R arrazarena
R arrazarena
Mark Twain
itzulpena: Mitxel Sarasketa
1988, narratiba
144 orrialde
84-86766-17-6
azala: Garbiñe Ubeda
Mark Twain
1835-1910
 
 

 

FILIPINETAKO KONKISTA:
Mairuak
[14]

 

 

      Ez zen guretzat ezer egiterik geratzen guztiak hartu, zibilizatu eta kristautzea baino, eta Jainkoaren loriaz onik onena egitea beraiengatik, anaiak legez, beraiengatik ere hil baitzen Kristo.

—MCKINLEY PRESIDENTEAK

metodisten ordezkaritza bati

1899an

 

 

      ...Pasadizo hau mundu osoan zabaldu da azken ostiralean gure Filipinetako indarren komandante batek Washingtongo gobernuari igorritako kable ofizial batez. Mamiaz, ondoko hau zioen:

      Mairu tribu batek, larru iluneko basatiak, krater ahitu baten husgunean babestu ziren, Jolo-tik ez milia askotara, eta etsai genituenez, amorratuak zortzi urtez gure kontra beraien libertateak errausten saiatu bait gara, euren presentzia leku hartan mehatxagarri zen guretzat. Gure komandanteak, Leonard Wood jeneralak, ikustapen bat agindu zuen. Mairuak seirehun zirela jakin zen, emakumeak eta haurrak barne; kraterra mendi gailurrean zegoela, itsas gaineko zazpirehun eta hogeitamar metro altueran; eta oso helbide gaitzak zituela Kristau gudalozte eta artileriarentzat. Hortaz, Wood jeneralak ezusteko eraso bat agindu zuen, eta agindua burutzen ikustearren bertara jo zuen. Bidezidor malkar eta nekegarrietatik igon zen gure gudaloztea, berarekin artileria zerbait ere eramanez. Artileria moeta ez da zehazten, baina aldatz biziko leku bat garaitzearren ehun metrotako distantziatik maniobratu beharra izan zuten. Kraterraren hegira iritsi orduko hasizen bataila. Gure soldaduak bostehun eta berrogei ziren, urgazle zenbaiten laguntza zutelarik, hala nola, ordainpeko natiboen destakamentu bat —ez da horien kopururik ematen— eta flotaren bi destakementu, zeinen kopurua ez bait da zehazten. Dena dela, dirudienez kontrako alderdi biak berdinak ziren kopuruz: seirehun gizon alde batean, kraterraren hegian; seirehun gizon, emakume eta haur kraterraren hondoan. Kraterraren sakonera, 17 metro.

      Wood jeneralaren agindua “Seirehunak hil edo atxilotu” zen.

      Bataila hasi zen —ofizialki izen hori ematen diote—, gure indarrak goitik behera kraterraren barnera artileriaz eta prezisiozko arma labur hilgarriez tiraka; eta basatiek haserre bizian danbatekoak itzuliz, habailez seguruenez —nahiz eta azken hau nire irudipen hutsala den—, kablegraman ez bait da basatiek erabilitako armamentua aipatzen. Orain arte Mairuek aihotzak eta tantaiak erabili dituzte batipat, bai eta merkatuko mosketoi ustelak ere, baten bat eskuratu dutenean.

      Txosten ofizialak zioenez, egun bat eta erdiz burrukatu zen alde bien kemen miragarriaz, eta bataila indar amerikarren aldeko garaipen osoaz amaitu zen. Garaipenaren erabatekotasuna ondoko gertakizun honetan finkatzen da: seirehun Mairuetarik bat ere ez zen bizirik atera. Garaipenaren gailentasuna beste gertakizun honetan, berariaz: seirehun heroietarik hamabostek soilik galdu zuten bizia.

      Wood jenerala bertan zegoen denari begira. Hauxe zuen agindu: “Hil edo atxilotu basati horiek”. Dirudienez, “edo” horrek nork bere gogaraz hiltzeko edo atxilotzeko baimena ematen ziola erizten zuen gure armada txikiak, eta beraien gogara aurreko zortzi urteetan atzerrirako armadan ihardun direnena berbera zela: Kristau harakinen gogara.

      Txosten ofizialak espresuki handitzen eta goresten ditu gure gudaloztearen “heroitasuna” eta “duintasuna”, hamabost hildakoen galera gaitzetsiz eta gure gizonetarik min hartutako hogeitamabien zauriak zehaztuz, zaurien tamainak eta dena zehatz mehatz deskribatuz Estatu Batuen geroko historialarien mesedetan. Proiektil batek soldadu baten ukondoa igurtzi zuela esaten du, eta soldaduaren izena ematen du. Proiektil batek beste soldadu baten sudur punta igurtzi zuen. Horren izena ere aipatzen zuen —kablez, hitz bakoitzeko dolar bat eta berrogeitamar zentabotan.

      Hurrengo eguneko berriak bezperako txostena baieztatzen zuen, eta hamabost hildakoak eta hogeitamabi zaurituak berriro izendatzen zituen, gisa berean zauriak adjetibo egokiez apainduta deskribatuz.

      Begira dezagun orain gure historia militarreko zertzelada pare bat edo. Gerra Zibileko bataila handienetako batean parte hartu zuen kopuru osoaren ehuneko hamarra hila edo zauritua suertatu zen alde bietan. Waterloon, non alde bietan laurehun mila gizon aurrez aurre bait ziren, bost ordutan berrogeitamar mila galdu ziren, hildako eta zaurituen artean, eta hirurehun eta berrogeitamar mila oso eta sendo atera ziren, geroko abenturarako gisan. Duela zortzi urte, Cubako Gerra izenaz ezagutu den komedia patetikoa antzeztu zenean, berrehun eta berrogeitamar mila gizon deitu genituen armetara. Itxurazko bataila zenbaitetan burrukatu genuen, eta gerra bukatu orduko berrehun eta berrogeitamar mila gizonetarik berrehun eta hirurogeitazortzi galdu genituen gudu lekuan, hildako eta zaurituen artean, eta hamalau aldiz gehiago hain zuzen ere hospital eta kanpamentuetan, armadako sendagileen oparotasunaz. Ez genituen espainiarrak suntsitu, ez eta gutxiagorik ere. Enkontru bakoitzean bataz beste ehuneko bi etsai hil edo zauritu genuen burrukan.

      Pareka ditzagun datuok Mairuen kraterretik iritsi zaizkigun gora handiko estatistikekin! Han, alde bakoitzeko seirehun partaiderekin hamabost gizon galdu genituen hilik eta hogeitamabi zauriturik —ukondo hura eta sudur hura ahaztu gabe. Etsaiak seirehun ziren —emakumeak eta haurrak barne— eta zeharo suntsitu genituen, bere ama hila deitoratu ahalko zukeen haur bat ere bizirik utzi gabe. Hauxe dugu parerik gabe Estatu Batuetako Kristau soldaduek inoiz lorturiko garaipen handiena.

      Dena den, zernolako harrera jaso du? Egundoko notiziak egundoko titulu arranditsuez agertu ziren lau milioi eta hamairu mila bizilagun dituen ziutate honetako kazeta guztietan, ostiral goizez. Baina kazeta horietako editorialeetatik bakar batean ere ez zen inolako aipu ziztrinik egiten. Notizia berriz agertu zen ostiral arratsaldeko egunkari guztietan, eta berriro ere egunkari horiek isiltasun editorialean iraun zuten gure egundoko azainaz. Hurrengo egunean estatistika eta xehetasun osagarriak agertu ziren goizeko egunkari guztietan, editorial lerro pozgarririk edo asuntoari buruzko aipurik gabe. Arratsalde hartako (larunbateko) egunkarietan ere datu osagarriak agertu ziren, berriro ere iruzkin berbarik gabe. Gutunei eskainitako sailean, ostiral eta larunbat goizeko nahiz arratsaldeko egunkarietan, ez zuen inork “bataila”ren gainean hitz bat ere esan. Normalean zutabeok irakiten egoten dira hiritarren grinekin. Pasadizorik ez dago, hala handi nola txiki, zeina euren gorespenak edo irainak, pozak edo haserreak, gutunen sailera bota gabe pasatzen uzten dutenik. Baina, esan dudan bezala, bi egun horietan editoreak berak bezain mutu egon zen hiritarra. Nik dakidanez, larogei milioi amerikarretarik pertsona bakar batek soilik izan du une berezi honetan iruzkin publiko bat egiteko dohaina: hori Estatu Batuetako presidentea izan da. Ostiral osoan bere baitarako isilpean iraun zuen, enparauak legez. Baina larunbatean, bere eginbideak zerbait esatera behartzen zuelakoz onetsiz, luma hartu eta eginbeharrari lotu zitzaion. Roosevelt presidentea ezagutzen badut —eta ezagutzen dudana seguru nago— sekula bere ahotik edo bere lumatik sorturiko ezerk baino oinaze eta lotsa handiago eman dio adierazpen honek. Nire asmoa ez da bera gaitzestea. Ni bere lekuan banengo eginbide publikoak behartuko ninduen berak esandakoa esatera. Konbentzio bat izan da, tradizio zahar bat, eta leialtasuna zor zion. Ez zuen beste irtenbiderik. Honako hau esan zuen:

 

WASHINGT0N, 1906, martxoak 10

      WOOD, MANILA:

      Nire zorionak zuri eta zure manupeko ofizial eta gizonei berealdiko ekintza militarragatik, non amerikar banderaren ohoreari hain gora eutsi diozuen.

(sinatua) THEODORE ROOSEVELT

 

      Adierazpen guzti hau konbentzio hutsa da. Esandako hitz guztietarik bat ere ez zen bere bihotzetik atera. Berak ederki asko zekien ezen armarik gabeko seirehun basati dohakabe zulo batean arratoiak bezala inguratzea eta egun bat eta erdian zehar, goragoko posizio seguru batetik, banan banan masakratzea ez zela berealdiko ekintza militarra —eta ez zatekeen berealdiko ekintza militarra izango nahiz eta Amerika Kristauak, bere saripeko soldaduetan ordezkatuta, balen ordez bibliak eta Arau Nagusiak desarratu balizkiete ere. Berak ederki asko zekien ezen gure uniformedun asasinoek ez zutela amerikar banderaren ohorea goratu, baizik eta Filipinetan zortzi urtetan zehar etengabeko ihardueran egin dutena egin zutela —desohoratu zutela, alegia.

      Hurrengo egunean, igandean —atzo beraz— kableak notizia osagarri berriak ekarri zizkigun —are notizia oparoagoak, are ohore goratsuagoak banderarentzat. Lehen titulu buruak maiuskula arranditsuetan jaurtitzen digu informazio hau: “EMAKUME ERAHILAK MAIRUEN SARRASKIAN”.

      “Sarraskia” hitz egokia da. Zinez, orotariko hiztegian ez dago abagadune honetarako egokiagorik.

      Hurrengo azpititulu lerroak hauxe dio:.

      “Haurrak hartuta kraterreko multzoan nahastu ziren eta denak batera hil zituzten”.

      Basati biluts soilak ziren eta hala ere zerbait patetiko dago haien gainean haurrak hitza begi aurrean agertzen zaigunean, hitz honek errugabetasuna eta zurtzatasunaren sinbolorik hobezina iradokitzen bait digu beti. Koloreen, sinismenen eta nazionalitateen arteko desberdintasunak urtzen dira eleder agortezinaren laguntzaz, eta haurrak direla ikusten dugu bakarrik, haur soilak. Eta izutuak baldin badira, edo negarretan, edo estualdi batean, berezko bultzakadaz berenganatzen dute gure gupida. Ikusten dugu irudi bat. Ikusten ditugu gorputz txikiak. Ikusten ditugu esku txikiak amari erreguz oratzen; baina ez ditugu hitzegiten ari gareneko haur horiek ikusten. Hoien ordez ezagutzen eta maite ditugun umeak ikusten ditugu.

      Hurrengo titularrak eguzkia gorenean legez isurtzen du Amerikar eta Kristau loriazko diztira:

      “Hilak 900 dira orain”.

      Egundo ez naiz banderaz hain harro sentitu orain baino!

      Gure soldadu ausartak nola ziren seguru jarriak azaltzen du ondoko titularrak:

      “Ezin sexoak berezi Dajo mendi gailurreko bataila itsuan”.

      Basati biluziak behe ataka gaiztoaren hondoan hain ziren urrun, non gizonezkoen titi nini ondotik ezin zitzaketen emakumezkoen bularrak berezi; hain urrun, non bi metrotako beltzen ondotik ezin zitzaketen haur txikiak berezi. Alde handiz hauxe izan da inongo nazionalitateko soldadu Kristauek parte hartu duten arrisku gutxieneko bataila.

      Hurrengo titularrak hauxe dio:

      “Lau egun burrukan”.

      Gure gizonek, bada, egun bat eta erdi beharrean lau egun eman zuten hango hartan. Picnic luzea eta zoriontsua izan zuten, aparteko zereginik gabe, baizik eta eroso jarri eta Arau Nagusiak hantxe behean zebilen jendearen kontra desarratu, ostean senide mireskorrei etxera idatziko zizkieten gutunak irudikatu, eta loria gainez gain metatu. Askatasunagatik burrukan ziharduten basati haiek ere lau egunak izan zituzten, baina beraientzat denboraldia tamalgarria izango zatekeen. Egunero beraietako berrehun eta hogeitabost lagun asasinatzen ikusten zuten, horrekin gauerako negar eta doluaz hornitzen zirela, eta, dudarik ez, aldiberean etsaietariko lau hil eta zenbait gehiago ukolondoan eta sudurrean zauritzen zutena jakitearen poza eta kontsolamenturik gabe.

      Azken tituluak honela dio:

      “Johnson Blown tenienteak artileriaren eztanden artean babesturik gartsuki zuzendu zuen erasoa”.

      Johnson tenienteak kablegramak bete zituen hasieratik. Bera zein bere zauria material zurrun iluneko papera erretzean suzko serpentina legez zirtakatu dira haien artean behin eta berriro. Duela zenbait urteko Gillette-ren fartsa komikoa gogoarazten du: “Johnson soberaz”. Agi denez, Johnson izan zen gure aldeko gizon zaurituen artean iragarki publizitario bat merezi zuen gisako zauriaren jabe bakarra. “Humpty Dumpty”[15] horma gainetik erori eta lur jota geratu zenez geroztik, antzeko edozein gertakari baino askoz hots handiago atera du munduan gaindi. Agiri ofizialek ez dakite zein miretsi gehiago, Johnsonen zauri gurgarria edo bederatzirehun asasinatuak. Globoaren beste puntako armadaren koarteletik Etxe Zurira isuriz doan extasiak, dolar bat eta erdi hitz bakoitzeko, antzeko extasia piztu du presidentearen bularretan. Dirudienez, hilezinezko zauritu hori Theodore Roosevelt teniente koronelaren manupeko Rough Rider delako bat izan zen San Juan Hill-en —Waterloo batailaren bizki hartan—, non erregimentuaren koronelak, orain jeneral nagusi den Leonard Wood doktorrak, bere pilulen bila erretaguardiara joan eta burruka galdu bait zen. Presidenteak xoko bero bat gordetzen du bere bihotzean eguzki-sistema militarren arteko enkontru odoltsu hartan izandako guztientzat, eta horregatik ez zuen denbora galdu heroi zaurituari telegrafiatzeko: “Zer moduz zaude?” Eta kablez jaso zuen erantzuna: “Ondo, mila esker”. Historikoa da. Historiaren ondaretara pasako da.

      Johnson metrailaz zauritu zuten lepoan. Metraila granada batekoa zien —txostenak dioenez Johnson kraterraren hegitik gora jaurti zuen granada-eztanda batek egin zion urradura. Zuloaren hondoan zebilen jendeak ez zuen artileriarik; beraz, gure artileria izan zen Johnson kraterraren hegitik gora jaurti zuena. Hortaz, bada, artxibo historikorako arazo bilakatzen da gertakizuna, publizitate iragarki baterako moduko zauri bat jaso zuen gure ofizial bakarrak ez bait zuen etsaiaren eskuetatik jaso, geureetatik baino. Soldaduak geure armen miratik kanpo jarri bagenitza, probable baino areago dirudi historia guztiko batailarik apartekoenetik urradura bakar bat ere gabe atera ginatekeena...

      Zori gaiztoko elbarritasunak irauten du. Gutunen sailean xipristin xume bat egon da —xipristin hutsala—, presidentearen kontrako destain haserrea, sarraski koldar honi “berealdiko ekintza militarra” deitzeagatik eta “banderaren ohorea hain gora eutsi” modu berezi horrezaz gure harakinak laudatzeagatik. Baina kazeten editorial sailetan nekez da ekintza militarraz hasperen hatsik ematen.

      Isiltasunak iraungo duela espero dut. Ia hitzik haserreenak bezain nabarmen, efektibo eta kaltegarri gertatzen delakoan nago. Gizon bat'zarata erdian lo dagoenean loak lasai dirau; baina zarata geratuz gero isiltasunak iratzarriko du. Dagoeneko isilpenak bost egunetan iraun du. Hori dela eta seguraski nazio lotia itzartzen ari da. Nazioa seguraski horren zentzuaz ari da galdezka. Bost eguneko isilpena, mundu osoa sor eta lor uzteko moduko gertakariaren ondoren, ez da planeta honetan eman egunkariak asmatu zirenez geroztik.

      Europara oporretan gaur abiatzen den George Harvey-ri bidaia zoriontsua opatzearren atzo zenbait gizon bildu zuen jai otordu batean hitz guztiak berebiziko ekintza militarrari buruz izan ziren. Eta gizon haietarik inork ez zuen hartaz ezer esan, ez presidenteak, ez Dr. Wood jeneral nagusiak, ez Johnson zaurituak laudagarritzat jo edota gure historian iruzkin gisa ipin zitekeena eritziko lioketenik. Harveyk esan zuen gertaera honek sortutako harridurak eta lotsak nazioaren bihotza are eta sakonago uhertuko lukeela, han zoilduko zela eta ondorioak izango lituzkeela uste zuela. Alderdi errepublikarra eta Roosevelt presidentea suntsituko zituelakoan zegoen. Nik ez dut uste iragarpena bete daitekeenik; zerbait on, desiragarri, baliotsu eta miresgarri agintzen duten profeziak kausa on baten alde egin ditugun gerrak bezalakoak dira, hain bakan, non ez dagoen kontutan hartzekorik.

      Herenegun Dr. Wood jeneral dohatsuak kablez igorritako oharra txit loriatsua zen. Artean bazuen “buruz buruko burruka desesperatua” deitzen zuen hartako aipamen eta idazkera hantustea, eta ez zirudien Dr. Wood bere burua —esaten den legez— traizionatzen ari zela konturatzen zenik; zeren buruz buruko zeharo desesperaturiko burrukalaririk egon balitz, benetan desesperaturik, noski gutariko hamabost baino gehiago hilko zituzketen beren azken gizona, emakumea eta haurra zendu baino lehen.

      Ederki, atzo arratsaldean igorritakoen artean bazegoen ohar berri bat —hain zuzen ere Dr. Wood doinua jeistera prestatzen ari zela eta aitzakiekin eta azalpenekin hastera zihoala iradokizun baldar bat. Burrukaren erantzukizun osoa bere gain hartzen duela iragartzen du. Wood jenerala isiltasun guzti honen azpian hemen errudunen bat bila dadineko jarrera zehazgabea dagoena jabetzen dela adierazten du oharrak. Esaten du ez zela “burrukan emakume eta haurren suntsipen indiskriminaturik izan, nahiz eta haietako batzuk beharraren kariaz hil genituen, mairuek buruz buruko burrukan ezkutu gisa erabili zituztelako”.

      Azalpen hau ezer ez baino hobea da; benetan, ezer ez baino askoz hobeagoa da. Dena den, hainbesteko buruz buruko burruka eman baldin bazen, momentu bat ailega zatekeen, lau egunetako triskantzaren amai aldera, non natibo bat bakarrik geratuko bait zen bizirik. Seirehun gizon genuen han; hamabost soilik galdu genuen; seirehunek, zergatik hil zuten azken gizona, edo emakumea, edo haurra?

      Dr. Wood konturatuko da bere jokamoldeari ez doakiola azalpenak ematea. Konturatuko da gizon batek bere baitan izpiritu egokia eta bere manupean gisako gudalozte bat dituenean errazago duela armagabeko bederatzirehun animalia masakratzea, erabateko zorroztasun horrezaz ihardutearen zergatia azaltzea baino. Humore inkontzientearen bapateko eztanda hau eskaintzen digu ondokoan, informeak kablez bidali aurretik idatzi beharko lituzkeela erakutsiz:

      “Mairu askok hilaren itxura egin eta zaurituak laguntzen ziharduten amerikar erizainak triskatu zituzten”.

      Ikuskari bitxia daukagu hemen, non amerikar erizainak gudu lekuan zehar itzul inguruka ari diren basati zaurituak laguntzearren; zein arrazoi dela bide? Basatiak zeharo masakratuak ziren. Denak hil eta inor bizirik ez uzteko asmoa nabarmena zen. Orduan, zertarako une bateko laguntza segituan sakailatu behar zuten pertsona bati? Agiriek bataila horri “bataila” deritzote. Nondik nora izan zen hura bataila bada? Ez du batailaren antzik. Bataila batean beti bost zauritu gutxienez izaten dira hil bakoitzeko. Bataila delako hori amaitu zenean soroan bazegokeen gutxienez berrehunen bat basati zauritu. Zer gertatu zen haiekin? Izan ere, ez zen basati bat ere bizirik atera!

      Ondorioa begi bistakoa dirudi. Garbitu egiten dugu gure lau egunetako lana eta berrori biribiltzen dugu jende ahalge hura triskatuz.

      Presidenteak arrakastaren gainean erakutsitako pozak beste presidente baten extasia gogoarazten du. 1901ean izan zen, ezen Funston koronelak Aginaldo abertzalearen mendiko babestokian sartu eta zin gaiztoz, gezurrez, bere militar begiraleak etsaiaren uniformeaz jantzi, Aginaldoren lagunak zirela itxurak egin, susmo guztiak deuseztu eta Aginaldoren ofizialei eskua adiskidekor eman, aldiberean euren kontra desarratuz, eta holako arteez baliaturik atxilotu zuela; “berealdiko ekintza militar” horrezaz gaztigatzen zuen kablegrama Etxe Zurian jaso zenean, egunkariek esan zutenez, McKinley presidentea, gizonik orekatu, zuzen eta apalenak, bere poza eta esker ona, kontrolatu ezinik, dantzaren gisako mugimenduez adierazi beharra izan zuen.

 

 

 

14. Autobiography, A.B. Paine-ren argitalpena. Harper and Brothers, New York and London, 1924. Ez da 1959ko Charles Neider-en argitalpenean ematen.

15. Herri kanta baten pertsonaiari doakio. Hauxe da:

      Humpty Dumpty sat on a wall.

      Humpty Dumpty had a great fall.

      All the King's horses,

      All the King's men

      Couldn’t put Humpty together again.

      ...

      Humpty Dumpty jarri zen horma gainean.

      Humpty Dumpty erori zen jauzi izugarrian.

      Erregearen zaldi guztiek,

      Erregearen gizon guztiek

      Ezin izan zuten Humpty berriro osatu. (I.)