Boga boga
Boga boga
2012, nobela
224 orrialde
978-84-92468-39-3
azala: Unai Iturriaga
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1985, nobela
 

 

17

 

Lantxurdak gogor jotzen zituen Txirlinga egoitzako bitrak. Mattinak, gibeltoka baina, Dupont de la Cunak kartzelatik ateraz geroztik etxetzat zeukan ganbara biluziaren sarreraraino eraman gintuen.

        Gizon mehakoilak ireki zuen herabe. Irri izutua marraztu zigun:

        — Etorri zarete beraz?

        — Bai. Galdera soilarekin. Ez da luzea izango.

        — Goazen itsasertzeko jargia horretara. Barnean baino egokiago garateke. Lokaztegi latzak inarrosiko dizkidazue. Berdin da. Intzeskatu behar dut nik ere.

        Gure gidari zebilen hinki-hanka. Kanpoko euri xehea, hurbilean susmatzen ziren Atlantikoko uhinen bitsarekin uhertzen zela ziruditan. Zuriz bezti zebilen Dupont jauna, konkortua arras, larrua beilegi eta begiak leze. Txorimaloa ematen zuen itzulikatzen zenean. Aterpe eskaseko ttottogiara heldu ginen.

        — Zer zen jakin nahi zenutena?

        — 1985eko Baionako Besten azken gauean Santizpiritu zubiaren Gambetta plazako puntan aurkitu zinen. Zer ikusi zenuen egiazki?

        — Memoria ezabatu zait pixka bat. Ez naiz denaz gogoratzen. Poliziek gainera anitz eskatu zidaten, lau neska gazte haien heriotzaz hobendun egiteko hondarrean. Presondegian igaro nituen hamabost urte. Libratu ninduten bortxatzailea Adam VanVries holandesa zela frogatu zenean. DNA hatzetarik alabaina.

        — Zer zenuen aurka?

        — Hiru emazteen hilotzen aldamenean nintzen aldi bakoitz. Bitxiki. Kointzidentzia hutsa zen. Beste lau kide halaber atxilotu zituzten premiazko lekuko gisa. Atxilotu eta epaitu egin ninduten. Ez nuen ihardukitzeko indarrik, are gutxiago sostengurik. Une batetik hara merezi baizik ez nuela pentsatzen hasi nintzen: zer nuen bada eratorrian inguma gisa biribilkatzeko jaidura txar hura?        Negarrez hautsi zen Dupont de la Cuna. Aurpegia gordetzen zuen esku ahurrez. Elkarri so geratu ginen Ilse eta biok. Behatzaz orraztu zituen lantzerrak busti ile grisak eta solasari berrekin zion hitzak mailukatuz:

        — Baionako Besten gauean erran didazuen tokian kausitzen nintzen. Jana zubian gora etortzen begietsi nuen, bere adiskidea zirudien emazte bat segika zebilkiola. Eskuinera bihurtu zen.

        — Oihu garratza iragarri zenuen?

        — Bai eta nolakoa.

        — Sangreatzen zen emakume batena zen?

        — Ez. Alimaleko aberearena zela uste dut. Betezpalak apaldu nituen eta zainetan odola ihesean irudikatu nuen. Beranduago, gizon saldoa nerraikan gorputza izan zitekeen pakete astuna lekuz aldatzen.

        — Janaren hilotza zen?

        — Beharbada bai. Ala ez. Nola segurtatu? Gaizkile banda plazako zuhaitzen itzalean zegoen. Jotzeko prest. Amets uherretik iratzartu nintzenean, ez nuen ez gizonen ez zubitik zetorren emazte haren hatzik nehon sumatu. Ezezagunak izanagatik, eder liteke lagun proximoez amiñi bat gehiago axolatuko bagina. Mende erdia higatu eta hori da fermuki sinesten dudana.

        Ilseren kopeta zimurraz ohartu nintzen. Isilik hormatu zen, iceberg. Iluna lur gainera zetorren gure baitara bezain. Ez ginen aparentziarik ere zepotik jalgitzen ahal. Lekukotasunak Santizpirituko Gambetta enparantzan urtzen zitzaizkigun. Norbaitek nonbait gurutzatu bide zuen Jana? Ez zen horrela desagertzen ahal hatzik gabe? Beti bazen zer edo zeren jakinean zebilen begi gose edo aza-belarri bat. Zergatik ez zen hainbeste denboraren buruan zerbait agertu, ez dakit aztarna bat, Aturri ibaiaren azalean beso usteldu bat demagun itsasora lehian? Nolaz ez zuen nehork Jana bilatu duela gutxi arte? Argazkian gatibatu bederaren iritziz, erakunde armatuan sartu zen liberatu gisa. Eskakizun gehiagorik ez. Normala bailitzan. Hargatik, nioen nirekiko, Duponten mututasuna ez inarrostearren, ETAren zerbitzuko jartzen zirenak noizbait azaltzen ziren poliziekiko tiroketetarik landa hilak edo burdinak eskuturretan auzitegietara hegazkinez abian. Gudariarentzat bigarren aukera zitekeen, naski, hoberena. Janaren kasuan, ez bat ez bestea. Zer orduan

        Xehetasun bat oraino eta Dupont de la Cuna bere mamuekin bekoz beko utzietsiko genuen. Ikaraz ari zen, lanbroa jada indartsuago bihurtzen zihoala. Apirileko haizeek erraztatu duna biluzien arerio itsasoa marrumaz garatzen zen. Txirlinga egoitzako arduradunak solaskidea bere izenetik deitu zuen. Besondoan pausatu nion eskua:

        — Zaude. Gizon saldoak begitarteak agerian ekin zuen edo maskaraturik? Zer diozu?

        — Telesailetan azaltzen diren ohizko terroristek daramatzaten burukoak zituzten. Beltzez jantziak ziren. Zaluak eta zainartak gainera. Lauzpabost zenbatu nituen. Zorigaitzez ez dakit hori guztia ez ote zen amesgaiztoa edo benetakoa. Plazer nuke zuen argitzea, baina pilulen tenorea dut. Aski duzue zehar xendra horretarik aparkalekuraino zulatzea.

        Agurrik erran eta eskerrak eman gabe urrundu zen espektro arin bilakaturiko Dupont de la Cuna jauna. Sorterriko adinekoek, gau izoztuen minean, erreka karroindunaren ezpondetan urrezko orrazia ahurrean begimendu Andere zuriaren itxura zuela erantsiko nukeen. Baina ez nintzen ausartu. Ilsek ederki larderiatuko ninduen, sineste arruntekiko biziduna nintzela azpimarratuz. Autoan tokitzean erran zidan erdi jostari erdi serios:

        — Badakit zertaz pentsatzen duzun...

        — Bahaia?

        — Kristalezko birlak edo molde zaharreko sorginak ezinbestekoak zenituzkeela, adibidez. Ez dea hala?

        — Ez zara urrun. Mirakulu baten beharra dugu, Janaren misterioa urratzeko.

        Aturri hegiko lantegien altzairuzko eraikinak izugarriak ziren euri etengabearen menean. Distira antsiatsua hedatzen zuten kaietan eta Barrarainoko bide ertzetan. Esmeraldazko espaloietako justizia hamikatua edo langileria ezeztatuaren dolua zeramaten. Hemendik laster Baionak industrialde bat ukan zuelakoa ahantziko genuen. Ikea bezalako supermerkatuak plantatzen ziren fabrikak suntsitu eta amiantoz husturik. Herdoilak, errautsak, beharginen izerdiak, zapalkuntza sozialaren hautsak, duintasun kolektiboak eta metalaren tolesturek munta handirik ez zuten kontsumoaren tsunami erasokorraren parean.

        Barneko lotsaren jabaltzeko Ilseri salatu nion, erabakior:

        — Hondakin industrialok argazkitan hartuko ditut, debalde joandako bizitzen erakustetxe birtuala osatzeko. Bestela ezer ez da geldituko. Jendarteak üsinetako umilazio meta horretarik deus geratu ez dadin desiratzen bailuen. Janaren kasuan nola. Bizitza bat, eta ez dakigu bukatua denez edo linboetan desintegratua, egiazki hila izan gabe.

        — Deliriotan zabiltza, Amaia! Kasu! Eskerrak Baiona txikira heltzen ari garela. Etxeratu eta artatuko zaitut merezi duzun eran. Nolwen aiduru duzu agian?

        — Lanean da. Espero dut oporrak bederen elkarrekin partekatzen ahalko ditugula.

        — Bikote arrunten kezkak...

        Ilseren lasaitasunak on zegidan. Bakarrik jardutea erabakia zuen. Arimak ustiatzeko lana eta amodioa jartzen zituen ororen gainetik. Halaz, Traumberg medikuaren agindupean utzi nituen bereziki nire geldo eta klaustro fobiak. Eta aitortzekoa nuen lortzen zuela, handizki.

        Etxeko atean Daniel Elgebeltzen solastatzeko gutizia gorriak puskatu ninduen. Ilseren telefonotik berehalako hitzordua finkatu nion, ohiko ostatuan, barrezka ohiko sospetxosoekin gehituz. Ilsek Robber tabernaraino ernatzea proposatu zidan. Onartzea zegokidan.

        — Gaur bilduko gara Wittig Bar-en.

        — Etorriko naiz. Nolwenekin zoaz?

        — Bai, noski. Eta zurekin ere berdin. Eskerrak, dena dela, arratsalde honetan eman dizudan traholagatik.

        — Sarri arte.

        Errespetatzen diren lesbianen moduan, ez zen bakarrik zirkunstantzia literario bat, karrikaren erdian Rebecca Horn artistaren lumazko sorkuntzen arintasun gartsua zeukan musua trukatu genuen. Matoaz bulkatu nuen ostatuko borta. Han zegoen Elgebeltz, Baionaren eta Tolosaren arteko errugbi partida hastear zela telebistan. Etsai gaitza zuten baionarrek. Taldeen osaketa jarraitu bitartean ohartu zen nitaz:

        — Zer berri? Baduzu berririk? Ala desesperatzekoa da Janaren desagertzearena? Jarriko gara, ez? Istripua ukan duzu? Badakit ez zaituela senarrak jo. Zure erako jendeak gorroto ditut. Sodomatarren joera lizuna onetsi zuten zibilizazioak peko errekara joan direla badakizu arauz? Baina bego, hitzaren traukatzea bera zaila zait... Bakoitzak bere gurutzea!

        — Gutariko bat bederari kalbarioko bidaldi bat doakio.

        — Bikain... Orduan zer?

        Ez nekien nondik hasi. Aldi berean deus ez nuen eta gauza asko banituen han-hemenka ikasiak. Eguzki artea irekitzeko partez jorratzeko nuen zeru aldea tapatzen zidaten. Eta jakina, gaurik beltzenean tximista baten fista ongi etorria zen.

        Marti Izoztak eman argazkia sudur azpian ezarri nion:

        — Eta?

        — Bai, bistan dena: aspaldikoak eta betikoak. Txatxorekin mintzatu zara?

        — Ez oraino. Zerbait irakatsiko dit? Zuk, Marietak, Julietak eta Martik gordetzen didazuen zerbait?

        — Ez dizugu ezer ezkutatzen. Zintzoak gara. Julietak gurekin harremana berriz josi nahi zuelako bildu gara herenegun. Hurreratu zitzaigun Janari minik egin ez geniolako segurtamena edukitzeko eta Txatxoz gomutatzen saiatzeko.

        — 1985eko Baionako Bestetan azpimarratzea merezi zuen zerbait agitu zitzaizuen?

        — Kalapita gaitza atitxatu genuen. Burutik atera zitzaidan.

        — Urrats bat, urrats bi...

        — Pannecau karrikan genbiltzan. Txatxo harrapatu genuen emazte pinpirinez setiatua. Mozkor oihuz ari zen: Jana behar dut, Jana behar dut... Martik ukabilka galanta bota zion kokots aldera eta hedailo ezarri zuen pixa zipo eta goitikin muinoetara. Handik laster Marti eta Jana pataskatu ziren, Julieta moderatzaile bermatzen zela eztabaidaren harian. Marieta besarka netxikan. Janak erran zuen:

        — Banoa. Ez dut gehiago zuekin zinpurtzeko xederik. Sekula. Emadazue bakea. Aski handia naiz nihaur gobernatzeko. Zergatik ez Txatxo?

        Daniel Elgebeltz histen zihoan, Tolosak Baiona zafratzen zuela publiko berotuaren ooo eta aaa ozenez ito tabernan. Ordukoz Pontriquetik trinkili-trankala Santizpiritu zubi puntara iritsiak zirela aitortu zidan ahapez. Janaren haserrealdiak taldekideen ari gozoak malgortu zituen eta mututasunik dorpeenak hogeita bost urte iraun zuen Reduit plazako merguez urrinetan bereizi zirenen bihotzetan.