Mutuaren hitzak
Mutuaren hitzak
2005, nobela
192 orrialde
84-95511-75-4
azala: Sonia Uribe
Hasier Etxeberria
1957, Elgoibar
2017, Donostia
 
2007, nobela
2003, nobela
Mutuaren hitzak
2005, nobela
192 orrialde
84-95511-75-4
aurkibidea
 

 

TIRO

 

Eskisaroi ostatuan hogeiren bat mahai daude, eta haietatik preziatuenak, ibai gaineko beirategira ematen dutenak. Horietako batean hartu du Joaquin Aldazek Damian. Eserlekurik onena eskaini dio, gainera, bera ibaiari bizkar emanda geratu baita, Damiani eskainiz, zubian behera, ibaiak sortzen duen ikuskizuna.

        — Nor izan zuan hiretzat Senpe —galdegin dio deblauki Damianek—. Zer eduki huen harekin?

        — Aspalditik hasi behar nindukek. Biak gazte ginenetik.

        — Ba, hasi.

        — Zertaz?

        — Heuk hil dualako.

        — Nola dakik hik hori?

        — Badakidalako.

        — Ezin duk inoiz gertatu gabekorik jakin.

        — Bazakiat, ba. Zoritxarrez.

        — Ez nauk ni izan. Hitz ematen diat.

        — Hire aginduz, bederen.

        — Zertaz uste duk hori?

        — Besterik ezin delako izan.

        Pello sukaldariak ekarritako onddoek eten dute jarduna. Joaquinek gainerako mahaietara jarri du begirada, baina, asteguna denez, frantses senar-emazte galdu batzuk baino ez ditu ikusi jangelako beste aldean, hiru edo lau mahaitan barreiaturik. Berehala etorriko direla oilagorrak, esan du Pellok. Bere lagun Zaldunbeitik ehizatutakoak direla, Belate inguruko zelaietan. Urteko lehenak direla eta balitekeela tente samarrak egotea oraindik. Labean apur bat xigortu baizik ez dituela egin, gainetik tipula eta txokolate saltsa batez estaliz.

        Joaquinen keinu batek eraginda, ospa ihesi itzuli da sukaldera. Batzuetan urrutitik sentitzen da norbera dagoela traban eta ez dela estakuruen beharrik, sutea piztuko den lekutik alde egiteko edo, bederen, laba jaurtitzen hasiko den sumendiaren itzalpetik ezkutatzeko.

        — Itxurak itxura, ni bezalako oilo koloka huen Senpe ere. Zer uste duk hik, oraiko jendearena baizik ez dela gu bezalakoon kontua? Halaxe uste duzue dena, zeuek ezagutu duzuen artio, ez dela izan ja ere munduan. Adan halakoak! Zenbat denbora daramak Baztan alde honetan, hiru, lau hilabete? Dagoeneko dena badakik, ezta hala? Baduk hemengo berri, ezta hala? Badakik nor naizen, badakik nola ibiltzen den barridea. Nortzuk dituk hemen hire lagunak? Bakearen bila etorri hintzen, norat eta artista ero batengana. Segur aski, hire aberriaren luzapen bat duk paraje hau. Zoragarria iruditzen zaik. Belai eta mendi, denak zein bere tokian paratuak, xuxen. Zakurrak saingaka bazterretan. Nola erraten da, parke tematiko bat? Behi, ardi, erreka garbi eta guzi. Nola erdiesten duk hori, nola egiten duk parke tematiko bat? Erradak, zer neurri dik hire aberri horrek, zenbat metro koadro dizkik hire Euskadi bedeinkatu horrek? Neronek erranen diat egia, gizon baten aberria bere begiek ikusten dutena duk. Ez gehiago, ez gutiago. Hauxe duk nerea, herri eta zoko hauek denak. Neroni nauk hemen errege. Ez nauk frantses, ez nauk espainol, ez nauk eskualdun eta ez nauk nabartar. Deus ez nauk eta dena nauk. Neroni nauk Baztan. Izokin alu batzuek kezkatzen haute. Neronek sartu nizkian errekan, kanpotik ekarririk. Hartza bezalakoak dituk horiek, eduki izokinak errekan, paratu lauzpabortz artista bizitzen inguruan, eta ikusiko duk jendea ziudadetik helduki ur garbien bila. Jendea behar diat nere aberrian. Nondik, bertzenaz? Hik ez dituk ezagutu gure garaiak. Sartzen zaik gosea egun batean eta ez zaik ateratzen hil artio. Bi gerra, hemen eta han. Jendea gibelerat eta aitzinat ibilki. Saltzeko puskak batetik bertzera. Baditiat hotela, etxeak, gasolindegia, jatetxeak, harginak, kamionak eta botikak. Horiek dituk nere podereak. Nahi duena ematen zioat nik jendeari, bertze inon ez daukana. Ze inporta zaik hiri Senpe zaharra? Ze inporta nik harekin izandakoak? Basurde izitu bat huen, nerekin egon izanaz damutua. Zer egin behar nian, Iruñerat edo Donostiarat joan maritxu bila? Nik gizonak maite dizkiat, badakik hori lehenagotik, gizon egiazkoak eta mendikoak. Senpe bezalakoak, gizon ez direla uste izateak izitzen dituen horietakoak. Zertako behar zian hasi izokinen kontua barrandan hedatzen? Zertaz ez zian sekula onartu nere konfiantza?

        — Horregatik hil huen, beraz.

        — Erran nahi duan bezala, baina nik ez nian Senpe kasatu.

        Onddo nahaski beroaren arrastoa oraindik ahoan, Damian, aulkia atzerantz botata, zutitu egin da. Hitzik gabe begiratzen dio Joaquini eta konturatzen da zerutik infernurako aldea, zaldi baten zurda meheak erabaki dezakeela. Joateko imintzio egin duenean, Joaquinek hartu du hitza berriro, baina oraingoan, Damiani begiratu ordez, omeleta platerean galdurik begiak.

        — Lakoizketarena hor duk osorik. Nik ez diat behar, bota edo erre eginen diat. Eraman nahi baduk, eramak, kanpeon.

        Damianek ez dio fitsik erantzun eta, irteerarantz jiratu denean, Pellok zekarren oilagorrez betetako azpila bota du ia.

        Eskisaroiko atetik estanko baten bila abiatu da Damian kalean behera, konturatu ere egin gabe hiru hilabete baino gehiago direla La Paz zigarro pururik ez duela erretzen jada, eta arratsaldeko ordu horietan dena egoten dela itxita Elizondon, beste leku guztietan bezala. Baita estankoak ere.

        Iparra galduta doa ibaiaren ondoko karrika paraleloan, pauso azkarrean, arnasarik ere ez duelarik ia biriketan. Dena irensten dio irudimenean lekua hartzen ari zaion beste gizonezko sendo batek. Gaztea da, masusta multzo baten antzeko legen ikaragarri bat dauka aurpegiaren erdian eta Anton Apezetxea, ospitalean ezagututako aitonaren begietatik, egiten du oihu Joaquin Aldazen ahotsa erabilita,

        — Gora heu kanpeon!

 

 

«Erretzen hasi naiz ostera ere. Alde batera lotsatu egiten naiz nire buruarekin, baina, bestera, poza hartu dut kearen atseginarekin. Zerbait behar nuen. Iruditzen zait ez diodala utziko gehiago eta beti egongo naizela akabatzen nauen ke honetatik zintzilikatuta. Aldaba medikuari ez diot esango erretzera itzuli naizenik. Oraingoz ez.

        Lupek telefonorik hartu nahi gabe jarraitzen du nirekin. Ez dakit bere ama edo nor den deiak jasotzen dituena. «Lupek ez du zurekin hitz egin nahi...» esaten dit irmoki, baina, amaitu baino lehen gaineratzen dit «...oraingoz». Hitz horrexen atakaren itxaropenari helduta bizi naiz egunotan. Ez dakit Lupek onartuko nauen edo ez eta, onartuta ere, ez dakit neuk hori nahi ote dudan benetan. Haurra bai, hori erabakia dut, haurra nirea izango da, nire semea edo alaba. Gertutik edo urrutitik, ez diot Luperi bakarrik utziko horren ardura. Halakorik ere ez nuen egiazki nahi, baina hortxe da atean kax-kax. Ez dago itzultzerik. Iruditzen zait, gainera, aurpegia ikusten diodanean, hasiko naizela neu ere gainontzeko aita guztiek sentitzen dutenaren antzeko zerbait sentitzen. Itxaropen horixe daukat, bederen, gertakizunak azpian hartu nauen honetan.

        Ez dakit kontu zaharren berri, ez naiz sartuko bi gizon basurderen artean gazte garaian gertatutakoaz. Ez ditzaket irudika Senpe eta Joaquin elkarren ferekan. Irudimenak ez dit ematen. Nire aita baino zaharragoak biak, hemen, Baztanen halako lanak hartuta. Ez zuten edukiko bizimodu gozoa.

        Ibiliko ziren elkarrekin kontrabandoan, gauezko lanean, mendian gora eta behera, eta uda beroan, iratze lehorretan atsedentzera emanak, edo leize batean guardien zelatan, nabarituko zuen batak bestearen eskua azalean barrura. Nabarituko zuten ez zirela Elizondoko edo Arizkungo gainerako gizonen antzekoak. Eta izerditan blai, batak bestearen usainetan hartuko zuen atsegina. Nor ote bietatik emakumea?

        Biak anker, biak zakar, biak mendikoak. Begietan eta ahotsean eraman uste zuten marka ezkutatzen pasatuko zuten bizimodua. Euren lekuan arrotz, beti zelatan. Senpek nahiago zuen basoa eta mendia Aldazenea baino, eta irudikatzen dut Joaquin, Senperena zaharra bere alboan eutsi ezinik, haragi eta bihotz minetan itoa.

        Badakit, hala ere, Joaquinek hil duela, azkenean, Senperena. Pedro perutarrak egingo zuen hori, Arraiturre inguruan. Beste inon ez da errododendrorik Baztan alde guztian. Hantxe erdi akabatu eta, gero, Senpek egunero ikusten zuen putzuan botata utzi gorpua. Lepoa egingo nuke kontu eskean joan zitzaiola Senpe Joaquini, izokinen gaiarekin, eta oraingo kontuak eta zaharragoak, denak bilduta, gertatu zela gertatu beharrekoa.

        Nahastuta nengoen, Txertetxa belarra ugari da bazterretan, baina izokina Chinook motakoa da, eta ez bertakoa, Joaquinek nonbaitetik ekarria. Kanada aldetik, seguru asko. Odolean dakar, berez, arrain horrek hainbesteko metal kopurua. Datorren urtetik aurrera besterik ez da geratuko Baztan ibaian: berak jango ditu beste guztiak, bertako izokin, loina, amuarrain eta ezkailuak. Horiek amaitutakoan, kideak erasotzen eta jaten hasiko da. Ez da giro izango ur hauetan. Izugarri gogorra da izokin mota hori eta arrazoi du Joaquinek, urak apur bat kutsatu eta zikindu arren, gogor eutsiko dio arrain horrek ibaian eta postal turistikoetan.

        Konturatzen naiz, baita ere, Otsoeneko denborak amaitu zaizkidala. Udabeteko hau garairik txarrena da Zorionara itzultzeko. Hondarribiko Golfa eta inguru guztiak turistaz beterik izango dira egunotan. Txapelketa garrantzitsuenak oraintxe izaten dira, makilak hartu eta denak, tak eta tak, balak airera, gainera nori eror dakizkiokeen pentsatzen jarri ere egin gabe. Asesinoak».

 

 

Asesinoak hitza idatzi duenean, eten egin du idazketa. Leonen ondoko gelan, taupada bat entzun du eta Argosek ere egin du intziri mehe bat airean.

        Arratsa da Arizkunen eta eguzkia ezkutatzearekin bat, kale eta auzoetako zaratak handitu egiten dira. Ezkilak eta txintxarriak, traktore soinuak, urruneko moto baten durunda... denak egiten dira present egunez ez bezala.

        Azkar jaiki da Damian eserlekutik eta Leonen atea ireki du, aurrez kolpe arin batzuk emanda. Lurrean aurkitu du ahoz gora gizona, besorik gabeko elastiko urdin bat bakarrik gorputzean jantzita. Ez daroa besterik, ez eta sexua ezkutatzen dionik ere.

        Lehenengo begiratuan gauza harrigarria etorri zaio burura Damiani, iletsua dela pentsatu du, bere aldean behintzat, guztiz iletsua. Zangoetan, zakilaren inguruan, agerian geratu zaion sabel aldean, sorbalda eta besoetan, bilo bel-beltzak eta ugariak ditu Karrikak. Harritu egin du horrek Damian, eta konturatu da laguna biluzik ikusi gabea zela sekula.

        Gero haren begiei erreparatu die: zabalik daude sabaira begira, baina aurpegiko zurbildurak eta, batez ere, ezpainetatik irristatzen zaion apar ugari batek eman diote aditzera lagunak begiekin ez duela ezer ikusten ahal.

        Leon Karrikak ez du erantzuten eta estutu egin da Damian. Ezpainetara hurbildu dio belarria. Bai, arnasa badu oraindik.

        Pauso azkarrez hartu ditu atarirako eskailerak eta, handik, Baleztenera. Anbulantziari deitu diote lehenbailehen etor dadin.

        Maria etxekoandreak eta haren alabak lagundu diote Leonengana, baina, gelan aurrera egin baino lehenago, apur batean atean itxaroteko eskatu die Damianek. Ohearen beste aldean botata aurkitu duen pijama galtza motz bat jantzi dio, zela-hala. Orduan sartu dira emakumeak eta burua altxatu diote apur bat Leoni lurretik. Usain itzela dago gelan: gizon izerdituaren usaina. Sukaldetik ura ekartzeko eskatu diote Damiani emakumeek, eta eskertu egin du agindua, berak ez baitaki zer egin behar izaten den hiltzera jarritako gizonekin. Anbulantzia bidean izango da.

        Telefonoa hartu du eskuetan eta Mirariri deitu dio Ziburura. Hirugarren tutuan jaso du Leonen emazteak. Albistea entzun duenean, ea Leon anbulantzian nora eramango duten galdetu du. Ez dakiela, Damianek, Irungo Komarkalera edota Iruñeko Ospitalera. Dakienean deituko diola berriz.

        — Nola gertatu da?

        — Ez dakit, bere gelan zegoen eta zarata bat entzun dut...

        — Bat-batekoa izan al da?

        — Ez, denboralea zeraman gero eta okerrago.

        — Zergatik ez didazu lehenago deitu?

        — Ez naiz ausartu.

        — Mozoloa zara! —eta, klik, eskegi dio telefonoa.

        Anbulantzia atean da, Irunera eramango omen dute, hurbilago geratzen da eta. Erizain batek galdetu dio Damiani nola gertatu den eta honek, morfina hartzen duela esan dionean, «!Me cago en la leche!» batek, egin dio ihes, beste erizain bati agindu baino lehen «Ponle una B12 intravenosa, a toda hostia, que se nos muere».

        Junkal joan da Leonen ondoan anbulantzian.

        Damianek telefono zenbaki bat apuntatu du papertxo batean eta jarraian Balezteneko Mariari eskatu dio mesedea, deitzeko otoi Leonen emazteari zenbaki horretara, eta esateko Irunera eraman dutela, eta ez Iruñera.

        Gero, denek alde egin dutenean, ohean etzan da ahoz gora. Astia hartu du konturatzeko, Argosek Leonen ate parean jarraitzen duela etzanda.

        Lehenengo gaua du bakarrik Otsoenean, eta azkena.