Amorezko pena baņo
Amorezko pena baņo
1996, nobela
208 orrialde
84-86766-72-9
azala: Asisko Urmeneta
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

—12—

 

Bardeetarako bidea hartu nuelarik, errautsa zarion mendi-bizikletari, bihotz-zarrasta bat jasan nuen xume-xumea —ttume-ttumea gure eskualdean erraten zen moldean—: ingurune idorra lehen begiradan berean maite nuela onartzen hasi nintzen, Su Ta Garren kontzertutik landa kanpora Zeldaz amoros tipil ilkitzean bezala. Erriberan eta Tuteran neramatzan egunetan, amodioren estirek oroitza zurkaizten zidaten. Sekretu ahalgegarria bailitzan, iragana ikertzeari ekin aurretik, Banko Zentralaren aitzineko telefono kabinatik deitu nuen Zelda. Behingoz etxean kausitu nuen.

        — Zelda, azkenean...

        — Zure lizentziamentü gütüna jin düzü atzo!

        — Ez düzüa berri hobeagorik? Nola zira? Zer ari zira?

        — Txingalet! Bospasei egünez ez ditazüt telefonatzen eta orai, oro jakin nahi!

        — Eta-bai... Hanitx maite zütüt...

        — Hara! Bestea! Behar zütüta sinetsi?

        — Zerentako ez?

        Isilunea hedatu zen. Zeldaren ahotsa leunagoa bilakatu zen eta lanean segitzen zuela kondatu zidan, asteburuetan bakarrik festakari abiatzen zela —egia zena?—, lizentziamentü letra berak sinatu zuela nere firma ziminokatuz, Pasteur karrikan ireki berri zen euskal-girgil magasin batean izugarri ederra zen Lamina erosi zuela, salamangeko armairu gainean ezarteko. Arras ontsa antolatzen zela ihardetsi nion.

        — Zonbat pakatü düzü Lamin hura?

        — Aski kario bai, bena zinez polit düzü.

        — Ehemmmm...

        — Aurten Lamina paketa saltzen omen dizüe. Üdatiarrak errabiatürik dütüzü gisala. Heben gainti eginik direlakoz mentüraz.

        — Tipikal bask produkt.

        — Tzai fite, badit gaüza frango zuri salatzeko!

        — Jorran euntsiko gütüzü ordüan orano ere! —erantsi nion irri gogoz, eta entzuteak plazer eman zidan algara handi batez agurtu ninduen Zeldak.

        Ez nuen urruneko neskaren izpiritua Joana Garaldaren presentziaz —hobe, ausentziaz— nahasi, are gutiago arduratzen ninduen Uritz mutiko gaixoaren istripuaz. Geroko solasak segurtatzekoak ziren halatan.

        Gorago azaldu nuen bihotz-zarrastaren oinarriak ikus nezakeen ingurumenak eragiten zidan baiki, baina hondar asteotan gurutzatzen ez nituen jendeen mentsa hobendun zela neritzon berdinki. Sentimenduen hutsune erraldoia betetzen zidaten Bardeetako itxura neretzat ezezagunek. Zeldarekilako hitzak buruan harilkatzean, errealitatean eskas neukan freskura piskana-piskanaka bermatzen nabaritzen nuen.

        Airea epeltzen ari zela ohartzen nintzen ondorioz. Garagarrez, ogiz eta irrisez landatu zelai horailen ertzetik nindabilan. Haur-denborako usainak ekartzen zizkidan haize arinak, etxeko elgeak oro galburuz estaliak zirenekoak, ogia igitaiekin mozten, ezpalkatzen eta gero selauruan edo soiluan bihikatzen zutenekoak, izerdia errautsarekin biltzen zeneko usain eta urrin altxagarri denak.

        Eta hor, Bardeetan, Pako zelakoaren ondotik, kasko-zokoan zerabilzkidan, eguna lanean emanik, idiak uztarrietarik solteturik pausa-galdez marrakan, ezkaratzeko mahai zabalaren luzadan, orain mundutik itzaliak zirenen ahots, kantu, arraileriak, gorpuzkerak eta izakerak, amak adelatu oilo-salda deliziusaren hurrupatzen. Nafarroako basamortuan argi zegoen naufrago kolektibo urragarriaren lekuko soila izan nintzela. Horregatik agian arrunt sortu zen Barde-hegien eta neure bihotz-sahetsaren arteko junta, betikoa bailitzan.

        Begiek urrun jartzen zituzten miresmenaren zedarriak: urtegi erdi-agortuak agertzen zitzaizkidan eta zezen saldoak alhan edo hausnarrean zenbatzen nituen. Bapatean, oilo-saldaren eztiak zilegiturik bezala, erregebidea xendera hertsi eta hausdun bihurtu zitzaidan. Antenaren gisako metalezko haga xuri-gorri bat begimendu nuen ortzaizean, munho geometriko higatuaren maldan. Bizkar zakuan neraman mapari behako bat bota nion eta toki hari zihoakion izena irakurri nuen: «Polígono de Tiro». Taupadak basatu zitzaizkidan eta Argedasko bidean guardia zibilek larderiatzean nola, beldurra golkoan hazi zitzaidan.

        Ordea, ekai neurotropeak irensten nituela imaginatu nuen, lotsaren zein angustia orokorraren ezabatzeko, ezeztatzeko, Afrikako Ugandako Akolistar gudari bilaizen antzera, Alizia Lakwena sorginaren sukaltarau bereziari esker. Honek ahuntz odola, olioa eta droga natural purruska bat nahasiz edari gozoa kozinatzen zuen, Errebeldia eramaten zutenei gero eskaintzeko, minik senti ez zezatentzat. Ahuntz odolik ez neukan eskumenean, bideko errauts ausarki naski eta pentsamenduaren indarraz emeki-emeki izua airatzen zitzaidala onartu nuen. Justo Poligonora heltzeko debekua idatzia zen tokian nindagoen orduan.

        Hortik, Bardeak itsusten zituen OTANeko 'kanpamendua' hobeki azter nezakeen: aipatu munho geometrikoaren maldan etxe zuraila zegoen eta hagaren itzalean beste eraikuntza bat. Bizkitartean eguzkiak balakatzen zituen aterbe eta kontrol-dorreek egokiak ziruditen altzairuzko eta hari-sintetikoz osotu hegazkinentzat. Debekua errespetatu nuen, zer gerta ere, eta bizikleta iparrerantz bultzatu.

        Bardeak beren handitasun argitsuenean jaukitu zitzaizkidan. Hedadura erreak zapaldu ninduen eta buztin pikor bilakatzen sentitu nintzen. Zerua, urdintasun ikaragarriarekin eta lurraren gorrailarekin ezkontzen zen, alegeraki, gauaren etorrera ahuspez ospatzeko bezala. Xendera, erroitzen artetik nagitzen zihoan, idortasunaren menpeko. Erroitzen ohantze umiletan, berde-ilunez jantzi landareak bereiz nitzakeen: arte ttikiak, sarasak, sabinak eta ezkai-ondoak. Zirrizta batez ihes zebiltzan suge eta untxiak harrotu zituen bizikletaren hurbiltze herotsak. Bardeak huts amestuak nituen, eta hara non, bizi xehea harrapatzen nuen, lurraseko hatsa, errauts lehorren eta sekula gelditzen ez zen higadura urriaren mendean.

        Baratu nintzen. Arratsapal kiskailia usnatu nuen. Mila usain biribilkatzen ziren unean, maparen arabera, Erroitzandi edo Sakanandi gunea sahesten ari nintzela baimendu nuen, gaua osoki jazarri baino lehen Zarrakaztelura heltzeko xedearekin. Lur eta harrizko tutur luxe batek gatibatu zidan behakoa, galanta, graziosa, librea eta askea ematen zuen tuturra «harri zabal batez estalia» zen. Tuturraren holtzetan behera, ur erauntsiek urtean behin edo berritan zilatzen zituzten arroilak ikusten ahal nituen, larru-azalean zahartzeak urratzen zituen zimurduren gisa.

        Artizar garaizak eta ilargi-marra zehargiak bete zuten ortzea. Gauaren agurraren haiduru zeuden kabaleek bideak zeharkatzen zituzten, larraitzen pozgarri. Saras, tamarindo, ezkai eta arte ñañoen urrinak nahasten zirenean, erresiñola kantan entzun nuen, urraken, huntzen eta pika-beleen hegaka ausartek zerua udalatzen zuten bitartean. Ilunabarrean, ehun bizi-nahikundez aberasten ziren Bardeak, kabale eta hats-iturri bakoitzak bere eguneko aixolbeak abandonatzen zituen momentuan hain zuzen. Ez nintzen gehiago bakarrik. Munduarekilako loturaren sentimenduak botzik utzi ninduen, eta kuskandela baten harri mazelako lerrakoak zoramena baizik ez zidan eragin.

        Tiro poligonoa inguratzen zuen eremuaren hegietan «Prohibido - Zona Militar - Bombas» irakurtzen nuen, baina bidean aurrera nindoan. Urrunean, hondar eki leinuru eslaiak, artzain batena zitekeen txabola bat argiztatu zidan. Berant nintzen eta ordu hartakoz banekien, ez nintzela sekula Zarrakaztelura helduko. Gaua, erroitz edo pentoka urriko holtz baten maldan iragaitekoa nukeen. Hargatik txabola gertu neukan.

        Bardeetan bitxi zitzaidan hurbiltasunaren eta urruntasunaren arteko jokoa. Nere herrialdean, urrun zena ardura mendiaren bestaldean kokatzen zen eta hurbila zenbait urratsetan doi-doia. Hemen aldiz, edozein lautada engainagarria suertatzen zen: kilometro batetan zirudiena, errealitatean bospaseietan zegoen. Hatsarrean galdurik nindabilan, baina distantzien ñabardurei ohitu nintzen, eta gero 'etxen' bezala, are etxeanago, haize epelduak ardi-marraken oihartzuna ekarri zidalarik.

        Migelin artzaina atzemanen nuen, eta Migelin bera ez baldin bazen, Pako, Perikoren erranak egiaztatzen baziren behintzat. Arratsaldean barna bildu elementuen ondotik, gaur beste bat neretuko nuen. Inkesta luzea eta monotonoa zen, baina aitzinatzen nintzen, espantu ainitzen erresuma debekatua ukan arren.

        Piskerra berdinki tutur bat zen. Tutur zabalago bat. Han, hartu nuen oraino iparrerago zihoan xendera, eta aspaldian begiztatua nuen txabolaren parera heldu nintzen. Ardi urrin bero eta bortitzak inarrosi ninduen. Inguruan ez nuen ordea ardirik zenbatu. Txakur zaunka ahula hauteman nuen. Argi bat piztu zen eta olhatik adineko gizon zarpaila jalgi zitzaidan, kezkaz kordelaturik:

        — Ze nau zu?

        Ez nion lehen xixtan ihardespenik eman. So geratu nintzaion. Boneta gurintsua buruan zeukan, galtzak zilo eta handiegi, atorraren mihiak kanpoan eta gerrikoa 'artzain amerikanoek' Nevadako larraitzetan lanean ibilirik, Ezterenzubira edo Lekunberrira itzuli aurretik Las Vegasko aireportuan erosten zituzten haietarikoa zen. Gizona, Pako agian?, mirazkatzen nuen artean, Migelin zelakoaz galdetu behar niola oroitu nintzen:

        — Hemen gaindi dea Migelin artzaina?

        — Zer nahi dakozu?

        — Harekin mintzatu, soilik.

        — Etzu hamen. Nik udara Bardenastan igaroten zit, bena hua Uxuen zu orai.

        — Uxuen?

        Harri mokor baten antzera nindabilan, leku batetik bestera, eta gizona zakurrari hupaka ari zitzaiola, Uxue are iparrago zela onetsi nuen kartari begiratuz. Anartean, Perikoren errana baiestea lortzen nuen, gehiagorik ez ordea. Gizonak, nere ezinegonaz oharturik botz leunagoz, kafearen hartzera, txabolaren aterbera gomitatu ninduen.

        Berogailua piztu zuen eta kazola higatuan zegoen isuri beltza epelarazi. Txabolaren egurrezko hormetan argazkiak ikusten nituen: Pako zegoen Bardeak baino latzagoak ziren larraitzetan argazkitan katibaturik. Mojaveko desertua itxuratu nuen, Tahoe aintziraren ezpain biribilak eta Nevadako, Koloradoko nahiz Arizonako basamortu damugabeak. Herots metaliko elkorrak Amerikak mahairatzea debekatu zidan. Gauaren isila nahasia zen. Zer ote zen azantz xixtukari hura? Kikera zaharkitua ahoratzean Pakori eskatu nion:

        — Zer da zarata hori?

        Pakok ahal bezain lasaiki ihardetsi zidan, airekoak, aireko amerikanoak zirela; Bardeetako ilunabarrak ihalauskatzen zebiltzala noiztenka. Segitu nuen hizketan:

        — Uste nuen ez zutela gauaz hegaldatzeko eskubiderik?

        — Nahi doena eiten zoe armadakoek. Agitzen zoe baten baten lehertzea, bena...

        Gogoratu nintzen, ikatz-kafea desgostuz hurrupatzen nuenean, molde beran, Berrogaine-Lahuntzen zalapartatu zen Mirage zelakoaz. Bildozetik, Lanbarren gaindi airekoa begiz jarraitu zutenek suzko bola baten zirrizta ikusi zutela erran zuten, eta Laborantxa eskolara joateko bidearen zolako juntan izartu zelarik, banbako handi baten ozena hauteman zutela. Zenbaitetan ere, arratsaldeetan, aireko militarren hots zizkolatsuak karrikako autoenei gehitzen zitzaizkien. Halatan, eta biderkaturik, imaginatzen nuen Bardeetako eta Erriberako egunerokotasun landderrez betea.

        «Suzko bola» zela erran zutena?

        Uritzek ere gauza bera errepikatzen zuen Tuterako ospitaleko bere gelan, jasaten zuen amnesiko egoeraren zimizta-une bakarretan. Agian suzko bolak zuen erre, nik istripuaren lekutzat jotzen nuen eremua. Behar nuen ildo hori zilatu eta nolazpait erein. Izpiritua josi nuen: gaua zen orain, zeruaren urdintasun sakonak baimendu arren ez nintzen luzarako ibiltzeko gai lurralde ezezagun eta mehatxuz hantu honetan. Bihar, Uritzen aitarekin egotekoa nintzen derrigorrez; Uxueratzeko autoa mailegatuko nion, edo menturaz Aragoi tabernako eguteran harrapatuko nukeen Joanarena har nezakeen.

        Pako eskertu eta agurtu nuen. Bizikleta lurretik altxaturik bideari lotu nintzaion, argizahagiak itzalak meharragotzen zituen tenorean. Hiru oren laurdenen buruan, Bardeetako xendera-hilen sahetseko maldetan lo egitea erabaki nuen, alde batetik oso akiturik nintzelako eta bestetik Judu tutur eta Kornialto deitzen ziren lekuak ahalik iparren zirelako neretzat. Ortzaiz zilarrean harri xut erraldoia agertu zitzaidan, eta behin Perikok azaldu harri-tailua zela sumatu nuen: 1992an eraikia izan zen Bardeetako artzainen omenez, Erriberaren partez.

        Maria Cristina Aznarez Urzainqui Burgin sortu ama-familiakoak idatzi eta Iruñean argitaratu Romanceroetarik bat neukan gogoan, jota moldean abesteko gai:

                Por los montes de Melluga

                Y el alto de las Coronas

                Los pastores roncaleses

                Pasan hacia las Bardenas.

        Aznarez Urzainqui andereak bere aitari eskaini zion pretensiorik gabeko olerki bilduma hitz amoltsu hauekin: «Dedicado a mi padre, prototipo del pastor roncalés y bardenero, caminante de cañadas, bardenas y puertos». Larrainetik Bardeetara urratzen zen bide-kide bihurtua ninduen Uritzen istripu zentzugabeak.

        Gelditu nintzen. Holtz baten magalean, amalurraren umeontzian bezala kukubilkaturik, ahamen bat jan nuen eta gero, gaueko ohantzea apailatu, ilargi argitan. Harriskak metatu nituen, lurretik hamar bat zentimetroko goratasunarekin, sugeen kontrako harresi moldean. Eta barne gerizatu hartan lo-zakua hedatu nuen.

        Aire epelak aurpegia ferekatzen zidan. Eskuak biloetan pasatzen nituelarik, errautsa lohitzar bilakatzear nabaritzen nuen. Zikina nintzena? Ala lurraren puska ezindu haietarik?

        Bizkitartean, gauaren erdiko oihartzunak biderkatzen zituen argizeitu zilarrak, amodiozko solasetan zebiltzen huntzak eta kahakak hainbat non zeruko izarrak zenbatzen hasi nintzenean, oso primitibo sentitu nuen neure burua.

        Bakartasuna aldi honetan ugaritasun zoroa zen. Azkenean, hustasun mineralean ez nuen zinez deuseren beharrik. Bazen aspaldi ez nuela kanpoan lo egin, eta zoriona, maitasunaren iduriko zorion eroa nitan hedatu zen, amaren oilo-salda gozoaren maneran. Zelda eta Joana ni bezain irus espero nituen.

        Ohantze nerearen minean, artzain eta kanta bideak biltzen ziren, altxor.