Bar Gloria
Bar Gloria
2022, nobela
192 orrialde
978-84-17051-93-8
Azala: Arriguri
Nerea Ibarzabal Salegi
1994, Markina-Xemein
 
 

 

3

 

 

Aitak kolpetik zabaldu du gelako atea.

      “Ez al dun jaiki behar? Atzo ere ibilita, ezta?”.

      Bizkorregia da galderen abiadura Rakelentzat; zehatzegia, bere gela ilunaz kanpoko guztia. Buelta erdi eman du ohean.

      “Ahizpak zain dauzkan sukaldean. Denak hire zain, orain ere”.

      Atea zabalik utzi dio Patxik, goizeko argi hotzaren konstantziak lor dezan berak lortu ez duena: alaba hura behingoz esnatzea, bizitza zailtzen dien lozorro horretatik.

      Aitaren pauso-hotsa eskaileran behera eta Rakelen kopeta barruko bihotz taupadak, biak bat eginda: bum-bum, bum-bum; odola zikin eta lodi dihoakio zainetik zainera, kostata, taberna ondoko errekako urez egina balego bezala. Usaina ere halakoxea izango duela pentsatu du Rakelek, zaborrari darion mina eta gozoa, eta lotsatu egin da.

      Anaren ohera begiratu du. Eginda dago. Izarak lisatuta eta txukunduta, lotarako kamisoi arrosa burkoaren gainean utzita, hau ere ondo tolestuta. Ana beti aurretik, txiri-txiri. Astelehen hau iristeko gogotsu zegoela esana zion Rakeli, Itsasgainera egun-pasa joateko asmoa baitzuten ahizparik zaharrenarekin.

      Miren gazterik ezkondu zen auzoko beste baserri batera, eta hantxe jarraitu zuen bizitzen, denen haurtzaroko larre urdinetan, begiak eta eztarriak erretzen dituen kerik gabeko muinoan. Baina domeka askotan etortzen da familiari tabernan laguntzera, ezkon aurreko urteak zerbitzari lanetan emandakoa delako beste zenbait jatetxetan. Esku abilak eta hanka bizkorrak dira Mirenenak, guraso nekatuentzako urregorria.

      Kalearen borborra entzuten da Rakelen gelatik. Banatzaileen joan-etorriak, espaloietako elkarrizketa ozenak. Denak bigarren kafea hartuta dagoeneko. Rakelek ere, berez, bazuen Itsasgaineko lagunak berriro ikusteko poza, aspaldiko partez. Halaxe aitortu zion Anari pare bat egun lehenago. Taberna hartu berritan auzora sarri-sarri joateko ohitura mantendu bazuten ere, herri handi hark irentsi egin ditu astero, oldeka, eta astelehenak benetan bilakatu dira deskantsurako egun beharrezko. Gaur, ordea, Mandiolako Inesen urtebetetzearen aitzakian, haren baserrian bazkaltzekoak dira hiru ahizpak eta neba gaztea. Rakelen txikitako lagun mina da Ines. Haren negarrak, lopetegitarrek auzoa utziko zutela jakindakoan. Azken aste haiek dolu mutu batean bilduta eman zituzten bi neskatoek. Ez zuten gaia aipatzen, baina jolas guztietan amorratzen ziren bata bestearekin, mutur-joka amaitu arte.

      Ama sukaldean ariko da, Mandiolara eraman beharreko kroketa bandejak eta natillak poltsetan sartzen, Mireni senarrak utzitako autoan kargatzeko gero.

      Rakelek sabaira begira jarraitzen du. Txartuta dauka arima. Bezperako irudi gautarrek bat-batean asaldatu dute, oheburutik sits iletsu eta potoloak eroriko balitzaizkio bezala aurpegira. Ondoko herriko festak, Migel eta biak, eta ginebra botila bat muturrik mutur, kotxe gorri bat. Eliasekin gertatutakoa kontatu zion, eta Rakeli urdaila korapilatu zaio gogoratzearekin bat. Migelen negar-zotinak entzuten ditu, petrilean eserita. Eskuak burura eramanda, une lauso haiek uxatzen saiatu da. Korridorera begiratu du, hormak epeltzen dituen argiari mesedez gelditzeko eskatuz, ez sartzeko logelara. Edo sartzeko eta itsutzeko. Ezezagun zaio atzoko Rakel, Demis Roussosen kantuak oihuka kantatzen zituena, “forever and ever, and ever…”. Baina goiz honetakoa ere ez da bera; goizak tabernako sukaldean hasten dira etxekoentzat, behean daude denak, prest, bizitzarako prest, eta Rakel ez. Erdibidean bizi da, damu zaharrez eginiko ohean, eta aukeratzekotan, beti aukeratzen du bezperakoa izatea.

      “Rakel, hauek bazoazan hi gabe! Pena ederra hartuko dun gero!”.

      Aita sarrerako atetik ari zaio garrasika. “Itxaron, esan apur batean itxaroteko”, auskalo nondik atera duen ahotsa. Izarak baztertu, eta aurre egin dio zorabioari. Dutxako ur epeletara bota du bere burua, eta ile kizkurra tantaka dariola jo du armairura gero, lore eta puntudun alkandora zabala eta gona beltza janzteko. Anaren koloniari bi ufada kendu dizkio. Ordu laurden batez sinetsi du dena dela jarrera kontua, bera ere izan daitekeela ondo egindako ohe baten jabe, har dezakeela goiza bizilekutzat.

      Sukaldeko berbaroak eten dira Rakel agertzerakoan. Hor daude Ana eta Miren, lepoa egurrezko altzari zurien kontra botata, beraien zango luze eta gihartsuen altueratik ahizpa gazteari begira, irribarre moduko bana masailetik masailera esekita. Biek zupatu dute zigarrotik aldi berean, airean dauden hitz guztiak barrurantz arnastu nahian edo. Amak begiratu bizkor bat bota dio alabari, eta zuzenean joan da mostradoreko kafe-makinarantz.

      “Horiek ditun pertsonaren begiak”, aitaren epai lehorra, txorizo-mutur egosi bat jan ahala. Gaueko arkatz beltzak galipot hondarra dirudi Rakelen begipeetan. “Ez zakinat ikatz hori zertarako ematen duzuen”.

      “Zein ordutarako itzuliko gara?”, galdetu die Rakelek ahizpei.

      “Berandu gabe. Iluntzerako ekarriko zaituztet”.

      Ama kafesne katilukada batekin itzuli da sukaldera, eta Rakel eserarazi du kantoiko mahaitxoan, egutegiaren azpian, sorbaldatik eutsita. “Gosaldu zerbait, umea”. Alabak amaren eskuari heldu dio, laztan hori bere azalean iltzatzeko indar eginez. Rakelek beti heltzen die larriduraz azazkal txikidun esku horiei, beti gehiagoren eske. Lanek inoiz askatzen ez duten ama, lehendik ere beretzako denbora gutxi daukana, norbaitek hartu eta kendu egingo diola uste izan du umetatik. Ama baserri aurreko zelaira izarak biltzera irteten zenetan ere, Rakelen begi handiek goiko pisuko leihotik zaintzen zuten emakume segail hura gauaren erdian. “Haizeak izarekin batera eramango du”. Eta gero egurrezko eskaileretan gora entzuten zituen gizonak eta antxumeak, denak aldran, bere bila. Inoiz gertatu ez zenaren oroitzapen hark iraun dio gardenen urteetan zehar.

      Koilararen mugimenduekin kafesnea hoztu nahian dabilela, German sartu da sukaldera, hura ere esnatu berriaren betazal puztuekin. Mireni autoaren giltzak eskatu dizkio, eraikinari buelta bat eman nahi diola eta, “mesedez, aproba egiteko, Rakelek gosaltzen duen bitartean”. Ez dizkio eman. “Rakelek oraintxe amaituko du. Janari dena autoan dago, irten egin behar dugu”.

      Neba-arrebei begira-begira jarrita, katilukada beroa bi tragotan amaitu du. “Goazen”. Kolpetik zutitu, eta indarrez askatu du katilu hutsa harraskaren gainean, hain zorte txarrez ze, lehendik harraskan zegoen txorizo arrastodun platera jo, eta biak hautsi dituela kolpe bakarrean, platera erdi-erditik, eta katilua heldulekutik.

      “Hau ere hautsi dun, heure dirutik hartzen hasiko bagina apurtzen dunan guztia ordaintzeko, hemezortzi urte bete behar eta ez al dun pauso zuzenik emango, noiz arte, Rakel”, aitaren marmarren korronteak neurtua dirudi, baina aldizka labaintzen zaio itxi usaina duen hitzen bat, aspaldi ondutakoa.

      Patxi gora-goraka hasten denetan, Rakelek alde egiten du. Sukaldetik irten da ernegatuta, mostradorera ematen duen errezel berdea airatuz, harrotasunezkoa dirudien pauso bizian, aitak atzetik jarraituko dion beldurrean oinarritzen bada ere pauso hori, betidanik. Sarrerako atea ireki du sarrailatik zintzilikatutako giltzari buelta emanda. Neba-arrebei autoan itxarongo die.

      Tabernaren ondoko zubian aparkatuta dago Renault 12 zaharra, urdin argia. Haren kapotaren gainean eseri da Rakel, horituta datorren etxe-tarteko errekari begira. Urak noiznahi aldatzen dira kolorez eta usainez. Auskalo non jaiotzen den, auskalo non itsasoratu, berdin du horrek, errekak ezin baitu bere ibilgutik ihes egin. Fabriketako isurkinak, etxeetako leihoetatik jaurtitako zabor-poltsak, denak hartu eta garraiatzea besterik ez zaio geratzen, urak duen aurreranzko joera burugogor horretan. Rakelek ere nahi luke hasieratik hasi, iturburu hotzetik salto egin harri malkartsuetan behera, itsasoratze bat aukeratu agian, baina ezin du. Etxe-tarte hau zain dauka beti. Tabernako leihoetarantz begiratu du, hor ariko dira bere senideak, azken musuak ematen, azken errekaduak, doluminak batzuentzat, goraintziak besteentzat, “esan ondo doakigula hemen”. Imajinatzen du zeinen eraginkorrak diren gauzak bera gabe.

      Laster atera dira Miren, Ana eta German, Rakelek irudikatutakoak eginda edo egin gabe, eta atzetik ama, zuzenean berarengana. Eskua hartu eta aspirina bat gorde dio atzamarren artean alabari. “Ez ezazu bilatu zeure burua erretzeko egurrik, Rakel”, eta kopetan eman dio musu. Ohikoa du amak esaera hori, baina modu orokorragoan erabili izan du orain arte, “zuek bilatuko dituzue zuen burua erretzeko egurrak, umeak”, edo horrelako zerbait. Lau seme-alaben buru gainetan askatu ohi zuen abisua, jaso nahi zuenarentzat, baina beharbada, pentsatu du Rakelek, esaera hori beti egon da berari zuzendua.

      Autoan sartu dira, bi zaharrenak aurrean. Amak agur egin die atetik, eta barrura ezkutatu da. Rakeli oraintxe ari zaio mundua gainera erortzen, beranduegi oroitu baita Itsasgainera bideko bihurguneez, joanaz eta itzuleraz, eta bien bitarteko ordu luzeez. Aspirina irentsi du urik gabe, eta musua autoaren leiho txikitik aterata saiatu da arnasa hartzen. Mirenek egin du bakerako lehenengo ahalegina.

      “Hitz egin al duzu Inesekin aspaldian, Rakel? Nik uste dut berriren bat eman behar digula, ezkontza kontuak edo”.

      “Ez dakit, ba. Baliteke”.

      Berak ere eman diezaioke berriren bat Inesi, egia da badaukala zer kontatua, aldatu zaiola bizitza berari ere baserria utzi zutenetik. Beharbada galderaren batekin has daiteke, “Ines, gogoratzen zazpi urterekin nire aitaren armairuko ardoa edan genuela? Gero ohean pixa eginda esnatu ginen biok, gogoan al duzu?”.

      “Amak zilarrezko belarritako polit-politak erosi ditu Inesentzat, gustatuko zaizkizu, Rakel”.

      “Eta maistrak zigortu gintuenekoa? Nik leihotik salto egin eta ospa egitea lortu nuen, baina zu ez zinen ausartu, eta hantxe utzi zintudan, begiak beteta”. Agian gauza batzuk ez dira astegun buruzuriz oroitzekoak. Ines zerbait kontatzekoa omen da, aurrerantz doala, geroz eta atzerago jo beharko dutela oroitzapenetan elkar aurkitzeko, eta Rakel lotsak jaten du haren etxera egoera honetan agertu behar duela jakinda.

      “Ea ez zaigun arrain-zopa lapikotik irteten, kontuz gidatu beharko dugu”.

      “Geratu autoa”.

      Mirenek ahal izan duen bezala igo ditu gurpilak espaloira, herriko irteeran. Rakel burua aurrerantz luzatuta atera da autotik presaka, eta eskua etxe zahar bateko horman bermatuta, errebesaka egin du. Berehala sentitu ditu Anaren eskuak bere ile luzeari eta kopetari eusten. Han joan da amaren aspirina, eta jan zituenik ere ez zekizkien beste zenbait jaki zati, denak kafesnetan beratuak. Zipriztinak gonan eta zapatetan, eta gonbitozko errekasto txikiak espaloiko harlauzen arrakaletan zehar zabaltzen.

      “Nahi al duzu zurekin geratzea?”.

      Ana begi-bistakoa dena izendatzera ausartu da. Hementxe amaitzen dela Rakelen bidaia.

      “Ez, zoazte. Esan hangoei barkatzeko”.

      Ahizpak begiradarekin eskertu dio geratzeko eskatu ez izana. Besarkada bat emanda, autora itzuli da, Mirenen pazientzia gutxiko aurpegiak hala erregututa. Hiru neba-arrebek Rakel agurtu dute kristalen bestaldetik. Berak musu bat bidali die, errebesen esfortzuak eragindako malkoak oraindik masailetan behera. Herritik irteten ikusi du auto urdina, karga pisutsu bat askatu ondorengo arinduak bultzatuta bezala.

 

 

Bizentak eta Patxik buruak bistaratu dituzte korridorera.

      “Zer ahaztu duzu?”.

      Rakelek mutu egin du logelarako bidea, isiltasun lodi hari erregutuz gai izan dadila gurasoen gupida pizteko, ordu batzuetarako behintzat. Zekarrena baino bekozko larriagoa jarri du, nahita.

      Laster da aita bere bidea oztopatzen.

      “A ez, horixe ez!”. Besotik heldu dio ohera iristear dela. “Hi ez hoa lotara”.

      “Ez nago ondo”.

      “Horregatik. Hurrengoan ikasiko dun ondo egoten. Hi nirekin hator txabolara”.

      Eta alabari gehiago aurpegira begiratu gabe joan da aterantz Patxi, Rakelek atzetik segituko dion ziurtasunarekin, edo horixe proban jartzen. “Ez dezadala bururik itzuli beharrik izan”, oihukatzen dio aitaren kokoteak.

      Amaren laguntzarik ez da iritsiko, badaki hori Rakelek.

      “Joan zaitez, gaixoa…”, esan, eta tabernara jaitsi da Bizenta. Ez dago Rakelentzako zirrikiturik. Ahapean maldizioka, autoraino jarraitu dio aitari.

      Ermitara bidean dago Patxiren txabola; harrizko etxola zahar bat da, uralitazko eta egurrezko taulekin zatika konpondua. Artzain-txakur tximadun bat dauka haritz enbor bati lotuta, Argi, kateak baimentzen dion zirkulu erdiaren barruan bizitzen ikasi duena egunaren zatirik handienean. Ugertutako menbrillo lata batean pilatzen zaio euri ura, likinduta.

      Estalpe txiki bat eraiki zuen Patxik txabolaren ondoan, bere oilo dozena eta lastoa euritik babesteko, baita hala moduzko komun bat ere, lababo eta guzti, eskuko ispilu laranja bat fardo-soka batetik esekita duela.

      “Zer egin behar dut nik hemen”.

      “Nik idia ferratu behar dinat, eta hi nirekin egongo haiz, kieto”.

      Txabolara sartzerakoan hiru idi baino ez ditu zenbatu Rakelek esne-behiaren ondoan. Azkenengoan lau zeuden; ezin jakin zenbat izango diren hurrengoan. Patxik orduak ematen ditu bertan, edo hori esaten du behintzat. “Txabolara noa”, eta ezkutatu egiten da etxekoen begi-bistatik. “Berriro neska-lagunengana”, erantzuten dio Bizentak, hainbeste zaintzen baititu Patxik bere abere adardun hauek, hainbestetan orraztu, elikatu, edo besterik ezean, behatu.

      Leihoaren hegian irrati bat dago, dena hautsak hartua, leihoko kristalak bezala. Pentsu zakuak ilaran jarrita daude asken aurrealdean. Esne-behi pintoa bazterreko askara lotuta dauka, idiengandik aparte, erraz jezteko beste lekurekin, esnez betetako kantin bat eramaten baitu lantzean behin tabernara Patxik ebakiak eta kafesneak prestatzeko, eta hori da senideekin elkarbanatzen duen korta zati bakarra. Bere partea, idiena, leihoaren parekoa da. Hiru idiak bata bestearen ondoan bizi dira, elkarren epeltasunean egiten dute dena, jan, edan, lo, hustu. Zurrumurru bat bezala entzuten dira haien txiza zipriztinak porlanaren kontra.

      Bazter banatako biak ezagutzen ditu Rakelek: ezkerreko gaztaina koloreko idi sendoa, eta eskumarengo idi adar-motza. Adar-motza da, Patxik adarretako bat moztu ziolako orain urtebete, eta ordutik zaila da hari buruz beste ezer esatea. Rakelen begiek, nahi gabe ere, falta den adar hori marrazten dute airean. Odol putzua ez zen berehalakoan garbitu txabola pareko lurretik. Minutu batean egin omen zuten. Hori kontatu zion aitak, idiak kanpotik gogorrak direla, baina bigunak barrutik. Burdinazko kable batekin zerratu zioten adarra, eskuz, eta gero ez zegoen odol txirrio hura etengo zuen amaren semerik. Antitetaniko injekzio bat eman zioten aurretik, eta zaurientzako esprai urdin potokada bat ondoren, baina ez zen edonolako zauria hura. Patxik gogoz kontra hartu zuen erabakia. Berak nahiago izango zukeen uztarria berriro lantzen saiatzea, edo trapuak jartzea, zernahi egitea gaztaina koloreko idi sendoak eta orain adar-motza den idiak bat egin zezaten, baina, edozer eginda ere, adar pareek traba egiten zieten elkarri, zabalegiak zirelako, luzeegiak, batek jakin, forma batzuk parekaezinak dira, banaka balio dutenek ez dute beti binaka balio, horixe gertatu zitzaien bi idiei, uztarrira lotutakoan buruak albo banatara begira geratzen zitzaizkiela, eta horrela ezin zutela aurrerantz tira egin. “Idirik politena utzi osorik. Moztu besteari”, esan zion lagunen batek aitari, “horrela edozeinekin parekatu ahal izango duzu”.

      Rakelek eskua sartu du pentsu zakuetan, txandaka: gari zahia, oloa, arto xehatua, baba, garagarra... Hauxe da labainena eta gozoena atzamarren artean. Plastikozko poto beltza hartu eta garau batzuk bota dizkio adar-motzari askara; honek erreberentzia bat eginez makurtu du burua, pentsu dena ahoratu, eta kolpetik altxatu ditu berriro adarrok, adar bat eta erdi, Rakel ikaratuz. Hausnarrean segitu du neskari begietara begira, ziraunaren larruaren trazako mutur umelean pentsu hondarrak itsatsita dituela. Moztutako adarra urtebetean sendatu zaio. Orain hautsontzi bat dirudi adarraren barrualdeak, grisa eta porotsua; gogortu egin zaio muina, hasierako egunetan okela bizitan zeukana, ondo gogoan ditu Rakelek gorri eta urdin kolore haiek hezurrean behera, idiaren bekokiraino nola jaisten ziren. Ez zion aitari galdetu zenbaterainokoa den adar bat mozteak dakarren mina, “momentuan sentituko du zerbait, baina ez luzaroan” esango liokeelako, beti esaten baitu horixe animalien min denei buruz, baina idiak belarriak mugitzeko zuen erak, buztana astindu behar hark, begiak ixteko moduak, ehunka erle ikusezinen aurka balebil bezala borrokan, bestelako zerbait esaten zioten Rakeli, berak ere ezagutzen zuela zer zen hura, mina sentitu eta zaurira iritsi ezina, eta horrek dakarren eromena. Min denak sikatzen dira, ordea, eta baretu zaio begirada idiari. Arazorik gabe parekatu ahalko luke Patxik gaztaina koloreko idi sendoarekin, baina orain idi berri bat dago lehengo bikoaren erdian, ogi koloreko idi leun eta txikixeago bat, eta honi begietara begiratzea errazagoa da.

      Rakelek pentsua eman die hirurei. Ugertutako gurpil txikien soinua egiten dute beraien haginek.

      “Ez eman jaten oraindik”.

      Patxi sartu da kortara, eta ogi koloreko idi txikixeagoa askatu du. Soka bat korapilatu dio burura, baina sokatik gehiegi tiratu beharrik gabe egin dio men idiak gizonaren ibilbideari, buruarekin baietz-baietz esanez pauso bakoitzean. Estalpean daukan burdinazko ferratokira eraman du; tramankulu estu eta urdin bat, kateak eta larruzko xaflak dingilizka dituena.

      “Apusturen bat daukazu, ala?”.

      Idia ferratokira sartzeko lanetan ari da Patxi. Burua ezker-eskuin mugiarazi dio abereari, adarrekin burdinazko barrak saihestu ditzan, eta harrapatuta gera dadin, gillotina moduko batean. Buruko soka ferratokiaren burdinara lotu du, motz-motz, aberea gorantz begiratzera behartuz ia.

      Eskuarteko zereginak behar bezala amaitu arte ez dio inoiz erantzuten aitak.

      “Bai. Bi hilabete barru”.

      Larruzko zinta zabal biak tripapetik pasatu dizkio idiari, eta estutu, kateari bueltak emanda. Idi urduria da, laster igartzen da hori. Begiak bi perla beltz bizi-biziak, betile kizkurrak, mutur estua, ikaratia. Zaku batekin estali dizkio begiak Patxik, lasai dadin.

      “Honi hirugarrenez aldatuko zizkionat ferrak, beti zaukan zeozer”.

      Atzeko hanka tolestu eta T formako burdin zatira lotu dio sokarekin, gutxienez zazpi bat buelta emanda, korapiloa estu-estu. Apatxeko lastoak eta zikinak eskuekin garbitu ostean, aliketa luzanga batzuen laguntzaz atera dizkio lehendik josita zeuzkan untzeak. Tirakada gogorrenek min eman diote abereari; eroen pare hasi da ferratokia astintzen, Patxiren haserrezko eupada artean. “Sosegatuko al haiz hi ere!”.

      Erori da ferra zahar bat lurrera, azkenean. Bistaratu da benetako apatxa, biguna, beltza eta zurixka, adarren trazakoa. Patxik gogortasunak erauzi dizkio labana batekin, xaflaz xafla. Idiak jauzi egin du beste behin, barruregi iritsiko zen ebakia; odol arrastoz zikindu dira Patxiren eskuak. Apatxa limatu, eta gainetik lija txatal batekin berdindu dizkio ertz denak. Esprai urdina bota dio zaurian. Usain berezi bat zabaldu du berehala haizeak, hezur haustuarena eta botikarena bat eginda.

      Mangeraren muturretik ura edan, eta txabola aurreko haritzaren gerizan babestu da Rakel udaberriko eguzkitik, herrira begira. Mendi arteko zulotik arnasa hartzen dute tximinia luzeek fabrikatzarren punpaldi bakoitzean, eta adreiluzko etxe-sail berriak datoz muinoetan gora. Kea eguzkipean, itsasoa urrunegi. Errekak erditik ebakitzen du herri arrea. Trenbideek zauriak dirudite. Burrunba etengabe batek zulatzen dizkie buruak, herritik urrundu ezik entzuten ez den dardara batek. Rakelek haurtzaroko ahuntzen zintzarri soinuak nahi lituzke berarekin.

      “Zeinen kontra jokatu duzu?”, bota dio alabak zuhaizpetik.

      Aitarekin elkarrizketak airean utz daitezke, esekita, eta baimena dute nahi dutenean bertara itzultzeko. Bitarteetako isiluneak elkarrizketaren atal bat gehiago direla ikasi du Rakelek, bakoitzaren pentsamenduen ibilaldi libre bat ingurumarian zehar, baina gehiegi urrundu gabe bata bestearengandik.

      “Irigoien”.

      Aitaren proba kontuen berri kanpokoen bidez jakiten baitu bestela, tabernako gizonen ahots gorako elkarrizketetatik edo maleziadun galderetatik usainduta, gehienetan. “Idi durangoa saldu omen du zuen aitak”, “kolpea hartuko zuen kintopekoetan”, eta halakoak. Sasoi hobeak izan baitzituen aitak gaztetan, idi pare hobeak, garai bateko onenak. “Baina idi ona tokatu egin behar”. Aberea neurri bateraino presta baitaiteke probarako, Patxiren ustez; gainerakoak berezkoa behar du.

      Ferra berria eskuan hartuta, apatxaren neurrikoa ote den ziurtatzen dabil, untzea ezpainen artean heltzen duen bitartean. Mailu txiki batekin kax-kax emanda josi dio, lau untzeak goitik beherako ilaran jarrita. Idiak jauzika erantzun dio berriro minsorrari, baina marrusarik egin gabe. Adar kolpeak baino ez, ferratokiaren kontra.

      Rakel txabolara sartu da. Askako idi pareak jakin-minez jarraitu ditu neska zurbilaren mugimenduak. Pentsu zakuen alboan egurrezko armairu amaraundu bat dauka Patxik, eta han badira edalontziak eta plater txiki batzuk, eta solomo eta txorizo mutur pare bat, idizaleak txabolara agertzen zaizkionean mokadu txukun bat eskaintzeko beste. Baina ardorik ez du aurkitu Rakelek, ez koñakik, ez ezer. Aztertu ditu apalok, lurreko kartoizko kaxa zenbait, motozerren eta erreminten inguruok.

      “Hor ez dun ezer aurkituko”, aitaren sententzia ate ondotik.

      Ustekabean ikaratu du haren ahotsak.

      “Utziko al didazu bakean bizitzen!”.

      “Barruan dauzkanan katu errabiatuok baretzen ikasiko al dun inoiz, ganorabako horrek!”.

      Rakel muturtuta atera da txabolatik, erremuskadaka, porlanezko bidean behera.

      “Horixe! Alde egin! Anak hartu behar din bakea hire ondotik aldenduta!”, bota dio aitak, ferratokian erdizka utzitako lanetara itzultzen.

      Pausoak eten ditu Rakelek zementuzko bidean.

      “Zer esan duzu?”.

      Baina elkarrizketaren zati mutua hasten da orain. Zain dago Rakel, aitari tiraka bere bidera etor dadin.

      Begiratu ere egin gabe erantzun dio aitak handik pixka batera, aliketak eskuan, bigarren ferraren untzeak erauzten:

      “Ana Donostiara doala bizitzera”.