Bildumaren zerrendara itzuli


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 


 

Ziminoa ere kulturgile

 

Baieztapen hori zehazten hasi beharra dago ordea berehala.

        Berriki hainbat ziminologok kultura eta mintzamena giza berezitasuna direla ukatu dute. Edonola ere, kulturaren kasua eta mintzamenarena bereizi egin dituzte.

        Atal honetan gizakiaren esklusibotasuna kulturgile gisa zalantzan jarriko dugu Frans de Waal-en eskutik (eta hirugarren atal nagusian ziminoaren mintzoaz arituko gara Txillardegiren berarenetik).

        Kontua da aspaldion zenbait berezilarik, «kultura» legegintzari eta literaturari lotu beharrean, bestela definitzen dutela, eta gero eta maizago entzuten zaiela animalien kulturaz mintzo, adibidez Frans de Waali, Ziminoek tea hartzen dutelarik. Animalien kulturaz liburuaren egileari. [28]

        Sciences Humaines aldizkarian elkarrizketa bat egin diote. [29]

        De Waalen ustez, giza zein abere kulturaz mintza gaitezke egiaztatzen dugunean ohiturak edo jakintzak sozialki transmititzen direla, eta ez herentzia genetikoz. Esate baterako, baldin dantzan beste bati begira ikasten baduzu, zure estiloa zeure kabuz garatu beharrean, orduan «kultura koreografiko» bat zenuke. Gerta liteke beste batzuek gu imitatu eta azkenik taldekide guztiok berdintsu dantzatzea. Eta beste hainbat taldek, berriz, bestela dantzatzea: hor desberdintasun kultural bat izango genuke, gizatiarra.

        Baina animalien artean ere berdin gertatzen da. Kinji Imanishi japoniar biologo eta antropologoa lehenbizikoa izan zen, 50eko hamarraldian, abere kulturaz idazten. De Waalen iritziz, ez da oso harrigarria nozio hori Ekialdean sortu izana, batez ere Mendebaldea arduratu baita kultura giza endaren pribilegio egiteaz: uste dugu kultura dela gu gizaki egiten gaituena. Horrenbestez, Ekialdetik etorririko ideia horren aurrean erresistentziak ditugu.

        Baina Kinji Imanishiren dizipuluek ebidentziak pilatu dituzte. Ikusi dute Japonia hegoaldeko uharte txiki bateko ziminoek ikasi dutela batata edo patata gozoa uraz garbitzen, jan aurretik. Jokabide hori eme gazte batek hasi zuen. Ondoren, bere hurbilekoek bereganatu eta, azkenik, uharteko ia zimino guztiengana zabaldu zen.

        Gaur egun, frogatutzat jo daiteke zenbait ziminok, esaterako txinpantzeek, hainbat jokabide imitazioz transmititzen dituztela. De Waalek eta bestek ikerketa garrantzitsu bat argitaratu dute berriki. [30] Garrantzitsua da, espezialista askok jarraitzen baitute zalantzan jartzen animaliek benetan elkarrengandik ikasteko ahalmena dutela. Uste dute izan daitekeela ikasketa indibiduala, abere bakoitzak esperientzia bere aldetik eginez, imitaziorik batere gabe. Kasu horretan, jakina, ezin ez transmisioaz ez kulturaz mintzatu.

        Ordea, Frans de Waalek eta bere kideek esperimentuz ukatu dute arrazoibide hori. Txinpantze eme bati litxarreriaz beteriko ontzi bat irekitzen erakutsi diote, makila batez atetila bultzatuz.

        Ondoren, beste eme bati (beste talde batekoa) beste metodo bat irakatsi diote, atetila altxatzea, ontzi berdinetik emaitza berdina erdiesteko.

        Azkenik, txinpantze biak zein bere taldean berriro kokatu eta ontzi batzuk utzi dituzte beren esku. Eta primatologoak berehala ohartu dira txinpantze talde bakoitzak metodo diferente bat ikasia eta bereganatua zuela: zeinek bere «eredua» hain zuzen.

        Zenbait txinpantzek beren aldetik beste taldearen metodoa aurkitu zuten, baina, aldi baten buruan, beren «ereduaren» metodora itzuli ziren. Frans de Waalek «kultur konformismo» izendatu du jarrera hori: txinpantzeek ezagutu ditzakete gauzak egiteko hainbat modu, baina nahiago dute beren taldean gehienek erabiltzen dutena.

        Aurreneko aldia da hain argiro erakusten dena teknika berri bat zimino talde batean artifizialki sartu eta kulturaz transmititzen. Era berean, Frans de Waalek egiaztatu du, hirugarren txinpantze talde baten laguntzaz, «eredurik» gabe txinpantzeek ez dutela litxarreriaz beteriko ontzi hori irekitzea erdiesten, ahaleginak ahalegin. Egiaztapen horiek guztiek erakusten dute ziminoen artean badirela kultur tradizioak.

        Horrek guztiak kulturaz genuen ikuspuntua aldatu digu. Kultura ez da gizakiaren pribilegio, nahiz askok kontrakoa aldarrikatzen jarraitu. Kultura batez jabetzea esentziala izan liteke animaliarentzat: gatibutasunean hezitako txinpantzea ez da gai naturara itzultzeko. Ez ditu mehatxatzen duten arriskuak ezagutzen, ez daki jaten, ez bere burua babesten, ez ditu ezagutzen sendabelarrak, bere generokideek eri direlarik hartzen dituztenak. Naturan biziraun ahal izateko ikasketak falta zaizkio. Espezie adimentsu askotan, imitazioz jabetzen dira trebetasun horiez, bizirautea kulturaz jasoriko ezagutzetan oinarritzen da.

        Giza kultura konplexuagoa da, eta tresna sinbolikoak erabiltzen ditu, animaliek ez bezala. Baina, Frans de Waalen iritzirako, kultura ez da «gizakiaren bereizgarria».

        Bestalde, kultura dioenak dibertsitatea suposatzen du, eta aniztasun hori begien bistakoa da txinpantzeen artean. Naturan, txinpantzeen taldeek hain tradizio desberdinak dituzte, ezen berezilariek, bideo bat begiratze hutsaz, identifika baitezakete bideoa egin den ingurua, kontuan hartu behar izan gabe landaretza edota ziminoen itxura fisikoa, baizik soilik txinpantzeen jokabidea, inguru batetik bestera aldatzen baita. Zenbait taldek intxaurrak harri batez hausteko ohitura du, beste zenbaitek ez. Talde batzuek keinu multzo bat darabilte, besteek inoiz erabiltzen ez dutena. Desberdintasun horiek egoera naturalean bezalaxe ageri dira gatibutasunean ere.

        Primatologiaren Gune Nazionaleko zuzendaria da De Waal, Emory Unibertsitatean, Atlantan, AEBetan, eta bertan badute txinpantze talde bat, kideek elkarri eskua ematen diotena zorriak eta arkakusoak kendu bitartean, eta bakarrak dira hori egiten.

        Horrek guztiak aldatu egin du orain arteko ikuspuntu nagusia hizkuntzaren zereginaz eta kultura sinbolikoarenaz hominizazio prozesuan. De Waalen esanetan, hizkuntzaren jabetza eta sinboloen erabilera arazo arras desberdinak dira. Egia da gizakiarengan gaitasun horiek kulturari lotuak daudela: hizkuntzak kultura transmititzeko balio du eta sinboloak praktika kulturalen oinarri dira. Baina transmisio kulturalaren fenomenoa ziur aski antzinagokoa da hizkuntza baino. Hizkuntza ez da ezinbestekoa imitaziozko ikasketarako eta ez da talde-tradizioak izateko baldintza. Beraz, Frans de Waalek dioenez, hizkuntzaren jatorriaren arazoa eta bere bilakaerarena bereizi egin behar da kulturaren arazotik. Nahiz gure espeziean bi fenomenoak estuki lotuak izan.

        Hortaz, kultura flamenkoaz, euskal kulturaz edo San Frantziskoko kulturaz mintzo garen eskubide berdinaz mintzo gaitezke sabanako papioien kulturaz, edo Afrika erdialdeko txinpantzeenaz, edota Iratiko Oihaneko gorilenaz, ez baldin badira honezkero desagertu.

 

        [28] Frans de Waal, Quand les singes prennent le thé. De la culture animale, Fayard, 2001.

 

        [29] «Les Grands Dossiers des Sciences Humaines», lehenbiziko alea, 2005eko abendua-2006ko urtarrila-otsaila, 51-52 orr.

 

        [30] A. Whiten, V. Horner eta F. de Waal, «Conformity to cultural norms of tool use in chimpanzees», Nature online, 437 alea, 2005-09-29, http:/dx.doi.org/10.1038/nature04047.

 

 

 

© Markos Zapiain

 


www.susa-literatura.eus