Bildumaren zerrendara itzuli


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 


 

Denbora, heriotza,
mintzamena, askatasuna

 

Edozein gisaz, kultura ez izan arren ezein giza monopolio, balegoke hala ere Txillardegiren laguntzaz giza aberearen zenbait berezitasun zehazten ahalegintzea.

        Txillardegik ETA sortu zuen, Euskadi ta Askatasuna (ATA bataiatu behar zuten, Aberria ta Askatasuna, baina azkenean ETA jarri zioten, «ata» bizkaieraz «ahatea» baita, pirua).

        Jar dezagun arreta «askatasuna» kontzeptuan.

        Denbora eta heriotza ere erabakigarriak dira Txillardegiren ikuskeran, Huntaz eta hartaz-en eta Haizeaz bestaldetik-en, besteak beste, nabari denez.

        Zelan uztartzen dira lau kontzeptu hauek, alegia, mintzamena, askatasuna, denbora eta heriotza?

        Alexandre Kojève-k Julio Zesar ipini zuen trantzean koka dezagun Txillardegi.

        Badoa Txillardegi gaztea arratsalde batez, Bilbon, ETA sortuko duen bilerara. Gertaera historikotzat hartzen dugu. Zergatik? Zer dugu orainaldian, gure aurrean? Gazte bat Ibaizabal ertzetik txango, historikotik ez baitu deus. Ibil zitekeen tripako min gaizto bat uxatu guran. Ordea, Txillardegik etorkizunerako asmo bat du gogoan, Euskal Herri euskaldun bat funtsean. Hori enpirikoki ez da inon ageri, ez baitago Txillardegiren gogoan baino.

        Hala ere, izan liteke txoro bat Bilbon barrena, amets berdinaz, txango dabilena. Zerk bereizten ditu? Txillardegik bere proiektua gauzatzen saiatuko den mugimendua abian jartzeko ahalmena duela, eta txoroak berriz ez. Txillardegiri bere iraganak eman dio ahalmen hori: euskaraz ikasi du, harremanak egin ditu, busti egin da. Iragan horrexek ahalbidetuko du 50eko hamarraldiko arratsalde honetan proiektu huts baizik ez dena noizbait orainaldiko mugimenduan mamitu dadin, errealitate bilaka dadin: euskara batua, ikastola, literatura moderno bat, euskararen aldeko politika bat. Bistan da, geroaldi-iragan-orainaldi norabidea duen denbora duzu giza denbora.

        Gauza bizigabearen ardatza, aldiz, oraina da, agerpen hutsa baita funtsean. Eta landareena zein animaliena, bizidunena, azkenik, iragana, geneek determinatzen baitituzte, arbasoek eginikoa errepikatzera mugatzen baitira.

        Gizatasunak, hortaz, etorkizuna luke abiaburu.

        Hain zuzen, Txillardegi filosofo existentzialistekin bat eginik agertu zen euskal letren plazara, esentzialistak kritikatuz. Esentzialistak karlistak eta liberalak ziren, jeltzaleak, euskal baserri xuri garbia berpiztu nahi zutenak, arima iraganeko Arkadia batean iltzaturik. Txillardegik, ostera, Euskal Herri berri baten etengabeko sorkuntza proposatuko du, baina, hori bai, iragana kontuan hartuz, eta ez, utopistek eta Haizeaz bestaldetik-en «iraurtzaile» deituko zituenek bezala, iraganaren bitartekotza dekretuz desagerraraziz.

        Beraz, mintzo den animalia dago funtsean gerora zabalik. Baina etorkizunean, ezinbestean, heriotza dugu. Txillardegik maiz azpimarratu du, nahitaez hil behar hori bere latzean goitik behera onartu gabe ez dagoela inongo jakinduriarik, ezta zentzun txikienik ere. Derrigorrez egingo du gureak eta maiteen dugunarenak. Ez dago ihesbiderik. Egia gogor hori kontuan harturik antolatu behar dugu gure bizialdi amaikorra.

        Alabaina, heriotza funtsean dago mintzamenari loturik, denbora bezala.

        Adimenak, zerbait ulertuko badu, zerbait hori hil beharra dauka. Usu dakar Txillardegik ideia hau: «Hila bilatzen du pentsamenduak, biziak ihes egiten baitio». [31] Edota: «Tinkatuz eta geldi-araziz lan egiten du adimenduak. Bizitza ulertzeko gai ez da; eta hila nahiago du, aisago darabilelako. 'Hildakoa maite du ulermenak', zioen Unamunok». [32]

        Larridura metafisikoari loturik aipatzen badu ere testuinguru horretan, Joseba Sarrionandiaren galdera honekin erlaziona dezakegu, bortxa handirik gabe: «Errusinol hitzak hegatsez egin dezake? Errusinol hitzak kanta dezake?» [33]

        Dirudienez, ezin du. Txita zimino errealak txilio egiten du, jauzi, jan. Txita hitzak ordea ez. Zimino erreala hilik da zimino kontzeptuan. [34] Badena mintzora igaroaraztean, baden hori hil egiten dugu. Eta, egia bada ere zimino bat ezagutzeko ez dugula zertan hil dadin arte itxaron, egia da orobat ziminoaren ezagutza zientifikoak azken batean haren disekzioa eskatzen duela.

        Hizkuntzak, bestalde, arbitrarioak dira. Edozein gauza edonola izenda genezake, ez dago ezinbesteko loturarik hitzaren eta gauzaren artean. [35] Horren erruz tronpatzen gara (errare humanum est), baina horri esker dugu halaber naturaren aurrean nolabaiteko askatasuna. Naturak hein batean baino ezin baitiezaioke aurre egin giza aberearen adimenaren eta irudimenaren ahalari (eta alderantziz).

        Halatan, mintzamenak ahalbidetzen digun askatasunari esker egin diezaiekegu aurre egoera bidegabeei. Ez gutxitan naturaltzat saldu nahi izaten dizkigutenak barne. Euskarak kausa naturalengatik egin du atzera, dioskute. Txillardegiri esker, besteak beste, berehala itzultzen ikasi dugu: etsaien mespretxuarengatik, inkisizioarengatik, okupazio militarrarengatik, eta gure utzikeria eta ganora eskasarengatik egin du atzera: horra giza naturaleza eta Historiaren berezko aurrerapena.

        Kojèveren eraginez eta existentzialisten bidez, Txillardegi eta Rikardo Arregi lako gazte eroek denboraren, askatasunaren, mintzamenaren eta heriotzaren gaineko horrelako ideiak bere egin zituzten 60ko hamarraldian. Txillardegik ez du onartuko abereak eta herri txikiak oinazetzera eta amatatzera eramango duen aitzakia ideologikorik, baina bai ordea abereak iraindu gabe herri txikiak askatasunaren bila abiaraziko dituen gizakiaren «berezkoaren» aldarrikapen filosofikoki koherenteak.

 

        [31] Gertakarien lekuko, 76 or.

 

        [32] Leturiaren egunkari ezkutua, Elkar, Donostia, 2003, 129 or.

 

        [33] Joseba Sarrionandia, Hitzen ondoeza, Txalaparta, Tafalla, 1997, 270. hitza.

 

        [34] Alexandre Kojève, Introduction à la lecture d'Hegel, Gallimard, Paris, 1962ko argitalpena, 373 or.

 

        [35] «Adieraz-hotsak ('signifiant') eta adierazkizunak ('signifié'), beraz, ez daude ezinbestean modu horretara loturik, hautaz edo aukera hutsez horretara egokiturik baizik». Larresoro [Txillardegiren ezizena], Hizkuntza eta pentsakera, Etor, Bilbo, 1972, 17 or.

 

 

 

© Markos Zapiain

 


www.susa-literatura.eus