Bar Gloria
Bar Gloria
2022, nobela
192 orrialde
978-84-17051-93-8
Azala: Arriguri
Nerea Ibarzabal Salegi
1994, Markina-Xemein
 
 

 

23

 

 

“Laguntzen dizugu sentimenduarekin. Laguntzen dizugu sentimenduarekin. Laguntzen dizugu sentimenduarekin”.

      Anak ahapeka zerabilen esaldia ezpain txikien artean, neurria hartu ezinik. Ez zirudien hura bere hizkuntza zenik, amak esandako hitzak izan arren. Mandatua argia zen. Amari entzun bezala eraman behar zituen hitzok haien baserritik Olateraino, esanahia edozein izanda ere. Eskuan hurritz-makila bat zeraman, eta atzetik zetozkion Rakel eta German, pauso motzean zelaian behera.

      “Itxaron, Ana. Heldu eskutik”, eskatzen zion Rakelek ahots mainatiz, lantzean behin.

      “Zertarako? Hemen ez zarete jausiko”.

      Ia bururik biratu gabe erantzuten zien neba-arrebei, lurrari arretaz begira, kilker-zuloren batean gordeta baleude bezala amak emandako hitz haiek. Isiltasuna behar zuen ondo entzuteko.

      Lorez josita zeuden bazterrak. Agarre baserriaren ondotik igaro ziren, hango simaur usain eta oiloen karaka artean. Hegoaldera ematen zuen horma zuriaren kontran etzanda zeuden hiru katakume eta arratoi-txakur bat, beltz-beltza, bata bestearen gainean kiribilduta, lo. Larru arre, gorri eta pintoak nahastean, eguzki epeletan, elkarri arkakusoak pasatzen. Umeen pausoak entzundakoan, belarri bat jaso zuen txakurrak, eta zaunkaka jaiki zen bere katuzko ohetik.

      Kokoteko ileak harrotuta inguratu zitzaien umeei, benetako arratoi zahar baten traza hartuta, zaunkak ere ia eztula zirudiela. Hortzekin aurrerantz egiten zuen, baina hankekin atzerantz, bere tamainaren jakitun. Rakel Anaren atzean ezkutatu zen.

      “Ez du ezer egiten”.

      Anak makilarekin jo zuen lurra, eta txakurrak belarriak makurtu zituen segituan. Korapilo bat eginda hurreratu zitzaion Anari oinen parera, buztanari eraginez, baina buztana hanka tartetik atera gabe, badaezpada. Makila albo batera botata, belarri-ostea igurtzi zion. German ere ausartu zen haren lepoko ile latza ukitzera. Rakelek, baina, intzirika segitu zuen ahizparen sorbalden ostean, eta haserretu egin zen, txakurra haien taldera batu zelako bideari berrekin ziotenean ere, katuak eguzkitan utzita.

      Ahizpa lau pauso aurretik zihoan berriro, oraingoan txakurra alboan zuela. Rakeli ez beste denei uzten zien Anak ingurura gerturatzen. Nahiago zituen auzokoen txakurrak, edo ardiak, edo ahuntzak. Abarkak jantzi eta goizik alde egiten zion ohetik, artaldea aurrean hartuta, eta gauez itzultzen zen askotan, hoztuta zein bustita, bera amarekin sukaldean geratzen zen bitartean. Rakelentzat gaitza zen ulertzeko; ahizpak hori dena nahiago izatea, lokatza, animaliak eta ilunpea, bere alboan geratzea baino.

      Harizti bat zeharkatu ondoren agertu zen han behean Olate baserria, zuloa eta ospela. Kateko txakurren bat zaunkaka ari zen, eta arratoi-txakur beltzak pausoa eten zuen muino gainean, belarriak zut. Aireari usain egin, hankekin lurra aztertu, eta etorritako bidetik urrundu zen berriro, bere lursailak haraino iristen zirela erabakita.

      Berbaroa aditzen zen, beste zenbait auzoko ere Olateko atarira gerturatu baitziren mendiko bidexketan barna. Baserriaren harrizko atarian ardoa edaten eta oilaskoa jaten ari ziren zenbait gizon. Gose sasoian, askok heriotzaren bat deseatzeko beste janari bazen han. Olateko ahizpa bulartsuek platerak eta edalontziak betetzen zituzten joan-etorri bakoitzean.

      Ana bere baitarago bildu zen iritsi aurreko azken metroetan, nagusien begiradek lotsagorrituta. Pausoa geldotu zuen neba-arrebei itxaroteko. Rakelek, egoera baliatuta, eskutik heldu zion, eta ahizpak ez zuen askatu oraingoan.

      Olateko alabarik zaharrenak egin zien harrera umeei:

      “Begira nortzuk etorri diren!”.

      Anaren esku-ahurra izerditan sumatu zuen Rakelek.

      “Amak esan dit esateko, zera… laguntzen dizula”.

      “Eskerrik asko, maitea. Ikusi nahi al duzue amonatxoa?”.

      Inoiz hildakorik ikusi gabeak ziren Rakel eta German. Etxezarretako ume jaioberriaren beilan egona zen Ana hilabete batzuk lehenago, amarekin. Kutxa txiki eta zuri-zuri batean zeukaten jarria haren gorpu ñimiñoa, panpinatxo begi puztu bat. Ana izugarri tristatu zuen umea hilik ikusteak, bizirik eman zituen egun apurretako batean ezagutzeko aukera izan baitzuen. Zapata-kaxa baten barruan kabitzen zen. Atzamartxoak mugitzen zituen, eta presaka hartzen zuen arnasa, bizitza laburra izango zuela baleki bezala. Txapa gainean edukitzen zuten gau eta egun, gaixorik jaio zelako, eta epeltasunak gaixoa uxatuko ote zion edo. Baina su apur batekin sendatzeko baino gaixo eskasagoa izango zuen. Ana beldur zen Olateko amonarekin ere tristura hura sentituko ote zuen, eta, batez ere, amonaren aurpegi hotzak amonaren aurpegi epela estaliko ote zion bere buru barruan, Etxezarretako haurrarekin gertatu zitzaion moduan.

      Olateko bebarrua kandelaz eta arrosarioz beteta zegoen, baina beteagoa andrazkoen ahapeko errezoz. Mahai zabal baten gainean jarria zeukaten amonatxoaren kutxa irekia. Inguruko ume askoren munduratzean lagundu zuen amonak, tartean Germanenean, erditze nekeza Bizentaren osasun motelarentzat.

      Umeak beldurrez hurreratu ziren mahaira, bakoitza bere tamainaren araberako ikuspegiak izututa. Anak aurpegi erdia ikusten zion etzandako andreari, Rakelek kopeta eta sudurra bakarrik, eta Germanek artean ezer ez. Olateko alabak egurrezko banku bat gerturatu zuen kutxaren ondora, hiru umeak gainera igo zitezen.

      Txikiek buruak luzatu zituzten, askan zapaburu bila ibiltzen zirenean nola.