Plastikozko loreak Erregearentzat
Plastikozko loreak Erregearentzat
1998, kronika
108 orrialde
84-86766-80-X
azala: J&P
Xabier Montoia
1955, Gasteiz
 
2021, narrazioak
2017, nobela
2013, nobela
2004, nobela
2004, nobela
2000, poesia
1999, nobela
1997, narrazioak
1992, ipuinak
1991, nobela
1988, poesia
1985, poesia
1983, poesia
Plastikozko loreak Erregearentzat
1998, kronika
108 orrialde
84-86766-80-X
aurkibidea

Aurkibidea

Erosi: 8,57

Aurkibidea

 

Memphis

Memphis aditu eta otu ohi zaidanak zerikusi txikia du Elvisekin, baita B.B. King eta blues musikarekin ere. Memphis aditu eta soul berba etortzen zait segituan gogora, Rufus Thomas, Stax-eko abeslari eta talde entzutetsuak, Al Green, musikari beltz horiek guztiak, eta Alex Chilton, jakina. Nire betiko izen kuttunak.

      Gau betea da hona heldu naizenean. Bezperan bezain nekaturik ez banago ere, lehenbailehen ohera joateko asmoa daukat. Memphis inguruko motel batean geratu, lo egin eta, atseden harturik eta erne, biharamunerako utziko dut hiriaren ezagutza.

      Motel parean gelditu bezain arin susma dezakedanez, Nashvillekoa baino kaxkarragoa izango da gaua. Aparkalekuan auto urri batzuk baino ez daude, gangsterren limusinak egon beharrean.

      Non jokatuko ote dute gaurko pokerra?

      Hogeitaka urte lehenagoko altzariak dauzka moteleko bulegoak, lar erabiliak, kolore nabartutakoak eta zikin itxurakoak. Halakoxea da hartu nauen gizontxoa ere, antigoalekoa eta hawaiiar erako alkandoraz jantzia. Apur bat beldurtu naute zainez beteriko bere begi urdin hezeek, irakurtzen diharduen egunkariko kirol orrialdeetatik burua altxa eta begira gelditu zaidanean.

      Aldez aurretik ordaindu beharko didazu.

      Ez dut arazorik, esan diot.

      Baina aldez aurretik ordainduko didazu, zer gerta ere...

      Zer gerta ere? Sarritan egoten naiz kezkatu edo beldurturik Amerikan, edo hobe esateko, sarritan egoten naiz kezkatu edo beldurturik edozein lekutan. Beldurti jaio ninduten eta, tamalez, denborak ez dit beldurra golkotik erauzi. Kontuak atera zelan nagoen ba, hiltzaile zoroen sorterrian.

      Hannibal Lecter kanibala ez da asmakizun hutsa, benetan hiltzen zuen sendagile baten arabera irudikatu zuen Thomas Harris idazleak. Kartzeletan gasa edo aulki elektrikoa itxaroten dutenen historien erdia baino egia ez baldin bada, badago zertaz kezkatu.

      Bulegokoen modukoak dira izendatu didaten gelako altzariak nahiz enparau gauza guztiak: kolore nabarrekoak, hauts mintz fin batek estaliko balitu legez. Ohe-gainekoarena, esaterako... odol kolorekoa da, eta gelako aulki bakarrarena -inoiz horia izanikoa-laru lohitsu batekoa. Berdez margotutako hormatariko batean, oheburuaren gainean, Mississi ppiko bapore baten irudia ageri da, Mark Twainen eleberri batetik ekarria.

      Gelak eta motel osoak gomutarazten didan film bateko pasarteak irudikatzen hasi naiz. Mistery Train moduko film bati dagozkio, bai. Begitazioa gogoan, ohe gainean etzan naiz. Damarro eroa egin du nire gorputzaren pisua nabaritu eta berehala. Besoa luzatuko dut eta gelako argia amatatu (ala argia piztuta lokartzen saiatu beharko nuke?). Autobideko orrots urruna aditzen da, haize egokituaren marruma. Bai, hobe dut pentsamendu erromantikoei oratzea. Gaua luzea dator.

      1968an gaude. Berbaldi bat egin behar du Martin Luther King doktoreak Memphisko antzoki batean. Sua darie hizlariaren berbei nahiz berbok entzuten etorritakoen txaloei ere. Antzokitik irten duela, jendetza inguruan bildu zaio. Bostekoa eskaintzen diote, ukitzen ahalegintzen dira. Tiro-hotsa aditu da bat-batean. Danbatekoak antzokiko kupularen kontra jo eta jendetzarengana jausi da, denbora une batean geldiaraziz. Deiadarrak hasi dira ondoren, negarrak geroxeago. Putzu gorri-beltzaren erdian norbait datza. Eskua bularrera eroan dut eta bustita nabaritu dut... Odolusten ari naiz!

      Arnas estuan itzarri naiz. Afariari leporatu diot amets gaiztoaren errua. Hirurak dira. Begiak atzera itxi eta lasaitzen saiatu naiz.

      Dan Penn gomutatu zait. Thomas Streeteko estudio batean zegoen Luther King hil zuten egunean, Box Tops taldea grabatzen. Chips Momanek ipini zuen jakinaren gainean:

      Aldegin ezak hortik ahalbait arinen!

      Gorroto eta etsipenezko giroa sumatu ei zuen Pennek kalera bezain arin. Onik heldu zen Frayserko bere etxera, hala ere. Egun hartatik aurrera dena aldatu zen Do Right Woman, Do Right Man kantua Aretha Franklinentzat idatzi eta musika beltza hainbeste maite zuen gazte zuriarentzat.

      King doktorearen hilketaren ostean, beltzek uko egin zieten kantugile, musikari eta produktore zuriei. Ulertu zituen Dan Pennek.

Ez dut gosarira sasoiz heltzeko arazorik eduki, motelean ez baitute ez gosaririk ez beste ezer ere ematen. Zorionez, taberna ugari dago inguruan. Arrautza gorringoz zikindu berri dut mahai gainean zabalik daukadan hiriaren mapa.

      Ezin izan dut nik bilatutakorik aurkitu. Graceland edo Elvisi eskainitako monumentuaren kokapena argi seinalaturik ageri diren bitartean, neuk maite ditudanen izen apurrik ere ez dut ikusi. Beraz, erabakia hartu beharra daukat: Memphisko hiriguneraino joan, autoa nonbait utzi eta, beste barik, paseatzen hasiko naiz.

      Harritu nauen lehena trafikoaren murritza izan da. Ordura arte nik ezaguturiko hiri amerikar gehienen kontrara, oso auto gutxi dabil kale eta etorbideetan. Seguruena, horregatik ezagutu ahal izan dut berehala Sun Studios historikoen egoitza, astiro eta ardura barik gidatzen noalako, batera eta bestera begira. Sun diote letra beilegiek, eraikin txiker eta itxuraz arrunteko horma arreetan. Ez naiz geldituko baina.

      Nahikoa Elvis edukiko diat edonon, higuina hartzeraino ere bai beharbada, esan dut nirekiko azeleradoreari sakatuz.

      60etan Stax disketxea bihurturiko antzokia beste ezeren aurretik!

      Baina neure Meka ez da planoan ageri, noski. Hegoaldeko arrazakeriari egotzi diot errua, kultura beltza isilarazteko hainbatgarren ahalegina! Topatuko dut, kosta ahala kosta. Itaunka hasiko natzaio jendeari, beltzei, eurek esango didate non dagoen.

      Hemendik ibiltzea erraza eta erosoa izanik, aparkatzea ere beste inon baino errazagoa izan da. Ford urdinetik irten eta oinezkoentzako kale komertzialetan barrena nabil. Denda handi eta txikiak elkarren segidan txandatzen dira, baina oso jende gutxi dabil, lagun batzuk, justu-justu. Hustasuna, egia esateko, bitxia barik, alarmagarria ere iruditu zait. Zer dela-eta hain lagun urri leku guztietan? Zerbait larria jazo ote da hirian, eta ni -autoan albisteak entzun barik joan ohi naizena- ezjakin al nabil? Litekeena.

      Dendak ere ia hutsik daude, egunkaria erostean ohartu naizenez. Konturatu naiz bezero bakanak beltzak direla, kalean legez. Egunkariko lehen orrialdeak ez dakar, egunerokoez gain, inongo hondamendi berezirik. Egunkaria eskuetan, nagoen lekutik gertuko parkerantz abiatu naiz. Arbolen gerizpean zabalduko dut atzera, eta goitik behera irakurriko. Azken egunetakoena legetxe, bero da giroa, eta izerdi batean nago parkean jesarri naizenerako. Kirol emaitzak eta udal-politikaren gaineko berriez aparte, ez dago hiria hain hutsik egotearen arrazoia emango didanik.

      Atzamarrak tintaz lohiturik utzi dizkidana zaramontzira botata, iturri baten bila joan naiz.

      Gogotik edan ostean, eskuak garbitzen dihardudala, norbait susmatu dut atzean. Izerdi hotza nabaritu dut lokietan behingoan. Zer egin ez dakidala geratu naiz, orduak bezain luzeak begitanduriko segundoetan.

      Zer edo zer larria jazo behar bazait, oharbakoan jazotzea gurago.

      Jiratutakoan, irribarre zabal batekin topo, ia oztopo egin dut.

      Egun on, Lewis nauzu!

      Gazte beltz argala da irribarre betearen jabea.

      Baita zuri ere, Lewis.

      Zer etorri zara, Elvis ikusten? itaundu dit, faltan dituen hortzen hutsuneak nabarmen utzita.

      Elvis? harritu natzaio.

      Bai, bere estatua!

      Haraino eroan nau, ez ni ikusteko irrikan nagoelako, kontra egin gura izan ez diodalako baino.

      Heldu gara, iragarri dit halako batean.

      Begirada Lewisengan finkatu dut, ingurukoari begiratzeko buelta amaiturik. Behingoan ulertu du nire gidariak:

      Hortxe egon da duela aste batzuk arte, argitu dit, gure ezkerrean belarretan ageri den harri landu argirantz seinalatuz.

      Hurbildu naiz eta udalaren oharra irakurri dut: Elvisen estatua konpontzen eta egokitzen ari gara.

      Ez diote egia osoa, ohartarazi dit Lewisek.

      Eta zein da egia osoa? apur bat bihurritu natzaio, aurrean dudan harri misteriotsutik begiak kendu barik.

      Konpontzen eroan dutela...

      Ez esan! burlati nik, adarra jotzen ari zaidalakoan.

      Ez duzu entenditu. Militarrak izan dira!

      Militarrak? nik, Amerikan hain ugariak diren konspiraziozaleetariko bat egokitu zaidalako susmoak bat-batean harturik. Militarrek nahikoa lan ei dute demokraziaren etsaien kontra borrokatzearekin, Memphisko parke bateko estatuaz arduratzeko.

      Bai, militarrak izan ziren! Soldadu batzuk. Zapatu gau batean etorri eta, horditurik, pintura berdea isuri zuten Elvisen burutik behera. Goizean armadaren kamioi bat etorri eta eroan zuten, memphistarrok modu penagarri hartan ikus ez genezan!

      Eta inork ez al du ezer esan, protestatu?

      Bai zera! Militarrak dira, lagun. Goiz-goizean etorri eta eroan, inortxok ere ezer ikusi barik! Udaletxekoekin eta egunkarietakoekin berba egingo zuten gero, eta kitto. Halakoxeak dira militarrak, sinets egidazu! errieta egin dit besoetan daroatzan egunkariak astinduz.

      Noski, gurean ere halakoxeak dira militarrak, lasaitzen ahalegindu naiz.

      Elvisen estatua ditxosozkoa, parkeko izkina batean egon ohi zen. Beale Street ospe handikoaren hasiera igartzen da urrunean, B.B. King's Clubaren berri ematen duen argizko iragarki luzea, nabarmen-nabarmena egun argiz ere.

      Abiatzeko keinua egin dudanean, ezkerreko eskuan daroatzanetariko bat eskaini dit, beti ere irribarretsu, faltan dituen hortzen hutsuneekin barregarri.

      Honek dirua gura du, pentsatu dut.

      Memphisko aisiarako aldizkariaren ale bati begira nago, film, musika eta antzerki saio eta abarren albiste ematen duena. Free Copy (doako alea) irakurri dut egunkari tankerako haren izenaren alboan. Dolar pare bat ipini dut Lewisek zabalik erakusten didan esku-ahurrean eta, aspaldiko lagunak bagina legez, elkar agurtu dugu.

      Banoala ostera, gomutatu zait. Bihurtu eta itaun egin diot:

      Ba al dakizu Stax izandakoa non dagoen?

      Zer da hori!

      Disketxe bat izan zen duela urte batzuk arte...

      Elvisena?

      Ez, Elvisena ez. Otis Readding, Sam and Dave, Rufus Thomas eta beste askorena, erantzun diot, zakar samar beharbada.

      Otis Readding! esan du mirespenez. Gure amatxok kantatzen zizkigun anaiaren kantuak... eta Respect txistukatzeari ekin dio burua dantzaraziz.

      Anaia, bitxia Amerikako beltzek euren kolorekoa izendatzeko erabiltzen duten berba. Loa eragozten dien auzokoa, anaia; andrea edo gizona osten diena, anaia; Hollywoodeko Eddy Murphy eta Bronxeko beharbako eskalea... anaiak; Collins jenerala eta aulki elektrikoaren zain dagoen gizajoa... anaiak. Ezin esan bide txarra denik. Zergatik gurean ere modu berean ez jokatu? Demokratak eta biolentoak anaia bihurtuko ginateke, torturatuak eta torturatzaileak anaia, erdaltzaleak eta euskaltzaleak.

      Lewisek abestia ezpainetan duela aldegin dut.

      Aizu! Gura baduzu Martin Luther King hil zuten lekura eroango zaitut! entzun diot nire atzean dei egiten.

      Hurrengo batean, Lewis.