Bildumaren zerrendara itzuli

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Euskararen batasuna. 1969

 

        Euskaltzaindiko talde bat batasun hiztegia egiten ari dela informatzen du Karlos Santamariak urte honen otsailean [334]. Apirilean, Rikardo Arregi, Ibon Sarasola, Xabier Lete, Ramon Saizarbitoria, Xabier Kintana, Gabriel Aresti, Anton Santamaria, Amaia Lasa, Rafa Egiguren eta Joxemi Zumalabek, Karlos Santamariak «manifestu» hitzarekin bataiatuko duen agiri bat botatzen dute, beronen seme eta enparauak egindako hori ez zitzaiela gustatu esanez [335]: gazte haiek Labaien eta Basarriren «herrikoikeria» eta antibatasuna salatzen zuten. Irigaraik bide ontzat joten du Etxenagusiaren Lorategia [336]. Alfabetatzekoek «euskera batuaren oinarriekin lehenengo liburua» ateratzen dute [337].

        Bien bitartean, Bizkaian Anaitasuna belaunaldi berri baten esku dago, eta 1969ko irailaren 15ean kaleratzen dute lehen zenbakia, zeinaren aurreneko orrialdean Joan Mari Torrealdaik Euskal Idazleen Elkarteaz informatzen baitzuen. Elkarte honek batzar bat egin berri zuen Baionan, non Arestik eta Txillardegik ezin izan zuten erabakirik hartu, bien artean egokitasun gutxi zegoelako, nahiz eta bizkaitarrek hainbat programa eginda eraman.

        Arenazak eta Gaztañagak, bestalde, idazle gazteok segitu nahi duten batasun honi «euskerantoa» deritzote [338], eta Elizak —euskara darabilen erakunde nagusi bakarrak— ez die jarraitzen Arantzazun onartutako erabakiei [339]. D.I.rentzat, ordea, Euskal Elerti 69 da «batasun zaleek» atera duten «manifestua» [340], Xabier Kintana eta Gabriel Arestiren ardurapean argitara emana.

 

        [334] SANTAMARIA, K.: «Euskaltzaindiko batasun hiztegia» in ZERUKO A. (1969), II.2.3an.

        [335] Conf. «Betiko zezena toreatzen» in ZERUKO ARGIA (1969), IV.6.6. SANTAMARIA: «Zezenketak eta Xiboletak» in IV.13.3, eta BASARRI: «Bakoitzari berea» IV.20.2.

        [336] IRIGARAI, A.: «R. Arregi eta euskera-batasuna» in ZERUKO ARGIA (1968),VIII. l.4an.

        [337] Conf. «Handik eta hemendik» in id. 1969.IX.7ko lehen orrian.

        [338] ARENAZA, J.: «Euskerari buruz» in id. XI. 23.eko 3an.

        [339] AMUNDARAIN, D.: «Euskera bateratua» in id. XII.14ko 3-2an.

        [340] D.I: «Euskal Elerti 69» in id. XII.28ko 7.ean.

 

 

 

© Angel Zelaieta

 


www.susa-literatura.eus