Zeruetako erresuma
Zeruetako erresuma
2005, nobela
344 orrialde
84-95511-71-1
azala: Marcelo Daz
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1985, nobela
Zeruetako erresuma
2005, nobela
344 orrialde
84-95511-71-1
aurkibidea
 

 

9

 

— Amatxi, jaits zaitez zuhaitz hortarik!

        Zerura begira zegoen Jessica, arranguratua. Amatxi ez zen bere arbolatik kantitzen. Abarren artean balantza kulunkaz ari zen, itsasora ilkitzeko beldurrez kaiari trinkoki loturik legokeen ontzia bezala. Ahots apalez marmarka zebilen eta Jessica alabatxia otoitzez. Egia erran, bazen bulta bat orain burua arras galdua zuela. Medikuek zenbait urte zuela alzheimer eritasuna kausitu zioten; halaz etxea bizidunez husten zenean, merkatura edo mezetara joateko adibidez, lo-gela zerratutik eskapatzen zen, baratzeko pikuaren puntaren puntara hupatzeko.

        Bitxiki, nahiz eta orekaren zentzurik ez zuen gehiago, ez zen sekula erortzen. Jessicari hori harrigarri zitzaion. Gizakideak bazuena, dena galtzen zenean azaleratzen zen kontrola ere ez zezakeen barne-oreka bat? Ikusgarria zen, alabaina, adinekoen tema eta leiendazko garaitezintasuna.

        — Amatxi, otoi, jaits zaitez zuhaitz hortarik!

        — Nor haut hi? —amatxik jada ez zuen nehor ezagutzen.

        — Jessica, Gilen zure semearen alaba.

        — Ez dinat familiarik. Habil, hoa berehala, ontsa naun hemen txoriekin.

        — Arren, amatxi, min hartuko duzu.

        — Ez eta ez —boz ikaratiz oldartzen zitzaion.

        Jessicak orduan indarrak biltzen zituen. Burtzoroa eragiten zion arbolaren kaskora abiatzen zen, abarrez abar, amatxiren bila. Orduan, besoetan tinkatu eta besarkatzen zuen.

        — Harrondon gertatu zena kontatuko didazu gero.

        — Bai hura bai zela itsuskeria.

        — Zato beraz...

        Arraposki beheititzen ziren, Jessicak ez zekiela amatxi zegoen egoeran nola igo zitekeen hain gora. Txori bilakatzen ari zela iruditzen zitzaion, denboraren atzerakada bukatzearren, arrain bihurtu aurretik. Ez zen oraino horretan eta aski zion Harrondoko lazkeriak behatuko zizkiola hitz ematea, emazte zaharra amaina eta lurrera laguntzeko.

        Mila bider entzuna zuen istorioa, baina zer ez zuen neskatxak eginen emazte kikilduaren gozatzeko? Zinez agitu zena horrelakorik Harrondon? Aipatzen zituen hilketa sailek baserria larrutu zutenean sortua zena amatxi? Zerbait bazitekeen bai, ehun urteetara hurbildua zelako; hargatik Jessicak anderearen oroimen likitsak buruhon nahasi bateko ipuinak bailiran hartzen zituen. Sukaldeko zuzuluan pausatu zuen amatxi. Akotea berriz ozkan jarri zion eta arropak eskuaz garbitu, pikotzearen enborreko onddo eta hosto eratxekiak barreiatuz. Egurrez ase sua kantari hasi zen.

        Garai hartan, 1914ko iraila izan zitekeen amatxik zioenaren arabera, Pierra Frantzia ekialdera deitua izan zen, gerlara. Bittorrek zortzi eta berak zazpi urte zituzten. Guztiaz gogoratzen zen. Adin horretan haurren kasko zokoetan hazten ziren itxurak eta sentimenduak ez ziren nehoiz ahanzten antza.

        Halatan, agorril hondarrean, Pierraren emazteak hirugarren haur bat munduratu zuen, ganbarako hormak odolez perdukatuz. Eta gizonak gerlara joan behar! Halako durduza bulta bat sumatu zen baserrian: Pierra Espainiara eskapatuko balitz? Dudak ez zuen iraun, apeza eta errientak gerlara hitz emanak bildu baitzituzten, suhar. Aste labur eta presatu haietan Marmaro izeneko sorgina Harrondon ikusi zen ardura.

        — Ume sortu berria urkatzen baldin baduzu Pierra, sano eta salbo itzuliko zara gerlatik. Zin dagizut.

        — Eugenia urkatzen?

        Nagusi gaztea erotu zen. Ezkaratz ilunean hara eta hona urrats handika bazebilen.

        — Suertearen haiatzeko maiteenaren sakrifizioaz beste biderik ez da —biloak harro eta harpe urrin dorpea zeraman sorginak jarraitu zuen.

        Doi-doia erditze-minetarik zutitzen zen Maria heiagora ozenez lehertu zen, ume ahula papoaren gerizan besarka zetxikala.

        — Isil hadi emaztekia! —Pierraren manua harri zitzaion Mariari—. Negar eta zinkurina anitzez gehiago eginen dun bai, gerla hartan hiltzen baldin banaiz.

        Mariaren orro desesperatuek ezkaratza hantu zuten. Amaren auhen elkorrak ontsa gogoan zeuzkan amatxik. Jessicak ere erraz imajina zitzakeen laurogei urte geroago, amonaren eleetan bermatuz.

        Marmaroren zuzendaritzapean ondorioz gau batez, otoitzak eta zeremonia zituela kudeatzen, ibai bazterrera jo zuten hogei eguneko ninia eramanez. Maddi eta Bittor sotoan giltzatu zituzten, atean zakur erraldoia zaunkari. Sakrifizioa kontatzen ziola Jessicari, hatsanka, amatxik zintzurra ferekatzen zuen, urkatze eta itotze ekintzak berak pairatzen bailituan.

        Gertatuak gertatu, dolu bortxatuak kateztatu familiakideak agurturik, Pierrak Baionako bidea hartu zuen herriko plazan tropatuak ziren lagunekin. Goiz hartan halaber Bittorren galde zaparrada saihesten saiatzen zen ama, begitartea hits.

        — Non da Eugenia?

        — Osagarriz ahula zuan eta barda hil zaiguk.

        — Hil?

        — Bai. Baratzeko pikuaren maldan ehortziko diagu sarri.

        — Ama... Infernura joanen da beraz.

        — Ez. Bataiatua ez zenez linboetan dukek.

        — Eta aita? Hura ere gerlan hilen dea?

        — Ez, bizirik aterako duk.

        Mendeak ziruditen lau urtez garatu gerla. Pierrak ez zuen berririk nehoiz eman. Permisionez ere ez zen sekula etorri. Mariak uste zuen gizona Chemin des Damesko batailako lohietan zendu zitzaiola. Mezetatik landa erosten zuen Eskualduna astekaria irakurriz gerlako gorabeherak xeheki segitzen zituen. Sukaldeko mahaiaren ondoan belaunikatzen zen, murruan zintzilikatu gurutzeari marmara bereziak eskainiz.

        Baina esperantza ahitu eta beltzez janztera ausartu zen. Betterreneko Agustin azaltzen zen Harrondon, maiz, barrandari. 1917ko apirila erditsutan, auzoko gizon gazte zainarta Harrondoko nagusi plantatu zen, erran-merranen pozoiak baztertuz.

        Etxeko-jaun aldaketa izugarri gaizki bizitu zuen Bittorrek. Laster hamabi bedats kunplituko zituen eta bikotearentzat haur nahasia bilakatua zen. Kanporatzea erabaki eta Biarnoko izeba zail baten baserrira bidali zuten mutil, han bederen heziko zutela eta lanean ikasiko zuela gorakoiki azpimarratuz.

        Baratzeko pikotzearen puntan baizik sosegatzen ez zen Jessicaren amatxi Maddi, orduan, umezurtz sentitu zen eta sehi zarpail baten maneran manatzen eta erabiltzen zuten, partikulazki Agustinek. Menturaz zakurrak hobeki tratatuko zituen. Maddik anaia mendekari bihurtuko zitzaiela desiratzen zuen.

        1918ko azaroaren 11n gerla bukatu zen. Maddiren egoera ez zen kanbiatu, denek hilik uste zuten aitaren itzulera gorputz osoaz espero zuen arren. Maddi batzuetan Harrondo parean altxatzen zen muinora igotzen zen anaia bidean ageri zen ala ez ikusteko. Etsitzen zihoan. Jessicaren irudiko anaiaren itzala xerkatzen zukeen oraino ere amatxik, zuhaitzaren tiniara hupatzen zenean. Bizia tragikoa zen: obsesionez erabat arranpatua. Seguru zegoen alabatxia, burua galtzean are nabarmenago ziren haurtzaroko beldur eta gogotik ezin kenduzko pentsuak.

        Jessicaren irri marra ezabatzen zen ordea, Maddik Harrondoko istorio latza kontatzeari ekiten ziola. Esklabu turkoa bailitzan baliatzen zuten, ama urrikalgabeak baimendu Agustinen manuetan ihalozka: urde bazkatzen, ardi zaintzen, sukaldea eta ezkaratza xahatzen, ganbarak nistan jartzen, baratze eta arto jorran, lur-sagar ereiten eta nik dakita zenbat zeregin xehetan higatzen zen bederatzi urteko neskattoa.

        Haur hotza izan arren, gorrotoak gogortzen zion izpiritua. Behin baino gehiagotan bargoak hiltzeko labana eskuratu zuen gerlan zendu aitaren omena histen zuen bikotearen kalitzeko. Arratsalde batez, loaldian zeudela, haien ganbarako bortara hurbildu zen. Borta erdi zabalik zen, aski zuen sartzea eta nabala zorrotza papoan tanpez sakatzea. Baina zur eta lur geratu zen: ama eta Agustin biluzirik zeuden, bata bestearen barnean ohean etzanik, goiti eta beheiti ari zen gizonaren sabelpeko makila gorria amaren zangarteko zuloan sartzen eta ateratzen segitzen zuen. Amak errain ukaldi bakoitz intziri hezeak askatzen zituen. Bularrak dantzan ari zitzaizkion. Basaki ari ziren, baina zertan ez zekien Maddik, nahiz eta ilerik gabeko pottotta ikara susmatzen zuen.

        Begiak apaldu zituen. Labanaren mihiaren distira miretsi zuen. Une berean abere orroa libratu zuen eztarri hondotik Agustinek eta amak hasperen ozenaz, isuri zuria ketan mihisean barreiaturik malgutzen zihoan gizonaren zitzi puska kanporatu zuen, gerriaren atzera keinu salbai batez. Etxeko-jaun berria zutitu zen zakila inarrosiz eta ahurraz emaztearen alua garbituz.

        Maddik ihes egin zuen, ate ondoan kukuxkan harrapatzen baldin bazuten, segur aski Bittorren destinu berdina pairaraziko baitzioketen. Eta ez zuen horrelakorik nahi. Harrondoko premu hitz emana zelako orozbat.

        Munhorantz zihoalako usu erasiatzen zuen amak, ahoak eman ahala: alferkeria leporatzen zion, hilen gaitun, zer eginen dinagu hitarik, urde zikina edo haur ustela-ka. Noiztenka Maddi erantzutera ausartzen zen, ezpainak tuaz blai:

        — Ikusiko duzue aita eta Bittor Harrondoratuko direnean.

        — Ametsetarik ari haiz neska...

        Bortitz ebakitzen zion Agustinek elea, gehitzen zuela:

        — Deabrua dun haur tzar hori... Marmaro sorgina deitu behar genikeen.

        — Marmaro?

        Ama hormatzen zen orduan. Izutu zen Maria, sorginaren izena entzutean.

        — Ez, ez Marmaro. Apeza hobe.

        — Apeza beraz, bihar bertan.

        Agustinek esku gibelaz haurraren zartatzeko jestua egin zuen. Eta alorretara abiatu zen, barnetik sutan. Maria sukaldeko mahaian jarririk, ezindua geratu zen, hustua, soa urrunean urtzen zitzaiola. Jadanik senarraren salbatzeko Eugenia, bere sabeleko fruitua urkatu zuten eta ez zen Pierra gerlatik itzuli. Eguerdiko saldaren ontzeko baratzekiak bipiltzeari ekinez, sakrifizio gehiago debalde zitekeela txutxukatu zuen, bereber. Mariak gogapena lehor zuen.

        Petarre zaharra behin Donapaleuko merkatutik etxeratu zen urduri. Pierra begimendu zuela iruditu zitzaion, ezagutzen ez zion emazte panpox baten konpainian. Ostatuan zeuden biak, aberats plantan jantzirik eta lasaiki solasean. Petarre oroitu zen azaroaren 11ko azken elizkizunean Pierra gerlan hilen zerrendan kontatu eta haren arimarentzat otoitz egin zuela. Ttattit zegoen tabernako atean dudan, aitzin ala gibel? Ez zen sartzera ausartu. Laster batean Otsabideratu zen, berri izugarriaren hedatzeko. Ez zekien ordea Harrondora hurbiltzea komeniko litzaiokeenez, baina bekatuan jarduten zuten Maria eta Agustin behar zituen nolabait abisatu. Agian, eta horregatik isildu zen Donapaleun begiztatu zuena ez zela Pierra baizik eta Pierraren antz handiko norbait. Beste herritar baten lekukotasunaren aiduru egon zen Petarre, zer gerta ere. Pierra kantonamenduan zegoelako zurrumurrua emeki-emeki zabaldu zen, eta orduan erabaki zuen auzoak Harrondoratzea:

        — Pierra bizirik da.

        — Zer? Ustel madarikatu hura bizirik?

        Zaunka elkorra aireratu eta Agustinek arratsaldeko askarian Petarre abantxu urkatu zuen. Gizonak begiek gatibatu ziotena azpimarkatu zuen, kartierreko bizpahiru gauza lekuko suertatu zirela erantsiz. Ez zuen ordea hitzik erran Pierra laguntzen zuen emazteki punpulinaz. Erranak erranik lekutu zen auzoa, tarrapataka, bat-batean gaizki obratu zuela konbentziturik. Mutu hobeko zuen menturaz.

        Gazta moztean Mariak ikarak zituen bidaide.

        — Bizirik da...

        Agustini zuzendu zitzaion:

        — Zer eginen dugu orain?

        — Alua! Hainbat urtez ez din berririk eman eta gaur mahuma tzar hura Donapaleuko merkatuan azaltzen dun. Merezi duena oparituko zionagu: herioa.

        — Pierra hilen diagu? Guk? Ez dea bekatu?

        — Bekatu? Bi haurrekin abandonatu hau eta bihotz beratzen haiz? Soizan nola eginen dugun: ahalik ohore handienean errezibituko dinagu, apailatuko diogun bainura gonbidatu eta, bargo gurintsuaren pare, trebeki eta halabiz batean sangreatuko.

        Harrondoko loiro lohitsuan Pierra Cassieren konpainian agertu zen justu apezak Maddiri deabru-iraizteko letaniak errezitatu zizkion egunean. Hamalau udaberritako neskatoa alabaina komentu batera bidali eta oinordeko gisa iloba umezurtz bat har zezaten aholkatu zien apezak. Ez omen zuten nehoiz bakerik lortuko Maddi atxikitzen baldin bazuten. Eta bikoteari Jainkoaren Legearekiko zuzen jartzea gomendatu zien, ezkontzea alegia.

        Ingurumen berezi horri esker, Maddi ongi gogoratzen zen aita berriz ikusi zueneko goizaz. Alzheimer eritasunagatik, bere zuhaitzetik beheratu ondoan horretaz baizik ez zen mintzatzen: hitzak eskas zeuzkan gainerako bizipenen ahoskatzeko. Jessicak amatxiren istorioaren harilkatzera bulkatzen zuen:

        — Eta orduan zer gertatu zen?

        — Aitasok aberaski errezibitu zitinan Pierra eta Cassie anderea. Dena laudorio eta espantu faltsu, buruan zuten sarraski lehiaren estaltzeko eran. Ama joan zunan lasterka eta negarra begian, Pierra bere senarraren agurtzera. Aitak Cassie aurkeztu zigunan.

        — Hara Cassie, Verdungoa sortzez. Iragarlea da. 1916an kolpatua izan nintzen, gas paralisatzaileak irentsi nituela ederki artatu eta sendarazi ninduen, bestela ez nintzen hemen zuen aitzinean izango. Gerla itsusia zen, eraso bakoitzean erortzen ginen ulitxa ahul, eta hobirik gabeko hilotzen ondoan lo egitera bortxatzen gintuzten.

        — Zato gizona... —Maria dena amaina zen—. Bainua prest duzu, ezkaratzean; zure itzultzea ospatuko dugu zikiro on batekin.

        — Plazerakin. Zer ari da Agustin hemen?

        — Ez zinen urte luzeetan lanean lagundu nau.

        — Itzuli naiz orain eta ez dugu mutil beharrik...

        Ez zen Agustinen begitarte xifrituaz ohartu Pierra. Alabaina auzo zainarta Harrondoko nagusia zen, nagusi ohiaren emaztearen jabe lehena. Agustin ez zen higitu eta ezkaratzera zihoala Pierra oihuz entzun zuen, haize txepela bailitzan:

        — Gela bat apaila ezazue Cassierentzat.

        Ile horail kuiskulatuak zeuzkan Cassie Maddirengana hurbildu zen. Biloak ferekatu eta esku ahurrak mirazkatu zizkion. Urrakoak eta arrailak susmatu zizkion. Leihotik kanpoko bazter ilunei begira geratu zen. Cassie iragarle sotilak orduan erran ziona ez zuen Maddik sekula ahantziko:

        — Neure zain datza labanaren alde biko zorrotza. Hegats-pean aditzen da herioa xuxurlatzen didan abesti beltza.

        — Zer diozu anderea?

        Maddi zurbaildu zen.

        — Badakit ene ordua datorrela. Pierrarena ere bai. Ez naiz atez ate kalaka ari den iragarlea. Harrondon gaur hilketa zaharren ordaina pagatuko da.

        — Ez dut ezer ulertzen. Eugeniarenaz ari zara ala?

        — Menturaz. Tenorea da. Agian hobe nuke ihes egitea.

        — Zure kuraiak malura zurkaizten du...

        Neskak erran eleak ez zituen konprenitu ere.

        — Ez da horrelakorik erraten zoriontsu direnei. Ez nau izuak irentsiko, saparrek harrapaturiko papogorri ni...

        Musua pausatu zuen Maddiren matelan, suertea opa ziola.

        Handik laster odol uholde basatiak bete zuen Harrondo. Maria eta Agustinek indarrak juntatuz, orro artean sangreatu zuten sareetan gatibatu Pierra. Oihuek tirriaturik presaka lehiatzen zen Cassieren aldia izan zen gero. Ezkaratzean jario eta gorri koloreko isuri beroak nahasten ziren. Maddik garrasi haiek nondik zetozen jakin nahi zuen, baina bikote deliberatuak bortak hertsi zizkion. Gorpuak barrukian metatu zituzten. Idiak uztartu. Hilotzak orgetan kargatu eta arratsalde osoa Munhotarreko xaran iragan zuten.

        Ezkaratza ur handitan xahatu eta gaua jin zenerako ez zen krimaren aztarnarik nehon, Maddik usna zezakeen alderik alde barreiatu odolaren urrin freskoa salbu. 1922ko martxoaren 29a zela baieztu zuen neskak, sukaldeko murruan dilindatu Eskualduna astekariaren hostozko almanakan. Hortik aurrera Maddik artega jardun zuen, bere aldiaren aiduru. Bittor sendiaren mendekatzera etorriko zela esperatzen zuen. Anaiaren berririk ez zeukan. Astia urritzen zihoakion. Ondoko udaberrian Angeluko seroren komentuan sartuko zutela hitz eman zion bikoteak apezari, baina bitartean Munhotarreko hobia lohitsuan bizirik ehortzirik ere burura zezakeen.

        Maddi sehi zarpail egunak herrokatu zituenekoaz baizik ez gogoratzen. Ez zuen oroitzapenik. Jessicak pikotzetik jaitsarazi eta sukaldera bilduriko emazte xaharraren buru ona eritasunak higatu, leundu eta klikatu zuen, sailez sail ezabatu, orainalditik iraganaldirako bidaian, geroaren irudikatzeko ahalmenaz arras desjabetua zela: geroaren itxuratzeak preseski jendea jende egiten zuen, erran arruntak biharkoa hobets zezakeen zen lana, etxea eta familiak baino. Amatxik erresumin etengabea zeraman, herio dantza lanzinantearen urratsen urratzaile.

        Aitari eta gerlatik hark ekarri zoritxarreko Cassieri pentsatzen omen zuen anitzetan. Krima konplitu zen hilabeteetan odola usnatzen zuen, ezkaratzaren garbitzeko plantatzen zenean, jariakor, mingar eta karats. Ez zuen zola nehoiz aski torratzen, hilketaren orbainak behin betiko desagerrarazteko. Herra pizten zitzaion. Harria bezain gogorra. Mundu osoa kuska, kolpa eta erretzeko adina. Baina hor zegoen, ezkaratzeko harlauzen arteketan gezaminduriko hatza eta hatzarekin batera neskaren ezinkeria larria. Non zen Bittor? Serora sartzeraino asti askirik edukiko zuena? Utziko zutena bizitzera? Noiz etorriko zen anaia arrebaren salbatzera? Galdeak erantzunik gabe geratu zitzaizkion luzaroan. Maddik bakartasunean zirauen, esklabu.

        Bikotea elizan ezkondu zen, Jainkoarekiko bake-agiria izenpetuz. Auzoan ordea arrangura dudatsu zerbait jazarri zen, batez ere Pierra Donapaleuko merkatuan susmatu zutenen partetik. Behin horrela Petarreneko nagusia Harrondora hurbildu zen:

        — Zer bilakatzen da Pierra?

        — Ez dakigu...

        Ihardespena ahots bakan ozenarazten zuten hiltzaileek:

        — Ez dakigu, hor nonbait bizi da, Baionan behar bada bere emaztekiarekin.

        — Harekin irri partida ederrak egiten genituen. Eta orai ematen du hilik dela. Ez da nehondik ageri.

        — Ez da agertuko ere. Ezkonduak gara!

        Agustin mahaian bermatu zen. Petarre alegia harritu zen:

        — Isilean orduan, ez baitugu gonbitarik eskuratu. Hauxe ezkontzeko molde bitxia! Usaian besta handia antolatzen da. Baina berdin du...

        — Ez ginuen bekatuan bizi nahi.

        Mariak aitaren lasterra marraztu zuen.

        — Dena dela, sekulan noizbait Pierra etxeratzen baldin bada, erraiozue gure sukaldean ongi etorria segur dukeela.

        — Bai, erranen diogu.

        Motz eta hotz despeditzen zituzten gerlari-ohiaren galdez zetozkienak oro. Ezkaratzeko ate astuna bisitariaren atzealdean banbaz klaskarazten zuten, dagoeneko azkar zebilen odol hats tepoa usnateko arriskua bailitzan.

        Ezteiak aipa ditzagun xuxurlatzen zuen Maddik. Ideiak argi zeuzkala onartzekoa zuen Jessicak, ezpainetarik eleen janiza akuilatzen zuen arto irinezko ogale baten pare iragana isurtzen zitzaiola andere adinduari. Zerion tu xirripa malgu eta zehargiak izpirituaren egoera larria frogatzen zuen.

        — Aste barneko arrats apal batez joan ziren, biak ilunez bezti herriko etxera eta elizara, ezkontzeko. Eginbeharrak zalu bete zituzten. Ez dakit agur mariarik errezitatzeko astirik ukan zutenez.

        Maddi konkortuak kontatzen zuen Otsabidetarrek Katzeneko bide juntatik Harrondorainoko berdura hedatu zutela.

        — Badakizu zer den berdura?

        — Nola nakike amatxi, hiritarra naiz ni!

        — Ba soizu... Ustez blasfemian ziharduten jendeen seinalatzeko ardurenean gazteek, baina taldean adinekoak kausi zitezkeen, belar eta erramu abarretan ebaki hostailak paratzen zituzten erregebidean, denen irrigarri. Harrondoko zakurrak lo-hautsez isilarazi zituzten. Pentsa ezazu goizean borta aitzinean berdura hura ikusi zuenean nolako kexuan sartu zen Agustin, sustut zakurrak pozoitu zizkiotela iruditu zitzaionean. Berehala Donapaleuko jendarmeengana jo zuen. Gaitzeko errabian zen. Ontsa gogoan daukat zelako zafraldia bildu nuen, bai eta Maria neure amak ere. Erraten ahal dizut Jessica, zauriak eta ubeldurak non nituen. Harrondo izuak azpatzen zuen ordu haietan. Egunak jin eta egunak joan, egoera jabaldu eta gertakaria ahantzi zen. Baratzeko pikotzearen maldan abiatzen nintzen bikotea loaldian zegoen arratsaldeetan eta han Eugenia deitzen nuen geldirik gabe. Marmaro sorgina madarikatzen nuen, funtsean lur osoa irain burbuila berdinean kartzela nezakeen. Bittor ez zen azaltzen. Ez nekien zer egin.

        Marmaro hil zen azkenean. Bitxiki amatxiren arabera. Sorginki hots. Bere etxeko ezkaratzean ari zen gerri-mina zeukan ehun kiloko gizon baten garraiatzen. Zazpi ateen azpitik iragan behar zen, gerria trunpilo zornatsuz tatxatua suerta ez zekion. Minak gerria alderik alde inguratzen baldin bazion hainbat gaixto kutsaturiko kidearentzat: xangrea zen haren destinu bakarra. Marmarok gerri-mina sendatzen zuen erraz, eria bizkarrean har eta naski latinez baina hizkuntza aski misteriotsua zen, bara-baratzen zituen otoitzak oiharraraziz. Marmarok otoitz haiek asmatzen zituela erraten zen, eskolan edo katiximan ibili ez zenez, nehoiz ez baitzuen latinik ikasi. Astoen zintzur karraka antzekoak baizik ez zituen libratzen, jainkoari edo deabruari helaka, nola jakin? Marmarok halatan minaren erasoa geldiarazten zuen. Aldi hartan ordea, ehun kiloko gizonak lehertu eta hil zen tanpez bihotzekoak emanik. Nehor ez zen nahikoa sorgin izan haren berriz piztarazteko. Marmaro hilerriaren zatirik ahantzienean ehortzi zuten, zeremonia murritzaren ondotik. Gerri-mina zeukan gizona berdinki mundutik joan zen sufrikarioz kiribilkatua: haren oihuak haran hegi batetik bestera aditzen ziren, are gehiago haize egunetan. Hirurogei urteren buruan ikara hormatuak sorrarazten zizkion Maddiri Marmaroren izena ahozkatzeak berak.

        Hamazazpi udaberri zeuzkan Maddik, esperantzetan Irazeta etxalde txikira ezkontarazi zutenean. Bi hilabeteren buruan Maiana munduratu zuen, lehen alaba. Arto-jorratik zetorren ilunpe batez agitu zen bortxazko apaina. Egia erran, bazen bulta bat bera baino hamabost urte zaharrago zen Bettan gerlari-ohia gibeletik zuela neskatxak. Bazebilen guneetan, hura edo haren itzala igartzen zuen: mezetatik etxerakoan, lanetik itzultzean, merkatura abiatzean:

        — Nahu'na ene lukainka dasta! —Bettan lizun-aire zebilen.

        Arto-lerroak garbitzen pasatu egunaren ondotik behin, aitzurra sorbaldan eta askariko zarea eskutan bidean zela, sasi baten atzealdetik punpan jauki zitzaion Bettan. Lurrean etzan zuen, azpiak ireki zizkion, kotoizko frakak urratu eta mizpira makila bezain gogor zeukan abar gorraila aluan basaki sartu zion. Maddik ez zuen higitzeko ahalmenik. Joa zen erdiz erdi. Bettan, bere zango okerra dardararaziz, goiti eta beheiti ari zen, labana zorrotza lepondoan atxikitzen ziola. Bukatu zuenean, galtzak altxatzean orroatu zion:

        — Ene gauza haiz orain. Nitaz bete haut. Erein haut.

        — Urde zikina!

        Hinki-hanka agudoan eskapatu zen Maddi.

        Iruditu zitzaion Bettanen oin traketsaren harramantza metalikoa bidean hautematen zuela oraino. Hatsanka etxeratu zen, ahalke. Gertatua amari kontatu zion, hipaka. Amaren soakoan ez zen urrikalmendurik jauki. Harrondoko bikoteak ez zuen iparra galtzen eta ondoko astean eztei solas baizik ez zen haien sukaldea. Agustin Irazetara igo zen, tratua Bettanekin ontzeko. Etxeratzean Mariari erran zion:

        — Konpondu gaitun. Han bizia egiazki zer den ikasiko din hire alaba moxkote nazkagarri horrek.

        — Arren, Agustin, ez hadila hain gogorra izan; hik haurrik ez didak egin ere.

        — Gosaio beharrik ez dinagu, alaxokotzia!

        — Noizko finkatu dituzue ezteiak?

        — Betea dela frogatuko den bezain laster. Azkenean bakea emanen zigun.

        — Isil hadi.

        Otsabideko herrian ez zen sekulan eztei tristeagorik sekula ospatu. Ehortzeta arropak ziruditen oihal puska presaka josiek markatzen zuten Maddiren bost hilabeteko sabelaren erronda bekatorosa. Emazteak ez zekien zer zatekeen hobe, Bettanekin derrigorrez ezkontzea ala, mehatxatzen zioten eran, komenturatzea. Biak kartzela ziren adinaren florian eder zegoen neskatxarentzat. Halaz, apezaren aitzinean bi esposek baiezkoa trukatu zutenean, neskatxaren zintzurrean korrok bat trabukatu zen: ez zion begiradarik bota senarrari. Ez irririk. Ez samurtasun keinurik. Euria ari zuen, burua apalik gero elizako kalostrapean, auzoen eta ahaideen zorionak erdietsi zituen. Ondotik Mutzueneko ostatuko gelan bazkariteko eta besta egiteko bildua zen jendetza alegeraren aurrean mutu geratu zen. Lehertua, zitzikatua, biluzia.

        Maiana gordeka bataiatu zuten igande hartan agertu zen ezustean Bittor. Gizondua engoitik, lagun batzuekin zetorren, Irazetan justu kafea zerbitzatu zen unean. Etxean isilka-misilka aterpetu ziren, eta Maddik orduan jasotako besarkadak ez zuen parerik: anaiak mendea irudi zuen luzeki tinkatu zuen arreba, beso arteko berotasunaz ito; ama gazteak ez zuen inoiz horrelako amodio eta samurtasun oparirik erdietsi.

        — Ezkondu zaituzte beraz?

        Bittoren ahotsa sakona zen.

        — Bai, baina ez naiz gaizki. Haurraren ukaiteak lotsatzen ninduen. Dena ongi pasatu da eta Bettanekin akomeatzen naiz hondarrean.

        — Maite dut Maddi...

        Bettanen ardi-trapatu sabel-oihua entzun zen:

        — Ez banu bortxatu, ez nuen Maddi emaztetzat hartzen ahalko. So egizue nola itzuli nintzen gerla madarikatu hartarik! Zangoa hautsirik eta birikak gasez erre eta suntsituak.

        — Bego. Ene arrebatxoa zaindu ezak behar den bezala orain.

        Buruxkando zuritan troxatua zen Maiana zerura hupatu zuen:

        — Ene iloba... Eta Harrondon zer?

        — Ama Agustinekin esposatu da. Aita sangreatu zuten duela sei urte Cassie iragarlearekin Verdundik herriratu zenean.

        — Jakin ditut gertakari horiek oro. Mendekatuko gatzaizkie.

        — Herra daukat bihotzean. Esklabu baten gisa tratatu naute, ezin dut hori kolkotik kendu...

        Maddik anaiaren papoaren aixolbera aurtiki zuen burua.

        Bittorrek eta bere multzoak Irazetan iragan zuten arratsaldea. Kafetik landa jin zen ondokoa. Aguardienta lagun, mendekua ozkan jarri zuten. Irazetako sukaldean ez zen irririk, ez ele soberakinik, baizik eta noiztenka ulu baten xixtu arina edo Maiana sortu berriaren negar xeheak. Maddik orduan, presaka, atorra irekiz bularrak askatzen zituen eta niniaren ahoa esnez hantu titi ubeletan pausatzen zuen amultsuki. Momentu horietan emaztearen begietan, behialako gorroto zorrotzaren ordez, amodioa baino ez zen irakurtzen. Bittor zein Bettan biak, Maddiri beha zegozkien ikusgarriaren eztitasun harrigarriak hurrupatuak. Harrondotik kanporatua izan eta higatu garaiaz xehetasunak eman zizkien Bittorrek:

        — Aitaren Biarnoko azkaziak ongi gobernatu ziren enekin. Hamaika urte arte eskolara joan nintzen, zenbatzen eta leitzen ikasteko. Herri hartako errientak eta apezak nahi zuten kolegioan jarrai nezan, baina Prudentziok ez zuen sosik aski eta eskualdeko arotz baten lantegira igorri ninduen, mutil. Jakin ezazue zaldi-ferratzen ez dudala parerik! Zaldiak gustatzen zaizkit. Kima zuri eta uzkorno galantarekiko bat badut neure. Ttarrotuko denean, zaldiz ibiltzen irakatsiko diot Maianari. Lautada hotzetan barna lauhazkatzea baino plazer handiagorik ez da bizian.

        Bittorri elea agortu zitzaion. Minutu apurretan lainoetan zintzilik zirudien. Baina zaldi solasak eten eta sukaldean metatu jendeen gogoetan ideia berdina bazebilen biribilka, mendekua ahalik trebekien obratzearena alegia. Deus erran gabe naski bazekien bakoitzak zer egin.

        Hala uste zuen Maddik behintzat, mende erdi bat geroago Jessicak pikotzetik jaisten laguntzean, zalantzak esku gibelaz saihestuz agertzen zuenaren ildotik. Ondorioz, gauak bazterrak setiatzen zituela, mahaitik zutitu ziren gizonak. Ilunpean barreiatu ziren, pika-bele saldo alegera. Hitzetan ez, baina egitekoaren egitarau zehatza soakoetan iltzatua zuten. Bakarrik geratu zenean, Maddik Maiana altzoratu zuen eta sortuz gero abesteari ekin zion lehen aldikoz: buba buba ninano haurra duxu minino... Melodia harilkatzen zerraikan Bettan behiak bazkatzetik sohairotik sukalderatu zenean.

        — Zuk ote duzu hain ederki kantatzen?

        — Bai, gizona. Amodiozko eresia baino gaztiguzkoa da.

        Maddiren ihardespena misterio zitzaion Bettani.

        — Beude hilak hilekin...

        Dardara zegoen Bettan.

        — Hilak hilez gose dira...

        Murmurio gozoa aireratzen segitu zuen emazteak, haurra altzoan kulunkatzen zuela:

        — Osaba Bittorrekin zaldizka ikasiren duxu: arre arre iikoko!

        1926 urteko bazko bezpera gaua zen. Bittor, Bettan eta bospasei mutilez moldatu banda Harrondora hurbildu zen. Zaldiak behereko gaztaindian estekatu zituzten eta argizagi beteak troxaturiko oinezko itzal uhargiak etxeko funtsetan kokatu ziren. Sator gaixoen pozoitzeko errauts-urez busti haragi puskak bota zizkieten zakurrei. Gosez hamikatu kabala meharrek emaitza nasaia ñaka-ñaka irentsi zuten; laster, auhentxo ahulak baizik ez ziren aditu. Ordua zen. Bi gizon plantatu ziren sukaldean. Beste bi ezkaratzean. Bittor alimaleko labana zorrotza zetxikala esku batean, amaren eta Agustinen ganbarara lerratu zen, ezko-argia bestean. Agustinen lepo-zaina ebaki zuen dudarik gabeko kolpe batez. Labanaren zerralerra zainarta hautematean, Maria iratzartu zen. Mihiseak odolez gorri zirela ohartu eta begi hormatuak Bittorrenetan bermatu zituen:

        — Zer ari haiz hemen seme?

        — Eugenia eta aitaren zorren ordaina biltzen.

        — Mentsa hiza? Seme...

        Mariak ez zuen elesailaren bururatzeko betarik eduki, kokospea ibai bilakatu zitzaiolako. Urdearen pare hustu zen. Bittorrek amaren eta Agustinen betazalak apaldu zituen, niniketan bizihazten zihoakien munduarekiko izua ezabatzeko. Lana bukatutzat eman eta kideei erran zien:

        — Hara. Goazen bada, ez gaitzaten hemen ikus.

        Zeinatu zen, lo-gelako Jesuskristori barkamena eskatu zion eta ahapekatu zuen:

        — Goian beude.

        Harrondoko bikoteak harreman gutxi zeukan ingurukoekin. Bereber jarduten zuten, astean behin merkatura eta elizara azalduz. Halaz, hilketa salbaiaren berri aste baten buruan baizik ez zen jakin. Ustegabetarik gainera. Petarrek zuen baserria huts atzeman, ahea-presta eskatzeko Harrondoratu zenean. Sukaldea eta ezkaratza arakatu zituen, urrin latza ganberatik jazartzen usnatu zuen arte. Odol hotzaren eta haragi ustelduraren kiratsak gidatu zuen hortik aurrera. Hertzeak bota eta tarrapataka jaun meraren zein apezarengana lehiatu zen auzoa, Pierra itzuli duk leloa kasko zokoan baltsan zebilkiola.

        Eguerdi pasatuxean, Donapaleuko jendarmeak Harrondo mirazkatzen ari ziren, gertakariak zaplastaturiko herkideak ttattit eta mutu loiroan zeudela. Xendrako errautsetan markatu oinatzez gain, Gaztaindi aldean zaldi hatzak begimendu zituzten ikerlariek. Lo-gelaratzen zirenak oro goitika ilkitzen ziren: urrikirik gabeko masakrea zen. Erotua bailitzan Petarrek Pierra itzuli duk errepikatzen zerraikan. Apeza haserretu zitzaion:

        — Baina gerlako hilen marmolezko zerrendan duzu Pierra, elizako kalostrapean.

        Pierra itzuli duk.

        — Gaixo honi jabal-belarra edanaraz iezaiozue, otoi.

        Jainkoaren zerbitzaria Maddirengana zanpa-zanpa zetorren, sotanaren hegalak harrotuz:

        — Horrelako sarraskia zuetariko batek egin baldin badu, egundainokoan ez duzue barkamenik izango.

        Apeza hedoi beltzez azpaturiko zerura begira zegoela, Maddi jendarmeak aldiz lurrera, urrin zizkolatsua etxeko leiho guztietarik zeriela, urrunean zaldi trosta hots ozena sumatu zen. Bittor zetorren bere errua aitortzera. Kimu zuridun kabalatik beheratu eta erran zuen:

        — Ni naiz hobenduna. Eugenia eta aita mendekatu ditut.

        — Eraman ezazue, arren.

        Hedexurien buruzagiak manuak txanpatzen zituen. Lau gizonek bizkarrezurra plegarazi zioten. Ukabilka zenbait ere eman zizkioten. Hautsa irensten zuela, eskuak lotzen zizkion burdinaren hegia nabari zezakeen, larru urratzaile. Maddik orduan zuen anaia azken aldikoz besarkatu:

        — Bihotzaren xoko batean atxikiko diat hire oroitzapena.

        — Har ezazu ene zaldia Maianarendako.

        Hasperenka, jendarmeen auto beltzean sartu zen, oldarrik gabe. Handik epe laburrera etxe inguruak zehazki etsaminatu eta munhotarren bi hezur-multzo harrapatu ziren. Batek gerlariei eskaintzen zitzaien identifikazio medaila zekarren, Pierraren izen eta zenbakiekin. Baratzeko lurra irauli arren, Eugeniaren hondarrik ez zen kausitu. 1927an auzia Baionako tribunalean pasatu eta Bittor gogorki kondenatua izan zen, baina ez zen damutu.

        Maddik zioenez, Jessicari batez ere, Bittor Cayenneko galeretan zendu zen. Akiduraz eta gosez, tropiketako eritasun batek eraman zuen. Hogeita bost urte zituen. Maddik galeretako administrazioaren partetik Bittor hil zelako berria gutunez ukan zuen. Gorpua aldiz ez zen Otsabideratu. Hilerrira zihoanean, izenik ez zekarren hobian lili buket bat pausatzen zuen Bittoren oroimenez. Anaiari pentsatzen zuen ikoko alha begiztatzen zuen oroz, hunkitua.

        Maddik Bettanekin Irazetan zoriontsu iraun zuen, salbuespenak salbu, Maianaren ondotik bost haur haziz. Senarra galdu egun berean, ez hain aspaldi funtsean, Maddiren arrazoia nahasi zen. Jessicaren bisita iragartzen zenean, Harrondoko gertakariak milagarrenekoz alabatxiari kontatzeko aitzakia bila, baratzeko pikotzearen gainera igotzeko usaia ordutik zeukan. Pikotzearen puntatik halaber, Eugeniarekin solastatzea lortuz, Jainkoaren belarria eztitzea espero zukeen.

        Behin Jessicak agurtzeko moldean erran zion:

        — Amatxi, ezkonduko nuzu!

        — Gaizkonduko? Ba segurki eta hala ere zauriak gaizkontzen direla. Gurean odola zerien beti...

        Lo-gutizia izugarriak sareetara tirriatzen zuela zirudien eta, buru astuna papora ezkelduz, tu malgua ezpainetarik isurtzen zitzaiola, zurrunga larriak eroaten zuen amatxi. Ahanztea gauza estimagarria zen, gogozkatu zuen Jessicak, baina horretan ere heina zaintzekoa zen.

        Elkarrizketak zerraikan.