Bildumaren zerrendara itzuli

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Poetika klasikoa ala pertsonala?

 

        Esana da poetarik gehienek euren poetika burutzen dutela. Hor, kasurako, Horaziorena, Santillanako Markesarena, Boileaurena, eta abar. Badu Gabriel Arestik ere propioa. Donostian 1960an emandako hitzaldi luze xamarra da. Horko ideia bat bere-berea ote den gaude: poeta profeta bat dela, alegia. «Poeta da —zioen— gizon egia maitatzen duena, egia hori hitzaren medioz esplikatzen eta kantatzen duena» [91]. Horregatik, «persegitua izanen da, harmaz ezpada, orduan gezurrez edo bortxaz, edo lausenguz, baina mundu honetatik aparte egonen da, zerren kantatzen dien gizonak eztadukaten entzuteko belarririk, eztadukaten konprenitzeko bururik» [92], eta «Golgota mendi batean josiko du poeta gurutze batera» [93].

        Interesgarriak, baita ere, «Bertsolariak eta Koplariak» deitu atalean ematen dituen argibideak. Hitzaldia argitaratzean, testutxo hau gaineratu zion: «Txistuaren aizeak poesiaren airea itotzen zuen artean, 1960 urteko Donostiako Euskal Asteko asteartean, arratsaldeko zortzi eta erdietan, Aiuntamentu Zaharrean, Gabriel Arestik irakurririkako hitzaldia».

        Egan berean, «Andre Madalen Enamoratua (Gizon-andre arteko amorioaren gaineko ipui lotsagarria)» [94] argitaratu zuen. Alfontso Irigoien da entzule-mutuaren papera egiten duena. «Dindirriko dantzariek Zuberoako maskaradak eta pastoralak» nahasten dituztela salatzen duen ipuin hau, hitz hauekin bukatzen du: «Eztidazu esan nobela baterako naiko gai eztagola hemen». Egin ere egin zuen lan luzeago bat ipuin honetan agertzen den Maria Magdalena emagalduaren bizitza oinarri harturik: Etxe aberatseko seme galdua eta Maria Magdalenaren seme santua drama llaburra da, Egan-en argitaratua [95].

 

        [91] ARESTI, G.: «Poesia eta euskal poesia» in EGAN (1960), 3-6. 154-170etan.

        [92] Ibidem, 162an.

        [93] Id. id., 158an.

        [94] Id. id., 182-185.etan. Arestiren ipuinei buruz, zera baieztatzen du Ibon Sarasolak: «Kontatzen denari buruz, Arestiren ipuinen ezaugarri nabari bat zera da, ipuinean gertatzen dena, errusiar formalisten hizkerako fabula alegia, bitxia bada ere, aski bakuna eta sinplea dela, hau da, hitz gutxiko esaldi batez aditzera eman daitekeena». (SARASOLA, I.: «Gabriel Aresti ipuinlari» in ARESTI, G.: Ipuinak. GAKP, Donostia, 1979).

        [95] Ikus, baita ere, Lau Teatro Arestiar. Lur, Donostia, 1973.

 

 

 

© Angel Zelaieta

 


www.susa-literatura.eus