Amorezko pena baņo
Amorezko pena baņo
1996, nobela
208 orrialde
84-86766-72-9
azala: Asisko Urmeneta
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2024, poesia
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

—5—

 

Autobuseko txoferrak erran zidan bezala, Foruen Plazan nindagoen. Tuteran beraz. Hiri arras ezezagunean arrotz. Tutera. Edo Tudela, nere Iparraldeko lagun minak zioen eran, sepia koloreko udak oroitzean. Honentzat, Tutera izen euskaldundua baino ez zen eta aitortzen zuen barbarismo hotza aditzen zuenero, belarriak larrutuak nabaritzen zituela. Baina ni, zakua eskuan eta Euskaltzaindiaren onomastika erabakiei jarraitzea deliberatua nuenez gero, zinez Tuteran nintzen. Musika kiosko baten inguruan biribilkatzen zen eguerdiko ekiak erre plazaren erdian.

        Oren bata zela irakurri nuen, udaletxea zirudien eraikuntzaren atariko ordularian. Ezkerretik, eskuinetik, bazter guzietarik autoak ziztu bizian zetozen, isiltasun une urriak noiztenka bihikatuz. Aire beroaren dudazko ziloetaz baliatzen nintzen buruaren altxatzeko eta ohartzeko plaza karratuaren etxeetako hormetan Erriberako herrien armarriak agertzen zitzaizkidala, eta han teilatu kiskailian, amiamoko edo zikoina habia bat bazela. Luzaz egon nintzen, ametsetan nola, habiari so, zikoina emeak menturaz, hegal zuri-beltzak firfirikan, zelan sotilki umeak mokoz bazkatzen zituen. Behin ere ez nuen amiamokorik miretsi. Zango eta lepo finen dantza eder kausitzen nuen, eta Oxkaxe gaineko saien zirurikak legez, begia preso hartu zidan ikusgarriak. Bizkitartean, amodio-erauntsia jazartzen sentitu nuen nigan eta denbora gelditzen. Bapatean, burzoratu eta hedailo erori baino lehen, sahetsean neukan ostatuan gerizatzea pentsatu nuen.

        Itzalean jarri orduko, izpirituaren bahiketa bero ikaragarriaren gain eman nuen. Arratseko zazpietan Jason Gonzalez de Mendaviarekin neukan hitzordua Tabernan, han nonbait Parte Zaharrean. Anartean hurbiltzen ari zitzaidan zerbitzariari gorri bat eskatu nion. Ostatua herotsez betea zen, uluak huxtuka zabiltzan eta tronaduran dilingotu haizegailuak doi-doia freskatzen zuen barneko airea. Joanaren aurpegia jaukitu zitzaidan desiraz hanturik. Stingen moldean, «Teee in Erribera with you» xuxurlatzen hasi nintzen, gizon moskotak ekarri edariaren hurrupatzera nindoala. Alabaina hitzordurainoko denbora hutsa ahal bezala erabiltzea baino ez zegokidan. Burumuinaren kraxturuak laxatu nituen ondorioz.

        Bezperako gertakariak emekiño arrapasatzeari ekin nion. Itoizko urtegi detsaren aurkako manifestaldian egon ginen Joana eta biok, Paralizacion! eta Irati Bizirik! oihuak ezpainetan, berrehun bat jenderekin batera; ondotik poteo ritualari lotu gintzaion airoski, eta ura genuen harrigarriki aipagai nagusi: zertarako egiten zuten Itoizko aintzira artifiziala? Nafarroaren ureztatzeko? Ba, pentsa! Tarragonako industria kimikoaren eta Costa Brava behere horretako baratzeen eta hotelen hornitzeko. Ur txintik ez zen Irati ibai mistikotik Nafarroan geratuko beraz? Ttanttarik ez. Eta Irunberri-Lumbierko odolezko malkoak nola isuriko ziren hemendik aitzina? Idorte iragarriaren garaiak ziren guretako. Eta Joanak, etsiturik, mojito hormatu bi eskatu zituen.

        Foruen Plazako aixolbean, autobusean eta San Ferminetan entzuten zen musika berdina zebilen. Gauaren hasieran Joanak azalduaz gogoratu nintzen:

        — Hau bakalau duzu.

        — Arrantzaleena?

        — Ke ba! Tzunga-tzunga militar-matxista debeagarria!

        Orduan, nere jaidurarik txarrena ezin izan nuen ezeztatu: lau, lau, lau, xardina-bakalau abesteari uztartu nintzen, neskaren sohako xifrituaren menpean.

        — Otoi, Amaia! Musika horrekin gin-kas edaten dugu.

        — Jin-Kas alternatiba?

        — Arren Amaia, beti txantxetan! Egin diezaiogun elkarri distentsio keinu bat. Goazen... —murmuratu zuen zaraitzuarrak, (baka) laugarren godaleta lehortzen ari zitzaigularik. Goizean, burutik minez, ur lehiaz, mihia traukan, Joanaren besoetan iratzarri nintzen. Joanaren gorputz epela erhiek xeheki balakatu zuten eta ahanzmenak udalatu eremu larraitzak loreztatu ziren. Dohatsu izan nintzen. Ilundura bakarra, Maulen kasik negarrez abandonaturiko Zeldaren presentzia urruna zen: maite nuen Zelda eta beharrunean egunean egunekoa konplitzen nukeela arrazoinatu nuen. Doluaren piskat arintzeko, Joanaren titi punta ubel eztietan natxikan gogoa, autobusarekin Iruñetik atera ondoan, Tafalla aldean lur erreak miretsi nituelarik: hau zen Nafarroa, hau zen egarria, hau zen ur eskasa. Hau zena gosea?

        Samurtasunaren iduripena neraman larruan eta, aldi berean, nereak ez ziren guneetan galdurik bainintzen, bihotza beldurrez punpeka haserretu zitzaidan. Gaindi ez nezakeen sentimendu bitxi bat jasaten nuen: itsas-usaina nabaritzen zen Noaingo akueduktotik hona, Izarbaran eta Orbaran ibarren arteko bidetik misterioski sartzen eta, itxura guzien arabera, bi mila urte iragan arren, erromatarrek, mauregiek, juduek eta euskaldunek biziarazi lurralde historikoan izerdiaren aztarnak hurbil-hurbil neuzkan, eguzkiaren hats bortitzak zaindurik, errauts, harri eta holtzetan. Denboraren hunkimena urtzen zihoakidan, erregeek hegoaldeko limes zelakoaren defenditzera errazkiago zaldizkatzeko ireki bide zabalean barna; nintzen iparraldeko limesko jende soila arrotz sentitu zen ohiko berdetasunetik kanpo.

        Mahaian pausatua zen basoko ardoa agortu zitzaidala ohartu nintzen. Betazalak apaldu nituen. Izpiritua lurraldea bezain biluz nahi nuen. Beste gorri bat manatu nion zerbitzariari. Mekanikoki ekarri zidan godalet estimatua. Ahosabaia freskatu nuen mahastien jori amoltsuarekilan. Tafallako plazako iturrian irentsi nuen azken ur-ahurtrak bakardadearen zama garraiatzera eraman ninduen. Joanak aitzakia ona harrapatu zuen, egun bederen nerekin ez etortzeko, eta biharamunean Tuterako Plaza Berrian juntatuko ginela hitzeman genion elkarri. Drole zitzaidan halatan, bi urtez, Joanaren faltarik ez pairatzea, eta hor hiru gau-laurden eskuz-esku higaturik, zilo handi baten ertzean nintzela sinestea.

        Ostatuko ateaz haraindian pausatu nituen soak. Tuteran nintzen. Erriberan. Zeregin frango edukiko nuen agian, Jason Gonzalez de Mendaviaren xedeei plegatzen hastean. Anartean, Foruen Plaza aztertzeari ekin nion: hormetan irakurtzen nituen hirien izenak memorizatzen saiatu nintzen eta idortearen poesia mailukatzen nuela iduritu zitzaidan. Armarri bakoitza eki-leinuru ziztakorra zen: Kaskante, Murtxante, Zarrakaztelu, Zentroniko, Ablitas, Alesbes, Argedas, Baltierra, Barillas, Buñuel, Fitero, Fontellas, Fustinana, Kabanillas, Kadreita, Kastejon, Korella, Kortes, Melida, Monteagudo, Ribaforada eta Tulebras. Zerbitzariak ogitartekoa eta beste ardotxo bat ekarri zidalarik, herrien izenak neraman karnet txikian etzaten ari nintzen. Tuterako Foruen Plaza berriak bidaia lehorrerako gomitak eskuzabalki luzatzen zituen. Bapatean, itxuraren osatzeko, sahetseko karrika batetarik jalgi zen asto umilak tiratu karroak bildu zidan soa: barazkiz kargatua zen karroa eta gizon xahar zimelduak tinkatzen zizkion astoari uhalak. Bihozkada, nehori zuzendua ez zen irriaz agertu nuen. Jada idorraren maitale edo behintzat konplize bilakatua nintzen. Agian ardo freskoaren eraginez.

        Plaza Berria jendez betea imaginatzen nuen: Korrikaren karietara, maiatzaren leheneko ibilaldi bat, zertako ez Aberri Egun bat? Eta iduritu zitzaidan Larrain Dantza populutsu bat ongi baino hobeki har lirola. Bezperan, Itoizen aurkako manifestazionetik landa, milaka bizidunen artean Joanak eta biok eman genuen Larrain sotilera eraman ninduen oroitzapenak. Gaiteroak hasi zirenean atabal joaldiek aske bezain huts utzi unetxoak alegeratzen, Joanak besotik helduz, moldatzen ari zen binakako biribilera gidatu ninduen:

        — Egizu nik bezala!

        — Nola egin dezaket bestela? —kezkatua helarazi nion eta ingurutxoari ekin genion.

        Azkenean gustu hartu nuen eta aitzinean neukanaren urratsak segitzea baino ez zegokidan. Amorezko hurbilera mistikoaren parabola zen Larrain eta, aldi berean, industri-aro bortitzak desegiten zarraikan jendarteko harreman primitibo bat. Alabaina, larraitz biluzietako indio ibiltariek, Wounded Kneen, Sand Creeken, Amazonia ibaiaren inguru malgoetan edo Alice Springeko aborigenek manera berdinean dantzatzen zuten, euriaren, ekiaren, osagarriaren eta maitasunaren deitzeko. Emeki-emeki, kopetan behera izerdia zerigula, gaiteroen soinuak jabaldu ziren eta biribil bikoitza, txalotan mundu modernoaren anonimatoan urtu zen. Joanak musua pausatu zidan lepo-gibelean, eta ikara nabaritzen nuela, UEUko irakasle baten eran Nafarroako gaiteroen berezitasunak azaldu zizkidan. Ume mukizuaren pare behatu nion:

        — Badakizu bi gaitero saldo badela leku frangotan. Bat, Tomas Diaz Txino izenekoaren aldekoa, eta bestea Lakuntzaren hegalekoa. Biak aharratzen dira elkar gurutzatzen dutenean karrikan, joka ari dira zenbaitetan. Diote lehen adiskide zirela!

        — Ez nekizun.

        — Bahai neska, eta orain hitzik edo sorik ez. Iñork ez aharra hori aipatzen. Ahalgegarri bailitzan!

        — Euskal Herriko isiltasunaren legea...

        — Horixe.

        Laket zitzaidan Tuterako Plaza Berria, gogapena harrotzen zidalako, iraganeko momenturik eztienak burura ekarriz. Umore on bulta bat ukan nuen. Edo ezezagunaren izua gorde nahian nindabilan? Zena zela, asea nintzen eta Erriberako ardo arinak kasko zokoa amoltsuki kilikatzen zidan. Zin egin nuen nerener, daigun Tuterako festetan —noiz ziren bada?— plaza honetan Larrain dantzatzea Joanarekin, edozein alderditako gaiteroekin. Bizkitartean, denbora igiarazi behar nuela nolazpait, ordaindu eta ostatutik atera nintzen, Turismo Bulegoa non zegoen zerbitzariari eskatu ondoan.

        Karrikako bero astunak bahitu ninduen. Ostatuko aire kondizionatuak ilusioa hazi zidan, baina kanpora orduko izerdia gorputz osoan isurtzen sentitu nuen, besapeak heze neuzkan eta esku-ahurrak linkatx. Bero pizuaren oinazea, jadanik autobusean pairatzen nukeen, leihotik mahasti lerroak ikustean. Erregebidean, alkatxofaz, esparragoz eta Lodosako pikilloz hantu kamioiak gurutzatzean, iparruntz debruen ziztuan lehiatzen, freskuraren usteak zirauen. Baina hor, karrikaren erdian, ustea bera urtzen zen.

        Pentsatzen nuen orduan, berotasuna herrialdea bezain arrotz zitzaidala. Alabaina, arras bakan azaltzen ziren lur erre hauek gure herriaz eskaini liburu koloretsuetan. Gehienek, Gazteiz-Santa Grazi linea asmatuaren goialde berdea baizik ez zuten solasgai, linearen behekaldea Euskal Herria ez bailitzan. Ordea, izerdi tematsua lantzer edo xirrimirri kuttunarekin ezkontzen zen. Gorputz bakoitzak horma eta sua zekarren. Behialako autobusean eta karrikan hargatik, nekez moldatzen nintzen eremu horail, huts eta bero hauei.

        Golkoaren barnea miatu nuen, Erriberaz irakurri edo nekiena batzen saiatuz. Deus guti ondorioz. Lanari lotzeko giderretarik bat Xabier Leteren «Nafarroa Aragoa» izango zen neretako, Benito Lertxundiren «Erribera» deiadarrarekin batera. Menturaz, Larragako Joteroen ahaideren bat neure altxor apurrari erants nezakeen. Euskal Herri berde, euritsu, hegotsu eta haritzez estalikoa nintzen. Nion, desertuaren premia ere gurea zela, desertu geografiko zein kulturala. Basamortu desiraz nindagoela, karriketan jenderik ez nekusan. Haboroxienak agian loaldian ziren, edo bulego epeletan lanean, edo igerilekuetan sartuak. Karrika hertsiak nereak baizik ez ziren beraz. Burua altxatzen nuelarik, balkoietan dilindatu xuriketen zaplastakoa hautematen nuen, zeru urdin gaztigakaitz puska bat eta zikoina parea ekiaren desafiatzen.

        Turismo Bulegoaren aitzinean aurkitu nintzen aski laster. Gogoa sardeskatu zidan, ortzaizean Argedastik jitean, nola jaukitu zitzaidan Tuterako hiri ona. Itxuratzen nuen erdiaroko hiri soil izaiteko partez, hiri modernoaren planta zeukan urrunetik, munho apalez inguratua, etxebizitza merke gune batekin, erditsuan eliz dorre askorekin. Autobusa Erromatarren zubiaren gainetik iragan zelarik, harritu nintzen Ebro ibaiaren zeharkatzeaz. Aldi honetan, hunkigarriki, zinez Aturritik Ebrora ibili nintzen. Bidaiako eta goiz partean, Joanarengandik bereizteko zailtasunak abantxu ahantzi nituen. Erromes arrotz eta beldurtia bihurtua nintzen. Joanaren hitzek oihartzun egin zidaten burumuinean:

        — Zoaz gure Jerusalemera...

        — Zer diozu?

        — Bai, hiru jendalderen hiria izan da Tutera: hein batean bakean bizi ziren han juduak, mauregiak eta euskaldunak.

        — Aaa... —isilaz hartu nuen Joanaren oharpena.

        Egiaren errateko, ez nion kasurik egin, egun bat haren aldamenetik urrun pasatzeko ideiak ez baininduen izpirik ere alaitzen. Jerusalemen nintzen, Jerusalemeko Plaza Berrian, nora jo ez jakinez, intsentsuz usaindu salmoak xuxurlatuz, Auhenen Hormaren bila.

        Ordulariari behakoa bota nion: laurak ziren doi-doia eta oraino hiru oren banituen ahitzeko Jason Gonzalez de Mendaviak eman hitzorduraino. Amodio-minez, beroz urraturik, Tuterako Benjaminen gisa, bidaia luzerako prest nindagoen. Galderategi burbuilatsua bilakatua nintzen. Aldi berean negar eta mintza gutizia nuen. Taberna ostatuko zita berantesten zitzaidan. Anartean, Turismo Bulegoan aterbetu nintzen, hiriaren kartaren bezainbat itzal eske.

        Orlegiaren dolua nekarren sekulako. Alaxokotzia!