Galbahea
Galbahea
2024, poesia
80 orrialde
978-84-19570-21-5
Azala: Alots Arregi
Gotzon Barandiaran
1974, Larrabetzu
 
2023, antzerkia
2018, saiakera
2015, nobela
2010, nobela
2007, poesia
2004, poesia
Galbahea
2024, poesia
80 orrialde
978-84-19570-21-5
aurkibidea

Aurkibidea

Bego Arteaga Artetxe gure ama

aurrerabidean

nahi ez dugun leku baterantz

galbahea hitzen zentzua

amaren heriotzak berretsi dit

bizitza bakarra

gure maitasunak nahikoa izan behar luke

nire berbak direnak erabili gura ditut

nahi zenuke zure mina nire egitea

Lur hiztegi entziklopedikoak dioenez

lagunok erraza da

lagunak diost uste zuela

zer duzu laztana

agian gaur iraultza egin daiteke

arrazoia zuten

iraultzarako orea

ezkutuan egon den egia argira ekartzeak

nork utzi ditu aztarnak

politika baldintzak eta cookieak onartuta

hogei urte lehenago hasitakoak

gure eskubide guztiak sakrifikatu dituzue

zerrenda bat eskatu didazu

hitz bezatuak berba maiztuak

gorriak belusezko lubakiak

sarraskitik tragediara

noiz arte eta noraino itzuli

gure amak igandero

esperantza jada ez da esperoan egotea

mugak aduanak pasaportea migrazioa

hau guztia gure ama

ez zaitut behar beste zaindu

amamaz oroitzen naiz

landa-eremura itzultzeari

garoan kirikolatza

begira nago begira

bai arrazoi duzu

Amaia Lasak behinola alfabeto berri bat

beste Amaia honek

aramu-sarea eskuetan

porrota da bide bakarra

zozoa beroketa ariketetan

hamaika gizon zuri mahai borobil batean

luzaroegi egon gara gure zain

aurrerantzean ez da filosofia ikasgairik eskainiko

den-dena dugu irabazteko

ni ez naiz ezeren inoren akats

lokatza ez bada ura eta lurra besterik

atea zabalik utzita joan zen

galdutakoaren bila bazatoz

zaude geldi

itzuli ziren antzarek

eskura dugun herrian ikusi zaitut

 

Erosi: 12,82
Ebook: 3,12

Aurkibidea

Bego Arteaga Artetxe gure ama

aurrerabidean

nahi ez dugun leku baterantz

galbahea hitzen zentzua

amaren heriotzak berretsi dit

bizitza bakarra

gure maitasunak nahikoa izan behar luke

nire berbak direnak erabili gura ditut

nahi zenuke zure mina nire egitea

Lur hiztegi entziklopedikoak dioenez

lagunok erraza da

lagunak diost uste zuela

zer duzu laztana

agian gaur iraultza egin daiteke

arrazoia zuten

iraultzarako orea

ezkutuan egon den egia argira ekartzeak

nork utzi ditu aztarnak

politika baldintzak eta cookieak onartuta

hogei urte lehenago hasitakoak

gure eskubide guztiak sakrifikatu dituzue

zerrenda bat eskatu didazu

hitz bezatuak berba maiztuak

gorriak belusezko lubakiak

sarraskitik tragediara

noiz arte eta noraino itzuli

gure amak igandero

esperantza jada ez da esperoan egotea

mugak aduanak pasaportea migrazioa

hau guztia gure ama

ez zaitut behar beste zaindu

amamaz oroitzen naiz

landa-eremura itzultzeari

garoan kirikolatza

begira nago begira

bai arrazoi duzu

Amaia Lasak behinola alfabeto berri bat

beste Amaia honek

aramu-sarea eskuetan

porrota da bide bakarra

zozoa beroketa ariketetan

hamaika gizon zuri mahai borobil batean

luzaroegi egon gara gure zain

aurrerantzean ez da filosofia ikasgairik eskainiko

den-dena dugu irabazteko

ni ez naiz ezeren inoren akats

lokatza ez bada ura eta lurra besterik

atea zabalik utzita joan zen

galdutakoaren bila bazatoz

zaude geldi

itzuli ziren antzarek

eskura dugun herrian ikusi zaitut

 

 
audioliburua

OSORIK

POEMAKA

Txoritxu txibilitaria – Jasotzeko erein
Lander Bilbao
Bego Arteaga Artetxe gure ama
Bego Arteaga Artetxe gure ama
1944an jaio zen Areatzan
Bego Areatzakoa
bost neba-arrebetatik azkena
bere neba bikiarekin batera
gerra oste bete-beteko diktadurapean
umetatik hasi zen baserriko lanetan
geroztik ez zion lan egiteari utzi
zaintza lanetan eman zituen
bere urterik gehienak
senarra semeok gurasoak ilobak
bere burua zaintzeko ez zuen asti handirik hartu
geldi zauz neuk eingot
gure ama bere amaren antzera
beste emakume eta ama askoren antzera
sufrimenduaren harri-jasotzailea izan zen
baina ama zergatik ez diguzu ezer esan?
zuek ez arduratutearren seme
zuek ez arduratutearren
gure ama bere amaren antzera
beste emakume eta ama askoren antzera
zoriontsua zen etxekoak pozik ikusita
gu ginen mundukorik ederrenak bizkorrenak
baserritarra euskalduna abertzalea
emakume paregabea izan zen
ama zoragarria
maite zituen kantua jota eta arin-arina
ez zion egundo inori kalterik egin
bere bizitzaren baloreak
gaur egun iraultzaileenak
maitasuna eta begirunea
bizi legez joan zen
zaratarik atera barik
bakez bakez
aurrerabidean
ahotsa: Uxue Alberdi
aurrerabidean
atzera eginik
orain errazagoa zait
naizena antzematen
ez naizena
zerrendatzen baino
maitatzeko modu bat
galdu dut bat-batean
alboan egoteko
gorpuzkera bat
odolbatu batek
bereizi gaitu
nahi ez dugun leku baterantz
nahi ez dugun leku baterantz
ari zaizkigu bultzaka
ederraren hilotzari
azkenaurreko agurra
kantatzeko
bakerik ez dago
bateria amaitzean
hasten bada bakardadea
kare sozial hauek
desagerraraziko gaituzte
galbahea hitzen zentzua
galbahea hitzen zentzua eta
bizitzaren zantzua berreskuratzeko
galbahea hitzaren ederra
mailuz zizelkatzeko
galbahea hitzaren iturburua
lehorteetan bustitzeko
galbahea hitz emandakoa
hartutakoarekin betetzeko
galbahea hitza hautsi baino lehen
malgu jaioberritzeko
galbahea hitzartzeetan
askoz gehiago emateko
galbahea hitzorduak
elkarrekin luzatzeko
galbahea hitzontziak
koloretako zamo arruntez isilarazteko
galbahea hitz-aspertuan
alberdanian libertitzeko
galbahea hitzulipurdika
geure onera birundatzeko
galbahea hizpiluek
elkar uler dezaten
galbahea hitzaz beste egiteko
hiztripua simulatuz
galbahea hitza jan aurretik
gosez denari eskaintzeko
galbahea hiztegiari
gezurra erauzteko
galbahea hizkuntza
lanburkide izateko
galbahea hitza eta bizitza
errimatzeko
amaren heriotzak berretsi dit
ahotsa: Leire Lopez Ziluaga
amaren heriotzak berretsi dit
galbahearen beharra
denbora beharko dut
izotzmindu hau azaleratu eta
begi txikerrotatik tantaka isurtzeko
ahalegindu beharra daukat
amaren heriotzak berretsi dit
galbahearen beharra
fatalismoa ari duenerako antapara
desesperantza ari duenerako aterki
larderia ari duenerako beroki
amaren heriotzak berretsi dit
galbahearen beharra
aspaldiko eginkizuna
eguneratzeke ditudan
galderen zerrenda
zer isildu dugun
zer dudan esan beharra
zer dudan hil ala bizi
zer izendatu dezakedan
bihotz tolesturik gabe
zelan heldu naizen gaurdaino
nor den naizen hau
zer iragazi dugun
zeri galarazi diodan sarrera
zeri esan nion ezetz betiko
betiko ama baino ez zela uste nuenean
bizitza bakarra
bizitza bakarra
milioika segundo
elkarrekikoak kitatzeko
elkarrekikoak kantatzeko
milioika segundo
bizitza bakarra
isildutakoak errepikatzeko
iritsi da orratza tenorera
inor ez da itzalik gabekoa
ez da horrenbesterako
izendatzea besterik ez da
ahoskatzea baino ez
berbarako
badakit elkarri begiratzean
sakonago ari garela
isilean errazago truka daitezkeela
azalean eta bihotzean ainguratutakoak
ahoskatu ezean
bakardadean ahitzen diren hitzak
aitortzera natorkizu
gorpuzki liratekeen berbak
hezur eta haragi bihurtzera natorkizu
izerdia egingo dut
gure maitasunak
ez dezan jakin zer izan
nagusia denean
ezustekoak ponpatu
diezaion bihotza
nekeak ez diezagun nagitu
oraindik ere nire begietan aterpetzen dira
arbuiatzen dituzun guztiak
nire belarrietan iritzia
ozenagoa duzu
nire belarrietan aienea
irrintziagoa duzu
nire belarrietan aldarria
oihartzun duzu
nire ispiluak osorik ikusten zaitu
gure maitasuna da
derrigorretik asago
goroldio bidaiazaleen lagun
garai likidoen hozkailu
bere buruari eragiten dion errotarri
izpiliku usain morea
izarapeko galaxia mutxurdina
beharrezkoa atseginetik bereizita
iraunarazteko edabe miragarria
txindor papogorri interplanetarioa
eta hamaika mila milioi puntu bizi
zeru jaioberri batetik zintzilik
gure maitasuna
Isildutakoekin elkarbizitzerik (I)
Lander Bilbao
gure maitasunak nahikoa izan behar luke
ahotsa: Uxue Alberdi
gure maitasunak nahikoa izan behar luke
lantzean pozik bizitzeko
noizik behin zoriontsu izateko
eta hala ere
ez dut lortzen
ez dut lortzen isildutakoekin
bakean elkarbizitzerik
bizirik dirauten urruneko heriotzek
etengabe gogorarazten didate
gure hildakoak lurrazalean dautza
ametsetan errugabe
epaitzen dut neure burua
belaunikatu gabe
akatsen jakitun
burkideak ez salatzeaz hobendun
urteak dira ahaleginean
laguntza beharko dut agian
laguntza adiskideena
bakarrean gaitza da
zama kolektiboen aroan
biziko bagina bederen
ez ditugu zapaldutako lur guztiak erre
otalorea sasitzak erakarri zuen
galdetzea bezain xaloa da
abiapuntuan gaudela aldarrikatzea
baina kasu
hildakoak arantza zorrotzeko lastaira dira
gaitzespen bezatuak errazten dituzte
eta ohartu orduko itzalik gabe utz zaitzakete
niri gertatu zait
urteak dira nireak ez didala jaramonik egiten
beste norbaitena dirudi
ibilkera aldarazi gura dit
neure ez diren urratsak eginarazi
eta konturatzerako
hildako deserosoengana naroa
agurtu ditzadan
errukitu nadin
barkamena eska diezaiedan
haurrideak dituzte aldamenean
zer esan behar diet nik?
zer esan dakioke maitea galdu duenari?
laztana sorbaldan
galdera erretorikoa
doluminak
ez dago eskubiderik
erratu ginen
nire berbak direnak erabili gura ditut
ahotsa: Juanra Madariaga
nire berbak direnak erabili gura ditut
neure buruari iruzur ez egin
isildutakoak errepikatzeari utzi
begiradak hanka-puntetan
ihes egin ez diezadan
bekoz beko gauden bitartean
gure artean gaizki-ulerturik egon ez dadin
behar zenean ezer egin ez izana
aurpegiratzen didazunerako
oraleku bat
oraleku herabe bat
oraleku herabe duin bat
erasoen aurkako erabilera eskuliburua
nagusitasun intelektual eta moralaren
haizezko dorreak eraistekoa
zure erantzuna baino onartzen ez duen
galderaren giltzaduratik ateratzeko zerbait
oraleku bat
oraleku herabe bat
oraleku herabe duin bat
nahi zenuke zure mina nire egitea
ahotsa: Juanra Madariaga
nahi zenuke zure mina nire egitea
baina zure mina ez da nirea
nahi zenuke zure hitzez gaitzestea
baina zure hitzak ez dira nireak
nahi zenuke gorrotoz bizitzea
baina zure gorrotoa ez da nirea
nahi zenuke neure burua zigortzea
baina zure zigorra ez da nirea
nahi zenuke kartzelan usteltzea
baina zure kartzela ez da nirea
nahi zenuke zure egia buruz ikastea
baina zure egia ez da nirea
zinez diotsut
ez gara dena ahazteko nahikoa biziko
ez zu ez ni ez gure belaunaldia
ez aurrekoa ez ostekoa
horrenbeste
lagun etsai
burkide arerio
belaunaldi bereko
Lur hiztegi entziklopedikoak dioenez
Lur hiztegi entziklopedikoak dioenez
belaunaldia adin bertsua duten banakoen multzoa da
euskarazko Wikipediaren esanetan
soziologian belaunaldi hitza
banako horiek partekatzen dituzten
ezaugarriak adierazteko erabiltzen da
sinonimoen hiztegiak dakartza
gizaldi jende-mende leinu ondorengo
Orotariko Euskal Hiztegiaren corpusean
gehitzeke daudenen artean honakoa
deserrotze kolektiboa eragin digun
gutasun astunegi bat
gure ondorengoak okerrago
biziko direnak ei direla finean
Ororentzako Euskal Hiztegia idatziko dugunean
aro berria aldaketa historikoa edo ziklo politikoa
definizioen bilatzaileak gutxienez hiru milioi sarrera
jasotzea aurreikusi beharko dugu
ez gara dena ahazteko nahikoa biziko
bizi gaituen garai honetaz idatziko dut
balizko Ororentzako Euskal Hiztegi horretan
lekukotasun gisa ager bedi corpusean
aldiro-aldiro masailetan zimiko egiten didana
adinkide askoren aldartean bisaietan
hitzetan sumatzen dudana
etsipen sakon bat errendizio mingotsa
kapitulazio disimulatua
okerrago bizi gara zuzenagoak ginenean baino?
eta abiapuntua berriz xerkatzea baino ez bada?
lagunok erraza da
lagunok erraza da
zuloak nasaiegi
zituen galbahea
berriz tenkatzea
hariak behetik gora
ezkerretik eskuinera
alderik alde
emeki astindu eta
lastoa kanpoan utzi
aleak langarki
eskuetan erori arte
elkarri entzun
erdiko hormarik gabe
eta adostu
eroritako zein ez dugun
besoetan hartuko
lagunak diost uste zuela
lagunak diost uste zuela
galbahe hitza desagertua zela
jada ez duela inork erabiltzen
zuk aldean daroazu ba
erantzun diot
badakizu zer eta norengandik bereizi
hitzak lekuz aldatzeko jolas miragarria ezagutzen duzu
aldi hau ulertzeko ezinbestekoa
zuk badakizu
argitu egidazu zer gertatzen den berbarako
gure hizkuntzarekin
gauzak izendatzeko modu bat desager liteke
        euskalduna izatea ez da aski
        euskaldunak izatea ez da asko
        euskalduna ez da aske
zergatik aldentzen ari garen horrenbeste gugandik
        aski da euskalduna
        asko da euskalduna
        aske da euskalduna
zeinek asmatuko duen arrakala aukera bihurtzen
ez luzaroko baina aiduru nauzu
bagara horrenbeste
nahikoa dira beste asko
gu menosteko
etorkizuneko berben aztiak
zehatz eta motz ikasi beharko du
zer duzu laztana
zer duzu laztana
ez zintuen hunkitzen nire minak?
zartailuak iratzarri zizkidan
erraietatik ezinak
zer duzu maitea
ez zintuen sentiberatzen nire kantuak?
herrioldearen orroak
ukabiltzen zizkidan lantuak
zer duzu kuttuna
ez zintuen adoretzen nire garrak?
besaulkiak ipurterrea nola
hozpildu zidan antzigarrak
zer duzu mon amour
ez zaitu akitzen nire zamak?
zer duzu mi amor
ez zaitu zutuntzen nire zuztarrak?
zer duzu my love
ez nauzu maiteko beti?
agian gaur iraultza egin daiteke
ahotsa: Josu Landa
agian gaur iraultza egin daiteke
herrikideak kalean gurutzatzean
egun on esan barik
dakienari ikasi barik
lekukoari entzun barik
kaleen erreken mendien zuhaitzen
auzoen fabriken bidelagunen izenik jakiteke
garai likidoen abantailak dira
efimerotasuna borrokatu behar ez izateak
dakarren malgutasuna
duela hirurogei urteko pankartak
plastiko berdinetan
pintura berberarekin margotzea
eskaileratik jaitsi eta herrikideei
gero arte esateko gai ez denak
turbokapitalismoa gripatu eta
iraultza burutu lezake
agian orain baliteke
agian orain gaztetasuna
arrazoi nahikoa da borrokarako
agian beti izan da
dena azkarregi ari da mudatzen
arinegi margultzen sustrukua
herriak ez du barkatuko
liburu baten izena da
arrazoia zuten
ahotsa: Jose Luis Otamendi
arrazoia zuten
arrazoia dute
gu tronpatu ginen
zuzenbidea euren alde zegoen
gaurdaino
guk okertu genuen herria
amildegi ertzean dagoena
gaurdaino
(nortzuk garen gu?
antzera bizi izan zaretenok eta ni)
horren zuzen hartu zuten bidea
ezen ez zuten okertzeko erarik izan
ez da nahikoa estakuru
baina bederen zer esan genezake
ez gara dena ahazteko nahikoa biziko
edo egiantzeko beste zerbait
iraultzarako orea
iraultzarako orea
diru azpian gordea
politikaren labean datza
izoztuta amorea
 
alderrai amodioa
ez baita negozioa
bihotzak ostentzen ari da
harrien goroldioa
 
taupadek desarratuta
ustelduak berdatuta
beldur bagarik agertu da
zegoena ostenduta
 
laztanik bako bizitza
zentzugabe bezain hitsa
berantetsitako besarkada
ate hormatuen giltza
 
ezkerbideko bihotza
zozketan luze den zotza
zaindu dezagun orain
gero ez gaitezen lotsa
ezkutuan egon den egia argira ekartzeak
ezkutuan egon den egia argira ekartzeak
ez du ezer aldatu
dena aldatu du
gure etorkizuna araztu du
gure egunerokoa sentiberatasun bako
alferreko ahalegina da
triku honi ez zaizkio arantzak barrurantz itzuli
fakir bihurtu da sagarroia
hutsala litzateke ahalegina
egina ezinez ekina
ezer ez da dirudiena
ematen duen horixe bera da
hor dago munduko gizonik indartsuena
gauez pasilloko argia piztuta uzteko erregutan
hor dago titaniozko erraldoia
egurrezko zubia zeharkatzeko izu
eta itsua makulu barik alarauka
eta hala ere
edo horrexegatik
biderako argiak isiotuta daude
nork utzi ditu aztarnak
nork utzi ditu aztarnak
aurretik doazen lorratzak
gorputz arrastoak
horren agerian
denon ohargarri
jitoan dabilenari
keinuka ari den
itsasargia dirudite
bide-seinale aratza
itzuli nahi lukeen
alderraiari
norbera dabilen bidean dago
askatasuna
geuretzat nahi genukeena
argitu behar dugu inorentzat
onik iristeko esperantza
politika baldintzak eta cookieak onartuta
ahotsa: Itziar Ugarte Irizar
politika baldintzak eta cookieak onartuta
iritsiko gara helmugara
bide-seinale elebakarrak
berrogei urte atzera egiteko
ez da horrenbeste
gogoratu behar dugunarekin alderatuz gero
egun oso bakar batean jasotzen dugun
gehiegizko informazioarekin
egun oso bakar batean
ikusten duguna baino
askoz gutxiago da
gogoratu beharko duguna
etorkizuneko iragan horretaz
hogei urte lehenago hasitakoak
ahotsa: Oier Guillan
hogei urte lehenago hasitakoak
gaur ez duela balio errepikatu dit
hamazazpi urteko herrikideak
bestelako herri honetan
zuen borrokak ez dira gure borrokak
nik ez nuke kantatu nahi
desagertutakoen izen zaharrik
misterio aire batekin
atzokoa gaur dantzatua
ez delako garaikidea
nire hitzak prehistoria direla beretzat
rock and rollak ez diola deus transmititzen
kanta daitekeela regetoia euskaraz
baina ez dela gauza bera
euskaraz ezer ez da gauza bera
noraino belaunikatuko ote da
aldean daramagun zama
gure eskubide guztiak sakrifikatu dituzue
ahotsa: Andoni Tolosa
gure eskubide guztiak sakrifikatu dituzue
gauzak aiseago sal diezazkiguten
ezetz ba euskaraz ezer ez dela gauza bera
helmugara ifrentzutik hasi
zintzoki diot
ez dut lortzen isildutakoekin
bakean elkarbizitzerik
gure hildakoak lurrazalean dautza
ametsetan errugabe epaitu dut neure burua
kolkoak ez dit bakerik ematen
ekinean darrai
jendea desagertu egiten da
lehenik mundutik
gure oroimenetik ondoren
hiltzen dugun jendeak
luzaroago irauten digu
zerrenda bat eskatu didazu
ahotsa: Leire Lopez Ziluaga
zerrenda bat eskatu didazu
zure memoriak argazkitu dituenak identifikatzeko
izen eta abizenen errenkada
ileak begiak sudurra ahoa
belarriak irribarrea bekokiluna
norbait ahaztu izanaren lotsa arinduko dizun zerbait
bizirik dirauten urruneko heriotzek
etengabe gogorarazten dizutena
hainbesterakoa da egunez egunekoaren erauntsia
hainbesterakoa segundoeroko uholdea
zer duzu ezinbestekoa gogoan iltzatuen apalategian?
Isildutakoekin elkarbizitzerik (II)
Lander Bilbao
hitz bezatuak berba maiztuak
ahotsa: Oier Guillan
hitz bezatuak berba maiztuak
kontzeptu higatuak termino narriatuak
maite ez gaituztenen ahotan
berezko esanahia galdu dutelakoan
desagerrarazi ditugu
gure testuetatik
ez ditugu ahoskatu nahi
inork inposatutako maneran
baina kantatu beharko diegu
agerian ez bada ere
iradokiz bada ere
askatasunari injustiziari
gerrari pobreari bortxatuari
presoari jazarriari
etxetik urrunarazi dutenari
idatzi beharko diogu
sortzez merezi duten egiari
gorriak belusezko lubakiak
ahotsa: Iratxe Retolaza
gorriak belusezko lubakiak
urrearen balioa du zilborrak
belarrietako argizariak
gortu du menostuarekiko enpatia
oporraldi magikoak
amestutako maileguak
isolatzaile ankerrak
hautes-programetan goratzen da
ez daukatenen ongizatea
kantuak ez du ahoskatzen pobrea
lotsagorritu egiten da poeta
borroka, langilea, justizia
Harri eta Herriko anakronismoak
kaleratze postaletan eder
ezker gabeko eskubidea
beharrezkoa atseginetik bereiz
denbora galtzerik nahi ez duten aldarriak
ehunzango zaharren ibilerak
ernaiaraziko dituzte ahots berriek
oporraldi magikoak
amestutako maileguak
isolatzaile ankerrak
sarraskitik tragediara
ahotsa: Andoni Tolosa
sarraskitik tragediara
tragediatik genozidiora
zenbat hildako daude
gutxieneko bat eskatzen dute
nik dakita zenbat
baina gutxieneko bat
kopuru horretatik behera
aisa bizi daiteke ordura arte legez
lantzean lagunartean asaldatuta
arrain freskoa eta ardo ona
ulergarria da gizakiak gara
ezingo gara une oro
maluretan ito
baina
hurreratuko zaizkigun gorputzei
besamotz erantzungo badiegu
surik hartu ezin duten berbekin
laketzen badugu soilik ametsa
bizitza ez badoa eta are gutxiago etorri
zor dugun maitasun imintzio bakoitzeko
lotsatzen bagara
aspaldiko koblakari hasiberriak
argindarra behar badu derrigor
historia eta galtzaileak
adiskidetzerik lortu ezean
itzul gaitezen arren
pika eta ebats
itzul gaitezen otoi
jauzi
erraldoiaren sehaskara
zutabeak lurrez belzturiko
azazkalez zizelkatzera
alargundutako utopiekin
berriz biluzik etzatera
dakigun guztia dugu hazi eguneratua
itzul gaitezen abiapuntura
piztu genuen itsasargitik hona
dudazko etorkizun probableenerantz
beltxarga iheslari andana bat dago
urretxindor saldoa kantua berotzen
eta mundua ikasi nahi duten haurrak
bizarra egiteko gidaliburuak erretzen
itzul gaitezen arren
pika eta ebats
itzul gaitezen otoi
jauzi
ez naiz izenak eta oinatzak
ezabatzeaz ari
urteetako odol-negarrari
itsasoratze amultsu bat desiratzeaz baino
aurpegia emateko koldarregi diren
mugez gaindi
noiz arte eta noraino itzuli
ahotsa: Iraia Etxebeste
noiz arte eta noraino itzuli
bihar arte eta atzoraino?
elkarbizitza elkarren ondoan ez eze
elkarrekin bizitzea izango den sasoira?
jokatuko nituzke larruazala
eta kontu korrontea zure amoreagatik
zeren esperoan dago gure herria
galdetu zuen poetak
hauxe da unea
hauxe dugu aukera
hauxe tenorea
ez naiz txantxetan ari
ez dut onartzen mikrofonoaren agindurik
esan nuen behin
bitan diot orain
sinetsidazue
gure amak igandero
gure amak igandero
mezatarako janzten zizkidan
arropak dituzu aldean
argazki erdian ahuspez
ur-bazterrean bizkarrez
beso eta hankak luze
gorputzari itsatsita
sehaska umel batean
masaila harea artean
lo-kukuan ote zaren
galdezka dut lotsaizuna
zer entzuten duzu Aylan
harea ale bakoitzean
zenbat erru zenbat damu
zenbat bihotz durduzatu
kontzientziaren abaroan
aiherga direnen baitan
eta zerk kezkatzen zaitu
horren hilik horren mutu
orain zerk kezkatzen zaitu
esperantza jada ez da esperoan egotea
esperantza jada ez da esperoan egotea
bidea atzerantz egitea ere debekatuta
duen karramarroa zaie itxaropena
ez dute inora joaterik
biharra atzo da
egunero
behin eta berriz
nola bizi etorkizuna
ez dela etorriko dakizunean?
goizean goiz hasita prestatutako jatekoak
afaria banatzen lagundu duzu 1200 anoa
emakumeak eta haurrak dira denak
bi ilaratan
batentzat birentzat hirurentzat laurentzat
menestra pita ogia sagarra koilara
plastikozko poltsa urdin batean
lehen ordu erdia iragan arte
ez zara berba bakar bat ahoskatzeko gai izan
denak daude bi ilara horietan
zure semeak bikotekidea ama amama
eta ohartu orduko berriz ere epaitzen hasi zara
nora begira bizi izan zara urteotan guztiotan
thank you esaten dizute thank you my friend
ez dituzu emakume horien begiradak ahantzi gura
ez dituzu haur horien irriak ahaztu nahi
badakizu etxeko epelera itzulitakoan
joan egingo zaizkizula oroimenetik
ez dituzula akorduan gordeko
eta horrek bertoko egunerokoaren aitzakiapean
urrundu egingo zaituela ilara hartatik
herritarrak izan nahi duten emakumeak
ume bizi nahi duten haurrak
pertsona zahartu gura duen jendea
mugak aduanak pasaportea migrazioa
ahotsa: Josu Landa
mugak aduanak pasaportea migrazioa
etorkina atzerritarra kanpotarra
ateak checkpointak txarrantxak
berdin dio nongoa zaren aberatsa bazara
berdin dio nork iraintzen zaituen
abere hatsa baduzu
Tarajaleko hondartzan Ceutako hesian
Rio Bravoko ur ertzean Irungo Santiagon
migratzaileak bete beharreko paperetan
izena
adina
helbidea: oraindik ez naiz iritsi
hau guztia gure ama
ahotsa: Ainara Lasa
hau guztia gure ama
endekapen betean dela bizi dut
burua galtzen hasi zenez geroztik
ez dut munduratu ninduen hura aurkitu
beste nor bat da
laranjak azal eta guzti jaten ditu
ezer ez galtzeko
ura tantaka erortzen zaio
eskuetako dardarizoaren konpasean
solora begira
pikondo hurritz haritzetik hara
hamarkadak atzerago ikusten duela dirudi
garbia ikuzten du lohia bere horretan utzita
ez dit esatekorik
ez entzutekorik
eta ni aurrez aurre mutu
isildutakoak ozen errepikatu nahirik
ez zaitut behar beste zaindu
ahotsa: Gorka Urbizu
ez zaitut behar beste zaindu
ez zaitut merezi bezala jagon
eman zenidan horrenbesterekin
banizun nola
mamitu maitasuna
astia banizukeen
eta niretzat gorde dut ikasi nizuna
niretzat zure denbora guztia
zuretzat
ezta hondarrik ere
amamaz oroitzen naiz
ahotsa: Harkaitz Cano
amamaz oroitzen naiz
arkupea zuen gerripean
hankek marrazten zioten parentesia
atsedena hartzen utzi ez ziona
behinola artezak izandako familia baten
zutabe ahitu haiek ditut akorduan
parentesi hartan babesten nintzen
haren altzoan hartzen ninduen loak
arkupe hartatik bestaldera egiten nuen ihes
bere ipuinen magalera
zenbat gomutatzen naizen
emakume haren garaipeneko arkupe hartaz
zenbat maite izan nuen
eta zeinen gutxi balio izan zion
nire maitasunak ongi bizitzeko
eta zuk ama
agian pikondo hurritz haritzetik
harago begira ari zarela aurkituko duzu
ondo bizitzeko modua
idatzi behar izan dudalako dakit
ez zaitudala behar beste zaindu
ez zaitudala merezi bezala jagon
eta maite zaitut esan nizula azkenekoz
jada ulertzen ez zenuenean
larrialdi klimatikoari buruzkoak entzuten ditudanero
zure amaren gerripeko parentesi hura gogoratzen dut
zeinetan unibertsoko jendetasun oro babesten zen
zure beste nor berri honetan legez
sekula inori minik eman ez zion baserritar haren
gerripeko parentesira nator
Areatza osteko landara
txirritxirri orkestraren kantaldietara
landa-eremura itzultzeari
landa-eremura itzultzeari
hil eta biziko deritzogun sasoi honetan
ezinbestekoa zait kirikolatzari galdetzea
zelan lortu duen arantzak titaniozko garatzea
kurloien arratseroko asanbladetan
nork ematen duen hitza
zein erabaki hartuko duten ogigaztek
hirietako oilo-loka postmodernoek
iturriak ere txarrantxaz hesitzea
adosten dutenean
ea burua bakarrik erauziko dieten
edo ez duten atsedenik hartuko
gorputz burubakoak aldaroka alderrai
dantzarazi arte
zazpi itsasoek hamaika lurrek zeru guztiek
aspaldi utzi zioten gure neurriko izateari
aspaldi utzi genion haien neurrira bizitzeari
zer uste dugu beso zabalik hartuko gaituztela?
hasi teilatuak lizarren pareraino eraisten
eskegi piper gorri sortak ehundaka arropen ordez
eta hala ere baietz eguzki-loreak
biharamunerako ihartu
batek daki agian maitasun amiņi batez
basamortuetan haurrondoak ausarki landatuz gero
ezkortasuna salerosteari uzten badiogu
garoan kirikolatza
ahotsa: Jose Luis Otamendi
garoan kirikolatza (bis)
uzkurra eta baratza
beharrik ez dugunona
hain da bizimodu latza
hain da bizimodu latza
garoan kirikolatza
 
zeru beltzean izarra (bis)
pinu artean lizarra
garenaz harrotzerako
zurituko zait bizarra
zurituko zait bizarra
zeru beltzean izarra
 
larrazkeneko langarra (bis)
begi ertzeko makarra
ez dago etorkizunik
ailitza gezur bakarra
ailitza gezur bakarra
larrazkeneko langarra
 
Pagaburuko tontorra (bis)
garrik gabeko txondorra
goikoaren esku fina
latza behekoaren lorra
latza behekoaren lorra
Pagaburuko tontorra
 
usaintsua ereinotza (bis)
nardagarri bekorotza
utopiak ezinari
daragio heriotza
daragio heriotza
usaintsua ereinotza
 
lorategian asuna (bis)
zikinarentzat gatzuna
galtzaileak lizundu du
herriaren maitasuna
herriaren maitasuna
lorategian asuna
begira nago begira
begira nago begira
beheko kamino berrira
noiz etorriko ote den
neure laztana herrira
badator
neure laztana
herrira
pauso bakoitzean
lur berri bat
zapaldu minez
galgarik ez duen bizikletan
pendiz gogorrenean ere
ez dio belaunak urratzeari beldurrik
ezta esku ahurretatik harri txintxarrak
orratzez ateratzeari ere
bere burua galtzen du
itzultzeko premiarik gabe
eginez egun bizitzea baino ez ei da
eginero bizitzea
egin oro bizitzea
nork izan nahi du
gure historiaren premu?
hondakindegi bat baino
ez ote da ageri gure atzean?
aldamio hanka mehe ikarati bat?
bai arrazoi duzu
bai arrazoi duzu
erreskate taldeak sakabanatu dira
behe-lainoari eskupeko galanta eman diote
trinko zurrun sobornagaitz heda dadin
baina ez dute lortu lurrarekin bat egin dezan
eta sator begigorriek lurmulkoekin eutsi diote
ezkutuko pasabideak ireki dituzte gainazalean
atezuan mudatzen den erdigune bat
gure nazio zatikatu honetako bazterreko ororentzat
bakearen sinonimo iruzurtiei katamaloa erauzteko
zerbitzu sekretuak eguzki argitan antolatzeko
Amaia Lasak behinola alfabeto berri bat
ahotsa: Harkaitz Cano
Amaia Lasak behinola alfabeto berri bat
eskatu zuen
eta nik bat egin nahi dut
berandu izan baino lehen
alfabeto berri bat
galbahe eroan dezagun
aldean uneoro
bereizten ikas diezaiogun elkarri
hiztegia eta hitzen egia
bizitza den handiena edo
bizitsari amore emango diogun
heriotsa aditzen dugun
ezetsi baino gurago dugun ez etsi
oinazea orain asea ez bedi betiko gosea
hilots berberak entzuten ditugun
iraganari oka edo uko egin ez ote berdin
etorkizuna tradizionatzerik dagoen oraindik
nortzuek gobernatuko duten
e letratik hasiko den
alfabeto berri bat
beste Amaia honek
beste Amaia honek
ez zuen egin
bere izena zalerik gehien zuen
musika taldearen disko hirukoitzean
kantatuko zutela jakinki
ezta idazle eskas batek laugarren
liburu kaxkarrean bere salaketa ekintza
amesgaizto legez kontatuko zuela zekielako
ez zuen egin salto
nahiz eta irakurriko zukeen
egunkari salduenean
bere biografia
deskubrituko zituzkeen berarentzat ere
ezezagun ziren bere bizitzari buruzkoak
entzungo zituzkeen irratietako esatariak
bi egunez bere izena
ahaire errukarriz ahoskatzen
ikusiko zituen bazkalosteko orojakileak
telebistetan egin zuena
zergatik egin zuen esplikatzen
entzungo zituen alderatzen
bere buruaz beste egin zuten
Hollywoodeko emakume ospetsuekin
Marilyn Monroe Lupe Velez
Romy Schneider Jean Seberg
ospearen edertasunaren
biktima ohoragarriak
haserretuko zitzaizkion
sare sozialetan
piztia bakartiak
bera izan baitzen
salto egin zuen
lehen emakumea
eta bistan dena
edozer da konparagarri
edonorekin alderatu daiteke edonor
baina inorekin alderatzekotan
Edmonde Charles-Roux Ilona Duczynska
Aleksandra Kollontairekin
baino ez zitekeen
eta bistan dena
Wafa Idrisekin
ez dakit zuek baina nik
kitatu ezinezko zor bati itsatsita
balkoitik jauzi eginez irudikatzen dut
hamaika solairuko abiadura horrek
bisaia patxadaz irakurtzea eragozten dit
ezin diot begirada leitu
ezin diot musua antzeman
ezin diot arrazoirik ulertu
uste dut ez dela eraikinagatik
ezta itzultzerik ez duen dirutzagatik
agian desjabetu egin zuten
izena aldatzeko astirik eman gabe
aramu-sarea eskuetan
ahotsa: Iratxe Retolaza
aramu-sarea eskuetan
atariz atari zebilen
gora leiho guztiei begira
alaba zuen alboan
sareari tinko eusten
sarearen zuloak ziren
ganibeta odoldu bat
iragazteko modukoak
zenbatezinezko garbiketa orduek
mankatutako gorputz desitxuratuei
begizuloz jantzitako maitemin lizunduei
matematikoki positiboak ziruditen
harreman desorekatuei
deiadarka ari zitzaizkien ozenki
porrota da bide bakarra
ahotsa: Itxaro Borda
porrota da bide bakarra
gorrota dezagun garaipena
larrialdi klimatikoak kolpatzen darrai
soldata arrakala
albistegietan zuritzen diguten
hilketa bakoitzarekin tenplatzen da
emezidioaren urrezko arrakada
ote dago lur txatalik
ote dago itsaso sakonik
ezikusiarena egiten ez duenik
zozoa beroketa ariketetan
zozoa beroketa ariketetan
goizeko zazpietan
eskala kromatiko diatonikoan
behetik gora goitik behera
hegazkinen orro harrorik ez
isiltasun zoli herabetia
txirritxirri orkestra
eki irribarretsu
zeru aurpegi garbitu berria
amaren sortetxe osteko larre malkartsua
ziurgabetasun guztietatik
eremu librea
haurtzaroa musuko bakar
denbora geldiezinaren izurri
espero ez genuena etorki
opa nizkien bugainbileak begoniak huntz orriak
bizitoki ilun arnasbakoei
txirritxirri orkestra bat
nylonezko alfonbren belardietan
arratsero jo genituen txaloak
inori eskerrak emateko baino
bizirik irauteko beharraren aldarri
inork inoiz berriz ikusiko ez gintuenaren laborri
hildako milaka haien zuloetan gorde dira
beste horrenbeste kilker
geroztik gorputzak izango gara kristalezkoak
atzamar punta ikusezin batek arrakalatuko gaitu
aho bufada xalo batek zeharkatu
zeinen hauskorrak garen kantatuko dugu berriz
baina oraingoan ez da izanen
haurtzarotik arrastaka dakargun gabezia
emozional baten karietara
oraingoan gorputza bera hezur eta azal
hautsiko zaigulako kantatuko dugu
orkatiletatik bereiziko zaizkigulako urratsak
eskubiturretatik bostekoak
gerritik behera bananduko zaigulako
dultzemeneoa
moztuko zaigulako harrokeria
tragediak idatziko ditugu ondoen bizi garenok
abundantzian ohitu garen koitaduok
galbahea aldean daroagunaren seinale
inoren eta ezeren beldurrik gabe
ametsik gaiztoenek ere mendekua hartuko dute
baina bitartean gaur orain hemen
zeregina dago franko
hil nahi duenarentzat
hamaika gizon zuri mahai borobil batean
hamaika gizon zuri mahai borobil batean
ito ditzagun belaunekin samak estututa
jos diezaiegun bizkarrezurra berunez
ikus dezagun bizirik geratzen diren apurrei
noiz arte iraunen dien amorruak
zer ernetzen zaien guk erein diegun gorrototik
atera kontuak egin eragiketa
zenbat hildako onartzeko gai dira?
tematuko dira berriro ere
aukeratuko digute destinoa
eta egoskor ez entzunarena eginez
geure bidetik etorriko gara
luzaroegi egon gara gure zain
ahotsa: Ainara Lasa
luzaroegi egon gara gure zain
kosta zaigu erabakitzen
eta orain
ez dugu atzerantz
ibiltzeko asmorik
edo agian
beste hau da baieztapena
iraultzaren gauzarik erosoena
hura amestea da
eta bitartean
temati darrai galtzaile izatearen
kontzientzia kolektiboak
egoskor amore emateko
batere asmorik gabe
noiz eta maitasuna
beste irtenbiderik ez dugunean
aurrerantzean ez da filosofia ikasgairik eskainiko
ahotsa: Itxaro Borda
aurrerantzean ez da filosofia ikasgairik eskainiko
derrigorrezko bigarren hezkuntzan
humanitatea bost gizateriari
erregai fosilen ordezkoak xerkatzea izanen da
lehentasuna eta gu
maitasuna zelakoan fosilik erregaiena
den-dena dugu irabazteko
den-dena dugu irabazteko
hortxe nire abiapuntua
oraingoan neurez ari naiz
inoren izenean barik
neure gain hartzen dut
den-dena dugu irabazteko
galtzen ikasteko modu bat
irabazleak xede barik uzteko aukera
ni ez naiz ezeren inoren akats
ahotsa: Itziar Ugarte Irizar
ni ez naiz ezeren inoren akats
garai bat baizen gehiago dira nireak
berbarako gaurko hau
eta datorkeena
txarrantxak hipotekak
balio erantsien zergak
harresiak gabeziak
laikoen mezak
esklaboen gaineko enpresak
oporren arteko kexak
ez dago lanaldi osoz bizitzerik horrela
lokatza ez bada ura eta lurra besterik
ahotsa: Mikel Elorza
lokatza ez bada ura eta lurra besterik
zerriak bizkarroiek eragiten dioten
azkura baretzeko badarabil
laketu gaitezen
makurrago bizi daiteke
lokatzetan baino
hitzen ordena aldatuz esan daitezkeenak
mugatuak dira baina infinitua ez da urruti ibiliko
egun batzuk gehiago baino ez ditugu behar
edo esandako guztia meta batean bildu
erdiko enborrik gabe zerurantz
ez diezagutela bihar gaurko ausardiarik uka
gogora gaitzatela banan-banan
atea zabalik utzita joan zen
ahotsa: Mikel Elorza
atea zabalik utzita joan zen
giltzak kanpotik dingilizka
eskailburutik begiratu
oihu egin eta ausarki
jaitsi zituen eskailerak
zazpinaka agidanean
orkatila bihurrituta
herren hasi zuen bidaia
labirintoa bilatu zuen
bidegabea ulertzeko
irteera aurkitu ordez
luberriak ongarritzeko
laborria iragazirik
arrunkeria bihurtzeraino
errekan gora abiatu zen
jauzika iturbururaino
apropos sartu zen galsoroan
oinetakoak erantsita
urteak egin zituen oinez
denen bistan desagertuta
lokatzetan baretu nahirik
porrotaren osteko azkura
besaulkia txikitu zuen
menostu guztiak gogoan
galdutakoaren bila bazatoz
ahotsa: Iraia Etxebeste
galdutakoaren bila bazatoz
beste giltza batzuk ekarri aldean
zabalik utzi zenuen etxea
urteak dira alargundu zela
orain ez du sarrailarik xerkatzen
nahiago ditu leihoak aukeran
iraultzaileen maitemin ustelak
eguzkitan biziberritzekoak
berdaturik dituzu
beratzen utzitako ametsak
aiduru dituzu
artega ezkaratzean
ahantziko zenuen akaso
aitaren heriotzaren ostean
amak indartu zituen habeak
aitita jaio aurretik amamak
iraunarazi zituen berberak
aurrera emandako pausoen gainean
atzera bazatoz
ongi etorria jasoko duzu
omenaldia tematzen bazara
jendetza izango duzu zain itxarongelan
hormarik ez duen etxe honetan
berdaturik dituzu
beratzen utzitako ametsak
ihesi doazkizu
galdu zenituenak gogoan
zaude geldi
zaude geldi
ez pauso ez izerdi
zaude zeurean
hasierako leku berean
zaude zilborrari zor
aitzakien babesleku gotor
zaude zurrun ez hauskor
min emandakoan ere jator
zaude garbi garden
orbangabe lerden
zaude zorneari eusten
ezina ekinez egiten
zaude lubakian luzaro
kanpoan hotzegi dago
zaude hurkoen gainetik
lotsa galduko duzu oinpetik
zaude olatuei so
ezabatu haien antzo
zaude zu betizu
onartzeak kalte egiten dizu
nahita izan da-eta
otoi barkaidazu
oihua entzuten baduzu
egunero nire eskuetan
kolpea sentitzen baduzu
usu nire hitzetan
nahita izan da-eta
otoi barkaidazu
 
arrazoiak ditut motiboak beste
maiz ohartzen naiz ez uste
entzun nahi zenukeena badakit
erranairuak poltsikoan darabilzkit
neuk ebatziko dut noiz erabili ordea
eta badaezpada erantzuna dut gordea
nahita izan da-eta
otoi barkaidazu
kilkerra ezkutuan bizi da
zuloa egiten du lurrean
bertan ostentzen da
inguruan isiltasuna baizik ez denean
kantatzen du
ezkutuan beti norbait dagoela
aldarrikatzen du
harroa da
besteek bera entzutea nahi du
zarata igartzen duenean isildu egiten da
besteek diotena entzun nahi duela dirudi
besteen hitza errespetatzen duela dirudi
edo ez duela inork non dagoen jakiterik nahi
epeletan kantatzen du
eguzkiak jotzen duenean
euria ari duenean isildu egiten da
tanta bakoitzak esateko duena
entzun nahi du
kilker bat kantuan hasten da
gero beste bat eta beste bat eta beste bat
harik eta hamaika ahotseko kilkerbatza
osatzen duten arte
sekula ez ahots berdinez
nork berea eta hurkoarengandik
ezberdin doinu berean
itzuli ziren antzarek
ahotsa: Gorka Urbizu
itzuli ziren antzarek
biharamunean egin zuten alde
lur-hartzearekin batera
erre zitzaizkien oin-zolak
atoan ohartuta
oraindik ez diogula
gure minari lurrik eman
nekezegia litzaieke
hanka bakarraren gainean bizitzea
zintarrietan ez dugu leku nahikorik
herrenentzat
ixa bat zeruan
Apo baten listuak pozoituta
Lander Bilbao
eskura dugun herrian ikusi zaitut
ahotsa: Josu Landa
eskura dugun herrian ikusi zaitut
kalearte zaharretan
aspaldikoekin berbetan
iritsi berriak agurtzen
hutsik zeuden etxeetan
argia ere ikusi dut
itsasoan itogai zirenen itzalak
afalondoan mahaia jasotzen
burubiko gorputz bat
luzaroan musukatzen
eskura dugun herrian ikusi zaitut
lagunartean dorre bakarreko gaztelua osatzen
atzamarrak elkarren lepoei iltzatuta
eskura dugun herrian ikusi zaitut
denontzako herria izango da?
galdetu dizun betiko auzolagun ezezagunari
nork egiten du herria ez bada denok?
erantzun bete isiltasunez begira
eskura dugun herrian ikasi dizut
itxaropenaren ardura sei hilabeteka
banatu duzuela herrikideen artean
kanturako ezgauzak onartzen dituzuela
abesbatzetan
askatasunari berak gura duena izaten
onartu diozuela behingoz
berbarako eskua altxatzeko eta
XX. mendeko poesiari buruzko ikastaroak
eskaintzen dituzuela kiroldegietan
eskura dugun herrian entzun dizut
baimena eman dietela sasiei
kartzelak jan ditzaten
ziegek isolamendua senti dezaten
gutxienez hogei urtez
kartzelazain birgizarteratuek
lorezaintza master garestietan ikasitakoa
praktikan jartzea legez arautu dutela
inork ez duela aurrez izenik eman beharko
gogoratua izateko
eskura dugun herrian entzun dizut
beldurra galdu diezuela ispiluetan
agertzen zaizkizuen erabaki okerrei
iraganean ilunetan hasitako bideei
jada ez duzula galtzailearentzako atoiuntzirik
eta nork berea oroitzen duela orain
memoria letraz letra
ahoskatzen duzuela elkarrekin
eskura dugun herrian ikusi zaitut
aldatu egin zara ezagun zaizu
badakizu zer egin
bizitzaren ederrarekin
badakizu zer egin
herra uherrarekin
eskura dugun herrian
aurkitu zaitut
gure maitasuna lokartu ez zedin
izerdia egin ostean
etorkizuna asmatzeko irrikatan
munduaren aurrean lotsabako
herriko plazan
udagoieneko iluntze batean
apo baten listuak pozoituta
esnatu nintzen eta harekin
ikasi dut estimatzen
itsusiaren edertasuna
arbuiatuaren mendekua
Euskal Herrian bezala mundu osoan ere
gutxirekin gehiago
esan daitekeela ikasten diot
kli-klu bakoitzeko
maluren eztigarri musika da berez
lo eginen duzue baina ametsik ez
Ez zaitut behar beste zaindu
Ima Ubeda