz zebiltzan natibo beltzaranez beterik zeuden aretoak eta terrazak; haietako batzuk inguruan lasterka, beste batzuk soseguz, edo lurrean jarrita. Batzuk ahots goraz mintzatzen, beste batzuk loti eta geldirik. Jantokian zerbitzari natibo pribatu bana zegoen bere nagusiaren aulki atzean zutik, Mila gau, eta gau bat gehiagoetan parte hartzeko jantziak.

      Gure gelak goian zeuden, aitzinaldera. Gizon zuri bat —alemaniar gotor bat zen— gurekin igo zen, ondoan hiru natibo zekartzala gauzak antolatzen begira zezaten. Beste hamalau edo zerraizkien, gure ekipaiarekin prozesinoan. Bakoitzak artikulu bana zeraman, bat soilik; kasu batzutan boltsa bat, eta gutxiago bestetan. Natibo indartsu batek nire soingaineko berokia zeraman; besteak euritako bat; besteak zigarro kaxa bat; besteak nobela bat; eta prozesinoko azken gizonak ez zuen zamarik haizemaile bat baino. Denek zinez eta arretaz zihardutela ematen zuen, prozesino osoan burutik azkeneraino ez zegoen irri bat. Eroamenaz, lasaiki, gizon orok itxoin egiten zuen inolako presarik gabe gutariko batek eskupeko bat luzatzeko astia hartzen zuen arte; orduan begirunez burua makurtu, bekokia hatzez ikutu eta bere bideari ematen zion. Arraza samur eta gozoa zirudien, eta haien taiukerak bazuen zerbait erakargarri eta hunkigarria aldiberean.

      Kristalezko ate handi bat zabalik zegoen balkoian. Itxi beharra zuen, edo garbitu, edo zerbait, eta natibo bat belaunikatu eta eginera hurreratu zen. Nahiko ongi ari zela zirudien, baina ez zatekeen horrela, agian, zeren alemaniar gotor hura onik adierazten ez zuen begiradaz hurbildu zitzaion, eta oker zer zegoen azaldu gabe matraileko fuerte bat eman eta ondoren akatsa non zegoen esan zion. Lotsagarri begitandu zitzaidan halakorik gu guztien aurrean egina. Natiboak apaltasunez jasan zuen, ezer esan gabe eta ezelako haserredurarik erakusteke ez aurpegian, ez higiduretan. Horren antzekorik ez nuen ikusten zuela 50 urte. Nire haurtzaroa oroitarazi zidan eta norberaren nahiak esklabuari erakusteko modu arrunta horixe bera zela gogoratu zitzaidan, ahaztuta bait nengoen. Garai hartan metodo horri natural eta egoki erizten niola oroitu ahal nintzen, bertan jaio eta beste lekuetan metodo diferenteak bazirenik ere ez nekien eta. Baina oroitu ahal izan nintzen ere arrangura gabeko matrailekoen biktimaz urrikaltzen nintzela eta zigorleaz lotsatzen. Nire aita zaldun aratz eta atsegina zen, serio samarra, edo hobeki esanda, latza, ardura zorrotzekoa, gizon zuzen eta justu nabarmena, nahiz eta ez elizarik begiratu, ez erlijiozko asuntoez sekula mintzo, ez bere familia presbiterianoaren bozkario piadosoetan parterik hartu, ez horren faltak mintzen zuenik erakutsi. Zigortzeko bi aldiz soilik ezarri zidan gainean eskua, bere bizitza osoan, eta bietan gogorra izan gabe. Behin gezur bat esan niolako —zeinak harritu bait ninduen eta gaizkor gutxia zela erakutsi, hura ez bait zen sakatzen nion estrainekoa. Bi aldi horietan soilik zigortu ninduen aitak, eta sekula ez familia osoan beste inork. Dena den, lantzean behin zaplasteko bat ematen zion gure esklabu mutil xaluari, Lewis-i, garrantzi gabeko ziri eta dorpezia hutsalengatik. Nire aitak bizitza osoa esklabuen artean eman zuen, sehaskadanik, eta bere zaplastekoena garaiko azturengatik zetorkion, ez bere izakeragatik. Hamar urte nuenean ikusi nuen gizon haserre batek burdin tako bat esklabu bati jaurtitzen, zerbait baldar egiteagatik soilik, hori krimena bailitzan. Buruan jo zuen gizona, eta gizona jausi zen, eta ez zuen berriz hitzegingo. Ordu baten buruan hila zen. Banekien esklabua hiltzea gizonaren esku zegoela, nahi izanez gero, eta hala ere, zerbait penagarri eta okerra nonbait begitandu zitzaidan, nahiz eta okerra zergatik zen ez nuen argi nahikoaz ulertzen eta inork galdetu balit ez nukeen erantzuten jakingo. Herrian inork ez zuen hilketa hura onetsi, baina, jakina, inor ez zen hartaz sobera mintzatu.

 

 

 

32. Following the Equator.