Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

AZALA

 

NA NGA DEF, XARIT?

 

Atzo atean jo zuten. Oker aditu nuelakoan, ez nuen kasurik egin. Berriz deitu zutenez, leihora agertu nintzen. Senegaldar bat zegoen behean, poltsatzarra sorbaldatik zintzilik.

        Kafesnea hartu genuen elkarrekin, sukaldean. Esan zidan atez ateko salmentaren bidez emaitza hobeak lortzen dituela. Busean ibiltzen ei da herririk herri. Wolof hizkuntzan berba batzuk zelan esaten diren galdetu nion:

        — Ça va, mon amie?

        — Na nga def, xarit?

        Bere bizitzaren laburpena egin zidan. Irribarre beroa zeukan. On egin zidan.

        Galtzerdiak hartu nizkion, semearentzat. Eta eskumuturreko bat, indiar kutsuko kinkila-pieza bat, esmalte marroi eta arrosak, loreak eta elementu geometrikoak konbinatzen dituena. Kapritxoak bertatik bertara erostekoa ez naizen arren, ez nuen birritan pentsatu, Janisen erretratua zeukalako: txoritxo totolo bat adar batean pausatuta. Ez zitzaion falta ezta forêt landaiseko pinaburua ere. Txoria lasai dago adarrean, mokoa itxita. Haren begia puntu ñimiño beltza da. Inpresioa eman zidan, ipuinetako animaliek egiten duten bezala, neuri adi zegoela, zain bezala, zerbait erakutsi nahian.

 

 

 

© cc-by-sa Miren Agur Meabe

 


www.susa-literatura.eus