Mutuaren hitzak
Mutuaren hitzak
2005, nobela
192 orrialde
84-95511-75-4
azala: Sonia Uribe
Hasier Etxeberria
1957, Elgoibar
2017, Donostia
 
2007, nobela
2003, nobela
Mutuaren hitzak
2005, nobela
192 orrialde
84-95511-75-4
aurkibidea
 

 

HARMA

 

Abiadura Handiko Egunak itzuli egin zaizkigu, ihesbiderik batere gabe, Damian. To, miranda in minimis. Orain bufalo koadrila bat ere bat pasatuko litzateke zure paretik, edo elefante andana bat, zuk haietan arretarik jarri ezinean. Nora joan zaizkizu enaren hegadak?

        Arakatzen duzu zeure barnean eta anestesia orokor bat baino ez duzu aurkitzen. Dena duzu lo. Ez zara gauza deusetarako eta jada kakalardoen babesak ez zaitu gordetzen ahal. Ez dizu balio. Hautsi egin da anphora, Damian. Krak eta krak. Kontuz orain haren zatiak ortozik ez zapaltzeko.

        Lupe haurdun dago, zeuk egin duzu hori harekin. Zeurea da datorrena eta, hala ere, egin behar ez zenuen gauza bakarra egiten asmatu duzu: telefonoz egin diozu hots,

        — Nork esan dizu haurdun nagoela?

        — Urruti izan da, gutun baten bidez. Ez zekien zer egin, baina zerbait egin behar zuela iritzi dio, antza.

        — Gizonak beti gizon.

        — Zer moduz zaude?

        — Nola nahi duzu egotea?

        — Urrutik esan dit etzanda behar duzula egon.

        — Hori dio medikuak.

        — Mutila da, ala neska?

        — Oraindik ez dago jakiterik.

        Ondoren oihu egiten duen isiltasun bat lokartu da telefonoaren hariko dilindan, zeu ere konturatu baitzara ezberdinak direla haur hitza eta mutil edo neska hitzak. Nolabait esateko, haurra abstraktua den bezala, mutila edo neska dela konkretua eta zehatza, bi begi eta aurpegia dituela, eta gorputz oso bat ere bai, zangoak eta besoak. Eta zilborra. Haurra hitza behelaino itxia da, eta mutila edo neska, hura desagertzean supituan agertzen den arbola.

        Uste gabean irten zaizu, gutuna irakurri zenuenetik, erretzen zintuen galdera:

        — Haurra nirea da, ezta?

        Galdera finitu ahala ohartu zara, osinaren antzera utzi dizula erreta mihia eta ahoa dena, ezpainak, aho-sabaia eta adimena bera. Zeuk bota diozula zeure buruari sarea. Ehizatua zarela betiko, Etxalargo uso bat bezala. Ezin askatuko zarela katramilatutako hari horietatik, zeuk sartu duzula burua eta hegala sarezuloan.

        — Lerdoa zara.

        Horixe erantzun dizu Lupek eta gero eskegi egin du, klik, telefonoa. Bukatu egin da. Bukatu egin du.

        Bai, lerdoa zara, Damian. Sekulakoa.

 

 

«Esaten dutenez, dantzan ari zarenean, eta pauso bat oker ematen duzunean, dantzan jarraitzea baino beste biderik ez dago. Horixe omen da onena. Baina, nola dantzatzen da egoera hau? Zein pausorekin?

        Nabaritzen dut neuretzat Arizkunen hartuta neukan astia amaitu egin dela. Jada ez naizela neu aintzat hartu behar dena. Nahi badut edo ez, hautsi egin zaidala oskola eta haizeak erabiliko nauela, ez dakidalarik nora.

        Haur bat, mutil edo neska bat, pasa daiteke nik erreparatu gabe kalean. Nire haurra, ordea, beste kontu bat da. Arruti du berak ere izena.

        Lupe eta umea ez ikustea deliberatuko banu, itzul naiteke Unibertsitateko lan zaharrera. Eszedentzia eten, Zoriona saldu, eta, beste asko bezala, Bilbo aldean jarri bizitzera. Gernika inguruan, beharbada. Zergatik ez?

        Nik ez nuen umea nahi. Ez neukan halakorik buruan. Luperekin egin nuenak ez dauka horrekin zer ikusirik. Sexua zen hura, sexu huts zikina eta norberarena, horixe baizik ez baita sexua, beste norbaitekin egiten den norberaren kontua. Berak ere ez zuen haurrik buruan. Ala, bai?

        Izutu egiten nau aita hitzak. Halakorik ez zegoen nire usteen artean. Haurra, ordea, etorri egingo da eta erabaki beharko dut zer den niretzat errazagoa eta hobea, hura ikusi gabe, izango ez balitz bezala jokatzea, edo hartaz arduratuta bizitzea. Une honetan biak ala biak iruditzen zaizkit bide arrotzak eta aldrebesekoak. Besterik ez da, baina.

        Ez dut semerik edo alabarik, nahi. Ez naiz horretarako jaioa. Hortxe dago, ordea, hazten eta hazten nik nahi izanda edo ezta. Izango du aurpegi bat, ahots bat, esateko niri aita!, ikusten nauenean. Neuk menpera ez ditzakedan gauzek izutu egiten naute, eztarriko mamu honen antzera. Ez dezaket deus, soilik dantzan segi, beti aurrera. Baina, nora? Nola da pieza honen pausoa?

        Lupek ez dit hartu nahi telefonorik. Mila bider deitu diot dagoeneko, baina esan gabe dakit, bakarrik baino nahiago duela nirekin. Emakumea da, eta Joaquinek dioen bezala, denak dira bera eta berdinak. Haur batek aita behar duela alboan usteko du, eta neu naizela aukeretan egokiena, ez izanagatik horretarako egindakoa. Zorionan nahiko du hazi, hantxe denok elkarrekin bizi, baina asmatuko al du hori guztia Lupek nire alboan? Eta neuk haien bienean? Gai al da emakume bat bizitzeko gizonezko batekin, maite zaitut esateko gauza ez dela dakienean?».

 

 

Leon Karrika gero eta okerrago dago. Azken hiru edo lau egunetan, pintatzera ere ez da atera Argosen konpainiarekin. Ikusi ere ez du egiten Damianek egun osoan laguna, soilik zakurtzarrak ematen dio haren berri: Leonen gelako atearen aurrean pasatzen du eguna etzanda, ugazaba berriari adi.

        Damian ohartua da honezkero, badaki zakurrek hierarkia dutela neurri, nagusi bakarra jartzen dutela aurretik beti. Eta Otsoenean, Damian ez baina, Leon Karrika dela ugazaba Argosentzat. Izatekotan, bera dela orain bigarren. Zakurrak begiak altxatzen ditu Damian datorrela ikusten duen bakoitzean, eta buztanari ere eragiten dio epelki, etzanda dagoen leku beretik, baina atearen ostean ezkutatzen den nagusiari egoten zaio adi. Harexek atea noiz duen irekiko du itxaroten, harekin mendian gora, osina bilatu arte, noiz diren joango berriz. Laket ditu Argosek harainoko bidean aurkitzen dituenak, sasitzetako hegaztiak, zaldi eta behien gorotzak eta, batez ere, bere pausoaz azkarrarazten dituen ardi izutiak. Gero, osinera iristen direnean, putzuko lohian sartzen da isatseraino, nagusiaren ondoan etzan eta, urrutitik entzuten duen zarata bakoitzaren aurrean, zutik jarri eta seinale emanez egiten du lan. Dela zaunka bidez, dela intziri eginez.

        Damianek gelako atea jotzen du goizero, Indianoaren etxera joan aitzinetik. Nola dagoen eta ezer behar ote duen galdetzen dio beti Leoni.

        — Oh putain! Hoa lasai, ondo nagok eta.

        Damian konturatuta dago, aspaldian ez duela ganoraz jaten Iparraldeko lagunak. Baleztenera ere ez dela agertzen. Gela hartan barrura egiten duenetan, izerdi usain sukartsu bat etortzen zaiola maindireetatik sudurrera eta, bera Otsoenera etorri zenetik, ez dituela Leonek mahaitxo gaineko bi liburuak berritu eta aldatu. Bata da artearen teoriari buruzko liburua, eta bestea, Bacon britainiarraren lanak biltzen dituen katalogo eder horietako bat.

        Damianek ez dauka lehenengo liburuaren berririk, baina pentsatzen du Leonek Baconen pintura badarabil buruan, izan odol edo izan haragi, salto handiegia dela harentzat eta bidean eror daitekeela amildegitik.

        Erabaki bat hartu du: bihar edo etzi deituko dio Mirariri.

 

 

«Batzuetan jartzen naiz Lakoizketaren azalean eta hasten naiz pentsatzen zerk bultzatu zuen bilduma hau egitera. Halako gauza bat egiten duenak ez dezake beste gauzarik buruan. Itsututa bakarrik egin daiteke halako lan bat. Apaiza izango zen, hala badiote kronikek, baina hori baino lehenago, naturazale.

        Idatziak zoragarriak dira, baina esango nuke Lakoizketaren benetako abildadea, landare aleen bilduman ikus daitekeela, batez ere. Belartegian. Bakoitza bere kutxatxoan gorderik, sustrai enbor, hosto eta lore, izenak emanez latinez, gaztelaniaz, frantsesez eta euskaraz. Arrazoiz eskaini zion Euskaltzaindiak oroitarria bere jaiotetxean. Ez dut uste gurean izan denik beste hainbesteko botanikorik.

        Ikusten da landareetako gehienak buruz behera lehortu zituela, hari batetik zintzilikatu eta itzalpean, kutxatxoetan jarri baino lehen. Beste batzuk, ostera, paper lodizko geruza artean utzi zituen gorderik. Gehienak, hala ere, laminak dira. Batzuk beste botaniko garaikide batzuekin trukean lortutakoak. Laminen azpian luma-muturrez eginiko sinaduretan ikusten da: Frederic Trèmols, Estanislau Vayreda, Michel Gandoger...

        Egin zituen marrazkiak nahiko zabarrak dira, egia esan. Berrehun inguru badira behar bezala egindakoak, japoniarren antzera, xehetasun guztiekin, baina, esango nuke, Lakoizketak ez zuela eduki behar bezala marrazten ibiltzeko astirik. Bere nahia, inguru hauetan sortzen diren landare guztien katalogoa egitea izan zela, beste ezer baino lehen. Harrapatu egin nahi zuela landaredia bere bizitzarekin.

        Gehien harritzen nauena da Bertizko Parkeak nola egin dion uko honelako altxor bati. Lakoizketak bildutakoak eurenak baino gehiago dira, askozaz ere, eta hobeak, gainera. Ez ditut zenbatu landareen lamina guztiak, baina bost milatik gora bai gutxienez, aparte utzita landare kaxak, eskuizkribu eta argitaratutako bi liburuak. Ez dut ulertzen zergatik esan zuten ezetz. Egia esan, ez dut ulertzen zergatik dagoen bilduma hau Joaquinen etxean eta ez, esaterako, denon aukerako museo batean edo unibertsitatean.

        Atzo gauean esan zidan berak, Joaquinek, alegia, inoiz edo behin alde egiten badut Baztan inguru honetatik, nahi badut, neuretzat izango dela Lakoizketaren bilduma, ondo gordetzeko baldintzarekin, berak aski duela artelan eta altzarien bildumarekin, inork gutxik eskertuko duela halako gauza bat neuk beste.

        Nik uste, Chartreusea igo zitzaiola burura eta hark egiten zuela hitz, bere mihitik».

 

 

Lakoizketaren gelara Pedro perutarra etorri zaio, haririk gabeko telefono bat eskainiz.

        — Es para usted, don Damian.

        Hariaren beste aldetik Joaquin da berbetan, hoteletik, ea elkarrekin bazkalduko duten Elizondoko Eskisaroi jatetxean. Lehenengo oilagorrak ehizatuak direla udazkena baino lehen, eta ea prest egongo ote den haiek jateko, onddo beltz batzuen konpainiarekin. Vel Satisean eramango duela Pedrok bertaraino, Lakoizketaren paperekin amaitzen duenean.

        Nola esan ezetz, ezta, Damian?

        Alabaina zeu ere konturatzen zara, gizon honekin duzun zorra ez daukazula inola ere ordaintzerik: jauregia ere baden etxea eskaini dizu, Lakoizketaren bilduma jarri dizu aukeran, bi perutarren zerbitzua, autoa, hotela... nahi duzun guztia. Nola ordainduko dituzu horiek denak, inoiz ordaindu beharra badatorkizu? Zein diru eta ondasunekin?

        Galdurik duzu patxada, Abiadura Eztiko Garaia. Haurrak kezkatzen zaitu. Lupek kezkatzen zaitu. Leonen osasunak kezkatzen zaitu. Joaquinen eskuzabaltasunak kezkatzen zaitu. Zer egin ez jakiteak kezkatzen zaitu. Abiadura Handiak kezkatzen zaitu... kezkati ergel bat baino ez zara, Damian. Zeure baitatik atera ezin den trikina bilakatu zara. Neuk ere badakit izena latinez, hara: Trichinella spiralis. Ez zara hemengo jakitun bakarra. Harritu egiten al zara oraindik nirekin?

        Zerk zaitu Lakoizketaren paper zahar hauen artean preso eusten? Erantzun horri, adorerik baldin baduzu.

        Neuk esango dizut: garrantzizkoa den zerbait egiten ariko bazina bezala ibiltzeak, horrexek eusten zaitu. Hasitako dantzari nahi diozu eutsi, kosta ahala kosta. Ez erritmorik aldatu orain, ezta Damian? Natura maxime miranda in minimis. Begira itzazu gauzak hurbil-hurbiletik, Lakoizketaren begietatik. Galdu betileak letra oker horien artean, zintzilikatu ezkerrerako joera duten lerro horietatik.

        Hortxe duzu saria, azkenean, eskuz izkiriatutako zazpigarren orrian, karpeta berde horretan. Bai, hortxe duzu. Zoaz. Ez galdu denborarik. Eta, gainera, zeure pozerako, euskara dotorean dago, Lakoizketak oso gutxitan ohi zuen eran. Irakur ezazu, bai, Damian.

 

        Goico Gure Jaincoac emandaco lanetatic zallena, Confesioneco Secretoa du, zeinai apez edo abadec. Nic ere orla, apaltasunez baña erabaqui aldaeziñez, betetzen ditut Jaungoicoac aguindutaco guztiac, Infernuco sutatic libratu eta aren gloria merezitzeco, egunen batean. Argatic ezin dut emen izenic eman, guchiago plumaz eta tintaz escribituric, baña Humanidadeac bear du noizbait jaquin, nic Confesione Santuaren Sacramentuan ezagututacoa.

        Baztango lur auetan, nun erri chiquiac icusten diran an eta emen zelayetaco verdean errecan amorrayac bezala, plaquiac jota edo erdibitzeco lanarequin aquitutaco emacumeari, emateco costumbrea dago Chertecha deritzayon Ubanare edo alga bezalaco belar bat. Latiñez Conferva ribularis jarri zion Jaungoicoac izena landare orri, bere jaquintza infinitoarequin.

        Emacumeac belar orrequin eguindaco ura zazpi egunetaco albarequin artuta, indartzen dira eta gauza jaquinecoa da zaiela ederragotzen begia, bisaia eta gorputza bere geyenean. Ascotan, Matrimonio Santuaren eguinquizunac betetzeco gogorican gabe dabilen emazteari ere ematen zayo, Jaungoicoaren aurrean eguindaco juramentuaren mesedetan.

        Gure oitura ori Adan eta Eva Purgatorioco atetic irten ziren garayetatic dator seguru asco, ezen eche guztietan sendo errotutaco costumbrea baita, eta neuc ere icusi baitut gure ama, gure amaren ama eta baita aren ama ere, Chertecha deritzayon landarea corrientqui erabiltzen.

        Pasatu da dembora eta Confesioneco Secretoa ongui gordeta dago, ezen nirequin confesatu zen gizona aspaldi ilda baitago. Beste ascoc bezala sendabelarrac erabiltzen zituen berac errico eta inguruetaco gentea sendatzeco. Orlaco lana dutenari emen esaten zaio Petriquillo.

        Petriquillo onec confesatu zidan ezin loric eginda zebillela eta baita ere inon descansuric aurquitu ezinda, ezen descubritu baitzuen emacumeeri ainbertzetan emandaco Chertecha belarrac, beneficioa ecarri ordez, beraquin zecarrela gaitz izugarria. Erraten zuen gizonac, Chertecha orren indarra maravillosoa zela ichura batean, baña luzaroan eriotza ecartzen zequiala. Observatua zuela, Chertecha asco artutaco emacumeac iltzen zirela denac berdin, gibeleco gaitzac jota, espantuca, miñ insoportablearequin eta Jaun Goicoari Misericordia eduquitzeco escatuta.

        Esaten zuen baita ere, urteac behar zirela orlaco gauza bat icusteco ezen gaztetan artzen baita geyenetan Chertecha belarra, eta andic urte ascora presentatzen gaitza, eta berac esquerrac ematen zizquiola Goico Jaunari ainbertze urtetaco bizitza luzea eman ziolaco. Baña ez zuen decansoric causitzen aal orlaco descubrimenduarequin eta orregatic jo zuela nigana. Apeza nintzela, baña baita ere belarretan jaquintsua.

        Ez geyago Chertecharic artzeco esanagatic, gendeac costumbreari seguitzen ziola, eta berac ezin ziola aurre eguin ainbeste pesoco problematicari. Geiegi zela reponsabilidadea berarentzat. Esateco zer bear zuen eguin, nola bear zuen jokatu, eta emateco penitentzia naigabe eguindaco gaitz guztiagatic.

        Eguia guztia bere borobillean esateco agintzen du Jaungoicoac eta ez nuque nai nic emen gezurric. Berroguei urteco apez lanetan, ez nuen ezagutu alaco casoric eta isilic gelditu nintzen tarte luze batean. Ez itzegitera atrevitzen ez nintzelaco, baizic eta zer esan ez nequielaco. Neuc ere Chertecha belarra artzeco aguindua nuen eun bider edo milla. Petriquillo ura iltzalle edo asesinoa baldin bazen, neu ere bai.

        Apeza naizen aldetic erran nion, berac erabilitaco metodoari Ciencian esaten zayola Empirismoa eta ori dela, ain zuzen ere, Cienciac daucan bideric garbiena: constatacioa eta demostracioa. Baña berac aguindutaco Chertecha guztia descubrimiento empiricoa baino leen emandacoa zenez, etzegoela orretan becaturic batere. Jaquin eta gero eman izan balu, or bai egongo zela becatu. Eta ez nion orregatic jarri Penitenciaric.

        Jaungoico Misericordiosoac bacarric daqui ongui eguin ote nuen ala gaizqui, baña biotzarequin, buruarequin eta arimaren idar guztiarequin artutaco erabaquia izan zen nic artutaco ura.

        Eta gero itz eguin nion Botanico bezala, eta esan nion ez nuela uste Chertecha belarrac ainbesteco gaitzac sortuco zituenic. Seguro ote zegoan erraten zidan gauzarequin. Eta Petriquilloac baietz eta baietz, bein eta berriz. Eta orduan asi nintzan ni, arc esanda bezala il ziren ezagun guztiequin pensatzen, eta declaratu bear dut sartu zitzaidala ezinegon icaragarri bat biotzaren eta memoriaren erdi-erditic.

        Despeditu nuen Petriquilloa Bendicioarequin eta erranez ez emateco geiago Chertecharic inori, eta zerbait descubritzen banuen, jaquinarazico niola lenbailen.

        Gizon ura ez zen secula nirequin confesatua, baña icusten zitzayon ariñdua itzultzen zela etorritaco bide beretic. Neuri utzi zidan carga eta responsabilidade icaragarria, Jaungoicoaren laguntzarequin.

        Elizaco lan guztiac albora utzi eta an joan nintzen ibaira, Chertecha belar bila. Bereala aurquitu nuen, bai baitaquit ur garbiac eta oso goicoac dituela laquet. Gainera elur urtea denean, ugaritu egiten da beste landareac baño geyago, ur otzaren jeistearequin. Arrozaren landareac bezala, erroac uretan sartuta ditu beti, baña ez du bearrezcoa arc bezala onec, campoan eguzquiaren beroric. Eten eguin nituen dozena batzuk zeuden lecutic, zuztar eta guzti.

        Orrela asi nintzan microscopioarequin, eta esquertzen diot gure Jaungoicoari pasatu ninduelaco ichuen mundu beltz eta illunetic, icustera.

        Bacarric ezagutzen dut beste landare bat daucana Chertechac besteco metal cargaric bere izerdian. Beste landare orri deitzen diogu Otzerri-belarra eta ez du zer icusirican Otseria deitzen diogun beste batequin. Otzerri-belar ori da Naturalezan aurquitzen aal den charrenetaco bat eta toxicoenetaco bat. Otzerri izen orrec esan nai du marranta, mafrundia edo catarroa. Dioscóridesec escribitua da Otzerri-belarrac daquiela persona iltzen aurretic catarro bat emanda. Gure Goico Jaunac, bere jaquintza infinitoarequin, jarri zion latiñezco izena Cicuta virosa, eta onec ere badu variedade bat, Chertechac bezala, zuztarrac uretan laquet dituena. Izena du españolez Cicuta acuática eta francesez Cigue acuatique.

        Beste metal ascoren artetic, cromoa, cobrea eta, batez ere, plomoa dira nic Chertechari icusi dizquiodanac, proportzione ezin sinestecoan.

        Jaungoico Gloriacoac bacarric daqui zenbat gaitz eguiten dugun on eguin nayan gabiltzanean, ezen eta ardoarequin eta patarrarequin bezala, hainbeste veneno artuta normal da asieran sentitzea ondo eta gorputza sendotzea bere geyenean, baña zacarrac eguiten duelaric guibelera edo giltzurrinera, gelditzen da beti or ezin quendurican, eta gañetic jartzen zaizquiolaric anticuerpo guztiac borrocan guztiz alferrican, iltzen dira eta metatzen dira bertan, azquenean ustelduz guibela, giltzurrina edo azpian duten organoa. Ez artu ba Chertecharic secula ez baduzu il nahi izugarrizco dolore miñetan.

        Esquerrac ematen dizquiot Jaungoico Jaunari, Petriquilloaren Confesionearequin eguin zidalako argi illumpean.

        Beste gauza bat ere bai icasi dut nic guzti onetan, batzuetan pensatzen baitut gure Jaungoico Misericordiosoac gure izcuntza zarra den Eusquera ere ezagutzen duela eta beraren bitartez bidaltzen dizquigula sarritan ulertu ezin ditugun señaleac. Ezen Adan eta Eva Paradisuco atetic irten zirenetic deitu diogu guc belar orri Chertecha, zer deitzen diogun ulertu ezinic ainbeste urtetan. Ez diogu Jaungoicoac emandaco izenari casuric eguin, baña Chertecha-belarrac berarequin zecarren aviso Divinoa. Cherte leen zati orrec Cherto erran nahi du, eta Cha bucaeracoac, Cho erran nai du. Chertochoa, beraz.

        Erran nai baita, gauza chiqui eta gaiztoa dela izen ori merezi duen gauza edo entea. Beste ser baten gainean edo barruan jartzen delaric, ez dela geiago andic joaiten eta Parasito caltegarria dela eta ilgarria. Beste lecu batzuetan deritzen diote Malluba, eta izen gaitz orrequin esan nai du, plaga eta izurritea eraguiteco eta personac castigatzeco sortu zuela zazpi egunetaco batean Jaun Zerucoac. Malluac bezala jotzen daqui eta sartutaco lecuan geratzen da betiraco chertatua.

        Landare onec izenac zeuzcan Gure Jaungoico Jaunac euscaldunontzat jarrita, baña guc, ichu eta gor garen humanooc, eriotza zabaldu dugu berarequin, obeto bizi nayan.

        Jaun Zerucoac barca gaitzala, geure ezjaquintasunean.

 

        Zoriona, batzuetan, gauza txikienetatik etortzen da, ezta, Damian. Kromoa, kobrea eta beruna, horixe dauka Txertetxa belarrak bere zainetan gora eta behera. Ezagutzen duzu ondo belar hori, nonahi ateratzen da ibai eta erreka bazterretan. Baita iturrietan ere, urak garbiak direnean.

        Harritu egiten zaitu horrek, nola mineral eta gatzez pobre diren uretatik sortzen den hain landare pozoiz aberatsa. Hortxe daukazu lehorturik, Lakoizketaren kutxetako batean. Marrazkia ere ondoan duzu, nahiz eta izan ganora gabea. Ederki ikusten da, hala ere: hostoak ditu txiki eta borobil gisakoak, pagoarenak bezala, hortz txiki modukoz beteak. Enborra du perrexilaren antzekoa, zilindrikoa, eta sustraiak, ostera, urpeko harriei helduta eusteko modukoak.

        Mila bider ikusia duzu Baztan ibaiaren ertzetan. Arraiturren ere izango dira halakoak, harri artetik irteten den uraren iturriaren inguruetan. Gero joango zara hara. Orain aski duzu aurkikuntzaren zorionarekin, pentsamenduaren logikak daroan bidearekin: azken negua, elur negu izan da. Ez da harritzekoa Txertetxa ibaian neurri gaberik ugaritu izana. Ez da harritzekoa, ba, izokinak erruten diren uretan, landareak bere gaiak libratu izana. Agian, gainera, izokinak jan eta irentsi ere egingo zuen ur ertzetako Txertetxa, hostoak uretara eroritakoan. Izokinak ur garbiak ditu maite, erruteko orduan. Gauza jakina da.

        Senpe aurkitu zuteneko putzuaren irudia dakarzu gogora, Iruñetik etorritako epailea, ia uretara erortzen ikusi zenueneko hura. Sasiak, inguruko sahatsak, ur geldoa, zapatariak... denak dakartzazu gogora. Senperen gorpua ere bai, pinu enbor usteldua bezala jiratzen ur gainean. Eta, bai, argi eta garbi dakusazu han ere bazela Txertetxa belarra, neurritik gora ugaldua.

        Gozoa da logika, Damian, zu bezalako zientzialari batentzat. Ala, esan behar ote nuke, Lakoizketak bezala, zurea, logikaren ordetan dela enpirismoa?

        Frogak, froga huts direla eta ez dagoela antzeko atseginik zu bezalako batentzat. Horrelako gauzak bai, maite dituzu, eta ez gizakiaren gorabehera sentipenezkoak. Zer ardura dizu une honetan Leonek, Lupek edo hark izango duen zure haurrak? Zorion uneak bizi egin behar dira, ezta Damian? Batzuetan itsuturik behar da lehendabizi, zerbait ikusten hasteko.

        Mikroskopiotik begiratzen dena zenbatzeak zaitu baretzen, katalogatzeak zaitu asetzen. Bildumagilea zara! Ez ahantzi, hala ere, zure lana, Ertzaintzarekikoa: zomorroak bilatzen dakizu usteltzera emandako gorpuetan eta, aurkitutakoan, haiek esaten dizute hilketa den noizkoa. Maisua zara horretan, Damian. Hala dio behintzat, Urrutikoetxeak.

        Senperena zaharraren odolean aurkitu zuten metal gehiegizkoa, hark jaten zituen izokinetatik etorritakoa zen ezbairik gabe, eta hauena, Txertetxaren ugaltze neurrigabetik. Nondik, bestela, hainbeste kobre, kromo eta berun bazterretan?

        Senperenaren beso bihurritua, pendizetik erortzeak eragingo zuen, Tomas danbolindariak uste duen bezala. Aurpegiko ausikiak, ostera, karramarroenak ez, baina izokinenak ziren, Txertetxa irentsi eta biziberriturik hazten ziren izokin sendoena. Ikusi egin beharko zen geroago, zein gaitzek hilko zituen arrain haiek denak.

        Lakoizketak argi dio eskutan duzun paperean. Petrikiloaren hitzak dira: Chertecha orren indarra maravillosoa zela ichura batean, baña luzaroan eriotza ecartzen zequiala. Observatua zuela, Chertecha asco artutaco emacumeac iltzen zirela denac berdin, gibeleco gaitzac jota, espantuca, miñ insoportablearequin eta Jaun Goicoari Misericordia eduquitzeco escatuta. Argi baino argiago gauzak, ezta, Damian?

        Behatu diozu eskuturreko erlojuari. Ordu bata eta hogei. Baduzu astia Joaquinekin Elizondoko Eskisaroin bazkaldu aurretik. Hamar minutu aski duzu egin nahi duzuna egiteko. Pedro perutarra ez zaizu etorriko bila ordu biak laurden gutxiak baino lehen. Hiriko orduan bazkaltzeko ohitura du Joaquinek.

        Hartu duzu bidean gora, Arraiturrera, eta estreinakoz egin duzu bidea paradisua erdibitzen duen errekastoari segika. Jabetu zara hango edertasuna ez dela beste inon kausitzen ahal, ez eta hiriburuetako parke ederrenetan ere. Joaquinek dirua irabazten bezala, gastatzen ere badakiela. Funtsezko gauzetan, benetako balioa duten kontuetan.

        Birigarro pare bat entzun duzu kantuan eta burura etorri zaizu Manituk nola banatu zituen hegaztien doinuak, Ameriketako indiarren sinesteetan: goren hegan egitea lortzen zuen hegaztiak izango zuela kanturik ederra. Horixe agindu zuen Manituk. Eta, biharamun goizalban, arranoak egin zuela hegazti guztien hegada artetik gora eta gora. Baina, goiena lortu zuenean, haren hegaletako luma artean ezkutatutako birigarroak egin zuela oraindik ere gorago. Horregatik daukala hegazti honek kanturik ederrena. Alabaina, sariak ere badakarrela berarekin zigorra, horregatik ibiltzen dela birigarroa beti bakarrik. Gainerako hegaztiek badakite egun hartan tranpa egin zuela arranoaren bizkarretik gorago salto eginda, eta ez dira liluratzen halako tranpati baten txorrotxio ederrekin. «Neurea, behintzat, neuk lortutakoa da», esaten ei dute txepetxek, kaxkabeltxek eta gainerako guztiek. Eta zergatik ez dakizula, birigarroaren antzeko bakarti ikusi duzu zeure burua, lorategian gora. Izango da, seguru asko, zeu ere Lakoizketaren luma artetik gora zabiltzalako saltoka.

        Begiratu diezu lorea aspaldi galdutako sei magnolia arbola itzelei, eta irudikatu dituzu zein eder egongo diren datorren urtean, martxoko eguzkia epeltzen hasten denean. Behatu diezu enbor gorridun Cornus albaren adaxkei, lau urki dotorek erakusten duten azal zuriari ere erreparatu diozu, zilarkarak egiten...

        Azkenean galdu egin dituzu begiak Arraiturretik behera datorren errekaren uretan, eta ohartu egin zara ez dela ageri goroldiorik, ez alferrikako belarrik bertan. Errekastoan eta bere alboetan ageri diren landare guztiak berariaz daudela lekuan jarrita eta, hondoko harri bakoitza ere, halaxe nahi izan dutelako dagoela hortxe. Ez duzu aurkitu ez zapataririk ez eta bestelako intsekturik ere. Harritu egin zara, zeharo, ikusitakoarekin.

        Baina iritsi zara, hortxe duzu Arraiturre edo La Casita, zeuk nahien duzun eran esanda. Eta apur bat harantzago, kare harriek muga ezartzen duten gunean, hortxe aurkituko dituzu Txertetxak nahi beste. Eskutan hartu eta Joaquini eramango dizkiozu Elizondora, Lakoizketaren paperen arteko aurkikuntza erakusteko, izokinen enigma argitzeko.

        Iritsi zara ia. Lau pauso baino ez, iturri bertaraino. Ikusten duzu pol-pol ugaria dela kare harriak botatzen duena. Ur garbi-garbia, bertan sortua dirudiena. Harrigarriki, ordea, ez duzu ikusi Txertetxa belarrik urari itsatsirik. Bat ere ez halakorik.

        Ordea, ahots bat entzuteak jaso dizu begirada ur haietatik. Matilde da deika La Casita-ren ataritik.

        — Buenos días, don Damian. ¿Qué hace usted ahí? Sabe que don Joaquín tiene prohibido a todo el mundo llegar tan alto en la finca.

Bi hitz esan eta desenkusatzeko harengana bideratu zarenean ikusi dituzu loretan eder, intxaurrondoa eta etxearen arteko itzalean, sei errododendro lerden. Eta lurrikara batek astindu dizu zentzua.

        Gogora etorri zaizu istantean Senperen poltsikoan aurkitu zuten Fibula rododendris hura, eta balitekeela, pentsatu duzu, logika eta enpirismoa baino harantzagoko neurri ezkutuagoko batek gidatzea mundu honetako pausoa.