Aurkibidea
Hamahiru
Aitorrek 64 urte zeuzkan hil zenean eta nik 34. Emilianok 92 zeuzkan eta Aitorrek 49. Pilarrek 90 zeuzkan eta Aitorrek 55. Beti irudikatu nuen Aitor, gutxienez, Pilarren adinera iristen. Eta beti irudikatu nuen neure burua aita 60 urterekin galtzen.
Nerabeak ginela, Pilarrek beti errepikatzen zuen bera zela gehien bizi izan zen errekaldetarra. Haren lehengusina Emili, Maria Emilia Berezibar Ormazabal, Natiren ama, 82 urterekin hil zen, eta Pilarren ama, Mikaela Galdos, berdin. Pilarrek adin hura bete zuenetik esaten zuen hilezkorra zela, merezi ez zuen bizitza baten jabe zela.
Aitor hildakoan galdetu nuen: zergatik hil da zegokiona baino 26 urte lehenago?
2007an, hil baino hamahiru urte lehenago, Hegoalde Udal Ikastolako ikasturte amaierako jaian, Aitorri odola ateratzen hasi zitzaion begi-belarrietatik. Anbulantzia bat joan behar izan zen haren bila. Garai hartan Berlinen bizi nintzen eta ez nuen inondik ere kontenplatu Aitor hiltzear zegoenik.
Biharamunean, Aitorrek telefonoz gertatutakoa kontatu zidanean, iruditu zitzaidan haren bizitzarengatik baino arduratuagoa geratu zela eskolako haurrek, gurasoek eta irakasleek eszena ikusi zutelako: nola zuen alkandora odoletan, nola garraiatzen zuten eskolako zuzendaria esku-ohean. Bazirudien lotsak hilko zuela eta ez odol isuriak.
Polizitemia diagnostikatu zioten, globulu gorrien ekoizpenari lotutako desordena bat, uneren batean odoleko minbizia, leuzemia, bilaka zitekeena. Medikazio indartsu bat jarri zioten eta bi urtez egon ziren dosiak doitzen. Sarritan Merced karrikako egongelara iritsi eta Aitor sofan egoten zen, lehertuta. Lan egiten zuen, lanaz kanpoko bilerak ere egiten zituen, baina gero suntsituta egoten zen etxean. Koskorrak ateratzen zitzaizkion gorputzean nonahi, zangoak ezin mugitu egoten zen batzuetan. Behin gidatzen ari zela gertatu zitzaion, Lantz parean Belatetik behera.
Baina lortu zuten kimika doitzea eta, ohartzerako, 60 urte bete zituen. Orduan, medikuak kolpetik jaitsi zizkion dosiak, adin horretara iritsi bazen ez zuelako minbizia garatuko odolean. Pentsatu nuen hilezkorra agian ez baina 100 urte biziko zela Aitor, hori zela progresio logikoa: biloba guztiak ezagutuko zituela eta gehienek 30 urte izango zituztela hilko zenerako. Ez zela errepikatuko Emilianok niri utzitako mandatu astun hura: ez zituela bilobak hazten ikusi 43 urterekin izan zelako Aitorren aita. Aitatxiren mamu horrek, bilobak hazten garaiz ikustearen itxaropen eder horrek, aita beranduegi ez izateak, bestelako kalte batzuk ekarriko zizkidan bizitzan.
Aitor covidarekin ingresatu zutenean, interlokuzioa izan nuen mediku bakoitzari esan nion polizitemiarena, Rubenen gomendioz. Denek esan zidaten horrek ez zuela biriketakoarekin harremanik. Niri eskandalagarria egiten zitzaidan baliotsua iruditzen zitzaidan informazio haren aurrean jasotzen nuen gutxiespena baina, azken batean, nik ez nekien ezer birikei buruz eta, are gutxiago, hilzorian zegoen norbait salbatzeari buruz. Nahiz eta, aldi berean, inork aurreikusi ez zuen pandemia haren aurrean, eskergarria izango zitzaigun umiltasun eta xamurtasun apur bat, espezie gisa.
ziuan sedatuta hilabete zeraman egun batean, Aitorren ardura zuen Maria medikuak jai zuen eta Jesus etorri zen haren ordez. Bisita orduko partea eman zidanean, polizitemiarena aipatu nion. Esan zidan, izatekotan, odoleko desordena horrek gure alde egiten zuela. Baina esan zidan baita ere, hitzez hitz, Aitor ez zela bizirik aterako. Zorabiatzen hasi eta besaulkian eseri nintzen. Jesusek begiratu egin zidan eta zalantzarik izan ez nezan errepikatu zuen: “Ez da bizirik aterako”. Ni saiatu nintzen azaltzen oxigenazio maila neurtzen zuten makinek esaten zutena, haren mailan argudiatu banezake bezala. Esan zidan horrek guztiak berdin zuela, ez begiratzeko makinei, axola zutenak birikak zirela. Esan zidan zauriak zeuzkala biriketan eta zauri horiek harri bilakatu zirela. Orduan ulertu nuen harri esaten zuenean ez zela soilik ari gogortu zen zerbaitetaz, konparazioa oso zehatza zela. Alegia, ez zirela metal bilakatu: metala likido bilaka daiteke tenperatura jakin batean. Harria harri da eta, bero gehiegi egiten duenean, lehertu egiten da, baina ez dio harri izateari uzten. Harriak hilik daude.
Jesusen bisitaren biharamunean, partearen orduan, Maria itzuli zen, maskararen azpian irribarre tragikoa igartzen nion, esan zidan hobera egiten ari zela, nik sinetsi egin nion, nahiz eta, Aitor ziuan sartu zuten egunean anaiak eta biok Mariarekin izan genuen bilera ezkero, garbi nuen handik ez zela bizirik aterako.
Sekuentzia hura, Mariaren jaiegunetan ordezkoak albiste txarrak ekartzearena, beste bitan errepikatu zen. Beste medikuak ez ziren Jesus bezain zehatzak, ez zidaten esaten Aitor ez zela bizirik aterako, baina ez ziren Maria bezain optimistak.
Aitor ospitaleratu zutenean, gure amak ere covida zeukan eta anaia Bartzelonan zegoen. Aitorrek ni besterik ezin ninduen haren bitarteko mediko izendatu. Eta hala, eguerdiroko bisita nik egiten nuen eta arratsekoa, txandaka, anaiak eta, sendatu zenean, amak.
Bosgarren egunean jaitsi zuten ziura Aitor, biharamunean lokartu zuten, azaroaren 2an. Urriaren 27 goizean hots egin zidanean, Merced karrikako atarian anbulantzia noiz etorriko zain, ulertu nuen oxigenazio faltak urratutako ahots hura ere bazela onespen bat, Aitor konturatu zela hil egingo zela. Larrialdietara iritsi zela jakin bezain laster, ospitalera joan nintzen. Etxetik ateratzean, ezer esan gabe, orduko bikotekidearen begiradak esaten zuena ulertu nuen: neurriz gainetik ari nintzen jokatzen, lasai egon behar nintzen, haur urduri bat bezala ari nintzen. Egun hartatik aurrera, lantokira etorri ziren Aitorren lagun eta ezagun ia guztien aurpegi eta hitzetan ikusi eta entzun nuen mezu horixe. Denak ziren 60 urtetik gorakoak. Batek baino gehiagok inolako lotsarik gabe esan zidan ahobero bat nintzela, Aitor ez zela hilko, jende zaharragoa zela covidarekin hiltzen zena.
Nik astearte goiz hartatik jakin nuen hil egingo zela, Aitorrekin partekatuko nituen azken minutuak ospitale horretako gela haietan izango zirela, inguruko guztiak oker zeudela. Segur aski, nire dolua gainontzekoena baino bi hilabete lehenago hasi zen, ospitaleko egun bakoitzean baieztatu bainuen intuizio hori: asteazkenean oxigenoa jarri zioten, ostegunean maskara indartsuago bat. Aitorren goiz eta iluntzeetako smsak gero eta laburragoak ziren. ziura jaitsi bezperako mezuan, larunbatarekin, idatzi zidan: “Egun zoragarria Atezko ibarrean paseatzera joateko”.
Niretzat oso kakofonikoa zen hiltzera zihoala zekienak bere heriotza ukatzea. Baina are larriagoa zen Aitorren ingurukoek haren heriotzaren aukera ukatzea haien heriotzaren aukera ez onartzeko.
Bitxia da, denok sartzen dugu hanka, sarritan zulo berean, eta mingostasunik gabe diot, baina Aitor ez zela hilko behin eta berriro esan zidan pertsona horietako bakar bat ere ez zen etorri, gerora, esatera baietz, tamalez arrazoi nuela zeharo kezkatua egon nintzenean.
Inoiz sentitu dudan bakardade handienekoak izan ziren aste horiek. Niri eztabaidaezina eta larria iruditzen zitzaidan, baina inguruko inork ez zuen ulertzen. Berlinen ginela Jon eta Martinekin xahutu genuen Lisabören bertso hartara kateatu nintzen: “Zugandik ezer espero ez denean zara kasik askea”. Baina niri askatasun horrek min ematen zidan. Askatasun hori Aitorrengandik askatzea zelako.
Eta gogoratzen nintzen nola joan ginen 2007aren hondarrean, Aitor bolantean, Renault Lagunarekin Ondarru, Ariadne eta laurok Irungo industrialde batera, Tunk aretora, Lisabö ikustera. Sarritan galdetu nion neure buruari zer ikusiko ote zuen Ondarruk, Isturitzetik Tolosan barru ezagutarazi zidan 55 urteko gizon hark, Lisabören kontzertu hartan, Aitor aldamenean zuela.
Ospitaleko egun haietan, korrespondentzia ezohiko bat egon zen, Aitorrek azken urteetan egin zuen lagun batekin: egunero idatzi zidan posta bat. Egunero. Nik erantzun edo ez. Ramon Andres. Aitorren misterioetako bat izan zen hori, nola ezagutu zituen miresten zituen obren egileetako asko pertsonalki helduaroan, lehen hezkuntzako langile soil bat izanik.
Gure ama sendatu zenean, ohar bat utzi zuen sedatutako Aitorren gelan: “Le gusta la radio en euskera o la música clásica”. Eta telebistako irratian Radio Clásica jarri zioten ordutik aurrera. Astean zehar joaten nintzenetan, eguerdian, jazz saio bat entzuten zen. Ziurrenik kate hartan Aitorri gutxien interesatuko zitzaion generoa.
Sedatuta egon zen 8. egunean, hobeto zegoela iritzita, Aitor esnatzeari ekin zioten. Begiak ireki eta kontziente izan zen une bakarrean, kasualitatez, hantxe nengoen. Begiak ireki zituen, gero itxi, gero ireki, begira geratu zen arte. Egun hartan ez zegoen Maria eta ordezko medikuak hitz egiten zion, lasai egoteko esan zioten. Aitorri eskua eman niezaion agindu zidan. Eta orduan, bestea, eskuinekoa altxatu zuen, pultsua hartzeko aparatua zuen hatzetako batean. Bihotza azkarrago hasi zitzaion. Medikuak lasai egoteko esaten zion. Buruarekin ezetz Aitorrek, alde batetik bestera. Ala agian ez zuen ezer esaten, deseroso zegoen, hainbeste egun geldi, hainbeste hodi. Arnasten ari zen, esna zegoen. Ez dut gogoan zenbat arnasten zuen bere kabuz eta zenbat laguntzarekin.
Ni pozarren joan nintzen 7. gelatik egun hartan. Agian zeharo oker nengoen. Agian gehiegizkoa izan zen nire sententzia.
Baina arratsean, anaia joan zenean, lo topatu zuen eta biharamunean sakon lokartua jarraitzen zuen. Kortikoideek birika hobetu ziotela, baina gero beste bakteria batek eraso egin ziola eta berriro zegoela makal. Ohikoa zela esan zidan Mariak.
Nik banekien hiru astean esnatzen ez bazuten hil egingo zela. Jesusek garbi esan zidan: egun bat sedatuta bazaude, 15 egun dira berreskuratzeko; 15 egun sedatuta bazaude, urte erdi bat behar duzu; 30 egun ematen badituzu, heriotza da, edo agian ez zara hilko, baina ez zara berriro izango hirurogeita gutxiko gizon zeharo autonomo hura, mendira joaten zena, lasai-lasai sei orduz maldan gora eta behera zebilena. Hor deskubritu nuen bizitza eta heriotza ez zen hirugarren toki bat zegoela. Ateoek zer den jakin gabe linboa deitzen duten hori ere ez zen. Termino aktiboetan, hirugarren toki hori heriotza zen: Aitor ez zegoen bizirik. Baina, termino materialetan, hirugarren toki hori bizitza zen: Aitorrek gorputz bat zuen, bihotza bikain zebilkion, azala gaixotu aurretik bezain beltzaran zuen, bizarra egin behar zioten, keinua ere lo egiten zuenekoa zen, azazkalak mozten zizkioten, eskuetan eta belaunetan krema hidratatzailea ematen zioten.
Aitor toki hartan egoteak bi arazo zeuzkan: bata makina bera zen, arnasketa lagunduarekin ez baitzen hilko. Odolak ez zuen bi hilabetez hutsik egin, birikak kaltetuta zeuden baina egonkor, giharrak haren adinerako txukun, 24 urte lehenagoko Aberri Egun batetik ez zituen egunean bi tabako kaxa erretzen, ez zuen inoiz alkoholik edaten. Aitorren bigarren arazoa, Jesusek behin esan zuen bezala, osasuntsu egotea zen; bestela, aspaldi hilik egongo zen. Intentsibistek birikak sendatu behar zituzten, horretan ezin zuten huts egin, baina pandemiaren gerra logikan, komeni zitzaien birikak ez ziren organoek huts egin zezatela.
1953ko martxoaren 1ean, etxeko langileek lurrean hilzorian topatu zuten Stalin, pijama jantzita. Etxea medikuz bete zen eta, halako batean, loalditik esnatu zen altzairuzko agurea. Begiak ireki eta ezker eskuarekin seinalatzen hasi zen. Ingurukoek ez zekiten exekutatu behar zuten hurrengoa hautatzen ari zen, ala beren-beregi asmatuko zuten sari bat emango zioten sesbeko buruaren bizitza salbatu zuenari.
Azkenean, horman zegoen collage bat seinalatu zuen eskuak. Collageak ziren Stalinen aisialdiko denbora-pasa kuttunenak: aldizkari ilustratuak ebakitzen zituen eta itsatsi. Datxa hartako gela hura Stalinek egindako collagez betea zegoen.
Stalinek seinalatu zuen koadroan, emakume gazte bat ageri zen arkume bati biberoia ematen. Zer esan nahi ote zuen artzainaren irudi hori seinalatzeak? Batzuen ustez arkumea Stalin bera zen eta emakumea sobietar herria.
Ziurrenik, Aitorrek, Stalinek bezala, eldarnio bat izan zuen, baina eldarniotan dagoena ikusten duenak beti aurkitu behar dio eszenari zentzu bat. Handik bi egunera hilko zen Stalin. Aitor ezleku batera joan zen. Arrazoiak espero ez duen toki batera: ez zegoen hilda, eta ez zen hilko arnasgailua ondoan bazuen, baina ezin zuten esnatu. Jesusek esan zidan bezala, esnatuz gero, 400 metroak etengabe korritzen ari dena bezala biziko zen. Beraz, ez zegoen hilda, baina bizi ere ezin zen bizi.
Une batez, pentsatu nuen Aitorrekin Leninekin bezala egiten ari zirela. Hil zenean, Politburokoak jabetu ziren Lenin ez zela gizaki soil bat. Gorpu hura milioika lagunek bisitatu nahi zuten. Garaile izandako lehenengo iraultza proletarioaren burua zen. Eta azidoak, alkoholak, hidrogenoa, denetarik erabili zuten gorpuak bizidun tankera gorde zezan. Leninen gorpua Egiptoko momiekin alderatzen da sarritan, baina ez, momia haiekin gorpuak usteltzea ekidin nahi zen, baina begiratuz gero, argi dago ez direla bizirik dauden izakiak. Horixe zen, ordea, Leninen gorpuarekin lanean egon ziren dozenaka mediku eta zientzialarien erronka: Lenin bizidun baten itxura lortu behar zuten, eta kontua ez zen, erre ala lurperatu aurretik hildakoak dauzkan bizpahiru egun horietan bezala, makillatzea. Kontua zen haragiak, betileek, bekainek, biboteak, burusoilak lokartuta zegoen Lenin baten itxura izan behar zutela. Lenin sedatu bat ikusi behar zuten Mausoleoa bisitatuko zutenek.
sesb eraitsi zuten, Moskuren esanetara zeuden alderdi komunistak amildu ziren Europan, baina Leninen gorpuak etzanda iraun du, Plaza Gorrian. Astean sei egunetan bisita daiteke, hiru orduz.
Merced karrikako lauroi egiteke geratu zitzaigun bidaia izan zen: Mosku eta San Petersburgo.
Burokraziak ematen duen lasaitasuna izan zen ziuan ikasi nuen inportanteena. Sarritan pentsatu nuen Sofia Petrovnarengan eta, berak bezala, burokraziak irentsi dituen bizitzak bizi izan dituztenengan.
Maite nuen pertsona hiltzen ari zen. Baina gainontzeko senideok bezala, onartu egin nituen bisita ordutegi mugatuak, nola mozorrotu behar ginen plastikoekin oinetan, nola jarri maskarak. Antzerki hura onartu genuen. Alai sartzen ginen ikustera nola ari ziren den-denak hiltzen, edo nola aterako ziren erdi hilik.
Eta gero gizaki ateoaren arrazionaltasun mistikoa zegoen. Nire errituen barruan hasi zen sartzen aurrena ezkerreko eskularrua jartzea, pasilloa gurutzatzerakoan aurrena ezkerreko zangoa jartzea, beti jotzea atea modu berean, entzungo balu bezala agurtzea sedatutakoa egunero, sedatua esnatua balego bezala jokatzea. Pentsatu nuen 7. gelan egotea zorte oneko faktore determinante bat zela. Antzerki hori jokatu nuen, errespetuak eta absurdoak bat egiten zuten tokian.
Beste kontu batzuk, ordea, ordutik markatu zaizkit, haragian. Egunean zehar bi bisita zeuden soilik eta goizekoan pasatzen zen mediku nagusia partea ematera. Baina goizeko 7etatik aurrera ziura dei zitekeen. Gure amak egunero deitzen zuen. Eta egunero bidaltzen zigun anaiari eta bioi mezu bat. Aitorren tenperatura eta pultsua zein zen esaten zigun. Oxigenazioaren informazioa hutsala bazen, tenperaturarena eta pultsuarena are gehiago. Baina ni, inolako iratzargailurik gabe, sei eta erdietan hasi nintzen jaikitzen, amaren mezua itxaroten nuen. Ordutik hala esnatzen naiz oraindik. Gero lokartu egin naiteke, baina albiste txar bat eman diotena lokartzen den bezala.
Ospitalean nengoela jakin nuen denbora gutxi zela Mariari amatasun baimena bukatu zitzaionetik. Urte eta erdiko alaba bat zeukala. Sarritan pentsatzen nuen Mariarengan, etxera akituta iritsiko zela, eta alabak haren beharra izango zuela. Ez nekien Mariaren bikotekideak zertan egiten zuen lan, langabezian zegoen, haurra zaintzeko baimenen bat izango ote zuen, ez nekien bikotekidea emakumea ala gizona zen, bikotekidea zuen.
Bizitzak Maria ongi trata zezala eskatzeraino disparatzen zitzaidan irudimena, halako truke kosmiko baten bidez. Aitor bizirik atera zedin. Mariak alabari bularra ematen bazion ez ziezaiola kosk egin titiburuan, trata zitzala ongi, eta titizorroa jartzen zuenean ez ziezaiola harramazkatu azala. Utz ziezaiola gauean lo egiten etxean lo egiten zuenean. Gero pentsatzen nuen ezetz, higieneagatik, eta ez kutsatzeko, biberoia emango ziotela seguru, eta txupetea erabiliko zuela. Mariak den-dena egiten zuen gazteleraz eta, irudikatu nuen, txanoaren azpian igartzen zitzaion ile orrazkerarengatik, alabari belarritakoak jarri zizkiola jaiotakoan, eta bataiatu egin zuela.
Nire aurreiritzi ideologikoak agerian utzi zituen egun batean Mariak, esan zidanean bioetika formazioa egina zuela gerora politika abertzalean karrera egingo zuen Iruñeko mediku ezagun batekin. Keinu abegikor bat iruditu zitzaidan. Garbi geratu zitzaidan bioetikarena gutxienekoa zela solasaldi hartan, esan nahi zidana zen euskaldunekin, are euskaldun inportanteekin, tratua zuen pertsona zela.
Nik nahi nuen, bere lanaren gainetik, Mariak egitea gustatzen zitzaion hori egiteko astia izan zezala, ahal zuen neurrian, pandemiako mugen baitan: korrika egitea bazen, korrika egin; irakurtzea bazen, irakurri; marihuana erretzea bazen, erre zezala; arte martzial bat bazen, ba arte martziala; maite bazuen besteari ukabila saihetsean sartzea, sar ziezaiola; masailezurrean ukabilkada jasotzea maite bazuen, jaso zezala; bonsaiak maite bazituen, txukun egon zitezela; guancialea behar bazuen carbonara goxo bat egiteko, eskura zezala beti; ikusten ari zen telesaila ez zedila bukatu.
Ospitale hartan seme eredugarri bat bezala janzten nintzen, inolako inkietude politikorik erakutsi gabe. Hizkuntza zen salbuespen bakarra, euskaraz egiten nion Aitorri eta aukera zutenean hala hitz egiteko eskatzen nien zeladore eta erizain euskaldunei, hala nahi bazuten. Baina horrek, Iruñerriko ospitaleetan, ez zuen zertan posizio politiko jakin bat adierazi, Nafarroa Garai osotik iristen baitziren hara gaixoak.
Hamasei urterekin, Camaron de la Islaren profil bat margotu nuen beltzez kamiseta arrosa batean, aironfixarekin eta kuter batekin. Camaron maite nuen Aitorrek kotxean Michael Jacksonekin batera gehien jartzen zuen kaseteetako bat zelako.
Gure amatxi Pilarrek pentsatu zuen Camaron hura Che Guevara zela eta diskurtso bat egin zidan, oso serio: gure konbikzioak oso ongi zeudela, eusteko horri, baina ez ginela kaletik joan behar munduari esanaz zer pentsatzen genuen.
Gerora gehiagotan errepikatuko zidan adibide bera jarri zidan: bozkatzera zihoanean, nana aspaldi iraungita zeukan arren, beti uzten ziotela bozkatzen, hain apain eta belarritako horiekin, eskuina bozkatuko zuela uste zutelako. Pilarrek zioen ez zuela inoiz lauburu bat paparrean jantzi eta ez zuela bandera gorri bat ala ikurrin bat lepoan inoiz lotuko.
ZIUko egun haietan sarritan pentsatu nuen: zerua badela uste dutenek nola irudikatzen dute iristen direla zerura hildakoak? Alegia, hamar urteko neskatila batek istripua baldin badu bizikletarekin, hamar urterekin birsortuko da zeruan? Amatxi Pilar 90 urterekin jaioko da han? Tentsio baxuarekin eta egunero hiruzpalau pilula hartzen eternitatean? Ala istripuko neskatila 32 urterekin jaioko da zeruan? Oroitzapenak fabrikatuko dizkiote emakume izan den garai horretan gertatu ez zaizkionekin? Nork asmatuko ditu?
Aitor ze adinekin jaioko da berriro zeruan? Osasuntsu egongo da ala ziu batean eta sedatuta birjaioko da?
Zergatik esaten zigun Pilarrek, etxeko sukaldean zeukan airetiko Arrasateko argazkia seinalatzen, “Hara joango zarete ni bisitatzera”, berez zeruan egoteko asmoa bazuen? Zeruan bertan jakingo zuen gu Iruñetik Arrasatera joaten garela?