Boga boga
Boga boga
2012, nobela
224 orrialde
978-84-92468-39-3
azala: Unai Iturriaga
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1985, nobela
 

 

29

 

Baiona hiriko Chronoplus konpainiako A1 lineak eraman ninduen Bidarteko Erretegia hondartzako juntaraino.

        Bezperan gurekin afaldu zen Ilse. Nahiz ez nintzen Sarah Wiener sukaldaria bezain trebea, ez nintekeen Tiffany's-eko gosaria filmeko Audrey Hepburn kalakari pindartsua baino malestrukagoa ere. Ez zen alabaina sorgintze beharrik planttako arrautza eta xingar hirunaren apailatzeko. Ordualdi adiskidetsua txirikordatu genuela aitor dut, Alison Kraussen abestiak eta Ludwig van Beethovenen bosgarrena buklean entzunez. Nolwenek artetik Louise Ebrelen kantak ozenarazten zituen eta nik Maddi Oihenarten Atarratzeko kontzertu bateko grabaketa piratako Egün bereko alargünaren eresia akuilatzen nuen. Negarra begietara jauzten zitzaidan, Atlantiar arkuaren muturretako artisten ahotsak belarriratzean eta biak imajinatzen nituen sotilki tauladetan. Nitaz burlatzen ziren lagunak. Ziria are barnago sakatu nien:

        — Ametsetarik dakuskit halaber Ali Farka Touré, Johaine Barkos eta Ry Cooder batera Lasturko zezen plazan jotzen, Uztapide aurkezle!

        Bakarrik jaitsi nintzen Erretegiara. Nolwen lanean zegoen eta Ilse menturaz lotan, bardako pow wow maitemintsua berandu bukatu genuelako. Apirileko itsasoa segundo oroz aldatzen zen kolorez. Goizaldeko argiak bazterrak azpimarratzen zituen. Zoramen mineralean urtzen nindoan. Txoriak intziriz zebiltzan lainoen mugetan. Uhinen hagun lodia hedatzen zen sablearen zabalean irudi sinestezinak marraztuz. Ortzaizean surflari talde grinatsua begimendu nuen. Marea behera ari zen ertzak biluziz. Hitzordu lekura zuzendu nintzen. Ez zegoen nehor. Urak azaleratzen zuen harri mihiaren gainera igotzea lortu nuen eta han jarri nintzen lehenik jinen zenaren aiduru. Olatuen iraunkortasun errepikakorrean bermatu nituen pentsuak: Maule eta Zuberoako holtz gris ukigarriak galdu nituen Baionan bizitzen hasi nintzelarik, baina itsasoaren hurbiltasun miresgarria irabazi nuen ordainez. Ez nuen aste soil bat iragaten bitsaren gazitasuna nolabait dastatu gabe.

        Ilbarritzeko ezpondaren urrako urdinean ttattit gorderik zegoen Madeleine Proust. Eskuaz helatu ninduen. Ez zen kantitu hargatik. Uhabiara pasatzeko harkaitzaren bizkarraren goratasunetik punpa egin banuen ere, urrun geratzeko seinalea igorri zidan andereak. Mendizaleen makilarekin hurreratu zitzaidan:

        — Eta besteak? Abisatu dituzu?

        — Bai. Bertaratuko dira denak. Ordua datekeenean. Hogei minutu badituzte. Nola sentitzen zara atzoz geroz?

        — Nortasun bikoitzarekiko nire lehen arratsa jasan dut. Jana memoriaren zokorik likitsenean ehortzia nuen. Ohean itzuli-mitzuliz ibili naiz. Egiazko eskizofrenia. Eskerrak Jose Manuel nire senargaia Mexikon dagoen. Nazioarteko bankuez axolatzen den egituraren Europako adarraren arduraduna da.

        — Grezia sutan eta belauniko eman duen Troika hartakoa?

        — Bai eta ez. Hops & Flops notazio agentziaren nagusia dela azalduko nizuke, gaia hemen berean hain minbera ez balitz.

        — Arrazoia duzu: hobe isiltzea.

        — Norbait dator hantxe...

        Jana ohiaren dardara nabaritzen nuen. Ulertzen. Eta nola! Ez zekien oihalaren sakea nola bastatu, nola arraprentsatu, nola josi. Orratza kendu zioten zuela mende laurden eta hari berria nekez aurkitzen zuen bekaizkeriaz zekendu ziren merkatuetan. Itzala zehatzagotu zitzaigun. Muturretakoarekiko alimaleko zakurra paseatzen zuen adineko tripatsua baizik ez zen. Ez gintuen begiztatu ere egin. Uhabia aldetik zetozen Daniel eta Marieta besotik loturik, herstura latzean elkarturik zirautela erakusteko gisa. Tenorea zen. Erretegiako xendratik aldiz jazarri zitzaizkigun Marti eta Julieta. Hauek ere bildurik. Adiskideak eta anaia borobilean mirestean malkoz urtu zen Madeleine. Daniel Elgebeltzek urrats bat egin zuen:

        — Jana... Zatoz tinkatu zaitzadan! Jana... Jana... Jana... Uste nuen...

        — Uste zenuen desagertua nintzela, sordei hila eta zizareek aspaldian irentsia. Bada ez! Zuekin nengoen. Zuen artean. Baina ez zarete nire presentziaz ohartu. Julieta?

        — Erremedioengatik urdeen pare gizendu naiz. Badu hogeita bost urte depresioaz sufritzen dudala. Ezagutzen nauzu hargatik! Ezpeldoi andere honen saldoko Ilse Traumberg psikologoak kolkoa ixten zidan tapakia ilki zidan duela zazpi egun, eta haren aholkuekin eta bizirik zaudela jakitearekin iharduki dezaket. Ura bere bidetik doa berriz eta nire gogoaren eremu lehorrak astiro-astiro itotzen ditu.

        Janaren papo aldean tapalakatu zen Julieta. Bat-batean pertsona bakarra osatzen zutela zirudien. Bi gorputzen batasunetik nostalgia hegaldatzen zela sentitzen nuen.

        — Zuk ere hila nintzela uste zenuen?

        — Bai, Jana. 1985eko Baionako Besten ordu txikietan Santizpiritu zubian barrena autoraino zergatik ez zintudan lagundu izan da mila bider egin dudan galdera. Barka ezina nintzen. Hala ginen. Baina hor zaude, Jana.

        — Ez nazazula Jana deitu. Ez dut beste aholkurik zuentzat. Badakizue istorioa: Jana exekutatu zuten. Bakea eta bi sos, ezta? Orain Madeleine Proust naiz.

        — Banekien La recherche zenuela iraun-ikurgai. Verdurin edo Simonet proposatu nien Amaia Ezpeldoiren taldeko ikerlariei. Baina sinpleago zen: Madeleine Proust. Ez dut ahantziko.

        Daniel Elgebeltzengana zuzendu zen Jana. Luzeki besarkatu ziren. Momentu ukigarria zen, negarrak eta irriak nahasten zirela. Julietari errana errepikatu zion: ez zezala nehork Janaren izenik ahoska. Bizitzak lanjerrean ziren zegoeneko. Danielek egoera baikor berretsi zuen:

        — Serial-killerrik ez da gehiago kostalde honetan. Eta erakundeak iragarri zuen menia orokor iraunkorra errespetatzen du. Bakean gaude, arazoak betikoak diren arren. Badakizu: euskararen etorkizuna, presoak eta lekuan lekuko garapen ekonomikoa. Agian helburuak lortzeko baliabideak itxuraldatzekoak ditugu hemendik at. Gure ondokoek guk baino hobeki erreusituko dute. Nork daki? Dena dela, ez ditugu gazte hotzak gerrara bidaliko...

        — Zuretzat, Daniel, lagunentzat bezala, Madeleine Proust naiz. Derrigorrez. Baldintza gabekoa da. Ez baldin banauzu hala deitzen, berehala moztuko ditut harremanak.

        — Madeleine! Badu hainbeste denbora zure atzetik nabilela! Detektibe rural nazkagarri hau atzeman dut zuregana heltzeko.

        — Bera baino nazkagarriago baten beharra dago maiz.

        Irria ihesi joan zitzaidan. Soako guztiak nengoen harrirantz itzulikatu ziren. Gurutzaturik bezala haizeaz gozatzen ari nintzen Anatoliako mistiko itzulikarien antzera inguratuz. Ahoa bete karkara askatzen nuen: happy end delakoak gustatzen zitzaizkidan. Eta zaila suertatuagatik, Euskal Herria ez zen batzuek desiratzen zuten Titanic ontzia. Alderantziz. Igeri egiten ez genekien, baina itsasoa zen gure ama: herstura bakoitzaren ondotik, zauriak gantzaz eta olioz artaturik, berrekiten genion herritar moduko guhaurren xendrari. Ahots ezberdin ugariak biribilkatuz jarraituko genuen menturaz munduaren sinfonia airosa osatzen, gu baino nekezagoa zuten beste jendalde eta herri anitzekin batera.

        Gogoeta optimistegia sortu ez ote zitzaidan arrangura nenbilen, Madeleinek Marti Izozta kuttunki zetxikala. Bikote distiratsua moldatuko zuten bizitza hain bihurria izan ez balitz. Bozkarioaren uhinak eraman ninduen: zenbaitetan egin behar zen amets baikorra, sentitu nehork ez gintuela gure olde baketsuan geldiarazten ahalko, ohartu eta onartu euskaldun baten egunerokoa ez zela beti berri txarrez azpatzen, hizkuntza adibidez ez zetzala oraino autopsia gelaren atarian eta jakin mugak, edozein, gainditzekoak zirela. Printzipio soil horiekin zerbaitetara hel gintezkeela nioelarik nirekiko, hondartzako bostak errondan solasean segitu nituen.

        — Erretegia eta Uhabiako tabernetan juntatuko gara.

        — Emaguzu zure helbidea, Madeleine.

        — Ez dut lokalizatu nazaten gutizia izpirik. Horrela date eta ez bestela. Kontuz ibiliko zarete hitzorduetara lehiatzean. Eta ez nehori aipa berraurkitu nauzuela. Jende soberak daki jadanik.

        — Amaia Ezpeldoi! Zu ere mutus eta kutus beraz. Sariaren eskuratzeko dendan igurikatzen zaitut bihar hamarretan.

        Daniel Elgebeltzek boz zakarra zuen. Ez nezakeen asma arreba bizirik harrapatzeaz pozik edo triste zegoen. Txokearen ondorioak digeritzekoak zituen alabaina. Janarekin egoteko klandestinitateko ohitura berdinetara plegatu beharko zuen. Historiaren ironia zama zen. Horretaz konturatzeak bihotz malgortua pixkolatu zion. Ageri zen, ordea, zoriontsu zirela Marti eta Julieta. Pika beleak bailiran zebiltzan sablean jauzika. Marieta gaixoak ez zuen deus egin batzarrak zirauen ordu osoan eta, naski, gutxiri interesatzen zitzaion bere aburua. Baina aldatu zitekeela marmaratzen zuen: arreba aurkitzearen obsesioak zurkaiztu senarraren ekina kanbiatuko zen. Zena zelakoa, Madeleine Proustek matelan bi musu arinez despeditu zuenean, Danielenganako sentimenduak ez zituela aldrebestuko zin egin zuen. Ezkondua zen onerako eta txarrerako. Gaurkoa txarra zen, laster ona dastatuko zuen. Denborak minak orbaintzen zituen. Ezaguna zen.

        Eguerdiko eguzkiak marea hantaraziko zuen. Arratsaldeko bietan lanera azaltzekoa nintzen Karimen ordez. Bostekoa luzatu nion mirakuluzko Jana-Madeleineri. Zakar zerraikan:

        — Ez dakit egin duzunaz eskertuko zaitudanetz. Tragedia horrek isilean beharko zuela segur naiz. Kaka nahasle galanta zara, Amaia Ezpeldoi.

        — Zure anaiarentzat nenbilen.

        — Diru zama astuna eskaini dizu. Halaber Marti Izoztak eta Wiesbadenen ohaturiko Jean Lavignek. Sosak baizik ez zaitu interesatzen ala?

        — Lanera noa. Ez dut eztabaidatzeko astirik.

        — Alta on zenuke gaiaz hausnartzea!

        — Banoa...

        — Entzun iezadazu: ona uste dugunak bakarretan zauririk larrienak eragiten ditu eta txarra zaigunak gozatzen gaitu. Aitzinetik ezin da jakin bestearentzat zer den egokia. Jakitearen harpe beltzean harilkatzen da jende-harremanaren funtsa. Bestea ezezaguna da, guhaur guhaurri ezezagun gagozkion bezala. Huts egiten dugu hurkoa, arerioa edo etsaia bereak ez baina gureak diren intentzioz janzten dugunean eta gerra hazten. Norbera ez da guztiaren neurria. Zergatik kontatzen dizut hori?

        Madeleine Proust Erretegiarantz bideratu zen hondartzatik. Familiako kideak joanak ziren. Bizitza salbatu zion sekretuari atxikia zen. Patarrean gora autobus geltokirantz konkortzen zelatatu ninduenean askatu zen olatuen atzamarretarik. Opari zitzaidan itsasoa soako amultsuaz laztandu nuen. Arratsaldea zaborrak erratzaz metatzen, palaz inarrosten, pulotan matoz plantatzen ustiatuko nuen Dederekin. Zernaitzeko kalostrapean eta Lubarriko haritzaren maldan euripean hoztuz harrapatu marranta salbu, gaitzeko forman nintzen. Dedek estimatuko zuen.