Boga boga
Boga boga
2012, nobela
224 orrialde
978-84-92468-39-3
azala: Unai Iturriaga
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1985, nobela
 

 

27

 

Deborah-ren VW Transporterrean zerratu neskatila guztiak ainarak udaberrian habiatik bezala barreiatu ginen. Hitzorduak geneuzkan.

        Ilse Traumberg etxetik pasatu eta dutxatu ondoan gureganatuko zen. Bagenuen bai ur hotzaren azpian garbitzeko beharra. Lohia larruko poro txikienetan kokatzen zitzaigun eta beltz-beltz genituen azazkal azpiak. Kamioneta Sanandres plazan aparkatu zuen Deborah-k, bi egunez saririk ez zelako ordaintzen. Geroago deskargatuko genuen eta norberak bere tresnak biltzen ahalko zituen. Ontsa baliosa suertatu zitzaidan aita zenaren burdin barra zoharra.

        Eskaileretan gora gindoazela, Nolwen poliziategiko lankidearekin ari zen telefonoz. Ez zuen nehoiz ahanzten Kergelen komisarioa zenik. Apartamentuko atera heltzean bihotza urratzear utzi ninduen irria eskaini zidan. Buztin-errauts beilegiz estali lepo gibelean pausatu nizkion ezpainak. Larruaren eta lurra gustuaz gose-hamikatua nintzela iruditzen zitzaidan. Giltza salbaiki sakatu nuen bortan eta zurrutaren pean ginen di-da batean, ikaraz, dardaraz, aharai eta intziriz plegatzen. Herioaren mugetan ibili ziren hatzek, ileek, ahurrek, sabelek, bularrek, aluek, sorbaldek eta bizkarrezurrek ez zuten plazeraren erresumara iristeko abilezia izpirik galdu. Eta balaka bat bakarrik txispildu garen aldientzat, eta pott etengabe bat gure buruak gorrotatu ditugun uneentzat, eta milika bat pobre herresta gisa kontsideratu gaituzten minutu bakoitzarentzat. Santizpiritu zubiaren itzaleko behialako orroa baino jendekinagoa zitekeen ahots zintzurroiaz askatu ginen.

        Busti-busti etzan ginen ohean. Biluzik. Munduaren edertasunaz bara-bara ari ginen, hatsanka, gorputzaren gune minberatsuenetan taupada eztiak nabarituz. Utzitasun lasaiak eraman gintuen loaren altzoraino. Hargatik sukaldeko urrutizkinaren azantz madarikatuak oroitarazi zigun bizidunen erreinua ez zela sekula arras urruti.

        — Banoa —Ilse zen.

        — Bai, zatoz. Elkarrekin xerkatuko dugu Jana.

        — Pazkokari bederen berri ona ukan dugu. Eskerrak noizbehinka izate bakunak besteaz urrikaltzen direla, izanagatik etsaia edo etsaitua...

        — Zure aiduru gaude, Ilse.

        Tarrapataz beztitu ginen. Muxmux. Sarridio. Nolwen lantokiratu zen. Hilkutxaren barnean atzeman genituen bilo puska eta zuzenbide misteriotsuarekiko paper purtzilikatua analizatuko zituen. Emaitzak berehala behar zituela erantsi zuen. Ilseren aiduru, Daniel Elgebeltz eduki nuen linearen bestaldean:

        — Jana bizirik da.

        — Baia? Non dago?

        — Ameriketan liteke. Behintzat han egon omen zen denbora batez. Baina bizirik ikusi zuen hondar lekukoaren arabera, Euskal Herrian bertan ohatzen ahal liteke berdin. Izen faltsuarekin dabil eta aurpegia irudiz aldatua du kirurgia estetikoa dela medio.

        — Ez nuke jasanen mende laurden honetan egunero jakin gabe gurutzatu dudala pentsatzea. Urte gehiegi eman dut ezaxola. Klandestinitatean sartua zitekeelako nolabait bakean. Barka ezina naiz. Ni, Marti, Marieta, Julieta, Etxepare apeza eta Txatxo: Janaren adiskide minak ginen... Barka ezinak gara.

        — Zein zen Janak irakurtzen, ikertzen, aipatzen, zirikatzen eta urratzen zuen liburuaren titulua? Idazle goraipatu baten obra... Arren, zuri errefera!

        — Zenbakiekin azkarra naiz. Liburuez eta literaturaz deus ez dakit. Ez zaizkit nehoiz interesatu Janak irensten zituen nobela mardulak. Hargatik kasko zokoan biga ditut: Jende pobreak bata eta bestea Krimena eta Zigorra. Errusiarra zen egilea. Gogoan dauzkat, ezen Leninen eta Trotskiren saioekin batera edonon leitzen zituelako. Zioenez, Lenin eta Trotski biak uztarturik baino askoz handiagoa zen Fedor Dostoievski. Ihardesten nion: «Bakea eman emazu, nork entzun ere».

        Telefono hariak bozkarioz inarrosi zituen Elgebeltz jaunaren karkarak. Ohartu nintzen astea bazela gizona ezagutzen nuela eta ez nuela haren irriaren hotsaz gozatzeko aukerarik ukan. Robber ostatuan biltzen ginenean beti kexu ahaire zebilen, arrabokaz, nardatua, presatua, ez ninduela estimatzen leloki murdukatzen, ez zuela nigan konfiantzarik eta antzeko airoskeria franko. Algara jabaldu zitzaion.

        — Badakit nori galdatzen ahal diozun! Andere Ezpeldoi, bidea jada ireki dizunari! Eta nola!

        — Julietak balekike?

        — Adiskide minak ziren. Lagun erreak. Intimoak direla ahoskatuko genuke dagoeneko. Nahi duzu harremanetan jartzea?

        — Bai noski... Ilse Traumberg psikologoaren kabinetean juntatuko garela erraiozu. Arratsaldeko lauretan. Egoitza ez du arrotz. Eta Marti Izoztari ere emaiozu Jana bizirik delako berria. Plazer egingo dio.

        Ilse, zorte onekoa nintzenez, ez zen etxetik atera. Amen batean agertuko nintzaiola salatu nion, ez zedila mugitu, Julieta halaber azalduko zela, Santxok aipatu idazlearen obraren izenburua amoinatuko geniola eta balizko abizenak ordenagailuz bilaturen genituela. Oinarrizko ahalmen soilenen egiazkotasuna saiatuko genuen urrutizkin operadore historikoaren zerrendak arakatuz adibidez. Pazko arrastiri zoragarria opatu genion arraiki. Detektibe lana hori zen funtsean: ez zen aste egunik, ez iganderik, ez gaurik, ez eta argirik. Xinaurria bezala ekiten zen, ardura debaldetan. Ordea batzuetan, Janaren desagertzearen kasuan nola, afera dorpeen misterioak urratzen ziren.

        — Tea apailatuko dizut.

        — Bizkotxoak hartuko ditut Bost Kantoien plazako okindegian.

        Moltsa, konputer eramangarria eta paperak zakuan sakatu eta Pannecau karrikara jaitsi nintzen, mailetan launaka. Apirileko ekiak gorriz, berdez edo urdinez tindatu bizitokien egurdiak distirarazten zituen. Halaber Errobi ibaiaren azala. Eta zubi lerroak. Merkatuko burdineria orlegiaz zer erranik ez. Ikaragarria zen kaioen harramantza. Haize mehea aski zitekeen txori txiolarien barreiatzeko. Jendeak bazebiltzan, alfer, hegietara beha, denden berinen aurrean aitzintoka, prezioak eztabaidatzen, kontsumoarentzat atsedenik ez bailitzan. Deituak ziren hiruzpalau Aberri Egunetan zeuden euskaldun haboroxeak, besta bai borroka ere bai lema kopetan iltzaturik, oneski dantzatzen, planttan elestatzen eta garbiki mozkortzen. Berun-aroak ziren ez nintzela horrelako ospakizunetara agertzen. Olde-bainuak ez nituen maite.

        Ilseri hitzeman pastelak ordaindu eta berehala zanpatu nuen psikologoaren atea. Tea zerbitzatua zen Courbeten Munduaren jatorria margoaren kopia zegoen gelako mahaian. Erdian jarri nituen mila hostoekiko gozoak. Izkinan zegoen ordenagailua piztu nuen. Zurrunga ozenez iratzartzen zihoan bitartean, eguerdiko bazkariaren ordezko arratsaldeko askaria naka-nakaz klikatu genuen Ilsek eta biok. Sukaldeko zurezko penduluaren kukuak laurak kantatu zituen. Joaldi xeheak entzun genituen: Julieta zen. Euritakoa zekarren. Txapel beltza kendu eta herabeki agurtu gintuen, kopeta makur.

        — Txatxo elerran zenuen beraz?

        — Bai, zuri esker. Jana bizirik delako segurtamena ere badugu. Izenez eta izanez aldatu omen zen. Salbatu zuenaren ustez anitz estimatzen zuen eleberrigile baten nobela arrakastatsuko pertsonaia nagusiaren abizena hautatu zuen. Ameriketan egon zen zenbait urtez.

        — Zer nahi duzue orain?

        — Nobelaren titulua.

        — Aldi honetan ez dut hipnosia beharrik oroitzeko.

        Zarata xeheaz nire ordenagailuari konektatu zen Nolwen, webcamaren boterez. Pantailan zabalik zeukan izenen nazioarteko fitxategia. Te ttilika bat hurrupatu zuen Julietak, begiak zohardi eta izpiritua brist, bere adiskiderik handienarengandik gero eta hurbilago zela sentitzen zuelako. Bi ahamenen artean marmaratu zuen:

        À la recherche du temps perdu... hori zen Janaren obra kuttunena.

        — Marcel Proustena?

        — Amaia, otoi, besterik ezagutzen baituzu zuk? —Ilsek harridura markatu zuen.

        — Ez, baina zortzi ale horietan ehun mila pertsonaia badira! Orratza belar puloan bilatzea bezalakoa da. Ezinezkoa.

        — Alta asmatu behar dugu —Ilse zen berriz—. Eta agudo.

        Ilsek Julietaren matelan pott eztia zirristarazi zuen. Pantailaratu nituen orrialdeetan Prousten nobela ezberdinetako izenak ordena alfabetikoan agertzen ziren. Mila milioi ahalezko baziren. Ordubetez pertsonaiekin jostatu ginen ondoriorik gabe: Albertine Simonet, Eulalie Callot, Leontine Cottard, Odette Crecy, Gilberte Frecheville, Clemence Verdurin edo Jeanne Vinteuil ez zeuden, ez Nolwenen fitxategian, are gutxiago eskualdeko listinetan. Nobleziazko partikulak saihestu genituen ez baitzitzaizkien Janaren nortasunari egokitzen. Partikulekin ere saiatu ginen alabaina! Etsitzear! Estatistikalari trebearen premia genuela genioelarik, ideia bat ukan zuen Nolwenek:

        — Zerbait xerkatzen dugunean konplikatzen dugu beti. Soil eta sotilenera ari bagina?

        — Zer proposatzen duzu?

        Oren aldaketarengatik arrats apalak argi nagitzen ziren euskal lurretan. Zoramena zen. Linearen puntan krix-krax ahula aditu genuen. Aiduru zeuden Julieta eta Ilse. Belarri baizik ez nintzen nihaur ere.

        — Eta... Madeleine Proust izenarekin entseatzen bagenu?

        — Errazegia da. Pentsa!

        — Ixo, Amaia! Frantzia osoan berrogeita hamabost badira, eta hiru BAB honetan. Horietarik bat Jana Elgebeltz balitz?

        — Ilsek telefono zenbakiak notatzen ditu. Egiazki hiru Madeleine Proust badira hemen. Izugarria da Nolwen!

        Courbeten margoaren maldan kuzkurtzen zihoan Julieta. Ukidura handiko uneak egartzen zituela ageri zen, tragikoak eta laketak aldi berean. Webcamaz zotzean deliberatu genuen nork deituko zion fikziozkoa ez zen Madeleine Proust horri. Nolwenek irabazi zuen. Jeloskor nintzen. Hala ere urrunetik jarraitu genuen Nolwen Kergelen komisarioaren ekina. Lehenak antza pikutara bidali zuen, Poliziaren izenean telefonatzen zuten psikopatak epaitegian salatuko zituela erantsiz. Bigarrenak Madeleine Proust amatxi zuela zerasaion negarrez hipaka, galdu berria zutelako. Kordoka trenkatuko zena noizbait?

        — Madeleine Proust anderea?

        — Bai, ni naiz.

        — Jana Elgebeltzez baduzu aditzea?

        — Nork du eskatzen?

        — Anaiak eta adiskide hurbilek.

        — Adiskiderik ez dudala jakizu.

        — Elkar gaitezke?

        — Menturaz...