Aurkibidea
Hogeita bat
Hil aurreko hamabost urteak zeuzkan altxorrak banatzen eman zituen amatxi Pilarrek. 22 urte nituela, kulunkaulkitik altxatu, sofan nire aldamenean eseri eta esan zidan: “Fermin Muguruzaren ama eta prima Nati elkarrekin joaten dira, asteburuero, mezetara”. Eta bi binilo txiki eman zizkidan: batean, Abertzaleen euzkadi Abestaldia jartzen zuen eta Agirre eta Leizaola lehendakarien aurpegiak zeuden marraztuta ikurrin baten aurrean; bestean, Euzkadi’ko batasuna Abestiak jartzen zuen eta Euskal Herri osoaren silueta bat zegoen, besteak beste. 1976koak ziren biak.
Zortzi abesti ziren denera, baina Eusko Abendaren Ereserkia-ren hiru bertsio diferente zeuden. Pilarrek bigarren diskoa hartu eta esan zidan B aldea entzuten zuela berak, “face 2”, hor zeudelako Euzko gudariak eta Batasuna. Esan zidan Ereserkia jeltzaleen himno bat zela, ez zela euskaldunena, euskaldunek ez zutela ereserki bat behar, egin behar zutena zela abestu eta abesti asko izan, aspaldikoak, berriak. Eta jeltzaleek Ereserkia zutela, langileek Internazionala eta borrokarako Euzko gudariak genuela, berez gerra aurreko melodia bat zena, oso aspaldikoa.
Gero lehenengo biniloa hartu zuen. Agirre eta Leizaolaren azpian 1936 – 1976 Euzkadi’ko Jaurlaritza jartzen zuen, eta esan zidan: “1936tik aurrera Agirrerekin beti eta amaierara arte, baina 1936 aurretik Agirre gure etsaia zen. Agirre Marcelino Orejaren oso laguna zen, biek nahi zuten bankeroek agintzea, nagusiek. Agirrek Euzkadi maite zuen, Orejak Espainia. Baina biek gorroto zituzten langileak, obreroak”.
Beste egun batean bi pezetako txanpon bat oparitu zidan: alde batean, 2 pesetas 1937 jartzen zuen; bestean, Gobierno de Euzkadi, eta txano frigiarra zeraman emakume baten soslaia zegoen Frantziako liberetan bezala. Esan zidan: “Jaurlaritza bai, baina anvkoekin, komunistekin, sozialistekin, errepublikanoekin”. Etena egin zuen. “Eta cntkoekin ere bai, ya te vale, Agirre”, lehendakaria Donibaneko 13. solairu hartako egongelan gurekin balego bezala. “cntk bota zituen Armadako kolpistak eta faxista guztiak Donostiatik eta gero Jaurlaritzatik kanpo utzi zuten jeltzaleek, ez dago deretxorik. Jeltzaleak Jaurlaritzan? Ba anarkistak ere bai. Punto. Baina klaro, Agirre Orejaren ekipokoa zen”.
Marcelino Oreja politikari jaimista bat izan zen, karlista sutsu bat, eskuindar porrokatua, katoliko integrista. eajk hautagaitzak eta taldea partekatu zituen Francoren alde jarriko ziren eskuindar horiekin. Oreja 1911n Arrasatera iritsi eta, Unión Cerrajerako zuzendari zela, esan zuen langileak belarra jaten jarriko zituela. 1934ko Iraultza arrakastatsua izan zen Debagoienan. Langileek lurraldea kontrolatu zuten, Asturiasen bezala. Iraultzaileek Oreja atxilotu zuten, beste atxilotu batzuekin ihes egiten hasi zen, baina aurkitu eta tiro egin zieten. Marcelino zauritu egin zen, eta kondairak dio ucemeko langileek belarra jarri ziotela ahoan.
Argazki ospetsu bat dago, 1931ko mitin batekoa Gernikan, Agirre eta Oreja agertzen dira elkarren aldamenean. Garai berekoa da Oreja eta Agirrez gain Lauaxeta ere ageri den afixa bat, elkarrekin egin zuten mitin batekoa.

Orejatarrek gaur egunera arteko bide luzea egingo zuten Espainiako eskuineko politikagintzan eta enpresagintzan. 34ko iraultzaileen balekin hiltzear zegoela, haurdun zegoen emaztearen aldamenera eraman zuten Marcelino: semea Suarezen Atzerri ministro izango zen. Eta iloba bigarrena Aznarren Barne ministro eskuindarrenetakoa: Jaime Mayor Oreja. Aitor hil baino hiru egun lehenago, Eliza katolikoa Marcelino Oreja beatifikatzeko prozesuan hasi zen martiri izateagatik, 2020ko abenduaren 15ean.

Pilarrek Aitorri eman zizkion altxorren artean, kartulinazko karpeta urdin bat dago, liburu baten neurrira moztutakoa. Barruan bi objektu daude. Bata, 2006ko kartoi bat da, 1926ko otsailaren 10ean Arrasateko Plus Ultra taberna errekaldetarrek ireki eta laurogei urtera egin zen ospakizunekoa. Errekalde deitzen zituzten Deba ibaiertzeko izen bereko etxe handi batean bizi ziren berezibartarrak. Errepidea egiteko etxea eraitsi eta Makatzenara alde egin zutenean ere, hura izan zen familia izena. Karpeta urdineko beste objektua liburu bat da, Gabonetako gorosti eta elur maluten opari paperarekin bildutakoa. Irekitzerakoan, el árbol de guernica jartzen du, ordea. 1963an Ediciones Gudarik argitaratutako George L. Steer-en liburua da; portadan ingelesezko izenburua jartzen du, eta azpian A field study of modern war. Itzulpena Eusko Gaztedik eta Resistencia Vasca-k egin zutela dio. Dena dela, Pilarrek Aitorri jarri zion eskaintza da deigarriena:
Ez utzi iñori
ni _ Pilar
Liburuaren 122-123 orrialdeetan, Gernika sutan ikusten da. Aitorrek koadro bat egin zuen argazki horretan oinarrituta hamasei urterekin, zuriz, gorriz eta beltzez. Pilarren egongelan egon zen hil zen arte. Hura hildakoan, 1,5 bider 3 metroko Gernika hura izan zen Aitorrek etxe hartatik hartu zuen gauza gutxietako bat.
Aitorrek hauxe idatzi zuen 1972ko egunerokoan, abuztuaren 2ko sarreran, gaztelaniaz:
Inpresionatuta nago Steerren gerrari buruzko liburuarekin. Nardagarria da. Posible da adiskidetzea? Ez dakit A.ren ideiak hain zentzugabeak ote diren. M.rekin hitz egin behar dut ea zer dioen. Zutik-en laburpena egin behar dut. Egun txar bat izan da, eguraldiari dagokionez.
Biharamunean dio:
Oso lanpetua egon naiz Steerren liburua irakurtzen. Nardagarria da. Nekatuta nago. Margotu egin nahi dut. Oraingoz liburu hau bukatu behar dut, [...] eta zoro batek bezala margotzen hasi. Ez dakit nondik hasi. Akaso Gernikari buruzko koadro bat. Ezin dut jarraitu. Nekatuta nago.
Abuztuaren 4an:
Amaitu dut Steerren liburua. Inpresionatuta. Margotzen hasi nahi dut (Gernika, Txekoslovakia, Praga, Vietnam, Ulster). Amoroso nago, Jose Maria oso ongi portatu da eta dirua eman dit tokadiskoserako. Margotzeko gogoa daukat.
Elkartu gara marrazketakoak.
Eta 5ean:
Aldizkariak bereiztu ditut atean margotzeko (Vietnam, Rapa, Bangladesh, arrazakeria). Ulsterreko bat, edo Latinoamerikakoa, falta zait. Gogoan dut txikitan izu handia niola iluntasunari. Orain maite dut. Haurtzaroan ez nuen apenas margotzen edo korri egiten nuen gainontzeko umeek bezala, eta irabazi egiten ninduten. Faxisten erretratuak margotu nahi ditut eta ez faxistenak. Margotu nahi dut eta euskara ikasi. Lasaitu behar naiz sutondoan.
Etengabe errepikatzen dira margotzearena eta Txekoslovakia:
Oraingoz, margotzeaz eta euskara ikasteaz gain, Txekoslovakiaz jakin nahi dut, federalismo sobietarraz, Ulsterrez, etaz, gerrillez (tupamaroen taktikez eta metodoez), Errepublikaz eta aurrekariez eta Herrialdearen historiaz. Baita Parisko Maiatzaz. Artista garai eta toki baten lekuko izan behar da. Horregatik kritikatu behar dut ala goretsi epaitzen dudana.
Senideei buruz ere asko idazten du, anaiaz, amaz, eta aitaz:
Nire aita, zer da? Zergatik ez zen gerran borrokatu eta nolakoa da? Kritikatzen ditu guzti-guztiak, ez da posible. Horrela etsaien harrapakina izango da.
Mendirako txangoak kontatzen ditu: Otsagabiaira, Zaraitzura, Abaurregainara, Auritzera, Eltzaburura, Donostiara. Izeba Natirekin eta lehengusina Jaionerekin pasatu ditu abuztuko azken hamabostaldia eta irail hasiera. Nati Aitorren ama pontekoa da, maite du, baina ez du ulertzen nolatan daukan Euzkadi Espainiako eskualdetzat eta nola ez dion alabari euskara irakatsi. Eta horren ostean dio ea nola margotuko ote duen baldintza horietan.
Hemen eta han mendi taldeaz jarduten du. Lehergailu bat lehertu dela Legutioko klub nautikoan eta H.G. Wellsen La máquina del tiempo irakurriko duela. Nork uzten dizkion liburuak eta nori uzten dizkion, norekin margotzen duen. Wellsena bukatu duela eta Cándido-rekin hasiko dela. Ametsak jasotzen ditu bereziki. Ametsetako batean Gernikan irudikatzen du bere burua. Basoak agertzen dira eta abuztuko euri txikia. Ametsak eta ametsak. Euskal izaera ez duten senideak kritikatzen ditu: ez duten dirua xahutzen dutenak, zintzoak ez direnak. Erakargarriak zaizkion emakumeak agertzen dira. Irailean, Goetheren Werther irakurtzen hasten da.

Hamabost urtez, noizean behin, argazkiak, gutunak, dokumentuak, postalak, hil berrien oharrak, liburuak, aldizkarietako ebakinak ematen zizkion Pilarrek Aitorri. Trukean, Aitorrek argazkietakoak identifikatzeko eskatu zion Pilarri. Behin baino gehiagotan egon zen Aitor Juan Ramon Garai ikerlariarekin harremanetan, norbait identifikatzen zutenean argibide haiek Arrasatera ere irits zitezen.
Niretzat inkognita bat da orain Pilar hil aurreko hamabost urte horiek irudikatzea. Zer emango ote zidan Aitorrek niri kasu berean? Ziurrenik, anaiari emango zion 1971ko ekaineko xii Campamento Vasco-Navarro de Montañako Belaguako mapa; akaso, niri 1977ko Miró fundazioaren txartela, eta urte bereko Amnistiaren aldeko edota psucen egutegiak.
Langile jendearen oinordetzari dagokionez, oso prosaikoa izaten da kontua. Jasotzen dena ez dira objektu baliotsuak izaten, truke baliorik gabeko objektuak baizik. Garrantzia objektuaren inguruko istorioak du, harremanak. Horixe galdu dut Aitorren ustekabeko heriotzarekin, zahar sentitzen denak gazte zenean egin zituenen inguruan egiten duen kontaketa, ordutik gordetzen dituen objektuen bidez.