Zeruetako erresuma
Zeruetako erresuma
2005, nobela
344 orrialde
84-95511-71-1
azala: Marcelo Daz
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1985, nobela
Zeruetako erresuma
2005, nobela
344 orrialde
84-95511-71-1
aurkibidea
 

 

7

 

Azken denboretan hedoi batean bizi zen Graxi. Etengabeko aro ederra oparituko zion laino mihi arinetan zaldizka. Begiak zerurantz, orduak pasatzen zituen hodeiak aztertzen: goizaldera ortzian zintzilaldi graziosean dilindan agertu zirru-kumulu multzoak mirets zitzakeen, eguerdi aldera masa borobilago batean biltzen eta arratsaldean itsasotik altxatzen zen haizeari esker berriz barreiatzen, etzirako eguraldi onaren iragarle xume. Zenbaitetan gora hain gora, hegazkinen keek, lurraren ertza batetik bestera, bi marra paralelo hazten zituzten. Airekoak ttaka zilar ziren eta keak zuri-zuri. Urdina lardaskatzen zuten. Larranzten. Dolorezko agerinde. Lepoko mina jautzarazteraino begira egoten zen Graxi, ke-buztan zehatz haien destinuaz galdezka: iraunen ote dute? Inmaterialitate sentimendu hutsal batek desjabetzen zuen neska. Hargatik, handik laster, lerro zurbailak desegiten jarraitzen zituen, ikuskizuna biziaren ikurra bailitzan. Ikur ankerra. Baina lainoei beha zegoenean ez zuen tristura izpirik nabaritzen bihotzean, ahantziak zituela uste zuen poza eta zoriona baino.

        Ibai bazterrean jartzen zen. Belaunak paporatzen zituen eta horrela egoten zen, zerua eta lurra juntatzen zituen errekari begira, orduak ordutegi. Zubi Berriaren hegiak arrasatuz txoriak itsasotik zetozen, karranka. Ibaia hegalez kilikatzen zuten noiztenka, desafioz bezainbat gosez. Uraren azal jabala, ondorioz, borobil meharrez zimurtzen zen. Naturak premia bakarrean harrapatzen zituen jokoa eta behar gorria, biak ekintza beraren partaide oso, aldea eta ifrentzua sekulako lotuak ziren eran, amestutako oreka erdiets lehian. Jokoak huts egiten baldin bazuen, behar gorriaren betetzeko desira eta kemena eskasten ziren; alderantziz behar gorria baizik ez zenean bermatzen eta obratzen, mekaniko, hits eta debalde bihurtzen zen guztia. Hedoien ibilerari hurbiltzen zitzaizkien txorien dantzen arintasunezko bake sakona maite zuen Graxik. Ontzi bat segitzen zuen, ibai zabalean, ezpondatik ezpondara, arrantza sareak hedatzen: haizearen xuxurla, uhintxoen klaska hegietan eta batelaren motor azantz elkorra. Bakarretan erreka azpatzen zuen harrizko horma itsuan footing egiten zuen baten bat segi zezakeen; haizea azkarregi zebilenean eta euria ezkel, lasterkaria uhinetara eroriko zela zirudion eta hatsa bahitzen zitzaion. Baina ez zen horrelakorik gertatzen, bide hertsian korrikalariaren oina segurra baitzen.

        Ez zekien nola deitu. Ingelesa nolanahika erabiltzearen ohitura txarra ezin menperatuz eta egoeraren bitxitasun arrotza gatibatzearren, Man izendatzea erabaki zuen.

        Gizonak ezagutu zituen, anitz eta sobera, baina ez zuen Man-ekikoa bezalakorik nehoiz dastatu. Erran behar zen ohea zaplastatu zioten gehienek, izaera eta gorputzaren ahalkean ihalozka, aztal-ukaldi batez ito zutela.

        Solasaldi krudelez oroitzen zen:

        — Ahizpa zu baino ederragoa duzu.

        — Zergatik zara enekin orduan?

        Altzairuzko tapak zintzurrean igotzen nabaritzen zituen. Betazalak busti zeuzkan. Ustezko maitalearen ezpainetarik erantzuna, egia hotzetik hain hurbil, maiz harresi eraikitzen zen.

        — Hobearen esperoan nago. Ez zaitut desiratzen. Baina inor ez daukadan artean, zergatik ez zu?

        — Baiki...

        Jaiki eta ganbarako mirailetan jaukiko zitzaion itxura itsusiaz gohaintzen zen, gordeka. Bainu-gelara zihoan, garbitzera eta malkoak urtzera. Ez zezakeen bere burua pati. Nehoiz nehork ez zuen jasan. Auzoko neskekin gaztaroko dantzaldietara joaten zenean, demagun, bakarrik geratzen zen ilunpean, banka mainguetan ttottoturik, gonbitik gabe eta mutiko mozkor berotuek heiatzen zutenean, ezezkoa aireratzen.

        Behin Arbideko batek erasiatu zuen:

        — Uste duna errefusatzeko heinean haizela?

        — Ez diat slow horren hirekin eroateko gutiziarik...

        Beldur eta kikil zen, bazekielako ez zuela mokofinaren jostatzeko aukerarik. Mutikoak plastikozko garagardo basoa aurpegira aurtiki zion kexu. Besta bukatzean, zoriona aho beteka irentsi eta urrikal-ezin, lagunak inguratzen zitzaizkion, gizon-gaiak laztanki musukaturik, agudo eta irriz karkailaka etxeratzeko. Ez ikusia eta amodiozko gauzetan ez ikasia, mundutik kanpo ziharduen Graxik.

        Amore ematera zihoala, Man jauki zitzaion, zeru hondoan hegoak bulkatu hedoi zehargiaren gisara. Zerk bada piztu zuen Man-en baitan Graxirenganako interesa? Arrazoitzeko, kalkulatzeko, gogoetatzeko eta bizia ekuazio soiletan finkateko usaiarekiko Graxirentzat misterio ederra zen. Gurutzatu ziren arratsalde hartan geldo geratu ziren, soak iltze. Irriak, adinak mateletan urratu arroilak plegarazten zizkien. Amodioa baino gehiago iluminazioa zen, mendeetako lotsak giltzarrapoz kateztatu bihotzaren iratzartze berria.

        Isiltasuna hautsi zuen Graxik:

        — Ez nazazu horrela begiratu otoi, ez naiz biziki ederra.

        — Lasai, ni ere ez naiz hain gaztea...

        Man barrez lehertu zen. Graxik kopeta apaldu zuen eta, jasaniko inarrosaldiaren ondorioz, izpiritua lauhazka, gutxitan bisitatzen zuen haurtzarora itzuli zen: etxe aurreko landaren horiarekin ezkontzen zen zeru urdina irudika zezakeen, auzoak ogi epaiten eta epai arau, rafia esku batean, igitaia bestean, ezpalak trebeki estekatzen! Ardoa burrustan isurtzen zen, izerdia usain gazi lerratzen eta langileak haiatzeko aitzina-aitzina deiadarrak hegaldatzen... Graxiren memorian txertatu ziren lehen itxurak ekiaren su eta distiraz argi ziren.

        Handitzean, nahiko paranoiko bilakatu zen, bidegabeko ohar eta apalestez barneko argizaiola hiltzen saiatzen ziren urte dorpeetan, gogapen salbatzaile horren altxorrari esker zepoaren mehatxutik libratzen zela. Aski zuen bere film pobrea buruko pantailan berriz eta berriz pasatzea jakiteko ez zela beti ingurukoek erakusten zuten inutil eta mukizua. Alabaina, Graxi txikitatik urguilu-ontzi eta harro-putzua zen: umiliatu behar eta ez zuen besterik egin, murruak arrasatu eta itzalekin solastatu. Man-en soak selauru sekretu eta zokoratu hartako borta blindatuak bortxatu zizkion.

        Zaila zen asmatzea batzuetan zeru zolan zebiltzan hedoiek zer ekarriko zuten: meteo-agiriek euria hitz ematen zuten eta bat-batean haizea jaukitzen zen iparretik edo hego-beltzetik. Ortzaizean multzoturiko kumulu-ninbo astunak airez, sabelak haurrez bezala, husten eta hertzen ziren. Bizidunen gainetik, euriaren mehatxua azpatzen zuten. Baina agian, beraien jario amniotikoen txortola zelestiarrak nonbait botatzen zituzketen: nork zekien zuzen zer bilakatzen ziren lainoak... Ordea, hidrogeno masak bata bestearen kontra behaztopatu eta uhar ikaragarriak setia zitzakeen bazterrak. Halaber ortzia berezitasunik gabeko hodeiez estalia zela, denbora dil-dil eta zalantza zen, nora jo ez jakin, burlari. Konplexuek labakitu neskari, hedoiak euritzen ziren uneak amodiozko lantzer-izpi iruditzen zitzaizkion.

        Hedoiez aldatu zen Graxi Man-ekin ibiltzen hasi orduko. Maite zuen Man-i so geratzea, Man bera ikuska hurbilaz ohartzen ez zela ardurenean. Karrikan zebiltzanean, metro apurrez atzerago egoten zen Graxi, gizonaren traka hortik, hunkigarri kausitzen zuelako: urrats mantsoan bazebilen, airatzear, hitzen haria ez ebakitzeko noizbehinka inguratuz; neskak aldiz eskuak paltoko sakeletan zatxizkan gehienetan, begiak pindar, izpiritua laino eta aurrean arin zebilkion itzal handia zangopilatzeko asmoz jostari. Kide zeukan gizon luzearekiko harrotasuna bihotzean pizten nabaritzen zuen.

        Betirako urrezko ibilera amesten zuen: bideak iraun baleza oraino mila urtez erregutzen zion balizko jainkoari, zabalago zen arren otoitza laguntza-dei izatera mugatuz. Orduan, biluz sentitzen zen, pobre, minbera eta ahul. Bazekien Man-en begirada beltzak sosegua ekarriko ziola. Zertan finkatzen zen bizitzeko bozkario berreskuratua? Zer zen bada hitzik gabeko amodio hori? So bat aski ote zen xendra lahartsuan tematzeko? Maitasunez troxatu pentsamenduak egunerokotasuna onera bidera zezakeena? Kitzikaz eta gutxiestez azpatu mendeak ezabatzeko baliamen ezin hobea zena, mundutik kanpo, lurrean exiliaturik, hondar urteetan Graxik zeraman norabide intimoa?

        Ostatu batean sartzen ziren bostetako tearen hurrupatzeko. Buruz buru jarri eta niniken oihal beratzak josten zitzaizkien, urtarril mineko igande azkorrietako izotz edo goroldioz zuritu harri karroinduak adina geldo.

        — Gure lehen amodio gauaren oroimen, kaligrafiatu nituen ideograma hauek eskaintzen dizkizut.

        — Joan behar zara ala?

        Graxi kezkatzen zen, makurrean ohitua, sordeis igurikatzen baitzuen beti.

        — Ez baitezpada. Iruditzen zait salbatzen zaitudala. Batez ere zeronen mamuen aztaparretarik.

        — Zurekin ederra naizela susmatzen dut.

        — Sentimendu berdina daukat. Utziko zaitut, eta utziko nauzu, geure baitako argia egiazki eta behin betiko segurtatuko denean...

        Ahots eztiaz haizearen eta larrazkeneko hedoien parabola azaltzen zion, asmatu berria noski.

        — Nahiz bortu gainetako elurrak balakatuz hozteko arriskuan dagoen, hegotik buhatzen duen aire beroa, ez da hatsa bulkatzetik gelditzen harik eta zeruaren izkinetarik azken euri-laino mehatxugarriak eten, desegin, menperatu eta ehizatu arte.

        Kanpoan narrasti nagi paseatzen ziren jendeak miratzen zituen Graxik leiho hegitik. Bista amiñi bat haratago zuzenduz, egoitza gorakoien artetik jadanik distiratzen zuen ilargia, artizarra ezkerraldean, zehatz zezakeen. Hotza erraietan zerabilkion. Behin, gogoan zeukan oraino, lanetik gauez gau etxerakoan, bost kantoien plaza desolatuan didjeridoo soinu-jolearen entzuten egon zen: zintzur karranka ematen zuen musika aditzen zen, mutiko isiotuak higiarazten zuen panderetaren xirri-xarrak suge-ozenaren ezpalen karkara zinominokatzen zuela. Plaza hutsera heltzean musikaria harrapatzeaz harritu zen, azantz aboriginal hura enparantza brodatzen zuen apartamentu batetik zetorrela uste baitzuen. Ibiltari batzuk gelditzen ziren, argi zurbailen men, deus ez bailitzan pasatzen zirela anitz, etxerako presaz. Graxi lekuan berean geratu zen, lekuak eta denbora zurunbilo berdinean borobilkatzen zitzaizkiola kolkoaren eremu murritzean.

        — Didjeridoo haren hotsak gatibatu ninduen. Ez nintzen nintzena. Alderantziz nintzena banintzen, nintzena baino gehiago nintzen, lurraren ertzetarik jaukiriko izaki zaharkitu eta mendeen hariaz jakituna. Larrua beltz neukan eta hitza mendekosteko argi-urrakoetan bezain nahas. Sozial, ekonomia eta kultura ezaugarriez desjabetutako humano soila nintzen. Desbejabetasun horren mamitik maita zaitzaket egun. Eta zuk maite nauzu?

        — Garrantzia duen zerbait erran behar dizut.

        Musu arina pausatu zion ezpainetan, eztabaida giltzatuz.

        Goiz hura altxatu zenean, bihotz beratu zen Graxi. Negua zen. Leihotik lurraren ertza bastatzen zuten mendi lerroak ilun, hain ilun eta etsi susma zitzakeen; emeki-emeki, azpa arrosa agertu zen, zeru beltza eta bortu elkorra bereiziz, argizko jazarpena irudikatuz. Hedoi herrokak gero, kolore berdinez apaindu ziren. Gorritasuna burlari zebilen. Urrakotik zenbait minuturen buruan eguna sortu zen, erabateko mirakulu. Urez hanturiko lainoek multzo trinkoa osatzen zuten, bezperako eurien memoriaz erditzear. Bortuak urdindu ziren, ortziak gris doinua hartzen zuela. Argi-zirrintarik sekula behatu ez bailuan tente zegoen Graxi. Man-ez pentsatu zuen. Zintzurra tinkatu zitzaion. Aldamenean lekukorik ez zeukala, erran zuen, hasperen:

        — Hauxe bizimoldea...

        Eriak kopetan behera ahoraino lerrarazi zituen, beraren izaera haragikorra baieztatzearren. Ahotsaren zehargiaz harritu zen. Larruaren epelaz eta betazalen higiduraz halaber. Etxeko leihoa ireki zuen bazterrak laztantzen zituen hego aire freskoaren sarrarazteko. Ibai gainean jadanik txori herbalak biribilketan bazebiltzan, dantzan eta kantan orroaz, aditzen ziren auto zarata burrunbatsuen arteko isiltasun uneak betez. Alabaina hirira etorriz geroztik zaratarik gabeko minutu apurren maitale bilakatua zen.

        Man-en aitzinean edo saihetsean zebilenean, destinu lakarraren muinaren harpe galduenetik zetorrela zirudion, soaren bat-bateko indarraz salbatua izan bailitzan. Ez hain aspaldi, bazterrekoak aspertzeraino, existentzia propiorik ez zeukala errepikatzen zuen eta nehork ez zuela ikusten; egoera horren froga zen karrikan ibiltzen zenean, ondotik pasatzen zitzaizkion jendeek ezaxolati eta parez pare kuskatzen zutela. Ez-izatearen zama zeraman soinean. Ustezko adiskideak bazituen; gustatzen zitzaien min egiten zioten piku mikatzak neskari irentsaraztea, baitzekiten urguilua erdiz erdi kolpatuko ziotela. Beraien arazo sentimental likitsen zakarrontzia zela zirudion batzuetan eta zikin sentitzen zen. Hargatik, ez zien jujamendu gabeko behaketarik ukatzen. Talde-lanetan parte hartzeko egokia zen bururaino eroaten zituelako saldoak finkatu ildoak. Leialtasunez.

        Baina garai haiek agortu zitzaizkion. Zinezko hustasun latzean kausitu zen, kide, lagun eta adiskide faltaz jardutea suertatu zitzaionean. Aro gogorrak ziren: bakartasuna gaztigu gisa jasan zuen. Negar egiten zuen, uharrak herriko lurrak bustitzen zituen bezainbeste, destinu larria deitoratuz eta herioa desiratuz. Ideia beltzez setiaturik jaikitzen zen eta eguna mutur higatzen zuen. Tristuraren lasaialdietan, zeruko hedoien bilakaeraren miresle bekaitz bihurtu zen. Holtzarte labainean behera lerratzean, on zen alabaina, pareta hausten zuten zuhaitz edo harri ttutturruei ezinbestez lotzea.

        Maluraren zigilua Man-en presentziak ezabatu zion. Hala sinesten zuen behintzat. Zoritxarra nola, hala zoriona ere exajeratzeko jaidura txarra zeukan Graxik: gizonarekin harremanetan hasi eta bizpahiru asteren buruan jabaltze buhako epelak aditzera ematen zituen. Musu eta ele gozoek hainbat hamarkadetako destorbua ahantzarazten zioten. Ezeztatzen. Man nehoiz ezagutu ez balu, galduko zen bistan dena. Deboila intimoaren sentimendua are sakonagoa zuen ingurukoen bizimoduarekin berea konparatzen zuenean.

        Erkatzeari utzi eta bakartasuna altxor kontsideratu zuen. Aldion, geroa segurua ez izanagatik, bazekien urostasun purruskak ugaltzen ari zela amodioa egitean, teak hurrupatzean, Man-en eskua paper lodian kaligrafiatzen jarraitzean edo elkarrekin Tom Cruise samurai lanetan eskaintzen zuen filmearen ikustera joatean. Eta, noski, zuela gutxi asmaezin zitzaiokeen denboraren harilka berria ez zuen inorenarekin parekatzen. Atseginez hartzen zituen orduak arinago bihikatzen zitzaizkion; ez zuten tenore larratzen orratzek lehen bezainbat sarraskitzen. Altu-estratu gotorrak halaber, hedoien eta euriaren batasunaren aiduru zeuden.

        — Maite al nauzu?

        — Erran behar dizut... zera... Oizu, irakur itzazu Li-Baien olerki hauek!

        Man-ek oparitzen zizkion liburuak irensten zituen, libururik aspaldian haztatu ez zuenaren goseaz. Gizona eztia zen. Man-en fereka zabalen meneko zenean, haurtzaroan ere ez zela horrela gozatua izan iruditzen zitzaion. Nehork ez zuen Graxi altzoan hartzeko astirik ukan. Gela ilunaren zokoan, erregin etsitu eta hieratiko zegoen amatxik izua eragiten zion eta ez zen oroit haren partetik sekula musu bakar bat erdietsirik. Gerta zitekeen berdinki, anai-arreba txikiagoak nola balakatuak ziren ikusten zuela, jeloskeria ziztek izpiritua urratzen ziotela. Bekatu zen jeloskeria eta lausengu eskatzea.

        Gehiena zenaz gain, heldutzat jo zuten garaizegi, gabetasunezko umilitatera behartuz. Bizia bereber ikastera behartua izan zen, xendra okerretan barna galduz, erantzun egokiak itsumandoka harrapatzen saiatuz, mugetan harako basamortu desolatuetan eratorri anker eta bakartian higatuz. Denbora sobera gastatu zuen bilatzen, gainerako jendeak automatikoki heltzen ziren gunera iristeko. Inor ez zitzaion Man-en moldean mintzatu, eta gizonaren hitz bakoitzean solasaren funtsa eskuratzen zuen. Momentu berezia zen, harrigarria eta batez ere ona, zoria batzuetan ona zitekeen eran.

        — Ez nazazula utz...

        Amodiotik landa Graxiren elea otoitz apaintzen zen, gorputz batuek bakea hatsartzen zutela, izerdi eta aditzez blai. Man-ek orduan burua ahurretan tinkatzen zion:

        — Zein da bat-batean daukazun irudipen hits hori?

        — Ez nazazula utz...

        — Hedoien eta euri uholdeen haria marrazten jarraituko dut, zuretzat.

        — Maite nauzu araiz?

        Erantzuna igurikatu gabe, gizonaren besotan kuxkurtu zen, papondoa pott arinez estaltzen ziola, loaren aztaparrek astiro, linboetara eraman artean.

        Erreka hegian zegoenean maiz, iparraldeko hiri nagusira zihoan garaiak zituen gogoan. Hedoiak batez ere. Angulematik hara, zeru haietako lainoak miresgarri zitzaizkion: betetasun ikaratia bazuten, loditasun harkorra, ortzia pindarka kilikatzen zuten presentzia fisikoa. Treneko bitratik, jargian kasik etzanik, begira zegokien fazinaturik. Bere herrikoak arras zeru-zulo itxuratzen zituela, Tours eta Orleans bitarteko ogi zelai hedatuen zedarrietan hedoiak bereiz zebiltzan, zerua urdintasunaren xatarraz troxatu eta zuritasun mardulez hantuz. Bat-batean euri egiten zuen. Urrunago eguzkia zen andere. Bidaia soilean aroa lauzpabost aldiz aldatzen zen, begi-kliska narrasean biziaren aniztasuna gatibatuz.

        Ortzietara dil-dil zenean, ez zuen leitzen, ez zuen musikarik hautematen, ez zen auzoarekin mintzatzen, ezer ez; lainoak eta zerua nahikoak zitzaizkion. Dena ahanzten zuen, arrakastarik gabeko zorionaren txerkatzea barne: leihoaren miraileko potreta arraroari irri xehea dohaitzen zion. Trenaren abiaduran jende itxura bitxi haren patitzea lortzen zuen. Gaurkoan, Man-en magal abegikorrean zebilela, salbuespenak salbu, kontra-bihotzez suportatzetik bere burua onartzera iristen zen.

        Bidaia haietaz oroitzean, barnez iraulia ateratzen zen Graxi. Elea ehuten zuen:

        — Ez dakit ekiaren ala biziriko neure agerpen doloretsuagatik zen, baina aste haietan begitik minez ibiltzen nintzen.

        — Neure irudikoa zara, Graxi.

        — Amankomunean daukagun ontasun handiena bakartasuna dela jakitea onuragarria da...

        Neska isiltzen zen. Erromantikoki, amodiozko harreman batean bikotea osatzen zuten kideek bakartasuna baino gehiago jartzen zutela sinesten zuen. Ez anitz gehiago ordea. Hori baizik ez balitz ere, jadanik ederra zen. Ostatuko zabaldurak begiz zeharkatzen zituela, Man-ek erran zion:

        — Uler dezazun plazer nuke, eta ez gaizki! Noski, gizon batek emazte bakarti bat, edo alderantziz, harrapatzen duenean, izurriteari nola eskapatzen zaio, eri bailitzan, ez kutsatua izateko parte batez eta bestez bakartiarekiko, uste nagusiaren araberako fabrikazio edo funtzionamendu akats zerbait susmatuz. Ez baita normala bakarrik jardutea. Gure mendean bakartasunaren aurka borrokatzen da. Badakizu aurten lehendakariak bakartasuna nazio mailako kalamitate izendatu duela? Eta zu, pobre buru-ahul gisa begiratzen zaituzte, salbu neurekin zabiltzanean, bikoteak segurtamen soziala ekarriko bailuan! Elkarrekin gaudenean, urmaelduriko banaezineko batasun baino, noizbehinka ezkontzen diren libertatea eta intimitatea oinarritzen duen bakartasunez azpildutako bi izate arras bereiz izaten jarraitzea komeni zaigu. Eta ildo horretarik uste dut ez garela nehoiz bata bestearengandik aldenduko.

        — Maite nauzu beraz?

        Graxik hasperena askatzen zuen.

        Man-ek ez zion ihardesten. Neska pentsati geratzen zen. Itotzear zihoanari agitzen zitzaion maneran, urteak burumuineko pantailan abiadura handian iragan zitzaizkion. Ez zion munduari plazer ttantta bihirik iradoki: debekatua zitzaion? Gizona luzaz deitu gabe egon arren gaurkoan, ez zen huts zein hustua sentitzen, izpirituaren labakian auto-suntsiketarako suterik ez zitzaion pizten, hainbat larrutu zuen antsiarentzat den-mendreneko zirrikiturik ere ez zegoen. Amodioa isiltasun eta bakartasun zen eta elea ekai pottolo.

        Man-en larru beroak Graxirena farrastatzen zuenean, uste zuen larrazkeneko zein udaberriko lantzerra hasten zela, euri malko xehe eta finez bazterrak astinduz, arteka bedera amultsuki urez emokatuz, idorte mehatxuari arre ozenka. Martxo hondarretako lantzurda eztiak hargatik, zozomiko egunetan, gaiztotzen ahal ziren eta lainoak ortzian eguzkiarekiko lehia hilkorrean higatzen zirela, uhar hotz eta basati leher zitezkeen, Man Graxiren baitan nola. Neskaren intziriak orduan haize marruma zirudien. Sabelaren muinetik ernalduriko garrasiaren hedadura ez zuen ezagutzen. Plazer une horietan bezainbat nehoiz ez zen bakartasunean hain bekaitz sentitzen Graxi: berreskuratzen ikasten zuen gorputzen loria partekatzeko zein erkatzeko gutiziarik ez zuen, are gutxiago aldamenean etenez amildutako gizon maitatuarekin.

        — Behar bada maite nauzu?

        — Zera erran behar dizut...

        Loak gizona gatibatzen zuen, berehala.

        Karrikan edo autoa har eta herritik at Man-ekin ibiltzen zen une estimatuetan, bizian asperrez ikertu hedoi-lainoak oro sarabanda mentsean bazebiltzan Graxiren kasko-zokoan. Begiak herts eta aldizka kumulu-ninboak zein estratu-kumuluak zitzaizkion argitzen, euriaren bidez batasunera edo zeru zohardia lardaskatzen zuten kurloen gidaritzapean bidaia dei. Beste batzuetan aire ingurukariak hautsitako exilioko trenen leihoetarik mendekatzen ziren altu-estratuak zituen pentsaide. Azkenik, arkana bezala izenik ez zuten hodei ilun eta pisuak irudikatzen zituen, galerna oihuak, bihotz kolpeak, teilak higitzen, altxatzen eta etxe saihetsean puskatzen. Mespretxu apurraren aieruz, Graxi lainoetan zebilela zerasaten, baina hobe zen hodeiak buruan kartzelatzen zituela eranstea. Hondarrean, lainorik ederrena Man zuela sinesten zuen. Hura gabe ez zukeen edaten zuen uraren gustua dastatuko, ez zituen trebeskaturiko eremortuen minak izendatuko, ez zen mututasunez lehertu amodiotan egongo. Bilaketa ez zuen ohe baten horizontalera mugatuko, baizik zeruak eta lurrak biltzen zituen euriaren bertikaltasun sakonera hedatuko.

        Man-en aixolbean zebilenean, Graxik nabaritzen zuen, maitasun istoria hori ez zuela oroitzapenen lerroan sekulan kokatuko. Ez zuen bizia biderkatzen, ildozkatzen eta neurkatzen zion zurrunbilo horren azkenik antzematen, bukaerarik gabekoa baitzen, mundua adina zabala, zerura iristeko orratz zuloa bezain txikia halaber. Man-ekiko harremana, iragana salba eta orain ibiltaria baltsa-araz zezakeen geroaldi amestuan mintzo zutitzen zen, denboraren harilka mantsoan. Batzuetan hunkiduraz urtzen zitzaion bihotza eta besteetan irri egiteko irrikaz zegoen, zozoki. Ulert eta iragarrezina bilakatua zen. Xendra dorpean, oinak eta urratsa ez ziren akitzen, mendratzen, dudatzen. Etxeko lo-gelako ohe kantoiko mahaitxoan Man-en marrazkiak metatzen zihoazkion. Maitatzea zer zen bazekien jakin.

        — Zergatik ez nau maiteko?

        Arratsalde batez Man ileen horitasuna urre zeraman andere baten konpainian azaldu zen Graxirekin zuen hitzordura. Neskaren gogoa ilundu zen: zera zitekeen. Urduri zen hainbat non tea kikera eskuetarik erortzera utzi zuen, ostatuko zerbitzarien artean gaitzeko harramantza eraginez. Man ez zen barre egitetik kantitu.

        — Zera erran behar nizun Graxi.

        — Bai.

        — Hara neure emaztea, Lili.

        Graxiren mingaina paralesiatu zen. Hatsa eskas zuen. Betazalak apaldu zituen. Ez zuen ordea bere gaizki-bultaren seinalerik eman.

        — Askotan aipagai zaitu nire senarrak.

        — Pozten naiz.

        Estepako otsemearen orroaren deiak bihotza erdibitu zion.

        Sabelaren barnetik oldartu garrasia ez zuen ahantziko.