Macbeth, William Shakespeare

 

III. ekitaldia

 

 

I. AGERLEKU

 

Forres. Errege-yauretxeko gela bat. Bankuo dator aurrera.

 

BANKUO: Or dok orain: errege, Cawdor, Glamis, dana, arako emakume sorgiñak agindu eben legetxe, eta bildur nok orretan eskuak ez dokazala garbi; baña ire ondorengoentzako ez zala izango be esan yoen areik: neu izango nintzala errege askoren iturburu ta aita. Ara, Macbeth, areik esana egi izan ba'dadi iretzako lez niretzako be; arein itzak benetakoak ba'dozak, aiko, iretzako egi urtenezkero zegaitik ez izan niretzako be etorkizunaren iragarkiak eta nire itxaropenaren puzkarriak? Baña... ixil, itzik bez geyago.

 

Adar-otsa. Macbeth Errege, Macbeth Andera, Errege-anderea, Lennox, Ross, Yaunak, Andereak eta Otseñak datoz aurrera.

 

MACBETH: Amen gure ostatukorik nagusiena.

MACBETH ANDEREA: Orreri dei-egitea aiztu ba'litxaku aiztu, gure yai andi onetan utsune andia izango zan ta ez bape egokia.

MACBETH: Yauna, gaur arratsean apari andia egiteko gara ta zu ara erdutea gure neunke.

BANKUO: Zure nagusitasunak agindu begist, nire menpetasuna lokarririk azkatu-eziñenez orreri betiko loturik dagota.

MACBETH: Zaldiz ibilteko ete zara arratsalde onetan?

BANKUO: Bai, nire yaun on.

MACBETH: Ostean zure aolkua artuko neunke, gaurko batzarrean zuk emona sentzunezkoa ta nire onerakoa izan da-ta; baña biar emongo daustazu. Zaldiz urrin yoateko ete zara?

BANKUO: Ene yaun, oraindik eta apari-bitartean yoan leitekeanik eta urrinen; nire zaldia dabillen baño bizkorrago ibilli-ezik, gabari eskatu bearko dautsadaz ordu bat edo bi ilun.

MACBETH: Ez utsik egin gure yaira.

BANKUO: Ene yaun, ez dot egingo.

MACBETH: Entzun dodanez, gure lengusu odolduak artu dabez Ingelanda'n eta Eire'n; alan be ez dabe autortu euren aitaren eriotza biozbagea ta entzuleen belarriak iñondiko asmakizunez bete dabez; baña orretaz biar itz-egingo dogu, orretaz itz-egiteko batera batzarra dagigunean. Zoaz arin zaldiganera. Agur. Arratsez etorriarte. Fleance be zeugaz ete doa?

BANKUO: Bai, nire yaun on; gure aldia guri deyez dogu.

MACBETH: Zuen zaldiak bizkorrak eta apatx-gogorrak izango al dira; au dala-ta zoaze euren bizkarretara. Agur. (Bankuo'k alde dagi.)

          Gizon bakotxa bere astiaren yabe bedi arratseko zazpirakarte; lagun-artean egoteari txera argiagoa egiteko, ni aparitakorarte bakarrik egongo naz; bitartean Yainkoa lagun dakizuela!

 

Macbeth Andereak, Yaunak eta abarrek alde dagie.

 

          I, yauntxo, itz bat iri: areik gizonak zer esango-begira ete yagozak?

OTSEÑA: Ene yaun, areik yauregiko ate nagusiaren andikaldean dagoz.

MACBETH: Ekazak gure aurrera. (Otseñak alde dagi.) Onan izatea utsa da; onan bildurbage izatea da gauzea; Bankuo'ri dautsagun bildurra bildur andia da; aren berezko erregetasunean bildurtu eragiteko zeozertxo ba-dago; a kementsu-kementsua da ta aren bildurbako gogoak bere-berea dau aren kemenari oztopobage lan egiteko bideak erakusten dautsazan zurtasuna. Aren ez besteren bildurrik ez dot; aren menpean nik nire asmoetan atzera-egin bear dot, diñoenez Marka Andonik Kaissar'en menpean legetxe. Arek arako aiztak be agiraka egin eutsen niri egundo lenengoz errege-izena emon eustenean eta berari be itz egiteko agindu eutsen; eta gero, igarle-antzo, errege-erreskadearen aitatzat agur-egin eutsoen; nire buru-ganean ondorengobako buruntzea imini eben eta nire eskuetan urre-zigor antzua, areitatik, nire semek-barik, beste senideren batek kentzeko. Olan izatekotan, Bankuo'ren ondorengoen alde egin dodaz nik egitekoak; aren onerako il dot nik Duncan maitagarria; eurekaitik eta eurekaitik bakarrik bete dot nik gorrotoz nire bake-ontzia; areik errege egiteko emon dautsat nik gizon guztien arerioari nik dodan pitxirik yorien eta ederrena. Bankuo'ren azia errege egiteko! Olangorik yazo baño len, erdu, zoria, guda-tokira ta imini nire agoan guda-eupadea! Nor da or?

 

(Otseña dator aurrera barrien-barri Eralle bikin)

 

          Oa orain atetara ta ago an guk dei-egin-arte.

 

(Otseñak alde dagi.)

 

          Atzo ez ete gendun alkarrekin itz-egin?

I ERALLEA: Bai, atzo, eta zure nagusitasunari atsegin bekio.

MACBETH: Ori ondo, eta orain nire esanak ondo aztertu ta ausnartu ete dozuez? Yakizue, ba, a izan zala, zuok gu gintzala oker uste izanarren, igeroko urteetan zuok irabazi ez zenduen bear izan gorrian euki zinduezana; zuon eder-etsiz, au da gure oraintsuengo batzarrean zuoi argi imini neuntzuena: zelan arek etentzaka begia zuon ganean eukiten eban, zelan edozetan bidea ebaten eutzuen, iñoren eskuko ziñien, eskuko orreikaz nok lan egiten eban eta beste amaika ta amaika gauza biotz eta bururik otzenari «Au egiten eban Bankuo'k» esan-azoko leuskioenak.

I ERALLEA: Bai, zuk iragarri zeunskun ori.

MACBETH: Bai, orixe egin neban eta aurrerago be yo neban eta au izango da gure bigarren batzar onen gaya. Zuon eroapena orren andia ete da zer oneri aurrera yarraitzen izteko? Kisto-irakatsiak orren barrura sarturik ete dozuez, bere esku aztunaz zuok illobiraño makurtu ta zuonak betiko eskekotu dauzanaren eta aren ondorengoen alde otoi-egiteko?

I ERALLEA: Gizonak fiara, yauna.

MACBETH: Bai, izen-erreskadan gizontzat agiri zarie, eiza-txakur, erbi-txakur, naste-txakur, txakur ule-leun-luze, txakur usikari, altzo-txakur, ur-txakur eta txakur-otsoak guztiak txakur izena daroen legetxe; izendegi arduratsu ta zeatzak ba-diñotzu zein dan bizkorra, zein astiro ibiltekoa, zein zurra, zein etxe-txakurra, zein eiza-txakurra; bakotxa izate esku-zabalak emoniko emayari buruz bereizten da; ori dala-ta, bakotxari bere zertxoa eransten yako guztitarikoentzat dan izenez ganera. Olantxe da gizonakikoa be. Orain zeuok esan gizonen erreskada zeatzean gorengo malletan ala berengoetan zagozien, eta zuon biotzetan iminiko dodan egikizuna beteezkero, zuon arerioarenak egin dau; orregaz gure biotza ta maitasuna irabazten dozuez, guk geuk be, a bizi daño osasun txarra daroagunok, a ilezkero sekulakoa geunkake-ta.

II ERALLEA: Yauna, munduagandik artu dodazan zartada ta ukabilkadak asarre gorria emon daustie-ta, emen nozu neu egiten dodanak ardurarik emoten ez daustana, munduari apena emonezkero.

I ERALLEA: Neu nozu beste bat; zoritxarraren zoritxarrez aspertuta nago; zoriak tarraz ebali nau-ta, nire bizi onetan zirti-zarta yokatzeko gertu nagotzu, bizi au obatu edo beroni atzena emoteko.

MACBETH: Biok dakizue Bankuo izan dana zuon arerioa.

ERALLE BIAK: Egi utsa, ene yauna.

MACBETH: Nirea be ba-da ta luzaro be luzaro izan be, nire biziko une oro nik biziaren urren dodanaren aurka ekin eta ekin daragoyo-ta. Nik arpegi emonda kendu neike a begien aurretik eta nire guramenari agindu be bai ori ederretsi dagiala, baña olangorik ez dot egin bear arenak eta nireak bionak dirian adiskide batzukaitik. Nik ez dot galdu bear arein maitasuna ta bai negar egin neronek ilten dodanagaitik; ori dala-ta da zuon laguntasunaren billa nabillela; lagunabarraren begietatik estali egiten dot arazo au ainbat zio aztunegaitik.

II ERALLEA: Yauna, zure agindua beteko dogu.

I ERALLEA: Geure biziak...

MACBETH: Zuon kemenak argi dagi zuok-zear. Geyenez be ordubete-barru iragarriko dautzuet non yarri; ezagun egin zakioez tertzioari, salataririk onena bera da-ta, une-unean yo; egiteko ori arrats onetan egin bear da ta ez yauregian bertan, urrintxoago baño; beti uste izan dot eragozpenik ez dodala bear nire bidean; a (Bankuo) baztartuta, ez itxi ezetariko oztoporik, ez eta adabakirik nire larrean; arek aren seme Fleance lagun dau, baña semea baztartzea aita baztartzea añako da niretzat-eta, semeak aitaren zoria izan bear dau ordu baltz orretan. Erabagi zeuok zeuotara; laster natorke zuokana.

ERALLE BIAK: Ene yauna, erabagia artuak gara.

MACBETH: Laster noakizue; barruan egon.

 

(Eralleak alde dagie)

 

          Eginda dago: Bankuo, ire arimearen egazkadea, zerurakoa ba'dok, arrats onetan izango dok.

 

(Alde dagi)

 

 

 

II. AGERLEKU

 

Lengoxea. Errege-yauregiko beste gela bat. Macbeth Anderea ta Otsein bat.

 

MACBETH ANDEREA: Bankuo'k errege-yauregitik alde egin ete dau?

OTSEÑA: Bai, anderea, baña arratseon dator atzera.

MACBETH ANDEREA: Erregeri esan egiok itz gitxi batzuk entzuteko lain asti dauenentz.

OTSEÑA: Itanduko dautsat, andera. (Alde dagi)

MACBETH ANDEREA: Ez dago ezer, dana da galdurik, gure guraria pozbage lortu ba'dagigu: guk banatu daroaguna bera izatea obe da, banatuta bada-ezpadako poza izan baño.

 

Macbeth dator aurrera.

 

          Zer da ori, ene yauna? Zegaitik zagoz bakarrik, irudipenik baltzenak zure laguntzat dozuzala ta euren gayagaz batera il bear leukien oldozpen orrei eragin eta eragin? Ezin zuzendu leite kezan gauzai ez litxakie yaramonik egin bear: egiña egiñik dago, aor.

MACBETH: Sugea zauritu egin dogu, baña ez il; zauriok osatuko yakoz eta lengoxea izango da; bitartean gure gaiztakeri laburra aren lengo agiñak usigiteko zorian gelditzen da. Baña yoskune-giltzak lokatu bediz, mundu biak minartu begie, guk gure yataldiak bildurrez egin eta gabero ikaratzen gabezan ames bildurgarriak euren urduritasunez guri loa gal-azo baño len; dogun toki au betetearren betiko atsedenera bidali doguzan illerartean izatea be obe da, gogo-oñaze bizitan, atsedenbage, liluraturik, gau osoetan etzanik egotea baño. Duncan bere illobian dago; bizitzako artegatasun aldakorraren ostean arek lo ederra dau; azpikeriak bere egitekorik dollorrena egin dau; ez galtzaiduk, ez edenek, ez etxeko gaiztakerik, ez erbesteko gudaroztek. Ezek be ez dautso ukutuko geyago.

MACBETH ANDEREA: Tira, leundu egizuz begirakune latzok, ene yaun leun orrek; gogo-argi ta pozdario agertu arratseon gure maikideen artean.

MACBETH: Olantxe agertuko naz, maite, ta zeu be olantxe agertuko al zara, gogoratu egizu Bankuo; bera dala lenengoa iragarri egiozu, bai zure itzez, bai zure begiz; gure omenok yagoteko onan labankeri-darioka ta gure biotzak zelangoak dirian iñok ikusi ez dagizan, gure arpegiz estali-bearrez bizi garean artean ez gagoz bildurge biziteko.

MACBETH ANDEREA: Itxi egiozu orri geldi.

MACBETH: Ai! emazte maite, arrabioz beterik dot burua! Ba-dakizu Bankuo ta bere Fleance bizirik diriana.

MACBETH ANDEREA: Baña eurekan izamenaren eredua ez da betirakoa.

MACBETH: Oraindik poz-biderik ba-dogu; zeartagarri dira; pozik izan, beraz; estalpeko saguzarrak egaz egin baño len; kakarraldo narru-baltzak bere burrundada lo-arrazotekoaz Hekate illunari dei-egiteko gabeko durundu arrausi-eragillea atera baño len egite zaratatsu ta itzala egiñik izango da.

MACBETH ANDEREA: Zer da egiteko zareana?

MACBETH: Maite orrek ez al dozu yakingo, egindakoan txaloak yoarte. Ator gau begi-isle, itxi egik egun errukiberearen begi samurra, ta birrindu ta ayenatu egistazu zurbil nindun lokarri aztuna! Argia gizenduaz doa, eta belea bela-basora doa egaz; eguneko gauza onak burua makurtzen eta loak artzen asiak dira, gabeko egille baltzak euren oratze ta narrukadak egiteko yagiten dirian bitartean. Zu nire itzak arriturik zaukiez; baña zagoz ixilik; txarto asiko gauzak txarrak berak sendotu daroaz; au dalata, zagoz neukin, arren.

 

(Alde dagie)

 

 

 

III. AGERLEKU

 

Lengoxea. Zugazti nai landa bat, errege-yauregirako ateaz. Iru Eralle datoz aurrera.

 

I ERALLEA: Nok agindu euskan iri gugana etorteko?

III ERALLEA: Macbeth'ek.

II ERALLEA: Ez dogu zetan izan orren susmo txarrik, gure egitekoa ta gure bearlekua zeintzuk dirian dakianezkero.

I ERALLEA: Ago, ba, gure artean. Eguzki-sarreratik oraindik egunaren argi-izpi batzuk ba-datoz; orain bidazti berantiarrak, aztalak sartuta, zaldiari arin eragiten dautso, ostatura tertzioz eltzeko; eta kukuka gagokozan urlia urreratuaz dator.

III ERALLEA: Entzun! Zaldi-apatx-otsa dantzut.

BANKUO: (Barrutik) Eup! Ekaguzue argia.

II ERALLEA: Bera da orrezkero; aparitera deitutako enpaduak onezkero errege-yauregian dira.

I ERALLEA: Orren zaldiak or dira deslai.

III ERALLEA: Ia legoa bateko bidean; baña besteetan be orrek olantxe egiten dau, baita beste edozeñek be; emendik errege-yauregirako bidea oñez egiten dabe.

II ERALLEA: Argia! Argia!

III ERALLEA: Bera da.

I ERALLEA: Beragana, mutillak.

 

Bankuo ta Fleance datoz aurrera zuziagaz

 

BANKUO: Arrats onetan euria izango da.

I ERALLEA: Betor. (Bankuo'n ganera doa)

BANKUO: Azpikeria! Azpikeria! Igesi egik, Fleance ona, igesi! igesi, igesi! Ik emon engike ordea. Yopu ori!

 

(Il egiten da, ta Fleance'k igesi dagi. )

 

III ERALLEA: Nok itzali dau argia?

I ERALLEA: Ez zan ori egin bear zana ala?

III ERALLEA: Lurrean bat baño ez dago; semeak igesi egin dau.

II ERALLEA: Gure egikizunaren erdikinik onena galdu dogu.

I ERALLEA: Ondo dago, goazan emendik zer egin dogun esatera. (Alde dagie)

 

 

 

IV. AGERLEKU

 

Lengoxea. Errege-gela bat yauregian.Oturuntzea gerturik. Macbeth, Macbeth Anderea, Ross, Lennox, Yaunak eta Otseñak datoz aurrera.

 

MACBETH: Zuon omen-mallak ezagun dozuez, yarri; eta atzenen bioz-biotzetiko ondo-etorria.

YAUNA: Eskerrik asko zure erregetasunari.

MACBETH: Ni neu berengoen artean yarriko naz, ostatari apalarena egiteko. Nire ostatari-anderea yarriko da maipuruan; baña tertzioan ondo-etorria eskatuko dautsagu.

MACBETH ANDEREA: Yauna, emon egiozue nire aldez gure adiskide guztiai, nire biotzak ondo etorriak diriala diño-ta.

MACBETH: Ara, oneik euren biotzetatiko eskerrez erantzuten dautzue. Alde biak bardiñak dira; ementxe yarriko naz, erdi-erdian.

 

(Atetara dator lenengo Erallea)

 

          Neurribage izan poza; bertatik edango dogu neurri bat mai-inguruan. Arpegian odola dok.

ERALLEA: Orrezkero Bankuo'rena da.

MACBETH: Obea az i atetan a barruan baño. Garbitu dozue ala?

ERALLEA: Ene yauna, aren samea ebagita dago; neuk ebagi dautsot.

MACBETH: Sama-eballerik onena az i; baña i aña ona dok beste orrenbeste Fleance'ri egin dautsana; ori be ik euk egin ba'dok, ire bardiñik ez yagok.

ERALLEA: Errege yauna, Fleance'k igesi egin dausku.

MACBETH: Orrezkero nire larrialdia ostera be ba-datorkit; ostean ase-betea nintzatekean; arri zuria baxen osoa, atxa baxen oñarri sendokoa; bere ontzian artzen gauzan aldea baxen zabala ta guztiena; baña orain gelatxoan, zulotxoan, leku estuan sartuki nago, ez-bai eta bildur zantarren barruan loturik nago. Baña Bankuo garbitu ete dozue eskier?

ERALLEA: Bai, nire yaun ona, arekan dago eskier, buruan ogei sastakai-zulo dauzala; orrek gitxienez enotzea dakartso izate biziari.

MACBETH: Eskerrik asko orregaitik; an datza sugetzarra; igesi dauen mamarroak gerora edena aziko dau, baña bein-beñean ez dau agiñik. Oa; biar eragoko orretaz barrien-barri.

 

(Eralleak alde dagi)

 

MACBETH ANDEREA: Ene errege yauna, zuk ez dozu poz-gedarrik egiten; oturuntzeak diraueño, biotz onez emoten dozula sarritan erakutsi ez ba'dagizu, olango oturuntzea saldua yatzu; yan norberenean egiten da ondoen; yanari gatza ta piperra ezarten dautsazana egiten dautzuezan arrera ta txerak yatzuz; olangobako batzarra batzar otza ta utsa litzateke.

MACBETH: Gogoratzalle maite! Orain betor yan-auste ona yan-galeari laguntzeko, eta osasuna bien alde!

LENNOX: Yauna, zegaitik ez zara yezarten, arren? (Bankuo'ren kokoa yagi ta Macbeth'en yezarlekuan yarten da)

MACBETH: Bankuo atsegingarria emen ba'gendu, aterpe onen barruan gure erriko omena ta edergarria geunkake, baña aren ezbearrari erruki izateko baño bide geyago dot begirapenik eza arpegira botateko

ROSS: Yauna, aren ona-eza aren aginduaren lotsagarri da. Zure goitasunak zure errege-laguntasunaz ederragotu begiguz, arren

MACBETH: Maya beterik dago.

LENNOX: Yauna, amen yarleku bat utsik.

MACBETH: Non?

LENNOX: Ementxe, ene yaun. Zek ikaratzen dau zure goitasuna?

MACBETH: Zuotatik zeñek egin dau au?

YAUNA: Zer, ene yaun on?

MACBETH: Ik ezin esan engike ori nik egin dodala; ez egistazak aztindu ule-moltso odolduok.

ROSS: Zaldunak, yagi; onen goitasuna ondo-ezik dago.

MACBETH ANDEREA: Yarri, adiskide zindook; nire yaunak sarritan izaten dauz olango aldienak eta yayotzatikoak yakoz; yarrai yezarrita, arren; aldien ori ez da luzarokoa; bertatik yarriko da ondo barrien barri; yaramon andirik egin ba'dagiozue, min emongo dautsazue ta aldiena luzatu; yan eta ez egin yaramonik orreri. Gizon ete zara?

MACBETH: Bai, eta ez bape bildurtia, alan be txerrena bera be ikaratuko leukean ori begiratzeko.

MACBETH ANDEREA: Ori bai benetako uskeria! Ori zure bildurraren irudia berbera yatzu; ori da, zeuk esanez, Duncan'gana eroan zinduzan arako aideak aterako sastakaya. Ara, egiazko bildurraren antz utsa dirian ikara ta aldikadok ederto letorkioz sutondoan emakumek esango leukean ipuñeri, aren amamak be bayeztuta. Lotsagarri utsa! Zegaitik egiten dozuz mosu-eragiketa orreik? Orreik amaitutakoan, aulkia begiratu baño ez dozu egiten.

MACBETH: Arren, bai, arren! Ikusi an! Begira! Adi Ara! Zer diñozue? Eta zer daust niri? Burua makurtu al ba' dok, itz be egik. Il-etxetxoak eta gure illobiak guk illobiratuak atzera bidali bear ba'dabez, gure oroigalluak sayen urdallak izango dira.

 

(Kokoak alde dagi)

 

MACBETH ANDEREA: Zer? Ostera be zoroen zoroz kikilduta?

MACBETH: Ni emen ba'nago egon, nik ikusi dot.

MACBETH ANDEREA: Zoaz ortik, lotsarren!

MACBETH: Odola lenago be ixuri izan da, beñolako aldietan, giza-legeak izakera zindoa baztartu baño len; bai, ta arrezkero be belarriak entzuteko itzalegiak dirian erailketak egin izan dira; igeroko aldietan, bein garaunak ateraezkero, gizona il egiten zan eta a zan gizonaren atzena; baña orain, edonor ilteko be asko dirian ogei zartada izanarren euren kaskarretan, barrien-barri yagi egiten dira ta gure aulkietatik bultzaka uxatzen gabez; au olango gizon-iltea baño be bakanagoa yatzu.

MACBETH ANDEREA: Ene yaun zindoa, zure lagun zintzoak zure begira dagoz.

MACBETH: Aiztuta nengoan; ez yosi zuen begiak nigan, ene adiskide zintzo-zintzook. Gaitz bakana dot izan, baña ezagun nabenentzat uskeri utsa da. Tira, maitasuna ta osasuna guztioi; yezartera noatzue; ekazue ardoa, bete ontzia. Mai osoaren pozerako edaten dot, eta uts egin dauskun gure adiskide maite Bankuo'ren alde. Emen ailego bera! guztien eta aren alde egarri naz, eta guztiok alkarren.

YAUNA: Gure zureganako bete-bearrekoen eta zintzotasunaren agiritzat.

 

(Kokoa barriro yagiten da)

 

MACBETH: Oa ortik! Ken akit begien aurretik! Lurrak iruntsiko al au! Ire azurrak ez yoek munik, ire odola otzik dok; nigan yosten dokazan begi orreitan ez dok ikusmenik!

MACBETH ANDEREA: Au egunoroko gauzatzat ar egizue, yaunak; ez da besterik; orrek aroari dagokion poza gal-azo ez besterik ez dautso egiten.

MACBETH: Gizonek dagikeana egin-eziñik ez dot; urreratu akit Errusi'ko artz ule-latzaren antzeko, sur-adardun nai Irkani'ko katamotzaren antzeko; ar egik ori ez bete edozein antz, eta nire kirio sendoak ez dozak ikaratuko egundo; edo biztu akit barriro, eroan nagik basamortura ezpatea eskuan dokala; an ikaraz ikusi ba'nagik, autor egik orduan neska-kumea nazala. Alde emendik, itzal ikaragarri, irri uts orrek! Alde!

 

(Kokoa ezereztu egiten da)

 

          Bai, olantxe; ik alde eginezkero, ni ostera be gizon nok. Yezarri oraindik, arren

MACBETH ANDEREA: Poza uxatu egin dozu, batzar gozoa banatu, nasterik arrigarrienagaz.

MACBETH: Izan ete leiteke olango gauzarik eta gu menderatu udako ostotsak legetxe, guri berarizko ikarea sartubage? Arriturik naukazue; ni nazana izan-da, orain konturatzen nazanean zuok olango ikuskayak ikusi ta zuon matralletako berezko gorritasuna ez dozuela galtzen, nireak zuri-zuri gelditurik.

ROSS: Ze ikuskai, ene yauna?

MACBETH ANDEREA: Ez egin itzik, Yainkoarren; geroago txarrago doa; itaunak asarratu egiten dabe; bertatik, gau on; ez egon yoateko aginduaren begira, len baño len yoan baño.

LENNOX: Gau on, eta Erregeri osasun obea eldu bekio!

MACBETH ANDEREA: Gau on atsegingarria guztioi.

 

(Yaunak eta Otseñak alde dagie)

 

MACBETH: Odola izango dau; odolak odola izango dauela da esakunea; iñoz ikusi dira arriak igituten, eta zugatzak itz egiten; aztuak eta gauzak eurak-euretara alkarregaz kirimil duta egoteak, mika, bela ta bela-txingak bide diriala, atera izan dabe argitara odol-gizonik ezkutukoena. Zer da gaua?

MACBETH ANDEREA: Larri-larri goxagaz eztabaidan dabillena, zein zeindanka.

MACBETH: Zer dala-ta diñozu Macduff'ek ez dauela erdu gura izan gure agindu andia arek izan-da?

MACBETH ANDEREA: Deitu zeuntsan ala, yauna?

MACBETH: Bide batez dantzut orixe; baña dei-egingo dautsat; euretatik iñor ez dago euren bakotxean otseñen bat erosita ez daukodanik. Biar yoango naz, eta goxetik yoan be, aizta sorgiñekana; geyago esango daustie; orain txarrena biderik txarrenez yakin-bearrean nago-ta; neure onerako, eragozpenak baztartu bearrean nago; odoletan samaraño sartuta nagonezkero ta aurrera egin-ezinik aurkitu, atzera-egitea aurrera-egitea añean nekorra litzateke; gauza ondo bakanak dodaz buruan eta burutik eskura yoango dira, ta aztertu baño len egin bear dira.

MACBETH ANDEREA: Zuk biziki guztiak onduten dauzana bear dozu: loa.

MACBETH: Goazan, goazan lotara. Ni galtzen nauena gauzen asierako bildurra da; nik ekiña bear dot, ekin gogorra; egiten oraindik as-parriak gara.

 

(Alde dagie)

 

 

 

V. AGERLEKU

 

Iñarradia. Ostotsak. Iru sorgiñak datoz aurrera ta Hekate'kin baizen dira.

 

I SORGIÑA: Zer yazoten yatzu, Hekate? Asarre-arpegia dozu.

HEKATE: Ez ete dot asarrerako biderik, atsozar lotsabako azartuegiok? Zelan azartu zarie zuok Macbeth ezetz-igarrietan eta eriotz-arloetan olan atzera-aurreka ebalten? Neu nozue zuon lilurapenen irakasle, neu kalte guztien asmatzalle-ta, zelan ez nozue deitu bein be neronek be neurea egiteko edo-ta gure antzearen andia erakusteko? Eta, okerrago dana, zuok eginiko guztia seme gaizto, gorrotsu ta asarretsu baten alde izan da; eta a, beste asko legetxe, bere onaren billa dabil, ez zuonaren billa. Baña zuzendu orain egin dozuen okerra: zoaze ta zatoze goxean nigana Akeron'go lezara; ara elduko da a be bere etorkizuna yakin-miñez. Gertau zuon ontzi ta lilurak eta gañetiko guztia. Ni aidera noa; arrats au zeregin goibel eta itzalean emoteko naz. Eguerdi-aurretik arlo andia egin-bearrean nago; iretargi-adarretik eskegita dago lurrun-tantan lodia; axe oratu bear dot lurrera baño len; a aztu-antzez lurrun-urtu ba'dagit lurrun-urtu, arek eragiko dauzan irudizko mamuak, euren lilura-indarrez a (Macbeth) buru-naste itzalera eroango dabe. Arek zorionari aztalak sartuko dautsaz, eriotzeari irri-egingo dautsa, ta bere itxaropenak zurtasun, eder eta bildurraren ganetikoak izango dira; eta ba-dakizue segurukeria dana gizonaren areriorik andiena.

 

(Eresi ta abestia barruan: «Urten, urten, eta abar»)

 

          Entzun! Deyez dodaz; begira, nire kokotxoa laño baltzaren ganean dago yezarrita, ta nire ordeazkotzat dago.

 

(Alde dagi)

 

I SORGIÑA: Goazan, goazan arin; a laster da atzera be.

 

(Alde dagie)

 

 

 

VI. AGERLEKU

 

Forres. Errege-yauregiko gela bat. Lennox eta beste Yaun bat datoz aurrera.

 

LENNOX: Orainarteko nire itzaldietan zure oldozpenai ukutu baño ez dautset egin, baña oldozkunok argiago ikustea baleiteke; nik auxe bakarrik diñot: gauzak bakan etorri diriala. Macbeth Duncan maitagarriaren erruki izan zala; bai, ba, illik egoan-da; eta Bankuo oldartsu-oldartsuari bidean beranduegi egin yakonda, zuk besterik uste izan ezik, Fleance'k il ebala esan geinke, Fleance'k igesi egin eban-da. Gizoni ez yako bidean belu egin bear. Nok uste izan ez baltzetan be baltza izan zala Malcolm eta Donalbain'ek euren aita maitagarria iltea? Egipen gorrotagarria! Macbeth'ek artu eban naibagearen andia! Bere asarre errukiorrez ez ete ebazan zatitu bertatik edanaren yopu ta loaren mendeko zirian gaizkille biak? Ez ete eban egin ori bikainki be bikainki? Bai, eta bai zurtasunez be, arein ezetza entzuteak ilik ez dagon edozeñen biotza asarre bizitan yarriko eban-da. Au dala-ta, arek gauzak ondo egin dauzala diñot nik. Yaungoikoak besterik ebatzi dau, baña arek Duncan'en semeak giltzapean euki ba'leuz euki, uste osoa dot aita eratea (iltea) zer dan ondo be ondo erakutsiko eutsiela; baita Fleance'ri be. Baña nagon ixilik! itz agiriegi egitearren eta erregearen aparira uts-egitearren, entzun dodanez, Macduff aren asarrepean bizi da-ta. Yauna, esan ete zeinke non dagon egotez

YAUNA: Errege anker onek yayotzatiko eskubideak beretzako kendu dautsazan Duncan'en semea Ingelanda'ko errege-yauregian yatzu ta Edorta yainkozale-yainkozaleak txera argiz artu dau ta zoritxarraren gogo txarrak ez dautso ezer kendu Edorta'ren begien aurrean. Macduff ara yoana da bera be, errege gurenari eskatzeko Northumberland eta Siward gudazalea iratzartzen lagun dakiola, orrein laguntasunaz eta Edorta'ren eder-etsiz, gu barriro be gure mayetan okela ta gure gabetan loa izateko gai-izan gaitezantzat; gure yai eta oturuntzetan aizto odoltsurik ez izateko; guk menpekotasun zintzoa emoteko ta artzen doguzan omenak utsean artzeko, orain zer guzti orrein gogo bizia dogu-ta; eta barri onek emon dautsan asarrearen asarrez eta gudea etorrikoaren bildurrez errege gertakizunak egiten asia dogu.

LENNOX: Iñor bidali ete eban Macduff'egana?

YAUNA: Bai, bidali eban, baña geznari ilunak «Yauna, ni ez, ni ez noa» argi ta garbia entzunik bere bizkarra emon eta tararaka eragoyon, «Damutuko yak erantzun onegaz nire bidean oztopoa iminten dokan egun au» esaten bai'legoan.

LENNOX: Orrek kontuz ibilteko aolkua emon leyo, eta zurtasunak eskatzen dauen baxen urrin egoteko. Angeru gurenen batek egaz egingo al dau Ingelandara ta areri barriok yakin-eragin a etorri baño len. Onespen bizkorra erduko al da esku zantarpean oñaze-miñez dagon erri onetara!

YAUNA: Nire otoitzak arekin bidaliko dodaz

 

(Alde dagie.)

 

 

© William Shakespeare

© itzulpenarena: Bedita Larrakoetxea

 

 

Macbeth, William Shakespeare
Agertuko diran lagunak / I. ekitaldia / II. ekitaldia / III. ekitaldia / IV. ekitaldia / V. ekitaldia
Sarrerea / Itz gitxi ezagun batzuk

 

 

"Shakespeare euskaraz" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus