Amorezko pena baņo
Amorezko pena baņo
1996, nobela
208 orrialde
84-86766-72-9
azala: Asisko Urmeneta
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

—17—

 

Tuterako hilerriaren parean utzi genuen Joanaren autoa. Amodio-minak kilikatu arren, beldurrak bihikaturik ginauden, Argedasko Ongarri batzokian ongi auhaldurik, handik atera ginenean, irriz, kantuz eta musuka, karrika izkinatik neska-lagunaren garraiogailuaren ateak ireki nahian bi itzal maskaratu zehaztu genituelako. Halatan, Jasonek jaso mehatxuzko telefono-deiak egiaztatzen ziren eta, Keparen erranak gogoratuz, lotsak bere atzaparretan gatibatzen gintuen.

        Nor zebilen gure ondotik? Uritzen istripuaren ikerketa, kaparrostozko sasiaren antzekoa zen: gertakariaren ziztek larrua sardeskatuko eta urratuko ziguten. Halarik ere, inkonzientziaren temak bultzaturik, aitzina segitzea erabaki genuen.

        Hamar minutako zibersexoa 'egin' genuen Gaiarre karrikako gure aixolbean. Maitasunaren ideia haragiaren aberetasun ildoetan zitzikatu zuten balaka, milika eta ausiki presatuek. Ez ginen betetasunera heldu —denborarik ez zegoen interraktibotasun osoaren obratzeko naski—, baina gorputzak baretu ziren eta izpirituak arindu. Amodio eskasak laket zitzaizkidala errepikatzen nion Joanari, erle sotilaren gisa liliaren errauts bustiak hurrupatzen ari zen bitartean. Bedats zimiztek gauaren astuna argitu zuten eta argi hura bera neukan golkoan jostari Tuterako hilerri usaintsutik bidea ospitaleraino oinez jarraiki genuelarik.

        Kilometro huts bat bazen doi-doia eta ez gintuen halatan distantzia apurrak aperientziarik durduzatzen. Non finito kutsuko larruketak ausartzia zerbait ernarazten zuen gure baitan. Botz apalez, zuela hamar bat urteko Iparraldeko karriketako itzalen zereginak aipatzen nizkion Joanari, izuaren izuaz: orduan ederki ordaindu eta gobernuetarik kudeatu hiltzaileek, deplauki, gaztigurik gabe, errefuxiatuak Baionan, Donibane Lohitzunen, Garazin, Mendikotan, Miarritzen, Hendaian edo Bidarrain erahiltzen zituzten. Garai haietan ez zegoen gerizarik inorentzat, gauaz eta egunaz, bala galduak bil zitezkeelako. Tuterako eletrika zentralatxoaren gunean, 'beldurra' tripan ihalauska ginabiltzala orduan agertu nion. Lasaitasuna itxuratu nahiko zukeen ahotsaz Joanak erantzun zidan:

        — Baina Kevin Kostner jujea ari da afera horren ikertzen!

        — Noraino?

        Noraino? Arraposturik ez zen eskaera xinple horrentzat. Isilik, ospitala inguratzen zuten sasien maldara iritsiak ginen. Hortik arras ontsa ageri zen ospitaleko sarrera nagusian barrandan zebilen zaindaria. Biluztasunaren instante magikoetan, plantako gizona aldendu orduko, bezperan sekretaria zarmantak zerabilen ordenadorearen mirazkatzeko eta behar genituen paperen ebasteko xedea finkatua genuen. Xede landderosa zen bixtan dena, baina zerbait jakitea komeni zitzaigun, ez bainuen nik, adibidez, Uritzen istripuaren nondik-norakoen bideratzen bizi guziaren pasatzeko gutiziarik. Zuberoan, Zelda haiduru neukan. Hala uste nuen bederen.

        Haize hotz eztiaren firfirak idorraren hurbila ekartzen zigun. Eguna eguzkipean kiskailtzen higatua genuen, eta aireak, ahur samurrek nola, azaleko erredurak jabaltzen zizkigun. Beldurraren zigilurik ez balitzan, zoriontsuak izanen ginen menturaz. Zoriontsuak, behin Haranbeltzeko oihan ilunaren aterbean iragan gau luze eta ozentsuan bezala, lurpean hara-honaka zizareak ibiltzen entzuten genituelarik, edo desiraz hantu huntz eta kahaken arramantzak punpean bihotzak jazarrarazten zituelarik edo... Lotsaren gainetik, orobat amodioa zen nigan pizten, behialako argiaren zutabe.

        Joanaren sorbaldan pausatu nuen eskua:

        — Errazu, ez gara hain gaizki hemen...

        — Bai, herioaren auzunean.

        — Alabainan... —erantsi nion, eleustasunera itzuli baino lehen.

        Joana zuzen zegoen ordea, goaita aspergarrian zeozer aurkitzeko premia genuen baikorki bizirauteko. Bapatean, Joanaren xuxurlak isilunea hautsi zuen:

        — Badakizu, Keparekin ainitz elestatu naiz.

        — Ikusi dut, bai; nihaur abandonatu nauzu, ardoz bete godaletaren kide.

        — Gaixoa... Kepak kontatu dit, Bardeen eremu zabalak zein moldetan erabiltzen zituzten turistek, filmegileek eta militarrek. Zinemaren zerbitzuko, berrikitan Bardeak Texasko Sonora bilakarazi dituzte. Iggy Pop aktoretzat daukan «Atolladero» lana hemen errodatu dute. Baina, filmatzen zutenean, euria egin zuen eta lokaztu zen lurralde lehorra. Kepak zionez, autobus urdin hura Bardea heze horailetan zehar ibiltzen segitzea harrigarria zen. Paradoxala nonbait.

        — Albaniako Konkista ere ez zena Bardeetan filmatu?

        — Noski. Poligonotik ezker hartzen duzu, Villazapata txabolaren paretik, Gurutzeta lekuraino. Han egin zuten Albania. Egin-en irakurri nuen, egunero Bardeetan maniobratzen ari ziren espainol armadako airekoen azantzarekin konpondu behar izan zutela filmegileek.

        — Begoña del Teso bezala mintzo zara, eta horregatik maite zaitut.

        — Xoxola!

        — Nik amodiozko ixtorio zardaia, pikarraia, doloretsua filma niro Bardeetan. Exilioa. Miseria sentimentala. Amnesia. Bakardadea. ltsas-ezponda urrunekilako komunikazioa. Langarraren eta ekiaren arteko solasaldia.

        — Wim Wendersek egin du hori jadanik, guti gora-behera...

        — Ez dakit nor den.

        — Exakin puska —samurra ahozkatu zuen neskak eta imaginatu nuen kamera besagainean, Joanaren urratsak pelikula malgoetan bahitzen nituela: Poligonoaren kontrako ekaineroko martxan, gero Itoizen hariei zintzilikaturik, bezperan Leitzaranen, ondotik presoen aldeko eginkizunetan, HBren mitin erraldoietan eta, azkenik, Nafarroa Oinezen. Herri zapalduaren eta euskaldun arruntaren egitekoak zuhurki kunplitzen. Bihotza zartatzear neukan.

        Ospital inguruko zuhaitzetan herots bat entzun nuen, eta zeru sakonean agertu zen auto-argi zurailen dirdirak izua harrotu zidan:

        — Hor dira! Utz dezagun zinema, jin gaitezen berriz errelitatera.

        — Akort. Nortzuk hor dira?

        — Hiltzaleak —erran nuen, sortu berria zen mututasuna nahasi gabe.

        Gogora jaukitu zitzaidan aspaldiko GAL denboretan nolako ziztu bizian auto ezezagunak gibeletik zetozkigun, faroak indartsu, eta pasatzen gintuztelarik, arroilan sartzear gu, uste genuen tirokada batean untxien edo urxoen gisa akabatuko gintuztela. Horrelakoak bietan gertatu zitzaizkigun, eta Baionako karriken ezagutza urria ederki baliatzen genuen. Joana, ahoa zabalik gelditu zen. Haren destrenpuaren trankilizatzeko aitortu nion:

        — Ez zen deus. Garratzagoak iragaiten ziren orduan. Beldurra genuen gidatzaile. Ez dut sekula hori inori aipatu.

        — Ertzoak zineten!

        — Pentsatzen genuen guk, ez genuela arriskurik, baina karrikek amor eman zutenean, etxean egoiten hasi ginen.

        — Hiltzaileak agian atzetik dauzkagu eta zu hor lotsaren atitxatzen! Baduzua burutik! Isil zaite otoi!

        Joanak manatua egin nuen. Nihauren inseguritate sentimenduaren jabaltzeko, gisa horretako egiazko ixtorioen mihiperatzeko ohitura neukan. Aldi honetan Joanak zuen jasaten neure hitzen oldar dardaratsua. Sasiaren mediterraneoko landareen usainak baketu ninduen. Elerik ez zitzaidan ezpainetaratzen. Bapatean, Joanak erhia luzatu zuen, ospitaleko atea erakutsiz:

        — Soizu, ez da inor bortan!

        — Goazen beraz —oihukatu nuen, eta ustez Joana ondotik neukala, junpean abiatu nintzen, konkorturik, aurreko egunetan leku horretan zegoen sekretaria-anderearen bulegorantz.

        Ehun metroko lasterketaren buruan, behagelako beroak harritzen ninduela, armairuetako tiretak irekitzen ari nintzen, eta azkenik, txostenak gerizatzen zituena kausitu nuen. Gonzalez de Mendaviarena aski fite harrapatzeko suertea ukan nuela erran nezakeen. Begirada bat bota nion: Top Secret idatzia zeukan azalean.

        Txostena eskuetan tinkirik, ospitaleko atera heldu nintzen. Inguruari so bat eman nion, eta ohartu nintzen Joana, sasien gordagian geratu zela. Pentsatzeko astirik gabe, korrika behar nuela oroitu nintzen, beldurrak bestela tokian kurutzefikatuko ninduelako. Eskaileretan behera, urrats bat, urrats bi eraman nituen: izuaren eraginez zangoak erabiltzen genituen kariak zerrendatu nituen. Ibili dabilen herria ez da nehoiz suntsituko, errepikatzen nuen, barneko indarren zuzpertzeko. Airatzea desir nuen. Baina ez nintzen txoria eta lurra zen nere berma-puntu bekaitza. Non zegoen Joana? Gordagiarako ehun metroak ezinago iraunkor iduritu zitzaizkidan. Oihu egin nuen:

        — Joana?

        Erantzunik ez zidan haize meheak ekarri. Nora eskapatu zen zaraitzuarra? Konfiantzazko kidea. Maitea. Itsutuki jarraitzen nuena. Maite nuena. Maite. Maite. Maite. Bihotzaren taupadek amodio aitormena mailukatzen zidaten. Bertan jakingo genuen zer agitu zitzaion Uritzi... eta Joanaren hatzik ez zegoen nehon.

        Hastamuka txostena zabaldu nuen eta gorriz Top Secret idazkia zeraman hostoa hartu nuen, galtzetako sakelaren batean purtzilikatzeko, inkase. Orduan, ospitaleko sargia nagusitik mercedes handi baten argi goibelek nere aitzinamendua moztu zuten banpez. Deiadarra hedatu nuen berriz:

        — Joana?

        Galdurik nintzen. Zeharkako bidean sartzekoa nintzela gogoratu nuen. Baina ideiaren pratikan obratzeko betarik ez nuen ukan, autotik tarrapataka jautsi bi gizon azkarrek lurrera aurdiki nindutelako. Aurpegiarekin harri koxkorren labana jastatu nuen. Hilotzaren pare, hedailo erori nintzen. Gizonetarik batek eskuan fermuki neraman txostena ebatsi zidan, besteak ostikoka errendarazten ninduen artean. Txostenduna ere kolpeka hasi zitzaidan eta negar-korroka elkorrez herioaren haiduru egon nintzen. Min nuen plazerrarentzat edo plazer lehiarentzat moldatua zen gorputz guzian. Ahotik odola zaridala nabaritzen nuen, xirripa gorrail, bero eta karatsa. Erraiak zartatzen, lehertzen, purruskatzen eta hausten sentitu nituen. Bukaera zen.

        Entzun nuen hondar herotsa, autoaren motorrarena izan zen. Pairamenean barnako bidaiari uztartu nintzaion, flako eta goguts. Ginarreak malgor neuzkan, hezurrak apurtuak, eta Joana nora mila deabru eskapatua zen ez nekien. Jakin baldin banuen ere, ez nintzen gehiago gai haren sahetsera joateko. Azkenean, minaren kontzientziak abandonatu ninduen, eta nere arima goihenaren meneko utzi nuen.

        Mila aldiz, euskal literaturaren urrezko orrialdeetan erakutsi xenderetan lerratzera ausartu nintzen. Minaren kontzientziak bake sentipen alegera bati lekukoa eman zion. Ustegabean ongi eta sendo nintzen. Bataila handiaren ondotik armistizioa sinatzean, etsaiarekin akomatzen zenean bezala. Oinazearekin batera, larru eta botere nahikundeak desagertu ziren nitarik: zer nintzen? Jendea oraino ala gaiaz hustu izate airakorra? Pentsamendua baizik ez zebilkidan alhan.

        Eskutartera «Ongui hilçeco bidearen» zilarrezko hostoak kabitzera jin zitzaizkidan. Katalogo baten gisakoak ziren, eta hautu asko eskaintzen zidaten. Lehena, neukan adinaz ohartuz arrunt baztertu nuen: ez nintzen linboetarako on; bigarrena ere ez zen egokia: paradisuko eremuak —Josafateko Sohoak— ez ziren neretako naski, bekatoros higatu nuelako bizitza labur osoa; hirugarrenaren aukera ez zen oraino nere gostukoa: infernuan kalitzeko ez nuen inor hil eta ez nituen eskolagunen senargaiak bide zuzenetik sekula aldendu —gehienetan alderantziz izan zelako, egiaren oihukatzea zilegi bekit—. Zeruko ateak, eternitaterantz ideki arteko geltokian egotea erabaki nuen: purgatorioan halatan, betikotasunari ohitzeko astia neukan eta ez nintzatekeen etxetik sobera urrun, alabaina Oihanartetik Purgatoriora lau kilometro eskas baizik ez zirelako.

        Banbako bat hauteman nuen, tronpeta hotsezko deiadar ozenez inguraturik. Zorion muskila finkatu zitzaidan bihotzean, musika asko maite nuelako, kobrezko tresnena baino kitarra eletrikoena laketago ukan arren. Bizar fin batekilako gizon mehe bat agertu zitzaidan, hedoiez jantzirik. Emazte politik ez nuen ikusten eta tristetu nintzen, zerua gizonen erresuma zela onartzean. Gizon zardaiaren irriñoak izpiritua lasaitu zidan. Zilarrezko hostoak marmolezko ttottogia hotzean pausatu nituen, gizonaren prestuki agurtzeko. Lurrean ongi-ikasia izateko hezia ninduten neure aitetama gaixoek, eta komeni zitzaidan lurrean nola zeruan ere haien gomendioei moldatzea.

        Gizon mehe etertsuaren bizarra haize arinak harrotzen zuen. Amultsuki begira gelditu zitzaidan, konpasionez, urrikiz eta pietatez. Gizonaren eskuinaldean beste lau baziren, armada amerikanoaz biltzen ziren filmeetan nola papoan beren izena zekartenak. Joanes zeritzona buruzagia zirudienaren gerrian behera musuka lerratu zen, zankartean mugimendua geldoaraziz eta oinetara plegatu zitzaion apalik bezain errespetuz murmuratuz:

        — Ni ez naiz zure txülülaren jotzeko gai...

        Hitzen zentzu erotikoek harritu ninduten, eta iduritzen zitzaidan ele horiek berak nonbait behatuak nituela, uraren, gatzaren eta intsentsuaren usainaz apaindurik. Abantxu «Naizen neskato umil hau...» salmoaren ahoak eman ahala abesteari ekin nion. Bezpera jendetsuetako salmo airosaren ordez, eta nihaur trßaukatuz erran nuen:

        — Jesus!

        Gizonak besotik zalu hartu ninduen eta lau apostoluez bizkarturik, haren hatzetarik arraiki abiatu nintzen.