Mutuaren hitzak
Mutuaren hitzak
2005, nobela
192 orrialde
84-95511-75-4
azala: Sonia Uribe
Hasier Etxeberria
1957, Elgoibar
2017, Donostia
 
2007, nobela
2003, nobela
Mutuaren hitzak
2005, nobela
192 orrialde
84-95511-75-4
aurkibidea
 

 

ZAIN

 

Damian Arrutiri atzerapenez iritsi zitzaion Senperena zaharrari Iruñean egin zioten autopsiaren agiria. Edo haren kopia bat. Hogei eguneko atzerapenaz. Domingo Senperena, gizakiengandik baino, basurdeetatik hurbilagoa zen basagizona, ederki usteltzen jarrita egongo zen lurpean ordurako.

        Damianek Urrutikoetxea komisarioari deitu behar izan zion autopsiaren kopia hura lortu ahal izateko. Donostiara. Mesedea eskatzeko. «Urruti aspaldikoa, egingo al didazu mesede?». Ez zekien nora jo bestela, nork lor ziezaiokeen halako dokumenturik Urruti komisarioa izan ezean. Eta Urrutik baietz, Ertzaintzak eta Nafarroako Polizia Judizialak ez dituztela harreman bereziki zintzoak, baina ahal dena egiten saiatuko zela. Egingo ziola mesedea. Eskatuko zuela Senperena izeneko arizkundarraren autopsia. Edo haren kopia bat.

        — Nor da, ba, Senperena hori? —lehenengo galdera komisarioak.

        Ondoren galdeketa luzeagoa etorri zen Urrutikoetxearen ahotik.

        — Non zabiltza sartuta? Non ezkutatu zara hainbeste denboran? —eta gainerako kaka zahar guztia: Damianen beharretan izan direla behin baino gehiagotan Ertzaintzakoak. Elgoibarren, esaterako, Albitxuriko zabortegian, magrebiar baten gorpua agertu zela duela bi hilabete (zaborrak arakatzetik bizi zen andre zahar batek aurkitu zuela, gaizoak), eta antzik ezin hartuta dabiltzala haren heriotzaren data zehatzari. Ustelduta agertu zela gorpua. Lasarten ere, trenbide ertz batean, giza-enbor bat agertu zela duela hamabost egun eta ea nola konponduko ziren Arruti entomologoaren laguntzarik gabetan. Ea nork lagunduko zien agertutako guztien heriotza egunak erabakitzen. Bere beharretan zirela eta itzultzeko azkar baino lehen. Donostiara.

        Damianek ezetz. Lanik egin ezinik jarraitzen duela. Makalik. Eztarria zaindu nahi duela. Ez zaiola oraindik ebakuntzatik bere onera etorri. Eta gauzak lasai hartzeko agindu diola medikuak, lehenengo indartu beharra dagoela beste guztia konpondu nahi bada.

        Bi astean behin egiten diola bisita Poliklinikako medikuari endoskopioa egin diezaion. Eztarrian behera. Sudurretik barnera. Ahots-kordetaraino. Horretarako bakarrik joaten dela Donostiara. Gainerakoan nahiago duela Baztango bakea. Eta ez dela oraindik lanean hasteko prest. Pitzatuta daukala ahotsa. Eta min egiten diola hitz egite hutsak. Barkatzeko baina horrelaxe daudela gauzak, oraingoz. Eta fax zenbaki bat baino ez Urruti komisarioarentzat. 948374563. Nafarroakoa. Elizondokoa. Aldaz Hotelekoa. Ezetz, ez dagoela hotel horretan bizitzen jarrita, Ertzaintzaren soldatak ez duela horretarako beste ematen, baina duela egun batzuk egindako lagun batena dela hotela eta horraxe bidaltzeko autopsiaren kopia bat. Lehenbailehen. Ez daukala besterik nora. Autopsiaren emaitza lortzen duenean. Lortzea lortzen badu, behintzat.

        Eta Urrutikoetxea komisarioak baietz, egingo zituela horretarako ahaleginak. Baina hori eta gero galdera bat utzi zuen airean, ustekabeko zaparradaren antzera erori zena, goitik behera,

        — Aspaldian ikusi al duzu Lupe? Emakume horrek badauka zure beharra.

        Damian Arrutik eskegi egin zuen telefonoa, klik. Eta barnea inguratzen zion izotz moduko bat, pitzatu egin zitzaion, klak.

        Joaquin Aldaz berak hots egin zion Balezteneko telefonora:

        — Fax bat ailegatu da zuretako gure hotelerat, nahi duzularik etorri bila.

        — Oraintxe bertan joango naiz —Damianen erantzuna.

        Baina autopsiaren paperak ez zekarren ezer apartekorik. Soilik bukaeran, eskuz idatzitako gehigarri bat, faxak utzi ohi duen tinta arrastoen artean doiki irakur zitekeena: «Muxu bat. Lupe». Horixe. Muxu bat bidaltzen ziola Lupe Latasak fax haren amaiera aldean. Seguruenera hari aginduko zion Urrutikoetxea komisarioak Damiani faxa bidaltzeko. Ez da dirudien bezain zozoa Urruti hori, pentsatu zuen Damianek.

        Beste ezer erabakitzeko astirik hartu gabe, irrikari egin zion bidea Damianek: Senperena zaharraren autopsia irakurri zuen goitik behera.

        Ohituta zegoen ederki halako papertzarretara. Bazekien sarrerakoak salto egin eta mamia non egoten den, autopsia agirien hasieretan ohikoa baizik ez dela agertzen beti: norena den gorpua, non eta nola aurkitu zuten, zein epailek jaso zuen hilotza, zergatik agindu zuen autopsia eta hori guztia. Azterketa burutu duten forentseen izen-deiturak eta karguak etorri ohi dira gero eta, azkenez, autopsia egin deneko leku eta datari buruzkoak. Horiek guztiak salto eginez joan zen mamira.

        Hala ere, ezer nabarmenik ez. Senperenaren biriketan aurkitutako ura Bidasoa ibaikoa zela. Itota aurkitu zuten lekutik eramandako laginetakoen berdina zela, alegia. Berdin-berdina. Ur bera zela biriketakoa eta putzukoa. Soilik hiru ohar amaiera aldera.

        Bat: Senperenak, lepoan eta bizkarrean, ubeldu txiki batzuk zituela. Jatorri ezezaguneko ubeldurak. Bazitekeela sorbaldan eramandako zamaren batek (motxila, otarra edo bestelako zerbaitek) utzitako arrastoak izatea, baina ez zegoela ezer ziurtatzerik. Animalia ezezagun batek egindako markak ere bazituela, aurpegian eta eskuturretan. Karramarroak behintzat ez zirela zauri haien egileak, izan ere, hauek, gorpuetan pitzatuak egin eta handik elikatzen baitira usu. Aldiz, Senperena jaunak ageri zituen hozkadak, zuloak zirela, azala eta haragia, biak aldi berean kendu zitzaizkiola han eta hemen, batez ere begien inguruan eta aurpegiko gainerako geruza bigunenetan.

        Bi: Gorpua aurkitu zuten lekuan aurkitu zutelako, baso-zulo bateko errekan, normala zela zomorro batzuk ere aurkitu izana haren arropetan eta azalean itsatsita. Hala ere, soinean aurkitu zizkioten zomorroen zerrenda ez zen oso luzea: bi Musca argentea, lau izain, bi zizare arrunt txiki eta Fibula rododendris izeneko har bat.

        Eta hiru: odolean aurkitutako beste gauza bat ere bai. Argi zetorren azterketetan, neurriz gainezko metal kontzentrazioa zeukala Senperenak zainetan barrena. Giltzurrunetan eta gibelean. Beruna, kromoa eta kobrea, batez ere. Giza odolak izaten duenaren oso gainetikoa. Are gehiago, txostenaren arabera, giltzurrunetatik eta gibeletik gora hedaturik zegoela zeharo zirrosia, gizona itota hil zenean.

        Azken hori zergatik zen bazekien Damianek. Ez zen harritzekoa. Senpe zaharra ohituta zegoen ibaian arrantzatzen zuenetik jatera. Baztango izokina eta amuarraina jatera, alegia. Hortik zetorkion metalen gehiegizkoa. Ederki zekien hori Damianek, Senpek eman eta berak hozkailuan edukitako izokinari egindako azterketaren arabera.

        — Deus berririk bai? — galdegin zion Joaquin Aldazek.

        — Ohikoa —erantzuna Damianek—. Itota hil zela Senperena zaharra.

        Hoteletik Otsoenera itzuli zenean, ez zuen Leon Karrika etxean aurkitu. Pintatzera irtenda egongo zen. Ohi zuen eran. Soilik Argos zakurrak egin zion harrera. Hura hain buztanarin ikusita, ematen zuen hangoxea zela. Otsoenekoa. Betikotua zela azkenean, arrotza zitzaion leku hartan.

        — Zakur kaikua, toma txokora! —esan zion Damianek, eta zakurra, aldendu ordez, hurbildu zitzaionean, fereka egin zion bizkarrean, bere gelan sartu eta idazten hasi aitzinetik.

 

 

«Gaur jaso ditut Senpe zaharraren autopsiaren emaitzak. Lupek musu bat bidali dit agirian bertan. Ez da, ez, lekurik aproposena muxuka ibiltzeko. Ez diot deituko, hala ere. Zertarako deitu? Betikoa esateko? Zer esango diot? Zer da, bada, maitasuna ez den hau? Lilura apur bat hastapenean, ohitura gero eta, azkenean, eroapena. Horrelaxe izaten da hori beti. Inor ez da libratzen horretatik. Lupe eta neu ere ez ginateke libratuko.

Ikasita nago. Alfertuta nago halako gauzetan berriz sartzen ibiltzeko. Ez, ez diot Luperi deituko. Nire haragia ohituta dago. Gabeziak ez nau oldartzen dagoeneko. Artorik jaten ez duen zaldia baino, belar apur batez bizi den astoa da nirea. Tarteka. Konformatu egiten da horrela.

        Bihotza eta gogoa ere, eginda dauzkat Leon Karrikaren alboan bizi dudan bakardade honetara. Jada ez naiz lehenagokoa. Ezin ditut eraman inorenak. Neureak nahikoa eta gehiegi ditut.

        Autopsia iritsi zait, bai, eta agiri horretan daude Senperen odol azterketaren emaitzak. Berak emandako izokinari egin nion azterketan ikusitakoarekin bat datoz. Beruna, kromoa eta kobrea neurriaren gainetik. Gizakia hiltzeko moduko kontzentrazioan. Itota hil gabe ere, Senpek ez zeukan urruti finiera.

        Ez da ulertzekoa Bidasoako izokinak metal kopuru hori izatea bere baitan. Ez da normala. Nik uler ez dezakedan zerbait ari da hemen gertatzen. Ezin dut erabaki izokin batzuek zergatik duten hainbeste metal eta beste batzuek ez. Zergatik diren ezberdinak batzuk eta besteak. Ez dakit, azken finean, izokin berria nondik datorren edo nola sortua den. Nola den sartu Baztan honetara.

        Aztertu ditudan izokin guztiak espezie eta tamaina berekoak dira: Atlantikoak. Batzuek, hala ere, metal kontzentrazio ezinezkoa dute haragian. Ageriko ezberdintasuna ere badutela esan zidan Senpek, hilda agertu baino lehenago. Izokin berria azkarrago hazten dela ere esan zidan. «Laster bera nagusituko duk bazter guzietan, ez duk erreka hunetan bertzelakorik geldituko», esan zidan. Handiagoa ez, baina bortitzagoa dela izokin berria. Gupidarik gabe erasotzen diola bertakoari. Eta sekula ez bezala, izokin zaurituak harrapatzea egokitu zitzaiola maiz. Batak zauria begian, besteak sabel aldean... «Abila duk izokin berri hori, Damian, zati gurietan egiten dik beti ausiki».

        Senpe hizketan hala entzundakoan, izokin Atlantikoa baino, Chinook izokina etortzen zitzaidan gogora. Chinook izokina da beste izokinei oldartzen zaien bakarra. Chinook izokina da Senperen gorpuari uretan kosk egin diezaiokeen bakarretakoa.

        Ezinezkoa da baina. Chinook izokinak ur hotzagoak behar ditu, Alaska aldekoak, eta, gainera, aztertu ditudan ale guztiak, izan metaldun edo metal gabeko, denak ziren bertako espeziekoak. Itxura batean.

        Bururatzen zaidan bakarrak ez dauka ez hanka eta ez bururik: mutazio genetiko bat. Chinook izokinaren geneak gehitu dizkiotela Atlantikoari. Edo antzeko zerbait. Baina ezinezkoa da hori. Zientziak eta ingeniaritza genetikoak ez dute oraindik eman hainbesteko saltorik landareetatik animalietara. Ez daude hain aurreraturik. Nik dakidala, behintzat.

        Eta gainera, nor da gai halako gauza bat Baztango izokinarekin egiteko? Eta zergatik edo zertarako?»