Bildumaren zerrendara itzuli

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

«Aintza apurñoa»

 

        1955eko urte honetan, 22 urte zituenean, Aresti «Oargiren bigarren Sariketa Batzaldia» deiturikora aurkezten da. Sabin Berasaluze izan zen irabazlea; bigarrena, berriz, Peli Guarrotxena. Sariketa honen berri, E'tar Y'k eman zuen Egan-en [21], komentario honekin: «Epaimai honek idazle saiatuen zuzpergarri jakin erazi nai luke benetan atsegingarri izan zaizkiola ondorengo lan oek. Iturria'tar Joxe, Txillardegi, Arakama'tar Ander, Morga, Arrumuño, Etxebeste'tar Iñaki eta Gabriel Aresti Bilbotar gaztearen olerki sakon eta lilluragarriak».

        Hauxe dugu, besterik agertzen ez den bitartean, Arestik jaso zuen lehen kritika, «aintza apurñoa», Lizardik eskatzen zuenez. (E'tar Y. hau Jon Etxaide da, beronek kartaz esan didanez: «Sariketa hontan, beste bi mahaikoek huts egin zuten eta bakar-bakarrik utzi ninduten erabakia emateko; nik enuen nahi erantzunkizun hori nere gai hartu, baiñan Oargikoek esan zidaten etxegoela beste bi mahaikide arkitzeko betarik eta nik egindakoa ontzat ematen zutela» [22].

        Bigarren batzaldian, Arestik maila asko igotzen du: «Lehenengoa, Etxebeste'tar Iñaki. Bigarrena, Zelaia'tar S. Sarigarri, A. Mitxelena. Aipamena: Aresti'tar Gabirel'i, "Pigmalion euskeraz" deritzan idaz-lan sakon eta aoxurigarriagatik. Benetan arrigarria, tutik ere euskeraz etzekien bilbotar gazte onek egunez-egun dagien aurrerapena jakintza-gaiak euskeraz borolbildurik. Zorionak biotz-biotzez hiru euskal-idazleoi eta jarraitu asitako bidean barrena». Hau ere Etxaidek [23].

        Apirilean edo, berriro ere Oargikoen sariketara presentatzen da «Gabirel» goiaingerua: lehena, Bereziartua'tar Iñaki. Bigarrena, Iñaki Baztarrika. Hirugarrena, Perez Eneko (hirurok Arantzazuko fraideak). Laugarrena, Aresti: «Europako Federazioa, erri txikiei buruz».

        Nemesio Etxanizek zioenez: «Antxinako Goiangeru arek bezala, Gabriel du izena, ta laburdieraz idazten digu. Ez da makala mutila (...) Ez du gutxi egin euskaldun berri onek bi lan auek idazten —"Lemus'en" izeneko beste lan bat ere bidali zuen— Gure txaloa ba-du» [24].

 

        [20] EUZKO GOGOA (1955), I.II.

        [21] EGAN (1955), 1-2.63an.

        [22] 1975.X.2an egindako kartatik jasoa.

        [23] EGAN (1955), 5-6.76-77etan.

        [24] Id. id.. oargui taldeak Donostian jardun zuen, 1954an hasita. Bigarren deialdia 1955eko apirilaren 3an gertatu zen. Epaimahaiko Arrue, Mitxelena eta J. Etxaide. Saiakera sailean, lehen saritzat Orixeren Eguneroko Meza-Bezperak. Arestiren lana Pigmalion euskeraz zen, aipamena izan zuena. Laugarren deialdiak «Sobre el porvenir político de Europa» eta «Una crónica periodística» sailak zituen. Gabriel Arestik azken aipamena izan zuen Europako Federazinoa Herri Txikiei buruz / La Federación europea respecto de los Pueblos Pequeños lanarentzat. Epaimahaikoak Arrue eta Irigarai ziren. (Ik. Auñamendi Entziklopedia, s.v. oargui).

 

 

 

© Angel Zelaieta

 


www.susa-literatura.eus