Itxastxorien bindikapena
Itxastxorien bindikapena
1985, poesia
94 orrialde
84-398-3095-5
azala: Fernando Sanz
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2006, kronika
2003, nobela
2003, saiakera
2001, poesia
1993, nobela
1991, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
 

 

Ohean nago etzanda eta ez nago ohean

gau erdian txakur zaunkek zabaldutako bidean noa

zaunkarik zaunka, bidez bide, logurean gora

Maindirepean eskua bihotzera daramat

sagar gorri baten taupadak sumatzen ditut

Ametsetan jan egiten dut sagarra

bihotzik gabe hilik geratzen naiz

zakur zaunka urrenagoek hestuagoa egiten duten bidean

Haizeak gogor jotzen du leihoko kristaletan

horbelek ene gorpua estaltzen dute ahoz behera natzalarik

Sagar honduak erori egiten dire nire inguruan

sistole eta diastole higidurek gorri-orlegituz aldika

Ez dakit eguna ala gaua denetz ere

eskua sexu inguruko basora hurbiltzen dudanean

zaunken gainetik kilkerren hots kilikakorrak dantzudaz

ibai lodia mehetu egiten da murgildu ahala

Sagar bat ahoratzen dut, bizkar barneraino irentsiz

hasperenka bizirik nago ohean bihotza danbakada

Ibaia zakilaratu egiten zait ipurdizuloan behera

eskutara datorkit eta alde eginez doa berriro, zuri

Biloan aurkitzen ditudan sagar guztiak jaten ditut

odoletan dira eta ene soinean sagar haina bihotz

heuren bizitza propioz dardaratzen dira arritmikoki

musika estraino baten kontsonanteak ahozkatuz.

Sagarrak izan diren tokietan gorpuak agertzen direnean

areagotu egiten da zaunken elkargurutzaketa zoroa

kilkerren hots beltz eguzkitiarra desagerraraziz

eta begiak zabaldu arren ez nago ohean, ohean baino

Horbel artean natza oraindino jaiki ezinik

Ohea logelara ekarri nahi dut berriro zaunketan behera

baina ixildu egiten dira begiak zabaltzen ditudaneko

eta logela bera horbelez betetzen da supitoki

iratzargailuaren tik-tak etengabeek zabaltzen duten bidean

haize erritmiko bat dabil nire belarrien bila

sexua hanka tarteratu egin nahi dut baina

ezpain gozoek xurgatzen didate ixuri erazi arte

ibai urkulu batetan kilkerren ordezko hegaztihotsez inguraturik

Espermaz bustirik bizkarreratzen ditut eskuak

elurtzan datzan neskatxaren titi biluzien bila

bere betzuloetan bi sagar gorri ageri dira

jan egiten ditut eta bi ibai hasten zaizkio

bistu egin nahi dut argia baina eguzkia lehertzen da

kristalezko euri fina ari du eta bonbilaren filamentoa

ostadarra bihurtzen da betzuloetara begi multikoloreak erakarriz

Izerditan blai nago flashaldi gorri eta zurietan

inurritegi bat osotzen dute tantek flashaldi gorrietan

eta ezkataz estalirik irteten naiz ibaitik flashaldi zurietan

bapatean hustu egin da urez sabairaino beteriko gela.

Hotz naiz eta zeharkatu egin nahi dut ibaia

ohearen bila abiatu beharra daukat hotz naiz eta

Ixildu egin dira hegaztiak. Kilkerrak txakurrak

ez dago jada itzulbiderik sagar larriak botatzen ditut

begiak zabaldu arren ez dut ezer ikusten

begiak itxita ere ez dut deus ere ikusten

sistole diastole oihukatu nahi dut bihotza abia dadin

sagar gorria korapilatzen zait eztarrian itozear

ttua irentsi nahi dut sagarra askatzeko itotzear nago

eta zakurren zaunkek berrirekitako bidean behera

logelara itzultzen naiz maindirepean eskua bularrean

Argia pizten dut azkenean banan banan erreparatzeko

diren eta izan gabe ere diren guztietaz ikaraz oraindio

kanpoan euri tantak eskegitzeko sokan linburtzen dira

uralitazko teilatuan erortzeko hots atabalariz

inpazientziaz itxaroten ari denaren hatz mutak bailiran

taberna husturiko mahai zaharrean urduri joka

Zaunka ari izan den azken txakurrak mihingaina kanporatuz

xurgatu egiten ditu harian behera doazen tantak

uralitara heldu orduko eta ixildu egiten da atabalaria

Erlojua besterik ez dago bokal biren aldea duen obtsesio berarekin

automata baten bihotza bailitzan tiktak tiak tikak

ezin ditut betazalak bere erritmora akonpasatu ez egokitu

orduan betazalak zabaldu egiten ditut min hartu arte.

eta ixildu egiten da automata ankerraren bihotza

Espermaren usain sarkorra espermaren usain sarkorra da

kresal usain sarkorra bihurtu orduko eta kresalusaina

nahastu egiten da izerdiaren lurrunarekin eta arrainarena da

behorrean eguzkipean usteltzen ari den arrainaren kiratsa

emakume zabal baten alua dakarkidana irribarrez gogora

manteen uxun meheak besteak ixilarazten dituen arte

Une batez itxasoan izan naiz biankaren aurrean igerika

bizina pottoloaren oihartzunei entzungor eginez

Berehalaxe itzuli naiz astiro oinen gainean zutituz

Ohea logelan dago eta sukaldera abiatzen naiz

pasiloan den argazkiko ibaiaz ez ikusia eginez

mahai gaineko sagar erdi gorria erdi orlegia

ahoratzen dudan bitartean grifoari buelta ematen diot

gau osoan itogina izan den ixuria geldi araziz

Atea zabaltzera noala Berenicez gogoratzen naiz

aldi berean espermak hazgurea ematen didala sabilazalean

laugarrena hondartza hirugarrena belartza bigarrena

euritza lehena elurtza estop kalean nago

Alboko dendan sagar pilo perfektoak dituzte.