Aurkibidea
Hogeita lau
—Laura—
Azkenerako, Iruñera etortzen zen aldiro egiten genuen hitzordua. Horrez gain, mezuak bidaltzen zizkidan Bartzelonatik telefonoz, unibertsitate garaikoak kontatzeko. Argazkiak ere bidaltzen zizkidan, Aitorrek eman zion objekturen batekin topo egiten zuenean, gaztaroko liburu batekin, diskoren batekin. Azoreetatik ekarri zion balea hezurrez egindako kaxa zuriaren argazkia, adibidez. Gure arteko solasaldian gero eta pisu handiagoa zuen intimitateak; hainbeste, ohitu egin zela “Hau ez diet alabei ere kontatu” esatera eta, azkenean, “Hau ez daki Patric-ek ere” hasi zen esaten.
Goiz hartan, Aitorrek 70etan egindako bi dozena argazki eraman nituen Maisonnavera, non eginak ziren eta argazkietan gertatzen zena ezagutzen ote zuen jakin nahian. Zuri-beltzezkoak ziren, esku-ahurraren tamainakoak.
— Aitorrek eta biok harreman ireki bat genuen. Beste batzuekin oheratzen ginen. Berak esaten zuen ni nintzela kai nagusia baina, batzuetan, beste kala batzuetan hartzen zuela portu. Atsegin nuen azalpen hura, balio zidan, zeren niretzat nardagarria zen gure gurasoen bizitza sentimentala eta sexuala erreplikatzea. Zeharo maiteminduta geunden, baina esperientzia berriak nahi genituen, jende berria ezagutu intimitatean, beste gorputz batzuk, egiteko beste modu batzuk. Niretzat hori ere bazen bizitzan ikasi beharreko ezinbesteko zerbait eta, inkluso, betebehar iraultzaile bat, nahi baduzu.
Ez genion elkarri oparirik egiten apenas. Baina Eguberri batzuetan L’avenir lurrina oparitu zidan. Esan zidan ez zidala oparitzen usainarengatik, berak maite zuena nire gorputzaren berezko usaina zela, lurrinaren izenarengatik baizik: Etorkizuna. Takoneran eman zidan, Benefizientzia harrizko eskultura zuriaren aldameneko banku batean.
Baina lurrinarena baino askoz lehenago opariei lotutako beste episodio bat egon zen gure artean. Elkarrekin hasi eta oso aste gutxira gertatu zen, eta Aitorrekin tokiz kanpo geratu nintzen aurreneko aldietako bat izan zen. Otsail hasierako egun batean ez zen bereziki atsegin egon. Gogoan dut eguna ze Santa Ageda bezperaren inguruan izan zen, egun berezia Aitorrentzat; kopla haiek abestea maite zuen, bereziki Xabier Leteren hitzekin.
Iluntzean, Estafeta eta Xabier karriken bidegurutzean, etxerantz joatekoa nintzenean, konfesatu zidan egun hartan zela bere urtebetetzea. Tokiz kanpo utzi ninduen, ez nuen ulertu zergatik ez zidan aurreko egunetan aipatu bere urtebetetzea izango zela, ez nuen ulertu nola ez zen, ordura arte, bere urtebetetzearen inguruko inolako solasaldirik egon. Zeren nire urteak abenduan izan ziren eta gutun eder bat idatzi zidan eta ebakigarri bat egin zuen, urmargoekin.
Ez nuen jakin zer egin. Oso fuerte estutzen besarkatu nuen, masailak lehertzeraino.
Hurrengo goizean, gurasoen etxean topatu nuen gauzarik exotikoena eraman nion. Single bat zen, binilo bat, halakoa, txikia, abesti bat zeukan alde bakoitzean. Adriano Celentanoren 24.000 Baci abestia zen bietako bat. Txantxa bat egin nahi nion, uste nuen azalekoa irudituko zitzaiola, ez nahikoa sofistikatua, are zaharkitua eta dekadentea ere, baina nik Aitor bere Lissitzky eta Gramscietatik atera nahi nuen.
Baina kontrakoa gertatu zen, Aitorrek hainbeste entzun zuen binilo hura, gastatu egin zuela. Ez zuen nire aurrean jartzen, nirekin nahiago zituen euskal folka, Pink Floyd, Frank Zappa, Jimmy Hendrix. Baina esaten zidan goibel zegoenean jartzen zuela, abesti hark ematen ziola gainontzekoek ematen ez zioten zerbait: ez euskal folkaren transzendentzia, ezta Meddle-ren zabaltasuna. Pink Floyden Meddle izango zen Iruñeko unibertsitate urteetan gehien entzun zuen diskoa, seguru.

Buruz ikasi zuen Celentanorena, eta sarritan abesten zuen Ogni minuto è tutto mio.
Ez nuen ulertu zergatik jartzen zuen triste maitasun abesti eder hark. Nola mundura zabaltzeko gogoa ematen duen abesti batek, zeruari abestu nahi diozun doinu batek, berari barruratzeko gogoa ematen zion, lanturakoa eta bakardaderakoa.
Garbi dudana da azertatu nuela. Berak abesti kuttuna izango zena jaso zuen, erregistro bat, hondoratzeko material bat, eta nik identifikatu gabeko bere alderdi bat ezagutu nuen, bat-bateko edertasun esplikaezinarekin lotura zuena. Gerora Aitorrek “Breton egoerak” esango zien halakoei, Andre Bretoni erreferentzia eginda.
Halere, garai haietan Aitorri gehien entzun nion abestia Marcel Mouloudji frantses ospetsuarena izan zen: L’amour, l’amour, l’amour. Denetarik egiten zuen abeslarietakoa zen Mouloudji: aktorea zen, pintorea, tipo konprometitu bat. Gainera, ideologikoki perfektua zen guretzat: aita Aljeriakoa zuen, Kabiliakoa gainera, eta ama bretoia. 30etan Fronte Popularra babestu zuen Frantzian eta Bigarren Mundu Gerraren ostean psu inguruan ibili zen. Bere abesti asko poeta handienak ziren, poeta komunistenak. Baina, egia esan, guk ez genuen maite gure politikarekin enkajatzen zuelako; bere musikak hunkitzen gintuen.
Katalogo bat egin genezake Aitorrek garai hartan entzuten zuenarekin. Frantsesez Moustakiren oso zalea zen eta italieraz Rosa Balistreri eta Fabrizio de Andre maite zituen, eta bereziki, Storia di un impiegato.
Nik ez dakit noiz iristen den iraultza bat. Baina badakit orain ez dela momentua. Ze 1975ean, musika hura entzuten genuenean, sentitzen genuen edozein unetan gerta zitekeela. Iluntzero oheratzen ginen pentsatuz hurrengo goizean izango zela. Eta goizean ez bazen, eguerdian.
Aipatu didazun egun horretan, Txiki eta Otaegi fusilatu eta urtebetera egindako omenaldiarenean... ni ez nintzen Aitorrekin joan hilerrira. Are gehiago, harrigarria iruditzen zait Aitor bezain pertsona diskretuak bere burua arriskuan jarri izana bere amari horren berri emateko, gazteleraz, gutun bidez.
Halere, orain dudan irudipena da politikari lotutako gauza gehienak, lore eskaintza hori adibidez, ni gabe egiten zituela eta ez zizkidala aipatzen. Ez nuen izaten Aitorren agenda politikoaren eta intelektualaren berri, hori zen bere benetako intimitatea, berarentzat gordetzen zuena. Hitz egiten zidan bere eguneroko sentimenduez, zeuzkan beste harremanak xehetasunekin kontatzen zizkidan, baina Ligako antolakuntzari lotutako ezer ez zidan esaten, berarentzat gordetzen zuen politikaren eta emozioaren arteko guztia.
Bartzelonan utzi nion nik Ligako tendentzian egoteari eta uste dut horrek Aitor goibeldu zuela, nahiz eta inoiz ez zidan ezer esan erabakiaren inguruan. Horretan ere, berak praktikatzen zuen konpromisoa hautu intimo bat zen, ez zuen zentzurik gainontzekoengan eragiten saiatzeak.
1977koa oso uda asaldatua izan zen guretzat. Uztailean Suitzara joan ginen Patricekin, bere anaia baten etxera, mendira. Patric nire senarra izango zen gerora. Abuztuan Aitorrek eta biok harremana eten genuen. Gero Aitorrek alde egin nahi izan zuen, ez Bartzelonatik, baizik eta mundutik. Eta gainera ni berarekin joan nendin nahi zuen, baina harremana zabalik utzita.
Orduan iraila iritsi zen eta, ikasturtea hastear zela, Aitorrek Azoreetara alde egin zuen. Lisboan barna joan zen eta handik idatzi zidan, telefonoz hots egin. Eta Azoreetara iristean postal bat bidali zidan, Sao Migueletik.


Esaten zidan gure enkontrurako ilusio handia zuela, eramateko dirua eta udako jantzi arinak.
Nik ezin nituen ulertu berak oraindik zeuzkan itxaropen haiek, nekatuta nengoen. Nik harremana itxi nahi nuen: zerbait aldatu zen nire baitan eta, ordutik aurrera, niretzat norbaitekin den-dena nahi izateak esan nahi zuen ez zenuela beste pertsona batzuekin oheratzeko beharrik. Izan nitzakeen alaben aita gisa irudikatzen nuen Aitor handik urte batzuetara. Baina Aitorrek bere bide-orria zuen amaierara arte, eta ez genuen bat egin.
Garai hartako giro iraultzaileetan sarritan egiten ziren ohe borobilak. Eta ohikoa zen gizonek gizonekin sexua izatea eta emakumeek emakumeekin, hura zer zen jakiteko, egiaztatzeko ea norberaren desirak norberaren nahia jarraitzen zuen ala gizarte burgesaren logika barruraino sartua ote genuen. Nik argi nuen hura guztia bazela munduan ezagutu behar genuen ezinbesteko eremu bat. Uste dut filmek asko baldintzatu gintuztela. Sarritan pasatzen genuen muga, Baionara joateko, Bordelera. Iruñean ere ikusi genuen proiekzioren bat inoiz. Denetariko filmak zeuden, gehienak frantsesak, batzuk kultuzkoak ziren, La maman et la putain ala Jules et Jim bezalakoak. Beste batzuk morbo hutsagatik ikusten genituen, César et Rosalie eta Plaisir à trois, adibidez. Baina nik gehien maitatu nuena Les Valseuses izan zen, Gerard Depardieu eta Miou-Miourekin. Garai hartan genituen bulkadetako asko bulkada bat eta bera zirela uste dut, nahiz eta gaur egun banatu egin ditzakegun: sexu desira, iraultza komunista, gizartearen bazterrean daudenekiko idolatria.
Almudena Grandesen Castillos de cartón irakurri dut berriki eta uste dut, neurri batean, gure gaztaroaz ari zela. Matrimonioak nazka ematen zigun eta ez soilik elizaren kontuarengatik, eta asmoa ez zen soilik Francori kontra egitea. Ito egiten ginen pentsatuz intimitatea pertsona bakarrarekin partekatuko genuela bizitza osoan zehar. Uste dut asko irakurtzen genuela jakiteko nola egin gauzak beste modu batera. Sexualitateaz irakurtzen genuen, desiraren eraikuntzaz, antisorgailuez, psikoanalisiaz eta freudomarxismoaz. Eta Parisko 68ak asko markatu gintuen. Aurreko ereduak ere bilatzen genituen, xx. mende hasierako anarkistenak, Kollontairen testu klasikoak: edertasuna, leherketa eta patxada bilatzen genituen.
Gero zerbait gertatu zitzaigun 80etan eta potentzia hura guztia hondoratu zen. Dena aldi berean gertatu zen. Iraultza soziala ez zen etorri, ogibide arruntak bilatu genituen gure bokazioa asetzeko, gure kide eta maitaleak bikotekide arrunt bilakatu ziren, asko ezkondu egin ginen, seme-alabak izan genituen. Baten batek ardurak hartu zituen administrazioan, Generalitatean, errektoretzetan, besteren bat enpresa pribatuetan hasi zen lanean, psucen... gure Bartzelonako pisukide euskaldun bat, orain, Petronorreko nagusietako bat da.
Argazki hauek ikusten ditudanean, oroitzen naiz nola joaten nintzen Aitorri bisitan Irunera, udan hango taberna batean lan egiten zuenean. Gogoan dut zenbatetan egin genuen larrutan lehengusuaren Simca 1.000 beltz batean.
Eta itsasoaren parean ere, Pasaiatik Hondarribira, Zumaiatik Getariara, Aitorrek libre zuen astebururen batean. Oinez ibiltzen ginen, itsasertzean, sarritan arroken artera jaisten ginen eta sexua izaten genuen, maite genuen, oso toki bakartiak ziren, egurats zabalean. Eta bukatzen genuenean argazki bat egiten genion paisaiari. Argazki hauek hala egin zituen, ziur naiz.
Beste batzuetan, Irungo muga-burokraziako bulegoetako giltzen bat lortzen zuen. Gogoan dut oso ilunak zirela, errezel berde ilun ondulatuekin, habano kiratsarekin eta moketarekin. Erantzi eta gure arropa lurrean jartzen genuen, zikina ez ukitzeko, belardi batean ez ziztatzeko egingo genukeen bezala. Badakit bulego hari ere egin izan ziola argazkiren bat larrutan egin ostean, nahiz eta ez zen fitsik ikusiko.

Argazki hauek Santanderrekoak dira, hemen Beatriz dago: nire lagunik onena. Hirurok joan ginen. Handik hilabete batzuetara suizidatu zen. Oso gogoan dut bidaia hura. Gu dagoeneko Cerdanyolan bizi ginen eta 76ko uda pasatzera etorri ginen honantz. Hondarribitik Bilbora joan ginen eta Eibar parean autokarreko telebista sutan hasi zen. Azkenerako autokar osoa kiskali zen. Abuztuaren 16a zen.
Nik asko maite nuen Beatriz, baina harreman estrainio bat genuen. Bera San Lorentzo karrikan bizi zen. Sarritan esaten zidan solasaldi bat pendiente genuela. Nik banekien zertaz hitz egin nahi zuen. Berari gizonak atsegin zitzaizkion, baina emakumeez ere maitemintzen zen eta gure harremana, zentzu horretan, anbiguoa zen, bazen desira. Badakit berarentzat lagun bat nintzela, baina hor bazegoen atxikimendu sexual bat ere.
Aitorri gustatzen zitzaion hirurok egotea, ze horrek bazter batera eramaten zuen: bere kaxa ere egon zitekeen eta, aldi berean, elkarrekin geundela jakin.
Beatriz banandutako gizon zaharrago batekin hasi zen ateratzen, seme bat zuen. Uda horren ostean Beatriz haurdun geratu zen, baina abortatzea erabaki zuen. Gizona ez zegoen ados, haurra nahi zuen.
Handik gutxira, bere buruaz beste egin zuen Beatrizek. Oso sarritan etortzen zait gogora. Badakit Aitor ere kolpatu zuela horrek, sinestezina zen, emakume itzela zen, ez zuen parekorik. Laborategiko teknikaria zen, Medikuntza bukatzen ari zen eta izugarri alaia zen, oso dibertigarria, une zoragarriz betetzen zuen edozein egun arrunt. Edozerekin laguntzen zizun. Oso maitekorra zen eta, garai hartan, Iruñean, jendea oso lehorra zen, mesfidatia, baita giro politikoetan ere, hotza. Gure ahizpa zaharrenaren ikaskidea zelako ezagutu nuen.
Ez zitzaion gustatzen argazkietan ateratzea, begira, beti estaltzen zuen aurpegia.
Santanderreko bidaia hartan maitemindu nintzen Oriana Fallaciz. Irakurri nion Penelope alla guerra, Intervista con la storia, Lettera a un bambino mai nato. Ez dakit nola iritsi zitzaizkidan haren liburuak, orduan sarritan iristen ziren Italiako liburuak eta lpak.
Aitor ezagutu aurreko udan Ligako beste mutil batekin atera nintzen. Niretzat Ligan egotea mundua posizio indartsu batetik ezagutzea izan zen. Ni 1974an sartu nintzen eta han egon izan ez banintz, ez nintzatekeen Gernikara, Baionara, Bordelera, Bartzelonara eta Almeriara joango hogei urte bete aurretik.