Bildumaren zerrendara itzuli


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 


 

Troskoaren lotsa

 

Haizeaz bestaldetik-eko Txitak eta Bartolok, Igeldon kaiolaturiko zimino haiek, beren kaka troskoak jaurtitzen zizkieten hurbiltzen zitzaizkien gizakiei. Baina Txillardegiren beste animaliek, baita protagonismorik luzeena dutenek ere, esaterako Baltzak, Antton Ihartzegarairen txakurtxoak, ez dute kaka egiten; Txillardegiren giza pertsonaiek ere ez bestalde. Nekez ageri da halakorik ezein eleberritan, nahiz eguneroko gainerako eginbeharrak naturaltasunez aipatu, argumentuarentzat pertinenteegiak izan ez arren. Zer gertatzen da hemen? Zein enigma desestali beharko dugu oraingo honetan?

        Berbinzanako gure bizilagunak, Jero eta Maria, Fiteron egon dira aste biz, eta egunero, goizez eta arratsaldez, atera diegu zakurra, Tobi, arraza puru ezezagunekoa. Alaia duzu Tobi, jostaria eta ez batere zaunkaria, diskretua. Ehiztari kaskarra bada ere untxi pare bat harrapatu du, itsu baitzeuden, begiak gorri-gorri, mixomatosiak joak. Tobik, hori bai, kaka egiten ari delarik ez du gustuko inork begiratzea, batik bat begietara.

        Michel Polac frantziar telebista-aurkezle eta idazlea ohartu da zaldiek eta behiek, kaka eginean, zeharo ezaxola erantzuten diotela giza behako begiluzeari. Basapiztiak, berriz, ezkutatu egiten omen dira; orobat noski zakurra. Begiratzen badiozu lotsa eta etsipena erakusten du, «comme si le chien ne supportait pas sa merdité esentielle». [81]

        Clément Rosset ere ohartua zen zakurraren larrialdiaz eta begitarte errukarriaz trantze horretan. Ohartze hori egonezin lauso batez nahasten zitzaion, eta sentsazio mordo horrek azkenik harridura eragin eta horrenbestez filosofatzeko prestatu zuen.

        Zergatik ematen ote du zakurrak, behako goibel horren bidez, barkatzeko mesedez eskatzen dizula, atea eta kisketa ixtea ahazteagatik? Fenomeno horrek apala dirudi, baina bitxia da, eta gizakiaren eta animaliaren arteko mugaren txillardegitar arazoa bete-betean jotzen du.

        Rosseten filosofatzearen ondorioa: gizakiak zakurra etxekotu du, domestikatu. «Domestikatu» «domus»ean sartzen uztea da, etxean, sarkina etxekotzat hartzea eta beraz etxeko ohiturak erabilaraztea, ahal den neurrian. Kontua da gizakiak hainbeste etxekotu duela zakurra, horrenbeste nagusitu zaio intrusoari, ezarri baitizkio zenbait giza sentimendu eta jokabide. Kasurako, kaka egiteko orduan gordetzea.

        Halatan, zakurra bere funtsezko kakatasunaz herabe bada, Rosseten iritziz lotsaria gizakiak kutsatu diolako izango da ziurrenik. Gizakiak bere irudira moldatu du zakurra, eta zakurrak ederki itzuli dio kaka lotsa. [82]

        Zaldiari eta behiari legez, ziminoari ez zaio inporta kaka eginean dagoela begietara begiratzea.

        Hain zuzen, Slavoj Zizek leninista modernoaren ustez, gizakia bere kakarekin zer egin ez dakien ziminoa da. Ziminoari ez bezala, gizakiari arazo zaio mokordoa nora eraman, non gorde. Ez kiratsarengatik, baizik gure barne-muinen sorkaria delako, gure bizitza espiritualaren emaitzarik intimoena. [83]

 

        [81] Michel Polac eta Clément Rosset, Franchise postale, PUF, Paris, 2003, 122 or.

 

        [82] Ibidem, 127 or.

 

        [83] On Belief, Routledge, London, 2001, 59 or.

 

 

 

© Markos Zapiain

 


www.susa-literatura.eus