Bildumaren zerrendara itzuli


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 


 

LETURIAREN EGUNKARI EZKUTUA

 

Lilura eta gizon indarkeria

 

Asko zor diogu Espainiari, Espainiako Armadari partikularki. Separatisten atzaparretatik salbatu gaitu sarritan. Txinak erasoko baligu, edo Afrika beltzak, hortxe genuke odola gerturik geure alde emateko. Gainera, Leturiaren egunkari ezkutua-ren aitajauna duzu, Txillardegik Galizian ondu baitzuen, Ferrolgo soldadutzan, 1956an, lanpernak eta Ribeiroa lagun.

        Txillardegiren gainerako eleberriak bezala, Leturiaren egunkari ezkutua ere pasiboki jasoriko egoera bati protagonistak eginiko ukoak abiarazten du. Joseba Leturiak, hasieran, gizarteari muzin eginik, naturaren poz osoa bilatuko du, bakar-bakarrik, udalehenez, Zerubide parkean, urmaelaren alboan.

        Halako batean Miren agertuko da, Pintto zakurrarekin.

        (Txillardegiren narrazioetan, talde bitan sailka daitezke ugaztunak: alde batetik zakurrak eta katuak —Mirenen Pintto edo Peruren gurasoen Pixkor, zein Elsaren Mimu edo Goia baserriko katutxo beltza Labartzan—, jendea etxean eta familian kokatzeko lagungarri itxuraz, baina erreka jotzen dutenak; bestetik ziminoak, gizakia bilakatze arraroetara bultzatu, gizartetik erauzi eta eromenera eta heriotzara daramatenak.) [37]

        Natura osoarenganako jorana, ordu arte gailen, Mirenengana bideratuko du aurrerantzean Leturiak. Maitasunaren gazi-gozoen berri ematen baitzaigu batik bat Txillardegiren lehen eleberri honetan. Zehazki, bikote heterosexualetan gizonezkoek izaten duten jokabide bitxiaren berri: Leturiaren maitemintzea hasieran polita bada ere (Mirenen balkoipetik txitean-pitean igaro behar hori, ea «txiripaz» bere kuttuna ikustea lortzen duen, nahiz egiazki hiriko beste muturrera joan behar duen...), segituan azalduko dira, Mirenek bere gorputzera lasaiago hurbil dadin baimentzeaz batera, Leturiaren amarruak eta xantaiak maitea gero eta osokiago bereganatzeko: jelosiazko garrasiak eta argibide demandak, masailekoak, damuzko musu beroak...

        Polikiago begiraturik, dena den, nabari da Leturiaren egunkari ezkutua-k ez digula maitasuna oro har erakusten, baizik maitasunak zelako gogo-bideak ibilarazten dizkion amorostuari. Txillardegik, Iparraldeko Printzetik zerbait ukanik, eta idealista kritikotik, amodioak Leturiaren ariman pizten dituen irudiak eta irudiok atzera Leturiari eragiten dizkioten aldarteak aztertzen dizkigu. Txillardegiren aurreneko lau eleberrietako pertsonaiek, eskuarki, imajinazioaren esparrutik errealitatera nekez egiten dute jauzi, ez bada Mirenen gisako kristal delikatu bat hausteko, ukatzaile mota baten autismo haluzinatuak bizi baititu.

        Hasiera batean, Miren natura idealaren osagai gisa barneratzen da Leturiaren gogoan, osagai atsegina. Atsegina zaionez, Leturiak irudimenez berpiztuko du Miren, behin maitea begi bistatik desagerturikoan. Gauez ohean goxo-goxo, ahal bezain nabarmenki irudikatuko ditu Mirenen hazpegiak, elur bola gizenduz: hurrengo topatzea maitearekin aurrekoa baino atseginagoa izango zaio oraindik. Liluraren xarma eta arriskua, ametsezko irudiarengana gero eta bizi indar handiagoa erakartzean datza, atsegina ez errealitateari baizik eta gogoko irudiari lotuz.

        Alabaina, errealitatea inoiz ez dator bat amesturikoarekin. Leturiari behin baino gehiagotan kontatuko zioten Edurne Zuri. Halatan, bere printzesak mantxarik gabe eta birxina itxarongo ziola sakonki izango zuen ariman sustraiturik. Baina, ezustean, maitea beste ar batekin du begiztatuko. Ametsari ihes egin dio Miren errealak. Pitzatu egin da Leturiaren baitako Mirenen irudia. Eta, irudi horrek ia osotoro betetzen zuenez Leturia maiteminduaren arima, Leturia bera arrakalatuko da. Miren erreala joko du erruduntzat. Beraz, masailekoa joko dio errealitateari. Eta, halakoxeak baikara euskaldunak, masailekoak ezkontza ekarriko du.

        Leturiak berehala sentituko du ordea ezkontzea erabaki izanak askatasunaren aukera zabala desegin diola, hainbat bide baztertu duela sekula betikoz. Orobat, ezkonduz geroztik Leturiak badu Miren, berea da, ez du dagoeneko jabekizun. Horrenbestez, gogaikarri bilakatuko zaio, zama. Mirenen amodioa, aitzitik, bizirik da oraindik, baina Leturiak mespretxatu egiten du. Tentsioz mukuru, eldarnioz, Miren gizon gisa ageriko zaio. Gero, ametsetan Miren krudelki hiltzen saiatu ondoren, ihes egingo du Parisa, lilura berriren baten bila.

        Leturiak, Parisen, gogoeta latz ugariren ondorioz bihotza adimenaren gainetik jarriko du, konponbide fideista bat aurkituz, Tertulianoren «credo quia ineptum» antzeko bat: zakurrak bideratuko omen du etxerantz. Ez nork zerbitu behar nauen, baizik eta neuk nor zerbitu behar dudan, hartuko du galdera zuzentzat. [38]

        Hortaz, Leturiak bere ingurukoen zerbitzari bilakatzea erabakiko du, lagunak nagusi eta bera haien zakur bihurtzea, barkamena eskatu ondoren Mirenen eta aberriaren esanetara jartzea, beraientzat bizitzea, adimen harroari muzin egin eta bihotza goratuz.

        Beranduegi haatik. Zinez liluratu zuen Mirenek behiala Leturia; baina, maitea bereganatu zuenez geroztik, lilura itzali egin zen. Eta, Mirenen irudia amatatzeaz batera, Miren erreala ere hilko zaio eta hilko du Leturiak, azken orduko damuak eta konbertsioak gorabehera.

        Aitzindaritza goibela eta ohore ustela Leturiarena: tratu txar fisikoz zein psikologikoz emakume bat akabatzen duen euskal eleberri bateko lehen pertsonaia baita.

        Haizeaz bestaldetik-en legez, eta Txillardegiren beste eleberrietan ez bezala, Leturiaren egunkari ezkutua-n biribila da denbora, amaierak hasiera errepikatuko du, eta suma daiteke bigarren, hirugarren eta hurrengo zikloek eleberrian kontatzen zaiguna berritu egingo dutela.

        Joseba Leturiaren egunkaria eskuratzen digun argitaratzaileak, berbarako, errepikatu egingo du, Leturia hil ostean, Josebak eleberriaren hasieran idatzirikoa, alegia, bizi izanikoa, betiko biribila zaharberrituz, Leturiak abduzitu balu bezala, Leturiaren itzala haren arimaz jabetu bailitzan. Izan ere, Leturiari gertatzen zaionaren funtsa gizaki guztiok errepikatu behar izaten baitugu, aldez edo moldez: zerbaitekiko edo norbaitenganako atxikimendu liluratua, hura geure egiteko irrika, geureganatu osteko asperraldia, astun bilakaturiko irudiaren edo errealitatearen hilketa eta, azkenik, zikloa berrituz, beste liluragairen bat bilatu beharra, aurrekoa putzuan datzan bitartean.

        Bukatzeko: Leturiaren egunkari ezkutua behin eta berriro irakurririk, bistan da pasarterik harrigarriena Mirenen agerpenari dagokiola, Zerubide parkean. Goitik behera eta xehero-xehero zaio Leturia gazteari zoragarri Miren: ahotsa, ilea, begiak... baina hortzak ez, hortzak ez ditu batere gustuko. Testuinguru liluratu horretan, zartako gogorra inolaz ere. Eta, hain zuzen, hortz horietatik hasiko zaio Leturiari Miren itxuraldatzen; aurrena, gizon bilakatuko zaio, hots, primateago; eta gero, berriz, zimino xurgatzaile eta zurrupatzaile, Leturia olerkimenaz eta liluratzeko gaitasunaz hustuko baitu.

 

        [37] Ugaztunen arteko bereizketa honen inguruan eta animalia bilakatzeaz ikus Deleuze eta Guattari, Mille Plateaux, Minuit, Paris, 1980, 294 or.

 

        [38] Urte gutxi batzuen buruan John Fitzgerald Kennedyk Leturia plagiatuko zuen, amerikarrei aldarrikatu baitzien: «Ez galdetu zer egin dezakeen aberriak zuregatik, ezpada zer egin dezakezun zeuk aberriagatik».

 

 

 

© Markos Zapiain

 


www.susa-literatura.eus