Boga boga
Boga boga
2012, nobela
224 orrialde
978-84-92468-39-3
azala: Unai Iturriaga
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1985, nobela
 

 

21

 

Donostiara eraman ninduen autobus berean itzuli nintzen Baionara. Pazko bezperan saldo koloretsuak baziren shopping egiten, bizpahiru hizkuntzatan, karriketan nagi. Xingar feria zen. Arratsaldeko laurak zitezkeen. Egiaz burumuinak nahasirik atera nintzen Txatxorekiko solasalditik. Norbaitekin mintzatu behar nuen. Kafe azkar baten premia nukeen. Bazkaltzeko ordua ihes joan zitzaidan eta Kontxako uhinen bitsaren gatza baino ez neukan ezpainetan. Zabalik zegoen lehen ostatuko kontuarrean plantatu nintzen, bizkarrez, gogoetan: Jana hila zen, hil egin zuten, eliminatu, borroka trabatzen baizik ez zuelako Poliziaren informatzailea zelako susmoaz.

        Bat-batean aurpegi ezagunaren irudiak kilikatu zizkidan neuronak: AIM erakundekoek Annie Mae Pictou Aquash indioa kalitu zuten 1975eko larrazkenean, FBIko satorra bide zelakoan. Pine Ridge erreserbako lur zoko batean elurpean ehortzirik atzeman zuten gorputza. Hogeita hamar urteotan familiak, bereziki alabek, AIMeko buruzagiei kontuak eskatu dizkiete auzitegiz auzitegi, argitasun askorik sekula lortu gabe. Lekukoak isilik daude eta bigarren eskuko ekileak dira gaztigatzen. Ordrea eman zuena mutu dago. Janaren kasuan, ikertzen hasiz geroztik nahikoa aitzinatu nintzela ziruditan. Jakileak eleka hasten ziren egokiro galdekatzean. Ardura negarra begian. Salbu Txatxo. Gudari famatua zeneko gogortasuna zaintzen zuen eta herriaren alde bermatzeak ematen zion errugabetasun sentimendu zoharraz jaukitzen zitzaidan. Halaz, Zernaitz herriko Etxepare apeza mintzatu behar nuen hilobiaren lokalizatzeko. Derrigorrez.

        Baiona Txikira lehiatu nintzen. Dei batzuk nituen, etxetik pasatzeko. Une horretan, baiki, mugikorra baliagarri zekidakeela! Krisi moral arrastiri ubel batez, Caspar David Friedrichen Der Abendstern margoa begietan eta Steve Reich minimalistaren Desert songs izeneko musika belarrietan, eskukoa birindika aurtiki nuen Errobira. Ez nuen orduan deusen beharrik.

        Pannecau zubian hedatu zuten xingar azpitik lerratu nintzen hausnarrean. Txistor eta merguez erreegien urrina zetorkidan Pelletier plazatik, Ikastolako gurasoek adelatzen zituzten taloena eta bisitariek bargoak bailiran irensten zuten garagardoarena. Binaka igo nituen apartamentura heltzeko eskailerak. Izpiritua hits eduki arren, osagarrian nintzen bederen.

        Egongelako sofan zetzan Nolwen. Eguerditan bukatu zuen gaueko zerbitzua. Azantz puska bat eginez sukalderatzean, andraidea iratzarrarazi nuen zorigaitzez. Alabaina, agondu zenean, ez zidan hain maiteminduki begiratzen.

        — Barkatu, ez nekien hor zinenik.

        — Borta jotzen ikasten ahal zenuke.

        — Etxean nago, ez?

        — Bai, bistan dena, ahantzia nuen... —eztikiago zerraikan—. Uzta ederra ekarri duzu Donostiatik?

        — Ez, berri txarrak eta tristeak baizik.

        — Zer ba?

        — Jana hila da. Erakundeak hil zuen. Nahiago ditut euskal aditzaren jasaile eta ekile moduak batera erabili gertatu zenaren agertzeko.

        — Uste duzu gramatika irakasgaiaren tenorea dela?

        Louise Ebrelen Kan ha diskan moldez harilkatu abestiekiko KDa bultzatu zuen Nolwenek. Sudur ahots harrigarri bizitoreak gozatu zigun sukaldearen eremua. Te orlegia apailatu bitartean pentsakor nenbilen: ardura hala zen, gatazka eta gerra anitzen oinarrian gramatika puntu zehatzak zeuden eztabaidagarri. Gramatikaren baliabideak ziren erabiltzen, populuak manipulatuz zapaldurik mantentzeko. Uztarturiko adiztegiak eta gramatika mingarriak zigun euskaldun gisa bizirik irautea halaber baimentzen. Ez genukeen arma, anatema, bortizkeria, oilar-joko, ez eta hurkoen baztertze zital beharrik, nor-nori-nork haren bidea ahalik gurbilen eta askeen azpiltzen ikasten bagenu sehaskatik beretik. Edari beilegiaren berotasunak monologo mentala ebaki zidan. Bi ahurren artean tinkatu nuen kikara, salbatua. Musua oparitu eta ondoan eseri zitzaidan Nolwen pollite.

        — Zernaitzera goaz. Berehala. Haritz erraldoi baten erroetan ehortzia omen da Jana. Etxepare apezarekin hitzartzeko, emadazu zure telefonoa otoi!

        — Hortxe da. Nondik duzu Etxepareren zenbakia?

        — Txatxok emanik. Garai heroiko haietarik harreman apurrak zaindu dituzte itxuraz. Eta 400.000 frankoen istorioa apeu likitsa baino ez zen! Txatxo xendrak uhertzen jostatu da.

        — Banengoen ba! Dirua ez nuen ezerekin lotzen ahal! Eta zure aurkako erasoa?

        — Ordainduko du.

        Etxepare apezaren boza lasaia eta sakona zen. Arratsaldeko zazpietan bilduko ginen Zernaitzeko baselizako kalostrapean. Ez nion salatu zertarako zen. Aski goiz jakinen zuen! Prezios eta Zoko ere helatu nituen. Lohiko jantziekin, palekin eta aitzurrekin etortzea erregutu nien. Baiezkoa ihardetsi zidaten galdera soberarik gabe. Jada Euskal Erakustokian baizik miretsi ez zitezkeen tresna herdoilduak premiazkoak genituen Janaren hilotza ahanzmenaren infernutik iradokitzeko. Irria eskapatu zitzaidan, ohe zolan aitarengandik ondare errezibitu burdin barra zizelkatua banuela nik ere haztatzean. Seietan juntatuko ginen Sanandres plazako Robber ostatuaren parean. Zokok proposatuaren arabera, Deborah-ren VW transporter kamionetan sartuko genituen lanabesak, ziuntaz Zernaitzeratzeko.

        — Hori egina.

        — Biba zu!

        Daniel Elgebeltz elerratekoa nuen. Arrunt. Bost minutu utzi nizkion Robber tabernara heltzeko. Gauza xehe zenbait argitzeko xedea neukan. Hatsankaz jin zen laurden baten buruan:

        — Pazko irian aparkatzeko diren zailtasunak badakizkizu. Nolanahika gidatzen dute Bestaldekoek. Egun astuna ukan dut, baina horrela da chiffre d'affaire delakoa emendatzen.

        Isildu zen behingoz. Garagardoa manatu zuen eta ura niretzat. Pausatuagoa zirudienean atrebitzea zegokidan.

        — Etxepare apeza zure ezagunetarik da?

        — Bai, ezagunetarik eta adiskideetarik. Marieta eta bion ezteietako meza kantatu zuen. Miresgarriki. Zergatik?

        — Zuen taldekoa zen?

        — Zen eta da, kudeatzen dudan ezkerreko alderdi abertzalearen kidea baita ere. Barne-aldizkarian parte hartzen du hilabete oroz. Maisuki idazten digu borrokaren ideologiaren teoriaz. Gu lurtarragoak gara; ekonomia eta sozial arlo erreala lantzen dugu, herrian ekoitzi herria garatu lemaren ildotik. Liberalak gara, non ez garen noiztenka neoliberalak. Norberak berea irabaztekoa du. Ez gara denak funtzionario auherrak izaten ahal, ezta? Zinez fidagarria da. Iparralde honetan sekretuak irensten dakien pertsonetan bakarrenetarik da. Pentsa!

        Etxepare itsuki adoratzen zuela argi zegoen. Txatxorengandik ikasietarik ez nion ezer azaldu Elgebeltzi. Jakin izan balu pitotuko zen, eta banan-banan kalituko zituen lagun hurbiltzat zeuzkanak. Banekien gerri aldean pistola bat zeramala, zer gerta ere. Baionako denda-zainak zerratzeko orduetan kaxaren eske jazarriko zitzaizkien ustez, atzerritar jatorriko gazte mukizuen balizko erasoen beldurrarekin bizi ziren. Beraien arteko batzarretan erran ohi zuten, oinarrizko seguritatearen bermatzeko ez zela Poliziarekin kontatzen ahal. Eta hor, bazukeen pistolaren baliatzeko aitzakia, ez gaiztaginen aurka, baizik eta mende laurden honetan adiskide minak zituenen kontra. Herensugea bere buztanaren ausikitzera bortxatua zatekeen.

        Salatu nion, hargatik, seietan Zernaitzera zuzenduko nintzela Etxeparerekin mintzatzeko. Beharbada jakinen zuela Janaren desagertzeaz zerbait. Begitartea alegeratu zitzaion:

        — Bizirik da orduan?

        — Ez dakigu. Baina xedera zerratzen doa.

        — Zure lagun emaztekoiekin joango zara apez saindu harengana?

        — Ez baldin baditu sekula bi andere edo bi gizon elkarri musuka kukuxkatu, munduaz ez dakike askorik.

        — Oraino horrelakorik!

        Janaren exekuzioaren lekukoa izan zena Etxepare? Kixuk zuena neskatxaren lepo gibelean finko arma atxikitzen? Ala zintzur hondora luzatu zion, burumuina arras zartarazteko gisa? Txatxok ez zekien. Ordrea eman eta ez zen gaineratikoaz axolatzen. Buruzagien egitekoa erraza zela marmara nenbilela, Sanandres plaza kantoian Deborah-ren Transporterra gelditzen begimendu nuen. Prezios eta Zoko jaitsi ziren, alde guztietara beha, Nolwen eta biok nondik agertuko ginen arrangura.

        — Kordokaren korapiloa askatzen lagundu didazu. Mila esker, Daniel.

        — Ez dakusat zergatik. Onenetan hoberena da Etxepare apeza. Konfiantza egiten diot begiak hertsirik, gure artean diogun eran.

        — Arrazoia duzu... Izan funtsa! Kideak aiduru dauzkat. Deituko zaitut zerbait dukedanean.

        Bostekoa inarrosi nion. Ahurra motel eta heze zuen gizonak. Ez nintzen nitaz biziki harro, gezurra ez ahoskatu arren, ez niolako egiaren osotasun ankerra bihikatu. Nik ere banekien sekretuak zaintzen.

        — Erran diozu? —huraxe izan zen Nolwenen lehen kezka.

        — Zer?

        — Jana hila dela.

        — Ez. Aski goiz jakinen du.

        Soa kamionetaren atzealdera makurtuz konturatu nintzen baratzegintzako tresnaz mukuru zegoela. Ehun mila hilarrietako lurra iraultzen eta beste hainbeste zulo irekitzen ahalko genituen. Euritakoak, lokatzean lanean aritzeko jantziak, botak metatuak ziren desordenatuki, bai eta argizaiolekiko proletario burukoak ere. Guztiak gureak ziren. Deborah bolantean zen, Scully belaunetan. Zoko eta Prezios aurreko jargietan nekez kabitzen ziren, gibelean umetzen nindoala Nolwenen besoetan. Misterios zetorkigun Ilse Traumberg psikologoa ondoan genuen. Eskifaia galanta ginen. Eta deliberatua. Deborah bazterrak leuntzeko jaioa zen:

        — Musika pixka bat?

        — Zorabiatzen garela ahanzteko?

        — Scullyri gehien gustatzen zaiona... —bizkitartean ttette beltzaran sotilak txanpa minimoaz saritu zuen bere etxekoandrearen aipamena.

        Tracy Chapmanen ahots beroak beribila hantu zuen kasik Zernaitzeraino. Autobidean, eskuak bata bestearen sorbaldetan pausatuz, denbora ilunetako himnoa bailitzan, kantaren erritmoan urtu ginen gu ere:

        — All what you have is your soul...

        — Inxala!

        Zokoren desira auhen hegaldatu zen. Lanabesen azantz metalikoa oihar zebilkigun Zernaitzerako bihurgune bakoitzean. Nire ondareak ikusi nituen kulunkari: aita zenaren dailua eta burdin barra. Eta ez nion estatuari herentzia-zerga izpirik ordaintzen. Net benefizio. Smile.

        Euri ezkela ari zuen. Zernaitzeko plazan giltzatzeke abandonatu genuen ibilgailu kargatuegia. Hiru urratsetara zegoen baseliza. Ausartzea zegokidan.

        — Bakarrik noa.

        — Oihu egizu, beharrean!