Zeruetako erresuma
Zeruetako erresuma
2005, nobela
344 orrialde
84-95511-71-1
azala: Marcelo Daz
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1985, nobela
Zeruetako erresuma
2005, nobela
344 orrialde
84-95511-71-1
aurkibidea
 

 

14

 

Maskaratuak eta base-ball makilak eskuetan zatxizkatela etorri ziren gauerdi aldera. Poterne izeneko baratzean gertatu zen borrokak ordu laurden bat baino ez zuen iraun, baina odolak denak ziliportatu zituen eta, hor, lagunez osatu borobilaren erdian, konorterik gabe zetzan Yves, hedailo. Herioa zekarten txori basatien moldean barreiatu ziren gero erasotzaileak, taldeko nehork ez zuela mendekatzeko zein higitzeko astirik ukan. Alta hitz emana zioten elkarri oldartu zitzaizkiela, duintasunaren eta lekuan lekukoak zirelako aitzakiaz.

        Eraso-zimiztaren unean, esku huts soilez gerizatzen zituzten buruak eta gorputzeko gune ahulenak oro: debaldetan. Etsaiak kolpeka ari ziren, parkeko argi zurbailaz baliatuz are indartsuago ekiteko. Zintzur heiagorak eta oihu elkorrak hauteman ziren, besteek joka animatzeko ozenarazten zituzten orroen gainetik. Hondarrean paristarrak desagertu eta bazterrak lasaitu zirenean, besoak balantzan, Yvesen sorbaldatik isurtzen zen jario gorriaz ziliportatuak, huts geratu ziren:

        — Zer egin behar dugu orain?

        — Alde hemendik, Poliziak ez diezagun Yvesen hiltzea lepora.

        Kastela zaharra urduri zegoen, lurrean zetzanari deika:

        — Yves? Yves? Ez hadila hil! Otoi...

        — Azken hatsa dik.

        Talde burua zirudien Thierryk, gorpuari beha, gurutzearen seinalea marraztu zuen, edale amorratu keinuz:

        — Gure aita zeruetan zarena... Emaguzu gaur egun hontako ogia, barkatu gure zorrak guk ere gure zordunei... Putxas zein da segida?

        — Ahantzia duka? Ez haut nik lagunduko, aspaldi badik ez naizela elizetan sartzen. Atean egoten nauk eske.

        — ...Guk ere gure zordunei barkatzen diegun bezala, amen —otoitzaren bukaera marmaratu zuen Philippe gazteagoak, zainengatik agian, karkailaka.

        — Isilduko hiza, mutiko deabrua! —Thierry erasiaka akitzen zen—. Yves hilik eta hi irriz! Bazauka!

        — Ez zaukuk, ez, gaixo gizona orain asaldatuko! Soik ninikak ubeltzen ari zaizkiok! Arren herts iezazkiok begiak, ezin diat gehiago!

        Hilotzaren aldamenera makurtu zen Thierry. Txapela kaskotik kendu eta izua gatibatzen zuen hondamendiaren sakonera apaldu zizkion betazalak. Leihoak zerratzen bailituan. Mundu baten sarrera lurrez emokatuko bailuan. Behin betiko tapatuko. Zintzurra tinkatu zitzaion eta berriro Gure Aita murdukatzeko saioari ekin zion, gune berdinean behaztopatuz. Kideek ezpainak josi zituzten, ez trufatzeko. Pobreak eta eskaleak ziren, baina jendetasun apurraren jabeak ere bai: Kastelak ardo zakar pinta bat ireki eta botila, inguruan bilduak zirenei eskaini zien, hil-beilaren hasiera markatzeko:

        — Edan dezagun, piskolatzeko! Thierry kluka bat irents ezak Yvesen oroimenez. Eta gero zuek, Jules eta Philippe! Edan dezagun bada, heriotzaren mehatxua haizatzeko eta mozkor gaitezen!

        — Harritzen naiz —ahoskatu zuen eztulka Julesek edaria kontra-zulo zeriola— ardo txar hau zenbat maite zuen Yvesek! Nik jada ezin diat hurrupa.

        — On ez bazaik, utz ezak besteendako —Philippe itsuski egarri zen.

        Kastelak belarria luzatu zuen:

        — Ixo! Heldu dituk! Gazteluko aterpe horren maldara goazen!

        Hala egin zuten. Poternako baratzeetarik Baionako hirira joateko erabiltzen zen tunelaren itzalpean ezkutatu ziren, dardaraka, metatuak, bata besteen bihotzen punpak estereotan antzeman zitzaketela. Beldurrak atxikitzen zituen eta bidean besta sobera eginik goraki kantuz eta eleketa multzoan zetozen ikasleak zirela ohartzean, doi bat jabaldu ziren. Alkohol, pixa eta izerdi urrina zeukan gorputz puloaren aitzinetik pasatzean, baten batek erran zuen:

        — Baina zer ari da Polizia? Beha ezazue hordi hori lurrean zabal-zabala eta besteak hor traban!

        — Alajinkoa... Gobernuan banintz, akabatuko nikek pobre gisa kontsideratzen diren alfer zorritsu horiekin: karrikak garbi litezkek eta jendeak lanean balekebale!

        — Biba hi!

        Mutikoaren besotik zintzilik zebilen neskatxa ederrak kurukurukaz zerraikan. Ilunpe zakarrean eskale bihi batek ez zuen gazteen ele-balentriarekiko arraileria edo iharduki gogorik. Gorpua ekidinez Yvesen ondotik iragan ziren, eta tunelaren azpian pobrezia laburbiltzen zuten behialako urrinei neskak zeraman Dior-en Addict perfume eztia gehitzen zitzaien. Thierryk goiti egiteko tirria nabaritu zuen erraietan:

        — Nahasketa hori da munduaren usain tepoa...

        — Eta gure soin meharretan, base-ball makilen oiharra! —Julesek Thierryren sententzia aberastu zuen ahapez.

        Estudianteak gauean urtu ziren.

        Iragarria zen arren, gau hartan gertatu zenak uholdea ematen zuen. Baionako Besten karietara Paristik etorri eskale-taldea karriketan eske zeuden etxekoei eldarnioka hasi zitzaien, zakurrak haien aurka haiatzen eta noizbait lekutuko zituztela mehatxatzen. Behin edo bietan ele gogorrak jazarri ziren, kolpeak banatzen eta biltzen zituztela. Paristarrak nagusiak bezala zeuden, tokiko herrestak hiriaren hegietara bidaltzekotan, hauek asaldatzen ez baldin baziren.

        Thierryren bandakoak ez ziren ez denak euskaldunak: sorguneak soilik osatzen zuena nonbaitasuna? Zena zela, Kastela zaharra salbu, gaineratikoak bizitzaren uhin likitsek Baionako harkaitzetan aurtiki itsas-belarren antzekoak ziren: non-ik ez zuten, Baionako Poterne baratzeetako izarren aterpea baizik. Ez ziren denak sainduak ere. Borroka luze eta latzaren ondorioz kontrolatzen zuten beraiena zeritzoten eremua. Tunelaren bestaldean ez zuten areriorik edo konkurrentziarik onartzen.

        Erran behar zen ordea, enpresen munduan diruarentzat eta boterearentzat nola, pobreen artean hala tokien, batez ere lo eta eske tokien zaintzeko guduka hilgarriak sutzen zirela noiztenka. Thierryren bandakoek, nahiz eta handik lekora kide gehienak eritasunez, akiduraz eta etsiduraz hil ziren, garai hartan Pelele Pupu animale-lodiaren saldoa Poternatik kanporatu zuten. Orain, Thierryren eske-lagunak ziren labanaren harian dil-dil, Paristik jin mutiko basa horien parean. Ez ziren hauek leialenak, pataskak oro irabazten baitzituzten base-ball makilak erabili eta aireratuz. Izugarriko zauriak eragin zitzaketen. Biolentziak ozkak neurtu ezinak ziren jadanik. Neurtu eta geldiezinak aldi berean.

        Erasoak odoltsuegiak zirenean, Thierry eta Jules komisariara bazihoazen paristarren kontrako kexua aurkeztera: galdezketak zirauela, polizia-andereak etsaien izen-deiturak eskatzen zizkieten eta behaztopatzen ziren, ez zekiten, mutu zeuden. Hondarrean, beti erantzun berdinarekin ateratzen ziren polizia-etxetik:

        — Konpondu zaitezte zuen artean! Ez dugu guk deus egiten ahal!

        — Baina zitzifrikatuko gaituzte!

        Jules izutzen zen hori entzutean. Polizia-andereak besoak altxatzen zituen: zer gehiago egin? Halatan, elkar sustengatuz, Thierry eta Jules komisaldegitik ahurruts jalgitzen ziren:

        — Alabaina —zehazten zien geroago Yves pentsalari-filosofoak— Polizia ez da herresten aferetan sartzen, haren lana aberatsak zein erdi-aberatsak herresten gutizia sozial jeloskor eta herratsuaren zurrunbilotik at begiratzea da. Besterik ez.

        — Eta gutariko bat hiltzen baldin badute?

        — Bat gutxiago, erranen ditek —zioen trufaz Philippek—, hala nola iragan udako zakur-beroagatik hil zaharrentzat, sei hilabete barne eta estatistiken arabera arras zenduko zirela azaltzeko kopeta ukan zitean telebistako komentatzaile batzuek. Gauza bera guretako.

        — Baina jendeak gara gu ere!

        Kastela adinduaren jazarria hunkigarria zen, solasaren hein horretan eta Philippek burla merke zeukan:

        — Lanik ez diagu, etxerik ez diagu, emazte eta haurrik ez diagu, bozkatzaile kartarik ez diagu, zuzenbide zehatzik ez daukagunez: gu jendeak? Nondik? Miseria diagu alde orotarik.

        — Ez ote dituk hautematen egiazko jendeak gutaz mintzo, lagunduegiak garela, estatua sobera ona dela gurekin, ez dugula dugun diru apurra ere merezi, lanean beharko genukeela zakutik edo zorrotik, ez dituk entzuten ala Kastela?

        — Ha-a, baina haientzat ere lanik ez duk. Gu lanean ezartzen baldin bagaituzte, jende planttako horietarik parrasta bat karrika izkina honetan legokek gure ordez, eske.

        Irriz lehertzen ziren. Monoprix dendan ez hain aspaldi erosi ardoa inguruka ibilarazten zuten eta bakoitzak, eskuarekin ttuttuna xahatu gabe, botila berde uhargia ezpain artera hupatzen zuen. Zakurrak saihetsean zeuzkaten, mihia lurreraino tiran eta hatsanka. Kastelaren euskaldun txapel beltza kalearen erdian zen, eurozko arditen aiduru. Julesek misterioski errekuperatu musika tresna erraldoia martxan zegoen, Yvesek izugarri maite zuen Beethovenen koro-fantasiaren nota arinak hegaldarazten zituela.

        Yves taldeko intelektuala zen, gertakariak distantzia amiñi batekin aztertzen zituen. Bazirudien karrikara amildu aurretik norbait izana zela, burges gustuak zituelako batik bat: hiru tomotan banaturiko liburua eskupean zeraman, Denbora Galduaren Bila alegia eta agiriak gerizatze lepoko poltsan lau disko-konpaktu, elkortu zen musikari aleman baten bost piano kontzertuak eta bederatzigarren sinfonia osorik, hain zuzen. Bere gauzatxoei biziki atxikia zen. Behin haserre gorriturik, ukaraia hautsi zion Jules buru-arinari, honek Denbora Galduaren Bila-ko biblia paperezko orrialde bat, deus ez bailitzan, zigarretaren biltzeko xehakatu zionean. Yvesen jabetasun pribatua errespetatzen zen.

        Harrezkero, Poternan iratzartzen zirenean, Julesen makinan Bozkarioari Himnoa bataiaturiko zatia ezartzen zuten; aditzearen bortxaz Philippek bihotzean bizi-nahi berria txertatzen zitzaiola sinesten zuen. Melodia hura aitzinean pasatzen zitzaizkion jendeei eskaintzen zien, flauta dudakorraz. Alkoholak eta kanpoko hotzak eriak malgortzen zizkiola, musika ez zen diskokoa bezain ederra. Baina ezagun zitekeen urrunetik.

        Philippe Golkoko lehen gerlan soldadu izan zen, aski maite zuen arrats apaletan horren kontatzea. Erradioaktibitateak eragin odoleko kutsadura zikinaren kausaz, minbiziaren antzeko eritasunak xurgatzen zizkion hezurrak: ehun bider operatu zuten, arrakastarik gabe. Thierryren taldearen aixolbera jaitsi aitzin, gauez, banku publikoetan lo zegoela, makuluak ebasten zizkioten. Jargia madarikatuz, norbaitek ospitaleraino eroanen zuela igurikatzen zuen orduan, eta segur izan zaitez luze zela, beharrean zegoenaren laguntzea ez baitzen mende honetako gizakideen premietan sailkatzen. Alderantziz naski.

        Isilak mutuak lauhazkatzen zuen maneran, gehienetan doi-doia zutik zebilen amatzi edo aitatzi batek zion esku-ukaldi bat ematen, musutruk. Amultsutasun une horietan oroitzen zen Villejuif hirian utzi zituela andrea eta alaba, bere soldadukide hoberena emazteaz amorostu ondoan. Ohean larrutan harrapatu zituen egunean, hilen zituela eta alde egin zuen, sarraskia obratu aurretik. Hilabete oroz berrehun euroko pentsione bat erdiesten zuen, aski baitzuen postara joatea diru horren haztatzeko.

        Yvesek ozenarazten zuen musikaren behatzea maite zuen hainbat non garraiatzearen erruz zuloak tapatzen ari zitzaizkion eta alabari ostu plastikozko flautaz melodia haiek errepikatzen saiatzen zen: sosa postan jasotzeak bezainbat on eragiten zion erraietan, musika sakon eta alegera hark. Amodio gabezia ahantzarazten zion.

        Kastela zen taldeko zaharrena. Hala deitzen zuten orok; egiazki Bernardin zen, Ameriketan artzain egonik LAPD Polizian ziharduen eta aberats okitua zen Pierra haren anaiarik txikiena. Otsabiden sortu eta gazte-gazterik Aturriko Burdin-Olhetara lanera etorri zen. Hamarkada loriosak bizi izan zituela erraten zien noiztenka, Poternako baratzean berotzeko pizten zuten suaren inguruan bilduei:

        — Uros gintuan orduan. Zortzi oren lan eta hilabete saria apala baina segurra. Baina ez zian irauten ahal. Erretretara heltzeko hiru urte banitian eta orduan, kostaldean azkenetarik baiki, lantegia hertsi zigutean. Lanik ez, aitzin-erretreta txarra, emaztea joan zitzaidaan semearen etxera bizitzera eta duela bi bedats jabeak egoitzatik kanporatu ninduan. Hara orain, hirutan hogeita sei urteetan herresta, ezdeus eta zorritsu, zuekin naizela.

        — Bakarrik bahintz, sordeis...

        Yvesek maluraren katea ebaki nahi zuen. Kastela ordea ez zen isiltzen:

        — Gogoratzen nauk lehen aldikoz Orbe karrika izkinara eske jalgi nintzenekoaz. Ez nezakean sinets hain behera eror nintekeenik. Negarra begietan nian. Emazteak erosteko ohitura zeukan Valda pastila ontzi-azal bat atzeman eta han egon ninduan, dardar, ahalke eta begitartea lurrera.

        — Zer nahi huen? Gosez hil ala? —Jules gaztea dena maltzurkeria zen.

        Baina adina aitzin zaharkitu eta hautsi gizonak gor bailitzan segitzen zuen:

        — Eske. Alta ez nian gaizkirik egiten. Hori diat beti errepikatzen, atzo lanean, gero erretretan eta gaurkoan eske ikusten nauten behialako adiskideei: ez dut gaizkirik egiten.

        — Bistan dena ez duala gaizkirik egiten...

        Thierry RMIstak zaharraren irudipena amultsuki baieztatzen zuen. Bazekiten ordea zein zaila zen beren sator-zuloetarik alkohola buhaka lehen aldikoz jende normaletara eurotxoa amoinaka jalgitzea. Gogoeta hegaldatu zitzaien. Kastelaren mateletan, menturaz, malkoaren lerratze oiharra adi zitekeen.

        Unearen ahulaz baliatzen zen Jules nonbait harrapatu (ez bide zuen ebatsi?) konpaktu-irakurgailuan Yvesen lepoko zorrotik bristan ilki bederatzigarren sinfoniaren bosgarren mugimenduaren deiadarrarazteko. Jules, mutiko trebea, bihurria eta alegera zurgintzan ari zen, baina aterperik ordain ez zezakeenez Yvesen eta Thierryren saldoaren magalean egoten zen gauez. Hark zituen Monoprix dendan erosketa apurrak egiten denen izenean, lanean ari zenez garbiena zelako. Dutxa lantokian hartzen zuen, bazkaria halaber.

        Egunerokoaren joanarazteko zeukaten diru xuhurra esketik biltzen zuten, bekaizgorik gabe, Yves eta beraiek eduki solasaldi mamitsu batetarik ondorioztatuaren arabera:

        — Hemen bekaizki jostatzen baldin bagara, gureak eta asto beltzarenak egina duke. Gutxirekin bizi gara, baina ez gaitezen hargatik txarki bizi. Duguna dugu eta aurrera!

        — Nik haur bat badut hazteko!

        Julesek Philippen oharra trenkatu zuen:

        — Hiretik ere hazia eskas ez? Haziko diagu elkarrekin. Aski duk Beethovenen Bozkarioari Himno zatia flautaz jotzea eta ikusi duk zein laster aberastuko garen.

        Irri uholdeak alde orotarik altxatu ziren, xehe eta gordin. Hastapenean Philippek burua apaldu zuen, baina taldean garatzen zihoan zorionaz konturatu zenean, alegrantzia partekatu zuen arraiki.

        Thierryk aldiz Easy Rider filmeko Bill-en itxura zeukan, norbait Dennis Hopper-en obra hunkigarri hartaz oroitzen baldin bada. Hogeita zazpi urteko gizon gottorrak txapel handia zeraman, biloak urrin eta korapilatsu, abere hortzandi zurituz osatu lepokoa, kate eta metalezko girgilak papoan, ixkilimak adibidez, bizpahiru tatuaje besondoetan, egur-mozle atorra lodiak eta bera baino zabalagoak ziren galtzak soinean, bekan xahatzearen erruz usainduak. Gizon ederra zatekeen Thierry, biziak gehiago guastatu izan balu, begi urdin bixiak zeuzkan eta eleketari gozoa zen. Bihotz handikoa halaber: abandonaturik kausitzen zituen puska, kabala eta jendeak oro Yvesen taldera gonbidatzeko ohitura zuen.

        Behin horrela esperantzetan zen neskatxa bat ekarri zieten. Regina zuen izena. Errumaniako Transilvania eskualdetik trenez abiaturik, Europa osoa billeterik gabe zeharkatu eta Baionan geratu zen. Geltokian Thierryrekin topo egin zuen:

        — Zer egin behar dut eman dizkidaten multa hauekin guztiekin?

        — Ordaindu gaixoa edo asistanta sozialaren ikustera joan.

        Aieru balkanikoaz erdara astokatzen zuen andereari gizonaren erantzuna ez zitzaion balios. Thierryk iheserako keinua markatu zuen, baina emazte zohiak besotik tinkatu zuen, antsiaz:

        — Ez daukat lo egiteko tokirik! Otoi!

        — Nik ere ez dut dirurik! Baina zatoz neurekin, adiskideak aurkeztuko dizkizut, neska.

        Bideari lotu zitzaizkion biak. Santa Izpiritu zubitik iragatean, haizea zifli-zafla, ekialdeko alaba atzetik ttette umilaren antzera segika zeukala, itzulikatu zen mutikoa:

        — Nola deitzen zara?

        — Regina.

        — Erregina! Hauxe izanen da gure erregina...

        Pozik zegoen Thierry eta pozaren berri eman zien ibaiari, izarrei eta uraren azalean distiratzen zuen ilargi borobil gorriari.

        Isiltasun karroinduaren sarkorra baizik ez zen ozen, bistan dena.

        Regina adoptatu zuten salbaiak ziruditen herrestek. Eskeko diruaren parte handia harentzat jateko erosten gastatzen zuten. Lo-zakuak prestatzen zizkioten gauak hotzegiak bihurtzen zirenean. Batzuetan Grenet zubi gorriaren azpira zihoazen eta, han pizten zuten sutearen ondoan, emazte gaztea bere haurdun sabel errondaren ferekatzen jarrai zezaketen: eskua ez zen gelditzen eta irudi zuen lurraren makurdura eta malurak oro zituela horrela laztantzen.

        Zikinak eta urrintsuak izan arren, ikusgarriaren aitzinean larrua jotzeko gutizia jaukitzen zitzaien. Hainbeste urte bazen guztiz gehienentzat ez zutela amodioa egin, non berekiko koldarkeria baino ez zuten sumatzen, baina Reginarekin gorputzez biltzeko gai sentitzen ziren. Hargatik ez zuen nehork nehoiz urratsa bete eta bakoitzak beren zokoan aditzen ziren auhen eta intzirika, ilunpearen desesperantza urratzen.

        Goiz batez halaz Reginak lekuak hustu zituen, suaren aldamenean haur sortu berria eta umeontzi odoltsuak abandonaturik. Thierry zen lehena iratzartu orduan, umearen negarrengatik. Besteak esnatu zituen eta arropa zaharkituen erdian troxatu haurtxoa miretsi zuten. Regina! Regina! oihuz zinpurtu ziren, debaldetan. Errumaniatik zetorren andereak ihes egin zuen, agian helburutzat zeukan Madrileraino bide luzea zeukala oraino gogoan.

        Kastela zaharra zen zenbait astez niniaz axolatu. Egiazko aitatxi baten gisa moldatzen zen. Esperintzia bazeukan alabaina, semeak arrahaurra ikustea debekatu zion arte attatta-kremazua izan zelako. Urez eta esne-errautsez osatu biberoiak emateko umea besoetan zeraman oroz, jendetasun izpia berreskuratzen zuela zirudion. Yvesen opus 80 musika airosa jartzen zuen zinta-irakurgailuan, Philippek flauta jotzen eta Julesek bazterretan beti zerbait on edo ezti kausitzen, izenik ere ez zeukan gizakume soil harentzat. Beraien artean Roman deitzea erabaki zuten.

        Halatan, uda eta larrazkeneko egunak ederki iragan zitzaizkien. Lasai. Ahalik hobekien konpontzen ziren haurrak deusen eskasik ukan ez zezan. Eta heltzen ziren. Hiru hilabeteko ume pottolo baten aitak, eguzaitak, osabak, anaia handi arduradunak zirela sinesten zuten. Negua etorri zen arte. Ohikoan baino garratzagoa. Arratsetan Mousserolletan plantaturiko Gaueko Mahaietara joaten ziren, Roman aldizka begiratu bitartean. Zerbitzu sozialak taldearen jukutriaz ohartu ziren.

        — Zer ari zarete zokomokoka? Ez ahal duzue izpiritua trankil?

        — Alimaleko zakur zanpakaria badugu eta lotsa gara hemengo baten bat ausikiko duela. Zaindu behar dugu.

        — Arren, erradazue egia —otoizten zien Maite sozial laguntzaile gisakoak—, ez diot inori ezer salatuko.

        Maite abiatu zen Kastela gaixoaren itzaletik, Gazteluko harresien maldan Roman altzoan zegoen Philipperengana.

        — Norena duzue haur hori? —asaldatzear zegoen Maite—. Nori ebatsi diozue?

        Beste orduz onezia dirdir zuten begiak zulo beltz irekitzen zituen:

        — Osagarrian dea?

        — Bai, ez du deusen eskasik.

        — Non da bere ama?

        Maite urduri zen. Ez zuen ulertzen. Orduan Yvesek hitza hartu zuen:

        — Reginarena da. Errumaniatik zetorren, eta haurra erditu bezain laster, gu alkoholez hordi, lotan ginaudela eskapatu da. Madrilera behar omen zuen. Roman deitu dugu. Uda gurekin pasatu du eritasun edo arazorik gabe.

        Maite premiatsuei salda beroa eta afari banatzera itzuli zen. Gaueko Mahaien axoladunari ikuskatu zuena azaltzen ziola, bost gizonak primaderako ainaren pare hegaldatu ziren. Arrats hartan tenperatura zeropera lerratu zen. Gizon gorputzaren beroan geratu zen Roman Yvesen lo-zakuan. Negarretik ez zen gelditzen eta goizaldera Baionako katedraleko kalostrapera joatea deliberatu zuten, Maiteren oharrei arrazoi emanez, zutoin baten aldamenean buruxkando zuritan gerizatu haurra han pausatzeko.

        — Haur honek guk eskain diezaiokeguna baino gehiago merezi du... Etxe bat, adoptatuko duen familia bat, eskola eta ongizate apurra...

        Thierryk tragikoki, perpausen arteko dorpea mailukatzen zuen.

        — Bai, gurekin polizia erronden eta jendeen laidoen menpe legokek.

        Kastelari zimurrek udalatu matelak bustitzen zizkion malko jarioak.

        — Roman ene semea izan zitekeen. Nik nuen Regina geltokian gurutzatu duela kasik urtea...

        Thierry hipaka ari zen, eskuez begitartea torratzen zuela. Taldekideek hasperen sakona askatu zuten. Adiskideak galtzen zirelako irudipenak ehun bahituraren antzeko antsiaz kateztatutako buhakoa.

        Hilabete zenbait geroago atsean hartu zuten Roman beraiekin ez edukitzeaz, batez ere paristarren bandako boskoteak bortitz erasotzen zietenean. Haurra base-ball makila ukaldika zitzikatuko zuten segur aski. Gatazka bereziki gogorra suertatu zen gau hartan bezala: Yves hilotz zen Poternako baratzearen kantoi batean eta beste laurak tunelaren azpian metatuak zeuden, izuak xurgatu kukumixa. Borroka-gune etengabea zenez, karrika ez bide zen Romanentzat egokia. Hala kontsolatzen ziren behintzat, pataska-orduetarik landa, zauriak eta minak sendatzen lehiatzen zirela, mediku artamenduetarik urrun, hain urrun.

        Noiztenka, ubeldurak arintzen zihoazkionean, Thierryk Reginaren sabel borobil leuneko mugimenduen urria eta samurtasuna berriz itxuratzen zuen. Soakoa uhertzen zitzaion eta zintzur aldea korapilatzen. Zer bilakatu zen Roman? Ongi zena? Zergatik karrikan bazebilen bera aterpe, lan eta sos ments? Ez ote zuen bizimolde normalago baten eramateko deretxorik? Galdeak egiten zituen Kastela adinduaren sorbaldan bermatuz. Beethovenen bederatzigarren sinfoniaren lehen notek baizik ez zuten ilunpe lanjerosa jendetzen.

        Tunelaren azpitik jazarri ziren. Barreiatzea erabaki zuten. Paristarren banda itzuliko bide zelako. Azken hilabete garratzak bizi izan zituzten: beti aharraika, patarraka, oldarka, hitzezko mehatxuei ihardukitzen. Ez ziren sainduak, ez, errepikatzen zuten etengabe, jukutria, faltsukeria eta bazterkeria baizik ez zeukaten buruan, baina bakea ihes zebilkien, berak baino ero eta indartsuagoak harrapatu zituztelako.

        Behin Poternako jargietan lotan zeudela, boskote izugarriak Yves eta Thierry atakatu zituen. Odola bazerien. Uspelak. Kanpoan egotearen eta alkohol gehiegi edatearen bortxaz ahuldutako soinek ez zuten ihardukitzeko kalipurik. Komisariara joatea erabaki zuten berriz kexuaren agertzera. Han errezibitu zituenak sudur mazelak tapatzen zituen argiki, pobreziaren urrinak kutsatuko bailuan. Horrelako jestuak ikustean gaitzitzen ziren gizonak, bakarrik eta defentsarik gabeak izanagatik, ez zirelako bakarrak, milaka eskale baziren hirietan. Kereila pausatzen zuten artean, bulegoko poliziakidearen kolonia ur merkezko usaina burlatzat kontsidera zezaketen:

        — Jo gaituzte! Gure egon eta eske lekuak ebatsi nahi zizkigutek...

        Yves antzematean, maleziarik gabe alta poliziak segitu zuen:

        — Badakizue ez duzuela eske ibiltzeko eskubiderik; eta isileko baimena daukazuen arren, ez zaretela jendeei arrabokatzen ahal.

        — Lafaiak gara eta nehor ef dugu laidoftatzen... —gaueko pataskan hortza galdurik, hatsartzeko eta hitz egiteko nekeziak zeuzkan Thierryk.

        — Dena dela —jakinarazi zien poliziak— gu ez gara zuen barneko saltsetan sartzen. Badugu beste egitekorik. Jende arrunten seguritatea bermatzea adibidez.

        — Ez gara jende arruntak ala?

        — Ez dut horrelakorik erran, gizon.

        — Orduan zer?

        — Konpondu zaitezte zuen artean...

        Poliziak bi kideak zutitzera gonbidatu zituen, bulegoko atea eriaz erakutsiz.

        Egun hartan Yves eta Thierry errabiatuak ziren. Jules, Kastela eta Philippe Poternan aiduru zeuzkaten. Philippek hiriko jatetxeetako zikin-ontziak arrakatu zituen eta elkarrekin oparoki bazkaltzen zirela, beraien artean konpontzea deliberatu zuten. Paristarren kolpeei ihardesteko Baiona Ttikiko, geltoki aldeko eta ZUPeko lagunak deituko zituzten eta saldoan irabaziko zuten gerla hau: ez ote ziren alabaina etxekoak, edo behintzat etxekotuak! Julesek orduan gogorarazi zien lerroko-batailen saila nola abiatu zen, Baionako Besten laugarren goizean:

        — Gure lo-tokietan atzeman genituen paristarrak. Ezin onartua zen. Hainbat urte bakean ginaudela, guk zurkaiztu bakean! Oroitu zein gozoki eman genien hortik aldentzeko manua! Baina tirrint! Jeff hark base-ball makila ilki zuen eta banba...

        — Gabiltzan gune guztietan gurutzatzen ditugu, gure zainak harrotzen eta nardatzen ari bailiran. Nazkagarriak. Behin betiko suntsitu eta buztana ixtapean Parisko trenean sakatuko ditugu!

        — Hori! Hori Kastela! Hik dukan kemena!

        Philippe solasaldian algaraka sartu zen:

        — Antola gaitezen beraz...

        Yvesek eguerdiko jateko hondarrak baratzeko zabor-kaxa publikora bota zituen, behingoz hiritarki obratzen zuela. Gudurako deiak banatzeko alde orotara hegaldatu ziren banaka. Poternako baratzea laster hustu zen eta arratsaldean ama-haurrez mukurutu.

        Erasoa gertatu zen. Garratza Yves hilik zegoen. Besteak odoletan eta orroaz zaurituak. Tunelaren azpian ere ttattit zegoen Thierry: nora joan ziren bada? Seguritatea eta intimitatea zaintzearren, bakoitzak hirian zehar zeukan sator-zuloetara lehiatu ziren menturaz: Jules, Grenet zubipeko aixolbera, Kastela Baiona Txikian zetxikan ate-itzalera, eta Philippe inork ez zekien nondik baina giltza bazeukan hiriko lurpeetan dauden soto misteriotsu haietariko batera. Negu minean han biltzen ziren, Maite Gaueko Mahaietako buruzagiak Bergeret kaian jarri berria zen prefabrikatuetara deitzen zituen arren.

        Toki eskasa zen, bata bestearen zangoetan ziren, kanpoan nahiago zuten. Gainera ebasketak gertatzen ziren. Halatan, tenperatura zero azpira arras jaisten zenean baizik ez zuten geltoki auzoko etxola hartako borta jotzen. Batzuetan betea zen eta zenbaitetan ohe bat edo beste libre geratzen zen. Taldeko ahulenak bertan uzten zituzten, hala nola Kastela eta hotz hormatuarekin hezurretako dolorea areagotzen zitzaion Philippe. Yves, Thierry eta Jules aitzina bazihoazen lo-zaku zaharkituetan beraien abere-epeltasunaz harresien maldetan, gaua salbatzera.

        Hor harrapatzen zituzten Baionako beste herrestak, dardarka, lagunak eta etsaiak. Hotzak mugak berdintzen zituen. Zerbitzu sozialetako borondatezko langileak ikuska iragaten ziren noiztenka, ardo zein salda beroak eskainiz. Eta argi-zirrinta urratzen zenean, bizirik irauteaz oraino harrituak, ostatuetara bideratzen ziren, zeukaten diru apurrak xahatuz kafe ketariak hurrupatzeko, kikerak eskuetan trinko atxikiz, izotzaren ikaragatik.

        Paristarrak bidean trebes jaukitu aurreko urteak zituen Yvesen hil-beilari zetzan bakarrik Thierryk gogoan Poternako baratzean. Aspaldikoa zirudien: eske abiatzen ziren, mendeak zuela zintzoki lanera zihoazen eran; Yves Monoprix magasinaren parean plantatzen zen, Philippe eskuz idatzitako partizio dudatsua zekarrela, flautarekin Suzeye karrikan, Thierry Bost Kantoien Plazan eta Kastela Gaztelu-Zahar etorbideko eskola publikoaren hegats itzalean. Jules aldiz bere zurgintza atelierrera zihoan. Eguerdi aldera handik ateratzean, egur eskail eta ezpaltxoak larruan txertatzen zitzaizkiolako aitzakiaz, dutxatzen zen. Arratsetan berdin. Taldeko mutilik garbiena zen Jules. Nagusiak ez zion nehoiz deus galdatzen. Ordaintzen zion hilabete-sariaren urritasuna eta apartamentuen prezioaren heina kontuan edukiz, aise asma zezakeen etxe baten alokatzeko nahikorik ez zeukala.

        Julesen enplegua arra-insertatze sozialekoa zen. Lan asko eta sos gutxikoa. Eskuineko politikari aho-handiek, aberatsen sustengatzaile lehenak, nagusigo liberalaren fidelis canis leialenak, pobrezia alferkerian oinarritzen zutenak, enplegu mota horren jendetza osoari hedatzea amesten zuten. Politika bekaitz horrekin eskaleen taldea emendatuko zela iragartzen zuen Yvesek. Halaz, erretreten erreforma garaiko greben karietara bitxiki, herrestak grebalarien alde zeuden, batez ere manifestarien erditik ahalkerik gabe agurka aitzinetik pasatzen zitzaizkien postako andereekin, nahiz eta grebarengatik egun haietan Thierryk ez zuen ardoa eta janari zuhurraren erosteko dirurik eraikitzen ahal. Erretretaren eta Seguritate Sozialaren aldaketa sakonen ondorioz, pobrezia materialaren mugetan doi-doia burua itolarritik salbatzen saiatzen ziren oldeak, egiazko miseriaren zamapera uzkailiko ziren.

        Auhena apalesten zitzaion eskualde aberatsetako laurden munduari. Karrikan Yvesek biltzen zituen egunkari zenbaitetako elkarrizketatuek zioten hemengo jendeak beti pleini zirela, ez zekitela pobrezia zer zen, horretarako Afrika zolara joan behar zela, beraiek nola, morala egile burges horiek bazekitelako!

        — Herri bateko kideen sufrantzaren ukatzeko, aski duk konparatzea. Gure artean ere gu baino gaizkiago denik atzemanen diagu, eri kartzelatua den etxegabea adibidez, baina horrek ez dik kentzen bizitzen duguna ez dela zuzen eta zilegi.

        — Ohartzen hiza —jarraitzen zuen Philippe inguruaren azterle finak—, eske gaudenean, jendeen solasak zeinen pobreak diren, pobreziaren ateetan kolpeka ari bailiran jadanik: hitz eta aditzik errepikatuenak SOS, EROS eta BALIO dituk.

        — Telefono mugikorra ahurrean bikotekideari erraten ditek hara kuttun zazpi ehun euro balio dituen larruzko paltoa erosi dut eta uste ditek karrika zein plaza publikoa beraien etxeko sukaldea bilakatua dela, oihuz ari dituk, elkar maite dutela bezain elkarri mokoka, gure zakur hamikatuak errabiarazten. Bazauka?

        Thierry irriz ari zen jendea zinominokatzen zuela.

        — Eta euro bat eskatzen diegunean?

        Kastela loeriarik jalgi zen harritua:

        — Aski duk lan egitea, auher madarikatua... ihardesten digutek, soak herraz eta madarikatzez zuri. Ederki bizi eta pentsatzen duten jende arrunt horiek ez ditek sekula ulertuko beren ongizate maila berma dezaketela gu milioika lan-mundutik kanporatuak gaudelako! Funtsean, hain ongi bizi direa?

        Paristarren eraso hilkorraren ondotik eleek muntarik ez zuten gehiago. Yves odol zipo karroinduan igeri zegoen, gogortzen. Thierryk egunaren altxatzea igurikatzen zuen. Nonbait Julesek mailegatu KD irakurgailuan Beethovenen bederatzigarren sinfoniaren bosgarren mugimendua ezarri zuen. Biolinak eta zahamiola musika tresnen oihartzunek ilunpea inarrosi zuten. Hasierak kaos ikaragarriaren itxura zeukan, zahamiola eta biolinen jokoak isiltasunaren eremua azpatzeraino bederen.

        Thierryk negar egin zuen eta malkoak matelan behera, ahuspezko iturria bailitzan, Bozkariori Himnoa deituriko melodiaren lehen ahairea iragarri zuen, hasieran apal-apala kasik iragar ezin, musika masaren minaren ezkutuan. Gero, biolin uhinek gorago, beti ozenago errepikatzen zuten burumuinetan hagunaren moldean itsatsiriko soinua. Une zehatz hartan karrikako bizimoduaz, karrikako bortizkeriaz, karrikako ez-jendetzeaz asea zen Thierry. Eske zebilenean, aurretik musuka eta tinko-samur lerratzen zitzaizkion maitaleak gogoratu zituen, eztitasun izpiaren ezpatak erraiak lardaskatzen zizkiola. Orduan biolin oldeei zahamiola zehargiak uztartu zitzaizkien, su eta oihar.

        Urdin-histen zihoan Yvesen aurpegi geldotik, Poternako baratzea argiztatzen zuen zeru ubel-gorrira altxatu zuen soa. Bozkarioari Himnoa apoteosis tragiko batean bururatu zenean, oskarbi zen: an der freude! Thierry zutitu zen. Irakurgailutik Beethovenen musikaren KDa kendu zuen eta momentu batez bihotzari hurbil atxiki. Pobreen destinua eta, hala deitu zezakeen engoitik, Ludwigen melodiaren poza zeukan goiz hartan, altxor.

        Atzera begiratu gabe, baratzetik kanpo abiatu zen, urinez, ardo txarrez eta bizitzako edozein isuriz zikindu konpaktua eskuan, zerbitzu sozialek edo ibiltari erretretatu goiztiar batek harrapatuko zuen Yvesen gorpua bertan abandonatuz. Ez bide zioten izenik kausituko eta hiriko beharrunanten hilobian ehortziko zuten.