R arrazarena
R arrazarena
Mark Twain
itzulpena: Mitxel Sarasketa
1988, narratiba
144 orrialde
84-86766-17-6
azala: Garbiñe Ubeda
Mark Twain
1835-1910
 
 

 

FILIPINETAKO KONKISTA:

Aginaldo, filipinar abertzale
eta presidentearen suntsiketa,
Estatu Batuetako
Funston jeneralaren eskuetan
[16]

 

      ...Kanpoan ibili naiz zenbait astez Caribeko irletan; orain berriz lotuko natzaio defentsa honi.

      Iruditzen zait atxiloketari buruzko Funston jeneralaren azalpenak errepasatzea merezi duela. Iruditzen zait oturuntza ondoetako bere hitzaldietan oso esku zabalaz azaltzen duela gertakizun horren heroitasuna —adeitasunez diot hau, zuzentzeko prest nagoelarik. Gizon ausarta da; ospe hori bere etsairik kutunenak ere aitortuko dio bihotzez. Gogoetan darabilgun gertaera honetan dohain horren beharrik ez izana penagarri suertatu zaio, duen itzalerako; erabiliko zukeenik ez du inork zalantzan jartzen, baina bere azalpenaren arabera arrisku bakar bat nozitu zuen, gosez hiltzearena. Bera eta bere taldekoak ongi maskaratu ziren, amerikar zein intsurjenteen desohoraturiko uniformez; kopuruz nasaiki gainditzen zuten Aginaldoren zaingoa;[17] zin gaiztoz eta gezurrez lokartarazi zituen susmo guztiak; bere etorriaren zain ziren, bidea prestatuta zuen; bere ibilbidea eskualde bakartietatik zehar igaro zuen, etsaigoaren eragozmena zaila zela; taldea ongi armatua zihoan; aurpegian harrera oneko irriekin eta abegiz luzatutako esku lagunekin harrapatuko zuten beren presa —ez zuten beste eginbeharrik izan jende hura tiroz hiltzea baino. Eta horixe egin zuten. Abegikortasuna era txit berrian ordaindu zuten, eguneko harian, zibilizazio modernoarentzako ereduz, eta askok miretsiko zuketen.

 

      Hizlariak hain zuen Aginaldo bete betean engainatu, ezen honek ez bait zuen marrukeria somatu. Aldiberean, macabebeek posizio erosoak hartzen zituzten inguruan espainiarren zuzendaritzapean, guztia prestatuta egon zen arte; orduan, oihu egin zuen, “macabebeak, zuena da orain!” eta segituan Aginaldoren jagon talde aldera hustu zituzten fusilak.

 

      Zin gaiztoez eta gezurrez bermaturiko ezuste oso osoa, susmoaren ez hutsa, hori da nabariena Funstonen jazoerari buruzko mintzaldi irrigarri bateko pasadizo sonatuan...:

 

      Macabebeek gizon haien gainera tiratu eta bi zerraldo erori ziren. Gainerakoek arinari eman zioten, korrika eta tiroka, eta hemen esan behar dut hanka egin zutela hain azkar eta grina biziaz, ezen hamazortzi fusil eta mila kartutxo munizio abandonatu zituzten.

      Segismundo arineketan itzuli zen etxera, errebolberra eskutan, eta errenda zitezen agindu zien ofizial intsurgenteei. Eskuak altxa zituzten denek, Villia, Aginaldoren aitzindari nagusiak izan ezik. Mauser errebolber berri horietako bat zuen aldean eta probatu gura izan zuen. Baina mauserra zorrotik atera baino lehen bi tiro zituen soinean. Segismundo tiralari ona zen.

      Alambrak tiro bat jaso zuen masailean. Leihotik behera jauzi egin zuen. Etxea hain zuzen ibaiaren urertzean zegoen. Leihotik behera jauzia egin eta artez jo zuen ibaira Alambrak, ura ertzaren azpitik sei metrotara zegoela. Ihes egin zuen. Igeriz iragan zuen ibaia eta alde egin zuen. Eta bost hilabeteren buruan errenditu egingo zen.

      Villia, sorbaldan zauritua, leihotik behera eta ibaian zehar jarraitu zitzaion, baina makabebeek ikusi egin zuten, eta bazterrera jaitsirik arrain baten gisa harrapatu zuten ubehera batean; eta bazterretik gorako bide guztia ostikoka eraman zuten ea gustatzen zitzaion galdezka. (Barreak).

 

      Ausartiok une honetan ez zirela inolako arriskutan egon egia bada ere, arrisku izugarrian egon ziren beste aldi batean; hain izugarrizko hilkeraren zorian gainera, non haren ondoan balaz, haizkoraz, ezpataz, sokaz, uraz edo suaz eraginiko ezeztapen azkarrak urrikalmendu maitagarriak bait dira; hain hilkera lazgarria da hori, non giza agonien artean ezpairik gabe makurrenaren postu nagusia bereganatzen bait du: gosez hiltzearena. Eta Aginaldok horrezaz salbatu zituen.

      Gertakariak horrela izaki, goazen orain ondoko galdera honekin: Funston erruduna al da? Ezetz uste dut. Eta auzi hau gehiegi puztutzen ari delakoan nago horregatik. Berak ez du bere baitako izakera sortu. Berarekin jaio zen eta. Idealak berak aukeratu baino Hark berezi zizkion. Hark berezi zizkion gogo zuen gizarte moeta, begiko zituen lagun moetak. Washingtonek gaitzetsi guztia miresten zuen Hark, eta begi onez hartzen eta loisentzen zituen Washingtonek kanpora botako zukeen gauza oro. Hura, eta Hura bakarrik da erreduna, ez Funston... Hark jaiotzez zuen jarrera okerretarako grina, baina bidegabe oso litzateke Funston bere ahuldadearen erantzuletzat jotzea, haurtzaroan bere kontzientzia poro batetik tantaka isuri zitzaiolako erantzuletzat jotzearen gisako bidegabekeria nabarmena bait litzateke —berak ekidin ezinezko gauza zelako, eta gainera kontzientzia goratzea ez bait zegoen inolaz ere bere baitan. Hura kapaz zen etsai bati hauxe esateko: “Nitaz erruki zaitez, gosez hiltzen ari naiz; ahulegi nago mugitzeko, emaidazu jatekorik; zure laguna naiz, zure aberkidea naiz, zure filipinar herkidea, eta zu bezala gure herri maitearen askatasunagatik ari naiz burrukan; erruki zaitez, emaidazu jatekorik, salba ezazu nire bizia, ez dago beste ahalbiderik!”, eta kapaz zen Bere menpeko marioneta hura janariaz freskatu eta berpiztu eta segituan janariaren emailea lurreratzeko, honek harrera onez eskua eman eta gero... Hark humorearen dohain noblea dauka, eta oturuntza bateko mahaikide guztiak ia hiltzeraino barre algaraz leher daitezen eragin dezake jazoera xelebre bat kondatzen duenean; hori bera kondatuko du berriz, batean eta bestean, berriz eta berriro...

      Baina Hura bakarrik da mintzo dena, ez Funston. Hark gazte pozkarioz ikus ditzake janari eske egindako erreguei erantzun zuten kreatura xume haiek heriotzean hondoratzen, eta kezkarik gabe antzeman ditzake gaitzespenezko begiradak abailduz doazen begietan; baina zuzen joka dezagun gogoratu behar dugu Hura bakarrik dela, ez Funston... Eta Hura —ez Funston— datorkigu orain gu ume hauexei abertzaletasuna zertan den erakusten! Berak ezagutzen bide du.

      Argi dago niretzat, eta denontzat ere argi egon beharko lukeela uste dut, Funston ez dela, inolaz ere, egin, egiten, erizten eta esaten dituenez errudun.

      Orain, bada, Funston auzitan dago, eta gure eskuetan daukagu. Arazoa zera da: zer egin berarekin? Nola ihardun situazio larri honetan? Washingtonen kasuan zer gertatu zen ikusi dugu: berebiziko eredua bilakatu zen, mundu osoarentzako eta adin guztietakoentzako ikasbidea —zeren bere izenak eta eginek toki guztietara iritsi eta mirespena inspiratu bait zuten, inspiratzen bait dute eta beti inspiratuko, jarratzaileak beti izango dituen bezala. Oraingoan munduak Funstonen oker nabarmenaren aurpegi erakargarria atzekaldera jiratu behar du, eta bere alderdi izkutua, bere alderdi beltz eta benetakoa herriko gazteriari erakutsi. Bestela bera ere eredu eta gazteen miragarri bilakatuko da, eta bere abertzaletasun moeta era nekegarri eta irrigarrienean jarriko da Washingtonenarekin elkar lehian. Lehiaketa hori hasia da, alegia. Zenbaitek ez du sinistuko, baina hala ere egia da jadanik badirela eskola publikoetan zuzendari eta profesoreak beren eskoletan Funston heroi eta abertzaletasunaren eredu gisa aurkezten ari direnak.

      Gorakada funstonianoak irauten badu, armada ere ukituko du funstonismoak. Egia esan, dagoeneko ukituta dago. Armada guztietan badira buru arineko eta oinarri ahuleko ofizialak, beti ospe erraza lortzeko metodoak, onak zein txarrak, imitatzeko prest... Funstonen ereduak jarraitzaile ugari eman ditu, eta gure historiarako makina eraskin lazgarri ere: Filipinarrei egin torturak, “urazko sendabide” izugarriaz esatebaterako, aitor dezaten... zer? Egia? Edo gezurra? Nola ezagutzen du batek horiek zer dioten? Zeren gizon batek jasanezinezko torturapean eskatzen zaion edozein gauza, egia edo faltsoa, aitortzen bait du, eta horren zihurtasuna hutsaren parekoa da. Hala ere, holako zihurtasunarekin ihardun dute amerikar ofizialek. Baina zuek ezagutzen dituzue Gerra Sailekoak urte batean edo bitan izkutatzen aritu diren izugarrikeriak; bai eta Smith jeneralak emandako sarraski agindua ere, egun mundu guztiak dezaguena, eta prentsak, Waller majorraren testimonioan oinarriturik, honela laburbildua:

 

      Hil eta erre —ez da orain presoak altxatzeko unea. Zenbat eta hil eta erre gehiago, hainbat eta hobeto. Hil hamar urtetik gorako guztiak. Bilakatu Samar eremu ululari bat!

 

      Funstonen ereduak sortutako ondorioak ikusten dituzue, denbora aldi labur honetan gertatuak hain zuzen —lehenago ere sortu zuen etsenplurik. Gure zibilizazioa oso urrutira aurrera arazi du —Europa Txinan aurreratu bezain urrutira. Bai eta, dudarik gabe, Funstonen eredua ere izan da gu (eta Ingalaterra) Weyler-en horrore reconcentrado hura kopiatzera eraman gintuena, biok batera gure eliz eskoletako eskrupuluez beterik eta gure saindu usaineko sudurra zerurantz altxaturik, “deabrua” deitu genion eta gero. Eta Krakatoa-ko lurrikara izugarria, non irla ezabatu eta bi milioi lagun hil bait ziren... Ez, hori ez liteke Funstonen ereduaren ondorioa izan; oraintxe oroitzen naiz, ez zen ordurako jaioa.

      Hala ere, gauza guzti hauen erruduna bere Hura bakarrik delakoan nago, ez bera. Azken finean, ahal izan dudan bezala defendatu dut —erraz samarra egin zait, egia esanda— eta aurreritzi guztiez askatu eta eritzi eta onespen publikorako zuritu dut, nik uste. Bere Hartaz ez dut ezer egiterik izan, nire esparrutik at geratzen bait da, Funstonen eta jende onaren esparrutik at geratzen den bezala. Erakutsi dudanez, Funston ez da bere balentria ikaragarrien erantzule. Eta saia banendi, erakuts nezake metodo ilegalez atxilotu zuen eta oraindik atxiloturik daukagun gizonaren arazoaz ere ez dela erruduna. Bere askatasunerako eskubidea du. Botere handiko errege bat balitz, edo gure errepublikaren presidente ohi bat, suntsitu eta ezabatutako errepublika txiki baten presidente ohia izan beharrean, Zibilizazioak (Z handiaz) kritikatuko luke, eta kexatuko litzateke bere askatasuna lortu arte.

 

 

 

16. “A Defense of General Funston”, North American Review, 1902; berrargitaratua in Janet Smith, Mark Twain on the Damned Human Race, Hill and Wang, New York, 1962. Frederick Funston, Amerikar Armadako Boluntarioen jeneral-brigada, 1901ean istorio “heroiko” batekin itzuli zen Filipinetatik, ezen eta engainoz, traizioz eta azpikeriaz —eta goseaz hiltzen ziren amerikarrei Aginaldo-k emandako janariei esker— filipinarren kanpamenduan sartu eta haren jagon taldea masakratzea lortu zutela. Twain beldur zen Funstonen traizioa eta hantustea eredugarri bilaka zatekeenetz geroko komandante militarrentzat, zenbait tokitan, hala nola, desagun, Vietnamen.

17. Larogeitabederatzi berrogeitazortziren kontra —Funton's Lotus Club Confession. (M.T.)