Deklaratzekorik ez
Deklaratzekorik ez
2019, nobela
312 orrialde
978-84-17051-26-6
Azala: Angel Aldarondo (Antoni Gisberten “Fusilamiento de Torrijos y sus compañeros en las playas de Málaga” koadrotik abiatuta)
Beñat Sarasola
1984, Donostia
 
2009, poesia
2007, poesia
 

 

To the End of Love

 

 

Jaka beixari tira egin dio goialdetik, lepoaldea estali nahian, tren geltokitik irten eta kanpoko haize kolpea sentitu duenean. Urrunean ikusi du, jada geltoki kanpotik, tren luzea abian, zaratatsu, Amara aldera. Zumarraga, Iruñea… Oraintxe duda egiten du noiz ikusiko duten elkar berriro, noiz arte ez den itzuliko Lucia (Gabonak, ziur aski), eta ea, gauzak dauden bezala, bera berriro Madrilera joateak sentidurik ote duen. Muxurik ere ez diote eman elkarri agurtzerakoan, agur urrun bat aurpegi etsituaz; bata bestearen zain egon dira ea nork aurrea hartu eta gorputzak batuko, baina azkenean biak geratu dira distantzian, “hitz egingo dugu”, “bidaia on”, “ondo ibili”. Berriz ere berdin, berriz ere ika-mika berberak, berriz ere hots tonu, aurpegiera, keinu berberak; ez da harritzekoa Luciaren tesia errepikapenari buruzkoa izatea, ez; adituak dira horretan bi-biak. Pixka bat gehiago estutu du jakaren lepoa, urratuko den beldurrik gabe. Zubia igarotzen ari dela, oraindik gogorragoa da haizearen joa; zerua oskarbi, laino zirristaren bat besterik ez da ikusten mendi aldean. Ibaia, bete eta nahasia, kontrako norabidean, itsasoak bere burua hustu nahi balu bezala. Hau al da bukaera? galdetzen dio bere buruari, horrela izango al da? indiferentziak gain hartu eta dena estaltzen duenean, nekadurak geldiarazten, indar ale txikiena ere aienatzen, berez dator bukaera? Beti pentsatu izan du mundu honetan ez datorrela berez ezer, zerbaitegatik da historialaria, baina ez du beste modurik Luciarekin gertatzen ari zaiona azaltzeko. Beren arteko liskarrak ere, hain dira indargeak orain; tokatzen delako diskutitzen dutela iruditzen zaio, bakoitzak bere rolari heltzen diola, baina errutinak agindutako zerbait izango balitz bezala; aktore beteranoak obra arrakastatsuaren enegarren emanaldia egiten. Elkar ezagutu zutenekoarekin akordatzen da, hasieran ez zuela, ez zutela, erakarpen berezirik sentitu —Luciak ere hori aitortu izan dio—, atsegina bai, elkarrekiko sinpatia baita ere, baina beste zantzurik ez. Hilabeteekin, baina, topo egin han, elkarrekin suertatu hor, eta puzten hasi zen bien arteko haria, elkarrekin egotearen atsegina ez ezik alegria, elkarrekiko sinpatia ez ezik mira; elkar bilatzea, elkar hartzeko edozein motibo edukitzea, juntatu beharra, aparte denbora luzez egon ezina; bi gorputz dantzan bata bestearen bueltan. Sortu zen ustekabea, ezustekoa, espero ezina, aurreikus ezin den zera, eta elkar harturik egin zuten bidea; doktoregoaren katramiletan bidaide, liburutegiko plazaren lortzean poz-kide, aitaren gaixotasunean lagun. Noiz okertu zen dena? Noiz hautsi zaie ez dakiten hori? Erraza litzateke kontua Mirenenarekin lotzea, hantxe egin ziola bihotzak kra, baina hori gaitza baino sintoma dela esango luke, aurretik hasi zirela elkar saihesten, atsegina abailtzen, mira ahitzen, gorputz bana bere ibilbideari segika. Eta masterrarena etorri zen, Madril, bizimolde berri bat Luciarentzat, urrats bat gehiago haren bizialdian, ateak irekiko zizkion, burua egurastuko, ondo etorriko zitzaion pertsonalki ere, aldaketa bat, azken urteetako errutinarekin haustea.

      Gustatzen zaizkio igandeetako kale hutsak, areago neguaren atarian, hotz, areago goiz partean. Kontxa aldera egin du itu gabe, alderrai; ederra egongo da, munduko tokirik ederrena, bai, nahiz eta, egia esatera, berak orain gutxiagorekin ere aski lukeen. Lantokia ere han izango du; biharamunean han izango dira denak: Nerea, Imanol, eta orain bi aste etorritako bekadun jasanezin hori, Xabat, Signa ezizenez deitzen diotena Nereak eta biek. Morroiak dena konpontzen baitu signaturaz, edozein liburuz ari direla, “esango didazu signatura, mesedez”, ahots goi pairaezin horrekin, “signatura falta zait”, “signatura esaten ez badidazu”. Ez du beste konturik azken egunetan Nerearekin, liburuzainak bi multzotan sailka daitezkeela azken batean: autore-titulu bidez funtzionatzen dutenak eta signatura bidez funtzionatzen dutenak. Antigoalekoak lehenengoak, senari, jakintzari, heltzen diotenak; modernoak bigarrenak, zientifikoak, zenbakiaren zehaztasun hotzari jarraitzen diotenak. Xabatek Bibliotekonomia ikasi berri du, ez alferrik, edo Bibliotekonomia eta Dokumentazioa uste du dela zehazki, zer inporta du, auskalonongo unibertsitatean, kanpoan, alegia, eta noski, kanpoko unibertsitatean ikasita dena jakin behar; hitz ponposdun ikasgaiak ikasiko zituen, katalogazio automatizatua, katalogazio deskriptiboa, bibliometria, informazio iturri orokorrak, informazio iturri espezializatuak, informazio iturri gogaikarriak, ezdeusak, alferrikakoak; CDU, ISBD, MARC 21, SIGB, SIGA, SGDM, PMH, CMS, OAI, SQL, FileMaker, Tesauro, eta are SCI, eta Cybermetrics, eta Scopus, eta putetxeko padrea. Karrera bat, ondo jarduteko usaimen eta sentsibilitate minimo batekin sobera den langintza baterako, karrera bat akronimo absurdo saldo bat buruz ikasteko eta gero lainezaz galdetzeko “signatura emango didazu, arren?”, esanez bezala, badakit zu zabar ibiltzen zarela, signaturei kasu egin gabe, buruz ibiltzen zarela hau hemen kolokatzen, beste hori han, baina ni profesionala naiz, nik signaturarekin egiten dut lan. Liburua harri bat balitz bezala tratatzea, Fernand Braudel, La historia y las ciencias sociales, zein apaletan jarriko eta, emango didazu signatura?, joan hadi barra-kodeak ferratzera, mutil; Braudel, non izango da ba, Historia, uste dut 3.4 dela, baina zer axola du, badakizu non den, jakin beharko zenukeen, hori auskalonongo unibertsitate horretan erakutsiko ez zizuten arren, han sakonean, hemerotekaren ondoan, bai, Historia, eta haren barruan non? non izango da ba, Braudel, Historiografia garaikidea azpiatala, noski, neronek borrokatu behar izan nuen ataltxo hori, zelako nahas-mahasa zegoen aurretik. Lehengoan Nereari eskatu omen zion signatura zer eta Musilen El hombre sin atributos apaletan jartzeko; okerrekoa eman omen zion, noski, Egiptologiara bidali omen zuen lerdoa, izorra dadila, eta han etorri omen zitzaion gero, soslai serioz, urduri antzean, nahita egin zuen susmoarekin ziur aski, “ez didazu ondo eman, Nerea”.

      Bidegurutzera iristen ari zela izan da, orduan ikusi du, urruti samarretik —eta eskerrak— beste neska batekin pasieran, bere norabidearen kontrara. Espaloiez aldatzea pentsatu du, baina nabarmenegia litzateke kale mortu horretan, eta aurrera egin du halabeharrari aurre eginez, oraindik ez dakiela nola erreakzionatuko duen berak, eta nola egingo duen Mirenek, lagunarekin hitz eta pitz, hura ez baita konturatu hogei metro eskasek banatzen dituztela, elkar gurutzatzera doazela. Harremana hasi zutenean garbi utzi zion Mireni Donostia txikiegia zela eta kalean suertatzera, nahiago zuela elkar ezagutzen ez zutelako plantak egitea, bestela laster hasiko zirela debaldeko berriketak, gezurmendietako egiez-sailak, nolatan ezagutzen dute horiek elkar, begira horiek, konturatu zara nola begiratu dioten elkarri, konfiantza handiegiz ez ote dira ari, ikusi, ikusi. Nahiago zuela zuhurtzia gehiegizkoaz aritu naturaltasunaren izenean katramila nahasitan sartzea baino; susmoa du gehiegizkoa iruditu zitzaiola Mireni, ea zer duen txarretik kalean topo egin eta kalaka labur bat edukitzeak, adeitasuna dela lehena, horretaz ez dela zertan lotsarik eduki, ea zer moral estuk galarazten zion halako gauza sinple bat onartzera, hori guztia imajinatzen zuen pentsatzen zuela Mirenek, baina ez zion ezer esan, bere erabakia errespetatu, eta saltsa edukitzekotan berak izango zuela pentsatuko zuen agian. Kontua da sekula ez zaiela halakorik egokitu hilabete horietan guztietan, oraingoa dela, izango dela, lehen aldia, eta ez dakiela ondo nola erreakzionatu; hitz egindakoa hitz eginda dagoela, bai, garbi utzi zuela iruditzen zaio, baina denbora pasatu da harrezkero, eta elkarrekin igarotako asteburuak gauzak aldatu ote dituen zalantza egiten du orain, ea aurreko akordioek irauten duten, ea orain bestela jokatu beharko luketen, ez ote den absurdoa dauden-daudenetan ez ikusiarena egitea espaloi berean egokitu zaien honetan. Lurrera begira, grazia egin dio Mireni lagunak esan dion zerbaitek, zalantza egin du orduan berak ea benetan aurretik ikusi duen eta berari buruz ari diren, Mirenek zer edo zer kontatu diolako-edo, baina burua altxatu eta buruz buru ikusi duenean egin duen keinuak argi adierazi dio ezetz, ezustean harrapatu duela hura ere enkontruak, igande goiz honetako kale huts honetan, non ez dagoen beste oinezkoen bizkarrik, beste oinezkoen gorputzik, begirada babestu eta disimuluan ibiltzeko, eta garbi ikusi du Mirenek ere zalantza bera egin duela, ezpainak okertu, hatz batez masaila hazkatu —baina ez, agidanez, azkurarik duelako— eta begirada apartatu duela; begiek ikusten ez dutela, azala tenk, eta berak ere, zer egin ez dakiela, burua biratu eta aurrera segitu du. Elkarren ondotik pasatu dira, metro erdi baino gutxiagora, hala kalkulatu du, hainbestetan pega-pega eginda izan duen gorputz horretatik hain gertu, hainbestetan kasik beretzat izan dituen gorputz atal horietatik; baina tarte eskas hori arrakala sakonegia zaie orain, beste egokiera batean besoa luzatu eta laztana berez etorriko zenean, bien arteko distantziaren inguruko kontzientziarik gabe, orain atxiki ezina zaien osina da.

      Zuzen jarraitu du, denbora igaroko ez balitz bezala, barrenak iraulita, inora begiratu gabe, eta ikusi ere apenas. Andia kalearen ertzera iritsi denean sumatu du berriz ere haize hezearen joa, eta pixka bat ernaturik, konturatu da egun dezente direla Mirenekin harremanik ez duela, Lucia iritsi zenetik ahaztua izan duela, eta ez diotela astebetez elkarri mezurik bidali. Asteburu hartatik gerora, elkarren arteko harremana sendotu zela zirudienean —sarri egin diote durundi hondartzako pasealekuaren ertzean esan zizkion “laztana” eta “maitea” horiek—, zer eta isiltasuna etorri da, hutsune handi bat, ziur aski Mirenek beregandik keinuren bat espero zuelako, iniziatiba hartzea; bera, ordea, erdizka urratsak Mirenek hartzera ohitua zegoelako, erdizka Luciarekin nahiko lan bazuelako, kieto geratu da. Orain ohartu da, baina, elkar ezagutu dutenetik isilaldi handiena dela hori, beti bidali izan diotela elkarri bi-hiru egunean behin —Mirenek gehienetan, hori ere hala da— mezu estupidoren bat, elkarrekiko haria tenk mantentzea beste motiborik ez zuena. “Funtzio fatikoa” gogoratzen da esaten zuela Unaik garai batean, ohi bezain pedante, filologoa zela erakutsi nahian-edo, “hori da inportanteena ligatzeko, funtzio fatikoa dominatzea”, zer eta asuntoan nor izango balitz bezala. Haizearen astinaldiak jarraitu egiten du, eta ia pentsatu gabe, geldialdi baten ondoren itzuli egin da, aurretik korritutako bidea desibiliz; Miren eta haren laguna jada Abenidara iristen ari dira, baina pausoa apur bat luzaturik, argi du ez dituela galduko. Mirenen parka berde-iluna dakusa atzetik, zabal eginda loturik ez daramalako, eta ilea bilduta duela ohartu da, gurutzatu direnean eskapo egin dion detailea. Gutxitan lotzen du mototsean ilea, behin horrela lepo luzeegia nabarmentzen zitzaiola esan zion —berari gustatzen zaio, halere, lepoa bistara eduki dezan—, baina haize-giro hori dela eta jasoko zuela pentsatu du. Bizkor, metro dezente jan dizkie segundo gutxian, baina gertuegi egotea ere ez zaiola komeni jabetu da, eta distantzia zuhur batera iritsi dela kalkulatu duenean, berriz ere mantsotu eta hor ikusi ditu biak Abenida gurutzatuta zuzen jarraitzen Loiola kalean barrena. Haiek kafetegi zahar hura zegoen parera iritsi diren arte ez da bera Abenida gurutzatzen hasi, espaloiz aldatu eta zebra-bidetik igaro gabe, apenas dagoen-eta trafikorik. Zuhur jarraitu nahi ditu, susmorik piztu gabe, baina nekeza zaio, urrutitik segitzen baditu ere bertantxe ikusiko lukete-eta buelta emango balute. Senak gidatuta buelta eman duena, ordea, bera izan da, eta momentu batez okerrena pentsatu du Abenidaren erdian auto zuri bat ikusi duenean geldirik —justu bera igaro den leku berean—, Abenida erdian geldirik alajaina; ez da apenas pasatzen autorik baina halere enbarazu, pentsatu du, autobusa ailegatzen bada maniobra egin beharko du, zer arraio egiten du auto batek geldirik errepidearen erdian; begiak ñarrotu eta doiago ikusi ahal izan du ezetz, atso-agure batzuk direla, nora joan ez dakitela, ziur aski, bide okerra hartu dutelakoan, gelditu hemen esanez batak besteari, ez dator inor, begira dezagun ondo, ez du merezi jarraitzea, goazen gauzak ondo egitera. Atezuan jarri du nahasmenduak, eta ezker-eskuin begiratu du ea inor duen gaur atzetik, ikusten duen susmagarririk inguruan, baina ezer ez: bikote bat Kontxa aldean haren haurrarekin, gizon bakarti bat zubi ingururantz, gazte zaratatsu batzuk kioskoaren parean. Pertsegitua izatearen estura apaltzearekin bat ekin dio berriro ere Miren jarraitzeari. Urratsa biziagotu du galdutako metroak berreskuratzeko, eta merkatu berrituaren ondotik igarotzen ari direla begiztatu ditu; eskerrak igandea den eta itxita dagoen, eraikinean sartuta bistatik ez galtzea zaila izango litzateke eta: arropa dendak bateko, baserritarren postuak besteko, supermerkatua, parkinga, elektronika denda. Aitarekin akordatu da, merkatuaren berrikuntzaren kontra direnak eta ez direnak botatzen, zeinen erraz galtzen duen alferrik ondare kulturala hiri honek, ez dagoela babes-politika argirik, desastre bat dela dena, hanka egiteko gogoa ematen duela, zeinen konplexudunak garen donostiarrok, beti dena modernotzeko premia estupido horrekin, abangoardiaren orpotik xoraturik, tradizioari bizkar emanez balizko aurrerabidearen alde, kaskarinak, bai, inondik ere; Bretxarekin egin zuten desastrea eta orain hau. Dena pikutara joaten da donostiarrekin, imajinatzen du aita lantuka; donostiarrekin, ezin da inolako hiri suerterik jaso.

      Kafetegi zaharraren paretik igarotzen ari dela —egun multinazional baten denda iluminazioz betea—, hantxe ikusi du bere burua, fatxadari pega-pega eginda, euriari iskin egin nahian, Oierren zain, ihes itsuan. Barrenak janda eskapo egin ala ez, norbere burua nola babestu. Beste bizialdi bat. Tokatu zitzaion tokian egonda, ahal izan zuena egin zuen, baina ez da harro urte horietaz. Beste bizialdi bat, baina begira, oraindik ere orduko endredoen ordainak. Bizkor igaro da, baina ez ia hamabost urte lehenago bezain, eta ezkerraldera egin du, eskaparateen aldamenetik disimuluan doalakoan. Semaforoan geldirik, errepideari jaramonik egin gabe, ez du ematen Miren eta lagunak gorriz igarotzeko asmorik dutenik eta gelditu egin behar izan da bera justu merkatua igaro berritan. Berdez jarri denean izan da, Mirenek burua biratu du bera dagoen alderantz, eta gertu ere ez dagoen arren ikusi duela iruditu zaio, ez begira geratu zaiolako nabarmen, baina distantzia horretatik kale huts horretan ez dago aterabiderik; zalantza egin du hanka egin edo ez, harrapatu duelako amore eman behar duen, baina, benetan, ez daki zehazki zergatik ari den Mireni segika, zer helburu duen, eta honenbestez, ez daki deskubritu izanak zertan aldatu behar lukeen egoera. Berriz ekin dio martxari, eta berehala ikusi du Miren atzera begira, orain bai, haren bisaiak erakusten duenagatik ziur bere xerka ari dela; ez haserre segika harrapatu duelako, harrituta ere ez, are, poz ezkutu bat sumatu dio, sumatu nahi izan dio keinuan. Orain, garbi du ez duela gelditu behar, jarraitu behar duela, nahiz eta zertarako jakin ez, zein den bat-batean segika hasi izanaren arrazoia, eta bera ere dagoeneko errepidea igarotzen ari da, San Martin kalea, gorriz.

 

 

Okindegiak kafetegi, hiriko azken moda; mahai txikiz beteriko leku gogaikarriak, mukuru beti, atso-agureek aulkiak kentzen dizkizute, pentsatu du, ondoan jartzen zaizkizu, komentario desegokiak egiten dituzte, ez dira isiltzen, zerbitzariak erotzen dituzte, barkatu esne epelarekin eskatu dizut jarri beste bat, zeinen garestia den dena. Hiria hutsik da, baina kafetegia lepo, eta momentu batez pentsatu du, beretzako lekurik gabe, hortxe bukatuko zaiola Mirenen segimenduarekin jarraitzeko aukera. Sartu bezain pronto, ordea, mahai bat libratzen ikusi du. Kosta zaie mahaia uzten —agure bat zaintzaile hegoamerikarrarekin—, baina egonarriz paratu da haien alboan zutik, kendu du jaka eta utzi du aulki baten bizkarrean “hemen ni nago” markatzeko. Hiruzpalau mahai harago dira Miren eta haren laguna; zutabe bat du tartean, eta mahai-aulkiak apur bat mugitu behar izan ditu ikuste-angelu egokia lortzeko. Altxatu eta eskatzera joan da, Miren ere zutitu eta eskatzera joango den esperantzarekin, baina haren laguna izan da azkenean mostradorera hurreratu dena, eta ez du Mirenekin egoteko aukerarik eduki. Itzuli denean, poliki edan du kafea, denborari denbora emanez, hurrengo urratsak zeintzuk izango diren ez dakiela baina zerbait okurrituko zaion esperantzarekin. Mireni begiratzen dio tarteka baina hark ez dio begiradarik itzultzen, adia galdurik izango balu bezala, buruaz baiesten ditu lagunak kontatzen dizkionak. Kafearekin jarri dioten txokolatina darabil eskuan bueltaka, ireki gabe, bukatu du kafea, eta duda egin du beste zerbait eskatu edo ez. Jende gehiago sartu da, ez da mahairik libre eta berari begiratzen diote “noiz arte egongo haiz hi bakarrik mahai bat okupatzen” esanez bezala. Orduan ikusi du Mirenen laguna altxatzen eta komunera abiatzen; ziztuan pentsatu du hor duela aukera eta zer egiten ari den gehiegi pentsatu gabe gerturatu zaio Mireni. Ez dio jaramonik egin harik eta bertatik bertara izan duen arte, eta orduan pentsatu du akaso sumindu egin dela segika izan duelako, berari iruditu zaion arren horretaz ohartu denean poz txikia hartu duela. Akaso hanka sartu du barruraino; ebidentea da, inori horrela segika ibiltzea gaitzesgarria da erabat, baita hura ezagututa ere, baita haren maitalea izanda ere; inorengandik zelatatua izan gabe nahi duen lekutik nahi bezala ibiltzeko eskubidea du Mirenek. Ez duela zelatatu nahi, besterik dirudien arren, horixe erantzungo lioke, harekin egon nahi duela, besterik ez, haren konpainiarekin gozatu, trakets egin duen arren, baldar guztiz, hori guztia esan nahi lioke.

      — Zertan ari zara?

      Gutxitan entzun dio tonu hori, Lucia gogorarazi dio.

      — Barkatu.

      — Ez duzu ikusten Saioarekin nagoela?

      Saioa, beraz. Izena esan diolarik, pentsatu du akaso ezagutu behar zukeela, baina ez du gogoan Mirenek inoiz hura aipatu dionik.

      — Ezer esan gabe desagertu zara eta orain horrela zatoz?

      — Ez zaitez horrela jarri, neska.

      — Ez niri deitu neska, aditu?

      Esatekotan egon da hark ere ez diola ezer esan egunotan, eta beraz, izatekotan biena dela errua, baina hobe du mikaztu baino egoera goxatu. Gainera, ez daki ondo zergatik, baina lasaitua hartu du Mirenen haserrea harekin ahaztu delako dela jakin duenean, eta ez kaletik ezustean jarraitu diolako. Esperantza txikia ernatu zaio.

      — Barkatu, badakizu nola nabilen.

      Aspaldi da biktimarena egiteak, Luciarekin behintzat, funtzionatzen ez diola, sarritan esan izan dio hark “ez didazu batere penarik ematen, e”, baina ataka horretan, ez zaio beste ezer bururatu. Aurrera bermatu da Miren, eta haren lurrin eztia iritsi zaio.

      — Badakit, bai.

      Sudurretatik bota du arnasa, luze.

      — Baina besteak ere zaindu beharko zenituzke, pixka bat behintzat.

      Ez du denborarik, laster etorriko da bueltan laguna komunetik, eta ez du eztabaidan katramilatu nahi.

      — Zurekin egon nahi dut.

      — Idatzi eta geldituko gara.

      — Zurekin egon behar dut.

      Makurtu, kokoriko jarri eta sorbalda heldu dio eskuaz; buruz buru dira jada.

      — Orain.

      Lehengo distantzia hautsirik, samurtu egin dela iruditu zaio, begiak piztu zaizkiola, eta ezin erreprimituzko satisfakzio keinu bat igarri dio.

      Komuneko atean laguna ikusi duelarik, bizkor zutitu eta mostradorera egin du disimuluan. “Zerbait nahi duzu?” entzun dio galdetzen zerbitzariari, eta zer erantzun ez zekiela harrapatu duenez, burutik pasatu zaion lehenengo gauza eskatu dio.

      — Palmera bat, palmera bat nahi dut.

      Aurrean dituen jakiei erreparatu die, eta konturatu da mota eta tamaina ugariko palmerak daudela aukeran, eta hatza luzatuz zehaztu dio.

      — Hori, horietako bat.

      Palmera txiki bat atera du matxardaz.

      — Bat bakarrik?

      Hain txikia izaki, irrigarri samarra da bakarra eskatzea, baina ez du jateko gogorik eta, gainera, pentsatu du, ez dio azalpenik eman behar ea zergatik eskatzen duen halako eta ez halako, zerbitzari profesionalaren dohaina behar luke bezeroak eskatutakoaren gainean balorazio moralik ez egitea.

      Bere palmeratxoarekin mahaira itzuli denean, atso-agure bana ikusi du aulkiaren ondoan, atsoa esertzeko zorian, pixka bat apartean agurea, eta gerturatzen ikusi dutenean jabetu dira zein den egoera: “¿Estabas tú aquí?” emakumeak. Kopeta zimurtu die berak eta eseri egin da ezer esan gabe. Atzetik entzun ditu: “Ya te he dicho, Mari Carmen, que estaba ocupada”, “Sí claro, si es por ti no nos sentamos nunca, pasmarote”. Kikara hutsa ere erretiratu diote, eta palmera ziztrin hori jaten duenean han lekua okupatzen jarraitzeko argudio gabe geratuko da; izan ere, horretaz jabetuta-edo, bikotea inguruan geratu da berak noiz libratuko. Bai, herra handienaz gorroto ditu okindegi-kafetegi madarikatu horiek.

      Gauzak jasotzen hasi dira Miren eta Saioa. Orain Miren da azalpenak ematen ari dena kezka puntu batekin, eta antsikabe erantzuten dio lagunak egoera samurtu nahi balu bezala. Ezusteko bat suertatu zaiola eta martxa egin behar duela esaten ari zaiola sinetsi nahi luke, baina ezagun du lilurak jota dagoenean izaten duen baikortasunerako joera zuhurtziarik gabea. Lokaletik irteten ikusi ditu, eta bera hantxe geratu da, kieto, palmerak behatzetan utzi dizkion txokolate arrastoak miazten. Inguruan zituen atso-agureak arrapaladan joan dira libratutako mahaia okupatzera. Bitartean, kafetegiko atarian, Miren eta Saioa ikusi ditu despeditzen, eta behingoz, leku malapartatu hartatik joateko tenorea iritsi dela erabaki du gogobeterik. Lasaiki, pauso laburrean, kafetegitik irten eta segurantzaz jo du Mirenek hartu duen norabide berberean.

 

 

Ezagutu eta berehala hasi zitzaion aitaz hitz egiten. Antza, harreman estua izan zuten txikitatik eta bereziki lagundu zion —serioski esplikatu zion zati hori— nerabezaroko momentu gogorrenetan. Haren bizitzako habe irmoena omen da, eta baiki, luze gabe konprobatu ahal izan zuen beren arteko gertutasuna telefonoz hitz egiten entzun zituenean; hainbesteko adiskidantzaz hitz egin zioten elkarri ezen entzun bitartean lotsa puntu bat sentitu zuen. Berak apenas hitz egin dion bere gurasoez, egingo luke oraindik ez diola ezer aipatu bere aitaren egoeraren inguruan.

      Ordenagailua pizteko eskatu dio, kantu bat. Lehen aldiz da Miren bere etxean, halaxe proposatu dio kafetegitik atera eta hurrengo kalean elkartu direnean, “nahi baduzu nirera joan gaitezke”; alde batetik, Mirenen haserrea samurtzeko balioko zuela pentsatu duelako, eta bestetik, zeuden lekutik hurbil dagoelako bere etxea, eta kalean ikus zitzaten aukera gutxiago izango zutelako horrela.

      — Gorderik ditugu bideo batzuk, etxe zaharrean grabatuak, aitak besoetatik heltzen nauela, ni ozta-ozta zutik eusteko gai, nirekin dantzan kantu hori abesten duen bitartean.

      Aitaren abesti gogokoena omen da, eta Mireni musika modernoagoa gustatzen bazaio ere, kantu polita dela dio, eta zaharmindu kutsu hori gorabehera, melodia aski ederra duela. Agertu da jada ordenagailuko pantaila urdina, eta zalantzan ikusi du Miren ea hark bilatu behar duen kantua zuzenean edo jabeari utzi behar dion.

      — Nola esan duzu duela izena?

      Berehala atera zaio bilatzailean bideo bat, kantariaren bisaia serioa lehen planoan.

      Gonbita egin dionean, eragozpen bakarra etxea hankaz gora zuela izan da; bisitarik espero ez eta ohe egin gabea, plater eta mahai-tresnez enpo harraska, lan-mahaia gauzakiz estalirik (horrek ez du horrenbeste ardura), oraindik muntatzeko duen armairu baten piezak egongelako lurrean barreiatuak. Sartu aurretik gaztigatu dio zein den kuxidadea, eta goizean goiz korrika irten behar izan duela esanez desenkusatu da. Itsumustuan joan da logelara izarek erdizka estaltzen dituzten Luciaren kulero-kamisetak jasotzera.

      — Barkatu. Esan dizut, ez dit astirik eman.

      Gelatik bota dio, eta atera denean, hantxe ikusi du Miren herabe, sarrerako ate ondoan, etxe barrenera sartzeko baimena noiz jasoko zain-edo.

      — Zatoz, erakutsiko dizut, ez da gauza handia, baina tira.

      Bere etxearen intimitatean sartzeagatik sentitzen duen poza sumatzen dio, urduritasunarekin nahasturik, eta ez da erlaxatu sofan eseri diren arte. Bere alboan etzan eta kontaktu fisikoak ematen duen bat egiteak bareturik, hain kutsakorra zaion irribarre eztiz so egin dio. Mirenen usain berea aditu du, jori —bere gusturako gehiegi— bota ohi duen lurrinaren gaindi. Usain fuerteegia duela tamaltzen da maiz Miren, eta lanak izaten dituela hura estaltzen. Ezetz erantzun izan dio berak —ez ondo geratzeko, zinez hori uste duelako baizik—, ez zaiola hala iruditzen, eta edozein kasutan, usain gozoa zaiola berari, ez duela zertan kezkatu, are kitzikagarri zaiola. Duela gutxi aitortu dio bere lehengotariko nobio baten kontua izan zela, bere usainak atzera botatzen omen ziola, “arraroa” zitzaiola aitortu zion behin, “amonaren sukaldeko usaina” ekartzen ziola gogora. Miren lotsak jota ikusi zuenean kontua konpontzen ahalegindu zela mamarroa, ez ulertzeko gaizki, ez zuela zentzu txarrean esaten, arraroa zitzaiola usain hori, besterik ez, ez on ez gaizto, arraroa, ez besterik. Mina egina zegoen, ordea, eta ordutik —hamarkada bat ia— sukalde usain hori desagertzen saiatzen zen kosta ahala kosta: perfumeak bateko, aho-garbiketak besteko, ninientzako krema hidratatzaileak ere bai, arropak lurrintzeko izpiliku-esprai bereziak. Baina orain hesi-murru-ezkutu horiek guztiak gainditu eta Mirenen usaina, usain berea, aditzen duela, bere barneraino ailegatu dela sentitzen du, fueratu dituela berak ere bere gorputzeko oztopoak. Buruz behera jarririk, adatsa burutik erortzen zaio zalu, halako moldez non aurpegia ezin baitio ikusi, eta bere burua ere harritu duen samurtasunez ireki dio bisaia biloak belarrien atzealdean jasoz. Mirenen aurpegierak ez du zerikusirik jada etxe atarian sumatu dion egonezinarekin; sudurra bihurritu eta begiz begi so egin dio. Luze egon dira horrela, nork begirada lehenago aldenduko jolasean bezala, eta atsegina hain izan da betea ezen, momentu batez, pentsatu duen egunak igaro ditzakeela horrela, sofan etzanda, Miren alboan duela, elkarri begira, adi-adi, so egitearen plazer hutsagatik. Erraietatik atera zaio maite zaitut zurekin egon nahi dut ez zaitez joan gera zaitez nirekin esateko gogoa baina ez du Miren izutu nahi, ez du azkarregi joan nahi; ez daki, egia esan, nondik atera duen zuhurtzia indar hori, une batean bere buruari eusteko kapaz izango ez zela iruditu zaio eta. Apur bat biraturik, burua bermatu dio klabikulak sortzen duen barrunbean, eta berak, ezezaguna zaion gozotasunez, muin eman dio lepoan, muin leun eta bakar bat, arrunta litzatekeena ez balitz eman dion modu horregatik, ezpainek azala ozta-ozta ukitzen diotela, ezti. Hezetasun arrastotxo baten distira. Mirenen azalmintzaren kirriak esan du haren hitzek adierazteko gauza ez direna.

      Ez du ezer aldatzeko gogorik, aldiune hori luzatu nahi luke, ez besterik, luzatu mugagabe, baina altxatu egin da Miren, kontu handiz, bere gainean pisu guztia zamatu ez dezan, eta zutik delarik, belaunetarainoko gonari egin dio tira zimurrak kentzeko. Azpitik leotardo arre batzuk ditu, jakaren tonalitate berekoak. Orduan aipatu dio kantuarena, aitak hainbeste jartzen zuen harena, eta zutitu eta ordenagailua piztea beste erremediorik ez du izan; ez du adorerik “gera zaitez hemen, nirekin, gera zaitez gehiago” esateko, afrus agertzeko errezeloak gain hartu diolako, beste behin, barneko bulkadari.

      Argazkiko abeslariaren eskuinaldeko sudur-ezpain zimurrari erreparatzen ari zaiola entzun du abestiaren hasiera. Erritmo akonpasatu bat, teklatua eta perkusioa, eta berehala koroa, emakumezko ahotsak gailen, lala-lalalalalala-lalalalalala-lalala. Abeslariaren ahotsa sartzen denerako ezagun zaio kantua, baina ahots urratuago bat du gogoan, eta akaso bertsio bat izango dela pentsatu du. Orduan heldu dio Mirenek eskutik, bestearekin bozgorailuetako bolumena igotzen duen bitartean —“dantzatu nirekin zure edertasuneraino biolin kartsu baten doinuaz”—, eta kantuaren melodia etxe osoan barreiatzen delarik, bi eskuak hartu dizkio; hantxe geratu da, Mirenen mugimenduen aiduru. Aurrera eta atzera hasi ditu mugitzen, beso bat luzatzen duela, bestea tolesten, eta halaxe berak ere, alderantziz, dance me to the end of love, dance me to the end of love. Irribarre xalo bat ikusi dio, “ez pentsa zugatik denik” esan dio, eta orain konturatu da baietz, ironikoki esan diola, hark ere askatu dituela bridak, eta bere burua ere irribarrez sumatu du, irribarrez oharkabean —“utzi zure edertasuna ikusten testiguak joan direnean”—, barregarri agertzeko lotsarik gabe; emakume ahotsa sartu da atzetik, eta bera Mirenek gidatzen dituen mugimenduei adi. Urrats batzuk eman ditu atzerantz, eta berak aurrerantz egin behar izan du orduan, kasik ukitu dio oin punta, baina moldatu da hankekin ere erritmoari jarraitzeko, orain aurrera, orain atzera, dance me to the end of love, dance me to the end of love. Eskua altxatu dio, haren ezkerrarekin jaso dio bere eskubia, eta atezuan geratu zaio; begiak ireki ditu zabal Mirenek, kopeta zimurtu, “tira, ekiozu ba” esango balio bezala, eta bera, zehazki zer egitea egokitzen zaion jakin gabe, gorputza biratzen hasi da, doinuaren erritmoari jarraitu ezinez, hori bai, Mirenen barrea entzun du bizkarra eman dionean, eta bera zurt, besoak tinko, gorputza fermu, lepoa tenk, bira eta bira motelean —“dantzatu nirekin amultsu, dantzatu nirekin luze”—; buelta eman duenerako, auskalo zenbatgarren konpasean, Miren algaraka da, dance me to the end of love, dance me to the end of love. Ezpainak indarrez biltzen ikusi du, sosegua bilatu nahian, eta berriz ere itzuli dira aurreko pausora, besoa aurrera, zangoa atzera, eta jada lotsa galdurik, bere trakeskeriaz futitzen dela, gerritik heldu dio, gerritik irmo, eta alde batetik bestera eraman du, tango baten pausoa dirudien mugimendu nahiko definiezin batean, ziur aski kantuari batere pegatzen ez dion pausoa, bide batez, pentsatu du, baina bost zaio berari, bestetzuentzat utziko ditu profesionaltasuna, goi mailako dantza, dantza garaikide eta beste garai batekoak, arte garaikidea ere bai, bide batez, ez baitio ardura jada horrek guztiak alde baterantz urrats batzuk eman —“dantzatu nirekin errezel gibelean”— eta besoen posizioak aldaturik, beste aldera egiten duenean, ez zaio ardura ezer han jarraitzea baino, Mirenekin, eta beste guztien gaindi: borrokalari, Zumalakarregi guztien, liberal guztien gaindi, herri karlista, herri txepel, herri nekagarri guztien gaindi, aita petral eta Patolucas eta polizia higuingarri guztien gaindi, adiskide eta okerkide guztien gaindi, han egon, han egon Mirenekin, luza eta luza, luza mugagabe, dance me to the end of love, dance me to the end of love.