Zeruetako erresuma
Zeruetako erresuma
2005, nobela
344 orrialde
84-95511-71-1
azala: Marcelo Daz
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1985, nobela
Zeruetako erresuma
2005, nobela
344 orrialde
84-95511-71-1
aurkibidea
 

 

4

 

Xarlesek ez zuen bere bizimoldea maite. Lan eta lan, goizetik arrats ostatura zetozkion jendeak haia-haia zerbitzatzen. Bar des Amis-ko nagusiak klienteren batekin sobera denboraz solasean ikusten zuenean, beti erasiatzen zuen, ahoan bilorik gabe. Zernahi aditzen zuen une horietan: alfer hutsa zela, ez-deus bat, euskaldunek ez zutela horrelako famarik, egiazkoak langileago zirela, Xarles kontratatu zuen egunean ez zuela suerterik izan... eta dena zinkurina. Hogeita lau urteko mutikoak, orduan, errabia barneratzen zuen, etxe inguruko bazter ederrez oroituz. Ez zuen erremedio hoberik eta zanpa-zanpa berriz hasten zen bezeroen desirei ahalik zaluen plegatzen.

        Baserrian geratu Joanes zeukan gogoan, halaber Parisko hotel edo jatetxeetan barreiatu bere hiru arrebak. Aitama zaharrak haurrek lortu situazioneez harro ziren. Kapazitate handiak zituztela hots! Situazione eta kapazitate hitzen S-ak txaflakatzen zituzten, suge santsan. Hargatik, Bar des Amis-era jinez geroztik bi urte lehenago baino zoriontsuago zen Xarles. Alabaina, Austerlitzen trenetik jaistean, herriko apezak izenpetu zion gomendio gutuna eskuan Neuillyra zuzendu zituen urratsak eta egunak, egunen ondotik, monsieur eta madamen mutil hezi gisa higatu zituen. Han ezagutu zuen Jeanne jaun-andere haien sehia.

        Jeanne garaztarra zen jatorriz. Neska isil eta umilak mamu barrez betetzen zituen. Amorostu ziren. Ez zuten elkarrekin egoteko eskubiderik, madamek ez baitzuen bere teilatupean nahasmendurik nahi, baitzekien hark kanpainako gazte horiek egiazko kabalak zirela. Madamen ordrea ez zuen ez Xarlesek ez Jeannek hautsi. Lanean ari ziren, frantsesez hitz egin behar zutela kiskun-kaskun. Nagusiek handikiak errezibitzen zituztenean, gonbidatuen trufugai bihurtzen ziren:

        — Jeanne dites-nous quelque chose en basque —eskatzen zion andreak.

        Eta neskatxak erranahirik gabeko perpausa ahoskatu orduko, afariteko bilduak irriz karkailaka lehertzen ziren. Ez zen, ez, ausagailu arraroagorik!

        — Approchez, Charles —xuxurlatzen zion gero jaunak eta, bere adiskideei buruz bizkarrez bihurdikatuz, eransten zuen—: Regardez-moi ces mains de gueux...

        Burges erraldoi haiek oro oihuka zinpurtzen ziren. Jaunak segitzen zuen:

        — Imaginez que ce jeune paysan savait à peine parler français quand il est entré à mon service.

        Harridura intziriak biderkatzen ziren, algara gordinak. Mutikoa gelatik urtzen zen burua apal, jaun-andreek esku gibelaz joateko keinua marraztu bezain laster. Baina ez zuen axolarik, bere bidea azpatuko zuela hiri handi hartan, jende hauen izpiritu hertsikeriaren azpitik.

        Halako batean, Neuillyko palazioan abandonatu zuen Jeanne, Frantziako Asanblea Nazionalaren egoitzaren saihetseko karrikan zegoen Bar des Amis ostatuan zerbitzari jartzeko, Gaxtoni esker. Artean bi hilabete pasatu zituen lanik gabe. Euskaldun gazte gehienak juntatzen ziren Etoile aldeko Grenelle karrikako dantzaldian, hitzetik hitzera, Gaxton atzeman zuen. Taberna batean leku bat libratu zela jakinarazi zion, haren partez aski zuela bihar berean presentatzea gehituz.

        Akordeoi saldoek baltsak eta mila moldetako java alegerak eskaintzen zituztela garagardo baso parrasta bat hustu zuten elkarrekin. Goizaldera, La Motte-Piquet etorbidearen 26 zenbakiko egoitzaren seigarren estaian zeukan kukumixategitik iragan zen, begitartea garbitzeko, kafe azkar baten edateko eta Bar des Amis zelakora bideratzeko. Gaxton bera Trocaderoko ostatu bateko zerbitzari trebea zen eta Elli honen arreba aldiz Lutecia hotelean sehi zegoen. Otsabideko belaunaldi berria kasik osorik gurutzatzen zen Grenelleko besta haietan. Herrian debekatua zitzaiena obratzen zuten: neska-mutilen dantza hurbilak, mutikoak arraiki mozkortzen zirela. Asto eta mando, lanean higatzen zituzten asteak goizeko bostetarik gauerdi ederki pasa arte.

        Zer eginen zuten bada herrian gelditu baldin baziren? Tillu edo Klente eskale ibiltari mehakoil haien plantan, amoina? Edo Arbideko harakinaren kontu, gauez kanpoan alhan zebiltzan behi zein zaldi hiltzaile? Alabaina Xarlesek behin baino gehiagotan auzoko abereak kalitu zituen, jendeek kabalen desagertzea negartzeaz beste erremediorik ez zutela. Ez zen odol tatxarik ere ageri belarrean! Errazu zer eginen zuten, gaiztagin bihurtzeaz beste? Nahikoa goraki errepikatzen zitzaienez, ez zen Otsabiden alfer beharrik.

        Halaz, etxeko zazpi haurrideetarik bat segidako geratu zen, bi neska seroratzeko Filles de la Croix komentura bidali ziren eta gainerako laurak, Xarles bezala, Parisen ziren sehi eta mutil. Azaltzekoa zen zertifikata erdietsirik Arno metroko langile bilakatu zela eta Xaxik gauez gau postako konkurtsoa aurkezteko etsamina apailatzen zuela. Ametsik gabeko lanak. Xarlesek zaldi ehaiten gordeka higatu urteak bihikatu zituen: sosa ederki sakelaratzen zuen eta arditen dardaraz edozein neska txirikorda zezakeen, oldar ez zitezkeen itsusienak barne, neskek diruaren ohorea baizik ez zutela begiko sinetsirik.

        Xarlesen gustuko metro edo postako ofizio horiek bizi-segurtatzaileak izan arren, ez ziren aski emankorrak; Xarlesek agudo aberastu nahi zuen, beharbada bihurrikeriak baztertu eta sekula harremanak irauten baldin bazuen, Jeannerekin ezkondu, herrira itzulirik magasin edo jatetxe baten irekitzeko. Sos anitz izerdi soberarik gabe: Xarlesen filosofia zen. Gogoratu zen Bac karrikako Medaila Mirakulutsuaren elizan meza xume-xumea entzunik nola apirileko igande arratsaldean Montmartre kaskora igo ziren Gaxton, Elli, Jeanne, Xarles eta bizpahiru adiskide. Eguzkiak esne-krema koloreko Sacre Coeur basilikaren kupula distirarazten zuen, eta goian Xarlesek besoaz Paris erakutsiz txanpatu zuen:

        — Hau guztia neurea dateke, hemendik bi urte barne!

        — Bakea emak —ebaki zion espantua Gaxtonek—. Gure gain jartzeko doia ateratzen baldin badiagu ez dukek gaizki.

        — Ez zarete nehoiz helduko: irabazi txikiko kaka-jaleak zarete.

        Paris osoa irudiz bermeetan inarrosarazteko oihua askatu zuen Xarlesek. Igande hartan lagun taldeak, sarrerako haiariaren dei amainakorrei elkor, hustu behar omen zuelako, Pigalleko putetxe baten atarian utzi zuen Xarles. Gavrochen txapela zeroanak, laukote bildua ikustean, nondik bada zetozen eskatu zien:

        — Euskaldunak gara —Xarles harro zen.

        — Ni ere hala naiz!

        Parisko aieruz mintzatzeari uko egiten zionean Otsabideko kantonamenduko herrixka bateko euskalkia erraz sumatu zitzaion.

        — Bizi behar da nolabait... Nahi duzue zerbait edan?

        Neskek buruarekin ezezko borobila kulunkatu zuten. Xarlesek urrizak Elli eta Jeanne Gaxtonen gomendioan laga zituen, azken aholkua emanez:

        — Prestuki ibil zaitezte gero!

        — Eta hi ontsa goberna!

        Xarlesek haur mukizu zenean aitaren zintzurretik gaitzitzeraino aditzen zuena errepikatu zion Gaxtonek. Putetxean sartu zen, zangartea ahurraz banbaka joz. Besteek metroa hartu zuten eta norbera bere kukusotegietara bideratu zen, lanerako azkar eta prest izateko. Grenelleko hurrengo dantzaldirako hitzartu ziren eta bideak bertan bereizi zitzaizkien.

        Bar des Amis tabernako eguerdiko mozturaren karietara, ogitarteko mehea hortz-artean Xarlesek etorkizun hobeagoa zeukan amets, edozein. Otsabideko lehen auzo burlariaren zurbailarazteko modukoa.

        Manexunek karkaza gordinez hartzen zuen urtean behin bi asterako etxe ondora oporretara zetorrenean:

        — To auherrak ere hemen ditiaguk!

        — Auherrak eta oraino pausatzera heldu...

        Barrezka, eskua agurtzeko altxatzen zuen. Manexunek buneta goratzen eta aihena inguratzen zuen saparrera hurbiltzen zen:

        — Jina beraz?

        — Baha, zenbait egunentzat. Aita et'amengana.

        — Ontsa dituk. Osagarrian. Eta zein poliki moldatu duten ez hain aspaldi dena errauts eta lohi zeukaten ezkaratza! Ikaragarri irabazten duzue dudarik gabe Paris horretan?

        — Lan ere egiten diagu: goizetik arrats eta beti besteen meneko.

        — Lana zer den ikasten duzue horrela. Bazinuten ba beharra: Oskilazoko haurrak ez zinetela lanean akitzen eta Eskualduna irakurtzen denbora galtzen zinutelako fama zinuten!

        Hori entzutean, Xarlesek Manexunen begitarte inuxentaren ukabilkadaz kuskatzeko eta ubeltzeko gutizia salbaia bere baitan menderatzen zuen. Ez zion erantzuten. Isiltasuna hedatzen zen bien artean, eta soilik mahats-ondoen maldatik xoxo-moko horail baten kanta jazartzen zen. Irudiz sasoiz kanpo. Baina ez, arrazoitzen zuen bereber, zernahi urtarotan bazebiltzan xoxoak eta pika-bele zuri-beltzak lurraldeak harro eta alegeratzen. Xarlesek partitzeko keinua egiten zuen. Manexunek ez zuen nehoiz jakin nork eho zizkion Pentze Patarrean zeuzkan behor eta garaino preziodun haiek. Xarlesek irri mendekaria libratu zuen eta Manexunek besondoa tinkatu zion:

        — Roxali ere hemen duk. Astearentzat hura. Atzo mezetan zian: hauxe andre mindulina bilakatua den Traputegiko premua! Parisera joanez geroztik ez dik espantu baizik. Apeza eta errientarekin frantses handi batean mintzo zian. Eta gu saihetsean, ausikitzeko prest. Bazauka? Traputegian ez ditek mutilik ere; balio dik ba espantuka aritzea! Bere frantses zerratuarekin eta soinean dauzkan arropa koloretsuekin irudi dik puta bat...

        Karkazail argamasa askatu zitzaion, ipar haize meheak mugiarazi buneta plantan jartzen zuela:

        — Beharbada puta bat baizik ez duk Paris horretan.

        — Ez, Roxali, gure Ellirekin Lutecia Hotelean sehi duk.

        — Errak nahi duana, baina ene ustez...

        Biltzen ari zen caporal tabakoz osatu zigarretara begiak apaldu zituen zaharrak. Poltsa gris karratua besapean zetxikan, ezkerreko esku ahurrean tabako azkar marra bat bihurdikatzen eta eskuineko eskuaz job paper azal fina tanpez pausatzen zuen. Saparreko pazoiaren kaskoan bi puntak jo zizkion aldizka eta zigarretatik eskapatzen ziren bizar hariak behatz zaintsuaz ebaki zituen. Xarles bozkarioz desafiatuz, hasperen bat bota eta ezpain izkinan landaturiko zigarreta meharrari su eman zion. Mahastian zehar desagertu zen:

        — Lanera baniak!

        Xarlesek berekiko buhatu zuen:

        — Eta hire zaldien zitzi-sosa ene solexaren erosteko joan dela!

        Manexunen hautinaren hegiko bidetik Oskilazora zuzendu zituen urratsak. Beti gauza bera zen: Parisera abiatzen zirenek ez omen zuten trufa garratza baizik merezi, hirira joaten zirelako, mutikoak mutil izateko eta neskak, nola ez, puta bilakatzeko. Alta, errepikatzen zuen Xarlesek etengabe, ez ziren denak herri honetan bizitzen ahal: ez zen lanik, ez zen dirurik eta bigarren gerla bururatu ostean etxeetara zetorren dirua Paris edo Bordeletik faturrak zuen mandatez ekartzen zuen. Baserri erdi-hustuetako seme-alaba zintzoek beren hilabete sari urritik bereizi eta noizbehinka igorri sosa zen.

        Zena zela, etxe bederako gazteak noizbait partituko ziren, Parisera ez baldin bazen, kantonamendu zein departumenduko hiri nagusietara. Etxetik gertu agian. Batzuk ez ziren kantituko: haur soberakinetan semeak apez eta alabak serora sarraraziz jalgiko ziren zepotik. Batera baitzen ororen buru: batek hartuko zuen segida eta beste anai-arrebak oinarrizko habiatik hegaldatuko ziren, erregepittitta txepel.

        Manexunek ez zuen hurbileko enpleguetara plegatzen zirenez gaizki-erratekorik: Parisera lanera joanak zituen partida. Bere irudiz, frantsestuak eta frantsesaren jakiteak zekarren urguilu astoz hanturik bazebiltzalako gero oporretara zetozenean. Jasan ezin zitzaion: zaharraren herraz harritzen zen Xarles, bazekielako batetik Manexun ez zela baitezpada euskarari atxikia eta, bestetik, berak ere lau anaia bazituela Arizonan kabituak. Baina Amerikak dirua metatzeko helburu ederrak ziren. Eta Paris, geltoki zikin bezain likitsa, batez ere neskentzat, zira freskoaren usaina zerion prediku aulkitik apezak zionaren arabera. Gainera herrian ez zen aski zaldi, behi edo ardirik izango gazteen sasi-bizibidearen segurtatzeko, Xarlesen bandak urtean seipazazpi kalitzen baldin bazituen: mutikoaren koloka-hotsa irentsi zuen ipar haizeak.

        Manexun eta horrelako gizon mindulinen mutuarazteko adina aberastuko zen laster. Nornahi harrapatzen zen Parisen. Bar des Amis ostatuko gainaldeko gelako billar jokoaren inguruan ezagututako Tadjik adiskidea demagun. Tabernako gela gelberetan itzal, arratoi soarekiko gizona gurutzatzen zuen, plazerekin. Biziki gisakoa zen Xarlesekin, edari karioak igotzen zizkion oroz, gaitzeko diru puskak uzten zizkiolako. Batzuetan gaztearekin solasean galtzen zen eta sosa, noski borondatea baldin bazen horretarako, erraz eskuratzen zitekeela azaltzen zion:

        — Aberastu gogo baldin baduk, haugi gurekin.

        Nehork ez entzuteko gisan mintzo zitzaion, ahurra papoan banbatuz, moltsa gotorrak jantzia borobiltzen zion tokian hain zuzen. Xarlesek ez zekien zer ihardetsi, Parisera etorriz geroztik ez zuelako nehoiz hilabete saria aise bereganatu.

        — Zer duzu eni proposatzeko?

        — Chatelet metro geltokian biltzen gaituk, Mairie d'Ivryko norabidean. Hator. Langile on eta fina haiz. Ageri duk. Hire partea ukanen duk, galanta gainera.

        — Gaur ezin dut, baina bihar arratsean han izango naiz.

        — Erranak erran Xarles...

        Idatzirik zeramazkien zuzenbide eta telefono zenbakien papertxo zuria luzatu zion.

        — Deit ezak beldurrik gabe.

        Zerbitzatzeko platera mahai kantoian pausatua zeukan, oihala ezkerreko beso-gainean eta eskuinekoaz Tadjiken bisita-karta hara-honaka erabiltzen zuen. Oraino horrelakorik horzkatu zuen bezeroen oihuak aditzen zituela garçon! garçon! hauxe da, beharbada, ene xantza eguna! Bihotza pil-pil ari zitzaion.

        Hitzordu lekura bideratu zen Tuileries baratzeetan zehar. Tadjik misteriotsua eta haren lagunak han zeuden. Adiskideki errezibitu zuten eta, premiazkoak ziren seguritate neurriak zaintzearren, Ivryra zihoan metroan satortu ziren:

        — Bihar gauean San Sulpizio mirazkatuko diagu.

        Tadjik isildu zen auhen batean. Kideak oro begira jarri zitzaizkion. Batek ahapekatu zuen:

        — Eta berri hori nor da? Fidagarria da?

        — Alaina...

        Arratoi aurpegiduna zaunkaz ari zen, asiar estepetako eleen ahaire bortitzegia mendratzen saiatuz:

        —Agudo aberasteko nahikundea aski da fidagarria izateko. Zuek bezala. Eta arditak burrustan isurtzen dira zuen sakeletara, ez?

        — Baiki!

        Fanch izenekoak algaraz jarraitu zuen:

        — Bihar San Sulpizio eliza biluziko dugu beraz. Berria kanpoan barranda utziko dugu eta irabaziaren ehuneko hogeia emango diogu. Zer diozue horretaz?

        Tadjikek Fanchek finkaturikoa baieztatu zuen burua higituz. Berak ostu ontasunen balioaren ehuneko berrogeita hamarra zetxikan eta gainerakoa partekatzen zen hiru, eta hemendik aitzina lau kideren artean. Place d'Italiera heltzean norabidez aldatu ziren, billete berdinaz baliatuz. Chatelet-era itzultzean, eliza pikarraitzeko ekintza ozkan jarria zuten eta Port-Royal geltokian bereizi ziren.

        Tuileries baratzea ez zen oraino hertsia, eta Xarlesek La Motte Piquet etorbideko sehi-gela urriraino jo zuen, arrangura kiratsak pentsamendua kilikatzen ziola: eliza erasotzea ez zen Manexunen zaldien kalitzea! Emeki bazebilen. Zuhaitz lainoen azpian agertzen zitzaizkion harri edo burdin-tailuei begira. Han-hemenka haur batzuk ari ziren jolasean, iluna jaistear zegoela.

        Ez zuen Jainkoaren Etxea ontasunez arintzeaz besterik kausitu presaka aberasteko! Amak hori jakingo balu! Baina beranduegi zen gibel egiteko, ez zena gaiztaginetan eskualdunen artean nola, hala hitza hitz. Hargatik, ohe gainean etzan zenean, sabela nahas, goiti egiteko gutiziak sabela udalatu zion: xedez, obraz eta hitzez bekatu eginen zuen eta zuzen-zuzen infernuratuko zen. Lanera abiatzeko orduan izerdi hotzez zegoen, zepoan harrapatu azeri kasko-gabea bailitzan.

        San Sulpizioko ekintzan egiaz dena ongi pasatu zen. Atean geratu zen. Polizia edo susmopeko edozeinen hurbileraz kideak bi huxtuz abisatu behar zituen. Gauerdi hartan elizaren inguruak basamortu ziren. Jainkoaren Etxetik Tadjik, Fanch, Marcel eta Mario zakuak gauza ozentsuz hanturik jalgi ziren, harroki. Xarles ohartu zen guztiek pistola beltzak zeuzkatela eskuetan. Segur aski kargatuak. Premian, hiltzeko. Fanchek Xarlesi alde egiteko agindua eman zion. Errotak intzirika, ziztuan abiatu zen DS auto ilun batean metatu eta Parisen zehar, beribila harriz osatutako hiriko karriketan klas-klas ozenka, Montmartre eskualdera lehiatu ziren. Pigalleko putetxe bateko soto sakonean aurkitu ziren laster, ebatsi aberastasunak espantuka elkarri erakusten.

        Tadjikek diamantez hornitu kaliza jarri zion eskuetan:

        — To... Hori hiretzat, Xarles, ongi etorri gisa.

        — Ez, ez dut nahi. Bekatu da.

        Urrats izutua egin zuen atzera, ez zuelako behinekoan horrelakorik ahurrean tinkatu. Besteak oro karkaila gurintsutan lehertu ziren:

        — Hauxe inuxenta! Urrezko ontzi bat baizik ez duk, zozola! Har ezak, hirea duk!

        — Ez, ez dut nahi. Bekatu da.

        Fanchek kaliza aho aurrean bortxaz jarri zion, zerrikumeak bezala musuka zezan. Ez zuen Xarlesek sekulan kalizarik besarkatu. Apezak ere meza garaian jendeari bizkarrez altxatzen zuen zerura eta hor, iruditu zitzaion ohointzaz gain, Jainkoa zuzenean blasfematzen ari zela. Bulta txarra pairatu zuen. Hargatik, besteak baino gutxiago ez zela frogatzeko, pott nasaia eman zion.

        — Hau enetako orduan!

        — Bai...

        Tadjikek segitu zuen, hotz:

        — Anartean para ezak gainerako puskilekin. Mario joanen duk bihar auzoan ezagutzen dugun urrelari batengana, gureak diren opariok diru truke aldatzera. Ez dea hala Mario?

        — Segur baietz, Abdelen dendara gaur bertan joko nuke, ordu honetan zerratua ez balitz. Uste dut orain beste lanik badugula! Goazen gaineko geletara, neskak zertan diren haztatzera.

        — Ideia ona!

        Marcelek zigarroa pitz eta txapela burura ekarri zuen.

        Neskak aiduru zeuzkaten, herrokan. Tadjikek bi elez normaltasun itxurarekiko tratua hitzartu zuen Maiwen etxekanderearekin. Taldeko lau kide finkoek beren behokak zainartenen artean hautatu zituzten. Xarles beltzaran moxkote batekin gelditu zen. Emazteak mutikoa eskutik hartu zuen:

        — Egun gogorra ukan omen duzue.

        Irriz lehertu zen eta takoi kolpe batez ganbarako atea irekiz erantsi zuen:

        — Gibeletik gustatzen zaidak...

        Mihiak mihiari izugarriko lapatinkada eman zion. Trenputxartzear zegoen Xarles, baina hankarteko pastenagriaren bermea nabaritzean, sosegatu eta izpiritua bildu zen. Ederrak trebeki desegin zion zinta. Galtzak erori zitzaizkion eta, gotortutako zakila salboin urez eztiki garbitu ondoan, preserbagailuaz estali zion. Ez bat ez bi, beltzarana leiho saihetsera bulkatu zuen eta gona laburrak baztertuz zitzialde gurintsua agerrarazi zion. Ezkerreko behatzak alu bustian sartu zizkion, eskuinekoek zeta gorrizko atorraren pean bularrak bilatzen zizkiotela. Emaztea auhenka hasi zen. Ipurdi mazelak urratu eta gizonaren txistua itsumandoka bideratu zuen. Xarlesek tanpez sartu zion atzetik: bat-batean itsasoan igeri zebilen. Errain-ukaldika goiti eta beheiti mugitzen hasi zen, uhinka, neskaren uzkia eta bere garbots pare hantua elkarren kontra kuskaka sentitzen zituela, haizeetan klaskan zebiltzan bela zabal. Beltzaranaren titiak kilikatzen zituen, kukurusta gorria zimikatzen zion eta belarria ausikitzen. Neska ohe gainean lau hankaz jarri zen eta Xarlesek, zakurrak emea nola, hala bete zuen, zutik eta oihuka. Orroaz hustu zen Xarles, hiltzera zihoan urde.

        Emaztea hedailo geratu zen, atsegin intziri mikorik gabe. Mutikoak gorputz etendua inguratu zuen eta jario zuriz itsasoturiko haren sasiaren musukatzeari ekin zion. Neskak gizonaren burua biloetarik tiraka altxatu zuen, xuxurlatuz:

        — Bihotz, bego horretan gaurkoz. Hire nagusiak ez dik gehiagorentzat ordaindu.

        — Baina...

        Xarlesek Tadjiken presentzia erabat ahantzia zuen. Bat-batean gogoratu zen, ikaraz, oren bi lehenago zaldi-pikatzailetik eliza-ohoinen gradora hupatu zela, kalizari pott lizuna eskaini zion unean hain zuzen ere.

        Tadjikek eman zion lehen dirutzarekin Rivoli karrikako magasin panpox batean aratxe larruzko zapata zuri-beltzak erosi zituen. Ohoin bizimodua ohizkoa bilakatu zitzaion. Baketsua. Aireratzen zuen tiro bakarra emazteekikoa zen. Halatan, ondoko ekintza ugarietan arraina uretan bezala zebilen: eliza, banku edo posta-bulegoak erasotzen zituzten, autoz desagertzen ziren eta gaua Pigalleko putetxean bukatzen zuten. Hor haatik Xarlesek ez zuen berriz atzetik hartua izatea hain maite zuen beltzarana nehoiz ediren. Bar des Amisko lana abandonatu zuen eta, euskaldunen elkartasun sareari esker, herriko gizon politiko baten bizkartzain zereginetan zinpurtu zen.

        Gaxton, Elli eta Jeanne ez zituen ardura ikusten: ekintzarik ez zuen larunbatetan, Bac kaleko elizara joaten zen eta segur aski, kideak ohartzen hasiak ziren zein heinetaraino barnez kanbiatzen ari zen Xarles, itxuratik beretik. Hiru piezatako kostuma karioa zeraman soinean eta oinetan aratxe larruzko behialako oskiak. Gaiztagin baten potreta zen, kapetut.

        Gaxton behin gomendioz hurreratu zitzaion:

        — Kasu emak norekin ibiltzen haizen, Xarles. Hire aitak ontsa gobernatzeko aholkua eman ziakan. Oroit hadi horretaz.

        — Zer duzue zuek? —herritarraren abisuaz kexu zen—. Ur benedikatuetako igelak baizik ez zarete. Utz ezak ene aita bakean!

        — Itzul hadi bide egokira, Xarles.

        — A bai? Zuen Eskualdun Gazteriak izeneko batasuna duka bide egokia? Apez, apezondo eta serora zein seroragai erle-kofoin hori? Behi kaka urrina dariola?

        — Gaizki ari haiz mutikoa...

        Gaxtonek debalde bailitzan, Jeannerekin dantzara lehiatu aurretik, Xarles bertan landatu zuen. Jeanne Gaxtonen besotik urruntzen segitu zuenean errabia piztu zitzaion, eta menturaz askiko zuen paltoaren barneko sakelan zeraman pistola aireratzea, emaztegaia ebasten zionaren suntsitzeko. Ordez Grenelle aldeko dantza-tokia aztalkatuz, joan zen, bereber ikusiko ditek murmuzikatzen zuela. Luzaroan entzun zuen Grenelleko akordeoien soinu alegera, hainbat non Saint Florentingo elizatik zilarrean bizihaztu Jesusen tailua iltzatua zekarren egurrezko gurutzea ostean, ez jakin nork abisatutako poliziaz inguraturik, bera ere kalbarioko estazione zela, oraindik ere musika airos hura zerabilkion kasko-zokoan.

        Tadjiken bigarrena izendatua izan zen orduko eta, edozein lekutarik aberastasunak ostu ostean, lanjer eta mehatxu handienetarik jalgitzeko izugarri trebea zen. Salbu San Florentingo zoritxarreko egun hartan. Gurutze astunaren pean zen, besoak zabalik, belauna eta gerria bi balaz zitzikatua. Odol zipoa begiratzen zuen. Hatsa eskas zeukan. Min zuen orotan. Mututua zen. Begiak Jesusen begietan landatzen zituen, salbamendu bila. Erran gabe zihoan, taldekideak hegaldatu zirela, Patrick barrandari berriak Polizia heldu zelakoaz multzoa abisatu bezain laster. Laguntzarik gabe zegoen beraz.

        Bertan hilen zela seguru zen. Alta ez zen horretarako etorria. Informatzaileek eman xehetasunen arabera, San Florentin elizako ontasunak lapurtu eta saldurik, gaitzeko sos zionea erdietsiko zuten orokorki partekatzeko, partikulazki aldion Xarles ekintza-buruak. Gainera San Florentin izenak grazia berezia sortzen zion kolkoan: alabaina ez zena Seine ibarreko hiri horretako geltokian gertatu osaba Joanesek kontatzen zion istorioa?

        Osaba miresten eta haren trakako fama harrapatzea xedetzen zuen. Amaren anaia lehen munduko gerlara abiatu zen 1915ean, adinean zeuden herritar frankorekin, hala nola Piarres Harrondo, eta justuki Paristik Verdunera zihoan trena San Florentinen ekuratu zenean zaldiak kargatzeko, osabak ihes egin zuen. Subazterrean bildu ilobek Joanesen eleak edaten zituzten; zioenez, bizpahiru aste eraman zituen jendarmeekin herriratzeko kuku-muku latzean, eta gero, Urepelen gauez gau muga pasatuz, Oihartzunen errefuxiatzeko. San Florentin hiriaren omena beti goresten zuela errepikatzen zuen, berarekin zebiltzan anitz ez zirelako sekula etxera bizirik itzuli.

        Funtsean, gauza berdina erran zion, desertoreen ideiaz aldatzera gobernuak eta Baionako apezpikutegiak Gipuzkoako haranetara bidali Etxebarne kalonjeari. Hamalauko sarraskia bukatu zen, bakearekiko dudak ereinez. Joanes sei urte geroago sartu zen Otsabidera, Pilar emaztea eta bi bedatsetako alaba besoetan. Bortizkeriak eta laidoak pairatu zituen. Ardura negar hegian zegoen. Azaroaren 11ko omenezko meza isiletan batez ere, orduan zuelako egiazki sentitzen zinez laxoa eta herabetia izan zela. Pierra, Emile, Frantxua, Kaiet edo Graxia bezainbat izan zitekeen mort pour la France, baina gerlari uko egin zion, gogoetatzeke, okazioneaz balia, San Florentingo geltokian.

        Hargatik amodio debekatuak nola, hala gerlak ere ahanzten ziren. 1939an, emaztea eta haurrak etxean utziz, Joanesek berriz hartu zuen Frantzia iparraldeko bidea: berrogeita bost urte zituen jadanik eta ez zen irri egiteko eta eskapatzeko garaia. Verdun eskualdean bi aste iraun zuen; borrokan harrapatua izan eta gerla bururatzeraino Alemanian preso egon zen Poloniako mugako stalag batean. Azaltzen zuen zein molde errazean hamar mila kidetako batailoiak desarmatu, zaldi ederrak kalitu eta gerla-tresnak berenganatu zituzten alemanek, borrokarik gabe kasik. Pariserako bidean ezerk ez zituen arrastatzen ahal.

        Xarlesek Joanes miresten zuen: trahitzailea zen, horregatik sufritzen zuen, eta aldi berean Frantziari umilki leial agertu zitzaion, Lehen Gerlan ez ordaindu zorra Bigarrenean nahikoa pagatuz. Baina ororen gainetik gizon zardaiaren bizitzeko gustua zein errabia amiratzen zituen, auzoen erran-merran larrutzaileei axolagabe zegokiela, emaztea eta amantea biak batera maitatzen zituela edo 1947an idiak saldu eta traturra erosi zuela; berritasunaren bila zebilen beti. Zergatik ez jakin, Joanesek halako batean bere buruaz beste egin zuen. Xarles, ideiaz ideia jauzika bazebilen salbatzearren eta hor, hotsemaiten iragan orduak zeuzkan burkide, San Florentingo elizaren aitzineko plazan, kolpatua eta gurutze astunaren azpian lehertua zela.

        Hil-hurran zena? Iragan hurbila biribilketa ertzoan bazebilkion: zenbait egun zuela Tadjikek ebasketaren detsea azaldu zion Pigalleko putetxeko beraien soto pribatuan. Barne-barnetik hunkitua zen eta iruditzen zitzaion Joanes osaba bezainbat izateko lehiaketa abiatzear zihoakiola San Florentin horretan: ez zuen hitzordua faltatuko. Alderantziz, zioen bereber. Egiaz ez zuen huts egin: lau kiderekin hormatik erauzi eta burdinazko boloiak altzairu segaz trebeki mozturik gurutzea elizatik atera zuten.

        Ordea Patrickek etsaien presentzia seinalatu zietelarik, gurutzearen azpian bakarrik gelditu zen Xarles, Jesusen zilar uherrezko gorputza ilunabarreko eguzki-arraioekin jostari ari zela. Ortzaizeko ogi-landa irekietan dantzari zen haize freskoa susmatu zuen. Xarles bere aldian gurutzefikatua zen: gerritik edo belaunetik, ez zekien zehatz, isurtzen zitzaion odolean ihalozka, besoak zabalik, aurpegia lurrera, zangoak bilduak, bi egur puska gogorrek bizkarrezurra errausten ziotela.

        Irri xehe eta bihotz oneko profetaren mendekua ote zen? Zer ikusgarria! Non ziren lagunak? Tadjikengana joanak menturaz? Mariok ez bide zuen kalizez, eki sainduz, urrezko plata eta godaletez kunkuin bete zakua ahantzi? Eta Jeanne Gaxtonekin abiatua? Zer zauri latz zekarren San Florentingo elizak? Madarikatua zen ala? Aitzineko hilabeteetan arrobatu lau bankuak ebatserrazagoak zirena? Ez eiki. Florentin dohatsua zena zeru gorenetik, mende erdi bat lehenago osabak leku berean egin afruntuagatik Xarlesi arrabokatzen? Ekintza ongi zihoan Polizia jazarri arte. Zer pentsatuko zuen Tadjik nagusiak? Nork salatu zuen? Nor zen beraien arteko aingira-maingira mihi melenga?

        Lau bele eta zozo bat zeuden plazaren erdian. Lau beleak armatuak ziren eta zozoa bera zen. Polizia buruzagia zela ematen zuenaren aldera amore eman seinalez, besoa higitu zuen. Tiro zaparrada jaso eta bala bi belarri ondoan txistuka iragaten nabaritu zituen. Muina zartatuko zitzaiola zirudion. Bihotza banbaka ari zitzaion, beltzarana ipurdiko marra segituz atzetik hartu zuenean bezala. Lehertzear zegoen. Gurutzearen inguruan plantatu ziren gizon ilunak, pistolak trinkoki lurrean zegoenarengana zuzenduz. Ez zuen gehiago mugimendu bakar bat eginen. Beste hainbat gizon jaitsi ziren kamionetatik eta gurutze astunaren altxatzen tematu ziren:

        — Alajinkoa, hauxe gurutzea! Kasu, gaixtagin honek gaitzeko indarra du!

        — Bai, zain gaude!

        Xarlesen belarriondoan pausatu ziren lauzpabost pistola. Dardaraz ari zen Xarles, itxuraz azken ordua iristen zitzaiola. Baiki bazituen Parisera lanera etorri aurreko urteetan gurutze hau baino pisuagoko ogi-zaku eta orgak besainka aireratuak! Eta harategira eramaten zituen zaldi zein behi zitzi-balak! Gustatzen zitzaion errain ukaldi batez zamaren bizkarreratzea eta trinkili-trankalaka selauru edo ganerrera hupatzea, beste kolpe zainart batez errautsez eta bihika zohituz emokatu zoletara aurtikitzeko; kopetan bazerion izerdia esku-gibelaz xukatzen zuen eta ogi-ehaiteko makina zaharraren maldara lasterkatzen zen, lana ez baitzen egundainokoan bukatzen. Joko horretan gainera Otsabideko txapelduna zenez, ez zuen saindua izanagatik, lumaren arintasuna zeukan gurutze batek izuaraziko! San Florentingo plazan poliziak intzirika aditzen zituen, imilitz. Egurra higitzen zuten oroz, gorputza larranzten zitzaien. Indarka abandonatu zuten. Poliziaburuak erran zion, hatsartuz:

        — Legearen izenean, arrastatzen zaitut.

        — Ez bedi eskapa —orroatu zuten denek batera, armen mehatxupean baten batek esku-burdinak ukaraietan hertsatu zizkiola.

        Jeanne-ri pentsatu zuen, Gaxton eta Elli Otsabideko adiskideei, agudo aberasteko bere ilusioari, Manexunen behor zitzikatuari, osaba Joanesen destinuari eta noizbait jasoko zuen gaztiguari.

        Heriotzara kondenatuko zuketen. Ez zuen bada horrelakorik merezi, bere irudiko. Furgoi beltzean itzaleratu zutenean, gilotinaren mihi fin eta zorrotza lepondoan hotz lerratzen imajinatu eta trenputxartu zen.

        Poliziek Parisera eroan zuten Xarles, jada hilotz.