Bildumaren zerrendara itzuli


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 


 

ELSA SCHEELEN

 

Gizonak eta pilulak

 

Lehenbizikoz, eta oraingoz azkenekoz, emakume bat duzu Txillardegiren eleberri bateko protagonista. Hasieran, Luc de Potter senarrak kolpe bortitz bat jo dio eta nobelak Elsaren odoluste geldoaren berri emango digu. Elsaren sentimenduak eta gogoetak askoz ere delikatuagoak dira bere inguruko gizonezkoenak baino.

        Badirudi emakumeak atzerago utzi duela animalia gizonak baino, gehiago urrutiratu dela ziminotik. Lau froga aipatzen dituzte adituek: berritsuagoa omen da gizona baino, pilulazaleagoa (primateek ez dituzte pilulak hartzen gizakiek bultzatuta baizik), ile urriagoa du (hala ere gogorrago borrokatzen da ilearen aurka gizona baino) eta ipurdi handiagoa. Era berean, Arnaldo Otegik telebistan kontatu du, lesbiar batek ziurtatu diola gizon batekin oheratzea bestialismo molde bat zaiola.

        Bestalde, Elsari ere arazo zaio ugaritasuna, baina ez, Peruri bezala, hautemateari lotua, baizik maitasunari zein pilulei. Senar poligamoa suertatu zaio. Nobela abiatzen da Elsak atzematen duenean senarrak Suzanne maitaleari idatziriko gutun bero bat. Baina maitale gehiago izan dira, eta izango.

        Garai batean, Elsa Scheelenek haurdun ez gelditzeko hartzen zituen pilulak. Baina ginekologoak ez zuela pilularik behar adierazi zion, antzua baitzen. Elsak erru sentimenduz jaso zuen albistea.

        Senarraren infideltasunen berri izaten hasi bezain laster, bestelako pilulak hartzeari ekingo dio, lasaigarriak, barbiturikoak: Bellergal, Valium...

        Senarrarengandik bereizirik, Elsak harreman polit bezain labur bat izango du ikaskide batekin. Oheratu ostean, baina, desagertu egingo da erabat maitale hau.

        Gero eta etsiago, bere aldarte iluna baretzen ahaleginduko da pilula gehiagoz, Mimu katuaz eta masturbazioaz.

        Itxura denez, Txillardegiri norbaitek sinetsarazi zion eleberri hau zaharkiturik jaio zela, Santimamiñeko narratzailea dela hirugarren pertsona orojakilea, eta abar.

        Haatik, emakume bat masturbatzen, 1969an, ez zen ohiko ikuskizuna. Euskal nobeletan ere ez zen antzekorik, Txomin Agirreren pertsonaien kanpaijotze garratzak salbu.

        Orobat, gurean inork ez zuen erabilia, artean, Elsa Scheelenek erakusten duen baliabide bat: egilearen beraren aurreko eleberri bateko pertsonaiaren agerpena. (Exkixuk ere Leturiaren egunkari ezkutua irakurriko du.)

        Kontua da halako batean, Elsaren gurasoen lagun bat, apaiza, Elsaz maiteminduko dela. Pierre apaiza amorostu berrien lilurak bizi du.

        Handik pixka batera, apaiza, Elsarengatiko disgustu baten ondorioz hausnar sakonean murgildurik dela, putetxera joan ala ez... zer arraio? Zer ari da bada ikusten? Nor ari da aulki horretan eserita irakurtzen? Jainko laztana! Joseba Leturia bera!

        «Liburu bat eskuetan eta irakurtzen ari, gazte mardul bat igaro zen. Pierre-k begiradaz jarraitu; eta zingirara iristean beltxargei so ikusi zuen:

        — Beste olerkari bat! Gizajoa!» (248).

        Edonola ere, Elsak gehiago daki gizonaren maitemintzeaz apaizak baino. Horregatik, Pierrek Elsari amaieran idatziko dion amodiozko gutun sutsua, apaizaren bihotz inozoa irudikatuz irakur daiteke, baina baita aldi berean Elsaren jakinduria sakonagoa ere, Elsaren keinu nekatu ironikoa. Pierrek dio:

        «Elsa miretsia:

        Hona hemen nire azkeneko gutuna. Azken lerroraino irakurtzea eskertuko nizuke. Bihotza zabalik mintzo natzaizu... Utz nazazu berriz ere maite zaitudala azkeneko aldiz esatera, eta inoiz inoiz ahaztuko ez zaitudala berresatera... Zurekin gertatu zaidana ez zait inoiz gertatu. Nire lehendabiziko maitasuna izan zara nire bizian, eta azkena ere bai eskierki.

        Hasieratik kontra egin arren, lehenengo egunetik beretik maitatu zaitut: zure aitaren etxeko negar haiek betirako zauritu dute nire bihotza. Eta ikusi ez ditudanak, ni erotu arte piztu dute negar neurririk ez duen sendimendu hau...

        ...zugatik uste duzun baino areago sufritu badut ere, bestetan esandakoari eusten diot: edozein egun atsekabetan, kinka gaiztoren bat duzunean (eta honelakorik falta ez zaizula sinetsita nago!), zernahirengatik etsita zaudenean hitz batez, eta egun horretan nik lagun bazaitzaket, otoi Elsa, ez dudarik egin: nigan duzu, eta dukezu, adiskide ziur oso bat. Orduan bederen, Elsa, oroit nitaz. Nire eskaintza hau arbuiatuko ez duzula sinistu nahi dut.

        Edonola ere, zu berriz ikusteko itxaropena ez dut arras galdua. Zure begirada tristea edateko, zu berriro barrez entzuteko, zure eskua noizpait neuretan estutzeko ez dut itxaropena galdurik. Hitz batera biltzeko: uste duzun baino zinkiago maite dudan neure Elsa ikusteko itxaropena ez dut erabat galdua.

        ...neure burua osoki zeuri eskain diezazuket gaur. Eta nik zure bizia berriz errotzeko, sustraitzeko, alaitzeko eta berrerosteko, naizen guztia zure alde emateko gertu nago.

        Zertarako ekingo, ordea? Ez duzu gauza bera senditzen, ondikotz! Baina jakin dezazun nahi dut, baiezko erantzunik jasotzeko itxaropenik batere ez badut ere. Egia jakin dezazun nahi dut, Elsa; eta egia hau da: zeu zarela gaur sinesten dudan bakarra.

...Ez nekien, Elsa, zu ezagutu arte, pertsona bat nola eta noraino maita daitekeen; orain badakit. Eta sendimendu honen ondoan gainerako guztiak deus ere ez direla ikasi dut. Zerorrek hau zer den oraindik ongi ote dakizun zalantzan nago; eta ezezkoan urrikiko nintzaizuke. Barneko ezinegon hau, begitarte baten egarri hau, zer diren orain badakit; gaur arte ez nekien. Olerkariek sukar hau hanpatzen zutela uste nuen; gaur, aldiz, gutxi gorabehera baizik hau azaltzen jakin ez dutela iruditzen zait.

        ...Malkoak datozkit begietara; eta, sinetsia egon, ez naiz esakuntza ederrak zuhur osatzekotan idazten ari. Nire arimak idazten ditu tartekorik gabe, besterik ezinean, gau azkengabe honetan.

        ...Zu egunen batetan ikusiz gero, zoriontsu izango nintzateke. Sekulan ikusiko ez zaitudala ez nuke nik sinetsi nahiko.

        ...Arren: utz itzazu alde batera barbituriko eta pilula horiek. Hauen beharra nabaitzen baldin baduzu, telefona iezadazu, eta izkirimiri irrigarriren bat kondatuko dizut.

        Nire nahikaririk hoberenak zuretzat opa izanez, adiskide eta zerbitzari duzun honengandik, agur!» (277 eta hur.).

        Kolpez kolpe, ordea, Elsak honezkero Peruk liluraren gainean zekiena ikasi du [41]: ohartu da apaiza udaleheneko Leturia dela, eta, oraindik ez duenez Elsa bereganatu, egiazko maiteminduen sugarrak bizi duela. Baina eskarmentuak Elsa gizonezkoen halako aldarrikapenak mesfidati eta ironiaz aditzera darama. Apaizaren pasiozko gutun hori irakurri izan balu pentsatuko zukeen: «Ai, lagun, zelan itzaliko litzaizukeen beroaldi sentimental hori pare bat txortaldiren ostean!».

        Hormonen materialismo baten bidez ulertu baitu Elsak gizonen maitasuna: sentimendua gorputzaren beharren itzulpen zerutiarra da funtsean, eta gorputzaren beharrak aldatzen direlarik, bihotza ere bestelako bideetatik abiatzen da. Bistan denez, haziz lepo ala haziz husturik desberdinak izaten dira gorputzaren joerak: zerri mota batek, adibidez, larrua jo eta litro bat hazi bota ondoren hiru egun pasatzen ditu pitoz goiti etzanda atseden hartzen. Gizona ere eskuzabalagoa, babesleagoa, olerkitsuagoa duzu andrearekin txortaldia baino lehen; gero, berriz, gehiago arduratzen da munduaren egoera larriaz edo telebista programazioaz. Horrela, Elsak bere buruari aginduko dio gizonarengan oroz lehen arrari antzematea, eta gizonen hitzetan ez sinestea: «Gizonekin gupidarik ez, eta mespretxua gidari» (124).

        Inguruko gorilen larderia eramangarriago egiteko asmoz hartuko ditu pilulak Elsak, kolore askotarikoak, gero eta gehiago, gogorragoak, goxoagoak, beharrezkoagoak, harik eta gaindosi batek jota hilko den arte.

        Elsa bere sabeleko balizko fruitu bizia itoz hasi zen pilulak hartzen, Elizak bekatutzat joriko jokabidea. Antzutasunak, bestalde, errudun sentiaraziko du Elsa, gure kulturan Elizak, besteak beste, ama eta emakumea berdindu baititu. Amaieran, berriz, simetria ikusgarriz, Elsak bere burua, bere bizia, pilulen bidez akabatuko du, baina Pierre apaiz errugabea joko du poliziak hiltzailetzat, Elizaren ordezkari bat. Izatezko injustizia, bai noski, Pierrek nozitzen duena, baina Txillardegik justizia poetikoa zuzen baliatu du erru ereile nagusia, Eliza, zigortzeko.

 

 

Txortakideari gezurra

 

Elsaren eta Luc-en ezkon bizitzan, bikote gehienetan legez, jukutria eta iruzurra gailen: ez da bakarrik Lucen infideltasuna (Annie, Marthe, Micheline, Olga, Suzanne...), eta Elsari benetakoa gordetzea edo benetakoa gehiegikeriaz hanpatzea, emaztea mintzearren; Elsak ere, aldarrikatu arren «egia jakitea hobe da beti, nahiz askotan egia garratza izan» (46), sentimendu garrantzitsuak ezkutatuko dizkio Luci, baita gerora Jean Vanden Broecki ere, gezurra esango die Antoine Vanhamme-ri eta Pierre Meunier apaizari, ipuinak asmatuko gurasoak engainatzeko...

        Elsak bere edertasuna bera ere gezurtitzat joko du, antzua baita.

        «Ezin zezakeen egia esan», dio narratzaileak (40). Luci buruz ari da, baina Elsaz ere ari zitekeen. Lucen iritzia: «Emakumeak beti egia izkutatzen...» (73). Eta Lucek Elsari diotsolarik «horren guztiaren berri zuri ematea erabakirik neukan... Baina zuk ezer ez jakitea hobe ote zen ez nekien», narratzaileak ziplo: «Gezur hutsa zen hau» (47). Elsak egia hau bederen garrasika aurpegiratuko dio Luci: «Gezurra! Gezurra zuk diostazun guztia!» (48).

        Altxor zoragarria dateke Luc feministendako. Bereiztera doazenean, Elsari esango dio: «Ni gertu nago, halere, itxuraz orain arte bezala jarraitzeko... Aditzen duzu... Zure gurasoek eta lagunek bestela problema handiak ekarriko dizkizute. Emakumeok, bestalde, usuago begiratzen diezue itxurari eta esamesei, egiari baino. Bertuterik gabeko entzute ona nahiago duzue, entzute onik gabeko bertute mardula baino...» (49).

        Azkenik, Elsak idatziz onartuko du: «Ohartu gabe, nik Luc tronpatu nahi nuela ikusi nuen; eta berak ni ere bai» (127).

        Hain zuzen, gezurra esateko ahalmena ere gizakia eta animalia bereizteko mugarritzat jo izan da. Animaliaren sen itsua egiatia litzateke erremediorik gabe; giza burmuin indartsuak, aldiz, hitzezko gezurra ez ezik gurarien disimulua ere ahalbidetuko luke.

        Trikimailua eta gezurra baizik ez dabilen mundu honetan, era berean, anitz etologori nabari zaio bere ikergai kuttunak zein interesgarri diren saltzeko grina, direnak puztuz eta ez direnak asmatuz. Horregatik, engainatzeko ziminoaren gaitasunen berri pasadizoen bitartez emateko orduan, Volker Sommer lako ikerlari bereziki eszeptiko eta arduratsu batengana jotzea komeni da. [42]

 

        1.— Paul izeneko Hegoafrikako zimino ar gazte batek (papioia) eme heldu bat bulbo goxo batzuk lurretik ateratzen ikusi zuen. Paulek ingurura begiratu baina ez zuen beste papioirik ikusi, hurbil behar zuten arren. Orduan garrasika hasi zen gogor, papioiek mehatxaturik daudenean egiten duten bezala. Berehala agertu zen Paulen ama, eta beste eme heldua ihes egitera behartu zuen, mehatxatzailea zela sinetsita. Horrek Pauli bulboa lasai jateko aukera eman zion. Primatologoek egiaztatu ahal izan zuten Paul tronpariak txitean-pitean erabiltzen zuela taktika hori lurretik atera ez zitzakeen jakiak lortzeko. Amari mehatxaturik zegoela sinetsarazten zion arren, benetan ez zuen batere beldurrik. [43]

 

        2.— Txinpantzeek lantzean behin beren ibilaldiak eten egiten dituzte atseden hartzeko. Taldekideren bat aurrera jarraitzeko altxatzen bada, besteek segitu egiten diote, taldekide garrantzitsua ez izan arren. Gazteak ez dira garrantzitsuak.

        Bestalde, Jane Goodall ziminozale ospetsuak bananak oparitzen zizkien txinpantzeei, hauen konfiantza bereganatzearren. Baina, txinpantze talderen bat Goodallen kanpamentuan sartu orduko, ar handi eta indartsuenak jabetzen ziren janari guztiaz.

        Egun batean txinpantze talde handi bat ibilaldia eten eta Goodallen kanpamentuan sartu zen atseden hartzera eta banana bila. Figan gazteak, bederatzi urte, oso banana gutxi lortu zuen. Bat-batean altxatu eta joan egin zen. Besteek jarraitu egin zioten. Hamar minutu barru Figan kanpamentuan zen berriro, eta etologoek banana mordo eder bat eman zioten. Hasieran kasualitatetzat hartu zuten, baina Figanek trikimailua errepikatu zuen: Figanek taldekideak alde egitera bultzatzen zituen, minutu batzuen buruan bera bakarrik itzuli ahal izateko.

        Lehenbiziko aldian, ordurako bakar-bakarrik, zurituriko banana bat eskuan prest zuela, jateko poza adierazten duen oihua egin zuen; taldekide batzuek entzun, kanpamentura itzuli eta bananak kendu zizkioten. Bada Figanek biharamunean pozari eutsi zion, zenbait intziri eskas gorabehera, eta hortaz berak bakarrik banana guztiak jan ahal izan zituen. Orduz geroztik Figanek ez du inoiz egin jateko pozaren deiadarra. [44]

 

        3.— Gatozen orain arren eta emeen jelosia eta amarru komedietara, Elsaren eta Lucen erresumara.

        Etiopian, papioi sakratuek haremak osatzen dituzte. Nagusiak jeloskor zaintzen ditu emeak. Beste arrekiko edozein harreman eragozten ahalegintzen da. Lortzen ez duenean gogor zigortzen ditu. Behin batean buruzagi jeloskorra eme bat zaintzen ari zen. Arroka baten atzean zegoen emea, eta nagusiak burua eta bularra baino ez zizkion ikusten. Ezin ohartu, beraz, emea behean etzanda zeukan beste ar bati zorri kentzen ari zitzaiola: kontaktu estua, bekatu larria. Azpijokoa. Eme honek ondo kalkulatua zuen nagusi jeloskorrak bere zein atal ikus zezakeen eta zein ez. Engainua behar bezala gauzatzeko, engainatuaren begietan jartzeko gaitasuna erakutsi zuen. [45]

 

        4.— Nikkie txinpantze ar nagusiari ez zaio batere gustatu Luit gaztea eme batengana hurbiltzea. Nikkiek harri bat hartu du mehatxuz. Luitek Nikkie hurbiltzen ari zaiela ikusi du, baina nagusiari bizkarra ematen jarraitzen du. Ez du nahi zakila tente duela ikustea, eta zakilaren arrosa biziki nabaritzen da ilaje ilunean. Luitek txandaka begiratzen die bere zakil zutari eta hurbiltzen ari zaion buruzagiari, eta soilik zakila lasaiturikoan abiatu da Nikkierengana, astiro, harria itxurazko harriduraz usaindu eta azkenik nagusia emearekin bakarrik uzteko. [46] (Orrialde gutxi barru, irakurle, Nikkieren eta Luiten arteko borrokaldi gogorrak ezagutuko dituzu, agintaritzari lotuak.)

 

        5.— Papioi emeek hanpadura deigarri bat erakusten dute aluan eta uzkian obulazio egunetan. Oro har, alu eta uzki aldeko hanpadura hori goren gradura heltzen denean, sasoirik ugalkorrenean, larrua jotzen dute. Estalketan emeek garrasi egiten dute. Ar helduak erne egoten dira garrasi horiek nondik etorriko, lehiakideen txortaldiak eragozteko. Garrasi gogor samar hori alu-uzkiko kilikadurak sortua da. Eme ugalkorrek kaka egitean ere garrasi bera egiten dute, estalketaren efektu kilikagarri berdina baitu kaka egiteak.

        Hala ere, ar gazte batek estaltzen duenean emea, honek ez du ia garrasirik egiten. Ziur aski, alu-uzkia ez diolako behar bezala kilikatzen, ez dakielako ondo txortan, edo zakila ez duelako aski handi. Ar helduek ez dute oso serio hartzen ar gazte batek emea estaltzea, eta toleratu egiten dute.

        Egun batean, Shirley Strum etologoak Danielle emea oso «hanpatua» aurkitu zuen, hortaz larrua jotzeko irrikaz. Saiatu arren, ordea, ezin ar helduen arreta bereganatu. Azkenik, hainbat ar gaztek estali zuen. Zuhaixka batzuen atzean ezkutaturik jo zuen gazteekin. Gainerako arrek ezin zuten ikusi. Supituki, egundoko txortaldi garrasiak egin zituen. Shirley Strumek uste du ar helduen «jelosia» pizten ahalegintzen ari zela, hauek jaramon pixka bat egin ziezaioten. [47]

        Tronpari azkarrak zimino horiek. Beren gezurrek Leturiarenak oroitarazten dizkigute Mireni, Perurenak maitaleei, Elsarenak eta Lucenak elkarri, Exkixurenak Gurutzeri... Izan ere, iruzurra ez balitz amodioaren gasolina, gizakien artean bezala ziminoenean ere, literaturaren bi heren desagertuko lirateke, eta bizitzaren piperra.

 

 

Max, mon amour

 

Primate askok baldin badakite ere elkar tronpatzen, Lucek eta Elsak, engainatzeko orduan, ez dute ziminorik erabiliko.

        Aitzitik, Max, mon amour filmean, Margaretek zimino batekin ipiniko dizkio adarrak senarrari.

        Gizonek ez zuten Elsa betetzen. Katuak ere ez. Ziminoekin ez zen saiatu.

        Margaret berriz bai, Max txinpantzearen maitasunak gozoro asebeteko du, King Kongen ezina azkenik ekinez mamituz itxuraz.

        Nagisa Oshimaren filmean (1986), Peter, goi mailako diplomatiko ingeles bat, Parisen bizi da, emazte Margaretekin (Charlotte Rampling) eta semearekin.

        Azkenaldian ordutegi arraroa darabil Margaretek. Senarrak gezurretan harrapatu du.

        Amoranteen logelan sartu eta txinpantze batekin kausituko du ohean emaztea.

        Peterrek Max etxera ekartzea onartuko du, etxabere gisa, zibilizatuaren itxurak eginez. Baina Maxek ezin du bere amodioa gorde. Ezta Margaretek ere. Bisitak eta gizartea aztoratuko dituzte.

        Peterrek, gero eta jelostuago, emaztea galderaz josiko du: «Nola maitemindu zineten?»

        «Zooan izan zen, bat-bateko bihotz zaztada, luzaro gelditu ginen elkarri begira. Janaria eman nion. Oso ederra iruditu zitzaidan. Itzuli nintzen. Ezagutu ninduen eta berriro begiratu. Max taldekideengandik bakartu egin zen, ez zuen nahi nirekin baizik, Max malderra, bankarrot eginiko zirku batek Zooan abandonatua... Merke erosi nuen».

        «Larrua jotzen duzue? Eta?».

        Erantzuteko gogo handirik ez Margaretek.

        Diplomatikoak prostituta bati ordainduko dio txinpantzearekin larrua jo dezan, bere emazteak nola egiten eta zer sentitzen ote duen jakiteko asmoz, baina prostituta ez izaki Maxen estilokoa. Emakume bakarreko txinpantzea duzu Max, leiala eta fidela.

        Biziki maite du Margaret.

        Pentsa liteke beharbada senar ingelesaren burukontrol flematikoa konpentsatzeko aukeratu duela Margaretek txinpantzea. Ordea, Margaretek berak zehaztuko duenez, «Maxek ere ni aukeratu ninduen».

        Halako batean Margaretek ama zaintzera joan beharko du eta Max hunkigarriki goibel geldituko da maitea gabe: ez jan, apenas mugitu, harik eta Margaretek telefonoz beren abesti kuttuna kantatuko dion arte, txinpantzea osatuz.

        Ezin bereizirik bizi. Senarrak Margareti Maxek etxetik derrigorrez alde egin beharko duela agintzen diolarik, emazteak «orduan ni ere joan egingo naiz» ihardetsiko dio.

        Zenbait egunez Peter urduri lehiatuko da Maxen aurka, Margaret bereganatzekotan amodioa inoiz baino ederkiago egiten ahaleginduz eta abar.

        Baina gero, emaztea eta maitalea azkenik txortan ikusi ondoren (Margareten baimenaz, belauniko, ateko sarrailatik begira), Peter desorekatu eta zimino bilakatze biolento batek harrapatuko du, ingelesaren patxada topikoa zeharo gainezkatuko duena.

        Edonola ere, pasadizo xelebre batzuen ostean badirudienean azkenik Margaretek Max bere sendian, senarra barne, ongi integratu duela, filma Margareten imajinazio batez amaituko da: Max hil egingo du.

        Txinpantzearenganako Margareten mugimendua honelakoa da: lehenbizi hurbilketa liluratua, giza arazoentzako zimino konponbidearen ametsa. Baina azkenik bereiztea, ukoa, sentimenduen hilketa.

 

        [41] «Nire lilurak histu egin dira, nire nahikundeak hutsean suntsitu» (72 or.): horrelaxe ikasi du Elsak. Zehazkiago: «Egiaren argitan, ametsezko irudia desegiten hasi da, elurra eguzkitan gesaltzen den bezala; eta honek min izugarria eman dit azkeneko egunetan, egia lilurari nagusitzea beti baitzaigu garratz» (107).

 

        [42] Volker Sommer, Elogio de la mentira, Galaxia Gutenberg, Bartzelona, 1995.

 

        [43] Ibidem, 82-83 orr.

 

        [44] 89 eta 98 orr.; Jane Goodall-ek berak Mis amigos los chimpancés liburuan kontatu du, Noguer, Bartzelona, 1973, 91-92 orr. Javier Lana adiskideari esker lortu dut liburu hori.

 

        [45] 92 or.

 

        [46] 94 or.

 

        [47] 99-100 orr.

 

 

 

© Markos Zapiain

 


www.susa-literatura.eus