Macbeth, William Shakespeare

 

I. ekitaldia

 

 

I. AGERLEKU

 

Toki zabala. Odeya ta yusturiak dira. Iru Sorgin datoz aurrera.

 

I SORGIÑA: Noz egingo irurok orrengo batzarra odeitan, yusturitan, naiz euritan?

II SORGIÑA: Burrukea amaitu daitenean, gudaketea galdu ta irabazi daitenean.

III SORGIÑA: Aori eguzkia sar-aurretik izango da.

I SORGIÑA: Non egingo?

II SORGIÑA: Iñarradian.

III SORGIÑA: An Macbeth'ekin batzeko.

I SORGIÑA: Ba-noa, Katu.

IRURAK: Kunkuna deyez dago: bertatik.

                    Ederra itxusi da ta itxusia eder;

                    Egaka laño ta aide zikin-artetik.

 

(Sorgiñak yoanak dira).

 

 

 

 

II. AGERLEKU

 

Forres-aldeko zelaya. Gudarako otsa barruan. Duncan Errege, Malcolm, Donalbain eta Lennox datoz aurrera euren otseñakaz eia odola darion gudaria aurkitzen dabe.

 

DUNCAN: Nor ete da gizon odoldu ori? Orrexek emon leiskiguz barriak; orren ganorea bera dago esaten berorrek eralgi leiskiguzala matxinadako barririk barrienak.

MALCOLM: Ori sarkentoa yatzu; egin-eginean be, gudari sendo ta bulartsuari dagokion lez, zintzo yokatu eban orrek bein ni menpean ez yausteko. Gora adiskide kementsu! Esan Erregeri matxinadeaz dakikana; ik andik alde egikeran zelan gelditu zan.

GUDARIA: Ez-bayan gelditu zan; euren antzea alperrik dala, ugerlari nekatu bik alkarreri eldu-ta alkar itoten daben antzera. Yayotzatik iñondiko lera ta giriña makurrez yosia ta matxin zale izateko yayoa dan Macdonwald orrek eguzki-sarkaldeko izaroetatik izkillu arin eta aztundun gudari-taldeak ekarri dauz. Aduak berak be, orren matxinada denganiñoari txera ona eginda, orren emagaldua bai'litzan erakusten dau bere burua. Baña dana da makalegi; eta izan be, «kementsu» izen-goitia ondo irabazita daukon Macbeth adoretsuak, zer yazokoaren bildurge, bere kemenaren esaneko-antzo odol-lurruna erion ezpateari eraginda, yopuaren aurrez-aurre yarri-arte zirti-zarta urratu eban bidea; eta ez eutson eskurik estutu, ez-ta agurrik egin be, burutik matralla-azurretaraño azkatu ta aren burua arresien ganean eskegiarteño.

DUNCAN: Nire lengusuaren adoratsua! gizonaren zintzoa

GUDARIA: Eguzkiak bere bidea ebaten dauen alderdi beretik ekaitz ontzi-ondatzallea eta ostots ikaragarriak sortzen dirian legetxe, era berean urten dira kezka larriak poza ta nasai-aldia emoteko zala zirudian iturri aretatik. Ara, Eskolanda'ko Errege, ara: Zuzentzeak, izkilluz, arei izkillu arindun yauzkariei igesi eragin-ordukoxe, Noruai'ko yaunak, ekiña gure aldera itzulirik ikusita, izkillu dizdiratsu ta giza-talde berriakin burruka barriari ekin eutson.

DUNCAN: Eta au ikusiki, gure gudalburu Macbeth eta Bankuo ez ete zirian kikildu?

GUDARIA: Bai; artatxoriak arranoak edo-ta erbiak leoya kikildu daroan legetxe, areik be arerioari zartadatan len lango bi emoten eutsoezan. Nik ezin esan areik, ala euren buruak zauri lurruntsuetan ikuzteko asmoa, ala bein Golgota'n yazoa barriztutekoa eukien. Baña yoan doakit burua; nire zauriok laguntza-eske dodaz.

DUNCAN: Ire itzak ire agoan eder dozak, ire zauriak ire soñean legetxe; bitzuoi darie zintzotasun-sundea. Oa, eroan egik osalariekana.

 

(Gudariak alde dagi, lagunduta).

 

          Nor dator emen?

MALCOLM: Ross'ko Thane zintzoa.

LENNOX: Zelango artegatasuna darion begietatik Olango begiak barri bakanak dakazanak ekarri bear leukezala dirudi.

 

(Ross aurrera dator).

 

ROSS: Yaungoikoak yagongo al zau, Errege.

DUNCAN: Nondik etorria augu, thane zintzo?

ROSS: Fife'tik, Errege goragarri; Noruai'ko ikurriñak aidean arro zabaldu ta euren axeak gureak otzituten dauzan lekutik. Noruai'ko erregeak berak gudal-talde itzalakin, Cawdor'ko Thane saltzalle-zintzotasunik arean-bakoak lagunduta, burruka azalari ekin eutson, arik eta Belona'ren [1] ezkongai arek, yantzi zulagatxez yantzita, areri bularra emon izkillu bardiñiez: mokoa matxinzalearen mokoari, besoa besoari, ta, olan, besteak eurrez erabillen adoreari eutsin; eta, amaitzeko, gurendea gure aldera itzuli zan.

DUNCAN: Zorionaren andia!

ROSS: Eta orain Sueno, Noruai'ko erregeak, itunbena gura dauela, guk, ostera, bere gizonak eortziteko baimenik be ez geuntsala emon gura izan Kolunba Deunaren izaroan gure erriarentzako amar milla dolar sakeletik atera-arte.

DUNCAN: Cawdor'ko Thane denganiño orrek eztausku egundo geyago ziririk sartuko. Oa, yo adarra, arek bertatik il bear dauela yakin eragik eta Macbeth'eri aren izenagaz dei-egiok.

ROSS: Ori neure kontura.

DUNCAN: Arek galdua Macbeth zintzoak irabazi dau. (Alde dagie).

 

 

 

III. AGERLEKU

 

Iñarradia. Ostotsak dira. Iru sorgiñak datoz aurrera.

 

I SORGIÑA: Non izan az, aizta?

II SORGIÑA: Txarria ilten.

III SORGIÑA: Aizta, i non?

I SORGIÑA: Itxas-gizon baten emazteak gaztañak eukazan altzoan, eta yan ta yan eragoyon: «Ekazan» diñotsat nik, eta emakume alperrontzi epertoak deadar: «Alde, sorgin orrek». Aren semea «Tiger» ontziaren yabe da ta Alepo'ra yoana, baña, baea ontzitzat artuta, buztanbako arratoya legetxe, ara yoan ta yoan ta yoan egingo naz.

II SORGIÑA: Axe bat emongo dausnat.

I SORGIÑA: Biotz onekoa az.

III SORGIÑA: Nik beste bat emongo dausnat.

I SORGIÑA: Neronek daukadaz besteak, eta putz-eta-putz kayak eurak be aurrean eroaten dabez, itxas-mapatik ondo ezagun dabezan baztar guztiak. Arako gizon a bedar igarra baño be igarrago egingo dot; ontziko bere txabolatxoaren ganean loa ezta kokatuko ez gabaz ez egunez; beragana iñor eltzea galazota dauen gizona legetxe biziko da; zazpi gau gogaikarri bederatzi bidar bederatzitan makaldu, argaldu ta iristu egingo da; aren ontzia gal-eziña izanarren ekaitzen yostallu izango da. Begira zer dodan.

II SORGIÑA: Erakutsi egidan, erakutsi egidan.

I SORGIÑA: Pilotaren atz orkoroa yaukanat emen, etxerantza etorrela ontzia urperatuko itxas-pilotarena.

 

(Barruan tuntuna.)

 

I SORGIÑA: Tuntuna! Tuntuna! Macbeth dator.

IRURAK: Aizta sorgiñak, eskuak alkarreri emonda, legor da itxasoko bidariak, onantxe yoaten dira batetik bestera, batetik bestera. Iru bidar irera, ta iru bidar nirera ta beste iru bidar bederatzi osotuteko. Ixil! Zoragarria amaitu da.

 

(Macbeth eta Bankuo datoz aurrera)

 

MACBETH: Onelako egun itxusi ta ederrik ez dot egundo ezagutu.

BANKUO: Zenbat bide dago Forres'era? Zertzuk dira orrako orreik, orren zimelok eta ganorabako yantzi orreikaz, mundutarrak ezpaitirudie ta a ta guzti be emen baitagoz? Biziak ete zarie, ala ez ete zarie gizonek itaunik egitekorik? Ulertzen nozuenarena egiten dozue, batera bakotxak bere atz tximurtsu narru utsezkoa ezpanetara eroanda. Zuok emekumek izan bear zendukie izan, ori siñistea zuon bizarrak galazoko ez ba'leustie.

MACBETH: Itz-egin, al ba'dozue: zer zarie?

I SORGIÑA: Gora, Macbeth! Gora i, Glamis'ko thane ori!

II SORGIÑA: Gora Macbeth! Goa i, Cawdor'ko thane ori!

III SORGIÑA: Gora Macbeth! oraindik aitziña errege izango azan ori!

BANKUO: Yaun yator, zer dala-ta ikaratzen zara? Eta zegaitik zara bildur belarrien gozagarri diran gauzak entzunda? Egia-arren, irudi utsa zarie, ala izan zarie azalez iragarten dozuena? Nire lagun yatorrari oingoxe emayagazko txerea egin dautsatzue, ta orrez ganera, gerorako thanearena ta erregetza-itxaropena aurreztik iragarri dauskuzue eta au guzti onegaz sortuta gelditu dala dirudi. Niri ez dauskuzue ezertxo be esaten. Etorkizun-aziaren mamia ikusteko almenik ba'dozue izan, eta zein azi aziko dan eta zein ez, esan al ba'dozue, niri be itz-egin, ni ezpainago ez zuon emayen eske ez zuon gorrotoaren bildurrez.

I SORGIÑA: Gora!

II SORGIÑA: Gora!

I SORGIÑA: Gora!

III SORGIÑA: Macbeth baño txikiago ta andiago.

I SORGIÑA: Ez ori aña zoriontsu, orraitiño askozaz zoriontsuago.

I SORGIÑA: Ik semeak izango dozak errege, eu izan ezarren. Ori dala-ta, gora Macbeth eta Bankuo!

I SORGIÑA: Bankuo ta Macbeth, gora!

MACBETH: Geldi or, gauzak erdizka esaten dozuezanok, esan niri geyago; Sinel'en eriotzea dala-ta ba-dakit Glamis'ko Thane nazana, baña zelan Cawdor'koa? Cawdor'ko Thanea bizirik da ta zaldun aberatsa da. Ni errege izango nazana siñistea gatxa da, Cawdor izango nazana legetxe. Esan, nondik dozue barri bakan ori? Edo zegaitik gelditu eragin dauskuzue axe-boladak yoten daben iñarradi onetan etorkizun diran gauzez beteriko agurrakaz? Esan, neuk agintzen dautzuet.

 

(Sorgiñik ezta agiri).

 

BANKUO: Lurrak anpuluak dauz, urak izaten dauzan legetxe, eta orreik orretarikoxeak yatzuz. Nora ondatu ete dira?

MACBETH: Axetara, eta soñezko zirudiana urtu egin da, arnasea aidean legetxe. Gelditu aiba'lira!

BANKUO: Baña izan ete da emen, gero, guk orain eurei buruz itz-egiten dogun lako izakirik? Ala, buruko argitasuna kentzen dauen sustar edentsuren bat yan ete dogu?

MACBETH: Zure semeak errege izango dira.

BANKUO: Zu errege izango zara.

MACBETH: Eta Cawdor'ko Thane be bai; ez ete dau onan esan?

BANKUO: Itzez itz.

 

(Ross eta Angus datoz aurrera)

 

ROSS: Macbeth, Erregek pozik be pozik artu dauz zure gurendea-buruzko barriak, eta matxinen menderatzetik zuri etorri lekikezun etorkizuna igarriz, bere kezka ta goralbenak or dabiltz ebatzi-eziñik zelakoa izan leitekean zurea eta zelakoa berea; au alde batera, ta egun berean yazoriko enparaua begiraturik, arek zu Noruai'tarren lerrokada sendoetan aurkitzen zau, zuk arei egiñaren bildurge: eriotz-irudi bakanak. Txingorra baxen sarri erdu da bidaria bidarienagaz, eta bai batek eta bai bestek zuk errege-erriaren alde egiñiko oldargune andiaren gorapenak ekarrezan eta Erregeren aurrean eralgiten ebezan.

ANGUS: Gu gure ugazaba Erregeren aldetik zuri eskarrak emoteko bidaliak gara; zuri bere aurrera dei-egiteko bakarrik, ez zuri ordaintzeko.

ROSS: Eta gorapen andiaren baitzat zuri bere aldetik Cawdor'ko Thane izenez deitzeko agindu eustan. Izendatze barri au dala-ta, gora, thane goragarri ori! zeurea da-ta.

BANKUO: Zer? Txerrena be egi-esaka ete datorku?

MACBETH: Cawdor'ko thanea oraindik bizirik da. Zer dala-ta yantzi gura nozue iñoren yantziz.

ANGUS: Thane zana bizi da bizi, baña epai larripean daroa galtrea irabazita daukan bizitzea. Nik neuk ez dakit Noruai'koakin itundu zanentz, ezkutuko laguntza ta irabaziaz matxiñakin batera lerrotu zan, ala bitzuokaitik erri au ondatzeko alegindu zan, baña autortu ta erakutsiko salkeririk baltzenak itzuli dabe.

MACBETH: Glamis eta Cawdor'ko thane, andiena gero (berekautan). Eskerrak zuon nekeakaitik. Ez ete dozu zure semeak errege izateko itxaropenik, niri Cawdor'ko thanetzea emonak gitxiagorik ez eutzuen agindu-ta?

BANKUO: Areik esana aintzakotzat artuezkero, oraindik burestunagaz be argitu zendikez, Cawdor'ko thanetzeaz ganera. Baña gauza bakana yatzu auxe, ta sarritan gu geure okerrerako bidean yarteko, ilunbearen bitartekoak egiak esaten dauskuez; uskeriekaz irabazten gabez ondorengo larrietan uts-emoteko. Lengusuok, itz bat, arren.

MACBETH: Egi bi dira esanak, erregetzarako itxaropen-sendagarritzat (berekautan)
— Eskerrik asko, yaunak—. Goitiko dei au ezin daiteke txarra; ezin daiteke ona be. Txarra ba'da, zegatik emon daust ondo yazoaren baya, egitik asita? Cawdor' ko thane naz. Ona ba'da izan, zegaitik amore-egiten dautsat bere irudi ikaragarri utsak buruko uleak zutundu ta, izateaz bestera, nire biotz bareari sayetsak yo-azoten dautsazan ziltzari? Oraingo bildurrok dodazan irudipen ikaragarriak baño txikiagoak dira. Nire oldozpenak bein-beñean burutapen utsa baño ez dau il-eragitea ta, orraitiño, peko utsak egin-bearra itoteraño aztintzen dau ni gizon onen izate bakarra; eta ez da ezer, ezer-eza baño (berekautan).

BANKUO: Begira, zelan dagon gure laguna liluratuta.

MACBETH: (Berekautan). Errege berezkoak egin ba'nagi, berezkoak ezarri dagisket buruan burestuna, nik neuk zirkiñik egiteke.

BANKUO: Omen barriak etorri yakoz ganera: guk yazten doguzan iñoren yantzien antzera ez yakoz eraasten soñeri erabillien erabilliz ezik.

MACBETH: (Berekautan). Datorrena datorrela, aldiak eta orduak egunik latzena zear be aurrera egiten dabe.

BANKUO: Macbeth yauna, zure aginduaren begira gagoz.

MACBETH: Indazue zuon laguntzea: nire buru motela aztutako gauzetan ebillen. Yaun maiteok, zuon nekeak nik egunoro irakurteko bira eragiten dautsadan orrian dagoz yarrita. Goazan Erregegana. Ausnartu yazo dana, eta anartean orretaz sakon oldoztuta, gure biotzetako kezkak eragozpenbarik eta astitsuago eralgi dayoguzan alkarreri.

BANKUO: Bai eta ondo pozik alan be.

MACBETH: Ordurarte, asko da. Goazan, adiskideak.

 

(Alde dagie)

 

 

 

IV. AGERLEKU

 

Forres. Errege-yauregiko gela bat. Ereslariak yoten. Duncan, Malcolm, Donalbain, Lennox eta otseña datoz aurrera.

 

DUNCAN: Cawdor il-eragin ete dabe? Orretarako yoanak ez ete dira etorri oraindik?

MALCOLM: Errege yaun, oraindik ez dira etorri, baña a ilten ikusiko bategaz itz-egiña nozu; orrek esan daustanez arek argi ta garbi autortu ebazan bere salkeriak; zu nagusi orren parkamena eskatu ei eban, damu itzala iragarri; bere bizian egiñiko gauzarik onena bizia iztea izan ei zan; eriotz-aldean iragarri eban nor zan: uskeri utsa bailitzan, ortik zear yaurtin eban berak eban ondasunik yoriena.

DUNCAN: Gizonaren gogoa zelakoa dan arpegitik igarteko biderik ez dago. Nik gizon aregan uste osoa neban.

 

Macbeth, Bankuo, Ross eta Angus datoz aurrera.

 

          Lengusu oso gorasarregarri ori! Eskar txarrezko nire obena urrin-oraintxe aztuna yatan; niri aurreak artuta i urrin be urrin eldu az-ta, sariaren egorik bizkorrena be geldo utsa dok i ora tzeko. Gitxiago irabazi al endun! nire eskarrak eta ordaña ire irabazien aldean andi agertzeko! Auxe bakarrik yoat esateko nik ordaindu-ala ta geyago baño geyago dala zor yakana.

MACBETH: Zor dautzudazan menpekotasun eta zintzotasuna eurak dira euren ordain nik eurak betetzean. Zure garaitasunarena gure egin-bearrak artzea da, ta zure errege-aulki ta erriarentzako gure egin-bearrak seme ta otsein dira; eta seme-otseñok, ezer onik egiten dabenean, egin-bearrekoa ez besterik ez dabe egiten zure maitasuna ta txera onaren begira.

DUNCAN: Ondo etorria ona; oraintxe asi nok ni ilurrean sartzen eta alegiñak-alegin egingo yoadaz i landara oso betea azteko. Bankuo zindo, ik ez dok irabazi gitxiago, ta olan dala autortu bear yoagu-ta, itxi egistak i biribildu ta ni biotzean sartzen.

BANKUO: Or azi ba'nadi, uztea zeurea da.

DUNCAN: Nire poz ugariak euren betetasunean aldakorrak dira-ta, euren buruak oñaze-tantakadetan ostondu-gurarik dabiltz. Seme, senide, thane ta nigandik urren zagozenok yakin nire erria Malcolm nire semerik zarrenaren ardurapean yarri gura dodala, ta seme orreri aurrerantzean Cumberland'eko Erregegai eretxiko dautsagu, baña omena berak bakarrik ez dau eroan bear; ez orixe, irabazi dagiezan guztiai be andiki-agiriak, izarrak legetxe, diz-diz egingo dautse... Emendik Inverness'era, eta geitu zuekanako nire zorra.

MACBETH: Zugaitik egiten ez dana nekea da; nerau izango naz mezudun (iragartzalle) eta zuri aurreratzeaz nire emaztearen belarriak poztuko dodaz; au dala-ta apal-apalik agur.

DUNCAN: Cawdor goragarri!

MACBETH: (Berekautan). Cumberland'eko Erregegai! Ori oztopoa da, ta oztopo orretan edo yauzi egin bear naz, edo bere ganetik yauzi egin, nire bide-bidean dago-ta. Izarrak, itzali zuon argiak! Ez begiz argik ikusi nire asmo baltz-bildurgarriak. Begiak kiñu dagio eskuari! Orraitiño bedi begia ikusten bildur dana, bein egindakoan ikusi dagian.

 

(Alde dagi)

 

DUNCAN: Egia, Bankuo goragarri, a gizona kementsu-kementsua da, ta arentzako gorapenak nire yanari dira. Ori niretzako oturuntzea da. Goazan bere yarrai, gure aurretik yoatean aren ardurea guri txerea egiteko yoan da-ta. Bardinbako senide dok a.

 

(Ereslariak yoten. Alde-dagio)

 

 

 

V. AGERLEKU

 

Macbeth'en yauregiko gela bat. Macbeth Anderea dator aurrera idazki-irakurten.

 

MACBETH ANDEREA: «Gurenda-egunean urten yatazan bidera, ta biderik onenetik yakin dot areik ilkorrena baño yakituri andiagoa dabela. Itaun geyago egiteko erreten nengoalarik, areik aidetu, aidetan ezereztu egin zirian. Yazoaz arritu ta liluraturik nengoala Erregeren mezudunak eldu yatazan eta orok Cawdor'ko Thane izenagaz gora-aipatuten ninduen; izen ori lenagotik emon eustien arako sorgin aiztak, eta gerorako agur au: Gora, errege izateko ori! Au iri nire anditasun-kide maite-maite orreri iragartea on dala uste izan yonat, iri agindutako anditasunaren barririk ezagaitik pozaren egin-bearrak baztartu ez daginazan. Biotzean sakon yarri ori ta agur.»

          Glamis az i ta bai Cawdor be, eta agindu yakana izango az, baña ire izakerearen bildur nok; biderik laburrena artzeko gizon zintzoaren esne geyegi yok orrek; ik andi izatea gura enduke gura, andikeria be ba-dok ik izan, baña bide gaiztorik artzeke. Ik ire gurari bizia onez iritxi gura enduke; ez enduke gura txakurkeririk, baña a ta guzti be makurkeriz irabazi gura enduke ik, Glamis andi, deadar onek diñona egin bear enduke: «Onan egin bear dok, lortu gura ba'dok, egiten bildur azana ez egin izana gura dok an baño beñego.» Ator ona arin, ire belarrietara nire adorea eralgi dagidan eta txibita-otsean nire miñaren adorez uxatu dagidan in urrezko zer borobilerako bidea eragozten dauskan oro, dirudienez, alan-bearrak eta beste mundukoen laguntasunak zer borobil ori ire bururatu yoek-eta.

 

(Otseña dator aurrera)

 

          Ze barri yoagu?

OTSEÑA: Errege dator ona arratseon.

MACBETH ANDEREA: Zoratu egin yak iri olakorik esateko. Ez dok ire ugazaba berarekin? Eta ori egia ba'litzok, arek mezua bidali izango yeustan, gertakuntzak egiteko.

OTSEÑA: Bekizu atsegin eta egia da; gure thanea bidean da; neure lagun bat etorren bera baxen arin, bai, ta arnas-estuaren arnas-estuz ito-bearrean, ozta-ozta eukan arnasarik asko niri mezu au emoteko.

MACBETH ANDEREA: Lagun akio, barri andiak yakazak-eta.

 

(Otseñak alde-dagi)

 

          Nire torreko arresi-barrura Duncan'en sarrerea garrankadaka iragarten dauen belea bera be latza. Zariena zariela, erdu ona ilkorren oldozpenen yaube zarien beste mundukook, ementxe ta oraintxe ken egistazue emetasuna ta buruko ertzetik beatzetararño bete nagizue biotz-gogortasunik itzalenez! Loditu nire odola, itxi damurako ate ta bideak, nire asmo dongeari izatearen berezko erruki-izpirik urreratu ez dakion eta asmoa egiñenetara eltzeke gelditu ez daiten! Erdu nire emakume-biotzera, emendik esnea kendu ta esne-ordez beaztuna sartzeko; erdu zuok gizeraile-lagunok, zuon izate ikus-eziñakaz edonon eurenezko okerretan laguntzale zarienok! Erdu, gau itsu, eta gaiztokiko kerik baltzenezko yantzia yantzi egik, nire aizto zorrotzak berak egiñiko zauria ikusi ez dagikan, eta zeruak, ilunbezko estalkia-zear kirika eginda, «Geldi! geldi!» deadar ez dagientzat.

 

(Macbeth dator aurrera.)

 

          Glamis andi! Cawdor goragarri! Orreik baño andiago, arako «Oraindik aitziña errege izango az» a gaitik! Ire idazkiak oraingo aldi ez-yakiña baño arago eroan nayok eta etorkizuna ointxe argi yakusat.

MACBETH: Nire maiterik maiteena, Duncan ona yatorkun arrats onetan.

MACBETH ANDEREA: Eta noz yoateko emendik?

MACBETH: Biar, bere asmoa danez.

MACBETH ANDEREA: Bost! Egundo ez dau ikusiko eguzkiak «biar» ori! Zure arpegia, ene thane, or gizonak gauza bakanak irakurri leikiezan liburua yatzu: aldiko atzipetu, aldiko barrukoa erakutsi; txera argia egin zure begi, esku ta miñez lora errugearen antza azalean, baña suge zitala barruan. Datorrenari arrera ona egin bear yako, ta zuk arrats onetako egikizun nagusia nire ardurapean itxi. Egikizun orrek datozan arrats eta egunetarako nagusitasuna ta yabetasuna geuri bakarrik emongo dauskuz.

MACBETH: Orretaz geroago ta luzaroago itz dagikegu.

MACBETH ANDEREA: Ik arpegia argi erabili. On-egitean aldaka dabilen arpegiak beti bildurra iragarten yok. Gañetiko oro itxi nire kontura.

 

(Alde dagie.)

 

 

 

VI. AGERLEKU

 

Lengoxea. Gaztelu-arreea. Zaamiolak yoten. Macbeth'en otseñak begira. Duncan, Malcolm, Donalbain, Bankuo, Lennox, Macduff, Ross, Angus eta begiralariak datoz aurrera.

 

DUNCAN: Gaztelu au toki zoragarrian dago. Gure sentzunetara firi-firi ta gozo datorren aideak berak be ez dau bera goratzeko iñoren bearrik.

BANKUO: Toki oneri zerutiko arnasa gozo-usaña dariola erakusten dau elexa-zale ta uda-igarle dan elayak be, bere etzaleku maitetzat gaztelu au artu dau-ta. Txari onek ez dau artu bere abi ta ume-seaskatzat ez abe urtenik, orma-baldarik, ez orma-euskarririk, abia dingilizka yarri baño, eta txoriak umeak ezi ta yokerarik geyen daben tokiko aidea leuna dana ikusita daukat.

 

(Macbeth Anderea dator aurrera)

 

DUNCAN: Aor, aor, gure ostatari adeigarria! Gure yarrai dabilen maitasuna iñoiz gure kezka-bide izaten da, baña a ta guzti be maitasunari dagokiozan eskerrak egiten dautsaguz, eta nik onegaz emoten dautzudan ikaskizuna auxe dozu: guk zure nekeai amore-egitea ta zuk zure kezkakaitik guri eskerrak egitea eskatuko dautsazula Yainkoari.

MACBETH ANDEREA: Zuk gure etxe oneri egiñiko omen andi ta yorien aldean gure otsein-agiriak txiro ta bakar litzatekez, zeatz, birritan eta beste ainbestetan egiñak ba'lira be. Bai aspaldi, bai ointsu-ointsu emon dauskuzuzan andizuren-mordoagaitik zuri zorrean gelditzen gara.

DUNCAN: Non dogu Cawdor'ko Thanea? Orpoz-orpo yarraitu dautsagu ta berari txerea egiteko asmoa izan dogu, baña a zaldiz ibilten ona yatzu; eta aren maitasun andi ta aztala baxen biziak gu baño lenago ekarri dau berera. Ostatari eder eta zintzo, zure ostatuko gara arrats onetan.

MACBETH ANDEREA: Guk, zure otseñok, gurea, geure buruok eta geure dan oro piloan dogu zure nagusitasunak noz-gura arakatu ta aztertzeko; eta guzti ori emonda be zeurea zeuri atzera emon ez besterik ez dogu egiten.

DUNCAN: Ekazu esku ori; nire ostatariagana eroan nagizu; a guk asko maite dogu ta arentzako gure emaitz-iturria oraindik ez da agortu. Zure baimenaz, ostatari-andera.

 

(Alde dagie)

 

 

 

VII. AGERLEKU

 

Gazteluho atari bat. Zaamiolak yoten eta zuziak. Aurrera datoz: Mai-begiralaria ta otsein batzuk, yaki-ontzi ta gañetiko mai-gauzakaz, eta arat-onat dabiltz. Gero Macbeth dator.

 

MACBETH: Egitekoa egingo danean egingo dala, arin egitea litzateke on. Errege ilteaz oztopoak baztartu ta nire elburua lortu al ba'nengi ta zartada au emengo danaren asiera ta danaren azken izan, baña emen, ementxe, ta oraintxe gero?, orrezkero yauzkada batez geroko bizitzan gengokez. Baña onetariko egipenak emen berton be izaten dabe euren zigorra: odolixur-bideak irakasten doguz eta irakaspenok irakaslearen burugañera etorten dira izurri-antzo. Guk edendu dogun ontziko edar'a bera zuzentza esku-bardiñak geure ezpanetara ezarri daroa. Erregea bitariko entziña (konpiantzeak) daukie emen gurean; bata ni aren senide ta menpeko izatetik datorko, ta zer biok bata baño bestea sendoagoak dira nik asmotan dodanik ez egiteko; bestea, ni ostatari nayako, ta ori nayakonezkero, a ilten datorrenari nik ateak itxi bear neuskioz, ez neronek aiztoa ebali. Gañera, Duncan au ain biotz oneko, ain bere egikizun-betetzaile da. Au dala-ta onen egintza onak bere eriotzearen aurka, aingeruen antzo, adar-ots itzalez deadar egingo dabe. Eta errukiak, ume yayoparriaren antzera, axebolada-egoetan yarrita, edo-ta zeruko kerubien eta aideko zaldi ikus-eziñen gañean, egipen ikaragarri au edozeñen begi-aurre-aurrera egotziko leukie ta negar-malkoak axea bera be ito. Nire asmo-zaldiari sayetsetan kiñetuteko aztalik ez dot, gañera yauzi egiteko irritsa baño, ta irrits au, zaldibizkarraz arago yauzi eginda, iñoren gañera yauztekoa da.

 

Macbeth Anderea dator aurrera

 

          Zek zakarz ona? Ze barri dogu?

MACBETH ANDEREA: Aparia amaitu-agiñik dago: zer dalata alde egin dok yatokitik?

MACBETH: Nire eske egon don ala?

MACBETH ANDEREA: Ez dakik egon dana ala?

MACBETH: Zeregin onetan ez gayonazan aurrerago arek oraintsu omen andiak ezarri daustaz, eta guztitariko lagunabar-artean izen eta entzuterik onenak dodaz eta izen eta entzute ezin-obeok oraintxe egin bear leukie dizdiz, ez orren arin baztartu.

MACBETH ANDEREA: Mozkortuta ete yegoan ik eder eretxiko itxaropena? Arrezkero lo egon ete dok? Eta orain itzarri ete dok len berekitetik egiña orain zurbil eta ikaraz begiratzeko? Oraindik aitziña ire maitasuna be orrelakotzat etsiko yoat. Gurariz azana bera egitez eta kemenez izateko bildur ete az? Bizitzedergarritzat dokana gura ete enduke lortu ta gero doilorrarena egin, beñolako katuari yazo yakoan legetxe, «gura neunke» ri «ez naz azartzen» erantzunda?

MACBETH: Ixilik, arren. Gizoni dagokionik egin-eziñik ez yonat. Ez yagon ni baño adoretsuagorik.

MACBETH ANDEREA: Ze piztik alde eragin daua, beraz, asmo aretatik? Egiteko gertu engoanean, orduan, orduan intzan i gizon, eta orain orduan baño be gertuago ba'engo, gizonago be ba-intzake. Orduan ez yegoazan ire alde ez aldia, ez eta tokia, eta orraitiño biak ire alde yarteko gertu intzan; orain biak dozak ire alde eta eu ez ago euren alde. Ugatza emona nok eta ba-yakiat señari ugatza emotea zein gauza samurra dan eta a ta guzti be, ik egipen au egiteko egin izan dokan lez nik zin-egin izan ba'nayoan egin, arpegira irribarre gozoa egiten yeustan señari kenduko nayeutsan aginbako oyetatik titi-burua ta zartadaz garaunak aterako nayeutsazan.

MACBETH: Eta porrot-egingo ba'gendu?

MACBETH ANDEREA: Ze porrot eta porrot-bako! Lotu ire adorea aizto-mokoa sartzen dan tokiari ta ez yoagu porrotik egingo. Duncan loak artu dagianean —eta gaurko bidaldi neketsuak laster lo-arazoko yautsok— aren gelazain biak ardo ta txitxipanaz mozkor-mozkor egingo yoadaz, eta buruaren atezaña dan oroimena deuseztuta geldituko yakiek, adimena, barriz, irasita; Areik txarri-lotan eta euren izateak, ardan-zopatuta, il-antzo datzaen artean, zer ez egin guk biok zaintzale-bako Duncan-eri? Zer egin ez gure egintza itzelaren errua ezarriko dautsegun aren gela-zain edabez zaragituai?

MACBETH: Mutil utsak sein-egin; ire izakera bildurgea ar utsen ama izan bear litzateken. Baña orreik loti biok odol-orbanez loitu ta euren sastagaiz Errege il-eraginezkero, lagunabarrak siñistuko ete yonai orreik izan diriala ta ez geu Errege il-eragin dabenak?

MACBETH ANDEREA: Nok siñetsiko besterik guk aren eriotzeagaitik egin doguzan gedar eta naibage-erakusketak dirala-ta?

MACBETH: Ebatzita ta gertu nayagon eta gorputzarekiko indar oro egikizun ikaragarri ori egitera itzuliak yonadaz. Aurrera! eta iruzur egin txerarik argienez; guzur-arpegiz estali guzurbiotzak dakiana.

 

(Alde dagie.)

 

 

1. BELONA. Erroma'tarren mito-iztiz, emakumezko guda-yainkoa zan. Marte'ren arreba edo emaztea.

 

 

© William Shakespeare

© itzulpenarena: Bedita Larrakoetxea

 

 

Macbeth, William Shakespeare
Agertuko diran lagunak / I. ekitaldia / II. ekitaldia / III. ekitaldia / IV. ekitaldia / V. ekitaldia
Sarrerea / Itz gitxi ezagun batzuk

 

 

"Shakespeare euskaraz" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus