Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

AZALA

 

FANTASMA

 

Tupustean esnatzen zara. Zartada batek iratzarri zaitu, oin-hotsak eskaileran, edo txori baten takadak kristalean. Lipar batez ezin duzu bereizi zarata hori ametsaren barneko soinua izan den, ala benetakoa, gelan zertua.

        Oroitzapenak tropelean datozkizu, aliritzira. Hasieran txera egiten diezu. Burmuinaren opariak dira Urbasako pagadian egindako siesta, Apikaleko terran hartutako bainua, Bardeetako sorbeltzak, M.ren begi berdantzak. Ai, memoria traidorea, beti leku-denboren arroilaren gainetik hegan. Segituan dator sastakoa: «Ez duzu sekula hain hurbil izango berriro».

        Orduan bai, tanta bastoak bihurtzen dira gomutak, garezurra zulatzen. Burua moztu eta irlaostera jaurtiko zenuke, arrainen bazka. Ez, hemen ez dago irlarik. Landetan zaude, Le Rayon Vert izeneko etxe batean. Eta mamu bat etorri zaizu bisitan. Haren izena ahoskatzen duzu, mikatz.

        Zer mezu eman nahi ote dizu? Zer gogoratzeko eskatzen ari zaizu? Badakizu horixe dela bisitaren xedea: ahaztura eragoztea. Ahaztea pittin bat hiltzea delako, bai bera, bai zeu. Buelta hartzen duzu ohean. Erlojuaren kablea askatzen duzu. Semearen argazkiari begiratzen diozu (ondo dago, bere aitarekin).

        Ez duzu irratia pizten. Ez duzu telebista ikusten. Ez zara inorekin mintzatzen. Horrek ez dizu onik egiten.

        Zentzunak krak egingo ote dizun beldur zara. M.ri toki honetaz hitz egin ezin diozulako, egiten duzunaz eta ez duzunaz, zutaz. Beheak galtzen dituzu zeure akorduz dagoela otutzen zaizunean, eta horregatik bertoratu dela haren fantasma. Esango zenioke: «Estutu zaitez nire kontra». Baina egunsentirako ez duzu ezein zantzu sumatzen, ezer ez hemengo brisaran zure bazterretakorik ekartzen dizunik. Leihotik lezkak ikusten dituzu haize kresaltsuan erretzen.

 

 

 

© cc-by-sa Miren Agur Meabe

 


www.susa-literatura.eus