Euri zitalari esker
Euri zitalari esker
2021, nobela
376 orrialde
978-84-17051-68-6
Azala: Ainara Azpiazu Aduriz, Axpi
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

VI

 

 

Bazuen hiru hamarkada ez nintzela Elizondora itzuli. Azken aldian Mariano Izeta oraindik bizi zen eta herriak ez ziren gaur egun bezala, berrituak eta munto-muntoak. Anartean, Europar Batasunean sartua zen Baztan ere eta mugaren bi aldeetako euskaldunek azpi-multzo berean partekatzen zuten beren destinoa, goi-multzoak ez zirelarik hain abegikorrak. Baina hori beste istorio bat zen. Geopolitika eta biok ez genuen harreman onik irun, muga noiznahi zeharkatzen nuen arren, askotan ez nekien zein aldetan nengoen.

      Bozatera heltzen ari nintzen. Abiadura mendratu nuen eta Joana Garraldak bezperan prestatu zidan 4x4ak putar bat entzunarazi zuen. Bide hegian, emazte bat zebilen, zanpa-zanpa, bizkarra erdi konkor. Betaurreko biribilak sudur gainean. Pasatu nuenean, ohartu nintzen andere adindu hori ezagutzen nuela, ez baitezpada bekoz beko, baina behiala, Egunkaria-n, argazkitan ikusirik. Ez nuen huts egiten ahal, Bozatera zihoana, ziur nintzen, Begoña del Teso zen, gure zinema kritikari ospetsua. Denbora urrundu haietan, bere film iruzkin mamitsuak eta Ines Intxaustiren telebista kronikak irakurtzen nituen, Egunkaria ireki baiko. Gainerako berriak oro niretzat bigarren mailakoak ziren.

      Santxotenaren egur-tailu erakustokiaren parean gelditu nintzen. Emakumea hurbiltzen jarraitu nuen. Parez pare agitu ginenean, agurtu nuen arraiki:

      — Ez nauzu ezagutzen, Amaia Ezpeldoi naiz, detektibe rurala...

      — Badakit nor zaren —ihardetsi zidan Urkullu lehendakariak bezain zuhur. Isildu zen. Ausartu nintzen:

      — Gazteago nintzenean zure artikuluak leitzen nituen goloski. Gustatzen zitzaidan hitz bakoitzetik isurarazten zenuen hemoglobina jauzia eta, zu irakurri ondoan, ez nuen baitezpada zinemara joatearen beharrik!

      — Ha, ha, ha... ez dut hoberik inoiz entzun! Zu detektibea eta ni krimen odoltsuen maitalea. Elkarrekin ongi konponduko gara. Krimenak batzen gaitu, krimenak batzen gaituela...

      Irri zakarra askatu zuen eta besoa altxatuz Bozate herrigunera bihurtu zen. Bakarrik utzi ninduen, autoaren aldamenean, hausnarrean. Hala zen, krimena zen gure arteko lotura. Ene inkestetan hilotzak bekan baizik ez nituen aurkitzen. Alor horretan ezberdintzen nituen benetako krimena eta botere politikoek, sozialek edo familiarrek izate biluziei jasanarazten zizkieten krimen sinbolikoak. Bizirik uzten zintuzten, baina barnez, betirako suntsitua eta hila zinen. Bat-batean Pierre Bourdieu bezala mintzo nintzen, pentsa, Kataluniako Telebistako Crims sailaren Carles Porta aurkezlearen larruan nengoen bitartean.

      — Ha, ha, ha... ez dut hoberik inoiz entzun!

      Maite nituen Baztango paisaiak. Zuberoa bezala, euskaldunontzat, Arkadia bat gerizatzen zuten. Gogoan neukan, hemengo oihanetatik autoz ibiltzean, goroldioz estali arbolak bizirik zirela iruditzen zitzaidala. Mamuak eta mehatxuak ez ziren sekula urruti. Izpegitik edo Dantxarineatik muga pasatzera ernatzen nintzen. Euria edo elur arina zenean, dardarka, alabaina. Baina goiz hartan, eguzkia zebilen zeruan, aldizka gozo eta bortitz. Bide handian aurkitu nintzenean, banuen Maddiren bilakuntzaz gogoetatzeko eta Maialen Barrenetxea anderearekin nola ekingo nuen apailatzeko denbora.

      Banekien non ari zen lanean. Yoga irakaslea zela errana zidan Pantxoa Hiribarnek. Espero nuen soilik lasai hartuko ninduela eta Maddiz zerbait gehiago ikasten ahalko nuela. Bergara jauretxea ikusi nuen, Arizkunerako oinezko bide kantoian. Oroitu nintzen Iruritako jaunak erran zuenaz: hurbilxko, hurbilxko... Bergarako nagusiak gaztelua berarenetik sei kilometro distantzia laburrean eraikitzen zuela jakin zuenean. Kasik berehala, Elizondorako biribilgunean nintzen. Traktore batek moztu zidan bidea eta abiadura mendratu nuen. Gibelean, lau kotxek arrastak zaplaztatu zituzten, kurrinkari. Tuta hotsak, oihuak, laidoak, betikoak.

      Elizondoko merkatu eta pilotalekuen eremuan utzi nuen autoa. Ez zen bakarra. Ateak klaskatu nituen eta hiri erdirantz abiatu nintzen oinez. Bizkarrean neukan zaku arina banbaz ari zitzaidan, jauzika. Baztango Udalaren maldako laxo harria ferekatu eta, Arizkunenea kultur egoitzaren paretik jarraituz, Trinketeko zubia zeharkatu nuen, Xalbador karrikara heltzeko. Ez nintzen galduko. Hiri txikia eta urria zen. Hamarrak ziren. Kafe baten premia nabaritu nuen. Antxitonea zabalik neukan. Ostatuan zegoen gizona agurtu eta kafea eskatu nion.

      — Milesker, galdera bat.

      — Bai, errazu.

      — Maialen Barrenetxearen yoga estudioa non den badakizu?

      — Hortxe bertan daukazu, 24 zenbakian, ez duzu huts egiten ahal. Zer nahi diozu Maialeni?

      — Eskolan ginen elkarrekin. Ikasi berri dut hemen ari zela lanean. Irakasle. Ez da gaizki! Ona da?

      Gizonaren begitartea bat-batean hertsi zitzaidan. Ohartu bide zen estimatzen zuen pertsonari buruzko xehetasun banatzen zebilela net ezezagun bati. Isildu zen. Kafea zurrupatzen nerraikan. Kopeta apalduz. Eskerrak bihurtu, bi euro kontuarrean pausatu eta alde egin nuen. Itzuliko nintzen. Karrikan, berriz, egun baztandarraren argitasun beroak ilusitu ninduen. Harri gorrizko zutarriekiko etxeen artetik yoga estudioaren atariraino iritsi nintzen. Arbola egiten zuen yogini baten potretak tirriatu ninduen. Ene ordua zen. Hatsa sakon hartu nuen. Eskaileretan gora igo nintzen, izpiritua lur huts eta gogoa, galdera zehatzak egiteko prest. Om mutua ozenarazi nuen ene molekulen arteketatik.

 

 

Shiva dantzari baten estatua beilegiak eta Varanasiko Ganges hegiko argazki laukote koloretsuek egin zidaten harrera, Maialenen estudiorako eskaileretan gora ausartu nintzenean. Intsentsu usainak gatibatzen zituen bazterrak. Urdailak zalantzari neuzkan, ongizatearen sentimenduaren eta trenputxartze arriskuaren artean. Atean jo nuen. Urrats xirri-xarra arina entzun nuen hurbiltzen eta borta ireki zitzaidan, Maialen Barrenetxea zitekeena agertzen zitzaidala:

      — Bai? Zer nahi duzu? Ez dut deusen beharrik... hemendik bi minutura hasten da ene hatta ikastaroa...

      — Ez naiz saltzaile bat... zaude... Maddiri buruz galdetzera etorri naiz. Maddiren amaren partez. Baigorriko Pantxoa zuen adiskidearen gomendioz.

      — Poliziari deituko diot, ez baduzu amore ematen...

      — Zaude, zaude... orain ez bada, beranduago elkartu gaitezke! Tori ene txartela... detektibe rurala naiz, Amaia Ezpeldoi...

      Kartatxoa ebatsi zidan eskuetatik, hats gaiztoz, eta atea muturrera zanpatu. Haserre zela zirudien. Ez nekien zerk sortzen zion horrelako kexua, Maddiren aipamenak ala bere klasearen hasmentaren hutsegiteak. Shivaren aitzinean ttattit geratu nintzen, Varanasi erraldoiaz ametsez eta neurrian arranguratua. Xalbador kalera jaitsi nintzenean, oinezkoen erdian kausitu nintzen, eki errainuek begitartea balakatzen zidatela. Trinketera itzultzear nengoenean, ahur pisua nabaritu nuen sorbaldan. Harakin kako baten antzera. Ahots bat entzun nezakeen, arraroa:

      — Ez mugitu... atxilotua zara, ez zoaz inora...

      — Zer dela eta?

      Soa inguratu nuen. Emazte eder bat neukan atzean, gorriz jantzia eta ile beltzekin. Foralen atzaparretan nengoen. Zergatik? Ez nuen alta oraino nehori minik egin. Maialenek zituen Nafarroako poliziak ene hatzetan jarri. Sirenak airean eta ziztu bizian, Elizondoko polizia-etxera eraman ninduten. Horrela zen egundainokoan, hobengabea hiltzaile baten plantan tratatzen zen eta erruduna alderantziz, saindu baten gisa, dena musu eta mamur. Je pige que dale, qu’es-ce que tu fous erranen nuen naturalki baina, hor, ene frantsesik zorrotzena jalgi nuen:

      — Je ne comprends pas... Que se passe-t-il ?

      — Vérification d’identité, après on vous relâche...

      Gatibu nindukan andereak frantses zuzena zerabilela ezin uka. Harrapatua nintzen. Bere bulegora bulkatu ninduten bi gizonek eta aulki batera aurtiki. Paperez emokatua zen mahaian, Amaia Salazar izen-abizenak zekartzan plaka bat begietsi nuen. Poliziaburu ospetsua zen, hainbat ikerketa latz eraman zituelako Baztanen, hilketen eta ezbeharren lekuak sekulan finkoki zehaztu gabe. Segurtasun neurriak errespetatzen zituzkeen, arrazoiekin. Bakarrik utzi ninduten denboran, Baztango sineste zaharrei buruzko liburuak begietsi nituen apaletan zutik. Agotak aipatzen zituen entziklopedia moduko bateko lehen tomoa hartzear egon nintzen. Jestua hautsi zidan bulegora sartu zen emakume sutsuak:

      — Zure paperak egiaztatu ditugu. Lehen bistan, arazorik ez dago.

      — Orduan zergatik atxikitzen nauzue preso?

      — Ez zara preso Amaia Ezpeldoi, ez zara preso... baina nahi nuke jakin zer kariaz trabatzen duzun Maialen Barrenetxea irakaslearen egunerokotasuna?

      Hitza bete zuen beraz Maialenek. Aitzinean nuen komisario kezkatuari zeren bila nenbilen erraten ahal nion? Ala ez? Dudak nituen. Ez nuen sekula maite ukan poliziekin solastatzea, egiaz, duela zenbait urte Nolwen Kergelen gurutzatu nuen arte. Beraztu nintzen orduan eta nire baitako mundutxo ideologikoa mila puskatan hautsi zitzaidan: larrua jotzen genuen, jatetxeetara elkarrekin joaten ginen, Bourdieu eta Naomi Kleinen liburuak komentatzen genituen arraiki eta Monika Wittigen Les guérillères errezitatzen genuen azkorri beilegietan. Funtsezko amodioa bizi izan genuen, Nolwenek Bretainiara itzultzeko deia ukan zuen arte. Dagoeneko Enez Eusako polizia-etxeko arduraduna zen eta, gonbidatzen ninduen arren, ez nuen haraino bidaiatzeko xederik borobildu. Erratzün errotuz geroztik, gainera, Joana Garralda etxe-zulo astuna bilakatua zen: ez zuen inora joan nahi.

      Amaia Salazarrek bi eskuz panpatu zuen mahaiko zur nixtatsua. Orain eta hemenera ekarrarazi ninduen.

      — Zer nahi diozu?

      — Ezer ez, Bordeleko Unibertsitatean zegoela, Maddi bere adiskideaz solastatu baizik. Bakean utziko dut.

      — Nork sinetsiko zaitu?

      Galdera airean geratu zen. Ez nion erantzun. Amaia Salazar inspektore ospetsuak ez zuen hitzik gehitu. Irri batek aurpegia airostu zion. Bostekoa luzatu zidan. Dudatu nuen apur batez. Ongi ikasia nintzen.

      — Libre zara. Konpondu naiz Maialenekin. Zure aiduru dago, arratsaldean, tearen tenorean, Azpilkuetako bere baserrian.

      — Eskertu behar zaitut?

      — Egiten diren gauzak dira. Tori, zure nortasun agiria eta zorte on! Kotxez laguntzen ahal zaitugu nahi duzun tokira...

      — Ez, barkatu, baina presatua naiz egun!

      Antxitonean bazkaltzea erabaki nuen. Arraroa zen egoera. Kasko zokoan neuzkan Amaia Salazarrekin trukatu azkeneko irribarreen oihartzunak. Nafarroako giro politikoa aldatzen ari zen, garai bateko beldur zantzuak ezeztatzen zihoazen eta bestelako bizitzak ahalezkoak zirela zirudien. Zerbitzariak ezagutu ninduen. Begi txinpartatsuz erran zidan:

      — Berriz hemen?

      — Bazkaldu naiteke?

      Hitzik erran gabe, jangelako mahai bat prestatu zuen eta telebista piztu. Berriak ziren. Berririk ez. Hitz joko erraza zen. Ez nintzen nitaz sobera harro. Janen nuen entsalada mistoa imajinatu nuen. Ahoa tuz bete zitzaidan. Antxitoneko zerbitzaria ondotik bazebilkidan, haize hotza eraginez. Jendeak metatzen ziren ostatuko barran, eta trinketean pilotak bazterreko tauletan egiten zuen hots elkorrak izpiritua hantzen zidan. Nik ere 4x4ko kofrean pilota eta pala bana baneuzkan, zer gerta ere, jolasteko. Edonon. Edonorekin. Entsalada ikusi nuen, ardo zuri basoa, ogi ona eta guztia, arraposki irensteari ekin nion, zarata bizigarri baten erdian.

      Papoko sakelatik atera nuen ene karnet txikia. Azken bi egunetan bertan notatuak berrikusi nituen. Askorik ez nuen ikasi: Maddiren amak, edo zena zelakoak, erran zidanaren arabera, unibertsitatean ibili ondoren, ezkondu zen Landetan nonbait bizi zen soldadu batekin. Pantxoarekin egon nintzen eta Maddi berezi bat agertu zitzaidan: sexu jokoetan abila zen neska gaztearen itzala hor nuen, menturaz laster elestatuko nukeen Maialen Barrenetxeak baieztatuko zidana. Desagertua zela argi zegoen ama xifrituarentzat, bizpahiru hilabeteotan ez zuelako harengandik gutunik erdietsi.

      Antsia handiko uneak zitezkeen. Maddik hogei urte zitueneko argazkia eman zidan amak, eta potreta esku artean maneiatzen nuen fetitxe baten moduan. Batzuetan uste nuen, aski kontzentratzen banintzen, pertsona galduak bere bidea aurkituko zuela. Banuela halako indar mitiko sorgindu bat nire baitan. Segur aski, Erdi Aro bukaeran, Senperen edo Zugarramurdin, suteren batean finituko nituen egunak, kedar eta haragi ikaztu gisa. Inkisizioaren epaitegiak eta gorputzeko marka kiskalduak irudikatu nituenean, telebistan Australiako sute erraldoiak azaldu ziren. Kamerak koala erraustuen bizkar ketsuetan geldotzen zihoazen. Zugarramurdin edo aborigenen Batemans Bay eskualdean, suteak sute ziren, beti jendalde berak gaztigatzen zituztela.

      Zerbitzariak kafea ekarri zidan. Paperak bildu nituen agudo. Mahaia libratzeko eta nire burutazio txarrak agerian ez uzteko. Mugikorra aurkitu nuen gero kikararen aldamenean, eta Joana Garraldari deitzekotan egon nintzen. Baionan egiten ahal zena, ez zen egiten ahal Madalena mendiaren mazeletan, justu Erratzü baserria zegoen aldea gune zuria zelako. Wifia bagenuen baina eskuko urrutizkin konexiorik ez. Wasap bat bidali nion “dena ok, Elizondon nüzü, maite zütüt, pottak”, urrezko hatz lodia gora erakusten zuen emotikonoa erantsiz. Harrigarria zen zertaratuak ginen, komunikazio autobideen garaian, ihardesteko orduan eskuko hatz lodi baten zeinuarekin kontentatzen ginen. Zena zelakoa, Joana kuttuna etxean baldin bazen, berehala erantzungo zidan, bestela igurikatu beharko nuen.

      Enez Eusan ohatzen zen Nolwen Kergelen maitale ohiaren figurak kasko zokoa iluminatu zidan bat-batean. Haren premia neukan, bereizketaren denboran ez baginen sobera giro baketsuan separatu, hilabeteek arazoak leundu zizkiguten. Joanaren isilik, mezuak trukatzen genituen, laneko edo berdin atseginerako. Elkarrekin jartzeko tentazioaren hegiak oro kamusten zizkigun distantziak. Baina Joanak zer edo zer ikasi izan balu, xahu nintzen, adio erraten ahalko nuen Erratzü baserriko etorkizun mineral eta gozoari, agur betirako supazter zoko beroa, agur baratzea, agur amodio urriko gauak eta mututasun goizak, batak ala besteak orgasmora heltzea lortu ez zuelako. Bikote afera arruntak, hots.

      — Orizu kontua! Ixtera goaz...

      — Jadanik?

      — Arratsaldeko laurak dira eta badu bi oren eta erdi hor zaudela jarria, ametsetako lukainkak zenbatzen bezala...

      Elizondo zeharkatzen zuen Baztan ibaiak hiri muinean moldatzen zuen nasari begira geratu nintzaion. Udaberri bezpera honetan, hondar hilabeteetan erori euriteen emaitzak ziren ozen pasatzen, egunak hezetuz eta gauak inarrosiz. Abiatu nintzen, oinez, autoa abandonatua nuen aparkalekuraino. Bidean, Amaia Salazar foruzaina gurutzatu nuen. Irri ongi-ikasiak hazi ziren gure aurpegietan. Basajaunak, inguma lanjerosak eta Mari jainkoak nahasten ziren ikerketak eraman omen zituen, bere osasun mentala zalantzan jartzeraino. Baina, bitxiki, zurrumurruek salatzen zutenez, etsai guztietan etsaiena bere ama propioa zuen. Haurra zenean, bere alaba urkatzen saiatu zen lotan zegoen artean.

      Familia istorioak latzak ziren. Ingurukoek uste zuten sendia perfektuak zeuzkatela auzoan, baina ezkaratzeko atea iragan baiko, infernua zen emazteentzat, umeentzat, adinekoentzat. Anitzetan, abereak hobekiago artatzen ziren. Tratu txarrek, bortxaketek eta eraso sexualek egunkarien lehen plamak betetzen zituzten gero. Gutariko askok ez genuen ezer susmatzen, pertsona pairatuekin egun oroz egoten ginen arren, eta begi aldeetan ubelak ikusten bagenituen, kolpatuaren justifikazioa onartzen genukeen, bemolik gabe:

      — Eskaileretan lerratu naiz, haurraren jostailu baten gainetik, eta hara, ondorioa, uspel itsusi hau...

      — Medikura joan behar zenuke!

      — Pentsa, sendatuko da denborarekin, ez inketa...

      Egoeraren larritasuna seinalatzen zuen Amaia Salazar bezalako batek horrelako hersturak jasan zituela ohartzeak. Fantxikeren dendan gelditu nintzen, ideia beltz eta zizkolatsu horiek ezabatzeko, kamiseta bat erosi asmoz. Baztango damero zuri-beltzaren serigrafia zekarrena hautatu, ordaindu eta unea baliatu nuen harrerako andereari funtsezko galdera baten egiteko:

      — Zein etxetan bizi da Maialen Barrenetxea?

      — Azpilkuetako Iriartean, Urrasunerako bide juntan, zergatik?

      — Hitzordua baitut, mila esker...

      — Bai zuri ere...

      Denda nasaitik jalgitzean, Crims telesaila aurkezten zuen Carles Porta katalanaren eleak errepikatu nituen neurekiko “intentarem posar llum a la foscor: comencem!”.

 

 

Azpilkuetako elizaren gain aldean aparkatu nuen Joanaren 4x4 auto indartsua. Herriko ezker pareta berdailean sartu nintzen, eskuak sakeletan. Bizkar zakuan neukan behiala erosi kamiseta. Pilota plazaren burura heldu nintzenean hatsa ebaki zidan begien aitzinean hedatzen zitzaidan bistak: lehen planoan neuzkan Arizkun eta Bozate, mazela apal baten gibelean tapalakatua Erratzu, eta zeru sakona tapatzen zuen Hauza gailurra, bere laino eta saiekin. Konturatu nintzen alanbreen artetik haizeak azkar buhatzen zuela eta paltoaren kaputxa altxatu nuen. Ikara zilar batek zeharkatu ninduen. Bizirik sentitzen nintzen, han goian, euriz, airez eta udaberri usain goiztiarrez hantua zen haranari so. Handik gutxira, telefonoaren inarrosaldia nabaritu nuen ahurrean. Belarrira ekarri eta Maialenen ahotsa ezagutu nuen:

      — Etxen nuzu...

      — Banator.

      — Iriartean bizi naiz, Urrasunen, zatoz nahi duzularik.

      — Ez naiz urrun, banator, berehala.

      Aditz trinkoak erabiltzen hasten nintzenean, egonarria apurtzen zihoakidalako marka zen. Euskal munduak ez zituen biziki maite, zailak zirelako konprenitzeko eta hizkuntzarik errazena eskatzen genuelako. Buruhausterik gabe. Gaztelaniatik eta frantsesetik gero eta hurbilago, egia erran, dagoeneko masa efektuaren arabera gaztelaniatik gehiago. Ez zegoen deus erraterik: iparraldeko kutsu edo musika linguistikoa zaintzea, aberastasuna bailitzan, jadanik atzerakoikeria bilakatua zen, halaber, lekuan lekuko ahozko euskalkien defentsa ageriegia. Gure jendarteak ez zuen ezer patitzen, ezberdintasuna gohain zeukan eta txioka erabakitzen ziren trenkatzear zeuden auziak. Orain horrela zen: ezin zaitut behartu ni maita nazazun... Joana Garraldak ez zuen antzeko eleriarik jasango, haserretuko zitzaidan eta sotoan entzerratuko ninduen zazpi egunetarako, ostiraletako zitroin urezko bainurik gabe gainera!

      Utzi nituen ene sumindurak. Ez nindoan Euskaltzaindiaren bilkura batera, baizik eta Maialen Barrenetxea andereñoarekin solasaldi txiki baten harilkatzera. Yoga irakaslea zen, baina zaintsua, barne-lasaitasunik gabea. Beharbada ez zen loturarik, yoga irakaslea izan zintezkeen eta haserrekorra. Abiatu nintzen, sabelarekin hatsa hartu eta oina oinaren aurrean pausatu nuen. Urrasunera jaisten zen bide ertzean zetzan Iriartea, etxe gotorra, hiru solairutakoa, egurrezko balkoi batekin eta Baztango ezkutua ontsa agerian fatxadan. Baserri indiarra zen, Ameriketako diruarekin eraikia, aspaldiko mendeetan. Amerikar indiarren izerdi menperatuaren aztarna sumatzen zen hemen, Tenochtitlan edo Machu Picchutik hain urrun!

      Baratzea trabeskatu nuen. Atea zabalik zen. Sarrerako orga errota bat saihestu eta erdian mahai zabala zeukan ezkaratz ilunean sartu nintzen. Eskaileretan ibilera baten hotsa entzun nuen, Maialen zitekeen, nire bila zetorrena. Zanpa-zanpa. Zurezko mailak kraskarazten zituen. Igotzera gonbidatu ninduen. Irri bortxatua zuen ezpainetan. Egongelan plantatu ginen, putzukaz eta estaliz astundu sofa mamitsuan, telebista handiaren parean:

      — Maddiz mintzatuko gara beraz?

      — Bai, ihardetsi nion zuhur.

      — Badakizu Bordeleko Unibertsitatean elkarrekin ginela. Gazteak ginen orduan. Zernahi egiten genuen. Libre geunden. Eta erraten didazu desagertua litekeela...

      — Bere amak hala dio, behintzat.

      Isildu nintzen. Espero nuen ausartuko zela. Baina ez, hitzaren holtz hegian geratu zen, hatsa galtzear. Argi zen ez zela trankil eta eroso. Bulkatu beharko nukeen, zekien guztia sala ziezadan. Zutitu zen.

      — Zerbait edango duzu? Kafea? Tea?

      — Tea.

      — Ayurveda tea badut, plazer duzu?

      Sukaldera zuzendu zen. Maddirekiko bere harremana nola aipatuko zidan hausnarrean zebilela susmatzen nuen. Urrats bakoitzean, perpaus bat. Abila zen gure anderea. Kopeta makur itzuli zen sukaldetik, tea zekarrela, ketan, bero-beroa.

      — Zer nahi duzu jakin?

      — Dena.

      — Gauza batzuk ez ditut kontatzen ahal.

      — Nik dut erabakiko zerk duen balio eta zerk ez.

      Maialen txiki egin zen putzuken artean. Telesailetako polizien gisara mintzo nintzen, eskubiderik ez neukan arren, detektibe rural soila nintzelako. Baina fbikoen moduan nenbilen, larderiatsu eta gogor. Polizien metodoak berdinak ziren orotan, bakarretan jendeen alde eta besteetan lbd tirogailuak eskuetan. Herritar arrunten kontra. Dirudunen interesak zaindu asmoz. Munduaren historia bezain zaharra zen jarrera. Lilly Rushen paperean urtu nintzen, aldi berean gozo eta erasiakor:

      — Nola ezagutu zenuen Maddi?

      — Baionan, lizeoan, eta gero Bordelera joan ginen. Han Baigorriko Pantxoa Hiribarnerekin hirukote bipila osatzen genuen. Bidarraikoa naiz ni, sortzez. Maddi aldiz Izurakoa. Ama han bizi du oraindik, baina jakinean zaude... dudarik gabe.

      — Maddiren ama aski misteriotsua izan zen Garazin elkartu ginenean. Alaba desagertu zitzaiola baizik ez zidan erran. Bilatzeko eta bilatzeko. Nondik hasi ere ez nekiela eta bere unibertsitateko lagunak aipatu zizkidan, Pantxoa eta zu, horregatik nago hemen, ez zure lasaitasunaren trabatzeko...

      — Eskertzen dizut...

      Hitza agortu zitzaiola iruditu zitzaidan. Eskua zilbor gainean pausatua zuen. Sudur zuloak bermatuz bota zuen biriketako airea, zakarra eta zikina bailitzan. Hitzak artekatuz elea iruteari ekin zion:

      — Hiru adiskide ginen, hiru lagun min eta ez genuen gaizkirik egin nahi, jostatu eta ikasketak ordaintzeko diru apurra irabazi... ez duzu inori gure aferarik kontatuko, ezta?

      Buruaz ezezkoa konpreniarazi nion.

      — Maddi zen gure arteko ausartena, ederrena ere bai, nahiz eta nihaur ez nintzen hain itsusia. Pantxoak ez zidan besterik erraten: polita zara, Maialen, atrebi zaitez, sosa eginen duzu Maddik bezala, erakutsiko dizut nola egin...

      Hasbahituraren artatzeko hoditxoa atera zuen, aldamenean zeukan esku-zakutik. Psiiitt elkor pare bat eta begira geratu zitzaidan:

      — Segi dezaket? Bai, baina ez da erraza. Badakizu, gazteak ginen eta aski eroak. Lizeoan hasiak ginen... bi neskak gizonezkoekin eta gizonezkoa gigolo gisa adineko emakumezkoekin. Sekretua zen, egiazki. Diskretuak ginen, ez baikinen jantzi eta puska garestiekin plazaratzen. Arropa zaharkituak genituen soinean, baina gure banku kontuak arrada beteak ziren. Baxoa doi-doia pasatu eta, uda hartan, hirurak Kaliforniara joan ginen bidaiaz. Pantxoak bazuen osaba zahar bat han bizi, Los Angeles eskualdeko rantxo batean. Moda berriko westernak biltzen ziren bertan eta chumash indioak, ohikoan erdi biluz zirautenak, apatxez beztitzen ziren bisitariak ausatzeko!

      — Interesgarria da: egiazki bakantzetan zineten?

      — Ez etxit... Black Piano gaueko klubean adin zohituko gizonak seduzitzen genituen, Pantxoak gure merkatua kudeatzeko ardura zeukan bitartean.

      — Jarrai ezazu, lizunkeriak ez nau beldurtzen...

      — Arazo bat ukan genuen...

      — Baia? Maddirekin zerikusia duena?

      — Ez, baina lapd poliziako Jill Biscay komisario anderearen atzamarretan preso egoteko arriskuan geratu ginen...

      — Los Angeles Police Department... ahoskatu nuen, hitz bakoitza mailukatuz. James Ellroyren nobela baten lehen orrialdeetan nengoenez galdezka ari nintzen nirekiko. Izerdi hotza zeridan kopetan behera. Irri laino bat zuen Maialenek ezpainetan dilindari. Ageri zen zalantzak zituela, kontatu ala ez.

      — Ez da hemendik aterako, lasai...

      — Ados. Bi hilabete iragan genituen Los Angelesko Ventura etorbideko Black Piano pubera hurbiltzen. Arrats oroz. Maddi eta biok urtxo luma gris banarekin jalgitzen ginen bertatik. Bakoitzak bere habiara eramaten gintuen. Pantxoak urrunetik zelatatzen gintuen, zer gerta ere...

      — Eta justuki zerbait gertatu zen...

      — Bai. Berrogei urteko gizonkotearekin joan zen Maddi. Ederra, alabaina. Horazio gihartsua zen, ongi muntatua, beltzarana, barre erakargarriarekikoa. Hotelera heldu eta berehala, errealitate emendatuzko betaurrekoak jantzarazi zizkion: Grand Canyoneko paisaiak begipean hedatzen zitzaizkion bitartean, ohartu zen Maddi bortxaketa biolento baten biktima bilakatzen ari zela! Horaziok esku fermuz tapatzen zion ahoa, beste eskuaz bularrak zapaltzen zizkiola. Ipurdi zulo aldean dolorezko sua nabaritzen zuen, geldi, geldi, oihuka zinpurtu arren. Baina Horaziok zerraikan. Bukatu zuenean, arropa arinak sudurrera bota eta polizia zigilua erakutsiz, ukaraietan itxi zizkion eskuburdinak... eta ez zen hori bi helduren arteko joko sexual baten hasiera... Alderantziz. Baso bat ur nahi duzu?

      Ezezkoa eman nion, lepoa ezkerretik eskuinera mugituz. Sofatik zutitu zen, etsiduraz konkortua, bazter sorik gabe. Egarri zen edo xinaurriak zituen oinetan, ez nekien. Itzuli zenean, eskuetan txosten mardula zekarren eta mahai apalaren gainean pausatu zuen:

      — Horazio horrek lapdko Jill Biscay komisarioaren aitzinera eraman gintuen, ez baikinen Maddirengandik sobera urrun. Prostituzio sare bat osatzea leporatu eta bertan behera uzten ez bagenuen kartzelara bidaliko gintuela jakinarazi zigun. Euskal Herrira itzultzeko hegazkin txartelak erakutsi genizkion eta aske utzi gintuen, bere gurasoak Eiheralarrekoak zirela erranez. Bake gune bat aurkitu genuen bederen... Ondoko astean etxean ginen, Litchfield presondegitik doietatik salbatu ginelako sentsazioarekin.

      — Gorputzarekin jolasteari uko egin zenioten?

      — Bai eta ez. Bordelen dei-plataforma bat sortu genuen lehen urtean bertan, telefono linea eta kamera banarekin. Arrakastatsua, pentsa dezakezun bezala... gutariko hoberena, beti, Maddi zen, ausarta, erakargarria, ipurdiarekin eta bular oparoekin zarmanki moldatzen zekiena deiak luzatzeko, eta dirurik gehiena gure kaxara jauzarazteko... Txosten honetan aurkituko dituzu gure afera numerikoaren inguruko xehetasunak. Den-denak notatzen eta idazten genituen. Pantxoak egiten zuen lan xehe eta aspergarri hori...

      — Ez zidan deus aipatu!

      — Ez gara hain harro... Maddik bat-batean abandonatu gintuen, ez genuen ezer ulertu, bere amak ezkondu zela erran zigun argitasun gehiagokorik gabe. Gainerakoa, esku artean dituzun paperetan daukazu. Orain, bakarrik egon behar dut, zoaz, dokumentu zikin horiek eraman itzazu, agian lagunduko zaituen zerbait atzemanen duzu...

      Atera bulkatu ninduen ahur zapalaz. Azal urdinarekiko txostena besapean neukan. Positiboki kanporatzen ninduen. Gaitzidurarik ez nion erakutsi. Ilunak ingurunea troxatzen zuen, Arizkungo argiak ageri ziren beherean eta Maialenekin denbora galdu nuela iruditu zitzaidan... Edo alderantziz.