Bar Gloria
Bar Gloria
2022, nobela
192 orrialde
978-84-17051-93-8
Azala: Arriguri
Nerea Ibarzabal Salegi
1994, Markina-Xemein
 
 

 

7

 

 

Mostradoreko balde beltzean pilatutako kristalezko botilak jaitsi zituen bodegara, kostata, baldearen pisua menderatu ezinik eskaileran behera, eta kaxatan sailkatu zituen denak kokakola eta ardo hondarren usainean. Bonbilla dardarati batek justu-justuan laguntzen zion Migeli bere lurpeko lan hura egiten. “Datorren astean mostradorean hasiko zara”, esana zion Patxik lanean hasi eta gutxira, eta poza non gorde ez zekiela zebilen mutikoa. Astebetean kafeak eta edariak ateratzen erakutsi zion. Ikasi zuen non zegoen izotza, eta nola berotu esne txarroa bitsa atera zedin. Nahiago zuen kafearen usaina, eta kikara txiki eta polit haiek erabiltzea, botilen gora eta beherako ibilera alferrekoaren edo garbiketa lanen aldean. “Mutil honek badu eskua”, bota zuen Patxik jendaurrean, eta Migelek zerbait sentitu zuen papar azpian.

      Bodegako argia itzali, eta apurtutako botilak eta gainerako zaborrak biltzen zituen poltsari heldu zion beso meharrekin. Erdi arrastaka eraman zuen aterantz, lurreko zerrautsaren gainean bidea zabalduz.

      “Afaldu gurekin, Migel!”.

      Rakelek deitu zion sukaldetik, ahoa beteta. Migelek gutxi hitz egin zuen neba-arreba haiekin astebetean, lotsa gainditu ezinik zebiltzan gaztetxoak, bai haiek, bai bera. Errezela baztertutakoan, hirurak aurkitu zituen mahaiaren inguruan oilasko errea jaten. Irribarrez hartu zuten laugarrena. Horma-kontrako aulkia gerturatu zion Germanek, eta plater bat eta kubiertoak hartzeko esan.

      “Zer edan nahi duzu?”, galdetu zion Rakelek, erdi barrezka. Migelek sorbaldak jaso zituen. “Berdin dit”. Txoro haizea zegoen mahaian. German txikia barreari eutsi ezinik zebilen, begi grisak ohi baino puztuago. Oilasko hondarrak zeuzkan masailetan garbitu gabe. Ana, berriz, lurrera begira, hankekin zerbaiti kolpeka. Eta, bat-batean, Rakeli begiratu zionerako, Martini botila bat ateratzen ari zen hura, mahaipetik. Presaka bete zituen neskak hiru edalontziak, botila berriro gordetzeko gero, jantokira begira, Bizenta garbiketak amaitzekotan egongo zelakoan.

      “Guri hau gustatzen zaigu”.

      Bermutez betetako edalontziek inguratu zuten oilasko errearen hezurdura, baina ez luzaz. Tragora irentsi zuten edaria Rakelek eta Germanek, bekatuaren frogak ahalik azkarren desagerrarazteko. Anak ez, Anak trago txiki bat eman, eta patxadaz utzi zuen edalontzi erdi betea mahai gainean, beste bien larridurarako; Migelen adinkidea zen Ana, zaharxeagoa bere neba-arreben aldean. Nagusi plantak egiten hasi zen Migeli begira. “Bermuta baino ez da”. Bitartean, Germanek barre eta barre egiten zion edozeri, korroskadak sailean botaz.

      “Zuk ez al duzu nahi? Hartu edalontzi bat”, ekin zion berriro Rakelek, ezpainak distiratsu. “Horko armairu horretan daude”. Migel logura zen, baina nahi zuen haien lagun egin, sukaldeko arrasto barregarri hartan sartu.

      “Bermuta ez zait gustatzen. Badakizue zer den vacaverde? Lehengusu batek eman zidan probatzeko”.

      Neba-arrebei begiak piztu zitzaizkien. Buruarekin baietz esan zioten bi neskek. “Nik badakit nola egiten den”. Isil-isilik, mostradorera desagertu zen Rakel, amantalaren azpian botila berde bat ezkutatuta itzultzeko segidan, irribarrea belarrietaraino igoa. Mahai gainean utzi zuen tarte motz batez. Denek nahi izan zuten ukitu botila lepaluze eta berezi hura.

      Germani eman zion hanken artean gorde zezan, eta mostradorera jo zuen berriro, kizkurrak airean, kafe makinara. Esnearen pitxerra hartuta gerturatu zen Rakel bigarren itzulian.

      “Utzi niri”.

      Migelek pitxerreko esne guztia isuri zuen bere edalontzira; azal zati bat bezala erori zen esnearen gain horixka eta lodia, plaf, zipriztina ateraz. Botila berdeari ondo heldu, eta esnetara isuri zuen edari berde usaintsua, olioaren tankeran murgildu zena likido zurian.

      Sardexkaren atzeko aldea edalontzian sartu, eta gogor eragin zion, desagertu arte bi koloreak, eta agertu arte bat bakarra, berde argi-argi bat. Migeli bere umetako panpina baten jantzia gogorarazi zion. Eragiten segi arren, esneari agertu zitzaizkion pinportatxoak ez ziren desagertzen. Ahi berde baten traza hartu zuen edalontzikoak, txartutako irabiatu baten itxura.

      “Xaboia ematen du”.

      “Ba horrela egiten da. Nork probatu nahi du?”.

      “Lehenengo zuk, eta gero nik”. Rakelen ahotsak aurrea hartu zien denei. Migeli ez zitzaion ihesbiderik geratu.

      Higuin keinua ezkutatu ezinik hurbildu zuen edalontzia muturrera. Koipetsu sentitu zituen ezpainak; menda eta gazta zaporeak ahosabaitik lepazurreraino zabaldu zitzaizkion hotzikara batean.

      Begiak zabaldu zituenean, hiru neba-arrebak adi-adi zeuzkan inguruan.

      “Zure txanda”. Eskuineko begia ia itxi egiten zitzaion Migeli, larriaren larriz. Germanek eta Anak ere sudurrak zimurtuta begiratzen zioten edariari.

      Rakelek, edalontzian geratzen zen erdikada hartu, eskuarekin apur bat eragin, eta beste bi tragotan amaitu zuen, harro-harro.

      “Buaaag”, kexatu zen segituan, mingaina aterata. Barrezka hasi ziren denak. Rakelek Migeli begiratu zion, begiak negarti. Arnasaldi bakoitzak ahoak eta eztarriak izozten zizkien, eta Migelek aldi berean sentitu zituen hotza eta beroa bere urdaileraino iristen.