Boga boga
Boga boga
2012, nobela
224 orrialde
978-84-92468-39-3
azala: Unai Iturriaga
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

20

 

Denda giltzatu zuen, burua apal. Jendez betetako karrikan gindoazen biak isilik. Hondartzara eraman gintuzten urratsek. Olatuekin dantzari eta klaskari zebiltzan portuko ontziak. Txoriek zerua airosten zuten garrasiz. Txatxok ez zidan behakorik luzatzen. Agerikoa zen haserre zela. Ahoa ireki zuenean hasi zen pataskaren bigarren zatia:

        — Zuk ez duzu amore ematen.

        — Sekula. Nire printzipioen aurkakoa litzateke.

        — Zer jakin nahi duzu?

        — Dena, ahal baldin bada.

        Kontxara jaisten ziren eskaileretan jarri ginen. Santa Klara uharteko zuhaitzetan pausatu nuen soa. Euria bailitzan, bara-bara hitzetara amildu zen Txatxo:

        — Badakit Janaren desagertzearen aferako lekuko garrantzitsua naizela. Nola uka? Aspaldiko istorioak dira. Memoriak batzuetan huts egiten dit.

        — Indar txiki bat egizu...

        — Jana militanterik onena zen, seguruena, sotilena, sekretuak atxikitzen bazekiena. Zerga iraultzailearen diruz betetako maletak pasatzen zituen airez aire mugaz bestaldera. Ez dakit nondik. Garaztar jatorrikoa izanez, bideak bazituen mendi elurtsuetan zehar. Orbaizeta edo Xaretako sasietan gaindi. Gauak gauari ibiltzen zen. Bakarrik. Ez zuen arraun kiderik nahi. Bitxia zitzaigun, erakundean hirunaka jarduteko ohitura genuelako. Zena zelakoa, irria ezpainetan agertzen zen kafearen tenoreko Robber ostatuko gela hiratsuan. Gure junta-lekua zen.

        — Nik ere Daniel Elgebeltz Robber tabernan solastatu nuen lehen aldiz...

        — Hitzordu tokia ahantzi ez duen seinale. Tai gabe, espero du arreba galerna azkorriz azalduko zaiola!

        — Azalduko zaio noizbait?

        Banpez mututu zen. Galderaz damutu nintzen. Algara ozena libratu zuen. Hormaldia hedatu zen harrizko mailetan. Iruditzen zitzaidan elurrezko borobilarekin parezka nindoala. Harremana epeltzean jarraitu zuen:

        — Iaioa zen armak erabiltzen ere. Landetako oihanera trebatzera joaten ginenean kontatzen zigun aitarekin ikasi zuela tiratzen, mahastietako pezoietako hegaztiak miratuz. Emakume oso alaia zen. Eta gisakoa. Liberatu genuen unetik egunak ederki lerratzen zitzaizkigun, bereziki elkarrekin larrua jotzen genuenetan: goizean entrenamendua, kasik militarra; arratsaldean pistolen garbiketa eta ideologia ikasketak; eta gauean, afalondoren, amodioa egiten genuen. Ez ginen gu gixonak, jakizu; eta Jana ez zen emazte argamasetarik!

        Irudika nitzakeen erraz. Bonny eta Clyderen erromantzea berriz jostatzen zuten Bizkaiko Golkoan, pinuen erdian, mugez axolatu gabe, polizia guztien bila eta aurkitu manuen lehiak zirela, xedera hersten zenean ihes egitea lortuz bata bestearen besoetan kiribilkatuak, antzerkilari handien moduan makillatzen, itxuraldatzen eta maskaratzen, ekintzetara pasatu bezperan, izan atrako, etsai hilketa edo agiri barreiatze Aberri Egunen karietara. Klandestinitatean jarduteak ausartzia eta harrotasun anitz eskatzen zuen, non ez zen errealitatearekiko arrogantzia, Tartas zenak lerrakeenez. Sosa bazuten alabaina, ausarki, izen faltsuekin hotel garestienetan atsedentzeko edo munduko edozein erakunde armatutako gudariekin biltzeko hegazkin txartelak hartzeko.

        — Eta 400.000 frankoak? Norbaitek xerkatzen ditu oraindik. Darth Vader komandokoek gutuna bilatzen zuten zurratu ninduten lekuan.

        Hiru haurrekiko bikotea eskaileran behera zetorren momentuan hitz ments geratu zen Txatxo. Konturatu nintzen klandestinitateko ekinbide zenbait errespetatzen zituela, adibidez belarriak barranda zebiltzanean ez mintzatzea edo telefonoa nolanahika ez erabiltzea. Harritzen ninduten gauzak ziren, mende berri honen hasieran sare sozialekin eta une oroko mugabako urrutizkin konexioekin intimitatea piztien hazkurri aurtikitzen genuelako. Big Brother zelatari geneukan eta gero eta gehiago eskatzen genuen, itsutzeraino haluzinatuak baikinen. Fritz Langen Metropolis izugarriko Maria gaiztoaren itzaletik genbiltzan, kopetak gorarik, pentsamendua zitzikatua, moralki zikiratuak eta urrats berdinean. Ikara hotza isuri zitzaidan bizkarrezurrean behera.

        Eskerrak Txatxok ez zuela etenik eman:

        — Inoiz ez da Darth Vader komandorik osatu erakundean. Nondik daukazu hori?

        — Santizpiritu zubipean zafratu nindutenek Darth Vaderren maskarak zekartzaten. Lau ziren. Lau ziren halaber Dupont de la Cunak 1985eko Baionako Besten gauean zehaztu talde-kideak. Lau baita ere, Jimmy Sevranen arabera, Janaren kotxe xifritua mirazkatu zutenak. Baduzu zerbait eransteko?

        — Hahahahaha...

        — Zapartegingarria da, bai! Saldoa 400.000 frankoen atzetik dabil hogeita bost urteotan? Janaren desagertzea diru istorio zizkolatsua baizik ez da?

        — Hahahahaha...

        Ez zen gelditzen. Zer zuen bada horrela irri zozotan agortzeko? Arraileriaren minetik urrun ginen alta. Esku zolekin belaun gainak zanpatzen zituen. Behialakoan soberakinean neukan pazientzia galtzen ari nintzen. Tortugaren moldea sakelan ferekatu nuen eta lasaitu nintzen:

        — Parisko atrakoaren ardita da?

        — Louvre karrikakoa Marseillako gang boteretsuek antolatu eta erdietsi zuten. New Yorkeko dorre bikiak lehertu ziren arte erraza zen diru zikina zuritzea, kontrol gutxi zegoen eta maila bakoitza bereaz jabetzen zen. Europako ekonomiaren zainetan sos zikin uholdeak dabiltza. Mafia ezberdinak dirua latsatzen dute arraiki. Enpresariak, politikariak eta kazetariak banaketaren partaideak dira. Nire ustez. Engainatu naiteke...

        — Ez zen ETAren obra beraz?

        — Hasieran IRA edo ETA zitekeela aipatu zen prentsan. Hortik dator nahasmendua. Aski sos bagenuen erakundean, zerga iraultzailearen iturri zaharretik zetorren ur berriaren ipuina badakizu engoitik... Baina egia da 1985eko udazkenean paketea bilatzen genuela guk ere, zaude lasai. Baionako Besten azken gauean, aldiz, aitortzen ildoan nagoenez ez dut ezer arriskatzekorik, Jana exfiltratu genuen. Bizitza normaletik klandestinitaterako jauzi argia eginarazi genion iluntze hartan. Galdekatu dituzun jakileak zuzen zebiltzan: lau pertsona ginen eta hilotzaren antzera garraiatu genuen Jana gurekin. Zinema ekoiztetxeetako tomate jarioz puztutako poltsak zulatu genituen odola itxuratzeko. Serial killer baten presentziarengatik kostaldean hedatu zen histeria kolektiboaz baliaturik konplitu genuen gure lana. Geroztik jakin dugu, bat: Dupont de la Cunak hamabost urte igaro zituela kartzelan, egin ez zuen krimen batengatik; bi: Parisko lapurreta dirdaitsua ez zela ETAren obra izan; eta hiru: denboraren buruan Jana xerkatzen dutela, horretarako detektibe rural txepela kontratatuz gainera.

        Txatxoren mesprezioa irakurtzen nuen hondar perpausean. Aise zitzaion. Kaka nahaslea baizik ez nintzen. Heroia bera zen, sasia, tortura eta kartzela sufritu zituelako. Jagoitik, tasunik gabeko gizonaren pare, Izarraitz liburu-dendaren jabea zen eta egunerokoa ttuttur zihoakion, norbaiten kalitzea, izanagatik etsaia, sekula manatu ez bailuen. Gerra ankerra zela deiadar egin zezakeen bere arimaren garbitzeko. Biktima plantan aurkezten zitzaidan borreroa zen. Eta alderantziz. Noski ordaindu zuela. Pagatua baldin bazuen, ez nuen ulertzen zergatik ez zen nirekin argikiago solastatzen. Amua urrunago aurtikitzera atrebitu nintzen:

        — Non dago Jana?

        — Ez nazazu trintxeraren bestaldera bultza.

        — Non dago Jana?

        Hiru hitzeko multzoa errepikatzen nuen leloki. Paltoko lepotik harrapatu nuen Txatxo. Besapearen eta bularraldearen gurutzune lizunean gorderik neraman kargatu gabeko 38 maitagarria jalgi eta saihets hezurretan sakatu nion: mintzatuko zen deabrua, mintzatuko zela! Komedia egiten banekien nik neuk ere! Zer uste zuen! Xingarrari berrekin zion, herabe:

        — Jana hila da. Erakundeak Janaren hiltzea erabaki zuen.

        — Hil egin zenuten? Hain borrokari ona baldin bazen, zergatik?

        — Salatari lanetan zebilela konturatu ginen.

        — Jana? Agente bikoitza zen?

        — Frantses zerbitzu sekretuen informatzailea zen. Erabakiaren egiaztatzea Otsalar komandoaren esku zetzan. Ontsa oroitzen baldin banaiz, 1993ko urri hastapenean exekutatu zuten Iparralde barnealdeko herri hustu batean. Konprenitu behar duzu tragedia zela, baina bizitza sailak zalantzan geneuzkan eta GALen garaietarik landa erorketa handiak gertatu ziren gure artean. Kixu gudaria jarri genuen Janaren ikuskari lanetan eta herioa izan zuen sari. Zorigaitzez.

        — Kixu hori nonbait aurki daiteke?

        Historia tristea zen, hiltzeraino. Santa Klara neukan begimen. Janari agitua hozki azaltzen zidan Txatxok. Normala bailitzan. Ontzien intziriek nardatzen ninduten. Zorroan sartu nuen pistola.

        — Minbiziak eroan zuen Kixu Alcalako kartzelan. Otsalar talde militarreko nehor ez duzu atzemanen. Zernaitz herriko apezarekin bildu zintezke. Handienetan abertzale handi hark zuen Janaren ohorezko meza laburra erran. Elizan ez, baizik eta Zernaitzetik Lubarrirako bidexkaren ipularreko milurteko haritzaren erroetan. Zernaitzeratzean ez dezakezu huts egin.

        — Han berean ehortzia da?

        — Etxepare apezaren arabera, bai.

        — Eta inork ez zuen ezer jakin? Daniel, Julieta, Marti eta Marieta elaide zenituen. Ez zenien deus erran?

        — Isiltzen ikasiz irabazten da borroka...

        Julietak arrazoi zuen. Janaz axolatu beharko zuten, hurbiletik audela. Lasai zeuden alabaina klandestinitatean zebilelako, kausa ederraren aldarean hatsa oparitzen hots. Txatxok arrazoi zuen. Danieli zer edo zer salatu baldin bazion, egunak zenbatu zitzakeelako. Arrebari zerbait gertatu zitzaiola sumatuz gero planeta urdina purtzilikatuko zuen Danielek, bai eta Martik, bat anaia propioa zelako eta bestea Hegoaldeko gudarien haroaz troxatu Txatxok ebatsi zion Janaren gordekako maitalea. Zenbat suge ez zituen Iparraldeak irentsi azken hamarkada hauetan? Benetako piztiak bailiran ebaki arau berrosatzen ziren zazpi mutur eztendun zeuzkaten.

        Warum Wiesbaden?

        — Zer derasazu?

        — Beilh kontsula zergatik askatu zenuten Wiesbadenen?

        — Eroa zara ala? Gertatu zenean ez nintzen mugimenduan.

        — Egia behar dut. Berehala.

        — Zoaz pikutara!

        Ukabilkaz itsasora bota ninduen kasik Txatxok. Zinez kexu zen. Orekara itzultzean Donostiako kaian zehar bizkarrez ihesean ikusi nuen. Lasterrez ondoratu nintzaion. Pentsamenduaren eihera izutua martxan zebilkidan haize eskasiagatik. Alabaina Janaren dolua ekartzekoa genuen guk ere. Nolwenekin Zernaitzera joanen ginen biharamunean berean. Nahi nuen Janaren hilotza haztatu. Urrinaz, har malatsez eta zizare ubelegiez haratago. Botatzear nengoen.

        — Azken galdera bat.

        Brauki inguratu zidan kopeta. Oldozmen bekaitzetan uhinen aurka igeri zihoala zirudien.

        — Azken galdera bat: Dupont eta Lavigne lekukoek aipatu abere oihu hura zer zen?

        — Grabaketa soila. Hartz beltzarena. Erasotzen dutenean.

        — Janaren gorputza atzemanen dut. Pagatuko duzu...

        — Ez naiz erruduna. Erakundearen bulego erabakitzaileak zuen manua eman. Eta gehienak ez dira mundu honetako dagoeneko. Bakea emadazu, arren!