KRISTALEZKO BEGIAK 
PATOLOGIA KONGENITOEN KASUAN
 
Okularistaren itxarongelan bezeroak franko egoten gara, bada.
        Behinola negar-zantzo itzelak entzun nituen, haur batenak. Beldurrezko txilioak ziren, aurrez galdutako istiluak sortutako laborria lantu bihurtuta. Geroxeago ama-haurrak atera ziren, haurra amaren sorbaldan burua eskoratuta, leher eginda. Ez zituen hiru urte izango. Nire txanda zen jarraian.
        — A zer gaizki pasatu duen gaixoak —esan nion medikuari.
        — Begirik gabe jaio zen.
        Hamar milatik bati gertatzen zaio mikroftalmia izeneko malformazio kongenitoa. Fetuari ez zaizkio begiak garatzen, ez betazalak ezta malko-guruinak ere. Jaioberriari begiek ez diote ezertarako balioko: bi botoi-zulo opaku izango dira beti. Baina buruko hezurren hazkundea guztiz bukatu arte ezingo zaio kristalezko begirik jarri. Konponketa erradikal hori beharrezkotzat jotzen dute adituek pertsonaren sozializazioari begira.
 
    
    
 © cc-by-sa Miren Agur Meabe