Bar Gloria
Bar Gloria
2022, nobela
192 orrialde
978-84-17051-93-8
Azala: Arriguri
Nerea Ibarzabal Salegi
1994, Markina-Xemein
 
 

 

2

 

 

“Nik zer egingo dut, ama?”.

      Emakume estu haren pausoari jarraitu ezinik zihoan mutikoa espaloian behera.

      “Beraiek esango dizute hori, zuk bete esana”.

      Migelen amaren begiak aldatu ziren urtea zen, fundizioko langileek greba egin zuten urtea. Migelek erdizka ulertu zituen bi hilabete haiek, erdizka aitaren hitzak, “enpresa honek naziena dirudi”, “hankak aurretik ditugula irtengo gara hemendik”, erdizka amaren bat-bateko umore ozpina eta negarraldiak, eta erdi haiek puskaka batuz, ilusiozko eta beldurrezko giro orokor bat xurgatu zuen bere senideei begiratze hutsez. Grebak iraun artean, fundizioko langileak elizan gotortu ziren hainbat egunez, aita tartean, eta amak eta auzoko emakumeek janariz betetako lapikoak eramaten zizkieten egunero. Anaia ere joan zen haiekin noizbehinka, Juan, Migel baino urte eta erdi zaharragoa. Migelek patio grisean elkartzen ikusten zituen denak logelako leihotik, beraien lapiko, jertse eta mantak hartuta, urduri. Ez zioten inoiz joaten utzi.

      Greba amaitu zenetik, ordea, amaren begiak zerbaiten bila bizi ziren, beti metro batzuk edo egun batzuk harago bere gorputza baino. Errekondoko taberna handi hari erreparatuko zion noizbait, eta Migelen esku trebeez oroituko zen, bere seme gaztearen izaera alai eta apalaz. Orduantxe sartu zen Migel lehenengoz Gloriara, hamahiru urte bete berritan.

      Astelehena zenez, taberna itxita zegoen. Sukaldera ematen zuen ate txikia jo zuen Migelen amak, kolpe sikuz. Argi zegoen ez zela ate hura jotzen zuen lehenengo aldia, aurrez hitz egingo zuen tabernari berriekin, halaxe egin baitzuen ardotegiko jabearekin ere, Juan almazen-mutil gisa har zezan.

      Betzulo moredun mutikotxo batek ireki zien atea, emozioari eta lotsari eutsi ezinda bere hortz txiki eta sakabanatuen artean. “Ama! Heldu da!”, oihukatu zuen, Migeli eta bere amari begirik kendu gabe. Ile beltzeko emakume nekatu batek baztertu zuen mutikoa ate ondotik, eta barrura gonbidatu zituen. Beste gaztetxo batzuen barreak entzun zituen Migelek sukaldean sartu eta batera. Atea zabaldu zien mutila Migelen adin inguruko beste bi neskarekin zebilen txutxu-mutxuka, hirurak beregandik erdi gordeka.

      Emakume nekatuak Bizenta zuen izena; bazter batetik azaldu zen gizon mardul eta irribarretsua, berriz, Patxi zen, senarra, masailetan zain txiki gorri eta moreak zabaltzen zitzaizkiona huntza bezala. Patxik, beso iletsua luzatuta, eskumako eskua estutu zion mutiko iritsi berriari. Migelek giharrak tenkatu zituen, eskuen mugimendua trinkoa eta lehorra izan zedin, anaiak erakutsitako moduan. Haiek ziren, beraz, lopetegitarrak, Gloria tabernako errentero berriak, kostaldekoak, hori esan zion amak. Baserria utzita, kotxe beltz txiki batean iritsi omen ziren herrira senar-emazteak eta lautik hiru seme-alaba, hiru gazteenak.

      “Hauek dira Ana, Rakel eta German”.

      Urduri agurtu zituen neba-arrebak, inguruko guraso denak tarte baterako desagertzea desiratuz. Egurrezkoa zen sukaldea, sabai ilunekoa. Armairu denak ziren zuriak, eta turkesa koloreko ate meheak zeuzkaten, ertz borobilduekin. Altzari luze bat zegoen erdi-erdian, sukaldea bitan banatzen zuen apaldun mahai moduko bat; ehunka trastek egiten zuten gainezka bertan: baziren kafe poteak, txikoria paketeak, galletak, arrautzak, puru kaxak, berakatzak, plastikozko poltsa korapilatuak... Tamaina askotariko lapiko multzo bat zeukaten ekonomika beltzaren gainean. Bizentak jatekoa eskaini zien amari eta biei, bazeukala salda, edo odolostea bestela. Mokadua errefusatu zuten, eskerrak emanda, eta isilik geratu ziren denak elkarri begira, bata bestearekiko adeitasun eta ondo-egin-nahia deserosotasun bilakatzen den une horretan.

      “Erakutsi taberna Migeli”.

      Hiru neba-arrebak ziztu bizian irten ziren sukaldetik, auzoko festetako etxafuegoak nola. Egurrezko mostradorearen barrualdera azaldu ziren; izugarri altua zen, gaztetxoak justu-justuan iristen ziren ertzera. Baldosa zuriz eta laranjaz estalita zegoen atzeko horma, hamarka lore simetriko marraztuz bata bestearen ondoan. Aldare itxurako armairuetan botila mordo bat zeukaten, baita kristalezko edalontzi eta kopa sailak ere, apal banatan txukunduak. Familia hura irabazle-familia bat izango zela pentsatu zuen Migelek, hormetako edozein kako baliatu baitzuten txapelak eta garaikurrak erakusgai jartzeko. Hain taberna handirik ikusi gabea zen sekula.

      German txikia totelka eta pozarren hasi zitzaion azaltzen lagun berriari katiluak non zeuden, koilarak non, kafe-makina berria nondik piztu, hark oraindik ulertzen eta maitatzen ez zituen ondasun haiek besteen begietan ederragoak izan zitezkeelakoan. Ana eta Rakel isilik zeuden, Germanengan utzi zuten harreraren pisu guztia, baina neba gazteak zoriontsu zirudien beste mutil baten etorrera hutsagatik.

      Mostradore aurreko mahaiak zeharkatu ondoren, jangelarako bidea erakutsi zion Germanek. Ordura arte ikusitako txoko guztiak bezain handia zen; hamar mahai luzanga erraz kabitzen ziren pare bat ilaratan. Marroi argia zen horma-papera, marra higatu batzuekin, eta lanpara sorta borobilek argitzen zuten hormetako bakoitza. Burdinazko haizagailu txiki bat zegoen kantoi batera josita. Errezel zuri parpailadunak dingilizka errekondoko leihoetan eta kalera ematen zuen beiratean.

      “Atzo neu bakarrik iritsi nintzen hango etxe hartaraino”, esan zion Germanek Migeli, atzamarra kristalaren kontra zanpatuz. Migelek ez zuen ondo ulertu esan nahi izan ziona. Beste pare bat garaikur ikusi zituen jangelako txokoetan. “Hurrengoan denak zenbatu behar ditut”.

      Sukaldera itzuli ziren umeak. Migelen amak lepoa eman zien kolpetik.

      Semeak baino ez zuen nabaritu negarrez ari zela, egunero egiten zuelako negar etxetik kanpo, bai Juanita galiziarrarenean, bai izeba Pilarrenean. Aita noizbait itzuli baitzen eliza hartatik, bai itzuli ere; ordutik ez zen ez txanda aldaketarik, ez buzo grisik sokatik esekita. Fundizioko sirena hotsak ordu berean jotzen zuen, baina ez beraientzat. Grebalari guztiak kaleratu zituzten. Aitak tailer mekaniko bateko ezagun bati eskatu zion mesedea, baina horrek artean ez zuen baretzen amaren larria.

      Bizentak aginduta, lau gaztetxoak goiko pisura igo ziren arrapaladan, Lopetegi-Aitzondo familiaren bizitoki berrira, nork erakutsiko mutil ilehori hari gauzarik harrigarriena: logeletako ohe txikiak, baserrian erabiltzen zituzten abarkak, leihotik ikusten zen mendi-tontorreko gurutzea.

      “Herri hau zatar-zatarra da, baietz?”.

      Horixe izan zen Rakeli entzun zion aurreneko gauza, leiho ondotik kalera begira zeudela, eta laster ikasiko zuen haren galdera denak amaitzen zirela “baietz” batekin, ahoskatua edo mutua, baina beti zetozela aurrez erantzunda. Emakumeak ikusi zituzten espaloi estuetan erosketak egiten, baita harakinaren Dauphine berdexka berria ere, harategiko ataurrean uzten zuena beti.

      “Herri hau zatar-zatarra da”.

      Migelek ez zion galderari erantzun, bere aitari erantzuten ez zion bezala horixe bera esaten zuenean, “Sorian gosez bizi ginen, baina behintzat ez genuen ke zikinik jaten”.

      Migelentzat ez zegoen beste iraganik, baina. Amaren sabel barruan iritsi zen bera herri hartako tren geltokira. Inora itzultzeko beharrik gabe jaio zen jaio zen lekuan, biluzik eta labain, haziz eta haziz zihoan herri lanbro eta bizi hartan, eta bere senideek hainbestetan madarikatutako hauts beltz hark hozkatu zuen bere haurtzaroko irudi bakoitza.

      Horregatik ez zion erantzun Rakeli egun hartan, oraindik ez zekielako Rakelek nora itzuli nahi zuen hori esaten zuenean.

      Amak sukaldetik hots egin zion, eta Migelek binaka jaitsi zituen eskailerak.