Mutuaren hitzak
Mutuaren hitzak
2005, nobela
192 orrialde
84-95511-75-4
azala: Sonia Uribe
Hasier Etxeberria
1957, Elgoibar
2017, Donostia
 
2007, nobela
2003, nobela
Mutuaren hitzak
2005, nobela
192 orrialde
84-95511-75-4
aurkibidea
 

 

BELE

 

Goizero Indianoaren etxera joateko ohitura hori errotu egin zaizu zainetan, Damian. Esazu egia. Liluratuta zaude etxearekin eta liluratuta zaude gizonarekin, Joaquin Aldazekin.

        «Heure etxean hago» esan, eta Lakoizketaren belar bilduma eta idatziak gordetzen dituen salan bakarrik utzi zintuenetik, zeure egiazko lekuan egoten zarela ederki dakizu. Usaina, argia, belar-kutxak, beirategiak, eskuizkribuak... dena zaizu laket. Zeure etxean bezala zaude hemen, ezta, Damian? Ala, han baino hobeto egoten zarela esan behar ote nuke? Zorionan baino zorion gehiago kausitzen duzula hemen?

        Aldazek etxe osoa erakutsi zizun, edo ia osoa. Salaz sala ibili zineten jauregian, pinturen lekuan lehenbizi, liburutegian gero, eta, azkenik, Lakoizketari eskainitakoan. Korridore argitsuetan barrena, altzari ingeles eta frantsesak nabaritzen ziren nonahi, brontzezko eskultura klasikoak eta berriagoak ere bai, material ezberdinez egindakoak...

        Gehienak inguruetako artisten lanak ziren, baina baziren ospetsuagoenak ere. Arteaz gauza handirik ez dakizu, baina ez da aditua izan behar, bazter batean, eroria bezala, Oteizaren kutxa metafisikoetako bati erreparatzeko. Hala ere, gehien harritu zintuena, korridore baten amaieran ikusitako koadro bat izan zen. Hura, edo, behinik behin, haren oso antzekoak ikusiak zenituen katalogoetan. David Hockney-ren aspaldiko piszinetako bat zen, eta bat-batean otu zitzaizun oraindik ez zeniola neurri egokia hartu Joaquin Aldazi. Hockneyren lanak baldin bazituen etxean, bazitekeela zeu baino gazteagoa izatea gizon zahar hura.

        Koadroa atsegin zitzaizula esan zenionean, beste bi lan txikiago ere bazituela erantzun zizun, tartean autoerretratu bat, gazte zenekoa. Erakutsiko zizkizula geroago, bere logelan zintzilikatuta. Egia esan behar bazuen, Hockneyren lanak asebetetzen zuela denen artetik gehien, baina, zoritxarrez, garestiegiak zirela berarentzat.

        Noiz edo behin emakume txiki xamar eta beltzaran bat ikusten zen atzera-aurrera, eta Senperen hileta egunean autoa gidatzen ikusitako hegoamerikarra ere ikusi zenuen, plastikozko zorro batean zekartzan erosketak sukaldera eramaten. Biek ala biek ez zuten zaratarik batere egiten harat-honatean. Ematen zuen lurrik ere ez zutela ukitzen pausoarekin.

        Joaquinek ez zizun deus esan haiei buruz, baina afaltzera geratu zinen egun batean konturatu zinen, hiru haur ere bazirela etxe hartan, eskolatik bueltan etorriak. Gaizki diot, haur haiek ez ziren etxe hartakoak, ondoko etxe txikiago batekoak baizik. La casita esaten zioten eurek, Arraiturre izena ateburuan zizelkatua bazuen ere. Han bizi zen zerbitzarien familia: ama, aita eta hiru seme-alaba. Katalina eta Moises, Idurmendiko zure auzoak, etorri zitzaizkizun gogora haiek ikusitakoan. Joaquin Aldaz zaharra zen zure aldean, jakina, baina bazeukan zeurekin antzekotasunik: gizona bakarrik, mirabez inguraturik. Ganorazko deus antolatu ezin duenaren patua.

        «Gizona ez da kapable bakarrik bizitzeko, Damian» esan zizun Joaquin Aldazek, «Nerekin daude azkeneko hamabi urteotan eta zinez erraten dizut ez duzula harrapatuko munduan jende peruanoa baino zintzoagorik, leialagorik, langileagorik. Egiezu keinu bat eta prest duzu dena, dela jateko, dela edateko. Manaiezu zerbait eta harrituko zara holakoen prestutasunarekin. Ez, munduan bertze inon ez da halako jenderik».

        Afariak erakutsi zizun Joaquin Aldazi buruz susmatzen zenuena egia zela. Gizon hura ez zen edonor, gizon hura ez zen edonolakoa. Kotoizko alkandora zuri batez jantzirik agertu zitzaizun jangelara eta, ohi ez bezala, galtzetan sartu gabe zekarren alkandora apaina, lihozko galtza ilunen gaineko aldetik arnasturik. Egiazko indianoa zirudiela pentsatu zenuen istant batez, baina haren oinetan ezarri zenituenean begiak, Marrakexen usu ikusten diren urre koloreko babutxa landuak ikusi zenizkion, eta une hartan erabaki zenuen inor ez zeneukala hain dotorerik zeure inguruan. Nolabait esateko, gizon hark berak hartzen zituela erabakiak, inori begira egon gabe. Zekarren jasa ez zitekeela izan inon ikusi edo ikasitakoa, adorea eta segurantzia ere behar baitziren, horrela jantzirik, eskuan makila eta buruan txapela, agertzeko. Eta, bai, bi horiek ere bat egiten zuten Elizondoko zahar batengan sekula usteko ez zenuen dotorezia itzelarekin. Aurpegi zartatu haren begiek, argi egiten zizuten, garbi, hortz zuri-zuri irribarretsu batzuen gainetik.

        — Zenbat urte ditudala jotzen duzu? —galdetu zizun, bat-batean, Jurançon ardo zuri bat ireki eta zerbitzatzen zuelarik.

        Arnas egin zenuen. Ez zenekien mila edo ehun esan behar ote zenuenetz, eta, badaezpada, hirurogeita hamarren bat edukiko zituela esan zenuen.

        — Gehiago, aunitzez ere gehiago —erantzun zizun.

        — Hirurogeita hamabost —esan zenuen orduan.

        — Gehiago, oraino ere.

        — Ehun! —esan zenion barre artean. Ez zenuen nahi hankasartzerik.

        — Horrenbertze ere ez!

        Eta hor zaude orain, zenbat urte dituen jakin gabe, ardo zuri azukrezkoa eman baitzizun gero edalontzi fin batean.

        Asmatu, agian bai, asmatuko zenuke, baina zehatz jakin ezinda zaude zenbat diren Joaquin Aldazen urteak. Eduki ditzake hirurogeita hamasei, edo eduki ditzake laurogeita hemeretzi. Ez dakizu. Hurrik eman ere ez, Damian. Egia esan, bost axola horrek zuri. Senpere zenaren adina izanen du, gutxi gorabehera. Laurogeiren bat edo. Futitu egiten zara kontu horretaz.

        Janariaz eta edariaz apur bat bazenekien zeuk ere, baina halako gutiziarik! Sukalde frantsesa izan zen ia guztia lehenengo oturuntza hartan, hasi ahate-gibeletik, segi Borgoñako ardo lodiekin eta amaitu Chartreuse usain ederrekoarekin. Eta gogoeta inozo bat ere egin zenuen globalizazioari buruzkoa afari hartan; hauxe izango duk benetako mundializazioa, pentsatu zenuen, perutar batek egindako sukalde frantsesa, Elizondoko jauregi indiano batean eserita dastatzea. Agure batekin.

        Baina esazu gehiago ere, esazu noraino egin zenuen bat Joaquin Aldazekin egun hartan, eta harrezkero ere bai. Esazu behingoz aurkitu zenuela gizon zeuretzako moduko bat, jakin-minez eta ahalmenez aberats, adinean aurrera egina izan arren, benetan lerden. Errazu egia, Damian. Aitor ezazu Joaquin Aldazek eragiten zizun lilura berria kitzikagarri zitzaizula zeharo. Errazu nola, halako batean, ez zenion jada gehiago ikusten dena itsusten zuen aurpegiko orban itzela. Lagun bihurtu eta nola kontatu zenizkion baita zeure gogoeta ezkutukoenak ere: nola izutzen zintuen lehengora itzuli beharrak, nola atsegabetzen zintuen Abiadura Handiaren itzalak, nola itotzen zintuen Luperen eskeak eta, aldi berean, nola irensten zintuen Zorionan bizi beharko zenuen bakardadeak. Denak esan zenizkion, bat bera ere lotsaren hegaletan gorde gabe.

        — Eta Leon Karrikarekin zer gisa? —galdegin zizun berak, zuk horrelakorik espero gabetan.

        Chartreuse kopa kristalezkoari heldu zenion bare. Sudurpean jarri eta haren lurrinak erre zizkizun ziloak biriketaraino. Gero, suzkoa bailitzan, ezpainetatik mihira eta aho guztira iraganarazi zenuen, artetsu. Eta hodian behera, urdailerainoko bidea nola egiten zuen antzeman zenuen, labak bezala, denak aurrean hartuta. Eta handik odolera ere nabaritu zenuen, burura iritsi baino lehenago.

        Tarte hori guztia profitatu zenuen zer esan eta zer erantzun erabakitzeko. Aldazek, ordea, bazekien, ordurako, ez zeniola Leon Karrikari buruzko fitsik esango. Ganorazkorik behintzat ez.

        Osin bat, putzu bat, nola margotu asmatu ezinik zebilela erantzun zenion. Horrexen sukarrak harrapatuta zebilela aspaldian, basurde baten antzera.

        Eta, azkenez, afaria ordaindu nahi izan zenion Joaquin Aldazi, nolabait.

        — Ez da gozo haren alboan —aitortu zenion.

        Gero, mintzagaia aldatze aldera, elkarren arteko adin tartea zela eta, hika hitz egin ziezazukeela esan zenion, hala nahi baldin bazuen, behintzat. Eta baietz, berak, baldin eta zeuk ere egiten bazenion toka.

        — Andrea garai eta toki guzietan beti andre, Damian —esan zizun, salara bidean, bigarren kopa eskuan, lepotik helduta zindoaztenean—. Begi berriekin ikusi ohi dik gizonak emaztekia, baina beti duk bera eta berdina, Evaren garaietatik. Hire Lupe horrek ere denen gauza nahi dik beretako: babesa, gizonaren defentsa, betiereko bakardadea eramaten lagunduko dion norbait... Nik nahiago dizkiat, aunitzez ere, gizonak.

        Eta zeure bizkarrean zintzilik zeraman besoak pisu harrigarria hartzen zuela sentitu zenuen, lehenago ez bezala. Dardaratze sotil hura ere nabaritu zizun gorputzean Joaquinek.

        — Ez hadi kezkatu, Damian, nere gose guziak apalduak dituk ja. Segur haiz nerekin. Goizegi sortu ninduan gauza onerako.

        Hitzik aurkitu ezinda, homosexualitatea norberaren gauza dela esan zenion. Zuri emakumeak zaizkizula laket, eta besteen kontuak ez direla zureak. Politikoki zuzena izan nahi zenuen gizonarekin. Eta barre egin zizun berak. Algara zabal batek egin zion ihes. Ohartzen zinen gizon hura futitu egiten zela bere homosexualitateari buruz zuk eduki zenezakeen iritziaz. Futitu egiten zela gainerako guztiek eta munduak bere osotasunean gai horretaz eduki zezaketen irudipenaz.

        — Damiantxo, Damiantxo —hasi zitzaizun—, beranduegi duk hi nitaz deus entenditzen hasteko, nik bizi izan ditudanez jabetzeko, bi gerra tartean. Hetsi begiak eta pentsatu, ni bezalako gizon bat, hemen Elizondon, orain dela hogei, hogeita hamar, berrogei urte. Lerden eta sasoineko. Erradak zer ikusten duan begiak hetsita. Kontatu inguruko eliza eta gurutze guziak. Erradak ze bizimodu behar zuen izan nere iduriko oilo koloka batek horrenbertze oilarren artean.

Eta Luis XVI tankerako besaulkietan esertzen zineten bitartean, jabetzen hasi zinen bazitekeela zurea baino bizimodu negargarriagoak ere izatea munduan.

        Orduantxe etorri zitzaizun ustekabeko erantzuna:

        — Bertze guziak baino gehiago oilartuz!

        Eta zurrut egin zion Joaquin Aldazek kopari.

 

 

«Ezinezkoa den arren, lehendik ezagutzen nuela iruditzen zaidala aitortu diot, azkenean, Joaquini. Bere bisaia ez dela berria niretzat. Ez dit batere jaramonik egin, ordea.

        Lakoizketaren lanei begira pasatzen ditut orduak eta orduak. Gozamena itzela da niretzat. Goizean goiz joaten naiz Joaquinen etxera, eta Lakoizketaren salan igarotzen dut goiza osorik. Arratsaldea ere bai, ahal baldin badut, bederen. Pedrok edo Matildek, hutsik gabe, goizeko hamaiketan ekartzen didate kafe beltz bat, gozokiren bat alboan duela. Joaquin han inguruan baldin bada, neuk ere hantxe bazkaltzen dut ia beti berarekin. Eta, bestela, hotelera, han ere egoten baita sarritan Joaquin. Edota Elizondoko Eskisaroi jatetxean. Uste dut berea duela ostatu hori ere.

        Eskuzabala da, zinez, gizona. Ez kezkatzeko esan dit behin baino gehiagotan, eskua sakelara eramaten ikusi nauenean. Geratzen zaion bizitza apurra ez dela aski dauzkan guztiak ahitzeko. Berriz jaio eta berriz hil behar lukeela pare bat aldiz horretarako. Ez daukala senitartekorik, ez daukala nori utzirik eta ez kezkatzeko ezerengatik. Ohorea dela berarentzat, ni bezalako beste bildumagile bat, Lakoizketaren lanen artean arakatzen ikustea. Lotsatu ere egiten naiz hainbesteko losintxa eta artapenekin.

        Leon arratsetan bakarrik ikusten dut. Goizean esnatzen naizenean, altxatu gabe egoten da bera oraindik. Baleztenera ere urritu ditugu ikustaldiak. Ez dago modurik. Beti badu zerbait. Esango nuke gero eta dagoela etsiago, utziago. Ez dakit hari zer esan eta harekin zer egin. Hurbildu natzaion bakoitzean, sugeak bezala egin izan dit kosk. Osinari buruz ere ezin diot galdetu. Egindakorik ere ez dit orain erakusten eta, lehengo batean, Ez dago hemen hartu eta nola zartatzen zuen ikusi nuen. Espantua izan zen hura, ero baten jokamodua.

        Jada ez da morfinaren kontua bakarrik. Mina ez zaio oraindik lepotik joan eta handitu egin du dosia. Ez duela berriz kirofanoan sartu nahi, dio berak. Alferrik dela. Minarekin biziko dela beti.

        Ez dakit zenbat hartzen duen. Asko, esango nuke. Gehiegi. Baina, diodan bezala, ez da hori bakarrik. Jota dabil gizona. Badu beste zerbait. Ez naiz ausartzen Mirariri Ziburura deitzen. Azkena litzateke niretzat. Garbitu egingo ninduke Leonek. Arrazoiarekin.

        Joaquinek esan dit hiru edo lau aldiz, uzteko Leonen etxea eta joateko Indianoarenera, kabituko naizela hamar gelako etxe hutsean. Ezetz erantzun diot, ordea. Inoiz baino gehiago behar duela Leonek alboan norbait.

        Egia esan, horrexek eusten nau Arizkunen, Leonekiko kezkak. Eta Lakoizketaren lanak ere bai.

        Atzo amaitu nuen haren kaieretako bat. Berak euskaraz Ubanarea deitzen duen landarearen izurriteari buruz ari da. Mahatsa erasotzen duen Peronospora mildiew, Oidium tukeri, Pucinia fair eta antzeko alga bizkarroiez. Eroa behar zuen, zinez, Lakoizketak, ezen eta horiek guztiak, eta horrelakoak, Jainkoak bidalitako izurriteak direla baitio, hain zuzen ere, Jainkoa behar bezala gogotan hartu behar dugula kontura gaitezen:

        La enseñanza es dura, implica pérdidas, cuyas cifras aterran; pero es necesaria para que el hombre vuelva a reconcentrar su atención en el autor de su vida de quien se creía independiente, y venciendo á sí mismo cumpla su misión en la tierra , que como dice el P. Astete con admirable laconismo, se reduce a servir y amar á Dios sobre todas las cosas. Para esto, la Providencia, sirviéndose de las leyes de la naturaleza y de las mismas conquistas que el hombre ha hecho en el tiempo, nos manda, cuando le place, esas terribles plagas, con que haciendo sentir su soberano poder exclama: «aquí está el que es», y convirtiendo los principios más abstractos en verdades experimentales, cura las aberraciones de nuestra pobre inteligencia y fortifica nuestra débil voluntad, dirigiéndola á su verdadero objeto que es el supremo bien, Dios mismo. Demos gracias á Dios por tanto amor, y loado sea también porque me ha dado la gracia de terminar este pequeño trabajo. Laus Deo.

Ubanareak beste kaier batean ere aipatzen dituela ikusi dut. Bihar ekingo diot horri. Nik uste, Senpe zenak erakutsitako izokin berriak, horiexen bidez izango duela argibidea. Izatekotan».

 

 

Leonen kezkak eta Lakoizketaren lanak eusten zaituztela hemen diozu. Nor nahi duzu engainatu, Damian?

        Leonek eta zuk aspaldi hartu zenuten hondorainoko bidea. Denbora kontua baizik ez da, behea jotzea. Badakizu hori. Neuk baino hobeto.

        Zer egin behar duzu, bada? Leonek ez zaitu ondoan nahi jada. Soilik Argos nahi du alboan. Huraxe nahi du berarekin pintatzera joaten denean. Ixilik egongo den norbait. Ez dakizu nola, baina egia esanda, ez dezakezu deus. Orain hura dago mutu.

        Bart elkarrekin afaldu zenuten ohera baino lehen, Otsoeneko sukaldean. Gutxi behar duzue kontsolatzeko: lau hitz baizik ez elkarri, lau hitz ganora gabeko. Lau hitz, elkarren berri ezkutatzeko.

        — Oh putain! Gozoa zagok benetan omeleta!

        — Non aurkitu dituk zizak?

        — Pintatzetik itzuleran. Argos joan duk sasitza batera zerbait usmatuta, eta hantxe ikusi ditiat, hori-hori.

        — Zer pintatu duk gaur?

        — Hasieran bi baino ez ditiat ikusi, baina ondoko malda batean agertu dituk beste guztiak. Elkarren ondoan sortzen dituk beti horiek.

        — Zer pintatu duk gaur? Osinarekin jarraitzen duk?

        — Atzo ere handixe pasatu ninduan eta ez nian deus ikusi. Bart aterako zituan...

        Isilik hobe, Damian. Berak ere ez dizu ezer galdetzen. Zertarako ahaleginetan ibili? Utz ezazu bakean. Eta aspertzen bazara, alde hemendik. Badakizu itzulerako bidea.

        Ala, beldurra ematen dizu laguna era horretan bakarrik uzteak? Zeri zaude itxaroten? Zer gertatu behar da hemendik aurrera Leonekin? Noiz hartuko duzu aurrea eta deituko diozu behingoz Mirariri, edo Leonen alabei, besterik ez bada? Ala horrek ere zaitu kezkatzen, haiei deitu eta inortxok ere kasurik ez egiteak? Senarraz eta aitaz kokoteraino daudela egiaztatzeak? Esazu zerk zaituen hainbeste izutzen, Damian.

        Horixe izango da, lagunak zu bakarrik zaituela ikusteak kezkatzen zaitu. Zeurea izatea haren ardura. Uste gabeko zama. Zeuk hartu behar izatea haren erabakiak. Nork eta zeuk, Damian. Bere buruarekin ezin duenak konpondu behar inorena. Kaka zaharra, ezta, Damian?

        Oroit zaitez nola etorri zinen zeu hona. Ospitaletik irten berritan, ia mutu, txindurrientzat baino beste inorentzat adimena ezarri ezinda. Mutu, bai, eta gor, eta itsu. Nahi zenuena bakarrik bistan: Natura maxime miranda in minimis.

        To orain natura. Hortxe daukazu zain, kimika apur batekin. Begira iezaiozu hurbil-hurbiletik, miranda in minimis. Espezie berri bat duzu, Leon Karrika deitzen da. Eri dago, behea jota dago, morfina hartzen du, hegalak apurtuta ditu, baina ihes egiten dizu, hala ere, eskuetatik. Ezin duzu deus, ez duzu harentzat moduko hiztegirik. Artista da, artista nahi du. Eta zuk horretaz fitsik ez dakizu.

 

 

«Badakit izokinaren aldaketa errekan sortzen den belarren batek eragindakoa dela. Derrigorrez behar du hala. Nondik bestela hainbeste berun, kromo eta kobre? Nondik hainbeste metal? Zerbaitek eragin du izokinaren mutazioa, belarren baten ugaltze neurrigabeak seguru asko.

        Ez dakit zergatik, baina Senpe zaharraren hilketa eta izokinaren ugaltzea, elkarri lotuta ikusten ditut. Izan liteke horixe izan zelako hark esan zidan azkeneko gauza, Baztan ibaian sekula ikusi gabeko arraina ari dela ugaltzen, neurrigabeki. Ez dakit.

        Baleztenean inork ez du fitsik esaten. Tomas danbolindariak-eta uste dute, pendizean golpe txar bat hartu eta eroriko zela Senperena zaharra putzura. Ez dute sinesten hilketa izan zenik.

        — Nork hartuko zian Senpe bezalako azeri bakarti bat hiltzeko lana? Hark ez zian ez diru eta ez ondasun. Zorrik ere ez. Inork nahi ez lukeen etxe erori bat baizik ez, sasiak janda ia. Baztango balleko etxeak ere ez dik nahi hori, urririk emanik ere.

        Lakoizketari irakurri dizkiot ia denak, eta ez dut kausitzen ezer apartekorik haren hitzetan. Irakurri ditut haren bi liburuak, Diccionario de los nombres euskaros de las plantas eta Catálogo de las plantas que espontáneamente crecen en El Valle de Vertizarana.

        Gauza ederrak ugari bai, baina nik bilatzen dudanik ez, bat ere. Soilik geratzen zaizkit bi karpeta, eskuz idatzitako orri soltez beterik.

        Aitortu beharrean nago, damu naizela berrehun urte lehenago ez jaio izanaz. Gogoko nuke Lakoizketa eroa, gogoko harekin gora eta behera, belarrak, landareak eta zuhaitzak sailkatzen ibiltzea. Gogoko nuke halako gauzak idazten zituen gizon baten auzo izatea:

        Rumex acetosa. L.: Castellano: Acedera, Acedera común, Acederilla, Vinagrera, Vinagrerita, Romaza ágria. Francés: Oseille commune, Oseille sauvage, Grande oseille, Surelle, Surette, Rinette. Vascuence: MIÑETA. D. T. de MIÑA, ácido, agrio. En esta comarca le llaman, así como en Baja Navarra, MIÑGOCHA, de MIÑA, ácido, agrio, picante y GOCHOA dulce o confite que se da a los niños, y también cosa agradable gustosa que se da al paladar, y quiere decir agri-dulce, ó ácido agradable, aludiendo al bioxalato de potasa que contiene y es agradable al gusto. Otros le denominan BELAR-GACIA, de BELARRA yerba y GACIA salado, y quiere decir yerba salada ó ácida.

Ehunka izen eta milaka deitura biltzen dira orri horietan: Zumarika, Zurumbeta, Tellatu belarra, Ubanarea, Zalizukia... Nahi nituzke noizbait denak ikasi. Inoiz hemendik alde egiten badut, Joaquini eskatuko diot liburu hauek denbora baterako uzteko mesedea.

        Ez dut uste ezetzik esango didanik, lehengo batean aitortu baitzidan zentzua ematen niola nik, Lakoizketaren lan guztia gordetzeko berak hartutako ahaleginari. «Hi eta ni berdinak gaituk», esan zidan, «bildumagile ero parea»».

 

 

Damianek ez du esaten eta ez du esango, baina Indianoaren jauregiko leihoetatik lorategi eder eta ongi zaindu bat ageri da inguruko palmondoak baino harago: hortentsiak, berak hainbeste maite dituen gerberaz betetako parterreak, primula kolore ezberdinetakoak, garo exotikoak... Han-hemenka, izotzetik babesteko, hegora begira jarritako limoiondoek, bugainbileek, gliziniek eta jasminek, paradisu bildua bilakatzen dute bazter hau, eta begiak galtzen diren lekuan, han goian, Arraiturre, La casita deitzen dioten etxetxoaren teilatua ageri da intxaurrondo itzel baten menera. Damian ez da oraindik haraino iritsi sekula, ez baitu horretarako gomitik jaso. Hura perutarren lurraldea da, Pedro eta Matilderena, eta esan gabe daki jauregia osorik eta bere inguruak direla Aldazek aukeran jarri dizkion bakarrak. Ez da gutxi, gainera.

        Arraiturre baino apur bat eskuinerago eta gorago, ehun bat metrora, etxaldea mugatzen duten kare-harri handi batzuen altzotik eta lizarrune batean behera eginez, errekasto bat jaisten da belardia erdibituz. Bere ertzetan ugaldu egiten dira ura beharrezkoa duten landareak: uretako bioletak, hydrocharis motakoak, errosario belarrak... Eta bihurgune geldo batek sortzen duen putzuan, nenufar horiak eta ninfa ardo kolorekoak ikus daitezke diz-diz, eguzkiaren argitan.

        Damianek pentsatu du, nahiko luketela halako paraje bat Hondarribiko Golfean, Zoriona inguruan. Nahiko luketela halako belar zaindua, halako loredi eta arbolapea, ibiltzeko, balak bezala, airera botatzen pilota asesinoak. Izorra daitezela munduko golflari guztiak.

        Joaquin Aldazi entzun zion behin, eremua erdibitzen duen errekatxo horretako urari zor diola daukan osasuna. Bestelako urik ez duela edaten berak eta harixe esker ez duela gaitzik ezagutu bizitza guztian. «Zango alu hau ez bertze —esan zion gero, makilaz joz belaun aldea—, sortzetik zaukaat izorratua». Arraiturre izenak, Urre Iturri nahi duela esan eta arrazoi handiarekin daukala jarrita horrela, urrea baino gehiago balio baitu handik sortzen den ur garbiak.

        Eguerdia da jada. Denbora azkar igarotzen da Lakoizketaren belar eta paper artean sartuta. Ez du Vel Satisa entzun iristen, baina Joaquin Aldaz da, hoteletik bueltan datorrena. Eskuetan gutun bat dakar. «Hiretako duk. Hotelerat igorri ditek», eta luzatu egin dio Ertzaintzaren zigilu guardasol itxurakoa daukan gutunazala.

        Zabaldu eta Urrutikoetxea komisarioaren letra ezagutu du berehala:

        Damian adiskide hori, saiatu naiz behin baino gehiagotan zurekin telefonoz hitz egiten. Hogei aldiz deitu dizut Aldaz hotelera, baina han ez zarela bizi esan didate eta ez dakitela zu non aurkitu. Horregatik idazten dizut gutun hau, noizbait iritsiko zaizun itxaropenarekin.

        Ez nuke sartu nahi ez dagozkidan gauzetan, baina, berak ez dizunez esango, neuk kontatuko dizut pare bat hitzetan: Lupe haurdun dago eta jada hasia zaio nabaritzen handitua.

        Bada hilabete ez dela etortzen lanera. Mediku artean eta behea jota dabil azken aldian. Haurrik galdu nahi ez badu, etxetik ez mugitzeko eman diote agindua. Eta egoteko etzanda, ahal duen guztian.

        Ez dakit ondo edo gaizki egiten ote dudan hau guztia zuri idaztean, baina iruditzen zait arindu egiten naizela nirea ez den zama baten pisutik. Gaizki jokatu eta hanka sartu badut behar ez den tokian, aurrez eskatzen dizut barkamena, baina sinets iezadazu, ez zen hori nire asmoa.

        Bestalde, esan nahi dizut, zure esperoan jarraitzen dugula hemen, lanik ez zaizula faltako, nahi izatekotan.

        Ondo izango zarelakoan, jaso ezazu besarkada handi bat.

        Joaquinek, Damianen begiak ikusi ditu tupusteko sukar batez aldatzen, eta ezpainak eta irria nola jarri asmatu ezinda ere ikusi du. Albiste txarrak ote diren galdetu dio gero, eta «Ez duk ezer, ez duk ezer» erantzun dio Damianek, agurrik ere egin gabe, Indianoaren etxeko atetik kanpora alde egin duenean.