Ezer gabe hobe
Ezer gabe hobe
2009, nobela
224 orrialde
978-84-92468-13-3
azala: Lander Garro
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2012, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
Ezer gabe hobe
2009, nobela
224 orrialde
978-84-92468-13-3
aurkibidea
 

 

2

 

Lamdaren hatzik ez zen bosgarren estaiko egoitzan sartu zirenean. Lanetik landa ardura, hirian zehar ausatzen zen, Sigma eratorrian zelarik bereziki, Bartzelonan, Erroman edo Berlinen.

        Ondoko astelehenean Mexikora zuzentzekoa zen Lamda, kongresu batean parte hartzeko, planetaren berotze fenomenoen espezialistetarik baitzen. Erleak zituen nagusiki aztertzen bost kontinenteetan. Eta baleez maitemindua zen. Noiztenka goizeko oren zurbiletan mamiferoen abestien grabaketarekiko KDa sakatzen zuen irakurgailuan. Desira berotzen zien soinu elkorrak, minberak, itoak.

        Posa Ngaka kukuzka zegoen, hormetan zintzilikatu argazkiei beha. Ekuatore Afrikako eta Amazoniako oihanak ageri ziren, Bardeetako mortuak eta Ogellako harridiak. Pigmeoa berriz ere kantuari lotu zitzaion. Beltzorriaren ahotik jazarri melodiek erotzen zuten Sigma. Munduarekiko samurtasun itzelak korapilatzen zizkion hertzeak. Lehen aldia zen horrelako zerbait sentitzen zuela, eta behingoz zintzo ekiteko unea hurbiltzen ari zitzaion.

        Euskararen eta Euskal Herriaren aldeko borroketan nardatu zen alabaina, haize farfailaren antzera erabili militante arruntena izanez. Orduan modestia bera debekatua zitzaion. Ohartu zen denborarekin odol eta ele uholde guztia boterea erdiesteko modua baino ez zela buruzagientzat; astiro saihestu zen, baztertu zutela ez errateko, aski fermua, aski fedetsua, aski itsua ez zelako. Lamdak nazioaren ideiaren getarian zerraikan, eta maiz kexatzen ziren gai bat edo beste zela medio. Hargatik Lamdak maite zuen Sigma, eta vice-versa gorputzen epelaz mulikatzea, ibiltzea, solastatzea, gosaltzea, larrua jotzea. Politika aburu kontrajarriak ukanagatik.

        Liburuz mukurutu sukaldeko mahaiaren gainean Lamdak abandonatu papertxo bat aurkitu zuten: Kaparenean nago afaltzen, sarri arte, maite zaitut. Erlauntzak zeuzkan barnealdeko Kapa laboraria konturatua zen, erleek uzta mendreagoa ekoizten zutela auzoek arto transgenikoa ereiten zutenetik. Lamda deitu zuen gertakaria aztertzera hurbil zekion. Erleak naturaren seinaletzaileak ziren, eta izakirik txikienak pairatua —oraindik mina jasaten ez zuen arren— handienak sufri zezakeen. Bizitza katearena azpimarragarria zen, ez bakarrik Lamdaren begietan, Sigmaren eta Posa Ngakarenetan berdin. Mendi orlegiaren kaskoan, aterki sareduna buruan eta esku-larru lodiekiko Kaparen potretaren azpian erlastu zen Posa:

        — Zertan ari da?

        — Erleak artatzen. Hauspoaz kea barreiatzen du kofoinaren barnera, eta erleak aztoratu egiten dira. Horrela ezti oparoz hantu oholtxoak eskura ditzake!

        — Guk ere eztia biltzen dugu gure oihanean.

        — Denek orok hori dukegu bilatzen...

        — Kongoko erleak salbaiak dira eta ez ditugu aurpegiak gordetzen erlakume multzoen gatibatzeko. Ehiztariak kantu bat hegaldarazten du, arbola luzekoien oinetan sua pizten eta han bertan keak burtzoratzen ditu. Ederra da erlea: beltza, horia, ahula eta batera indartsua. Legenda zaharrek diote, izakia mendeekin uretarik jaukiriko molekula batetik datorrela eta intsektu moldean bukatuko duela. Brazzavillen nengoelarik, Cronenbergen ulua irentsi nuen eta haurtzaroan aditu istorioez gogoratzen nintzen.

        Irriz zeuden elkarri.

        Beltzen tratuak Ganbia, Senegal, Benin eta Ghanako lurraldeak larrutu zituen hiru mendez. Europarren eta arabe-musulmanen razzien junta-toki gisako kontzentrazio zelaiak hedatzen ziren San Luis, Ziguinchor eta Goreeko uhartean besteak beste. Goreeko esklaboen etxearen buruzagi 1785 aldean egon Boufflers zaldunaren izenaz bataiatu zen Aturri hegiko Baionako karrika burges bat.

        Baina zer derasat?

        Giltza herotsa.

        Lamdaren begitarte zabala ilun zebilen Kaparen argazkiaren azpian, ezezagun zitzaion Posa Ngakaz konturatu zenean. Aurkezpenerako prest, aldiz, Sigma zoriontsu zen. Pigmeoa, bien artean zer ari ote zen gertatzen galdezka. Kanpamenduko kideak behialako misiolari baptista haserretuen parean bezala, hobendun sentitu zen, bekatoros, lizun, zikin. Sigmak Lamdaren ahurra tinkatu eta matelan musu bustia laga zion. Lamda ez zen kantitu:

        — Nor da hori?

        — Kongoko pigmeo bat, Londresera behar du. Paperik ez dauka eta Bartzelonatik itzultzean, bortxaz baina, frontera pasatu dugu. Kuku-gordeka.

        — Gezurti bat zara. Zure infidelitatea estakuru humanitarioz apaintzen didazu. Uste duzu sinetsiko zaitudala? Ez dut nahi hemen gera dadin. Edo biek kanpo duzue.

        — Lamda, otoi...

        — Humanitarioan zu! Ez da hoberik! Azken aldian Josu gure sendiko euskaldun suhar eta herritar propioaren aterpetzea ezeztatu zenidan, lanjerosegia zelako, eta gaur, muga klandestino batekin iragaten duzu. Bekaitz bat baizik ez zara! Zer xerkatzen duzu?

        Pigmeoak bostekoa luzatu zion:

        — Posa Ngaka naiz. Sigmarena egia da. Arazorik baldin bada, edozein zubipetan ezkuta naiteke. Afrikatik abiatu eta plaza ez gomendagarri anitzetan etzan naiz... Euskal Herria ez da Tonbuktu.

        Posaren hitzek Lamdaren baitako tentsioa jaitsarazi zuten. Lamdaren telefonoak jo zuen. Gelako leihoa herstean, bero sapadunaren ondorioz zerua lainotu eta jada lantxurda emeak lurra besarkatzen zuela baimendu zuen Sigmak. Behereko belardiko lanparen argitan uharra bihika zihoan, samur, ukigarri, amoretsu. Lamdaren etsia zuen:

        — Larunbatean Londresera abiatuko gara. Trenez. Hegazkinez eta pasaporterik gabe ezin du Posak. Sobera kontrola bada. Anartean gurean egonen da. Astebete. Ez gehiago. Zin dagizut.

        — Mendizalea dela erran dezakegu.

        — Lamda, mesedez.

        — Ez dakigu zer gerta dakigukeen.

        — Ez... Zer dira ordea bost egun bizitzan? Dokumentu faltsuak merke marrazten dituen bat badela badakit, sasi-hiri horietan. Ezjakinago eta askoz hobeago zuretzat.

        — Posa, zergatik ez duzu Frantzian gelditu nahi? —Lamdarena tximist atera zen—. Politika arrazoiengatik ihesean baldin bazoaz, erakunde egokietara bidaltzen ahal zaitugu unean uneko paperak lortzeko. Arrotzez axolatzen den elkarte bateko buruzagiarekin harremanetan jar zaitzaket.

        — Ingalaterrara noa. Frantziako legeak bortitzak dira klandestino afrikar gizagaixoekiko. Parisek aberats eskolatuak baizik ez ditu onartzen. Gainera, Londresen arrazismo gutxiago omen dago. Eta Sohon ohatu da Sambakwa herritarra. Harengana behar dut.

        Mututu zen Posa Ngaka.

        Isiltasunaren edukia konprenitu zuen Sigmak. Solasaren hariari tiraka tematu zen, soako arranguratsua Lamdatik Posara lerrarazten zuela:

        — Egoera konpondu artean bederen, ez al duzu gurekin geratu nahi? Aipatu dizun arduraduna elerranen du Lamdak. Hilabete baten afera da.

        — Sambakwa Londresen aiduru daukat. Paperak han eskatuko ditut. Badakizue, Bamakon nengoela, egoitza neokolonial bateko jabeen sehi lanetan, Frantziatik arras biolentoki kanporatu RBK gurutzatu nuen. Hegazkinetan sartzen dituzte, zainak hiltzeko txertoekin zaintsuegiak baldin badira, poliziaz inguraturik bidaiatzen dute, batzuetan hegaldiko hiritarrak biolentzia horren kontra oldartzen direla. Lehendakariak Malira charter haboro hitzeman zituela berretsi zidan ostalari bihurtu RBKk. Sambakwak Ingalaterran erresidentzia karta du jadanik. Bere familiakoa naizela froga dezake menturaz. Akwa leinukoak gara biok.

        Franzafrik hustukatu zuen Sigmak.

        Nortasun nazionalaren eta inmigrazioaren ministerio agerroia sortu zuten gobernuaz jabetu orduko. Oraindik ere Goree irlako kate hotsak eta larderiazko mintzaldi xenofoboak mihimin zapalduenen puntetan tu oihartzen ziren.

        Begiak hezetu zitzaizkion.

        Baina jainkoa jadanik beltza zen.

        Lamdak afaria prestatu eta Sigmak Bartzelonatik ekarri liburuak hostokatu zituen. Posa Ngaka hara eta hona zebilen. Hondarrean gogoetari eman zitzaion. Pigmeoaren hatsartzea ez zen entzuten, desagertu bailitzan. Ez zuen kantatzen. Sigma mahaiko ogi mami puxinkekin jostatzen zen. Lamdaren belarria musurikatu zuen. Barrez ari zen, baina Lamdak esku gibelaz haizatu zuen:

        — Utz nazazu bakean! Ez duzu ikusten okupatua naizela?

        — Kexu zara nirekin?

        — Pixka bat. Abisatzen ahal ninduzun. Ez zenuen mugikorrik ala?

        Ez zen beranduegi listorraren burrunbaren entzuteko:

        — Bizkitartean zu zara Posaz alfatik omegara axolatzen. Ni asteazkenean Mexikora noa. Eta ez ahantzi hitzordua dugula han datorren hilabetean. Billetea hementxe daukazu.

        — Nahi zaitut gaur.

        — Zein nazkagarria zaren!

        Sorbalda ukaldi xeheaz bultzatu zuen Sigma.

        Posa Ngakaren aldamenean ttottotu zen: flüchtig bleiben.

        Hori baitzen, nehoiz ez zen gelditu behar, nehon, tai gabe ekinez, Posaren antzera eskapatzen edo ingurukoek Sigmari leporatzen zietenez, azalkerietan galtzen. Ez baitzen alabaina, bospasei hizkuntzetan errepika zezakeen hurrengo geltokirik. Zena zelakoa, begia aldizka Posaren ahur ilunetan, eta Lamdaren bizkarrean lausotzean bazekien ultima fermata hark herioa zekarrela. Garrantzitsua zen ez hiltzea, bizirik irautea derrigorrez, izpiritua alha eta bihotza pil-pil.

        Ezagutzen zituen noski zainak anestesiatzea garaiz erabaki zutenak. Behin, begi-kliska batez Yotaz maitemindu zen, haria hiruzpalau astez irun zuten, noizbait kaferako gonbidapen baten aitzakiaz, tabernako eguteran argiki mintzatu zitzaion arte:

        «Ez dakit nola has».

        «Ez nauzula gehiago maite erranen didazu, bestela ez zenuke halako zailtasunik».

        «Horixe da: ez zaitut maite. Uste nuen neuretzat zinela, baina ez, engainatu naiz. Engainatu nauzu, hobe».

        «Nitaz trufatzen zara? Zer egin dugu elkarrekin hilabete honetan? Hori ez baldin bazen maitasuna —altzairuzko zinominoka marraztu zuen Sigmak—, gauzen izaeraz dudatzera ekarria nintzateke».

        «Larrua jo dugu. Ezberdintasun handia dago zuk amodioa deitzen duzunarekiko. Tronpatu naiz. Ez zaitut ildokoa. Gainera jasanezina zara, higikeriaren gaitza duzu, funts bako perpausak ahosabaian, ohantzean itzuli-mitzulikaz akitzen zabiltza, lotarik ere bakerik aurkitzen ez bazenu bezala».

        Sigmaren ninikak busti-bustiak ziren. Posak eskuaz berea balakatu zion, kolore zuriak eta beltzak sosegu bila batzen zirela. Oroitza beratzen zion Yota hura hila zen, txio eta jauzika ibili arren, sentimenduak udalatu elgeen ereiteko gutiziarik ez zeukalako: desiraren ehorztea, inozentziaren kriminalkeria soilez, norberaren erailtzea baitzen.

        Ordaintzeko orduan Yota mintzatu zitzaion, lakar: «Eta hurrengoan norbaitez erremintzen bazara, atxik ezazu distantzia eta barrutik jabal zaitez amiñi bat, bestela nehork ezer ez dezake zuretzat».

        Yotaren gomendioak zeramatzan kaskoan laztan zezakeen batengana hurbiltzen zen oroz, edo Lamdak, gaurkoan nola, haserre gorriaz haizatzen zuenean. Itarekiko soka-muturra behin suntsitu zuen, hain zuzen distantzia sobera mantendu zutelako biek eta sentimenduari helmugarik ikusten ez ziotelako: zepo tepotik ez zen sekula jalgiko.

        Zutitu zen.

        Posak abestu zuen giroaren jabaltzeko. Janariaren usaina erregin, hirurak hormatu ziren bakoitza bere katilua ahurretan. Lamda gaitzitua zitekeen. Posa aharrausika, nekatua zelako hainbeste ezuste jasanik. Eta Sigma goibel. Hargatik Lamdak prestaturiko arrain-saltsa deliziosa zen. Ur basoa gorarik, Sigmak Posari eta Lamdari handizki deklaratu zien:

        — Ongi etorri gurera, Posa.

        Lamda karkaraz lehertu zen, misterioski. Posa Ngaka poztu zitzaien eskerrak bihurtuz. Sigmak, ahapez:

        — Bulegoa daukagun gela horretan lo galantak eroango zaitu. Bihar lanetik landa joango gara Aliasengana, egiazkoaren itxurako pasaporte faltsua irarriko dizu hark. Lilleserako treneko txartelak ere hartuko ditugu larunbaterako. Artean hemen geratuko zara gordean. Lamdak ez du arazorik nahi.

        — Bai, ulertzen dut. Igandean Londresen izango naiz beraz?

        — Dena ongi baldin badoa, bai. Sambakwa deitzen ahal duzu jagoitik. Eskukorik baduzu?

        — Ez, ez dut ezer.

        — Kargatu eta neurea prestatuko dizut, non daukadan ez dakidan arren.

        Lamdaren begiak lizundu ziren:

        — Portablea etxean uzten duzu ateratzen zarenean. Bartzelonan, gabe zeunden. Zer edo zer agitzen ahal zitzaizun eta ez nuen deus jakinen?

        — Nigatik kezkatzen zara?

        — Nola ez? Maite dudana zara, besterik ez.

        Geldoaldi horretan, hasiera-hasieratik trukatzekoa zuten musuak apaindu zizkien aho-izkinak. Sigmaren bihotzean Sarà perche ti amo ernatu zen eta behatz deliberatuaz musikategian gatibatu zinta buklatu zuen. Italiarren aire xoxoloaren arintasunaz uzkaili ziren leihotik urturiko ilunpea, Posa Ngakaren aurpegia eta pegartegian itzalduriko Lamdaren silueta.

        Posaren ohea egin zuen Sigmak: mihise garbiak, burukia, elefanteak, tigreak eta zebrak marrazkitan zekartzan estali lodia.

        Logelako atea zabalik utzi zuen pigmeoak. Lur hasean zetzan, besoak gurutze, zurrungari emana. Lamda bainutegitik itzuli bezain laster, Sigma ganbara hezera lerratu zen sugetzar joareduna bailitzan. Ezpainen gazitasunak akuilaturik bezala, hatsa bahitzear, gorputzak magma malgu, elkarren baitan batzera haiatu zituzten, auhen eta xuxurla estofatuz. Bidaiaz zenetan Sigmak eskas zuen Lamdaren leuna, beroa, zakarra, borobila, sorbaldak, lepondoa, sabela, hankartearen mikatza. Falta fisikoa zen, izartu ezina, mutilazio edo anputazio baten modukoa. Hiri arrotzetako karriketarik ibiltzen zen orduan, kafetegien terrazetan auhertzen zirenei beha edo ortzadar koloreko ghettoetako dantza-lekuetan gau bakarrerako izengabeko amante bila.

        Lamdarekin hasiz geroztik, noiztenka tekila freskoaren pindarrak barruak sutzen zizkiola, ezkerraldean murgiltzen zitzaionaren perfumearekin askitto zuela erabakitzen zuen. Sigma ez zen nehoiz fidela izan, baina Lamdarekin saiatzeaz beste erremediorik ez zeukan.

        Bizkitartean larrualdiaren ekinean kontzentratu zen, hausnar likitsen zernaitzak abandonatuz: plazerezko olatuak haragi malguen harkaitzetan kraskarazi zituen maitaleak. Sigmaren mihia Lamdaren papondoan zirristari, jaitsi zen, jaitsi, jaitsi irakitear zegoen iturburua aurkitzeraino. Han, milikalapa intzirikariz egarria ase zezakeen. Lamdaren atseginezko oihuaren gogortasunak munduaren hondar mugetara bota zuen birindika, ukitua, itxuraldatua. Negarra begietara jauzarazteraino.

        Amodioa eta exilioa posta-kartaz zedarritzen ziren:

        Senegalgo Dakar hiritik lau kilometrotan dago Goree, itsaso erdian. Txalupaz hogei minututan. Egoitzen arkitektura, diotenez, estilo kolonial orekatu bezain perfektuzkoa da. Miresgarria. Bisitarien urratsak trabatuz hamarnaka haur aurkitzen dira baobab eta bougainvillier delako zuhaitz tropikalen maldetan.

        Sigma, gaumin, altxatu egin zen, edan eta bulegoratzeko: pertsianak zeharkatzen zituen ilargi arraioan, Posak sudurrots xeheak adierazten zituen, Kongoko oihanaren bakean bailegoen. Alabaina nomadak ez zuen sortaldeko ihaurgi marduletan lotaratzeko ohiturarik. Nahiago zituzkeen buztinaren bihotz taupadak edo lur peko hodietan zebiltzan xinaurri eta zizare malatsen irrista tematsuen xirri-xarrak hauteman: nork zekien? Ororen buru Sigma Lamdaren ezkerraldean kuzkurtu zen, umeki.

        Pigmeoaren bezperako abestiaren oihartzunak urratu zion gogoa: melodia hura urrunetik zetorren, amodioa irudika zezakeen, exilioa, esker ona eta berriz amodioa. Wangari Maathai izena jin zitzaion neuronen mustupilkatzera. Izpiritua troxatu zuen memoriaren inarrosteko. Bakearen Nobel saria 2004an erdietsi zuen Mombasa aldeko emazte kenyar bat zen, green belt mugimenduaren eta edonork globoan barna hazkurritzat erabil zezakeen autobus okerraren sindromea zelako metaforaren sortzailea.

        Zergatik sartzen ginen autobus okerretan? Erkideen erruz zitzaizkiguna beti makurrik okerrenak agitzen? Nolaz ez genuen arreta gehiago jartzen obratzen genituen gauzetan? Zelan genbiltzan botereak kritikatzen, maioriaren legearen arabera geronek ezartzen genituelarik gizon nazkagarri oldeak gobernuetan? Ez ote genezakeen ezer opilaren ontzeko, gure desirak eta premiak garatzeko? Autobuseko txoferrari bortitz arrabokatzeaz beste ilkibiderik ez al zen? Gure nortasun ezkutatuak laidoztatzen zituztenean, zergatik txalotzen eta alaitasun orokorraren parte oso ginelako bekokia salbatzen genuen? Kuraia eskasez? Aita sinbolikoak errespetatzeko bakarrik? Zertako hain erraz apaltzen genituen kopetak? Galerna pasatuko zela sinesten genuelako arauz? Bertolt Brechten moduko galdetegietako mailetan behaztopatzen zihoan.

        Wangari Maathaik kenyarrak beraien egunerokotasunaz axolatzera eta idorteak erraustu lautadetan zuhaitzak landatzera animatzen zituen. Arbola baten egoeraz kezkatzen zena bizitzaz ere ardura baitzitekeen, jendeak eta arbolak enbor berdinekoak ginelako.

        Kolonialismo garaietan Port-Jesus izeneko Mombasako azkorriak imajinatu zituen Sigmak. Ezezagun zitzaizkion, baina arrazoia ematen zion Wangari Maathai andereari: ikastekoa zen aldrebesturiko autobusaren geldiarazten, zinez pentsatua salatu eta eginez.

        Astia ukatzen zitzaigun.