Zeruetako erresuma
Zeruetako erresuma
2005, nobela
344 orrialde
84-95511-71-1
azala: Marcelo Daz
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1985, nobela
Zeruetako erresuma
2005, nobela
344 orrialde
84-95511-71-1
aurkibidea
 

 

3

 

Maiana Artoiz, aitaren arreba txikiena, Frantxua seme zaharrenaren Baionako apartamentura heldu zen, autobusa Otsabiderako bide-juntan harturik. Emaztea errainarekin garatzen ziren pataska etengabeez aspertuta zegoen; Marysek alabaina hutsak eta akatsak baizik ez zizkion aurkitzen, eta bakarretan Jakes semeak, andrearen ildotik, erasiaka erabiltzen zuen. Egia erran Maianak ez zukeen nehoiz horrelako egunerokotasunik asmatu, bere sortetxean berean. Gauez oheratzen zenean negarrez urtzen zen: senarra galduz geroztik, alta ez zuen hark ere gozoki tratatu, pairatzen zuen egoera tristea iruditzen zitzaion. Goiz batez ordea, askariteko bilduak ziren sukaldeko mahaian, erabaki erraldoia jakinarazi zien:

        — Banoa Frantxuarekin bizitzera.

        — Zoazi deabruetan hara, nahi baduzu —erantzun zion Marysek, irri karkaila lotsagabea askatuz.

        — Frantxuak bederen jendeki tratatuko nau! —auhen bat askatu zuen, eta oiloen bazkatzera abiatu zen, euriz lohitu loiroan jadanik puru-puruka aditzen zela.

        Hortik aurrera, Marysek ez zion hitzik luzatu eta Jakes haren soakoari ihes zebilkion. Maianak halatan, bospasei egun pasatu zituen puskila apurrak apailatzen, Frantxuari telefonoz deitu ondoan.

        Frantxua halaber ez zen sobera bero amaren errezibitzeko. Apartamentuaren txikitasuna azpimarratu zuen, lan-orduen nekea eta bakardade premia. Baina haurretik mutikoak bihotz ona zuen eta, hondarrean amore emanez, amaren galdea onartzea besterik ez zitzaion geratu. Frantxuaren duda eta zalantzek Maianarengan izua eragin zuten: norekin bada jardungo zen, nehork ez baldin bazuen bere konpainiarik maite. Ala Etxepareko Janinaren maneran, kantonamenduko hiriburuko zahar egoitzara jo behar zuen? Ez zekien zer eta nola egin. Arimaren zokoan hargatik semearen baiezko txepelaren oihartzuna zetxikan, amodiozko seinale ahul. Frantxuari segurtatu zion epe laburrerako baizik ez zela etortzen, ezin-bizia zeukala, errainak gaizki maneiatzen zuela eta laster bere apartamentua aloka zezakeela Baionan, berdin zitzaiolako azkenean hirian edo baserrian, bake apurra dastatzen zuen ber. Baldintza horiek guztiak entzunik baiezkoa eman zion Frantxuak, unean uneko aterabidea zela berretsiz goraki.

        Baionara joan bezperan, Iratzeta deitu etxe ondoko mendi aska lasaira abiatu zen Maiana. Haritz berde eta gorakoi baten azpian jarri zen, xakurra aldamenean, ibiltzearen bortxaz hats hantua. Iraganak, armiarma sare uher, gatibatu zion pentsamendua. Bost haurrak jauki zitzaizkion buruhonaren harrotzera: Frantxua gehiena, Jakes bigarrena, Anttoneta, Terexa eta Leon. Jakes salbu denak Otsabidetik kanpo hegaldatu ziren, Anttoneta Parisera, Leon eta Frantxua Baionara irudiz Europa osoa lanez lan kurritu ondoan, eta Mustafarekin ezkondu zen Terexa Marseillara. Behe-mailako funtzionario bilakatuagatik, ofizio onak zituzten denek, eta segur aski akuilatuak izan balira are situazione hobeak erdiesten ahalko zituztela sinesten zuen Maianak. Baina baserrian dirurik ez zen eta senarrak eskolatzen zirenak gorrotatzen zituen. Adibidez, Frantxuak gaitzeko zafrakoak biltzen zituen, aitak liburu bat eskuetan harrapatzen zuen aldi oroz eta ongarria hedatzera igortzen zuen, zalu. Mutikoak, orduan, errabiaz elge malkarreko iratze eta ote-goroztun puloak barreiatzen zituen, madarikatua zela errepikatuz. Frantxua ezik, besteak oro familiatu ziren, eta bere iritziz bekan baizik ikusten ez zituen zortzi arra-haur konta zitzakeen Maianak. Pena eta gogortasun handian umeak altxatu arren, ondorengo aberatsa zeukala ondorioztatu zuen.

        Frantxua amodio hurbilaz troxatu zuela oroitzen zen emaztea: ez zekien zergatik baina bere sabeletik munduratuko zen lehen haurra neska zatekeela imajinatu zuen beti Maianak. Oihu, garrasi eta odol artean, pitili txikiarekilako artxoa jazarri zitzaion. Senarra, amaginarrebak eta amaganaiak pozik zeuden, etxeko lehen haurra mutikoa zela jakin zutenean. Urte hartan, Ameriketan plantatua zen Peterrek berak zorion gutun bat bidali zion, Verdungo trintxeretan bizia galdu zuen Maianaren anaia zaharraren omenez Frantxua deitu zutenaren bataiora ez zela etortzen ahalko erantsiz. Alegrantziarik handienean ospatu zen etxeko jaungaiaren munduratzea, baina handik laster umetxoa eritasun horiak jo zuen eta kasu bereziaz artatzeko premia gainditu zen. Hiriburuko ospitalera eramaten zuten tarrapataka, Xarlestegi herriko auto-jabe bakarraren bi-zaldiko urdin ilunean. Iratzetako haritzetan Maianak begiak hertsi zituen: oraindik ere malkoak lerratzen zitzaizkion, xatarrez eta buruxkandoz tinkatu eta gaixotasunak ahuldu mutikoa besoetan gauak gauari zihoaneko irudiak berritxuratzen zituenean. Frantxua hilen zela uste zuen aldi oroz. Zalantza astun hura zeukan kasko-zokoan danbaka jagoitik. Ondotik jinen ziren haurrek ez zuten inolako osagarri arazorik eduki, liliak bezala sortzen eta hazten ziren, indartsu, kementsu, norbere bide goiztiarraz segur antzaz.

        Jean senar zenarekin geroarekiko eztabaida hitsak eramaten zituen, batez ere arratsaldeetan biak bakarrik loaldira joaten zirenean:

        — Ez dinagu Frantxua emaire hori etxeko atxikitzen ahal!

        — Osagarriz ahul izanagatik, gazte fin eta abila duk.

        — Ba, hik beti haren alderdia hartzen dun, emaztekia. Etxalde hau egiazko gizon baten meneko utzi behar dinagu.

        — Nik Jakes bortitza baino Frantxua eztia hauta nezakek.

        — Jakes duken eta kito!

        Gizonak Maianaren solasa tanpez mozten zuen, eta isiltasun pisuaz lehertuak elkarri bizkarrez pausatzen ziren, mende laurden hartan zegiten eran. Halaz Jakes zatekeen Artoizeko nagusia eta emazteak bedi beraz xuxurlatzen zuen, etsia. Baina egia erran Frantxua xarmantegia zen laborantzan plantatzeko, ikastea gustuko zuen eta orduak pasa zitzakeen aritmetika ariketak osatzen. Batzuetan, Jakes etxeko eta besteak oro kanpoko zirela deliberatu zenean, josten edo trikotatzen ari zenean, Maianak Frantxua bere presentzia soilaz laguntzen zuen ikastetxeko beharretan galtzen zelarik, behiak eta ardiak jetzi ondoan. Suak ziraueno egoten zen sukaldeko mahaiaren puntan disertazio edo latinetik erdararako itzulpenak ontzeko, hiztegi mardulak eskumenean. Frantxua horrela ikustean, bera baino bi urte zaharrago eta apeztu zen Gilen anaia irudikatzen zuen: seminario txikitik oporretara zetorrenean grekera edo latinerako perpausak goraki arrapasatzen zituen, biak ur hegian kabala zain zeudela; agian hizkuntza desagertu haien soinuaren oinarria bilatzen zuen oraindik Frantxuaren ikasketen karietara.

        San Andres katedralaren maldan autobusetik jaitsi zenean, Frantxua Gilenen ildotik apeztuko zelako ametsa zerabilkion gogoan dantzari. Baina kolegiotik landa mutikoak ez zuen seminarioko bidea hartu, herriko auzo bati esker harrapatu Baiona ezkerraldeko burdingintza saileko lanerakoa baizik. Han zegoen geroztik, Aturri ertzeko fabrika erraldoi batean, nahiz eta denborarekin langileak bekandatzen ari ziren. Goizero joaten zen, eguna burdin-ur usainez itoa eta mailu gotorren klinki-klanka herotsez zapaldua bukatzeko. Hala erraten zion bederen, intentzio txarreko jende batzuek Maianari so-zeharkariz bere seme kuttunaren bizimoldea arras desberdina zela ulertarazten zioten arren. Frantxua hargatik gizon prestua zen, ezkondu ez baldin bazen ere.

        Zernahi gisaz, autobuseko gidariak emazte adinduaren puskak lurrean pausatu zituen eta bidaia hor bururatzen zitzaiola konturatu zen. Hirurogei urteetan zehar lautan baino ez zen Baionara etorri, eta katedraleko dorre karratuei begira pixka bat ezbideratua senti zitekeen. Bazterrak aztertu eta bereber galdatu zuen:

        — Non da Frantxua? Ene bila etorri behar zuen. Ez da nehon ageri!

        Gidariak emaztearen pentsamenduaren haria sumatu bailuan erran zion, irri maltzurra ezpainetan:

        — Ba al dakizu non bizi den?

        — Bahai gizon, bistan dena. Haren zuzenbidea paper honetan daukat.

        — Hobe dukezu oinez abiatzea, ez da hemendik sobera urrun.

        Eskualdunen karrikan zeukan Frantxuak apartamentua. Zakua fermuki zatxikala, entzuna zuen nonbait Baiona ohoinez betea zela. Pannecautik sartu zen hiriaren bihotzera; jendea elkarri oihuka zebilen, hizkuntzak eta keinuak nahasiz. Abiadura lasterrean pasatzean, autoek espaloi hegiak inarrosten zituzten. Dendetako gauza miragarriei beha aitzinatzen zen Maiana. Arraposki, ikusten ez zuen jendea kuska baleza ere. Fama likitseko kartierra zela bazekien, anaia zaharrenak berak kontaturik. Alabaina 1944ko maiatzean Gexanek soldadu klaseak egin zituen Baionako kasernan eta armadako kargudun ausartek Baiona Txikiko putetxeetara eroaten zituzten, kanpainetarik jazartzen ziren mutil lohitsuak doi bat zibilizatzeko:

        — Maialen zunan... —azaltzen zion anaiak, irri kokina begietan—. Xu-ka ari zitzaidanan: xauri puttil xure makila ferratua non ezar eakutsiko dautxut. Ostatuan, argi gorriak, eta urdinak, eta horailak, denak josteta ari zitunan eta edatera eman zigutenan, ausarki, gerlara edo STOra beharrak ginelakotz menturaz. Belaunetan jarri eta Maialenek mihia ahoan sakatu zidanan, akuilu kolpeaz hautsi eta bihurdikatzen zen sugea bezala ingurukari. Ez ninan, Maiana, sekula horrelakorik ezagutu! Apezaren oharren arabera bekatoros bilakatzen ari nindunan... Alaxokotzia! Orduan ostatuan gizon bat sartu zunan tarrapataka, Frantzia Librearen irratian amerikanoak Europaren salbatzera zetozela oihuka. Ez bat ez bi, gure kaporal zuberotarrak erreserbista tropak deitu zitinan eta kasernara itzuli gintunan, tarrapataka. Xarlesek ez zinan galtza astunen altxatzeko astirik ukan: bazauna! Ostatuko neskak irriz karkailaka lehertzen aditu gintinan, Pannecau ilunean ibiltzen hasi ginenean.

        Barmon Hotelaren paretik pasatzean, Maiana segur zegoen anaiak hor zuela ordutik anitzetan elegai ukan zuen Maialen hura gurutzatu. Bizkitartean, ogi egin berriaren urrinak sudur mazelak kilikatu zizkion eta gosea nabaritu zuen: bazen bulta bat jada Artoizetik gosaldu gabe abiatu zela. Kruasan baten erosteko ametsa egiaztatu zuen: baserrian ez zen horrelakorik oizu! Dendariari eriaz nahi zuena seinalatu zion eta Pannecau zubiaren gainean, ibaiari so, lasaitua, gozakia klikatu zuen. Bi poliziek goitik behera ikertu zuten beltzez beztitu anderea, jendea izateko ordez lurretik kanpoko izaki arraroa bailitzan. Oroitu zen orduan, bere aitaren gomendioaz:

        — Apezak eta jendarmeak errespeta itzan!

        — Bai aita —ihardesten zion apalik.

        Hor zegoen izotz bi gizon armatuen aurrean, eta zekien hizkuntza apurra berbilduz ausartu zen:

        — Pardon, où se trouve la Rue des Basques?

        — Pourquoi devez-vous y aller?

        — Je vais chez mon fils...

        — Depéchez-vous ma p'tite dame: il y a une manifestation cet après-midi.

        —Vous traversez le pont et c'est la première à gauche! —erran zion lehena baino mantsoago zirudien bigarren poliziak.

        Eguerdi aitzin semearen etxean izango zen eta karrikako nahasmenduek ez zioten arratsaldearen bakea trabatuko. Zer ari zen Frantxua, bila jinen zitzaiola hitzeman eta agertzen ez zena? Ahaztu zitzaiona?

        Eskualdunen karrikako 12. zenbakira iritsi zen. Peko borta zabalik zen eta zurezko eskailera borobil kraskalarietan gora jo zuen, bosgarren estaian kokatzen zen semearen apartamenturaino. Hirugarreneko estaia-artean goiti egitear geratu zen, gohain eta gogoeta: nola mila deabru bizitzen ahal ziren jendeak, familia osoak alaina, zahar, zoko eta mutxi baporea zekarten kukumixa kaiola hauetan? Ez zezakeen irudika. Negarra begietara jauki zorian zeukan, berriz, Frantxuaren atarira heltzean. Gutun azal bat atzeman zuen kisketan dilindan: ama, hara giltzak, sar eta etxean bezala egixu idatzia zuen mutikoak. Tristura bulta bat jasan zuen: Artoizen haren despeditzea berantetsia zuten eta Baionan ez zen den-mendrenik ere igurikatua. Errotik ez-maitatua zen. Maider bere amak bortxaketa baten fruitu likitsa zelako ez zuen amodioz ase, senarrak zapi zahar maneran erabili zuen eta haurrek begirune adiskidekorrik ez zioten eskaintzen: bere burua itotzea itxuratzen zuen bizia zen harri zamatsua bizkarretik kentzeko. Baina, bekatuaz eta besteen baimenik gabe erabakitzeaz beldur zen. Artoizetik ihes joatea izan zen hartu zuen delibero bakarra, bereber eta beretzat.

        Pentsu ilunen ildoa abandonatu zuen eta egongela zirudien kanapean jarri zen. Ez zen handik mugitzera atrebitu. Gorputza gogortzen zitzaiola irudikatu zuen, herio atari. Armairu gainean pausatua zen argazki batek ebatsi zion soa: Frantxua han zen, zutik, sei urte zituela, bere ile beltz kixkulatuekin, arropa zuri brodatuaz apaindua. Eztitasuna zerion potretaren egitera hiriburura autobusa hartu eta joan ziren egunaz ongi gogoratzen zen Maiana. Amaren harrotasuna biderkatzen zuen nekatto polita ematen zuen, zinez. Baina zuhurki hornitua zen apartamentu hartan, bazekien samurtasunaren ordu haiek guztiak ahitu zitzaizkiola. Haurrak ingratak zirela marmaratu eta loak hartu zuen.

        Zeruak urdin sakonera ari ziren, Maianak norbait etxean sartzen aditu zuenean. Frantxuak kanapean etzanik harrapatu zuen ama. Elkarri begira geratu ziren. Harrituak. Maiana altxatu zen eta musu uzkurrak trukatu zituzten: ez batak ez besteak ez zekien amodioaren azaltzen.

        — Etorri xira beraz?

        — Bai.

        — Bidaia ongi pasatu?

        — Bai.

        — Zerbait jan nahi duxu?

        — Bai...

        Eleez zeken zebilela konturatzen zen Maiana. Semerik kuttunenaren aixolbean zegoen eta ez zezakeen, bai durduzatia salbu, hitz izpirik ahoska.

        — Hemen nago orain —ausartu zen, zintzurrean birla gottorra borobiltzen nabaritzen zuela. Biloak ozkan jarri zituen eta otoi sukaldeko bidea erakuts ziezaion galdatu zuen.

        — Utz axu ama, nik eginen dixit kozina gaur —artekatu zuen Frantxuak, segituz—: Dutxatu beharra nuxu lehenbailehen, egun izugarria ukan dudalako.

        — Lantegian?

        Gizona bainugelara lehiatu zen arraposturik eman gabe.

        Amak artean zakua ireki eta bere puskak semeak seinalatu armairu batean pausatu zituen hemen nago orain mailukatzen zuela berekiko. Telebista piztu zuen eta han azaltzen zen eskualdeko berri-sailari beha geratu zen. Baionan arratsaldean, Pannecau zubitik pasatzean elerran poliziak iragarri manifestaldirako lanean zeuden itxuraz: jende multzo bat, trinko hiriko karriketan aitzina zihoan, CRSek aldean, aurrean, atzean moldatzen zuten kolore gabeko harresi baten zirrikitutik errefuxiatuak askatu zeraman banderola zurbail baten gibeletik. Oihuak hautematen ziren: ...euskadin bizi be-har dute eta noiztenka Baionako kalerik hertsienean oilo larrua besoetan hazi arte oihar zen gora ETA mili-tarra ozena. Poliziek kargatzen zuten jende-lerroa Baiona Txikira heltzean, manifestariak ulu nardagarrien pare barreiaraziz. Lasterkariak ikusten ziren, matraka kolpeka lurrean errendituak, kopetan behera odola zeriotenak, ukabila gorarik eta aurpegia zapi gorriz gorderik indar errepresiboak mehatxatzen zituzten gazteak, gertatzen zenaz jabetzen ez ziren bizidun anonimoak. Erreportaiaren hondar segundoek Poliziak hiriko zubiak nola blokatzen zituen azaltzen zuten. Maiana kezkatua zen: nora jitera bortxatu zuen errainaren gaiztakeriak? Agian Frantxua istorio zikin horietarik at bizi zen...

        Ez zen ohartu, baina semea kozinatzen hasia zen. Labearen gaineko zartaginaren barnean xingar puska eta arrautza bi erretzen ari ziren olioan plisti-plasta. Emaztea hurbildu zitzaion. Dutxaren ondotik Frantxuaren gorputzeko usainak gohaina hazi zion.

        — Ez hiz araiz eskualdun politikeroekin nahasten? —galdatu zion, mutikoa tanpez inguratu eta gogor begira zegokiola.

        — Ama, otoi...

        — Ba, bazekik, bakea ere ona duk.

        — Ama jina baxira eni moralaren egitera eta zer egin behar dutan erratera, itzultzen ahal xira berehala.

        — Ez, eztiat holako xederik, baina erraten ditek ETAko horiek gaiztaginak eta hiltzaileak direla. Ez nikek nahi hi horietarik edo horien den-mendrena alde izaitea.

        — Etxitela arrangura ama. Ni gauez ari nuxu Aturri hegiko lantegi batean.

        — Sobera maite hut...

        — Badakixit...

        Aitortzaren urrakoa bertan hertsi zitzaien, Frantxuak zartagina eskuan ama mahaian plantatzera gonbidatzen zuela. Xingar xerra eta arrautzak azietan pausatu zizkion. Burua apalik amak hirian hartzen zuen bere lehenbiziko afaria semearekin partekatzeari ekin zion.

        — Entsalada eta jogur bana gero!

        Gizonak hozkailuaren atea ireki eta zerratu zuen ostikada ahul batez. Ama kezkaz betea zen:

        — Eta ene kafesnea?

        — Ezki ura edanen dixiu, sarrixago...

        Frantxuaren proposamena amainari zen. Apairu arineko azietak zurrutegian metatu zituen.

        Maiana ez zen hiru egunez apartamentutik irten. Semea iluntzeko hamaikak aldera lanera joaten aditzen zuen eta goizaldera sartzen. Eguna lo pasatzen zuen. Maiana jaikitzen zen eta orduak telebistari begira iragaten zituen, bezperako jateko hondarrak irentsiz eguerdiraino atxikitzeko. Arratsaldeetan Frantxuak erosketa zenbait egiten zituen, bakarrik. Alabaina amak ez zuen karrikaratzeko gutiziarik: lotsa zen, hiriaz, hiriko jendeez, manifestariez, poliziez, guztiez. Nahiago zuen etxean gelditu, semeak alegia deus ez ekartzen zizkion errege eta printzesen mundua azaltzen zuten aldikariak hostokatuz. Bat-batean, nehoiz ez ezagututako bizitzeko izua, duda eta disgustua sentitzen zuen bere baitan, hautsiko zela iruditzen zitzaion, zurubitik uretara jauzi eginen zuela behin-betiko: hila nahiko zuen.

        Hogeikada astunetan hiririk gabe jardun zuen; Baionara lau aldiz baizik ez zen etorri. Alabaina, bidaia eta kanbiamendurik handiena Maianarentzat, Etxeparetik Artoizerakoa suertatu zen ezkondu zen urtean. Aitak eta apezak hautatu Jean trunkiloarekin esposatu zen. Bortxaz eta alegrantziaz batera. Orduan, baserriko idiak uztarrian, arropak, aferak eta dotea osatzen zuen oihaleria osoa orgetan garraiatu zioten. Ez zuten hiriaren premiarik: zergatik bada abiatuko ziren erretoreak prediku aulkitik salatzen zuen Baiona bezalako galtokira? Gexanek soldadu-klaseak egiterakoan jasan afruntua jaukitzen zitzaion kolkora, noiztenka, Baiona hitza murmuratzean; gainera hirietara lekututako herritarrak anitzetan lizun eta zital kausitzen zituen. Hala ziren funtsean, Otsabidera zetozenean demagun Omiasaindukari, etxeetan, bideetan eta elizetan ibiltzen baitziren jendearen erranaz axolagabe. Eguneroko urratsak zuzen eramateko ongi kudeatutako ahalkea beharrezkoa zen eta ahalkearen erabat galtzea azken beltza zitekeen.

        Sortuz geroztik Maianak ez zituen orenak sekula alferrik higatu; beti bazuen zerbait egiteko, etxea garbi, poallak bazka, ardiak jetzi, sasoiko traholak, haurrak ala arrahaurrak. Baionan ez zuen higitzeko kalipurik ere. Zerraturik iragan zituen egunetan, eguerdi eta arrats aldera, auzoko apartamentuan aire txarrak buhatzen zuen: han zegoen bikoteak bazkaria elkar erasiatzen pasatzen zukeen, oihu eta garrasika. Maianak azietak erortzen eta hausten entzuten zituen, gorputzak ubeltzen zituzten ukabila kasken oihar elkorrak. Emazte zaharra orduan bere jargian kuxkurtzen zen, harremanak erre zitzakeen haserreak etxebizitzen mugak gaindituko bide zituelakoan. Baina laugarren goizean aspertu zen aitorrezinezko bere ametsa egiazta zain egoteaz, errainak arren laster etxera zedin otoiztuko ziola, alegia Artoizen haren behar gorria zutela, kukumixa kaiola hartarik ateratzeko nahikundea piztu zitzaion. Elizara joateko. Edozeinetara. Zabalik zatekeen lehenera.

        Eskaileretan behera jaisten ausartu zen. Karrikara zenean jende-mugimendu bereziak durduzatu zuen. Merkatu eguna zen. Haize hegoz apaindu eki arraioak begiak erre zizkion: busti bitxia nabaritu zuen niniketan. Hotzikara. Murru baten kontra bermatu zen, hatsaren hartzeko. Etorbidearen puntatik susmaturiko katedraleraino ibiltzea erabaki zuen. Espaloi malkarrean gora zihoan, gurutzatzen zituen jendeetarik ihes. Espainiako kalea zeharkatu zuenean, auto-gidari baten laidoak jasan zituen:

        — Errazu emaztekia, lekuak badira trebeskatzeko! Zer uste duzu ala zure kanpaina zokomoko haietan zirela oraino?

        — Barkatu...

        Zutik egotearren esku bat beribil zuriaren aitzinean pausatu zuen barkatu! Urrats ezkel bat:

        — Hara!

        — Papunatxo, ikas ezazu hirian bizitzen!

        Burrunba ikaragarrian urrundu zen gidari harroa, trufari. Maianak soa apaldu zuen eta konturatu zen oinezkoen zebra-pasabidetik hamar bat zentimetrotan zegoela; ez zuen erraz ulertzen txofer ahozabalaren ohar-sail gutxieslea. Baina hiriko jendeak minbera eta gaitzikorrak ziren, ez zioten batak besteari deus barkatzen.

        Katedraleko sarrera atzeman zuen eta hango ilunpean, ama-ontzi bero eta harkor batean nola, umekia bezain kuxkur belaunikatu zen. Urte leherkorretan mila aldiz gure aita marmaratua zukeen baiki; gaur ordea ez zen heltzen: hitzak ez zitzaizkion ezpainetaratzen. Elizaren barnean begiak alha zeuzkan, hemen ezko-argiak, han bitrail koloretsua, hantxe oraino orgina erraldoiaren metalezko hodiak. Jendeak sartzen ziren zeinatuz, bazterrak miretsi eta isilik jalgitzen. Maiana jargia batean pausatu zen, ipurdi-erdia kanpoan, huts zen arren, balizko itzal bat trabatuko bailuan.

        Burua makurtu zuen Gure Aita zeruetan zarena murmuzikatuz, segida bitxiki erabat ahantzia zuela konturatuz. Saiatzen zen: emaguzu gaur gure egun huntako ogia... baina gero, nola zen gero? Barkatu gure zorrak agian? Bai naski guk ere gure zordunei barkatzen diegun... zerbait horrelako zen. Zer zen ezintasun hori? Bihotzean, antsia trunpilotu zitzaion: Artoizetik kanpo emana, semearen etxean ez zen desiratua, hondar asteetan bereari abandonatua, inorekin hitz egin ezinik, tristura larriak larrantzia, ez jakin nora jo eta gainera hain ohizkoa zeukan otoitza, ezabatua. Hego haize beltzean, zuhaitz aldaxkaren puntan dilingo zegokeen hosto idor herbal bat zela zirudion. Herriko lagunetarik urrun deus ez zen: jendaldearen oldar mekanikoaren erritmoak sustaturik orduan erraz eman zezakeen gaur egun agortzen zihoakion Gure Aita hura.

        Elizako atean, eguzkiak kopeta erre zion eta malko muskilak lehortu. Harrizko eskaileretan behera itsumandoka zihoan, lurrean kukubilko zen gorputz bat kuskatu zuelarik. Berehala, zakurraren txanpa erlastuak aditu ziren.

        — Kasu emazu amañi nondik ibiltzen ziren!

        Emazteak eskale baten presentzia baimendu zuen, beztidura eta urrinetik beretik. Tabako hotz, pixa eta alkohol baporeak zerizkion. Ahoa handizki irekitzen zuen mintzatzean eta kokotseko bizar desordenatuaren artetik, karkara burlakoietan zinpurtzen zen oroz, hortzik gabeko sabaia jazartzen zitzaion.

        — Amañi, gu ere Jinkoak eginak gara...

        Behatza Maianaren sabel zimurtuan sakatu zuen, begitartera hats garratza botatzen ziola. Anderea itzulikatu zen. Gizonak akotetik trinko lotu eta eztiki erran zion:

        — Baina, amañi, zer duzu negarrez?

        — Utz nazazu, etxera behar dut.

        — Segur naiz ez duzula aterperik ere! Eni gezurrik ez gero! Sakela horietan, sos pilik ez duzu...

        Algara gordina are indartsuago buhatu zitzaion.

        — Badakit ene ama zena irudi duzu.

        — Ontsa da, utz nazazu gizon, ez zaitut ikusi, behaztopatu naiz, barkatu, ez zaitut nahitara bulkatu...

        Maiana eskalearen besoen estekatik eskapatzen saiatu zen.

        — Lagunduko zaitut amañi!

        Zakurra deitu zuen:

        — Haugi Elvis. Ekintza on bat bederen obra dezagun...

        Etxeratu zen Maiana, eskaleak eta bere zakurrak lagundua. Baina ez arrunt. Ez zen presatua. Frantxua jadanik lanera joana zen. Afaria prest zeukan mahaiaren gainean. Arratseko zortziak ziren. Denbora ziztuan pasatu zitzaion eta bat-batean damu zuen katedraleko sarrerako gizonari izenik ez galdaturik. Maiana oroitzen zen partekatu zuten txokolatesne haguntsuaz; karkazaila ozenak askatuz, ez zela bere edaria aitortu zion eskaleak, ardo gorri lodi eta zikina maiteago zuela alabaina.

        — Atzoko ene eskea aberatsa izan da... Goazen elkarrekin zerbaiten hartzera!

        — Ez, semea aiduru dut —ihardetsi zion, baina gizonaren urratsetarik abiatu zen Port-Neufeko gozoki eta txokolate dendaraino.

        — Lasai, amañi, hain bakartia eta bakartua ematen duzu. Zerbait berok on egingo dizu...

        Irri larriaz lehertu zen. Lagunkina ematen zuen. Elerik gaineratu gabe, Maianak itzala azpildu zion, Elvis ttette melenga atzetik zeukatela. Hauxe eskipaia! Karrikako jende plaxentak harriturik inguratzen zitzaizkien; ez zen horrelako jende talderik ardura ikusten: eskale urrintsua, alde orotarik sanoa eta planttakoa zirudien emazte xaharra eta kukusoz kateztatu ora. Frantxuaren apartamentura heltzean, hain berandu, Maianak uzkurdura piko bat nabaritu zuen, baina ontsa pentsatzen jarri eta, semearenean pairatzen zuen utzikeria baino, eskalearen konpainia estimatzen zuen hondarrean. Afaldu eta usaiako otoitzak, katedralaren ilunpean berraurkitzea zail suertatu zitzaion Gure Aita barne horzkaturik, oheratu zen.

        Goizeko zazpietan iratzartu zen pixagale hantua. Altxatu eta komunerako bidean zela, ate artekatik, semea begiztatu zuen logelan, mirailaren aitzinean. Emaztez apaindua eta makillajea kentzen ari zen. Maianaren harridura izugarria zen.

        — Baina Frantxua, zergatik beztitzen haiz horrela?

        — Ama? Zer ari xira? Hemen ene gela da eta ez duxu sartzeko dretxorik!

        — Atea zabalik zian...

        Maiana trenputxartzear zegoen. Eleak nahas-mahas jaukitzen zitzaizkion:

        — Zergatik horrela beztitzen haiz? Ez haiz emazte bat arauz! Gaizki nauk.

        — Ama?

        Frantxuak amen batean Maiana bere etzangian luzatu zuen:

        — Ene ofizioa duxu. Baionara jin eta sei urtez Aturri bazterreko burdinola hartan ari izan ninduxun lanean, baina neke zuxun eta jadanik gizonak ene ondotik nititxin.

        — Gizonak? Mutikoa, mensten ari haiz ala?

        — Bai, gizonak —jarraiki zuen ahalik amultsukien Frantxuak—. Eta behin haietarik batek jokaldi denboran, erran zitaxun emaztez beztitu behar nuela; hara. Horrela irabazten dixit ene bizia.

        — Hire burua saltzen duk?

        — Bai, ama.

        Frantxuak kopeta apaldu zuen.

        — Beraz gizagaldu baten ama nauk? Ez diat hemen minutu bat gehiagoz ere egon nahi. Ama familiako ohoretsua nauk.

        — Bai hala xira, sortetxean berean nehork onartzen ez duen ama familiako akitua. Xaude enekin...

        — Hirekin? Zer pasatu zaik gogotik horrelakotzeko? Orain konprenitzen ditiat herritarren begirada zeharrak hitaz urguiluz ari nintzelarik. Hiria bekatugunea zela zioen apezak eta hark zerbait bazekian: zergatik ez zait inor argi eta garbiki mintzatu?

        — Ez baitzen erraz... Neska bat moldean maitatu eta hazi nuxu: ez xira bozkariatzen gaurkoan nolako emazte perfektua bihurtu nizan ikustean? Ikus itzaxu ene bular faltsu ederrak! Eta azpiak, eta ixterrak, eta papoalde hau, ilerik gabe.

        — Arras zozoa haiz. Bizia duk galdu. Fin eta abila hintzan!

        — Emaztetzeko operazionearen ordaintzeko sosa behar dixit.

Sosa behar dixit mila aldiz aztalkatu zuen Maianak. Edozer obratzen zena diru premian? Ez zen haatik Frantxua sosaren erregetzaren ideiarekin hezia izan. Andere zaharraren orduko eguna burtzoro batean iragan zen, negarrez, galdezka eta semeari bereziki eman zion edukazioaz zalantzaz itoa. Semea hor zeukan alta, gohainaren uhinek gibelondoa zitzikatzen ziotela, salda usaintsua, ezki-ura edo kafe beltza sukaldetik ekartzen. Sekula ez bezala artatua eta gozatua sentitzen zen.

        — Medikua deituko dixit.

        — Ez.

        — Baina sukarra baduxu ama!

        — Hago isilik. Otoi.

        — Ama!

        — Hil nahi diat...

        Berriz lotaratzen zen Maiana. Frantxua beha zegokion samurkiro, aspaldian egia aitortu bailion ez zuela gaurkoan horrelako krisiari jasanen pentsuz harilkatzen. Amaren zentzea itxuratzean, gizonaren sabelpetik kolkoan gora ikara eta izerdi hormatua igotzen sentitzen zituen. Gurasoek, etxeko bakeagatik, gaizki zegiten haurrak hitz egitera ez uztean, galdera zuzenik ez egitean eta haurrek gero, beren bizibideak hein batean finkatu eta, gurasoei egia ez agertzean. Herio desira, norberarekiko bortizkeria halaber, zioen bereber Frantxuak amaren hatsartze ahula gerizatzen zuela, inkomunikazioaren harresietan bermatzen zen, uholde.

        Gau hartan gizonak ez zuen lanera jo. Bitxiki kontsideratu zituen emaztez maskaratzeko armairuetan eta mirailaren maldan zeuzkan girgilak. Ama lohasman zegoela, dutxatu zen eta fereka soil eztiaz zakila gogortu zitzaion: gizatasunak anbiguitatez oparitzen zion haragi puska esku biez torratu zuen, goitik beheiti, barrabiletan metatzen ari zitzaion kalipua bulkatuz. Zakila arrosaren puntta minbera kilikatu zuen, begiak apal eta auhenka. Gizon-maitale baten pitiliaren koroa murtxatzea gustatzen zitzaion, ezpata-jokoan berearekin bestea gurutzatzea eta ororen gainetik, gona altxatu eta zetazko azpiko gorri edo beltzak bazterturik, ohaidearena, ipurdi zuloan sartu aurreko istanteetan, zangartean arrain hezeren lekeda hara-honaka uhinka nabaritzea. Zakila ausartak uzkiko borta jotzen zionean, berea sumendia bailitzan jario uher eta irakinetan lehertzen miresten zuen. Apainketa lasterra arra kolpatu oihu eta garrasitan bukatzen zen. Orduan ere dutxapean zartatu zen, hazia urarekin nahasten zitzaiola. Maitale-ordaintzaileen ohetik jaikitzean, hatsanka, soaz hazta zitzakeen ipurdi mazela iletsuak, tripa sail hirukoitzak, koskoila hustuak eta oihan ilunetan aterpetzen ziren zakila jada hertuak irudikatzen zituen: amultsutasun erraldoiak bihotza gatibatzen zion. Idortu eta beztitu zen hasperenka. Sukaldaritzari eman zen, ama ez baitzen batere ongi.

        Herots elkorrak aditu zituen ondoko gelatik. Emaztea ez zen kantitzen, paralesiatua irudi zuen. Frantxua deika zinpurtu eta azkenean Maiana trinkili-trankalaka egon-gelaratu zen, biloak barreiatuak, begiak blai eta jantzi urdinak purtzilikatuak. Semeak galdatu zion:

        — Mediku bat behar duxia?

        — Zer mediku eta zer deabru? Kanpoko norbaitek ikus dezan ene makurra? Uste duk ez dela aski ala? Bihar Artoizera nihoak.

        — Jakesen emazteak zahi-zaku antza erabiltzen xitu. Hobe duxu enekin egonik, orain egia baitakixu. Ontsa biziko gituxu biak.

        — Eta zer erranen dute karrikan harrapatuko nautenek?

        — Hori bai beldurra, xure eta herritar guztien urratsak trabatzen, geldotzen eta mugatzen dituena. Baduxia dirurik?

        — Hire laguntzeko? Zentimarik ere ez.

        — Ez...

        Frantxua isildu zen. Jarraitu zuen:

        — Ez ama, xuretako, hiri honetan jarduteko. Segur nuxu xure xahartasuna etxeko kontura doala zuzenka!

        — Hire anaiak eta errainak ematen didaten dirua besterik ez diat. Eta funtsean ez diat sos beharrik.

        — Gaixo ama!

        Maianaren eguna bitxia izan zen. Frantxuarekin gaua inguma bipiltzen iraganik, goizik jaiki ziren biak, mutikoa elekari eta Maiana mutu-lehertua. Postara jo zuten kontu korronte bat irekitzeko eta handik itzultzean, emazteak bezperako eskalea topatu zuen; aurkezpenen tenorea zen:

        — Semea, Frantxua...

        — Ezaguna duzu kartier honetan —trufa eta aldi berean laguntasuna seinalatzen zuen barreaz kulunkatu zen—. Eta ni, amañi, nahi baldin baduzu jakin, Yves nuzu!

        — Seme dohakabe baten ama dohakabea naiz, Yves.

        — Preso ere izaten ahal zuzun —artekatu zion, murru zikinetan GALen atentatuen eta kartzelatutako euskaldunen egoera salatzeko itsatsiak ziren afixetako leloak erakutsiz.

        Maianak bortitz so egin zion:

        — Bi gaitzen arteko hautua baizik ez diat orduan? Ez ote zen Frantxua langile xume eta segitua izaten ahal, aita familiako normala edo nik dakita zer?

        — Badakit Maiana —biribildu zuen Yvesek— leku segurretik, bizi bakarra edukiz gero, garrantzitsuena norbera bere gustura eta ahalik hobekien izatea dela. Eta osagarria lehen!

        — Osagarria lehen...

        Ahoa plegatu zuen Maianak, disgustuz, eskalearen magaletik aldentzeko Frantxuaren haiari ihardetsiz.

        Frantxuak Jauregiberri kaiko jatetxe ponpoxera gonbidatu zuen bere ama. Karrikan zebiltzanean, noiztenka jendea haiei begira zegoen eta Maianak ez zezakeen bihotzean iltze herdoilduaren pare bermatzen zihoakion herabetasuna bazter: denak zelatari zituela zirudion, seme bekatariaren itzala seinalatzen ziotela eta batzuetan jende bildu multzo baten hegitik iragatean, salatari hitza herraz bihikatua aditzen zuen. Oroitu zen apalkeria berdinaz ito zela, zuela aspaldi Baiona bazter hauetan makisarrek tiroz eho zuten Josetekin larrua lehen aldiz jo zuenean, han, Bitxirineko belarkaren ondotik, soropilaren gunerik ilunenean. Uste zuen gero, hazi hezea azpi-artean isuri-bero nabaritzen zuela, denak beha zeuzkala, burla eta apalkoi. Ahalkea larruari loturik zeramala iritzi zuen, doterik baliosena agian. Aski laster, errestaurantean ziren, mahaian plantatu eta isil-isilik bazkariten hasiak. Frantxuak ama inarrosi zuen:

        — Altxa ezaxu buru hori ama! Kexu xira ala?

        — Bakea emak mutikoa. Uste duk erraza dela enetako?

        — Nitaz afruntatua xira?

        — Nahiago diat deus ez erantzun.

        Maiana mutu zegoen. Hargatik, haginen martzilika mendratuz eta leihotik kanpora so, denboraren buruan erantsi zuen:

        — Gertatuak gertatu, jakin ezak, Frantxua, hire aitak ez nauela nehoiz errestaurantera gonbidatu.