Macbeth, William Shakespeare

 

Sarrerea

 

Or dozu, irakurle maite, Shakespeare (Xeikspir, irakurri, obeto ezin ba'dozu) andi-entzutetsuaren antzerki bat geyago euzkeraz. Bat geyago diñot, beste bat beintzat nire adiskide Ametzaga'tar Bingen azkarrak oraindik atxiña ez dala emon euskun-da. Onek orduan emona «Hamlet» dogu.

          Nik orain damotzudana «Macbeth» yatzu. Antzerki au irakurriaz nekez egingo dozu arrausirik. Shakespeare'k ez dau emoten arrausi egiteko astirik. Gure biotza ta adimena, biak, or darabiltz ekin gorrian asi ta azkeneraño.

          ...Bedartza apitzean aratinik etzanda zagoz, burua eskuen ganean dozula; ibiliaren ibiliz nekatua, eguzkia laster etzatera yoateko da ta oz-ozta mun-egiten dautse mendi-ganai; ibarrak eta mendi-egal-barrenak itzalez yantzi dira; luzaroan abarotan egoneko ardiak an zure aurreko menditxoan yoranez daragoioe azkenengo agokadak yaten; artzaya an doa txistuka mendiska-egala gora ardiok aurrean artu, berantza eragin ta artegi ta etzalekuetara eroateko. Larra-txoriak gora-goraka egiten dau, igonez-igonez txorrotxioka eguzki unatuari agur egiteko. Zure aldameneko errekatxuak, etentzaka, marmarka daragoio, ez dakit pozak ala atsedenge yoan-bear gorriak eraginda. Zuk zeuk be ez dakizu, ta obe olan, errekatxuaren marmarrok nekeak eta kezkak eragiñak diriala ba'zenki, zerorren kezkak iratzarriko leukiez-ta. Erbestetik bere aberri ta etxe maiterantza doan bideztia aberri ta etxerago pozago izaten da-ta, errekatxua be iliago ta itxasorago da-ta marmarrok pozak eragiñak diriala esan bearko. Ertzeko bedar lirañak, burua makurtuta, agur egiten dautsoe yoan doan ur zoliari, «Yarraik, oa ondo» esanda.

          Gauza ederrok ikusiki, zu atsegin-eztitan, pozak, ameslari, bake-baketan zagoz eta zagozan toki orretatik yagiteko nagi zara...

          Itxaso zabalean zara: bean ura, goyan laño baltz-ilunak; axeak iñondiko indarrez putz-dagi, putz eta putz; ugin eskergak yagiten dira ta zu zaroazan ontzia or darabile euren yostallu, bein gora-goraka, bein ondamendiak iruntsi-aginik; ontziaren abe ta lokarriak kirrisk-karrask egiten dabe, axeak txistu zolia, ta zu zeu or zagoz estu ta larri, buruko uleak zutunik eta buru-narruko euren sustarretatik urteteko aleginetan bai'lebiltz. Ezin bestean ikaraturik zagoz.

          Onantxe erabiliko zau Shakespeare'k: bein poz-eztitan, bein ikaraturik. Shakespeare'k ondo be ondo dazauz giza-biotzeko okoluak eta igikuneak. Orretan berau mutila yatzu. Gauza ederrik aurkituko dozu ta bein irakurten asiezkero nekez geldituko zara azkeneraño eldu-arte.

          Guztitariko nortasunak idoroko dozuz antzerki onetan: bioz-gogortasun eta gaiztakeririk sakonena, lupukeriaz bat eginik, Macbeth eta onen andereagan; gizaki-eredu oso ta ezin beteagoa, Macduff'egan; giza-gurena, Bankuo'gan; «Auxe egin bear neunke, baña ez naz azartzen» esan eta egin daroenetarikorik gura izanezkero, or dozu Macbeth'eneko osagillea.

          Darabildan euzkereari buruz ez dot uste gatxa darabildala esango daustazunik. Itz barri gitxi-gitxi sartu dot nire lantxo onetan; zar eta ez-ezagunik ez asko. Orregaitik, lan au oztopo barik eta beingoan irakurri al izango dozula nik uste. Geyen baten, iñoren arloko oldozpenak gure euzkera-solora dakaguzanean itz-yokoa izaten da iñondiko bizkarrekoak artu bear izaten dauzana, ta itz-yoskerea izan be egin-eginean edozein izkuntzaren azur-mami ta gogoa.

          Onetan itzarrik ibili naz, itzarrik eta astiro, gure euzkereari minik ez emoteko.

          Lan onetako notin-izenik geienak euren idazkera yatorrean itxi dodaz, geienak abizenak dira izan be-ta. Sarritan erabili-bearreko toki-izenak bai bigundu dodaz, euzko-agoari gogor eta latzegi egin ez dakiozantzat, esaterako, Ingelanda ta Eskolanda. Shakespeare'n lan au euzkerara aldatzeko aurrean izan dodan idazti bakarra «The Complete Works of/ William/ Shakespeare/ Containing the Plays and Poems/ with special Introductory matter/ Index of Characters & Glossary of/ unfamiliar terms/ London & Glasgow/ Collins Dear-Type Press» izan da. Au ez beste irarpenik, ez beste izkuntzetara aldatukorik ez dot izan begien aurrean. Eta izan be, nire asmoa euzkeldunei irakurgai on-atsegina emotea bakarrik izan da. Bein-beinean Shakespeare urlia lekutan onan ala alan irakurri bear dala diñoenak nai esan leikienak gitxi ardura daustie. Aurrean izan dodan idaztiari zeatzik asko lotu dautsat nire burua, ez baña oso-osoan; iñoz lokarriak ausita, garagarrak irabazten be ekin dautsat, esaterako, txakurrak edo zakurrak aitatuten dauzan tokian, arenak-barik beste txakur batzuk aitatu dodaz. Beste toki baten barrua garbitzeko bedar edo landara batzuk aitatuten dauz eta euren artean gazteleraz «ruibarbo» deritxoena. Landara au ezautu ba-dazaut, Ingelanda'ko mayetan sarritan azken-gozagarritzat agertzen dalako ta ango baratzetan be gura dauenak ikusi leikealako. Barazki mingotz-mingotza yatzu, baña euskeldunen artean (erri zeari buruz daragoyot) ezaguna danik ez dot uste, ezta euzkeraz izenik daukanik be. Au dala-ta, Shakespeare'k landara orrizabal kirten-gorri au barru-garbitzalletzat dakarrenezkero, bere ordez nik «usturi» euzkel-itza yarri dot, «Usturiek barrue garbituteko ei dire onak» nire ama zanak bein niri esanari deutsodala. Nik beste orren ordez sartu dodan itz au be euzkeldun guztientzako ez da izango ezaguna, askok «usturi» ordez «miura» esan daroe-ta. Oñati'n beste izen bat darabile, baña orain ezin gogoratu dot. Usturi edo miura dalako landara orlegi-orlegi, ale-biribil-zuria iñoren lepotik, ots, beste zugatzen ganean bizi dana da ta Gabonetan eta ezteguetan Ingelandarrak au ta gorosti-abarrak eurrez erabilten dabez euren etxeetan edergarritzat.

          Shakespeare sakona ta noizik-bein yolastaria yatzu-ta, orrexegaitik, ulerkatxa be bai. Lan onetan aurkitu izan dodan txatalik ulerkatxena auxe dozu: «If thou couldst, doctor, cast the water of my land, find her desease, and purge it to a sound & pristine health...». Nik txatal ori zelan euzkeraratu dodan or ikusi daikezu, baña ez nago bape arro ta ase-beterik. Zer ete darabil or gure Shakespeare'k? Egia esan, itzok Macbeth'enak dira ta gizon gorrotagarri au une orretan estu ta larri aurkitu da, bateri au, besteari ori esaten.

          Lan au Bizkai'ko euzkeraz doa, nik ondoen ezagun dodana Bizkai'koa da-ta. Batasunera yo-bearrean gara ta orretarako aleginak txalogarri dira, baña bitartean eutsi daiogun euzkereari bizi dan tokian. Bizkai'ko euzkeldunei be ez dautsegue itxi bear euzkel-irakurgai-gosez ilten.

          Lantxo au egin, orain urte bi diriala egin neban, baña orraztu ta garbian yarri, oraintxe, «gripe» dalako gatxak emoneko ikastola-oporralditxoan. «Gripe» ari eskerrak datortzu, irakurle, lantxo au.

 

 

© Bedita Larrakoetxea

 

 

Macbeth, William Shakespeare
Agertuko diran lagunak / I. ekitaldia / II. ekitaldia / III. ekitaldia / IV. ekitaldia / V. ekitaldia
Sarrerea / Itz gitxi ezagun batzuk

 

 

"Shakespeare euskaraz" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus