Zeruetako erresuma
Zeruetako erresuma
2005, nobela
344 orrialde
84-95511-71-1
azala: Marcelo Díaz
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
Zeruetako erresuma
2005, nobela
344 orrialde
84-95511-71-1
aurkibidea
 

 

10

 

Sebasek ez zuen oraino negarrik isuri. Eta hor hipaka ari izan zela oroitzen zen. Ezin gelditua. Begitartea eskuartean ezkutatzen zuen, malkoak nehork ikus ez zekizkion. Ostatuko mahaian jarririk zegoen, garagardo baten aitzinean, begiak bustirik eta ortzaizera so. Zigarreta paketea aldamenean zeukan eta bat bukatu orduko pizten zuen beste bat, zainetan.

        Joanes artzain erretretatu zaharra kontuarrean bermatzen zela ohartu zen eta tristuraren sakonetik tabako grisaren biltzeko haren keinuak segitzen zituen: papera ezpain izkinan dilingo atxikitzen zuen, ezker eskuaz eskuineko ahurrean tabakoa abar fin moldatzen zuela. Irriz ari zen bitartean, tabernan sartu berri ziren hiru neska gazteei aspaldiko istorio gordinak kontatzeari ekin zion. Bat-batean papera hartu eta tabako lerroa harekin troxatu zuen, bazterretara tu eta alajinkoa-ka. Haren ele eta jarioak oro lurrean hedatu sega-zahian amiltzen ziren. Gaizki ebakitako enbor lehorraren antzeko zigarreta bi erietan gatibatu zuen, ahoratu eta paperetik kanpo zebilzkion tabako ilatxak zaintsuki moztu zituen. Inguruan zeuzkan neskatxetako bati briketa eskatu zion. Sudurpean sutea itxuratuz azkenean zigarreta piztu zuen eta, jaun bailitzan, kasik auzo zuen Sebasi erran zion:

        — Errak hi, ez haiz lanean ala egun?

        — Bakea emak gizona!

        Joanesek uholde baten asaltoa jasan zuen. Artzain trunkiloak, hinki-hanka, Sebasen mahaira jo zuen:

        — Laneko denbora laburtu eta egiazko auherrak bilakatzen ari zarete.

        — Isil hadi Joanes! Ez diagu gehiago lanik. Soik...

        Zenbait minutu lehenago postan eskuraturiko lizentziamendu gomendatuzko gutuna erakutsi zion: fini duk guretzat errepikatzen zuen lelotzeraino. Oroitu zen postako funtzionarioaren aurrean lehertzear egon zela, ahalkearen ahalkez. Langile hura madarikatzen zuen, nahiz eta errespetu handiz eman zion gutuna. Alabaina jakina zen, irratian nagusiak erranik, leterrak bezperan igorri eta biharamunean Etxarri fabrikako beharginen meneko zitezkeela. Herri txiki hartan denek elkar ontsa ezagutzen zutenez, edonork bazekien nor non ari zen lanean.

        — Fini duk guretzat —etsia buhatu zuen berriz, Joanesek aurpegira aurtikitzen zion kea saihesten saiatuz.

        — Zer derasak? —galdatu zion artzainak—. Egia duk orduan Etxarri hersten dela? Banian ba zerbait entzunik, baina ez hein horretan zelakorik.

        Artzaina isildu zen, kea oparoki hatsartzeko. Jarraitu zuen:

        — Errak hi, aitor ezak ontsa bizi izanak zaretela zuek langileak, sari finkoa hilabete hondarrean, etxea, familia, bi beribil eta asteburuak oro libre. Sufritzea zer den ez duzue sekula ikasi.

        — Ez dakigula sufritzea zer den?

        — Ez. Errege jardun duzue eta orain agertzen zaizue astean ostiral bat bederen badela.

        — Isilduko hiza urde zikina!

        Sebas oihuka ari zen, sangreatutako kabalaren maneran bihurdikatuz, mahaia dardararaziz eta ukaraiaz Joanes mehatxatuz. Kontuarrean, gertatzen zenari beha zeuden hiru neskak beren ttottogia gorakoietarik zutitu ziren, lekuak husteko prest, bi gizonen solasa pataska odoltsu bururatuko zelakoan. Margarita, ostatu jabeak besoak mugitu zituen, eiherra zaharraren hegalak bailiran. Ordea inor ez zen higitu. Behialako trikitixa ahairea bera desagertu zen. Segundoa ordu itxestu zen. Sebasek Joanes sorbaldatik inarrosi zuen. Etxera zuzendu zituen urratsak han bakea behintzat dastatuko zuela iritziz.

        Karrikan ibiltzen hasi zen. Negarrez oraino. Ez zuen balio, gogoetatu zuen, herrikoengan urriki bila aritzea: egia zen Etxarri indarrean zegoeno erregeak zirela, ez anitz pagatuak, baina lana bazuten, ausarki, eta zaila izan arren, lankideen arteko giroa aparta zen. Zenbat barre. Zenbat trufa. Zenbat min halaber, lagun batek istripua jasaten zuenean adibidez, edo nagusiak hogeita hamar egunez langabe beharko zutela jakinarazten zietenean, manurik etortzen ez zelako. Gogorra zen, baina elkartasuna perfektua ez baldin bazen ere, batak bestea sustengatzen zuen.

        Bidean zebilela, lizentziamendu gutuna eskuan, lan-eskaintzen bulegoaren parean geratu zen. Bi asteko lanaldiak proposatzen ziren berinetan axolagabeki itsatsiriko papertxoetan, gehienez sei hilabeteko ordezkatzeak, mugagabeko kontraturik ez zen gehiago. Eta gainera, gehienak gazteentzat. Bera bezala lau hamarkada beteak zituztenentzat ez zen deus, herritik joatea salbu eta hori eginez ere ez zen ezer segurtatzen. Zena zela, eta horrek izpiritua arintzen zion, nagusiaren eta sindikatuen artean hitzartu likidatze egitarauaren arabera hogeita lau hilabete bazituen lan baten atzemateko. Ez zen presatua. Baina pena larria zeukan bihotzean.

        Etxera heldu zen. Sukalde hutsa zeharkatu, hozkailua ireki eta garagardo bat jalgi zuen. Emazteak ikastera abiatzean goizeon pizturik utzi telebistaren aitzinean plantatu zen mando, edaria tutunetik beretik zurrutan. Martina lehen plan sozialaren ondorioz kaleratua izan zen, berrogeita hamar emazte eta adindu herbailez osatu multzo batean. Bi urte zuela, planaren salatzeko lantokian inor ez zen kezkatu: emazteak ziren dudarik gabe, eta sagu-muturrekiko kontramaixuek gelditzen zirenei erraten zieten ahapez, hoberenak baizik ez zituztela atxiki.

        Etxarri enpresaren ohorea biderkatzen zuen makina erraldoia erosi zen orduan eta sarrerako atea edertu, burdinazko hornidura gorriak altxatuz. Jean Marie sindikatuko ordezkaria langileen torpea iratzarrarazten entseatu zen, herots metalikoen tzangaken eta kideen burla lerroen azpitik zintzurra larrutuz:

        — Nagusiak erabaki du lantegi honen behin betiko herstea. Borroka gaitezen zerratzea iragartzen eta emazteak lanetik kanporatu dituen plan sozial honen aurka: hurrengoan gure aldia date!

        — Hoberenak atxiki ditizkek...

        Batek eskuan zetxikan mailua sindikalistari besainka bota zion harroki. Jaurtigailuak ez zuen geroko makurra marrazten zinpurtzen zen sindikalista huts egin. Bere ideia politikoak bezain gorria zen odola isuri zitzaion kopetan behera. Pilotan bikotekide zeukan lagunarengana lehiatu zen Sebas eta, urgentziaz deituriko lantegiko erizaina agertu artean, soinean zeraman atorra urratuz burua oihalez inguratu zion. Deus agitu ez bailitzan, langileak lanari lotu ziren, batzuk isilik eta kaskoa ezkel, besteak kantuz 1995eko funtzionario ustelen grebako tous ensemble tous lema xoxo eta debaldea zinominokatuz.

        Egia zen hoberenak atxiki zituztela, Sebas barne. Emazteak jadanik biderkatua izan zen ekoizpen erritmoa ez zezakeen segi, atelierreko gaineratiko andereek bezalaxe. Ondoko lan-gunean berrogeita hamar urte pasatuak zituzten bost kide lizentziatu ziren, aitzakia berdinak erabiliz. Hegats pausatzeko taldean, ezer egiten ez zuen gazte bilo-harro bat aurtiki zuten; lanera buhaka jiten eta egunean zehar dena arraileria eta zinkurina ari zen, aldizka alfer estakuru, hainbat non Sebasen irudiko hondarrean kanporatzea merezitako gaztigua zitekeen: lana maitatzekoa zen, etxea eta haurrak bezainbat, edo gehiago.

        Martinak ordu haietan, eskutik eskura bildu zuen langabetze gutuna Sebasi erakutsi zionean, batetik triste sentitu zen etxearen maileguen ordaintzeko emaztearen hilabeteko sosaren premia gorria zeukatelako, baina bestetik, sekretuki pozten zen hoberenen multzoan geratzeko hautatu zutelako. Bihotzaren sakonean iltzatzen zitzaion urguiluaren berri ez zien ez Martinari, are gutxiago lankideei, nehoiz eman. Atelierrera zetorrenean, Jean Marie sindikalista huxtuka errezibitzen zuten: ez zuen hitzik ahoskatzen ahal.

        Jacques kontramaixuak lehen segadako gutunak denen bistan banatu zituen egunean, hasi ziren sindikalistaren zoritxarrak: laneko eskubideak zilegituriko pausara zihoanean, baten batek buruaz gizonaren joatea Jacquesi seinalatzen zion. Nagusi-ttikia orduan haren larderiatzera lehiatzen zen eta kafearen edateko betarik ere ez zeukala, denen aurrean garrasika, lanera haiatzen zuen.

        — Hori duka elkartasuna? Hi pausan, lagunek hire lana egiten dutela! Hi bai egiazko partekatzailea!

        — Baina Jacques? Zer duzu? Ene pausa-unea da! Ez da posible, pausara heltzen naizenerako beti ene bila etortzen zara. Zer gertatzen da?

        — Isil hadi eta lanean planta... Ederra dukek etxea hi bezalako auher batekin!

        Kontramaixua gaiztotzen zen. Halaz, lankideen irri estofatuak aditzen zituela, Jacques, bere kaiola bitratura itzultzen zen, espantero. Kafe kikera erdi husturik bertan utzirik, halaber zegien sindikalistak, buru-gainera zer desmasia oraino ote zitzaion eroriko galdezka.

        Sebas ez zen gogoratzen sindikalista lantokian izen propioaz sekula deiturik. Lehen plan soziala baino bi urte aurrerago, jakin zenean CGTko karta zuela, jendetasuna erabat ukatu zitzaion eta sindikalista izenaren eratorri iraintsu ezberdinak garatu eta entzun ziren. Etxarri lantegian ez zuten alabaina horrelako zorri beharrik! Ez horixe! Gorria gainera, ezinezkoa zen. Legearen arabera, nagusiak Jean Marieren urratsak trabatu ez baldin bazituen, lankide zein nagusi-ttikiek egunerokoa infernu bilakarazten ziotela argi zegoen. Pausen historioan nola, hala behin komunetan zakila ikusi zitzaionean: izugarri laburra zuelako zurrumurrua hedatu zen lantegiko hegi batetik bestera, gizonen harrotasuna eta emazteen urrikia haziz.

        Anitzentzat horrek esplikatzen zuen sindikalista ez zela ezkondua eta ez zitzaiola neska-lagunik ezagutzen. Baten batek, Jacquesek bultzaturik segur aski, haserre bulta batez pittilitzon izengoitiaz bataiatu zuen, eta noski ezizena larruari eratxeki zitzaion, lapatin. Familiarik ez zeukanez, oporren aldia eztabaidatzen zenean, garai txarrenak tokatzen zitzaizkion: Etxarrira jinez geroztik ez zuen sekula udako bakantzarik eduki, are gutxiago eskola-denboretakorik. Eguberri, urtats eta jaietako Jacquesek derrigorrez laneko aukeratzen zuen, sindikatzea garesti ordainarazi nahiko bailion.

        Sebasek Jean Marie elaire baino gehiago zuen, asteburuetan elkarrekin pilotan jostatzen baitziren, edozein herritan antolaturiko txapelketen karietara. Funtsean lankideen gorrotoa jasotzen zuen Jean Marie hura, Bidegorri espartin usina hertsi zenean kanporatua izan eta hango errekonbertsio planaren ondotik Etxarrira etorri zen. Sebasek bere sindikalista bokazioaz eskatzen zionean, erraten zion:

        — Bidegorrin ez zian ezer, ez enpresa komiterik ez eta sindikaturik. Denak haizatu gintiztean hegoak errautsa baino errazago. Ez diagu zentimorik ere erdietsi. Edo hain gutxi.

        — Kasu egik, Etxarrin nahasmendurik ez hazteko! Ez gaituk sindikatuen alde. Ez zaiguk deus gertatuko. Azken aldian langile makalenak ditiztek baztertu.

        — Eta zuek hoberenak nonbaitik ere? Ireki itzak begiak, Sebas. Lantegia osoki herstera zihoazkik! Makalenen ondotik hoberenen ordua jinen duk.

        — Bakea emak Jean Marie!

        — Bai... Nehor ez duk bere borondatearen aurka defenditzen ahal!

        — Defenditzaile beharrik ez diagu. Guhaur salbatuko gaituk. Jacquesek akuilaturik, lankideak hire kontra altxatuak dituk.

        — Adiskide baihaut Sebas, hik atxik ezak gogoan Etxarri behin betiko zerratuko dela hemendik hamalau hilabetera. Has hadi beste lan bati pentsatzen...

        — Arren, jo pilota!

        Sebasek irria zabal eta besainka aurtiki borobilak klaska ozenaz plazako murru arrosa kuskatu zuen, ipar aireak erraztatu gunearen isiltasuna hautsiz.

        Artoizko Maianaren eguzalaba zen Martinek langabetu eta ume zaintzarako ofizioa ikasten pasatu zuen ondoko urtea. Etsamina lortu bezain laster, leku bat hitz emana zitzaion kantonamenduko hiriburuan sortzear zegoen haurtzaindegian. Martinaren lagun-mina zen Elisek informatika jorratzen zerraikan eta, hirukotea osatzearren, Josyk garbitzaile enpresa batean kausitu zuen hondarrean behin-behineko lana; egunero herritik joan behar zuen berrogeita hamar kilometrotara. Hargatik, etxean muin-kurruska eta senarra Etxarritik itzultzen zela beha egoteari bide aspergarri hura nahiago zuen.

        Hiru emazteak juntatzen zirenean, iragana aipatzen zuten: Josyk zioenaz, lantegitik iragatean sufritzen zuen, ez zuelako ulertzen zergatik bere atelierrekoak lizentziatuak izan ziren makalak zirelako estakuruaz, aste zenbait lehenago nagusiaren ohore eta zorionak erdietsi zituztelarik helburuak bete zituztelakoan. Elise eta Martinak sentimendu karats berdina zeukaten: funtsean ongi martxan zen lantegi baten zerratzeko lehen ezpata kolpearen biktimak izan ziren. Bazekiten sindikalistak arrazoi zuela, profeta mehakoil eta gosaioa bailitzan mintzo zen aldi oroz kideek harrikatzen zuten arren.

        Zena zela, geroa doiez segurtatua zeukaten beraiek; senarrak Etxarrin ziren oraindik eta irudiz bizimoldea ez zen franko kanbiatzen. Aise ez zen, baina barne-indarrez eta berritasunari plegatzeko malgutasunez, lanaren atzematen xantza ukan zuten andere hauek. Hainbat kolega depresioaren sare ilunetan gatibu zeudela. Alderantziz, Josy, Martina eta Elisek ez zuten nehondik ere burutzerik ikusten.

        Mozkortzear, Sebasek lizentziamendu lehen uhinaren ondorioak zeuzkan gogoan eta bere kanporatze-gutuna eskuan. Sukaldeko mahaiaren gainera bota zuen paper purtzilari begiratu zion. Begiak idortu zituen, alkohol bortitzago baten premia erraietan nabarituz: biblioteka zahar eta muntto itxurako armairuko atea errabiaz ireki eta whiski botila bat erauzi zuen. Edariak eztarria erre bezain laster, Rafaren soak pentsamendua larrantzi zion. Martinaren orga berdinean kanporatua izan zen Rafa. Egia erran alkoholarengatik izugarri gaizki zen gizona lanera zetorrenean: arrunt horditua, ez zekien non eta norekin zegoen, fraketara pixa egiten zuen oharkabean; orduan, lankideak biltzen ziren makinen mehatxutik haren baztertzeko eta motore urrina zerien zaku meta gurintsuetan pausatzen zuten Rafa, lo egin zezan, sirenak azken orena orroatu artean.

        Rafa gaztaroan zen mutiko zintzo, zuzen eta gurbilaz oroitu zen Sebas. Bat-batean egoera okertu zitzaion, diru-ahalez haraindiko etxea eraikiarazi zuenean herriko tokirik garestienean. Garai hartan hasi zen errealitatearen zentzumena galtzen eta itsuski edaten. Lanetik landa, irri partida galantak egin asmoz lankideek jokoz bezain axolagabeziaz, ostatura gonbidatzen zuten; han, Rafa askatzen zen: ez zen inor haren aitzinatze kementsua geldiaraz zezakeenik. Trinkili-trankalaka eta ezker eskuko behatz konkortua kolegaren papoan finkatuz, toteltzen zen.

        — Ni banauk... Beste bat hartuko duzue araiz?

        Basoen baltsak ez zuen etenik. Ilunak herriko karrikak irensten zituenean Rafa inguma bilakatzen zen. Hastapenean autoz zihoan, baina gidatzeko baimena kendu zioten. Gero oinez zebilen, balantzaka. Jan gabe oheratzen zen, koñak botoilatxoa aldamenean, egunero seietan iratzartzeko. Berehala lotaratzen ez zenean emaztea eta haurrak besoek eman ahala jotzen zituen, bere ahuleziaren hobendunak bailiran. Rafaren barne deboila areagotu zuen lizentziamenduak: emazteak, adinean pasatuak eta famaz auherrak galera kide zituen oraingoan. Maldan behera ari zen garrazki.

        Jakin zen, dena jakiten baitzen herrian, supermerkatuan alkohol ebasten harrapatua izan zela behin, bietan eta anitzetan. Azkenean denda handiko jabeak kereila pausatu zuen. Auzia abenduko bigarren asterako iragarria zen. Umiliatze hori ez zezakeen pati eta kaskezurra zartarazi zuen ihiziko arma kokospetik hustuz. Emazteak zuen Rafa lurrean aurkitu, odol putzuan ihalozka. Hormetan zein tronaduran dilindatu buruhon haragi multzo melenga begiztatu zituenean, goiti egin zuen. Sebas Rafaren ehortzeta laikoetan egon zen, tristura bihotzean. Bizitza zaila zela errepikatzen zuen hoberenak gintuan erantsiz auhen batean.

        Rafa lurperatu zuten aste hondarrean aipatu zen balizko bigarren plan soziala. Hogeita hamabi ziren partitzera deituak. Sebas boladatik kanpo geratu zen berriz. Ez zuen ulertzen: aldion hoberenek ere eskuratu zuten gutuna. Zergatiari erantzun lehiaz, egoera aztertzen saiatzen zen: Jean Marie pittilitzon sindikalista bagoian zegoen, ahoa sobera irekitzen zuelako, normal zitekeen agian, baina Gratien eta Josep, atelierreko lagunak zergatik? Lan erritmo handia zuten eta asteburuetan edo igandeetan beharrean, nagusiak eskatzean, beti bai ihardesten zioten: egunak eta gauak lantokian pasatuko zituzten Etxarri jaunari obeditzeko. Alta alfer eta inutilak bezain axolagabeki haizatuak ziren. Sebasek ez zuen konprenitzen.

        Gutunak banatu ziren ostiral hartan adiskideen begitarteak hausten nabaritu zituen. Zerrendetan ez izateaz are gehiago damutu zen Sebas. Etxarrik orduan atalaia metaliko batera hupaturik bere segida eroanen zukeen Delbard jauna aurkeztu zuen:

        — Erretretara noala badakizue. Hara egina da. Delbard jaunak ez zituen Etxarrin geratzen ziren laurogeita hamabi langileak oro hartzen ahal. Bigarren plan sozial hau lantokiaren iraupenaren baldintza duzue. Badakit gogorra dela, baina beste aukerarik ez da.

        — Haii... Beti beste aukerarik ez dela diozue, sakelak bete, diru publikoa zurrutatu eta ospa egin aitzin.

        Martxel izeneko gazte bat, taldetik bereiziz, oihuka ari zen. Jean Mariek lizentziamendu gutuna ingurura erakutsi eta alde egin zuen. Sebas gogoratu zen, orduan burua apalik gelditu zela, adiskide zirelarik alta, sindikalista lankideen ausiki zital eta gogorkeriei buru egiten saiatzen zenean. Ez zuen gaizki ikusia izan nahi. Alderantziz, zaunkalariei pozoia erantsiz, trufa trufaren gainera aurtiki zuen, herraren sua atitxatuz.

        Hirurogei langile gelditzen ziren Etxarrin nagusi berriaren zuzendaritzapean. Lizentziatuak arrunt irten ziren lantokitik, arropak eta tresna pertsonalak bertan abandonatuz. Geratu zirenek kanporatuen herroka urruntzen segitu zuten, ilun. Delbardek mailukatzen zien lantegiaren geroa segurtatua zela, sakrifizioak egitekoa zirela, hoberenak atxiki zituztela aditu zuten oraino, baina ez zen egia ezen Josep eta Gratien, Sebas eta atelierreko edozein baino hobeak zirelako laneko jakitate eta abiadura mailan; arazo bat edo beste agertzen zenean beti imajinazioa martxan jartzen zuten agudo, aterabide originalak asmatzen zituzten. Martxelek karrankaz jarraitu zuen:

        — Ez ditugu egitera utzi behar. Plan sozialez plan sozial, isilka-misilka, lantegia hertsiko digute. Zer agituko da hamar baizik ez garenean izango?

        — Gre-ba! Gre-ba! Gre-ba!

        Gizon eta emazte apur ahotsez moldatu langile koruak ez ohizko lema neurkatzen zuen. Hitz hori laido eta alfer-zigilu zitzaien garaian mila irri egina zuten eta hor, nekez baina nekez beste elerik ez zeukaten ezpainetan:

        — Goazen lehen uhinean eta atzo kanporatuen bila! —proposatu zuen Jeremyk, gehitzen zuela—: Bitartean zuek Delbard bahi ezazue.

        Talde bat lantokitik atera zen. Ohikoan hain zaratatsuak ziren atelierretan hormatzea hedatu zen. Ez zen mailu kolperik ez eta langile karkazailik aditzen. Uda izan balitz segur aski, ulu baten hegalka antzemanen zen. Barnean geratutakoek Delbard setiatu zuten, gaua hor elkarrekin lantegiaren eremu hotzean iragatera bortxatuz.

        Nagusi berriak erran zien:

        — Baina? Emazte eta haurrak baditut nik etxean zain! Eta gainera ez duzue ene gatibatzeko eskubiderik. Hau ez da horrela pasatuko, diotsuet: jendarmeak deituko ditut.

        — Nola?

        Lanean ebaki eskumuturra erakutsiz, emazte moko fin bat erasiaz zinpurtu zen:

        — Atxikitzen zaitugu, eta gure baimenik gabe ez duzu urrats bakar bat ere eginen!

        Beste batek hanpurus nagusia inguratu zuen, ondokoak xanpatzen ziola belarrietara:

        — Eta guk ez dugu familiarik ala? Zer uste duzu plazerez zaitugula tinkatzen?

        — Ez dut horrelakorik nehoiz pentsatu...

        Delbard saltsa irakiten ari zitzaiola ohartu zen. Langileek osatzen zuten borobilaren erdian kuxkurtu zen. Handik hara ez zuen ele izpirik ahoskatu. Arrain-zapoa zirudien.

        Aurreko bi lizentziamendu boladetan kanporatu langileak hurbildu ziren Etxarrira. Bazetozen gauerako edari eta janariekin. Joao gazteak musika entzuteko tresna ekarri zuen: libertatearen zapi gorriak kantak, buklean, lantegi dorpea kulunkatzen zuen, bakarrek ahairea ahots dudakorrez laguntzen zutela. Altzairuen maldan, Sebas gogoetatsu zegoen: ez zuen sekula Etxarrin horrelako mugimendurik ikusi, ordura arte langileak plantan eta sanoki lanean ari izanak ziren, beharrean gune industrialeko zapatagintzetan hilortzen ziren grebez burlatuz. Edo haiek hautsiz.

        Ez zuten denak batera beren eskubideen defendatzeko kemenik eduki, eskubiderik ez zuten alabaina eta hilabete-saria eskuratzen zuteno pozik bizi ziren: euskaldunentzat ez zen nagusiei asaldatzea pollit. Lanaren ukaitea eder zitzaien. Baina, arratsalde hartan, Etxarriko ehun eta berrogei kideak bilduak zirela, ez zen bozkario arina aipagai, baizik eta borroka. Zortziak aldera kantonamenduko FOko ordezkaria fabrika atarian azaldu zen:

        — Adiskideak! Zertan ari zarete zuen soldatak galtzeko arriskuan, greba apailatzen eta nagusia bahitzen? Ez dakizue ilegalitatean sartzen ari zaretela?

        — Nor haiz hi guri hola mintzatzeko? Ageri duk ez duala lanaren galtzeko lanjerrik! Isil hadi asto handi!

        — Adiskideak... bietan pentsa ezazue ezin konponduzkoa obratu baino lehen. Lasai zaitezte eta Delbard libra ezazue. Gero negoziatuko dugu.

        — Zer negoziatuko dugu?

        Mentsa bezala berotua zen Sebas zintzurretik jaukitzen zitzaion karrankaz harritu zen:

        — Ez dakik ala lantegia zerratzeko mehatxuan izanez, deus ez dela negoziatzekorik...

        Burdin zatitxo karratua bota zion begitartera. Halaber, Sebasen besoen keinuak zinominokatuz, besteak animatu ziren eta zehatzezinezko jaurtigailu anitzen helburu bilakatzen zela konturatzearekin sindikatu hartako ordezkariak ihes egin zuen. Boz sakoneko batek orduan internazionala hasi eta lehen kopla errepikatu zuten, lalalaka bukatzeko. Noiz eta nola ikasia zuten abesti hori? Eskolan beharbada? Ez zekiten, baina argi zen bihotzak gozatzen zizkiela.

        Jean Marie agertu zen gauerdi aldera. Makur hauek aspalditik iragarri zituen. Behiala gorrotatu profeta baten maneran errezibitu zuten, hoztasunez eta lotsaz. Abantxu ehun kilo zeuzkan adineko Mattu izeneko andere pulposak Marseillesari ekin zion. Ezbaditzera utzi zuten murmuru apal batez sustengatuz. Isildu zenean, Jean Marie altzairuzko zutabera igo eta erran zuen:

        — Bazterrak inarrosten hasi behar dugu. Gaua lantegia setiatzen pasatu eta bihar joanen gara Herriko Etxera auzapezarekin solastatzera, honek prefetari eta eskualdeko politika arduradunei gutunez jakinaraz dezan Etxarrik pairatzen duen egoera larria.

        — Nehor ez duk higituko...

        Josep zen, arras etsia. Jean Mariek kasurik egin gabe, aitzina jarraitu zuen:

        — Kantonamenduko hauteskundeen urtea izanki, hortaz balia gaitezen!

        — Bai, hala egin dezagun!

        Ahots anonimoa burrunba bihurtu zen.

        — Eta bihar lanera itzultzen gara ala ez?

        Mattuk, alimaleko bularrak esku ahurrez haztatu zituen, gorputz itzuli-mitzuli zabala obratzen zuen oroz.

        Jean Marieri irria eskapatu zitzaion:

        — Ez ote dugu grebara bozkatu? Lantegiko sarrerak greba-zutoinez blokatuko eta nagusia gurekin atxikiko dugu.

        — Biba hi...

        Gehiengoak Jean Marieren proposamena txalotu zuten. Ogitartekoak eskutik eskura lerratu ziren, botilak berdin eta Mattuk katilua luzatzen zion bakoitzari kafe freskoa zerbitzatu zien. Erran gabe zihoan Delbardek bere janari zatia erdietsi zuela, baina ez zioten aulkitik altxatzea den-mendrenik ere zilegitu.

        Goizaldera, greba ez egitea erabaki zuten langileek bidea zulatu zuten sarrerako giza-zutoinen eta fabrikan berean loak hartzeko hedatu ziren zaku eta matalaza arinen artetik. Seietako, argitasun zurbailean, Sebasek begiak doi-doia ireki zituen eta harritu zen, bezperan grebaren alde hain sutsuki altxatu zen Katixa begimendu zuenean: lanera zihoazenen lerroetan zegoen, kontramaixuaren aldamenean, urratsa arin, ponpox baina burua apal. Mattin, Delbard nagusi berriaren beso-mutilak, ihalozka eta itxeska ari ziren grebalariak hitzez trinkotu zituen.

        — Mugimendua bertan behera uzten baldin baduzue, ez zaizue ezer gertatuko!

        — Etxarri lantegia likidatzeko xedea duzue: zer inporta? Egoera horrekin bat ez gatozela dugu erakutsi nahi.

        Jean Marie bulkatuz, beste sindikatu bateko kideak hitz egin zuen goraki, sindikatuen arteko influentzia gatazkak langile borroken minean ziharduela seinale, gehienetan langileen beraien kalterako.

        — Banekien atzodanik, nor izango zen grebalari eta herriko komisaldegian zuen aurkako auzibidea urratu dut, Delbard bahitzea eta langileen lanerako eskubidea trabatzeagatik!

        — Salatari-malatari...

        Lurrean borobilean jarriek burdin-makilez zola kolpekatu zuten, erritmoan. Katixa zuten begiko. Zarata garatu zen. Katixa bere atelierreko postura ihesi joan zen.

        — Uste duzue ala horrela pasatuko dela? Eskualdeko nagusiekin bat deliberatu dugu lanerako eskubidearen sustenguzko manifestaldi baten antolatzea...

        Mattin, eskuak satisfoski torratuz, grebalarietarik aldendu zen.

        Sebasek ez zuen elerik inorekin trukatu goiz hartan.

        Oraingoan, lizentziamendu gutuna erdietsirik, isiltasun astun haren edukiaz arranguratzen zen, sofaren gainean, telebistari beha zegoela, garagardoak bata bestearen ondotik zurrutatzen, Martinaren aiduru. Astelehenean, lantegi zerratuaren aitzinetik pasatzekoa zen SOR enpresak kudeatzen zuen erraklasamendu zelulara joateko: hogeita hamar urte Etxarrin ari izan eta adina zuena lanez aldatzeko? Egia erran bi udaberriz lan-bila egoeran zegokeen, baina Jean Marie eta gainerako sindikatuetako kideek aztaparka eta temaz lortu akordioa ez zitzaion aplikatuko: ez zuen berrogeita hiru urteetan erretreta hartzen ahalko.

        Lehen aldikoz bere bizian anitzez zaharrago izatea desiratzen zuen, eta atzera begira, susmaturiko desira hark jasaten zuen isiltasun zama astuna zitzikatzen ziokeen. Bat-batean holtzarteko leizea barreiatzen zitzaion oinetan, haustura beldurgarri: indargabe sentitzen zen. Gogoeta zurrunbilo berdinean zitezkeen, grebalariak bezainbat uholdeak eramango ez zituela uste eta lanera zihoazen kideak. Sinesten zuten, ontzia urperatzen zenean salbatzearren aski zela kapitainari leial eta hurbil agertzea, harekin tratu egitea edo haren sustatzea langileen elkartasunaren oinarria lardaskatuz.

        Plan soziala ezberdinen garaian ahalezkoa zena, Etxarri herstera zihoala ezinezkoa zen: galernaren uhin gosetu eta basatiak den-denak irentsiko zituen. Kolpez kolpe zein istripu arinez arin, beren eskumutur eta makinek moztu behatz bihurrituak kontenplatzean, noizbait langile izan zirela oroituko bide ziren. Bigarren plan sozialeko gertakari batek harrotu zuen Sebasen kasko zokoa: gaurkoan depresioak joa, kantonamenduko erietxe batean mutxitzen zen Roger zeukan ardatz. Hogeita hamabi lizentziamendu kontatu ziren unean gizona bere gutuna ukaitean kexatu zen, eskupean zeuzkan tresna eta ekaiak birindika aurtikiz:

        — Nahi dut nagusiarekin hitz egin! Bestela hemen guztia errautsiko dut!

        — Hago Roger, ez haiz bakarra. Kalma hadi, hitzordua finkatuko diagu Etxarri jaunarekin.

        FOko ordezkari jabal zen orduan.

        — Zer hitzordu eta zer deabru, ni orain baniak...

        Labana zorrotza ahurrean tinkatu zuen, eskaileretan gora igo zen, nagusia eta bi sekretariak plastikozko berinaren atzetik beha zeuzkala. Itzuli zenean, alimaleko pizti-irria zeraman:

        — Borrokatu beharko duzue... Eta ez date aise.

        — Eta hiretako zer? —galdegin zion Sebasek.

        — Nik? Ene larrua salbatu diat. Etxerik, emazterik eta haurrik ez duen Alberto kanporatuko ditek ene ordez. Gainera ez duk hemengotarra. Gaitzerdi ez?

        Oka egiteko gutiziak sabela iraitzi zion Rogerren elasturiak. Eiki larrua salbatu zuen, baina ez luzerako, ezen handik sei hilabetera, Baionako auzitegiak Etxarri legezko likidazio bidean jarri zuen. Hargatik, grebak iraun zuen azken bost asteetan izugarriko barne-biolentziaz ekin zuen Rogerrek. Hark zion Etxarri lantegiaren ondoko aterpeari su eman eta, lanerako eskubidearen aldeko manifestaldian Mattinen saihetsean agertu zen arren, eta suprefeturaren parean langileak bildu zirenean, bera zen polizien aurka edozer autikitzeko trebeena. Errepublikaren Ordezkari Penatua agertu zenean, punpa batez kasketa ebatsi zion eta jendaldeari bota boomerang bat bailitzan. Bestalde, oihukalarietan ez zen besterik aditzen, kideak behin trahitzea bere buruari barkatzen ez balio bezala.

        Ororen burukideak, ekin-moldeari zegokionez, hiru taldeetan banatzen zirela ondorioztatu zuen Sebasek, arras hordi orain: nagusien erranak itsu eta ardi eran segitzen zituztenak, gezur bidean ere, hala nola Roger; Etxarri zerratuko zela segur zirenak eta aspalditik beren aldetik lan berri bat bilatu eta atzeman zuten apurrak; eta azkenik, Jean Marie eta sindikalisten kasuan bezala, jakin arren tematzeak ez zuela potretik, borrokatzen zirenak. Nahiz eta hondar orduraino Jean Marieren itzalean jardun zuen, Sebas ez zen talde horietarik bihi bateko partaide sentitzen, are gutxiago lizentziamendu gutuna eskuratu zuenean, iruditu zitzaiolako orduan lana ukatu zitzaionean bera zela, gorputz eta arima hutsean amiltzen.

        Etxarri hertsi aitzineko bi asteetan ahoa bete hortz ikusi zituen ardi trapatuak asaldatzen, bortizki, edozein ekintzetan aurreko herroketan, besteak baino indartsuago aldarrika:

        — Lantegia erre dezagun! Nagusiak engainatu gaitu: aspalditik bazekien hau zerratuko zela!

        — Jean Mariek ere gauza bera errana zauzuen eta hura ez duzue entzun! Arren zatozte gurekin plan sozial on baten negoziatzera!

        Sindikalisten saldoko kideak lasaitasuna eskuratzen saiatzen ziren.

        — Gutariko nehor ez dadila ASSEDICera izenpetzera joan...

        Atelierreko lanabesak puskatzera zihoazen gero.

        Desmasiak hasi ziren zehazki, hauteskunde kanpainaren karietara UMPko hautagaia agertu zen bezperan. Hersteaz beste ilkibiderik ez zela bazekien, alta Daniel Lavie kandidatuak Delbard nagusiaren hitzak errepikatu zituen, bake lehiaz:

        — Kontseilari Orokor izanen naizeno Etxarriko ateak zabalik egongo dira! Segurtatzen dizuet. Bihar bertan prefetari idatziko diot lantegia zutik atxikitzeko erreserba fondoko dirua desbloka dezan. Zuetariko zenbaitek nahi baldin badute enekin gutuna izkiriatu ongi etorriak dirateke...

        Txaloka bukatu zuen solasa.

        — Biba hi! Hori! Hori!

        — Zerratzeko erabakia aspaldiko duk...

        Hibabetea eskas CGTko kide bilakaturiko Rolandek ordularia errealitatera bideratu zuen:

        — Ez dira gibelatuko! Hobe genuke prefeturako berezilariekin eta nagusien ordezkariekin plan sozial egoki eta ona hitzartzea hemengo langileen zerbitzuko.

        — Nork aipatzen du likidatzea?

        Faltsuki harritu begitartea luzatu zuen Lavie jaunak:

        — Lantegi hau salbatzen ahal dugu

        Esku zarta ugari jasoaz berresten zerraikan. Gezurraren gerizpeko aburu-manipulazioa susmatuz, Jean Marie fabrikatik jalgi zen astiro, Roland, Sebas, Roger gorritua eta langile batzuk gibeletik zeuzkala. Etxarri aldameneko aparkalekuan montatua zuten barrikada erraldoiaren gainean plantatu ziren, frantses eta euskaldun banderak airean, ustez ahantzia zuten Internazionalaren bigarren kopla orroatzen. Handik laster Baionako tribunalak, Lavie kontseilariaren ele txukun eta leunak aditu ez bailituan, likidatzaile judizial bat izendatu zuen.

        Etxarrin gelditzen ziren hogeita hamabi langileentzat, Jean Marie eta Rolandi esker, nagusi zein botere publikoko ordezkariek zinez ona eta eraginkorra zen plan soziala marraztu zuten: adinduenek, aitzin-erretretaz gozatuz, erretreta berrogeita hamahiru urtetan har zezaketen; besteek bi urte bazituzten lan baten harrapatzeko, SOR erreklasamendu zelulak formatzen eta bilatzen laguntzen zituela. Aholkuak ematen zituzten eta langile hauek ez ziren aurreko lizentziamendu bi uhinak bezain abandonatuak sentitu.

        Langabeziak desertu ohatzen zuen eskualdean berenber utziak izan ziren, hala nola Martina Sebasen emaztea eta bere adiskide taldea, langabezi-saria hunkitzeko arauak gogortu zirela. Baina emazteek xantza akuilatu zuten eta ofizio berrietara egokitu ziren. Sebasek beste hainbeste egiteko ahalmena ukanen zuena? Rafak bere burua garbitu zuen. Roger ospitalean zegoen. Lankide frankok jadanik, gorputzetan minbiziaren ausikiak nabaritzen zituzten. Suzko egunen akidura erraldoiak udalatzen zuen Sebasen gogoa, telebistaren aurrean lelo-hordi Les feux de l'amour telesaila interesik gabe miratzen zuela:

        — Hoberenak gintuan hastapenean, atzeratuak ginela erraten zitean gero nagusiaren erabakiak onartzen ez genituelako, eta gaur lana galdurik bizia ere galdu diagu.