Aurkibidea
Bost
Gure aita hil zen arte, Roland Barthesi buruz apenas nekien ezer. Unibertsitate garaian, Jon Juaristiren bertso barregarri haiek ikasi nituen Arbulu lagunak erakutsita: Con Barthes, ni te cases ni te embarques.
Baina aita hil berritan Rubenek argi ohartarazi zidan: “Barthes irakurri behar duzu, ez soilik Dolu-egunerokoa, baizik eta amaren heriotzaren ostean idatzi zuen guzti-guztia. Irakurri La chambre claire eta Roland Barthes selon Roland Barthes”.
Eta hala egin dut. Dolu-egunerokoa irakurri dut Rubenen gomendioz. Aita hil aurretik jaramon egin ez nion egile bakoitzarekin bezala, neure buruari galdetu diot: irakurriko ote zuen Aitorrek? Sarritan? Zer iruditu zitzaion?
Zazpigarren sarrera azpimarratu dut, urriaren 27koa:
Mundu guztiak irudikatzen du —sentitu egiten dut— doluaren intentsitate-gradua. Baina ezin da neurtu (zeinu irrigarriak, kontraesankorrak) noraino hartzen duen bat.
1977an idatzi zuen oharra Barthesek. Gure aitak 21 urte zeuzkan ama hil berri zuen Barthesek ohar hura hartu zuenean. Gure aita gaur egun bizirik balego, 1977 hura haren istorioko puntu bat gehiago litzateke. Aldi berean, ni neu ez nengoen bizirik ez nintzelako jaio, beraz 1977an ni hilda nengoen, orduan jaio ez ginen guztiok bezala. Baina gure aita bizi zen.
Rubenek pasatu dit Nabokoven hau, bizi aurretik hilda egoteaz eta bizirik egon osteko heriotzaz:
Sehaska amildegi batean kulunkatzen da, eta sen onak esaten digu gure existentzia bi ilunpe eternalen arteko argi pitzadura labur bat besterik ez dela. Biak biki berdin-berdinak izan arren, gizakiak, oro har, jaio aurrekoa patxada handiagoz ikusten du aurrean duen amildegia baino.
Urriaren 29ko sarrera bat azpimarratu dut:
Esaldi honetan, “Berak sufritzeari utzi dio”, zertara, norengana, garamatza “bera” horrek? Zer esan nahi du orainaldiak?
Ez dut ulertu irakurri dudan lehenengo aldian. Gero bai, eta ulertu dut Aitorren heriotza garbia izan zela. Zauria labana zorrotzarekin egiten duzunean bezala, garbia lixibarekin eta xaboiarekin garbitutako kirofano bat bezala, hilkutxan lurperatu aurretik erakutsiko den hildako makillatua bezala garbia.
Sedatuta egon zen bitartean, Aitorren eskuak beti egon ziren hidratatuak, azazkalak moztuak, inoiz ez zuen usain txarrik izan ziuan, ez nuen inoiz tokiz kanpoko odolik ikusi, edo usteltzen hasitako ezer. Maria doktoreak biriketako zauriak gogortzen ari zirela eta horrek arnastea ezintzen ziola azaltzen zigunean ere, oso irudi presentagarria zuela iruditzen zitzaidan, txukuna, arrakalarik gabekoa, ez kaltegarria. Ez zen ezer desegiten, ez zegoen heriotzarako trantsiziorik. Heriotza iritsi zen, baina esna geundenon borondatea gailendu zen arte, makinak itzali zituzten arte, organismo hura bizirik egon zen eta ezerk ez zuen bukaera iritsiko zela adierazten.
Hauxe azpimarratu dut Barthesen hogeita zortzigarren sarreran, azaroaren 2koan:
Orain badakit nire dolua kaotikoa izango dela.
Irakurketa eten dut gauza bat etorri zaidalako gogora. Erlijiorik ez dugunon arazoetako bat errituen falta da, bai heriotzari lotuta, baina baita senide bat jaiotzen denean, urtebetetzeetatik kanpoko haurtzaroko ospakizunetan, nerabezaroan, bikotekide gisa norbaitekin bizitzan urteak partekatzen direnean. Bakarka fabrikatu behar ditugu ospakizunak eta porrotak, doluaren prozedura guztiak bakardadean. Eta norberaren neurria da, ziurrenik, mina tarteko dagoenean erabil daitekeen neurririk kaxkarrena. Zerbaitek min ematen digula uste dugunean gara inoiz baino egozentrikoagoak.
Hogeita hamaseigarrenean, azaroaren 6koan, hauxe azpimarratu dut:
Gauza asko ulertu ditut (atzo): aztoratzen nauenaren garrantzirik eza (instalazioa, apartamentuaren erosotasuna, berriketak, eta batzuetan baita barreak ere lagunekin, proiektuak, etab.).
Neure dolua maitatzearen harremanari dagokio, eta ez bizitzaren antolaketa bati. Buruan sortzen zaizkidan (maitasun) eta hitzen bitartez datorkit…
Rubeni aipatu diot Barthesekin nabilela eta gauez egiten ditudan ametsak idazten hasi naizela. Erantzun dit ez ekartzeko hona ametsak, egiteko kasu Henry Jamesi: “Amets bat narratzen duenak irakurle bat galtzen du”. Aitorrek 1972ko egunerokoan jasotako ametsak ez kontatzea erabaki dut, beraz. Eguneroko horren funtsa ametsak dira.
McKenzie Warken Life Story eta Maitasuna eta dirua, sexua eta heriotza ere doluari buruzkoak dira: zer zen eta zer den, zer izateari utzi dion gizon bitxi izatetik emakume trans izatera pasatu denean. Bizitza eta heriotza garbi moztu daitezkeelako, baina bizitza ezin da bitan banatu, beti daude usteltzen diren ala eusten gaituzten aurreko bizitzako arrastoak.
Rubenek esan didan beste gauza bat da Freuden ametsei buruzko liburua, Ametsen interpretazioa, doluan idatzitako liburu bat dela. Doluaren eta ametsen arteko loturaz jabetu zen Freud, eta berak zeuzkan ametsak jasotzean ohartu zen ametsak osatugabeak zirela, ezin zela zeharo jakin ametsek zer pertsegitzen zuten. Eta pentsatu dut lotura estrainio bat dagoela ametsen eta hildakoen artean. Hildakoak berpiztu egiten dira ametsetan: bizirik daude. Ahaztu ditugun hildakoak ere suspertzen dira. 1886an hil zitzaion aita Freudi, berrogei urte zituenean, eta 1899an argitaratu zuen Ametsen interpretazioa. Liburuaren sarreran uko egin zion ametsak modu objektibo batean irakurtzeari. Ez zuen, inondik ere, ametsen teoria bat osatu nahi. Subjektu bat zen Freud liburu hura idaztean: bere ametsak zeuden, amesgaiztoak, desirak, baina bereziki bere aitarekiko dolua. Freudek autoteoria bat egin zuen.
Hauxe idatzi zuen Freudek 1908ko udan:
Konturatu nintzen nire obra nire autoanalisiaren parte zela, nire aitaren heriotzarekiko erreakzioa zela, nire gizaki bizitzako unerik mingarriena, jabetu nintzen ez nintzela gai izan zauri horien eragina kentzeko.
Freudek deskubritu zuen aita desagertu izanak orbainak utzi zizkiola bere ametsen bihotzean.
Gasteiza ikastera joan nintzenean, Aitorrek bai ala bai irakurri behar nuen liburu bakarra eman zidan, Herbert Marcuse freudomarxistaren Eros y civilización. Liburuaren zer edizio eman zidan ikusita, ia segurua da Aitorrek 1972ko egunerokoan jaso zituen ametsen aurretik irakurri zuela. Gaur, Aitorren liburuen artean begiratuta, Marcuseren Psicoanálisis y política hartu dut; barruan daukan orrialde batean liburua gomendatzen du gazteleraz, 70eko hamarkadan erabiltzen zuen sinadurarekin. Iruñea eta Gasteiz arteko 2006ko tren eta autobus txartelak ere topatu ditut barruan.
Gutako edonork du esperientzia bitxi hori, Freudek bezala, maite dugun norbait galtzean: gauaren muturrean agertzen zaizkigu desagertu zirenak. Lasaigarria da? Nardagarria da? Zaila da jakiten. Ukaezina dena da hildakoak itzuli egiten direla, Aitorrek hainbeste maite zuen Berlingo sozialisten hilerriko aipu horretan bezala (Die Toten mahnen uns); sarritan hildakoak oso urrundik itzultzen dira, gainera.
Inkontzientearentzat, hildakoak ez dira inoiz hiltzen. Ezin dugu esan hildakoek agintzen dutenik, baina bizi behar gara pentsatuz baietz, gure psikean betirako aginduko dutela.
Dolu-egunerokoa-n, 1979ko martxoaren 18an, Barthesek idatzi zuen:
Berarekin amets egiten dudan aldiro (eta berarekin amets egiten dut aldiro), ikusi egiten dut, bizirik dagoela sinesten, baina beste bat da, aparte dago.
Rubenek sarritan esan izan dit orain, halako batean, Aitorrekin topo egingo banu, ez nukeela ezagutuko, eraiki dudan Aitorren ametsa eta Aitor pertsona ezberdinak direlako.
1977ko urriaren 29an hauxe idatzi zuen Barthesek:
Gauza bitxia: bere ahotsa, hain ondo ezagutzen nuena, […] ez dut entzuten. Halako gortasun lokalizatu bat...
Nik ez dut isiltasun hori entzun oraindik. Sarritan datorkit Aitorren ahotsa, aldaera ezberdinetan: atsegin, haserre, iradokizun bat egin nahian edo egiten dudan zerbaiten aurrean zorrotz.
Gero idazten hasten naiz eta talka bat sortzen zait: idazten dudanak idatzi nahi nuenaren ideia zapuzten du. Barthesek antzeko zerbait dio argazkiekin lotuta, nola argazkiek oroitzapenak zapuzten dituzten.
Gaur France Interreko psikoanalisiari buruzko saioa entzun dut, 2023ko otsailaren 5ekoa. Handik bi egunera Aitorren urtebetetzea litzateke.